2026-07-16
Blog Page 837

Garaia delako, presoak kalera

Gatazkaren ondorioak gainditu eta Euskal Herrira bakea ekartzeko urrats guztiak ez daude emanak oraindik. Askatzeko geratzen diren korapiloen artean premiazkoena da preso politikoena. Eta horrexegatik, presoen, iheslarien eta deportatuen egoerari behin betiko aterabidea emateko eskatuz, milaka lagun batu gara gaur Bilboko kaleetan, Kalera Kalera-k deituta, tartean LABeko kide ugari, Garbiñe Aranburu eta Igor Arroyo buru zirela.

Gatazkaren ondorioak gainditu eta Euskal Herrira bakea ekartzeko urrats guztiak ez daude emanak oraindik. Askatzeko geratzen diren korapiloen artean premiazkoena da preso politikoena. Eta horrexegatik, presoen, iheslarien eta deportatuen egoerari behin betiko aterabidea emateko eskatuz, milaka lagun batu gara gaur Bilboko kaleetan, Kalera Kalera-k deituta, tartean LABeko kide ugari, Garbiñe Aranburu eta Igor Arroyo buru zirela.

Testuinguru oso berezian garatu da gaurko manifestazioa, ETAk atzokoan adierazitakoaren garrantzia kasu. Gatazkaren ondorioak gainditzeko bidean pisuzko ekarpena da egindakoa, aurretik armagabetzearekin gertatu bezala; eta izan dira bide horretan ekarpen gehiago ere. Baina gure herrian ez dago bakerik, ezta izango ere, presoen egoerari konponbidea ematen ez zaion bitartean.

Bada Garaia. Presoak kalera lelopean egin da manifestazioa. Manifestari guztien ahotan izan presoak etxeratzeko aldarria, eta deitzaileen aldetik Espainiaren espetxe politikarekiko kritika, bereziki dispertsioak, gaixotasun larriak dituzten presoak espetxean mantentzeak eta lehen gradua aplikatzen jarraitzeak dakartzaten ondorio larriak kontutan izanda. Euskal Herrian garai berri bat irekitzeko baldintzak sortzen ari dira, baina horretarako gatazkaren parte izan diren alde guztiek eman beharko dute urratsa, alegia, presoen, iheslarien eta deportatuen aferari erantzuteko Espainia mugitzea tokatzen da orain, eta hori lortu bitartean mobilizatzen jarraituko dugu.
 

 

Bizkaiko metalgintzako patronala mugiaraziko badugu, konfrontazioa behar dugu

0
LABek dei egiten diegu langileei beraien enpresetan bat egin dezaten, borrokara atera daitezen.

Bizkaiko Metaleko Negoziazio mahaia elkartu da gaur berriro eta, nola ez, Patronalaren blokeoa eta negoziaziorako borondate falta agerian gelditu da.

Asteak daramatzagu Jaurlaritza eta Confebask errekuperazio ekonomikoaz, lanpostu sorreraz eta egoeraren bikaintasunaz hitz egiten; Bizkaiko Metaleko Mahaian Patronalak murrizketak eta prekarizazioa eskaini dizkigu; 2 urtetarako Hitzarmena, ultraktibitatea beste urte bi; soldata igoera miserableak eta, gainera, aurreko urteetako diru guztia lapurtu nahi digute, lanaldi murrizketaz ez dute hitz egin ere egin nahi, bai ordea malgutasuna igotzeaz eta aldi baterako desgaitasunak ere txarrera eraman nahi dutuzte.

Zoritxarrez ez gaitu harritu, urteak daramatzagu Bizkaian Metaleko Hitzarmena berritu ezinik, baina ez hori bakarrik, urteak daramatzagu enpresaz enpresa gure eskubideak nola zapaltzen dituzten pairatzen, gure lan baldintzak prekarizatzen, eta aukera duten bakoitzean tokian tokiko negoziazioak eta hitzarmenak blokeatzen dituzte.

Hitzarmen berriak lortzen diren tokietan edota hitzarmenak berritzen direnetan, tentsioa eta borroka bizi dira eta, horrek argi uzten digu konfrontazioaren bidez soilik lortuko dugula Patronala benetako negoziazioetara erakartzea eta gure lan baldintzak hobetzea prekarietatea geldituz. Horren adibiderik argiena, momentu honetan borrokan dauden Vicinay enpresako langileak.

