2025-12-23
Blog Page 83

Ekialdebuseko langileek greba egingo dute, lan baldintza duinen eta kalitatezko garraio publikoaren alde

Oarsobidasoa eskualdea Donostiarekin lotzen duen Ekialdebus autobus zerbitzuko langileek grebara deitu dute abenduaren 21ean, 24an eta 31n. Izan ere, autobus-erabiltzaileen kopurua azken 10 urteetan %50 handitu den arren, ez da handitu autobusen kopurua; are okerrago, murriztu egin da. Langileek duten lan-karga handiagak kaltetu egin du, gainera, zerbitzua. Horregatik, langileek grebara joko dute, eta zuzendaritzari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari arduraz jokatzeko eskatuko diete.

Jarraian, greba komitearen oharra:

Ekialdebuseko langileok uste dugu ez dela zerbitzu ona ematen ari, izan ere, nahiz eta autobus-erabiltzaileen kopurua %50 handitu den, 2011ko urteko 4 milioitik 2024ko 10 milioira pasatuz (zifra errekorra) ez da autobusen kopurua handitu eskaera altu horri aurre egiteko, are okerrago, murriztu egin dira.

Langileek lan-karga handia dugu ezarritako ordutegiak ezin ditugulako bete eta atzerapenekin lan egiteak estres handia sortzen digu. Ekialdebuseko langileoi egoera honek osasunean arazoak sortzen hasiak zaizkigu degoeneko, 10 urte daramatzagu autobus kopuru eta ordutegi bera izaten ibilbideetan, nahiz eta abiadura muga murriztu egin den ibilbidearen zati handi batean; hori gutxi ez eta zifra errekorretan gaudela bidaiarietan. 10 urte baino gehiago daramatzagu autobus kopuru bera eta ordutegi bera izaten, nahiz eta murriztu egin den abiadura muga gure ibilbidearen zati handi batean. Duela hilabete batzuetatik hona, askotan utzi behar izan ditugu bidaiariak geltokietan, edukiera osoa beteta dagoelako eta linea gehienak 10 eta 15 minutu arteko atzerapenekin egiten dituztelako irteerak, eta hori ohikoa izaten hasi da, merezi ez ditugun liskarretara eramanez erabiltzaileekin eta honek ere atsedena ez egitera garamatza.

Horregatik guztiagatik grebara joan beharra dugu. Barkatu eragozpenak, egoera honengatik kaltetuak
izango diren erabiltzaileei. Ekialdebuseko zuzendaritzari eta Aldundiari arduraz joka dezaten eskatzen diegu.

Greba-egunak honako hauek izango dira:

-2024ko abenduaren 21a, larunbata, 05:00etatik abenduaren 22ko 06:30etara.

-2024ko abenduaren 24a, asteartea, 15:00etatik abenduaren 25eko 15:00etara.

-2024ko abenduaren 31, asteartea, 15:00etatik 2025eko urtarrilaren 1eko 15:00etara.

Grebara joko dugu EAEko hezkuntza publikoan, lan baldintzak hemen eta orain erabaki ditzagun

LAB, Steilas, ELA eta CCOO sindikatuok grebara deitu ditugu hezkuntza publikoko langileak. EAEn Hezkuntza Sail berria dugun arren, azken urteetako jokamolde bera mantentzen du: hezkuntzako langileen lan baldintzak okertzen ari dira, Hezkuntza Sailak erabakiak alde bakarrez hartzen jarraitzen du eta negoziazioak eduki esanguratsurik gabe luzatzen ditu. Horren aurrean, grebara jo beste aukerarik ez zaigu geratu.

Jarraian, LAB, Steilas, ELA eta CCOO sindikatuon adierazpena:

Gaur, hemen gauden sindikatuok bat egin dugu hezkuntza publikoko langileen lan-baldintzak hobetzeko, babestu behar dugun hezkuntza publikoaren aldeko apustua egiteko eta, hainbatetan Eusko Jaurlaritzari eskatu diogun bezala, eskola publikoa erdigunean jarri dezan.

