2026-01-18
Blog Page 830

Siemens Gamesa Agoitzeko enpresa batzordeak salaketa jarri du Lan Ikuskaritzan

0
350 langiletatik 175 langile daude aldi baterako kontratuekin; hau da, langileen erdiak gehiegikeria hau pairatzen du. Hori gutxi balitz bezala, 175 langile horietatik 155 ABLEen (Aldi baterako lan enpresak) bidez kontratatu dituzte.

Hauxe da Siemens Gamesa Agoitzeko enpresa batzordeak igorritako oharra, LAB, CCOO, ELA eta UGT sindikatuok sinatuta:

Siemens Gamesa Agoitz-eko enpresa batzordeak urtarrilaren 18an Lan Ikuskaritza eta Gizarte-Segurantzan jarri dugun salaketaren bitartez, enpresako zuzendaritzak kontratazioen materian egiten duen gehiegikeriei, nahikoa dela esan diogu ozen. Multinazionalak egiten duen aldi baterako gehiegizko kontratazioen kontra egiten dugun lehenengo ekimena da. Arrazoia garbia da, gelditzea nahi dugu.

350 langiletatik 175 langile daude aldi baterako kontratuekin; hau da, langileen erdiak gehiegikeria hau pairatzen du. Hori gutxi balitz bezala, 175 langile horietatik 155 ABLEen (Aldi baterako lan enpresak) bidez kontratatu dituzte.

Lotsagarria iruditzen zaigu, alde batetik Siemens Gamesa Agoitz-ek, beraien esanetan plantan eman den produkzio eta handitu eta finkatzeari erantzuteko unilateralki modifikazioaren bidea hautatuz, ostiral gauetan eta larunbat goizetan lan egiteko lan txanden aldaketa egitea, eta bestetik lana kontsolidatu beharrean behin- behinekotasunaren erabilera interesatu eta iruzurtia egitea.

Enpresa batzordetik, inolako dudarik gabe, aldi baterako kontratuak lege-iruzurrean eginak daudela adierazi diogu Lan Ikuskaritzari, behin-behinekotasuna erabiltzen ari dira enpresaren beharrizan estrukturalei erantzuteko eta ez behin-behineko beharrak asetzeko. Honek guztiak lanaren naturaltasun mugagabea ezkutatzea du xede.

Halaber, ez dugu baztertzen mobilizazioen bidea Lan Ikuskaritzan aurkeztutako salaketa indartu eta langileek eskubideekin jokatzen ahalbidetzen duten praktikekin bukatzeko.
 

 

 

Tubos Reunidos taldeko presidente berriaren izkutukeria kritikatu dugu, enplegua eusteari begira dakarren arriskuarengatik

0
Duela urtebete eskuratu zuen Ulacia jaunak Tubos Reunidos taldearen presidentetza. Hedabideen bidez taldeko langileei helarazi zien mezua ez zen batere lasaigarria izan eta ez zuen ezer onik iragartzen haientzat. “360o-tako balio plan” bat lantzeaz eta taldean ezartzeko beharraz jardun zen. Behin baino gehiagotan eskatu du LABek aipatu plana langileei aurkezteko, baina gaur gaurkoz, oraindik ez du egin. Horrek ez du esan nahi gauzatzen ari ez denik.

Aurtengo ikasturtean, langileen lan baldintzen etengabeko hondatze baten lekukoak izan gara: azpikontratetako langileak kaleratuak izan direlako, lanpostuak amortizatu dituztelako, malgutasuna handitu delako, ezohiko lanaldiak ezarri direlako, mugikortasun funtzionala indarrean egon delako, abenduan lingote-ontziak eta hodiak taldeko enpresetatik atera dituztelako, enpresa-batzordeak honen berririk izan gabe…

Honez gain, Tubos Reunidoseko presidente ohiak, Abasolo jaunak, “siderurgiako euskal talde handia” sortzearen alde zegoela esan zuen hedabideetan.

Behin mugimendu eta aitorpen hauek aztertu ditugula, LABek bere buruari hainbat galdera egiten dizkio: zein da Ulacia jaunaren eta Tuboseko zuzendaritzaren helburua, altzairutegi handia sortzea? Hala bada, zein da taldeko nahiz azpikontratetako egungo langileen enplegu bermea? Zein lan baldintzetan?

Gure ustez, LABek badaki norantz doan Tubos Reunidos eta Hego Euskal Herriko siderometalurgia-sektorea. Behin, Abasolok, Ulaciak eta Confebaskek irrikaz espero duten siderurgia-sektorearen batasuna lortuko balitz, langileriari eragingo litzaizkiokeen ondorioak ez lirateke onuragarriak izango, asegaitzak diren enpresari horiek poltsikotan milioiak eta milioiak gordetzen nahi dutelako, enplegua suntsitzearen eta lan baldintzak kaskartzearen kontura.