Gaurko bileran LABek argi erantzun dugu; gure sinadurarako ezinbestekoak izango dira negoziazio kolektiboko erreformatik blindatzen gaituzten klausulak, atzera pausurik jasotzen ez duena, Prekarietateari muga errealak jarri dizkiona -ebentualitatearen aurkako neurriak, lan aldiaren malgutasuna mugatuko duena…-, metaleko hitzarmenean emakumeon lan baldintzak kontutan eduki beharko dituena edota subrogazioa bermatuko duena. Horiek dira Bizkaiko Metalgintzako langileoi zuzenean eragiten gaituzten gakoak, gure lan baldintza prekarizatzen dituztenak, eta ondorioz, gure borroken jomuga izango direnak; lan zentroz lan zentro, baita sektoreko hitzamenetan ere, noski metalean.

Beraz, LABek dei egiten diegu langileei beraien enpresetan bat egin dezaten, borrokara atera daitezen; lan zentruetan emakumeen lan baldintzak hobetzeko eta emakumeon kontratazioa bultzatzeko, subrogazioa tokian toki blindatu eta ziurtatu dezaten, lan kontratu mugagabeen alde eta etorkizuneko lanpostu duinen alde egin dezaten.

Gaur LABek Bizkaiko Metaleko mahaian jarritako hazia denon artean erein dezagun! Lan duina, hitzamen duinak!
 

 

 

Productos Tubulareseko zuzendaritzak bere helburuei ez diela uko egingo ohartarazi dugu

0
Grebarekin jarraitzea proposatu genuen, baina langileen batasunaren alde egin dugu..

Trapagarango Productos Tubulares enpresako LAB eta ESK sindikatuon oharra:

Aste bizi honen ondoren hausnarketa bat egin nahiko genuke. Ulertzen dugu bizi izandako guztiaren ondorioak ateratzeko geldialdi txiki bat egiteko momentua dela.

Lehenik eta behin harro egon behar dugu langile guztiek grebak iraun duen 43 egunetan  erakutsitako konpromiso, mobilizazio eta batasun mailagatik. Azken urteetan erreferentea izan den borroka eraman dugu aurrera, eta ezinezkoa zela esaten zigutena lortu dugu: EEE bat gelditzea. Hori da gure ustez ondo ikasita izan behar dugun irakasgaia borroka honen ondoren: borroka, konpromisoa eta batasunarekin kapitalaren asmo zitalak gerarazi daitezke.

Hau esanda, kontziente gara bataila bakarra irabazi dela eta oraindik bide luzea geratzen dela grebaren hasieran kolektiboki jarri genituen konpromisoak lortzeko:

– Kaleratzerik ez
– Altzairutegia zabalik mantendu
– Prekarizazioari ez
– Plan Industriala

Horregatik zen hain zuzen ere gure proposamena grebarekin aurrera jarraitzea pasa den asteazkena, apirilaren 18an Enpresa batzordeak, Eusko Jaurlaritzaren inplikazioa izango zuten konpromiso sendoak lortu arte. Batasunaren aldeko apustua egin genuen LAB eta ESKk. Apustu hori egin genuen konbentzituta gaudelako langileen arteko ahalik eta kohesio handienarekin soilik atera gaitezkeelako irabazle prozesu honetatik.

Datorren astelehenetik aurrean izango duten egoera berriaren aurrean, protagonista izaten jarraitu behar dute Productos Tubulareseko langileek. Badakigu enpresak ez diela uko egingo bere helburuei eta taktikoki baino ez dela birkokatu. Eusko Jaurlaritzak berak mozorroa kendu du eta gu guztion gainean jarri du presioa. Aurretik dugun negoziazio prozesuan prest egon behar dugu edozein momentutan eta modu argi eta sendoan erantzuteko.

ESK eta LABek ulertzen dugu, gainera, taldearen egungo zuzendaritza arazoaren zati dela, hortaz euren dimisioa eskatzen dugu berriro.
 

 

 

Adegiren jarrera onartezina izan da Gipuzkoako eraikuntzako negoziazio mahaian

0

Hurrengo bilera maiatzaren 4an izango da. Egun horretarako gure eskaerei erantzungo dien proposamen bat ekartzeko exijitzen dio LABek Adegiri.