Duela hilabete gutxi batzuetatik hona EAEn Hezkuntza Sail berria dugun arren, azken urteetako jokamolde berbera dugu mahai gainean: hezkuntzako langileon lan-baldintzak okertzen ari dira, Hezkuntza Sailak erabakiak alde bakarrez hartzen dituelako eta negoziazioak eduki esanguratsu gabe etengabe luzatzen dituztelako. Hori horrela, mobilizazioak eta grebak deitzea da utzi diguten aukera bakarra.

Gaur aurkezten dugun mobilizazio diseinuak barne hartzen ditu hezkuntza publikoko irakasle, Haurreskola Partzuergoko langile eta Hezkuntza Saileko sukaldari eta garbitzaileen kolektiboak. Kolektibo horietan guztietan iraungita dauden lan hitzarmenak hemen eta orain negoziatzeko garaia da.

Irakasleen hitzarmena 2010etik berritu gabe dago, sukalde eta garbiketako langileena zein Haurreskolak Partzuergokoena, berriz, 2009tik. Hamabost urte dira. Eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sail honek ere aurrerapausorik ez du ematen hitzarmenak berritzeko beharrezko edukiak proposatzerakoan.

Hezkuntza publikora bideratutako diru inbertsioa handitzeko momentua da, eta langileon eskubideen urraketa geldiarazteko unea.

Sektore bakoitzerako baditugu aldarrikapen zehatzak eta propioak baina badira guztientzat komunak diren zazpi aldarrikapen nagusi: geroz eta handiagoak diren lan-zamak arintzeko neurri zehatzak adostea; erretiroa aurreratzeko plantillen gazteberritze plana garatzea; galdutako erosahalmena berreskuratzea; enplegu publikoa egonkortzea; eta, jaiotza tasaren gorabeherak aprobetxatuz, alde bakarrez erabakitzen ari diren ikastetxe publikoen fusio eta itxieren aurrean enplegua bermatzea eta lanpostuak egonkortzea.

Horiez gain, eskatzen dugu hezkuntza publikoko sistema osoa euskaldunduko duen hezkuntza politikak abiaraztea, langileon lan-osasuna zainduko eta bermatuko dituzten azterketa eta neurri zuzentzaile adostuak ezartzea eta kalitatezko berdintasun eta hezkidetza plan egonkorrak garatu ahal izateko baliabideak jartzea.

Horregatik guztiagatik, dokumentua sinatzen dugun sindikatuok honako egunetan langileak deitzen ditugu grebara:

– Hezkuntza publiko ez unibertsitarioko irakasleak: urtarrilak 22an eta 23an, eta otsailaren 26an eta 27an.

– Haurreskola Partzuergoko langileak: urtarrilaren 28an eta 29an, eta otsailaren 12an eta 13an.

– Sukaldariak eta garbitzaileak: urtarrilaren 30ean eta 31n, eta otsailaren 19an eta 20an.

Esan moduan, azaldutako aldarrikapenak lortzeko negoziazio erreala gauzatzea dugu helburu. Eta argi dugu langileon mobilizazioarekin batera gure lan baldintzak hobetzea lortuko dugula. Bete ditzagun kaleak gure aldarrikapenekin.

Balenciagako langileek lan mahaia eratzea lortu dute, baina Espainiako Gobernuak ardurarik hartu gabe jarraitzen du

Zumaiako Balenciaga ontziolako langileek asteak daramatzate mobilizatzen, ontziolaren eta euren lanpostuen defentsan. Instituzioei lan mahai bat eratzeko eskaera egin zieten, ontziolaren bideragarritasuna bermatzeko, eta Hego Euskal Herriko instituzioek horren aldeko urratsa ematea lortu dute langileek. Espainiako Gobernuak, aldiz, bere posiziotik mugitu gabe eta dagokion erantzukizuna hartu gabe jarraitzen du.