Eta jazoera hauek direla-eta, Eusko Jaurlaritzari eta erakundeei galdetu nahi diegu: zer diote? Zein izango da euren jarrera?

LABek erakundeak, eta batik bat, Eusko Jaurlaritza deitzen ditu, taldearen bideragarritasuna bermatu dezaten, lantokiei eta lanpostuei baldintza duinetan eutsiz. LABek konpromiso argia eta irmoa adierazten du langile guztien etorkizunaren alde borrokatzeko.
 

 

 

Bilboko portuan izandako lan heriotza salatu dute

Asteazkenean, langile bat hil zen lan-istripuz Bilboko portuan. Hala, Noatumeko langileek eta zamaketariek mobilizaziora deitu dute gaurko, lan heriotza salatzeko eta euren lankidea gogoan izateko. Noatum enpresako aparkalekuan bildu dira, portu barruan, eta elkarretaratze bat egin dute bertan.

Bilbon gertatutako lan heriotzaren ostean, 2018a hasi zenetik hiru dira gutxienez euren lanpostuetan edo hauen ondorioz hildako langileak; bat Bizkaian, eta bi Gipuzkoan.
 

 

 

Lan eskubideen defentsan irten dira kalera Bizkaiko Aspaceko langileak

Zuzendaritzari eskatu diote langileekiko "benetako apustu bat" egitea. Hori gertatu ezean, mobilizazio gehiago deitzea ez dutela baztertzen ohartarazi dute. Gaurko bi elkarretaratze aurreikusi dituzte Bilbon; horietako bat goizean egin dute, Julio Urquijo kaleko Aspaceko egoitza nagusiaren aurrean.

Bizkaiko Aspaceko enpresa komitea hitzarmena negoziatzen ari da, eta urtarrilaren 22an elkartuko da zuzendaritzarekin. "Espero dezagun erakundearen aldetik jarrera aldaketa egotea eta bere azken proposamena hobetzea", adierazi dute enpresa batzordeko ordezkariek, komunikabideetara igorritako oharrean.
 

 

 

Nafarroako Hezkuntza Departamentuak ez du bere hitza bete itunaren negoziazioan

0

LAB Irakaskuntzako ordezkariak Hezkuntza Departamentuaren aurrean kontzentratu dira gaur Iruñean, arlo horretako itunaren negoziazioan prozesua etengabe atzeratzen ari dela salatzeko.

Urtebete daramagu María Solanak burutzen duen erakundearekin negoziazioan jardun eta gero, eta LABek negoziazio bidearen aldeko apustu garbia egin duen arren, Hezkuntza Departamentuak ez du bere hitza bete, joan den asterako behin betiko proposamena egin beharra baitzuen eta oraindik ez dugu horren berririk. Antzeko egoeran behin baino gehiagotan izan garenez, LABek jadanik hainbat oharpen bota dio Administrazioari, batez ere azken egunotan, baina ez dugu erantzunik jaso. Hori guztia gutxi balitz, Hezkuntza Departamentuak bertan behera utzi ditu gai hau eztabaidatzeko hilaren 19an eta 26an genituen bilerak. “Agenda arazoak” omen dituzte, baina horrekin argi utzi dute gai honi ematen dioten garrantzia. Administrazioa LABen jarrera eraikitzaile eta negoziatzaileaz aprobetxatu egin da eta ez dugu aurrerantzean horrelakorik onartuko.

Sindikatu honen aburuz, premiazkoa da aipatu itun hori sinatzea, aurki aurre-matrikulazio kanpaina izango baita eta lortutakoaren arabera erabat baldintzatu baitaiteke datorren urtera begirako antolaketa. Beraz, epeei dagokionez, marra gorri guztiak gainditu dira.

LABen aburuz, itun berri horren bidez murrizketen aurreko egoerara itzultzea lortu beharko litzateke. Horretarako konpromiso zehatzak hartzea aldarrikatzen dugu, neurri horiek modu gradualean abian jarri behar badira ere.
 

 

 

Donostiako autobus geltokiko BM supermerkatu berriaren aurrean egin dugu protesta, “Jaietan denok jai” aldarriarekin

Donostiako autobus geltokian ireki berri den BM supermerkatu berriak igande eta jai egunetan bere ateak irekitzeko asmoa du. LAB eta ELA sindikatuok jai egunetako irekiera hau onartezina dela uste dugu eta honen aurrean mobilizatzera joko dugu. Gaur, irekiera eguna bertan izan gara eta ez dugu deskartatzen igandean ere bertan izatea.