Gaur, apirilak 20, eraikuntzako negoziazio mahaiaren bilera berri bat burutu da. Patronalaren aldetik, bilera honetara Adegi patronala bakarrik azaldu da. Bilera hasi bezain pronto, LABek hitza hartu du joan den asteazkenean erregistratu zuen hitzarmen kolektiborako bere proposamena aurkezteko. Guztira 33 neurri zehatz, LABek negoziazio honi jarritako 3 helburuak nagusiei erantzuten dietenak, alegia: hitzarmena derrigorrez bete behar da, langileen soldatak nabarmenki igo behar dira, eta sektoreak bizi duen prekarietatea murriztu behar da.

Aldarrikapen guztiak garrantzitsuak izan arren, gure plataformatik neurri hauek nabarmendu nahi ditugu:

– 2018 eta 2019 urtetarako KPIaren gaineko soldata igoerak proposatu ditugu eta 2009tik igo gabe dauden soldatak KPIarekin eguneratzea.
– Hitzarmena zein lan segurtasuneko araudia betetzen direla egiaztatzeko, sindikatu, patronala eta lan ikuskaritzak osatutako batzordea astero bertaratuko da obretara.
– Hitzarmena ez betetzeagatik lan ikuskaritzak enpresa bati zigor irmo oso larria ezartzen badio, enpresa horri kontratua berehala deuseztatzea.
– Sektoreko lan egutegia egotea eta ordu estrak ezabatzea.
– Prebentzio baliabideek prestakuntza espezifikoa jasoko dute, eta euren lana egiteagatik kobratuko dute.
– Lanaldiari dagokionez 10 ordu jaitsiko dira.
Beste bi kontu azpimarratu nahi ditugu oso larriak iruditzen baitzaizkigu eta, zoritxarrez, soilik LABek salatu ditu:
– Eraikuntza sektorean emakumezkoen presentzia oso txikia da. Beraz, gizon eta emakumeon arteko aukera berdintasuna sustatzeko bidean, emakumeen aldeko ekintza positiboetako neurriak hartzea ezinbestekoak dira, bai kontratatzerakoan, bai prestakuntzan, baita sustapenean ere.

Egoera lazgarri honen isla da hitzarmenak erabiltzen duen hizkera sexista. Izan ere, gaztelaniazko hizarmenean genero maskulinoa bakarrik onartzen da, kontzeptu orokorrean (“trabajador”, “trabajadores”) nahiz lanbide mailetan (“jefe de servicios”, “jefe de obra”, “encargado”, “arquitecto”…). Emakumeari egiten zaion aipamen bakarra nabarmenki sexista da, horrela hitzarmenak “garbitzailea/mujer de la limpieza” ezabatzea exijitu dugu, eta haren ordez “garbitzailea/limpiador/a” erabiltzea.

– Sektorean euskara sustatzeko plana ere exijitu dugu. Berez, hitzarmenak sektorea euskalduntzeko batzorde bat jasotzen badu ere, hau ez da sekula bildu. LABentzat hizkuntza eskubideak ez dira bigarren edota hirugarren mailako eskubideak. Tamalez, LAB izan da plataforma elebiduna aurkeztu duen sindikatu bakarra.

Jarraian, Adegik hitza hartu du azaleko balorazio bat egiteko eta eskaera sindikal guztiak baztertu ditu. Izan ere, ez dute inolako proposamenik aurkeztu. Hitzarmena betetzearen alde daudela diote baina ez daude prest inongo proposamenik onartzeko hori gauzatu dadin. Hitzarmenaren eranskinek (soldata taulak) mugagabeko iraupena dutela aitortzeko prest daude, baina horrek ez die enpresei euro bakarra gehiago suposatuko eta ezerezean geratuko da hitzarmenaren aplikazioa bermatzen ez den bitartean.

Oraindik goizegi da ondorioak ateratzeko baina beldur gara ia Adegik akordio bat gauzatu nahi ote duen, langileen lan baldintzak hobetuko dituen benetako neurriak hartu gabe. Hori horrela izanez gero, LABek mobilizatzearen alde egingo du, grebak barne.
 

 

 

Nafarroan ere lan, bizi eta herri duina aldarrikatuko ditugu Maiatzaren Lehenenan #M1duina #lanBiziHerriDuina


LAB sindikatuak Nafarroan, sei herritan egingo ditu manifestazioak Maiatzaren Lehenean: Altsasu, Doneztebe, Iruñea, Lizarra, Tafalla eta Tutera.

