2026-11-05
HomeEuskal GatazkaGatazka politiko eta armatuaren ondorioak gainditzea falta da orain; horretarako ere jendarte...

Gatazka politiko eta armatuaren ondorioak gainditzea falta da orain; horretarako ere jendarte zibilaren inplikazioa beharrezkoa da


ETAren ibilbidearen behin betiko amaieraren iragarpenak ziklo historiko oso baten itxiera dakar. Ziklo berri bati begira herri eta herritar gisa dagozkigun eskubide guztiak bermatuko ditun jendartea eraikitzeko momentua da orain.

ETA erakundeak bere ibilbidearen amaiera iragarri du. Iragarpen honek ziklo historiko oso baten amaieran kokatzen du Euskal Herria. Iragarpen honekin, halaber, erakundeak amaitutzat ematen du 2010az geroztik garatzen ari zen prozesua. Egitura guztiak desegin eta ekinbide politikoa bukatutzat eman du.

Pausoz pauso, egindako iragarpenak betetzen ari da ETA, atzera bueltarik ez duten urrats hauekin. Frankismo garaian sortu zen ETA, Euskal Herriak bizi zuen gatazka politikoari irtenbide demokratikoa eskaini asmoz. Beraz gatazka politikoa ETAren sorreraren aurrekoa da, bere desagerpenarekin ere mantentzen dena. Demokrazian bide baketsuetatik proiektu politiko guztiak bideragarriak direla entzun izan dugu behin eta berriz, baina parean dugun estatuak, bere jarrerarekin, hori ukatzen jarraitzen du. 60 urte iraun dituen ziklo historiko oso baten itxieraren aurrean gaude eta horrek berak beste ziklo berri bat irekitzeko baldintzak sortzen ditu. Ziklo amaiera honetan erabakigarriak izan diren bi ezaugarri azpimarratu nahi ditugu, aldebakartasuna (oztoporik falta izan ez badu ere, erakundeak bere bide orria urratsez urrats bete du, berme guztiekin) eta gizarte zibilaren inplikazioa. Erabakigarriak izan dira ezaugarri biak.

Euskal Herrian urteetan bizi izan dugun gatazka politiko eta armatuaren ondorioak gainditzea falta da orain eta horretarako ere gizarte zibilaren inplikazioa beharrezkoa izango da. Ez hori bakarrik, eragileon konpromiso eta inplikazioa azalarazteko momentua da orain.

Inplikazioa eta konpromisoa beharrezkoak dira gaur gaurkoz geratzen den giza eskubideen urraketa nagusiarekin amaitzeko, euskal preso, deportatu eta iheslarien egoerari dagokiona, alegia. Dispertsioarekin eta salbuespenezko neurriekin amaitu beharra dago berehala; eta preso, deportatu eta iheslari guztiak etxeratzeko bide orria adostu eta martxan jarri behar da.

Herri honetan gatazka politiko eta armatua egon da eta askotariko biktimak eragin ditu, mina eta sufrimendu mota ugari eragin du. ETAk aitortu du egindako kaltea, “zinez sentitzen dut” bat zuzendu die biktima guzti-guztiei eta barkamena eskatu die gatazkan parte hartze zuzenik izan ez duten biktimei. Ezin dugu berdina esan mina eta sufrimendua eragin duten beste eragileei dagokionean. Onuragarria litzateke, denontzat, nork bere gogoeta zintzoa egin eta plazaratuko balu.

Edozein kasutan ere, biktimei egin ahal diegun ekarpenik onena da pausoak ematen jarraitzea, arduraz, bake eta justiziazko eskenatoki bat sortzeko. LAB sindikatuak bide horretan ekarpena egiteko bere konpromisoa adierazten du.

Minik, sufrimendurik eta presorik gabeko garai berri bat irekitzeko momentua da. Herri eta herritar gisa dagozkigun eskubide guztiak bermatuko dituen jendartea eraikitzeko momentua da. Helburu horren alde borrokan jarraituko du LAB sindikatuak.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek ontzat jo du CAFek amiantoaren eraginpean langileak jartzeagatik egindako arau-hauste oso larria berresten duen ebazpena, eta enpresari erantzukizunak eskatu dizkio

Sindikatuak azpimarratu du gertakariak salatzeko eta langileen osasuna defendatzeko egindako lana, eta CAFri exijitu dio kaltetutako langileekin dituen erantzukizun guztiak bere gain har ditzala.

Bost langile hil dira lan istripuz azken 24 ordutan Euskal Herrian

Atzo, azaroak 3, bi heriotza gertatu ziren, Larrabetzun bata eta Laudion bestea, lehen ikerketen arabera biak istripu ez traumatikoak. Gaur, berriz, Nafarroa hegoaldean, Pitillasen, hiru langile hil dira gaur purina-gune itxi batean itota. Hala, 67 dira dagoeneko 2026an istripuz hildako langileak.

Calzadako maizterrek Farley funts putrearekin negoziazio kolektiboa abiatu nahi dute, eta Balmasedako Udalaren babesa eskatzen dute

Gaur, Farley funts putreari aurre egiten ari diren La Calzadako maizterrek hitza hartu dute Balmasedako udalbatzaren osoko bilkuran. Bi eskaera argi helarazi dituzte: Balmaseda behingoz tentsio handiko eremu gisa izendatzea, eta Farleyk negoziazio kolektiboa onar dezan eta alokairu-kontratu guztiak berritu ditzan lortzeko babesa ematea.