2026-07-16
Blog Page 835

Lanean bizirik eta osasuntsu, izena duena bada

0

Apirilaren 28an, lan instripuek eragindako osasun galera eta heriotzak salatzearekin batera, arreta jarri nahi dugu Laneko Gaixotasunetan. Ikusezinak eta ahaztuak izaten jarraitzen dute. Lan istripuek eragindako laneko heriotz bakoitzeko 18 langile hiltzen dira lan gaixotasunagatik, baina, berehalako ondorioak ez dituztenez, behar baino gutxiago deklaratzen dira eta jatorrian dauden arriskuei aurre egiteko beharra alde batera uzten da.

Gaixotasun profesionalak ezkutatzeak zer ikusi handia du bajei loturiko planteamendu ekonomikoekin. Gaixotasuna laneko gaixotasun gisa aitortu ala ez, mutuak ala osasun sistema publikoak, batak ala besteak, hartzen du bere gain. Mutuek kontingentzia profesional gisa ez aitortzeko irizpidearekin dihardurte, gaixotasuna artatzea eta hari dagokion prestazio ekonomikoa osasun sistema publikora bideratzeko.

Mutuak dira egoera larri honen erantzuleak, eta patronala, egoeraren onuraduna, gaixotasunen laneko jatorria ukatzea aitzakia bihurtzen baita prebentziorik ez egiteko.

Lanean jarraitu behar dugu lakra sozial honen aurkako borroka egin eta gaurko lan osasuneko ereduaren alternatibak garatzeko. Osasunaren babeserako sistema alternatiboa aldarrikatzen dugu, pertsonen bizitza eta osasuna erdian jarriko dituena.

Apirilaren 28aren harira, bezperan, mobilizazioak egingo ditugu Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan. Mobilizatu gaitezen patronala neurriak hartzera behartzeko, instituzioak interpelatuz, egoeraren erantzule zuzenak seinalatzeko, lan- gileen kontrako indarkeria patronalarekin amaitzeko.

 


Apirilaren 27, ostiraleko mobilizazioak:

-BILBO 12:30ean Manifestazioa Plaza Zirkularretik
-DONOSTIA 11:30ean Bilbao plazatik manifestazioa
-GASTEIZ 11:30ean Landatxo Gizarte Etxetik manifestazioa
-IRUÑEA 11:00etan Gurutze plazatik manifestazioa

 

 


Patronalen erantzun ezak greba deialdiak indartzera behartzen gaitu EAEko Gizarte Ekimeneko ikastetxeetan

Maiatzaren 15 eta 16ra deitu dugu grebara.

Hauxe da gaurko agerraldian irakurritako testua:

Kristau Eskola, AICE, Ikasgiltza eta Elizbarrutiko Ikastetxeen aldetik gure eskariei emandako erantzun ezak eta EAEko Gizarte Ekimeneko sektoreko langileek martxoaren 20ko grebari emandako babes handia ikusita, sektorean ordezkaritza dugun sindikatuok (ELA, STEILAS, CCOO, LAB eta UGT) bi greba-egun gehiago iragartzen ditugu ikasturteko hirugarren hiruhilekorako.

Honez gero jakingo duzuenez, iazko irailean, negoziazioa urtetan ito-puntuan egon ondoren eta hitzarmena 2009tik berritu gabe, sindikatuok gutxienezko eskariak jasotzen zituen plataforma bateratua aurkeztu genien patronalei, baina ez ziguten ganoraz erantzun. Hori zela-eta, azaroan sektoreko sindikatuok negoziazio-mahaia utzi genuen, eta mobilizazio-sail bati ekin genion, bertan geldirik zeuden patronalak mugiarazteko modu bakarra zelakoan.