Hemen, gaur Balenciagako langileek prentsa aurrean irakurri duten adierazpena:

Astilleros Balenciagak, duela hiru aste, mobilizazioak hasi genitueneko egoera berean jarraitzen du. Langileok ERTEan jarraitzen
dugu eta ez dugu nomina gehiagorik kobratu. Ez dago akordiorik COFIDESekin eta ez da bazkide industrialik sartu. Hartzekodunen
konkurtsoaren prozesua martxan dago, eta ez gara hasi kontratatuta dauden bi ontziak eraikitzen.

Horren aurrean, duela astebete, Balenciaga ontziolako langileok honak proposamena luzatu genuen: instituzio publikoek eta enpresako
zuzendaritzak langileen ordezkariekin lanerako komisio bat sortzea, horrela Balenciaga irekita mantentzeko bide bateratua egiteko helburuarekin. Alde bakoitzari ordezkari kualifikatu bana jartzea eskatzen genien, horrela, ontziola martxan jarri eta balizko erosleren bati solaskide bakarra ezartzeko helburuarekin.

Eskaera hori honako hauei egin zitzaien:
1. Espainiako Gobernuari: Ekonomia Ministerioaren, COFIDESen, edo gobernu ordezkaritzaren bitartez.
2. Eusko Jaurlaritzako Industria Sailari.
3. Gipuzkoako Foru Aldundiari.
4. Zumaiako Udalari.
5. Enpresaren zuzendaritzari.

Momentu honetan, Eusko Jaurlaritza, Foru Aldundia, Zumaiako Udala, Balenciagako zuzendaritza eta gu geu mahai horretan egongo garela
baieztatu dezakegu. Eman duten pausoa ikusita, eskerrak eman nahi dizkiegu publikoki erakunde horiei. Hitzetatik ekintzetara pasatzeko
aurrenengo urratsa eman dutela baloratzen dugu.

Era berean, Espainiako Gobernuarekiko gure haserrea adierazi nahi dugu. Ekonomia Ministerioak, COFIDESek eta Espainiako Gobernu Ordezkaritzak ez diote gure eskaerari erantzun. Balenciaga eta gure lanpostuak salbatzeko funtsezko parte direla kontuan hartuta, tamalgarria dela azpimarratu beharra daukagu. Beraien erabakia birpentsatu eta eratuko den mahaian parte hartzeko deia egin nahi diegu. Oraindik garaiz dabiltza. PSOEren eskuetan dago Ekonomia Ministerioa; eta guk deitutako mahaian parte hartuko duten Eusko Jaurlaritzako eta Gipuzkoako Foru Aldundietako gobernuetan ere badago.

Mahai honetan parte har dezan exijitzeko Donostian dagoen gobernuaren ordezkariordetza aurrean elkarretaratzea egingo dugu abenduaren 18an, asteazkenean, 10:00etan.

Aurreko guztia esanda, honakoa ere adierazi nahi dugu. Alderdi politikoekin bilera-sorta egiten hasiko gara datorren astean, enpresaren
jarraikortasuna bermatzeko beraien babesa eskatzeko. Horretarako, manifestu bat prestatu dugu komiteko kideok. Aurrerago adieraziko dugu nork eman digun babesa eta nork ez.

Azkenik, jakinarazi behar dugu Eusko Legebiltzarreko Industria Batzordearen bilera batean parte hartzeko eskatuko dugula. Oraindik ez
dugu datarik. Ordurako alderdi politiko guztien babesa izatea espero dugu.

Astilleros Balenciagako langileok gure etorkizunaren alde borrokan jarraituko dugu. Enpresa bideragarria da. Eskualdearentzat eta
herrialdearentzat aberastasuna sortzen jarraitzeko instalazioak, teknologia eta eskulan egokiak ditu. Gure etorkizunaren alde, gure lan-postuen eta atzetik datozenen lan-postuen alde, instituzioekin egingo ditugun bileretan borroka egingo dugu; alderdiekin egiten dugun bileretan borroka egingo dugu; eta nola ez; kalean borrokan jarraituko dugu. Argi daukagu eta ozen
esango dugu:

Balenciaga ez itxi!