 

 

 

Minik, sufrimendurik eta presorik gabeko garai berri bat irekitzeko momentua da

LABek dei egiten die euskal langileei bihar, larunbata, Kalera Kalera dinamikak deituta Bilbon egingo den mobilizazioan parte hartzera.

ETAk armagebetzea iragarri eta urtebetera, urrats berriak ematea erabaki du. Gaur ezagutu dugun adierazpena, Aberri Egunean kaleratutakoarekin batera, erakundea gauzatzen ari den eztabaida prozesuaren amaieraren testuinguruan kokatu behar da. LAB sindikatutik momentuaren garrantzia azpimarratu nahi dugu.

ETA erakundea, aipatu pauso horiekin guztiekin, ziklo oso bat atzean uzteko urratsak ematen ari da, eta horrela baloratzen dugu LABetik. Gogoeta eta ekarpen zintzoa dakusagu ETAren aldetik, garrantzitsua, gatazkaren ondorioen konponbidean aurrera jotzeko oinarriak jartzen ari delako.

Euskal Herrian hamarkadetan bizi izan dugun gatazka politikoak askotariko biktimak, mina, sufrimendua eta bidegabekia ugari eragin du, mota guztietakoak eta alde guztietatik. Gatazka horretan aktoreetako batek, kasu honetan erakunde armatuak, biktimei eginiko aitortza oinarrizkoa da gatazkaren ondorioen konponbidean aurrera egiteko.

Eskubideez, sufrimentuaz eta aitortzaz ari garelarik, une honetan bizi dugun giza eskubideen urraketa larriena euskal preso politikoei dagokiena da. Espainiako Estatuak, gertatzen ari den honi guztiari entzungor eginda, salbuespen politika mantentzeko apustuari eusten dio, larri gaixo diren presoen egoera bere horretan mantenduz, edo berriki egin duen bezala, hainbat presori bigarren gradura pasatutzeko eskaera ukatu dietelako.

Gaixo diren presoen egoerari lehentasunezko erantzun bat emateko, eta euskal preso eta iheslariei etxera bideari ekiteko, Espainiako Estatua mugiarazi egin behar dugu. Horretarako mobilizazioa ezinbestekoa da. LABek dei egiten die euskal langileei bihar, larunbata, Kalera Kalerak deituta Bilbon egingo den mobilizazioan parte hartzera.

Denon artean egin eta denon artean lortu behar dugu, garai berri bat ekartzea Euskal Herrira, herri gisa dagozkigun eskubideen aitortza bermatuko digun garaia. Orain, euskal eragileon txanda da. Bakoitzak, dagokigun esparrutik, gatazkaren ondorioen konponbidean ekarpena egiteko momentua da, askotariko biktimak eragin dituen ziklo bat itxi eta berri bat irekitzeko, minik, sufrimendurik eta presorik gabekoa.

 

 

 

Xabier Ugartemendia: “Estatalizazioa sekulako erasoa da, bizi dugun inboluzio politiko, sozial eta demokratikoaren isla”

Estatalizazioaren aurka mobilizatu gara Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan.

LABek moblizazioak egin ditu gaur hitzarmen estatala ezartzen ari diren hiru lan-zentrotan, “Estatalizaziorik ez. Gure hitzarmenen defentsan” leloarekin. Hain zuzen ere, langileen lan baldintzak estatalizatuta dituztela salatu dugu Bizkaia, Araba eta Gipuzkoan: Bilbon, Euresten bezero den Basurtoko ospitalean; Gasteizen, Albertia zahar egoitzan; eta, Donostian, Anoetako estadioaren obraren aurrean.

Lan zentru horietako langileek prekarizazioa eta pobretzea pairatzen dute, estatu mailako lan baldintzak aplikatzen zaizkielako, beren lan hitzarmena Euskal Herrian negoziatu ezin dutelako edo hainbat gai ezin dituztelako euren lan hitzarmenetan negoziatu. Salaketa hau egiteaz gain, Euskal Herrian bertoko lan hitzarmenak izan eta aplikatzearen beharra aldarrikatu dugu, eta Lan Harremanetarako Euskal Esparruaren alde egin dugu.

Basurtoko ospitalearen aurrean elkartu gara.

Zentzu honetan, LABeko Ekintza Sindikala eta Negoziazio Kolektiboko idazkari Xabier Ugartemendiak hitza hartu du Basurto ospitalean. “Estatalizazioa euskal langileen lan baldintzak okertzeko estrategia bat da, Estatu mailako hitzarmenen aplikazioaren bitartez. Era berean, euskal langileok gure lan baldintzak bertan negoziatzeko eta erabakitzeko dugun eskubidearen aurkako eraso bortitza da”, azaldu du.