Martxoaren 20an sektoreko langileok oso modu zabalean babestu genuen ELA, STEILAS, CCOO, LAB eta UGT sindikatuok egindako greba deialdia. Bilbon, Donostian eta Gasteizen izandako manifestazio jendetsuak sektorea ia-ia guztiz gelditu zelaren frogarik argiena dira, %70tik gorako jarraipenarekin. Egun hartan ondo agerian geratu zen premiazkoa zela negoziazioak edukiz betetzea, eta gure eguneroko lanerako eta gure lan-baldintzetarako behar-beharrezkoak diren alderdiak adostea: ordu osagarriak, kidegorik prekarioenak artatzea (hezkuntza-laguntzako espezialistak eta haur-hezkuntzako lehen zikloko langileak), enpleguari eusteko plan baten beharra, eta galdutako eroste-ahalmena arian-arian berreskuratzea.

Gure aldarrikapenak oso argiak dira, baina patronalen aldetik ez dute erantzunik izan, beraien ardurak saihesten eta informazio toxikoa zabaltzen jarraitzen duten bitartean. Aukera baliatu nahi dugu argi uzteko ez dela egia gure eskaerek ikastetxeen bideragarritasuna arriskuan jartzen dutenik; horietako batzuk ez dute kostu ekonomikorik (ordu osagarrien kasuan) eta beste batzuk kolektibo txikiei eragiten diete.
Patronalaren proposamen ezaren aurrean mobilizazioak indartu behar ditugu, bi greba-egun gehiagorekin. Maiatzaren 15a eta 16a izango dira, eta greba-deia EAEko Gizarte Ekimeneko ikastetxe guztietako langileentzako da: Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, DBH, Batxilergoa, Lanbide Heziketa, Hezkuntza Laguntzako Espezialistak eta Administrazio eta Zerbitzuetako pertsonala.

Aurrera begira egoera aldatu ezean, mobilizazioak areagotu beharko ditugu hurrengo ikasturtean, greba deialdi berriekin. Horiek garaiz iragarriko ditugu, baina kopuruz askoz nabarmenagoak izango direla aldez aurretik esan dezakegu.
 

 

 

[IRITZIA] “Ikus gaitzazuen”


Apirilaren 26a lesbianen ikusgarritasun eguna da. LABeko kide Irati Tobarrek, Maddalen Doradorrek, Aitziber Perez de Karkamok, Ainara Ladronek eta Ainhoa Etxaidek sexualitate aniztasuna dute hizpide iritzi artikulu honetan.

Apirilaren 26a lesbianon ikusgarritasun eguna da. Bai, ikusiak izateko eta gure existentziaz ohartarazteko eguna behar dugu, munduak begiak zabal ditzan. Ez ikusiarena egin nahi duen heteropatriarkatuaren aurrean, gure existentzia aldarrikatu nahi dugu.

Genero eta sexualitate sistemen interrelazioan gaude, baina sistema bietako zentroan baino, sistema bietako marginetan bizi gara lesbianak. Itotzen gaituen sistema patriarkalaren barruan emakumeak*; zapaltzen gaituen sistema heteronormatiboaren barruan, lesbianak. Justizia lortzeko eta gure eskubideak defendatzeko borroka latz bi egin beharra dauzkagu: misoginiari eta lesbofobiari aurre.

Lan munduan ez zaigu lesbianoi toki propiorik egin. Oraindik orain gure enpleguak senarraren soldataren osagarri direla adierazten digute lan merkatutik.

Bazterkeria ekonomikoa emakumeon* gaineko kontrol sistema da. Horregatik, gizon baten menpe ez dauden familiak bereziki zigortzen ditu. Eredu tradizionalari uko egin dioten ama bakarreko familien egoera benetan da latza. Edozelan, egoera hau aztertua izaten da, datuak eman eta fokoa ipintzen da bertan. Hala ere, pobreziak ama biko familiak zelan gaztigatzen dituen ez da inondik ageri. Kasu honetan ere inork ez gaitu ikusten. Datu ekonomikoetatik ere at.