Helegitea aurkeztuko diogu Osakidetzako filtrazioengatik ateratako autoari eta salatzaileen zintzotasuna balioesten du

Lehenik eta behin, LABek aitortza egin nahi die Osakidetzan filtrazioak modu batera edo bestera salatu dituzten eta sistema maltzur horren aurrean agertu diren pertsona guztiei, bereziki prozesu judizial honetan aurpegia eman dutenei. Jakin badakigu zein presio jasan dituzten, eta beren zintzotasuna aitortu nahi diegu.

Horiek dira behar dugun profesionalaren eredua ordezkatzen dutenak, gure osasun-sistemaren izaera publikoa errespetatzen dutenak, biztanleria osoaren espazio partekatua eta guztien eskubidea den aldetik, edozein direla ere haien babesleak, eskala soziala eta abar. Etsigarria da salatzaileek jasan behar izan duten erabateko babes falta bizitzea, are gehiago atzo ezagututako autoak ematen duen zigorgabetasuna ikusita.

Auto horretan, prozedura oso konplexuaz arduratzen den laugarren magistratuak ikertutako pertsona guztiak kargugabetzea erabaki du. Hala ere, behin baino gehiagotan errepikatu dugunez, LABen helburu nagusia lortu dugu, filtrazioak desnormalizatu ditugu eta sistema klientelar horrek kolapsatzea lortu dugu. EPEaren eredua negoziazio mahaian dago eta gaur egun EPEak gardenagoak eta berme gehiagokoak dira. Hala ere, LABek ez dio uko egingo langile guztiek ezagutzen zituzten filtrazio horiek daudela egiaztatzeari, eta adi jarraituko du, auto horrek ezartzen duen zigorgabetasunaren ondorioz, LABentzat onartezinak diren praktikak ager baitaitezke berriro.

LABek azterketak aurkezteko egindako eskaerei behin eta berriz ezezkoa ematea erabakigarria izan da. Komunikazioen esku-hartzea bezalako neurrien faltak ebidentzia gehiago pilatzea eragotzi du, baina nabarmendu behar dugu hainbat kategoriatako filtrazio-ebidentziak ugariak bezain erabakigarriak direla, eta, beraz, harritu egiten gaitu horrelako epai batek.

Anestesian aztertu ahal izan ditugun azterketa apurrek adierazten zuten bat-etortzeak zeudela nota bikainak zituzten pertsonen artean, baita akatsetan ere. Traumatologian, “azterketako markaren” teknika erabili zen, hots, letra larriz idatzitako eta azpimarratutako gako-hitzak erabiltzea anonimotasuna hausten laguntzeko. Hori dela eta, zuzentzeaz arduratzen ziren pertsonek berehala identifikatzen zuten nork jaso behar zuen puntuazio altua. 70 puntu baino gehiagoko traumatologiako oposiziogileen %95ak teknika hori erabili zuen. Gainera, kategoria horretan bertan, epaimahaikideak azterketa baino egun batzuk lehenago batzartu ziren Astoria hotelean, eta barne-ikerketari ezkutatu zitzaion bilera. Hala ere, magistratuak esan du ezin izan duela egiaztatu teknika horren erabilera anonimotasuna haustera bideratuta zegoenik.

Epaimahaietako kideen aldez aurretiko filtrazio-ohartarazpenak daude, hala nola Kardiologian, eta 22 plaza jokoan zeudenean gehienez 22 gehienezko nota eman zituzten.

Angiologiako epaimahaiko kideek zuzenean salatu dituzte pertsona jakin batzuk. Ondoren, argitu zen aipatutako pertsona zela azterketa egiteko arduraduna eta bera eskuetan zuen bakarra. Gainera, azterketa prestatu zutenaren kideek atera zituzten notarik altuenak.

Egiaztatuta dago Osakidetzako eta HAEEko goi-kargudunen parte-hartze Kirurgia Plastikoan egindako filtrazioa ezkutatzeko. Gai horri buruz, María Jesús Mugicak, Osakidetzako zuzendari nagusi ohiak, ez zuen ezer esan epaitegian egindako deklarazioan, jakitun izan arren.