Igande eta jai egunetan irekitzeak ondorio ezin txarragoak dakartza, lan ikuspegitik ez ezik, baita ikuspegi sozialetik ere:

– Alfonbra gorria jartzen dio denda kate eta saltoki handiei jai egun eta igandetan ireki dezaten.

– Ez du lanposturik sortzen

– Langileen lan eta bizitza pertsonalaren kontziliaketarako eskubidea urratzen du.

– Ez dago beharrik eta kontsumitzaileek ez dute eskatu

Horregatik guztiagatik, BM supermerkatuko zuzendaritzari eta eskatzen diogu bere erabakia aztertzea eta izan ditzakeen ondorioak pentsatzea. Bestalde, kontsumitzaileei eskatzen diegu BM supermerkatuko langileekiko elkartasunez, egitekotan, erosketak astean zehar egitea.
 

 

 

Kalera irten dira berriro Alfako langileak

0

Hurrengo egunetan administradore konkurtsalek garatzen ari diren likidazio plana langileen eskuetan izango da. Hori gertatu ostean, enpresa komiteak planaren azterketa bat egin eta balorazio bat helaraziko du. Bitartean, mobilizazioekin jarraitzen dute; gaur, Eibarko Urkizun, egindako elkarretaratzea adibide. Beste protesta hauek dituzte aurreikusita egunotarako: urtarrilak 19, 13:00etan, elkarretaratzea Donostian, Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean; eta urtarrilak 22, 20:00etan, elkarretaratze bat Eibarko Ipurua futbol zelaiaren kanpoaldean.

Hauxe da Alfako enpresa batzordeak kaleratutako oharra:

2017ko abenduaren 27an epaileak Alfa Precision Castingen (APC) likidazioa onartu ondoren, Greba Batzordeak bilerak izan ditu Eusko Jaurlaritzarko Industria Sailarekin eta administradore konkurtsalarekin.

Eusko Jaurlaritzarekin izan genuen bilerari dagokionez, Industria saileko zuzendariak argi utzi zuen inbertsore batzuk benetako interesa erreala dagoela APCren inguruan. Gure aldetik, aurreko eskaerak berretsi genituen, lanpostuen eta etorkizuneko proiektu industrial baten aldeko apustua egin dezaten.

Azken hilabeteotan EAEko hainbat enpresa likidazio prozesu batera iritsi dira, ehundaka lanpostu suntsituz. Eusko Jaurlaritzak eta Instituzio Publikoek paper aktiboagoa izan behar dute hemengo industriaren defentsan. Horregatik eskatzen diogu bitartekaritza lan serio eta garden bat egitea enpresa honen etorkizuna bermatzeko.

Administradore konkurtsalari dagokionez, gure eskaerak mantentzen ditugu:

• Enpresa lote bakar batean saltzea.
• Lan postuen subrogazioa.
• Kaleratze traumatikorik ez egotea.
• Jarraitu nahi ez duten langileen indemnizazioa hobetzea.
• Prozesu guzti hau irizpide garden eta objetiboak jarraituz egitea.

Gogorarazten dugu egoera honen errudun bakarrak hiru pertsona direla: Jon Ander Buenetxea, Iñaki Uzkudun eta Jorge Agirrebeña. Hartzekodunen hitzarmen bat indarrean zegoen bitartean, zorrak ordaindu beharrean, 2.289.092 euro banatu zituzten hiruren artean. Diru hau Industrias GOLen salmentaren ondorioz “prima” moduan banatu zuten. Gainontzeko diruarekin ez dakigu zer egin zuten, baina SPRIk argitaratutako informazioaren arabera, 22 miloi eurotan saldu zen Industrias GOL.

Abenduaren 11tik langileak greba mugagabean aurkitzen dira, jarraipena oso ona izaten ari da eta langileek borrokan jarraitzeko asmoa daukate.
 

 

 

Mobilizaziora deitzen dugu Bilboko portuko istripuan hildako langilearen heriotzaren aurrean

LABek babesa ematen dio Noatumeko langileek eta zamaketariek deitutako mobilizazioari eta bertan parte hartzeko deia egiten du. Bihar osteguna izango da, urtarrilaren 18an, 13:45etik 14:00etara Noatum enpresako aparkalekuan, portu barruan.

Gaur goizeko 9ak inguruan langile bat hil da lan-istripuz Bilboko portuan. LABetik gure babes eta elkartasunik zintzoena erakutsi nahi diegu bere senideei, auzokideei eta hildakoaren gertukoei, eta baita ere langileei orokorrean.