Ez dezagun ahaztu, emakumea*, genero rolaren eraikuntzaren arabera, bere gorputzaren eta sexualitatearen jabe ez den subjektua dela. Beraz, lesbiana, bere gorputzaren jabe den subjektua izanik, kapitalaren eta patriarkatuaren eredua transgreditzen duen pertsona da.

Patriarkatuak gizona zentroan jartzen duen bezala, kasu honetan homosexualitateaz hitz egitean, gayak izaten dira subjektu. Gizonak maite dituzten gizonak mehatxua dira heteroarauarentzat, baina ez dira zertan ezinbestez mehatxua patriarkatuarentzat. Gayen aldetik ikusgarritasuna lortzen doaz, egia bada ere zigortuak eta erasotuak izaten direla, eta borroka horretan tinko jarraitu beharra dagoela. Baina egia ere bada gizonek egiten duten edozerk beti duela inportantzia, onerako zein txarrerako.

Zer esanik ez, batzuetan kapitalak bere metaketarako ere erabiltzen du homosexualitatea. Kapitalak bere burua berrasmatzeko gaitasun handia dauka. Merkatuarentzat negozio bide bihurtu dira gizon bikoteak, bikotekide bien eros-ahalmena bikote heterosexual batena eta, zer esanik ez, lesbiana bikote batena baino altuagoa da izaten da eta. Honek ere gayen ikusgarritasunean eragina izan du.

Lesbianen existentziak ez dauka kapitalarentzat inportantziarik eta, gainera eta bereziki, patriarkatua zein heteroaraua, sistema biak, kolokan jartzen ditu. Horregatik ezkutatzen da lesbianon existentzia bera. Gizonik gabe bizi ahal garen emakumeak* patriarkatuarentzat arriskutsuak gara, lesbianismoak gizonen autoritate politiko, ekonomiko eta sexuala desafiatzen dituelako.

Lesbiana izatea sistemarentzat ez da batere errentagarria eta ondorioz, bizitza antolatzen den arlo guztietan ezkutatua egotetik harago, eskubide gutxiagokoa da. Horrela, lan munduan, babes sozialean, zerbitzu publikoetan edota beste eremuetan ez gara existitzen eta ez zaizkigu eskubideak bermatzen. Hareago, zigortua izatearen beldurrez, askotan ez dugu bere sexualitate aukera adierazten.

Lesbianon existentzia estaltzea, lesbianok ikustezin bihurtzea, erreferente publikoak egotea galarazten digu, bai. Baina ondorio maltzurragoak ere badauzka: lesbofobia ere estaltzen da; subjektuak eurak eta hauen kontrako zapalketa estrategiak ezkutaturik, lesbianok existentziatik desagerrarazi nahi gaituzte. Eta honen bitartez aldaketa sozialaren eragile izateko aukera ere kendu nahi zaigu, lesbianoi eta, gurekin batera, emakume* guztiei.

Beraz, lesbianon ikusgarritasunaren egunean, lesbianak ikusgarri egitea eta sexualitate aniztasuna aldarrikatzea goraipatu nahi dugu, lan eremuan zein bizitzako beste edozein arlotan aurrerapausoak egin ditzagun. Guztion ardura da lesbianon hautua defendatu eta askatasunez bizi gaitezen borroka egitea. Lan eremuan zein beste esparrutan gertatzen diren erasoen aurrean, sindikatua borrokarako tresna daukagu, baina baita gure existentzia aldarrikatzeko eta eskubidedun subjektu bihurtzeko tresna ere. Ikusgarri egiteak ez gaitu aske egiten, lesbiana moduan agertzea da aske egin gaituena.

*Emakume erabiltzen dugu M8an bezala bollerak, trans, identitate anitzak adierazteko… Lesbiana kategoria politiko bezala konsideratzen baitugu eta lesbiana asko emakume hitzarekin ez baitira identifikatzen.

