2026-02-13
Blog Page 845

Aurrerapausoak ikusten ditugu EAEko hezkuntzan izandako negoziazio mahaietan

0

LABek Hezkuntza Sailak aurkeztutako proposamena langileekin konpartitzea, kontrastea egitea eta hauei hitza ematea ezinbestekotzat jotzen du momentu honetan. Eta horixe da gure hurrengo erronka. Langileen hitza errespetatuz jokatuko du LABek mahai negoziatzaileetan. Zer botatzen dugun faltan, zer moldatuko genukeen, edukirik edo ez dagoen, zeintzuk izan beharko diren hurrengo urratsak…

Unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoko mahai negoziatzaile desberdinak garatu ondoren, LAB irakaskuntzak ondorengo hausnarketa egiten du:

Administrazioak mahai gainean jarri dituen edukiak jaso eta aztertuta, LABek irakurketa baikorra egiten du. Hilabeteetako mobilizazio eta konfrontazio dinamika bere emaitzak ematen hasi da. Borroka, langileen elkarlana eta mobilizazioek izan duten erantzun zabal eta arrakastatsuak garaipenenerako ateak ireki dizkigu. Hezkuntza Sailak gure aldarrikapen taulari lotutako edukiak mahaietara ekartzea beste biderik ez du izan eta orain abiatzen da hainbesteetan aldarrikatu dugun benetako negoziazioa. Mahaiak desblokeatzea lortu dugu eta gertaera hau langileon garaipen gisa irudikatzen dugu LABetik.

Mahai desberdinetan aurkeztutako proposamenek abiapuntu bat markatzen dute negoziaketetan. Proposamen hauetako batzuk bide onetik doaz eta hezkuntza sistema zein langileen lan baldintzetan onura garbi bat suposatzen dute. Hala ere, zenbait eduki eta proposamen zorroztu egin behar dira, hobetu. Era berean faltan botatzen ditugun beste aldarrikapen batzuk mahai gainean jarri behar ditu administrazioak, negoziaketetan benetan ere sakontzeko momentua izanik. Zentzu horretan, LABek hezkuntzaren kalitatean eragin zuzenena duten aldarrikapenetan jartzen ditu marra gorri guztiak, bestelako aldarrikapenak inondik inora baztertu gabe.

LABek Hezkuntza Sailak aurkeztutako proposamena langileekin konpartitzea, kontrastea egitea eta hauei hitza ematea ezinbestekotzat jotzen du momentu honetan. Eta horixe da gure hurrengo erronka. Langileen hitza errespetatuz jokatuko du LABek mahai negoziatzaileetan. Zer botatzen dugun faltan, zer moldatuko genukeen, edukirik edo ez dagoen, zeintzuk izan beharko diren hurrengo urratsak…

Mahaiak desblokeatuta, orain tentsioa mantentzeko unea da. Hortzak erakusten jarraitu beharra dago, beharrezkoa balitz berriro ere ofentsibara jotzeko. Langileon borroka da administrazioarekiko dugun tresna bakarra. Erabil dezagun inteligentziaz!
 

 

 

Nafarrak ospitaletako sukaldeen pribatizazioaren ondorioak jasaten ari gara oraindik ere

0
Nafarroako Gobernuari subrogazioa eskatzen zioten langilei arrazoia eman die epaitegiaren sentzentziak.

2012. urtean UPNren gobernuak ospitaletako sukaldeak pribatizatu izanak eragin zuen 100 pertsona baino gehiago lanik gabe geratu zirela, enpresa pribatu baten esku geratu zelako sukalde publikoetako kudeaketa. Enpresa berri horrek egun batetik bestera bikoiztu zituen langileen lan-zamak, haien lan baldintzak okertu zituen (soldatak nahiz lanaldiak) eta guztiz polemikoa izan zen eskaintzen zuen zerbitzuaren kalitatea.

LAB sindikatuak sutsuki egin zion aurre UPNk sukaldeak pribatizatzeko erabakiari, eta beti aldarrikatu izan du sukaldeak berriz ere publikoak izan beharko liratekeela. Erabaki hura lehengoraturik, leheneratuko lirateke ere ondorio guztiak: kalitatea, lan baldintzak eta zerbitzua.

Ospitaletako sukaldeena, UPNren erabakiari “esker”, adibiderik hoberena izan da zerbitzu publikoa azpikontratatzeak ekar ditzakeen ondorioak ezagutzeko. Agerian geratu da, eta jendartean frogatu da ezinezkoa dela edozer eginez irabaziak lortzen dituen enpresa pribatu batek kalitateko zerbitzu publikoak bermatzea.