Hainbat kategoriatan, anonimotasuna hausteaz gain, azterketak egin ziren egun berean epaimahaikideen aurrean aurkezpenak egin ziren, hala nola Urologian, eskuliburu operatiboak erabat debekatzen duen zerbait.

Anestesian, ezagunak dira Debagoieneko anestesisten salaketak eta notario-aktak, sistema horren bidez saritutako pertsonen ordena ere aurreikusi baitzuten.

Kategoriaz kategoria jarrai genezake, filtrazio-zantzu eta -ebidentzia ugariak eta salatutako kategoria guztietan dauden gaiak azalduz, hala nola “nota bikainak = eskainitako plaza-kopuru” korrelazioa.

Justizia, gaur egun, zigorgabetasun-kutsu oso arriskutsua ematen ari zaie praktika horiei; izan ere, EAJk bere buruari eskatzen dio zuzenean inplikatuta dauden pertsonen, egoeraren berri zutenen eta iraganean praktika horien onura jaso dutenen izen ona garbitzeko. LAB ez da izango hori egingo duena. Ez dakigu zer egingo duen Fiskaltzak; izan ere, hark jarri zuen salaketa epaitegian, zeuden zantzu ugarien aurrean, baina gero prozesua norabidez aldatzea erabaki zuen, sindikatu horren eskaeren aurka eginez eta oztopatuz. Errealitate larri bat salatu dugu, eta, horretarako, langile batzuekin lan egin dugu, ondo baino hobeto baitakite LABen salaketak normalizatuta eta naturalizatuta zeuden jarduera batzuei egin behar izan diela aurre, eta badirudi magistratuak ez duela hori onartu nahi.

Bidegabea iruditzen zaion ebazpen baten aurrean, LABek ez du amore emango eta, horregatik, apelazio-errekurtsoa aurkeztuko du. Atzo ezagutu genuen autoak ez du zalantzan jartzen LABek egindako salaketaren egiazkotasuna. Langileek badakite nola egiten ziren medikuen lan-eskaintza publikoak, eta gizarte osoak egiaztatu ahal izan zituen erabilitako filtrazio-praktikak. Horregatik, uste dugu auto horrek zalantzan jartzen duela justiziaren funtzionamendua bera, baita gai horren muinera iritsi nahi izatea ere. Arabako Probintzia Auzitegiak hori zuzendu behar du.

Arabako adineko egoitzetako LABeko ordezkariek benetako konpromisoak hartzea exijitu diote Gorka Urtarani

Arabako adineko egoitza pribatuetako eta etxebizitza komunitarioetako hitzarmen probintzialaren negoziaketa hasi ginenetik, LABek behin eta berriro exijitu dio Aldundiari gatazka honetan daukan erantzukizuna onartzeko. Sektore honetan urte luzez eman duen etengabeko borrokari esker, hilabete honetan Aldunditik bilera egiteko gonbidapena jaso zuen sindikatuak.

LABek asteazkenean egin zuen bilera Gorka Urtaran Politika Sozialen diputatuarekin, eta berriro ere exijitu zion Aldundiak gatazka honetan esku-hartzea, dagozkien benetako konpromisoak har ditzan eta beharrezkoak diren bitarteko ekonomikoak bideratu ditzan hitzarmen probintzialaren blokeoarekin amaitzeko.

Bileran, LABek argi eta garbi planteatu zuela Aldundiak ezin duela diru publikoa enpresa pribatuen esku uzten jarraitu.

Pertsonak zaintzea gizarte osoaren beharra denez, eta, gizarte-zerbitzu eta herritar guztien eskubide, zerbitzu publikoa izan beharko luke beti. Eta ez da nahikoa erabiltzaileentzako plaza publikoak izatea; halaber, ezinbestekoa da arreta ematen duten langileak publikoak izatea eta bitartean, gutxienez, sistema publikoko profesionalen lan-baldintza berberak izatea.