 

 

 

EAJk hauspoa eman dio PPri berriro

Berriro agerian geratu da EAJ interesatuagoa dagoela PPrekin dituen itun eta “bere” negozioetan, euren bidezko aldarrikapenen alde kalera ateratzen ari diren milaka pentsiodunen arazoak benetan konpontzean baino.

Pentsioak igotzeko lortutako akordioa tranparekin dator eta helburu argi batekin, pentsionistek egiten ari diren mobilizazioak baretzea, hain zuzen ere. Planteatzen duten igoera ez da nahikoa azken urteotan pentsioek galdu dute eros-ahalmena berreskuratzeko.

Eros-ahalmenaren galera hori 2014an ezartzen hasi zen errebalorizazio indize berriaren ondorioa da. Data horretatik aurrera, pentsioen igoera ez dago KPIra lotuta, aurrekontuen egoerari baino, eta hortik ateratzen da %0,25eko igoera irrigarria.

Lortutako akordioan 2018 eta 2019rako igoera jasotzen da, baina ez dago inolako bermerik KPIarekiko erreferentzia berreskuratu denik pentsioen kalkulurako. Ez da ahaztu behar hauxe dela pentsionisten aldarrikapen nagusienetakoa.

Beste behin ere errepikatu behar dugu, pentsionisten arazoentzako benetako konponbideak ez direla Espainiako estatutik etorriko. Beste behin argi geratuko da Rajoyk honezkero aurrekontuetan eskaintzen zizkien apurrekin ezta EAJrekin egin duten akordio honekin, zeinetan ez dituzten kalera irtetzen ari diren eta 1.080 eurotako gutxieneko pentsioak eta Babes eta Gizarte Segurantzako Sistema Propioa eskatzen duten milaka pentsionisten aldarrikapenekin.

EAJk PPrekin egin duen akordioan baztertuta geratu dira bi aldarrikapenok eta igoerek pobrezian mantenduko dituzte milaka euskal pentsiodun. Gogorarazi behar dugu ez dela kasualitatea, EAJk PP eta PSErekin batera, ezezko botoa eman ziola pentsiorik baxuenak 1.080 euroraino osagarrizeko proposamenari, hain zuzen ere, ia 400.000 pentsiodunek Euskal Herrian kopuru honetatik beherako pentsioak jasotzen dituztenean, euskal pentsionisten %57ak hain zuzen ere.

Ahalmen legegile osoa izango duen euskal Gizarte Segurantzari ere uko egiten zaio, Erkoreka jaunak gaur irratian adierazi duen moduan, eta beronen “kudeaketa” eskatzera mugatzen da, Estatuaren aginduetara, eta ondorioz ezin da hemen zehaztu ez zenbat ingresatu hemen, ezta zenbat ordaindu euskal pentsionistei.

Gaurko akordioarekin gehien kobratzen duten pentsionistak “lasaitu” nahi ditu EAJk. Hilean 2.500 euro baino gehiagoko pentsio jasotzen duten 44.500 pentsionista horiei hilean 40 euro edo gehiagoko igoera bermatzen zaie, hilean 650 euro baino gutxiago kobratzen duten 218.000 pentsionistei gehienez hilean 10,4 igoko zaie pentsioa. Hilean 660,4 euro jasota ezin da duintasunez bizi, ezta hilabete amaierara iritzi, baina badirudi horrek ez dituela EAJ eta PP kezkatzen.

LABetik beste behin diogu beharrezkoa dela mobilizatzen jarraitzea, pentsionistak kalean egiten ari diren bezala, eta 1.080 eurotako gutxieneko pentsioa eskatzeko gure bizitzetako azken urteak pobreak izan gabe bizitzeko, baita Euskal Herriarentzako Babes eta Gizarte Segurantza Sistema Propioa ere, orain eta etorkizunean bermatu ahalko dituena.
 