Are gehiago, Gobernuak erabaki zuenean sukaldetako alderdi bat bakarrik publifikatuko zuela, gure ustez okertu egin zen, enpresa jabetu baitzen zerbitzuaren kalitatea kaskartuz (maiz, oso egoera txarrean zeuden elikagaiak eskaintzen zituen) lortzen zituen mozkinak urrituko zitzaizkiola; orduan erabaki zuen zerbitzuaren kudeaketa bertan behera utziko zuela.

Horren eraginez, Gobernuak, korrika eta presaka, zerbitzu osoa publifikatzea erabaki zuen; hala ere, ez zuen aldez aurretik inolako gogoetarik egin ordura arte kontratatuak zeuden langileei ekarriko lizkiekeen ondorioez. Eta berriro, erabaki oker batek, sindikatuekin aldez aurretik hitzartu gabe, ekarri zuen 100 langile baino gehiago lanik gabe geratu zirela.

LABek, gainerako sindikatuek eta abokatu partikularrek paratu zituzten demandei erantzunez, epaitegiek erabaki dute Nafarroako Gobernuak langile horiek subrogatu beharko lituzkeela, lanpostuak betetzeko lehiaketa egin arte, merezimendu eta gaitasun sistema baten bidez.

Horrek guztiak erakutsi digu zerbitzu publikoen azpikontratazioa amaitu behar dela; publiko bilakatu behar dute berriro, kalitatekoak izan daitezen aukera bakarra delako. Eta erabaki horiek traumatikoak gertatuko ez diren lehengoratzeen bidez egin behar dira, 200 pertsonak ez dezaten lana gal bide horretan.
 

 

 

Greba egin dute Bizkaiko Dia supermerkatuetako langileek

0

Bizkaiko Dia supermerkatuetako langileek greba egin dute gaur, markaren denda guztietako lan baldintza tamalgarrien aurka protesta egiteko. LAB eta ELA sindikatuok deitutako mobilizazioak jarraipena izango du abenduaren 29an, bigarren greba egun baten bitartez.

Langileek ordutegi aldaketa jarraiak jasaten dute, behin eta berriro ixten dituzte lantokiak, ez dituzte bajak betetzen… asko eta asko dira Dia supermerkatuetako langileek bizi dituzten urraketak, joan den asteartean egindako agerraldian azaldu bezala.

 

 

Urriaren 1eko mandatoari segida eman eta burujabetza prozesuan urrats berriak emateko unea da Katalunian

0
Kataluniako herriak hitza hartu du berriro, eta oraingoan ere burujabetzaren aldekoak gehiengo izango dira Legebiltzarrean, salbuespen egoeran egindako hauteskundeak izan arren, erabateko egoera antidemokratiko baten testuinguruan; 155. artikulua indarrean, hautagai independentistak kartzelan eta erbestean, Espainiako komunikabideek independentismoaren aurka bat eginda, enpresen ihesa eta langabeziaren izuaren mezua nonahi… Unionismoak makineria guztia martxan jarri du, segida eman dio urriaren 1eko erreferendumaren harira bultzatutako oldarraldiari, baina, hala ere, duela bi hilabete eta erdi bezala, ez du bere helburua lortu: ez du burujabetzaren aldeko gehiengoa zapuztu.

155. aldekoen estrategiak porrot egin du. Hau horrela izanik, eta kataluniarren hitza kontutan hartuta, burujabetzaren bidean sakontzea baino beste biderik ez dago korapiloa askatzeko. Izan ere, bide baketsu eta demokratikoetatik proiektu politiko guztiak defendagarriak direla entzun izan dugu behin eta berriz, eta Kataluniako autodeterminazio prozesuaren kontra Espainiako Estatuak sustaturiko oldarraldiak erakutsi du gezur handia zela. Espainiak ez du erabakitzeko eskubidea ez onartzen, ez errespetatzen. Horretan bat dator bipartidismoa ordezkatu duen PP, PSOE eta Ciudadanosek osatzen duten Erregimenaren hiruko berria. Gauzak horrela, urriaren 1eko mandatoari segida eman eta burujabetza prozesuan urrats berriak emateko unea da Katalunian.

Hego Euskal Herriari dagokionez, etorkizuna kezkagarria da. Menpekotasun egoera iraunarazi edota areagotzea da Espainiako Estatuaren eskaintza. Alternatiba bakarra dago: herri bezala burujabetza eskuratzeko estrategia bat abian jartzea. Erronka ezkerretik burujabetza prozesua sustatzean datza. Horretarako, erabaki berriak hartu eta aliantzak lantzeko unea da.
 