2018a hasi zenetik 3 dira gutxienez euren lanpostuetan edo hauen ondorioz hildako langileak, 1 Bizkaian eta 2 Gipuzkoan.
Hildakoa Erandion kokatutako GERPE S.A.ko enpresako langilea zen eta garabien mantenu lanak egiten ari zen portuan, azpikontratatuta, NOATUM enpresarentzat.

Beste behin, azpikontrata bateko langile baten heriotzaren aurrean gaude. Langile hauek lan-baldintza prekarioagoetan egiten dute lan eta ondorioz, zaurgarritasun handiagoarekin eta euren oinarrizko eskubideak galduta.

Kaitik gertu zegoen garabi baten mantenu lanak egiten ari zirenean, langilea fenwick batean zegoen, garabiaren kableak eusten zituena. Ezagutzen ez diren arrazoiak medio, makina itsasora erori da langilea barruan zegoela eta hau hil egin da.

Langile honekin 3 dira honezkero 2015etik hona Santurtzin kokatuta dagoen Bilboko Portuaren instalazioetan hildako langileak. Honek argi uzten ditu zeintzuk diren langileak babesteko portuan hartzen diren segurtasun neurriak.

LABetik arreta jarri nahi dugu lan-istripuen atzean dagoen lan arriskuen prebentzio falta, are larriagoa istripuz 3 langile hil diren instalazio batzuetan. Bilboko Portuko agintaritza da portuko segurtasunaren azken erantzulea eta Asier Atutxa da bertako presidentea, Eusko Alderdi Jeltzaleko kargu politikoa.
 

 

 

#ArgentinaNoCaminaSola #ArgentinaEzDagoBakarrik

0

Irlandako No time for love abesti ezagunak erraten zuen bezala ez dira garai gozoak pairatzen ari Argentinan momentu honetan. Macri eskuindarra gobernura iritsi zenetik, herrialdea gatazka etengabe batean murgilduta dago, eta politika neoliberalen inposaketa, errepresioa eta eskubide sozial eta laboralen urraketak eguneroko ogia dira.


Argentinak gure elkartasuna behar du eta ezin dugu bakarrik utzi. Historikoki kanpotik bertara joandako guztiei elkartasun osoz bere ateak ireki zizkion herrialde honek elkartasun hori bueltan jasotzeko beharra dauka eta horregatik ezin gara besoak gurutzatuta gelditu gertatzen ari den guztia ikusita. 

Bertatik jasotzen ditugun berri eta argazkiak ikaragarriak dira. Ez dago asterik Macriren gobernuak herri sektore eta langile klasearen eskubide sozial eta laboralen kontrako neurririk hartzen ez duenik eta hori gutti ez balitz diktadura garaiko genozidei baimenak ematen dizkie kartzelatik atera daitezen. Macrik parlamentuan jasotzen dituen babesekin lortzen duen gehiengoa erabiltzen du neurri guzti hauek aintzinera ateratzeko, baino ez du inolako zalantzarik egiten neurri guzti hauek onartuak direla bermatzeko Argentinako herriaren kontrako errepresio gordinena erabili behar badu.

Solasten ari garen guzti honen adibideak gehiegi dira hain denbora guttirako. Alde batetik Patagonian Maputxe herriaren eta orokorrean jatorrizko herrien existentziarako eskubidearen kontrako errepresioa dago. Azken hilabeteetan errepresio honen ondorioz Santiago Maldonado eta Rafael Nahuel erailak izan dira. Bertze alde batetik Macriren gobernuak martxan jarritako erreforma ekonomiko eta sozial guztiak daude MMEren gailurrean manifestarien kontrako errepresio bortitzarekin batera, sektore publikoaren pribatizazioa, Etchekolatz bezalako genozidei emandako baimenak, sindikalisten atxiloketak eta auziperatzeak eta abar luze bat solasten ari garenaren adibide dira. Neoliberalismo basatienaren errezeta zaharrak dira. 

Horregatik guztiagatik Argentinako herriari eta langile klaseari gure elkartasuna luzatzen diogu, eta herrialde horretan gertatzen ari denaren kontrako salaketa oihua egiten dugu. Argentinan gertatzen ari dena txoko guztietan entzun dadila eta borrokan dagoen Argentinako herriak bakarrik ez dagoela ikus dezan nahi dugu. Egia da ez dela maitasunerako garaia Argentinan, baino egia da aldi berean borrokarekin errealitateak aldatu daitezkeela. Hasi gaitezen bada Kataluniako L’Estaca abestiak erraten zuen bezala indarrez tiraka denon artean bota dezagun.