Ugartemendiaren esanetan, estatalizazioak aurpegi eta eragile desberdinak ditu. Madriletik datorren estatalizazioa aipatu du, CCOO, UGT eta Estatuko patronalaren aldetik, baina Confebask ere jo du erantzule gisa, bertako negoziazio kolektiboa blokeatuta edukitzeagatik eta eremu berrien negoziazio bideak irekitzea ukatzeagatik. “Hirugarren estatalizazio bat ere badago, euskal langile publikoek pairatzen dutena, lan baldintzak inposatzen zaizkielako, bertako erakundeen konplizitatearekin”, adierazi du.

Sektorez sektore, enpresaz enpresa, borroka sustatzen ari garela nabarmendu du LABeko ordezkariak, bertan negoziatzeko eskubidea aldarrikatzeko. “Estatalizazioa sekulako erasoa da, bizi dugun inboluzio politiko, sozial eta demokratikoaren isla. Tamaina horretako eraso batek tamaina bereko erantzun bat behar du izan; erantzun gogorra, izaera konfederaladuna eta greba eta lanuzte klabeetan”, erantsi du.

Gasteizen egindako protesta.

FEADRS patronalak Akordio Interprofesionalari jarritako inpugnazioari buruz ere hitz egin du Ugartemendiak. Hain justu, berretsi du gaur gaurkoz, iragarri den arren, Akordio Interprofesionalaren aurkako demanda ez dela oraindik erretiratu, eta, erretiratuko balute, arlo sozial, politiko eta instituzionaletik inpugnazioaren aurka egindako presioaren emaitza izango litzatekeela. Hala, asteleheneko batzorde kontsultiboan demanda erretiratzeko exijitu dio FEADRS patronal estatalari. Hala ere, gogoratu du, zoritzarrez, estatalizazioaren gaitza ez litzatekeela Akordio Interprofesionalaren inpugnazioaren erretiratzearekin amaituko. Izan ere, hitzarmen estatalen eta hauek ekartzen duten prekarietatearen hatzaparretan sektore eta enpresa askok jarraitzen baitute; gaurko mobilizazioaren helburuetako bat izan den Euresten menpe dauden lantokiek, kasu.

Elkarrizketa sozialeko mahaia hilda, jaiotzez
Bestaldetik, CCOOk gaur elkarrizketa sozialeko mahaia uzteko iragarri duen erabakiari buruz, hilda jaio zen elkarrizketa sozialeko mahaia, gaur lurperatu egiten dela adierazi behar dugu.

CCOO eta UGTk euskal gehiengo sindikala erasotzeko beraien burua eskeini zuten, baita erabiliak izan ere. Badirudi jaurlaritzak eta CFBSKek jada ez dutela sindikatu otzanak behar beraien helburuak betetzeko, enpleguaren inguruko beraien artean lortutako akordioak argi uzten duenez.

LABek askotan aldarrikatu duenez, eta bizi dugun inboluzio politiko, sozial eta demokratikoari aurre egiteko, lan mundutik konfrontazioaren aldeko apustua egin behar da, eta ez konzertazioarena.
 

 

 

Asteleheneko batzorde kontsultiboan Akordio Interprofesionalaren inpugnazioa erretiratzeko exijitzen diogu FEADRS patronal estatalari

Hala ere, zoritxarrez, estatalizazioaren gaitza ez litzateke Akordio Interprofesionalaren inpugnazioaren erretiratzearekin amaituko.

Gaur gaurkoz, eta horrela iragarri den arren, Akordio Interprofesionalaren aurkako demanda ez da erretiratu. FEADRS patronalari erretiratzea exijitzen diogu, eta hau arlo sozial, politiko eta instituzionaletik Akordio Interprofesionalaren inpugnazioaren aurka egindako presioaren emaitza izango da. LABetik hainbat gestio eta ekintza egiten ari gara (estatalizazioaren kontrako mobilizazioak deitu ditugu biharko Bizkaia, Araba eta Gipuzkoan), eta, gure ekintza sindikalaren eskutik ere, Eusko Jaurlaritza behartu dugu inpugnazioaren kontra gogor posizionatzera.

Albiste ona litzateke inpugnazioa erretiratzea, baina lorpen hori sindikatu batek ezin du bereganatu, estatalizazioaren aurka gogor erantzun duten eragileek eta, batez ere, langileek baizik.