 

 

Adimen-Ezintasuna duten Pertsonen aldeko Arabako Elkarteko langileek elkarretaratze bat egin dute Batzar Nagusien aurrean

Elkarteko hitzarmenean adostutakoa finantzatzeko eskatu dute, baita PPk aurkeztutako zuzenketaren alde ez egitea ere. Adimen urritasuna duten pertsonen etxebizitzetan 100.000 euro murriztuko lituzke zuzenketa horrek.

Azaroaren 21an, Adimen-Ezintasuna duten Pertsonen aldeko Arabako Elkarteak (APDEMA) eta Enpresa Batzordeko sindikatuek (LAB, ELA, CCOO) hitzarmen kolektiborako aurrekordio bat lortu zuten. Aurrekordio honekin amaiera jartzen zaio 8 urtez ordainsaria igoerarik gabeko egoerari. Aurrekordio honen edukiari, Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeko Administrazio Kontseiluaren bere oniritzia eman behar dio, Arabako Foru Aldundiaren azpikontrata baita.

Herenegun, Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeak ez zuen erantzun ea negoziazio kolektiboan adostutakoa beteko duen eta 2018ko foru aurrekontuetan ere ez du sartu.

Honela gauzak, “Ahal dugu” batzarkide taldeak, EH Bildu eta Irabaziren laguntzarekin, foru aurrekontueei zuzenketa partzial bat aurkeztu die, APDEMAko hitzarmenean adostutakoa finantzatzeko.

Aipatutako zuzenketaren alde bozkatzeko, APDEMAko Enpresa Batzordeak elkarteratze bat egin du gaur, Batzar Nagusien aurrean. Aldi berean, eskatu dugu PPk aurkeztutako zuzenketaren alde ez egitea, zeinek adimen urritasun duten pertsonen etxebizitzetan 100.000 euro murrizten dituen.
 

 

 

Gipuzkoako zahar egoitzetako lan hitzarmenaren defentsa egin dugu

Gaur onartzekoak dira Gipuzkoako aurrekontuak, EAJ eta PSEren eskutik, PPren laguntzarekin. Aurrekontu hauek betikoa dakarte, dirutza makroproiektuak finantzatzeko, eta diru nahikorik ez zerbitzu publikoetarako. Egun, eta duela urtebetetik hona, Gipuzkoako zahar-egoitzetako lan hitzarmen berria negoziatzeko mahaiak zabalik dirau, eta gabonen aurretik bilera batera deituko gintuztela esan baziguten ere, ez da horrela izan. Bitartean, Gipuzkoako Foru Aldundia beste albo batera begira dabil, arazoa berea ez bailitzan. Hori dela eta, elkarretaratze bat egin dugu Batzar Nagusien kanpoaldean, Donostian, aurrekontuak salatzeko.

Gipuzkoako aurrekontuak onartuko dituzte EAJk eta PSEk PPren laguntzarekin, eta azaroaren 27ko agerraldian genion bezala, aurrekontu hauek betikoa dakarte, dirutza makroproiektuak finantzatzeko, eta diru nahikorik ez zerbitzu publikoetarako. Egun, eta duela urtebetetik hona, gipuzkoako zahar-egoitzetako lan hitzarmen berria negoziatzeko mahaia zabalik dirau, eta gabonen aurretik bilera batera deituko gintuztela esan baziguten ere, ez da horrela izan. Bitartean, Gipuzkoako Foru Aldundia beste albo batera begira dabil, arazoa berea ez bailitzan.

Negoziazioazioari ekin genionetik, LABek patronalei eskatu die erantzun argia eman diezaiotela aurkeztutako plataformari, zeinaren ardatz nagusiak diren:

1.- Adineko pertsonen HERRIALDEKO hitzarmena: Sektoreko langile guztientzat gutxieneko amankomun gisa.

2.- Oinarrizko soldata: Toki eta Foru Administrazioen menpe dauden langileen bataz bestekoari HOMOLOGATU.

3.- Enplegua: Egiturazko lanpostuak zuzenean kontratatuko dira, mugagabe eta aldi osoz.

4.- Ratioak: Antolamenduaren eta atentziorako sistema berrien hobekuntzan sakontzeko, elkar hartuz erabakiko duen, langileen ratioak eta mailak ezarriko dituen lan-batzorde parekidea sortzea, erabiltzaileen onuran eta hauen beharrei egokitzeko.