 

 

Gaur Bartzelonan greba eskubidea epaitu dute

0
LAB sindikatutik Intersindical CSCri eta Kataluniako langile klaseari gure babes osoa adierazi nahi diogu pairatzen ari diren egoera zail hauetan.

Gaur apirilak 25 Kataluniako Intersindical CSC sindikatu independentistak epaiketa izaten ari da 10:30etik aurrera, azaroaren 8ko greba orokor deialdia dela eta. Epaiketa honekin, sindikatu eta langileen greba eskubidea epaitua eta ezbaian jarria izanen da.

Kataluniako patronalak Intersindical CSC sindikatua salatu zuen bere iritziz greba orokorra deitzeko, sindikatu honek bi delitu egiten zituelako, greba orokorra deitzeko adina ordezkaritza sindikal nahikorik ez izatea eta greba politikoa izatea.

Gogoratu behar da azaroaren 8ko greba orokorra Katalunian urriaren 3koaren ondoren deitzen zen bigarren greba orokorrra zela. Greba orokor horretan karriketan ikusitako jendetzak argi eta garbi erakutsi zein greba orokorrarekiko bere atxikimendua zein Katalunian bizitzen den eskubide politiko, sozial eta lan ingurukoen urraketan aurkako haserrea.

Gaurko epaiketa ezin da Kataluniak bizi duen salbuespen egoeraren testuingurutik kanpora ulertu. Urriaren 1eko erreferendum baketsuan Espainiako poliziak eragindako 1.000 zaurituak, Kataluniako auto-gobernuaren indargabetzea, politikari eta eragile ezberdinetako kideen atxiloketak eta erbesteratzeak, sindikalgintza borrokalariaren kontrako erasoak…
 

 

 

Bizkaiko bulego eta langeletako langileen grebak %75eko jarraipena izan du

Bigarren greba eguna egingo dute bihar, hitzarmen duin baten alde.

Gaur, apirilaren 25ean izan da Bizkaiko Bulego eta Langeletako langileen lehen greba eguna. 23.000 langile zeuden grebara deituak eta jarraipena %75ekoa izan da.

Hitzarmenaren negoziazioaren mahaia ordezkaritza duten lau sindikatuek (ELA, COO, LAB eta UGT) deitzen dute eta CGT, ESK eta CNTk ere babestu dute.

Blokeatuta dago hitzarmenaren negoziazioa eta CEBEK patronalak lan-baldintzak okertu nahi ditu. Langileek ezetz esan diete murrizketei, gutxieneko bermea eta aintzinakotasunaren galerari, modu mugagabean soldata izozteari eta langileen prekarietatea zabaltzeari. Guztia, enpresak diru asko irabazten ari diren sektore batean.

Gaur, grebako lehen egunean, mobilizazioak egin dituzte goizean GFI, Informática de Euskadi, Customer Works, Indra eta Panda enpresetan, besteak beste. Ondoren, pikete mugikorra egin dute 10:00etatik aurrera Zabalburun hasita. 12:00etan manifestazioa egin dute Arriaga Plazatik Iberdrola Dorreraino.

Bihar apirilaren 26ean egingo dute bigarren greba eguna. Pikete mugikorra egingo dute 10:00etatik aurrera Zabalburun hasita. 12:00etan manifestazioa egingo dute Arriaga Plazatik Udaletxeraino, eta bertan, eserialdia.

 

 

 

Akordioa lortu dute zuzendaritzak eta H&Mko enpresa-batzordeak

0
LAB, ELA eta CCOOek osatzen dugun H&Mko enpresa komiteak Bilboko Moyuako denda itxierari lotutako akordioa lortu dugu.

Enpresarekin hainbat aldiz bildu ostean, Bizkaiko dendetan 30 langile birkokatzea lortu dugu, 4 langile boluntarioki lekualdatzen dira eta gainontzekoek beraien kontratuak iraungitzea aukeratu dute, ez baitute onartzen enpresak Euskal Herritik kanpoko dendetara lekualdatzeko egiten zien proposamena, hauentzako urteko 45/33 egunetako konpentsazioa lortu dugularik.