1.500 ordezkari inguru mobilizatu ditugu Bilbon, zaintza, enplegua eta aberastasuna banatzeko neurriak exijitzeko

Gutxieneko soldata “hemen eta orain” ezartzeko deia egin du Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorrak, horretarako “baldintza berriak” sortu direla nabarmenduz.

LABek Delegatuen Batzar Nazionala egin du gaur Bilbon, Miribillako Bizkaia Frontoian, 1.500 delegatu ingururen parte hartzearekin. LABeko bi koordinatzaile orokorrek hitz egin dute bertan. Igor Arroyok, ekitaldi hasieran, sindikatuaren 50 urtetako ibilbidea goraipatu du. “Euskal sindikalismoaren koordenadak errotik aldatzea lortu dugu. Kontraboterea, independentismoa, euskaltzaletasuna, feminismoa, antirrazismoa, ekosozialismoa. Guk altxatutako banderak, guk garatutako eredu sindikala nagusitu da, nagusitzen ari da Euskal Herrian”.

Etxebizitzaren egoera larria ere hizpide izan da ekitaldian. Horrela, Madrilgo Sindicato de Inquilinas Etxebizitza Sindikatuko kide batek hartu du parte, bideoz, baita Abiatu LABeko Ekintza Sozialeko komunitateko kideek ere. Etxebizitzaren gaiarekin LABek urrats berriak emango dituela aurreratu dute.

LABen ibilbide antirrazista balioan jarriz, Euskal Herria harrera herria dela azpimarratu dute hurrengo hitzartzeek, Txefi Roco idazkari antirrazista eta Eñaut Aramendi eta Argitxu Dufau Ipar Euskal Herriko militanteen eskutik. Azken biak epaitu egingo dituzte migranteei Bidasoaren alde bietan pasabide segurua izaten laguntzeagatik eta J’Accuse autoinkulpazio dinamika hauspotzeko eta urtarrilaren 26an Irun eta Hendaia artean egingo den mobilizazioaren deialdia zabaltzeko baliatu dute euren hitzartzea.

2024an hildako 61 langileak ere gogoan izan dituzte ekitaldian. Jarraian, LABek irailean aurkeztutako dinamika konfederaleko aldarrikapenek izan dute euren lekua, 1.600 euroko gutxieneko soldatak; 30 ordutako lan asteak eta zerbitzu publikoek (Osasunbidea eta Hezkuntzako langile banaren eskutik).

Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorraren eskutik etorri da hitzartze nagusia. Presoen etxeratzea eta Palestinaren askatasuna aldarrikatu ondoren, kapitalismoaren egungo fasea ezaugarritu du, ultraeskuinaren gorakadaren aurrean “Euskal Herria irla bat ez dela” azpimarratuz.

Testuinguru ilunaren aurrean, azpimarratu du LABek baduela alternatiba: “kapitalari eremu guztiak lehiatzea, lantokiak, kaleak, instituzioak eta baita baloreak ere”.

Fiskalitatearen inguruan, zehaztu du patronalak erabakitzen duela zerga-politika. “Aldian-aldian eztabaida pizten da, ia ezer ez aldatzeko. Horretarako daude patronaleko kideak, Petronor, Iberdrola eta konpainiako lotsagabeak, ahora irekitzen dute eta EAJ obeditu egiten du. Hemen ez dago aldaketarik, Urkullu eta Pradales gauza bera dira funtsean”.

1.600 euroko gutxieneko soldata da LABen aldarrikapen nagusietako bat, eta hari honetatik tiraka, “hemen eta orain” ezartzeko momentuaren garrantzia azpimarratu du, adieraziz “sindikatu guztiak” daudela ados patronalari akordio interprofesional baten negoziazioa eskatzean. “Sindikatu subiranistok Lanbidearteko Gutxieneko Soldata bat ezartzeko eskumena izatea eskatzen dugu, Lan Harremanak eta Babes Sozialerako Euskal Esparru baterantz jotzeko egiturazko neurri bat” eta gehiago zehaztuz, “Eusko Jaurlaritzak akordio interprofesional bat negoziatzeko eskatu behar dio CONFEBASKi, gure errealitatearekin bat datorren gutxieneko soldata bat ezartzeko”.