5.- Prestakuntza: Urtean, gutxienez, 21 ordu erabiliko dira prestatzeko.

Honez gain, oinarrizko soldatak, atsedenaldia, enplegu mugagabea eta zaintzan ematen diren egiturazko premietara bideratzen den aldi osoa bateratuko dituen beste aldarrikapenak egin ditugu, sektoreko langile guztiei probintzia hitzarmena arautu dakizkien.

Hau guztia egiten dugu adineko pertsonen zaintzaz arduratu behar duen zerbitzu publikoa defendatzen dugulako; horrela erakundeek, honetan nahasiak dauden eragileen parte hartzearekin, aurrekontua egin, kudeatu eta artikula dezaten…gizarte aldaketaren alderdi gisa.
 

 

 

Politika neoliberalei aurre egiteko gehiengo sozialak artikulatzeko deia egin dugu Gasteizen

Eusko Jaurlaritzak 2018rako aurkeztu dituen aurrekontuak jorratu dituzte gaur Gasteizko Legebiltzarrean, eta EAJ, PSE-EE eta PP alderdien bozekin aterako dira aurrera. Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak oso irakurketa ezkorra egiten du aurrekontu hauen inguruan. Hori dela eta, protesta ekintza egin du Legebiltzarraren aurrean. LABeko Ekintza Sozialeko kide Edurne Larrañagak hartu du hitza protestan, eta egoera iraultzea posible dela aldarrikatu du.

Edurne Larrañagaren hitzetan, "gaur EAJk PSE-rekin adosturiko aurrekontu proiektuak PP-ren ezinbesteko babesa du. Eta prebisiblea izanagatik, ezin zaio duen larritasuna kendu. EAJk herritarroi gure etorkizuna demokratikoki erabakitzeko eskubidea ukatzen diguten alderdiekin, 155.artikulua Kataluinian indarrez inposatu dutenekin, Gobernu legitimo bat kartzelaratu dutenekin, 135.artikulua inposatu dutenekin, EAE-ko autogobernua likidatu nahi dutenekin… paktua egitea oso larria da. Zentzu horretan, haserrea adierazi nahi dugu".

EAJk 155.artikulua aplikatzeari larritasuna kendu nahi izan diola esan du LABeko ordezkariak, egoera erlatibizatu edo naturalizatu nahi izan duela, "bazekielako aurrekontu neoliberal hauek PP eta PSE-rekin bakarrik atera ahal zituelako aurrera".

Olentzerok ikatza utzi du Legebiltzarrean. (Argazkia: Eskubide Sozialen Karta)

Edurne Larrañagaren arabera, "EAJk Estatuan PPk ezartzen dituen politika berberak aplikatzen ditu. Patronalaren mesedetan politika neoliberalak aplikatzen ditu, ‘euskal labelarekin’. Horregatik gustu handiz onartu zituen PPk zerga erreforma onartzeko planteatu zizkion exigentziak".

Hala, EAJk PSE eta PPrekin akordio politiko eta ekonomikoa itxi du aurrekontu hauekin. "Gaurkoan, ordea, egoera iraultzea posible dela ozen esan nahi dugu: posible da eskubide sozialak bermatzea, mobilizazioaren bidez politika publikoak aldatuz; posiblea da natura eta pertsonak erdigunean izango dituen eredu berria eraikitzea, alternatibak baditugulako; posiblea da politika neoliberalei hegemonia disputatzea, horretarako gehiengo sozialak artikulatuz eta eragile anitzen arteko elkarlana indartuz", erantsi du.
 

 

 

Bizkaiko etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileek lau orduko lanuztea egin dute gaur

Bizkaiko etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileak borrokan dira, lan baldintza duinen defentsan. hala, abenduan lanuzteei ekin diete, eta gaur aurreikusitako greba egunetatik hirugarrena egiten ari dira; lau ordukoa, kasu honetan. Sektoreak bizi duen egoera larria salatu dute, eta kalitatezko zerbitzua bermatzeko lan baldintzak duinak ezinbestekoak direla aldarrikatu, LAB, ELA, UGT eta USO sindikatuok deituta.

Zerbitzu Sozialetako legearen menpe dagoen zerbitzu nagusiaren egoera, sorospen eta lan arloan, guztiz kezkagarria da!!