Enpresa komiteak akordio ona dela baloratzen du, plantilaren %100ak egindako grebak berebizikoak izan direlarik akordio hori lortzerakoan.

Enpresa komitearen helburua beti birkolokazio gehien lortzea izan da, enplegua mantentzearen alde eginez, izan ere, hasierako 14 birkolokazio izatetik 30era pasatzea lortu dugu.

H&M enpresak Bilboko zentroan denda irekitzeko asmoa izaten jarraitzen duela azaldu digu, honek etorkizunean birkolokazio berriak ekarri ditzakeelarik.
 

 

 

Mobilizazioaren aldeko apustua egiten jarraituko dugu Tubacex-en, zuzendaritzak blokeoari konponbiderik jartzen ez badio

0

Pasa den astelehenean, apirilaren 23an egin genuen STAT, USO eta LABetik, Tubacex-TTI-ACVAren hitzarmen kolektiboaren negoziazioaren testuinguruan deitu genituen 24 ordutako hiru lanuzteetako azkena.

Lehenik eta behin, azken egunotan gertatutakoaren laburpena egin nahiko genuke eta honaino ekarri gaituzten arrazoiak azaldu.

2017 hasieran hasi zen hitzarmen kolektibo berriaren negoziazioa. Fruitu askorik eman zuten bileretan urtebete pasatu ondoren, negoziazioa ixteko presa duen Zuzendaritza batekin hasi genuen 2018a. Zuzendaritzak inposatu egiten ditu bai bileren egutegia baita negoziatu beharreko edukiak.

Honek, garrantzitsuak irizten diegun gai batzuk azaltzeko tarterik gabe uzte gaitu ordezkaritza sindikaleko kideak. Adibidez, dagoen ebentualitate tasa izugarria murriztea, kontrataziorako sistema objektibo bat definitzea, finkoak bihurtzeko irizpideak definitzea (aintzinatasuna, gaitasunak…), malgutasuna murriztea, aparteko orduak galgatzea edo soldata eskala bizkoitzak ezabatzea, bai soldatei dagozkienak eta baita promozioei dagozkienak ere.

Martxoaren erdialdean aurkeztu zuten negoziazioa behin betiko ixten zuen Akordioa, berau langileek bozkatuko zutenaren konpromisoarekin. ELA, CCOO eta Independienteek aipatu akordioa sinatu zuten gehiengo estu batekin. STAT, USO eta LABek ez genuen sinatu eznahikoa zela irizten geniolako. Azken bilera honetan enpresak iragartzen zuen botazioan ezezkoa gailenduz gero, akordioa bertan behera geratuko zela eta negoziazioa zerotik abiatuko zela.

Asanblada orokor baten ondoren, martxoaren 22an egin zen akordioaren inguruko botazioa eta gehiengoak akordioa ez onartzea erabaki zuen. Hurrengo egunean, Tubacex-TTI-ACVAko zuzendaritzak komunikatu bat bidali zien langileei hilabeteko epea euren erabakia berraztertu zezaten. Egun horretan bertan eskatu genuen Zentroen arteko Batzordea deitzea negoziazioa berrartzeko.

Ondoren egin zen aipatu Batzordea eta enpresak argi utzi zuen ez zegoela negoziatzeko prest eta zehaztutako epe bat zegoela berretsi zuen. Gainera, gehiengo sindikalak ez zuen inolako neurririk proposatu egoera desblokeatzeko.

Langileen erabakiarekiko errespetu falta honen aurrean, iniziatiba hartzea erabaki genuen. Mobilizazio batzuk proposatu genuen enpresaren jarreraren aurrean presio neurri moduan eta 24 ordutako lanuzteak deitu genituen apirilaren 13, 20 eta 23rako. Sinatu zuen gehiengoak ez batzea erabaki zuen baina ez zuen inolako alternatibarik aurkeztu. Enpresa langileak eta sindikatu deitzaileak mehatxatu, presionatu eta xantaiatzen hasi zen.