Ekitaldia amaitzearekin batera bertaratutakoek manifestazioa egin dute Arriagaraino.

Aurrerapenak badituzte ere, Arabakoak ez dira zaintzako langileek behar dituzten aurrekontuak

Zaintzako sektore pribatizatuetako langileok langile publikoak gara. Guztiz beharrezkoa den zerbitzu publiko bat bermatzen dugu. EAJk duela hamarkadak erabaki zuen lan hauei erantzungo zion eredua hiru zutabe izango zituela: merkantilizazioa, pribatizazioa eta prekaritatea.

Zoritxarrez EAJk eta PSEk hurrengo urterako prestatu dituzten aurrekontuak, zaintzari dagokionez, bide berdinetik jarraitzen dute. Prekarizazioa oinarritutako sistema pribatizatzaile bat betikotzea dute helburu, eta zaintzako langileak behar duten publifikazioari ekiteko aukera galdu bat dira. Langileok eta herriak zaintza sistema publiko bat behar dugu, eta hori da LABek eta langileok aldarrikatzen duguna.

Arabako zaintzako sektoreetan (etxez etxeko laguntza, aniztasun funtzionala, esku hartze soziala, adinekoan egoitzak…) langile asko Foru Aldundiaren finantzaketaren menpe daude eta oso larria da erakunde honek beraiekiko duen jarrera. Publifikaziorako urratsak eman beharrean, zerbitzuaren pribatizazioari eutsi egiten zaio, langileak bizi duten prekaritatea kontuan hartu gabe, Foru Aldundia bera denean prekarietate horren erantzule. Ahantzi gabe, sektore hauetako batzuk hitzarmenaren negoziazioa dutela 2025ean eta aurrekontu hauek muga izan daitezkeela. LABek, sektore hauetako langileak foru erakundeko langileekin ekiparatzea defendatzen jarraituko du, baita zerbitzu hauen publifikazioa.

Astelehenean berri izan genuen Arabako Foru Aldundiaren aurrekontuak datorren urterako ahalbidetzen duen EAJ, PSE eta EH Bilduren arteko aurreakordioaz. Zaintzari dagokionez, adinekoen sektorean ekarri ditu berritasunak. Urteak daramatzate sektore honetako langileek Arabarako hitzarmen baten alde borrokan eta grebak egiten eta horri esker lortu dute maila politikoan eragitea eta aurrekontuetan presentzia izatea: EH Bilduren ekimenez hitzarmena gauzatzeko partida bat aurrekontuetan sartzea lortu da. Ekimen positibotzat jotzen dugu baina esan behar dugu jasotakoa ez dela nahikoa sektore honetako langileen aldarrikapenei erantzuteko, ezta zerbitzu hau publifikatzeko pausoak emateko. LABek onartutako neurri honen jarraipena egingo du eta borroka dinamikarekin jarraituko du sektorearen aldarrikapenak gauzatu arte.

Horrekin batera aipatu behar dugu Foru Aldundiaren menpe dauden zaintza sektoreetako langileak, administrazioko langileak zein administrazioaren menpe dauden zaintza sektore pribatizatuen sektoreetako langileak kontuan hartzen dituzten politika publikoak egin behar direla, sektore hauetako langileekin kontatuz.

Bukatzeko, eta etorkizunari begira, uste dugu garaia dela denon artean zer zaintza-sistema publiko komunitario nahi dugun eta beharrezkoak diren neurrien inguruan hausnartzeko, indarrean dagoen eredu merkantilista, pribatizatu eta prekariotik aldenduz. Hortaz, maila horretan konpromisoak eskatzen dizkiegu Arabako instituzioei.