Zoritxarrez, estatalizazioaren gaitza ez litzateke Akordio Interprofesionalaren inpugnazioaren erretiratzearekin amaituko. Hitzarmen estatalen eta hauek ekartzen duten prekarietatearen hatzaparretan sektore eta enpresa askok jarraitzen dute: Eurest, Serunion eta Sodexho kolektibitate- ostalaritza sektorean, telemarketing-ean, merkataritza saltoki handietan… Arlo publiko guztiak bere negoziazio kolektiboa bahituta dauka, lan baldintzak arautzen dituzte Estatuko Legeek inposatuta. Sektore eta enpresa askok jarraitzen dute Estatuko hitzarmen prekarioen aplikazioen mehatxupean, Confebaskek gure negoziazio kolektiboa blokeatuta duelako.

LABek estatalizazioaren kontra borrokatzen jarraituko du sektorez sektore, enpresaz enpresa, Euskal Herriko langile guztiek euren lan baldintzak hemen negoziatzeko eskubidea izan dezaten, ahalmen guztiarekin eta kanpoko injerentziarik gabe. Borrokan jarraituko dugu Lan Harremanetarako Euskal Esparrua gauzatzearen alde, prekarietatea mugatu eta enplegu duina bermatuko lukeena. Uste dugu ez dela txikira jokatzeko unea. Langileok bizi dugun inboluzio sozialak, prekarietateak eta pobretzeak erantzun sendoagoak eskatzen ditu lan mundutik, greba eta lanuzte klabeetan.

AURRERA JARRAITZEKO DU LAB-EN ESTATALIZAZIOAREN AURKAKO BATAILAK EUREST-EN
ELAk egindako jakinarazpenari dagokionez, esan behar dugu ez dela inolako akordiorik egon FEADRS patronalarekin, bilera sindikatu hori eta Eurest enpresaren artean bakarrik egin delako, eta Eurestek bere posizioa berretsi du: bere enpresarentzat gure esparruan akordio bat lortzeko prest azaldu da, baina sektoreko hitzarmen kolektibo estatalaren aplikaziotik irten gabe. LAB dagoeneko posizio horren aurka azaldu zen urtarrilean, eta, orduz geroztik, mobilizazio dinamika bat egiten ari gara Euresten aurrean (Sodexo eta Serunion aurrean ere, Estatuko hitzarmena ere aplikatzen dutelako), enpresa horietan herrialde bakoitzeko ostalaritza hitzarmena aplikatu dezaten, sektoreko gainontzeko enpresek egiten duten bezala, Euskal Autonomia Erkidegoan kolektibitateetako hitzarmen bat lortzeko aurreko urrats gisa. Esan beharra dago mobilizazio horien atzean LAB dagoela bakarrik. Izan ere, sindikatu bakarra gara urtarriletik, enpresa horietan, estatatalizazioaren aurka ekintza sindikala egiten ari dena.

Hortaz, ez dago inolako akordiorik modu efektiboan Euresteko estatalizazioari aurre egingo dionik. Enpresa honetako langileek, gure herriko beste milaka bezala, estatalizatuta eta prekarizatuta dituzte lan-baldintzak.

Bihar, apirilak 20 ostirala, LABek moblizazioak egingo ditu hitzarmen estalizazioa ezartzen ari diren hiru lan-zentrotan, “Estatalizaziorik ez. Gure hitzarmenen defentsan” lemarekin.

Bilbo. Basurtoko ospitala (Euresten bezeroa da) 09:30ean Xabier Ugartemendia Ekintza Sindikala eta Negoziazio Kolektiboko Idazkariak adierazpenak emango ditu.

Gasteiz. Albertia Campus egoitza. Nieves Cano, 29. 11:00etan

Donostia. Anoetako estadioa. 11:30ean
 

 

 

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta balioan jarriko dugu Katalunian

Katalunian Karta Sozialaren eraketa prozesua bultzatzen ari dira, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta gisako tresna bat sortzeko bidean. Hala, Vic herrian batzar bat egingo dute larunbatean, 18:00etan, eta LABeko ordezkaritza bat izango da han, eraketa prozesu horretan laguntza emateko. Hain zuzen ere, LABeko Ekintza Sozialeko Bea Martxuetak hartuko du hitza, eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren nondik norakoak azalduko ditu.