Zuzendaritzaren estrategia langileen artean ziurgabetasuna eta ondoeza eragiten hasten da. Beranduago, are gehiago larriagotzen du egoera Laudio eta Amurrioko lantegietako inbertsioak kentzeko iragarpenak.

Lanuzteen egunetan, enpresak modu sistematikoan bete ditu greban zeuden pertsonen lanpostuak, langileek eskubide funtsezkoak urratuz. Honi batuta, harrituta ikusten dugu nola parte hartzen duten lanpostuen ordezkatze honetan sinatu zuten sindikatu batzutako delegatuek.

Lan Ikuskaritzarekin harremanetan jarri ginen eta 20ko lanuztean zehar Aceralava eta Laudioko TTIko instalazioak ikusi zituen, egin ziren irregulartasunak jasoz.

Greben balorazioa oso positiboa da zenbait arrazoirengatik:
– Langileek aurre egin diote Zuzendaritzari, Tubacexen urtetan inposatu duen negoziazio ereduari aurre eginez. Beldurrean eta xantaian oinarritutako eredua, Aiarako lantegietako inbertsioak baldintzatuz.
– Gehiengo sindikala izan ez arren, produkzio lerro nagusiak errelebo gehienetan gelditzea lortu dugu, enpresa urduri jarriz.

Prozesu honetan zehar ELA, CCOO eta Independienteek erakutsitako jarrera salatu nahi dugu:
– Uko egin diotelako asanblada informatiboak egiteari langileen arteko eztabaida sustatzeko, hauen egitekoa akordioa berreste hutsera mugatuz.
– Mobilizazioetan Zuzendaritzaren alde posizionatu delako.
– Gure aurka egin duelako Zuzendaritzaren aurka egin beharrean, azken hau baita botazioaren emaitza onartu ez duena. Jarrera honekin ulertzen dugu eurek ere ez dutela aipatu emaitza onartzen.
– Langileen kolektiboari alternatibarik ez eskaintzeagatik, erantzukizuna gure bizkar gainean jarriz.

Hala ere, STAT, USO eta LABeko atal sindikalek uste dugu egondako desadostasunak gorabehera, ekintza batasuna bilatzen jarraitu behar dugula gure lan-baldintzak hobetuko dituen hitzarmen bat defendatzeko. Gainera, mobilizazioaren aldeko apustua egiten jarraituko dugu Zuzendaritzak blokeo honi konponbiderik jartzen ez badio.

 

 

 

Araztegiak kudeatzen dituen LABYGEMA enpresako langile bat bere eskubideak aldarrikatzeagatik kaleratu dute

LAB sindikatutik langilea berronartzea eta Foru Aldundiaren inplikazioa exijitzen dugu, hurrengo zerbitzuaren eskaintzan eskubideak urratzen dituzten enpresak baztertuz.

LAB sindikatuak araztegiak kudeatzen dituen Arabako Foru Aldundiko LABYGEMA S.L. azpikontratan langile bat bere eskubideak aldarrikatzeagatik kaleratu dutela salatzen du.

Pasa den apirilaren 18an langileek kaleratzearen jakinarazpena jaso zuten, “errendimendu baxua” eta “enpresarekiko desadostasunak” argudiatuz, hori justifikatzen duen inolako frogarik aipatu gabe. LAB sindikatuak argi eta garbi dauka kaleratze horren atzean langileak bere eskubideak aldarrikatzea dagoela.

Kaleratze hau oso larritzat jotzen dugu, izan ere enpresak jakinarazpen horretan onartzen du ezin dituela argudio horiek demostratu eta onartzen du bidegabeko kaleratzea izan dela.