2024-03-28

[IRITZIA] Ondarroan gazteleraz?

ELA sindikatuak Ondarroako Udalari eskatu dio euskaratik gaztelaniara itzultzeko lanpostuen zerrenda zehazteko egiten ari den txostena. Honi buruz hitz egin du LABeko Euskara idazkari Amaia Aurrekoetxeak, iritzi artikuluan.

ELA sindikatuak Ondarroako Udalari eskatu dio euskaratik gaztelaniara itzultzeko lanpostuen zerrenda zehazteko egiten ari den txostena. Eta hori egin arte, gainera, Udalak antolatutako bileretan sindikatuak ez omen du parterik hartuko.

Nola uler daiteke hori? Ondarroako Udala Uema Euskal Udalerrien Mankomunitatearen parte da, eta orain arte euskara hutsez funtzionatu izan du. Administrazioak euskaraz soilik lan egin dezakeela erakutsiz, eta aurkakoa esaten dutenen aurrean modu eredugarrian jokatuz. Gainera, ez da bakarrik herritarrenganako atentzioa euskaraz izatea. Udalaren barneko zirkuituak euskalduntzeko lan berezitua egiten ari dira Uemako udalerriak, eta hori, euskararen normalizazioan dihardugun eragileontzat, ezinbesteko urratsa da.

ELAk ere bere burua euskararen erabilera normalizatzeko ezinbesteko eragile gisa definitzen du urtarrilaren 31n bere webgunean argitaratutako idatzi batean. 2017ko maiatzean, Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko protokoloa ere sinatu zuen, eta arrazoien artean aipatu langileen hizkuntza eskubideak bermatzeari begira neurri zehatzak biltzen dituela, eta beraiek badaukatela arlo horretan egiteko ekarpenik.

Argi ikusten da, bai, mota horretako jarrerekin ekarpenak zein norabidetan egin nahi dituzten, langileen hizkuntza eskubideak bermatu beharrean urratuz, alegia. Bestela, zertara dator Ondarroako Udalari jarritako eskari edo baldintza? Ez al da ba bertako langile eta herritarren eskubidea euskaraz jardun nahi badute, inork oztoporik jarri gabe horrela aritzea?

Iazko abenduaren 3an, sindikatuak euskararen egunaren harira argitaratu zuen oharrean honela diote: «Administrazioetan ez da baliabiderik jartzen langile zein hiritarrak euskaraz aritu ahal izateko», eta hara non, baliabideak jartzen diren diren lekuetan ELA bera den trabak jartzen lehena.

Zer pentsatua ematen dute euskararen kaltetan egiten diren interesen araberako jokaldi horiek. Hizkuntzaren normalizazioan eragile aktibo izan behar bagara, beharrezkoa da horrelako jarrerak bazter utzi eta lanean diharduenari bidea libre uztea, bai herritarren eskubideak eta bai langileonak, behingoz errespetatuak izan daitezen.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

0-3 urtekoen zikloko sindikatuak berriz mobilizatu dira, Hezkuntza Departamentuari eskatzeko behingoz har dezan alor honetako ardura

Nafarroako 0-3 hezkuntza zikloko sindikatu guztiek (LAB, ELA, STEILAS, AFAPNA, UGT eta CCOO) elkarretaratzea egin dute gaur Iruñean, Hezkuntza Departamentuaren egoitza nagusiaren parean, Gobernuak ziklo honi dagokionez erakusten duen jarrera axolagabea salatzeko. Ildo berean, apirilaren 11n manifestazioa eginen dutela iragarri dute, Departamentuaren egoitzatik 17:30ean abiatuko dena.

Grebak Arabako aisialdi hezitzailea eta animazio soziokulturalean apirilaren 2a eta 4an, hitzarmenaren negoziazioan akordiorik ez dagoelako

Agerraldia egin dute gaur Gasteizen sektoreko langileek bi greba egunak iragartzeko. Hitzarmen duinik ez badago, zerbitzurik ez dela egongo adierazi dute.

Iruñeko eremu urdinean jarduera ia geldirik egon da grebaren hiru egunetan

Enpresa Batzordeak (LAB, ELA, UGT eta CCOO) astelehenetik egiten ari den grebaren balorazio positiboa egin du, eta ohartarazi du Dornierrek ez badu aurrerapausorik ematen lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmenaren negoziazioan, mobilizazioekin jarraituko dutela.