Kezkagarria dela diogu, lanorduak murriztu direlako, lan egindako ordu bakoitzeko bete behar den zeregina areagotu delako, langileei lanaldiak ez zaizkielako bermatzen, behin-behinean eta aldi batez lan egiten dutelako, kontratuak lege iruzurrean egiten direlako, plantillak feminizatuak daudelako, tarteko adina duten emakume horiek bakardadean eta bitarteko egokirik gabe egin behar izaten dutelako lan, lan osasunean prebentzio neurririk egokitzen ez zaielako, lizitazioetan ordu bakoitzeko prezioa azpitik ezartzen zaielako, 5 urtez eros ahalmena galdu dutelako.

Honen guztiaren jatorria Udalek darabiltzan politiketan eta gure lepotik aberasten diren azpikontratek egiten duten kudeaketan topa dezakegu. Horren adierazgarri Santurtziko udalean berriki egin den Etxeko Laguntza-Zerbitzuaren lizitazioa dugu, non sinesgarritasun sozialik ez duen merkataritza-enpresa bati esleitu zaion 26 €/orduko, aurrekoa baino %5a merkeago eta beharginei orduak bermatu barik. Erakundeak eta CCOOk goretsi dituzte Galdakaoko udalaren baldintza pleguak. Hartan, eskaintza ekonomikorik apalena saritzen da berriro. Hartan ez da mugarik adierazten eta puntuazioaren %51a suposatzen du, aldiz, zerbitzuan eta prestakuntzan egin beharreko hobekuntzak %8ra iristen dira. Lege iruzurrean egindako kontratuak %38ra iristen dira; lanaldi partzialak betetzen dituen plantilla batez ari gara. Geure buruei galdetzen diegu zertan datzan aldaketa?

Erakundetan ordezkaritza daukaten alderdi politikoekin lehen txanda amaitu dugu, zain gaude bereganatu lezaketen konpromisoez erantzun diezaguten. Egoera honekin behin betikoz amai dadin eta behar lukeen edonori Etxeko Laguntza-zerbitzua berma dakion aurkeztu diren mozioekin bat egingo dute edota sustatuko dute, behar adinako ordu-intentsitatea bermatuz? Bermatuko dizkiete lanaldiak beharginei? Aurrerantzean ere lehentasuna emango diote lizitazioen orduko prezioari eta baimenduko dute enkante bihurtzea? Gure jardunbidea onartuko dute behingoan ala ez?

Etxeko Laguntza-zerbitzuak bizi duen egoeraren jatorria neurri politiko batzuetan datza, eta hortaz, konponbidea udal eta foru taldeen konpromisoan, haren premia dutenekin eta betidanik erabiltzaileak laguntzen ditugun pertsonekin adostua, behin jarrera finkatuko dutenean, oinarrituko da.

 

 

Talleres Gometeguik itxiera EEE bat aurkeztu du 34 langilerentzako

0
Talleres Gometegui 2017ko uztailetik hartzekodunen konkurtsoan dagoen enpresak 34 langilerentzako itxiera EEE bat aurkeztu du. Beste behin ere Talleres Gometeguik langileei eta enpresa komiteari iruzur egin die. Duela hiru aste konpromisoa eta elkarlana eskatzen zuten, hau da, aparteko orduak egitea, duela bi egun lan kargaren gorakada adierazten ziguten eta orain 34 langileren kaleratzearekin aurkitzen gara.

Ez dago ezer zentzuzkoa edo koherentea Talleres Gometeguiren azken lau urtetako historian. Denboran zehar, zuzendaritza ezgaitua ikusi dugu, gezurtia eta sinesgarritasun gabekoa. Poloniako lekualdaketarekin gezurra esan ziguten merke negoziatu ahal izateko eta gaur egun gezurretan jarraitzen dute.

Talleres Gometeguiren jabetza Sarriena Group-ena da, enpresak suntsitzen (Talleres Cavacas eta Vascas), langileak kaleratzen eta proiektu berriak sortzen adituak (Steel Tech eta RV Cooling Tech), kaleratzeekin eta lan baldintzak prekarizatuz gastuak murriztuz.

Enpresaren etorkizunari buruzko erabakia duela asko hartua zegoela kontziente gara, uste dugu ere, orain planteatutako 34 kaleratzeak ez direla azkenak izango ohartarazi gaituzte. Momentu honetan Gometeguik daukan irtenbide bakarra inbertsore berri bat agertzea da, banku eta instituzioekin sinesgarritasuna duena eta lanaren errentagarria denarekin bakarrik geratuko dena.

Azkenik, prozesu guztian zehar administratzaile konkurtsalak izan duen egitekoa salatu nahi dugu, komitearekin bilerak ukatzu nahiz eta behin eta berriro eskatu.