Argi adierazi nahi dugu pribatizaturiko zaintza langileok ez dugula egungo eredua onartzen, eta bestelako zaintza eredu baten aldeko borrokan jarraituko dugula, langile publikoak garela aitortu arte. Izan ere, zaintza pribatizatuen sektoreetako langileak barne bilduko dituen zaintza-sistema publikoa borrokatu eta defendatuko du LABek.

Zornotzako Salvesen Logisticako langileak zoriondu nahi ditugu euren lan-baldintzak hobetzen dituen enpresa-ituna lortzeagatik

Salvesen Logística Zornotzan kokatutako enpresa da, eta saltoki handien hitzarmena estatala ezartzen zaie bere 120 langileei. Lau atal ditu: esnekiak, fruta, haragia eta arraina. Eroski enpresarentzat soilik egiten du lan, eskaerak prestatuz. Enpresa-batzordea LABeko 5 ordezkarik, ELAko 3k eta CCOOko batek osatzen dute. Langileek kontzentrazioak eta grebak egin dituzte, eta saltoki handien hitzarmen estataleko hainbat atal nabarmen hobetzen dituen enpresa-ituna lortu dute.

Enpresa-itunak 2 urteko indarraldia izango du (2025-2026), eta hainbat hobekuntza ziurtatuko ditu. Genero-arrakala amaitzea lortu dugu; izan ere, esnekien sektorean, feminizatuenean, soldatak beste ataletakoekin berdintzea lortu dugu. Lizentziak hobetzea ere lortu dugu, lanaldia murriztea (8 ordu indarrean dagoen urte bakoitzean), aldi baterako lan-ezintasunak % 100ean estaltzea, soldata KPIren gainetik igotzea eta aintzinatasuna hobetzea.

LABetik, Salvesen Logistikako langileek erakutsi dituzten konpromisoa eta erabakitasuna zoriontzen ditugu. Beste behin ere, argi geratu da borrokak merezi duela.

Osasunbideko langileak haserre daude Osasunari buruzko Foru Legearen aurreproiektuaren proposamenaren aurrean

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Langileen Batzordeko kideek adierazi dute Osasunari buruzko Foru Legearen aurreproiektuaren proposamenaren aurrean benetan haserre daudela eta haren aurkako iritzia dutela. Izan ere, arau horretan planteatzen da Osasunbidearen eta NOPLOIren izaera juridikoa aldatzea, Departamentuari atxikitako erakunde autonomo izateari uzteko eta enpresa-erakunde publiko bihurtzeko (hau da, titulartasun publikoko erakunde bat, langileei zuzenbide pribatua aplikatzen diena).

Lehenik eta behin, Osasunbideko Langileen Batzordeko kideek adierazi dute batere ados dokumentua egiteko moduarekin, ez baita aldez aurreko negoziazio-prozesurik izan dokumentua gutxieneko adostasunarekin prestatzeko. Adibidez, Eremu Bakarraren berrantolaketak bermatu behar du plantilla osoaren lan-baldintzak ez direla hondatuko.

Bigarrenik, izaera juridikoa aldatzeko proposamen horrek plantillaren lan-baldintzetan atzera egitea eragiten du, lanbide-kategoria bakoitzean eskala bikoitza dakarrelako, errealitate eta eskubide desberdinekin. Alde batetik, funtzionarioak egongo lirateke, beren araudiarekin, eta, bestetik, langile kontratudunak, etorkizunean lanpostu finkoen titular izango liratekeenak. Lanpostu finko horiek lan-araubidekoak izango lirateke, eta langile horien lan-baldintzak kaltetzea gerta liteke, bai eta bi taldeen arteko diskriminazioak ere, bakoitzaren lan-harremanaren arabera.

Horregatik guztiagatik, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Langileen Batzordetik exijitzen dute Osasunari buruzko Foru Legearen aurreproiektu horretan enpresa-erakunde publikoei buruz dauden aipamen guztiak kentzea eta plantillaren iritzia entzuteko negoziazio-mahai bat irekitzea.

Langileen ordezkariak diren aldetik, euren iritzia Osasun Departamentuari eta Parlamentuko talde guztiei helarazi diete.