2026-01-18
Blog Page 827

Prekarietatean oinarritutako kontratazioa oso errotuta dagoela erakusten dute Biztanleria Aktiboaren Inkestaren azken datuek

Langabeekiko babes sistemaren gabeziak are eta larriagoa egiten du egoera. Izan ere, ofizialki langabe dauden pertsonen %70ari ez zaie inolako prestaziorik eskaintzen.

2017. urtea %10,4ko langabezia tasarekin amaitu zen Hego Euskal Herrian, Biztanleria Aktiboaren Inkestaren arabera. Okupatutako biztanleen kopurua %1 handitu zen 2017. urteko azken hiruhilekoan. Hala, 1.196.1000 pertsona zenbatu zituzten okupatu gisa, aurreko hiruhilekoan baino 12.000 inguru gehiago.

Hala ere, nabarmentzekoa da urteko azken hiruhilekoan sortutako enplegua aldi baterakoa eta lanaldi partzialekoa izan dela.

Hain zuzen ere, mugagabe diren lanpostuen kopuruak behera egin du piska bat (-100), eta sortutako enplegu guztiak aldi baterako kontratuak izan ditu oinarri. 2017. urtean 1.330.000 kontratu sinatu zituzten Hego Euskal Herrian, eta horietatik %93 aldi baterakoak izan ziren.

Bilakaera honek behin behinekotasun tasa %25,4 izatea ekarri du soldatapeko biztanleriari dagokionez. Emakumeen kasuan, tasa honek gora egiten du: %27,6koa da.

Lanaldi motari dagokionez, 2017. urteko laugarren hiruhilekoan aurreko hiruhilekoan baino 13.200 pertsona gehiago zeuden lanaldi partzialarekin, eta 1.200 okupatu gutxiago lanaldi osora.

Bestalde, azpimarratzeko beste datu bat badago: Hego Euskal Herrian, 399.500 pertsona daude harrapatuta langabezia eta aldi baterako enplegu baten artean; biztanleria aktiboaren %30, hain justu.

Gainera, langabezia tasak %10,4ra egin du behera, baina ekonomikoki aktiboa den gazteriaren %25,3 langabe dago; hau da, 16 eta 25 urte bitarteko lau gazteetatik bat.

Datu hauek guztiek erakusten dute oso errotuta dagoela prekarietatean oinarritutako kontratazioa; hots, gehiegikeria ardatz duen kudeaketa eredu hau bere egin dutela enpresek. Ondorioak begibistan daude. Lan baldintzak eta soldatak modu justu eta zentzuzkoan hobetzea ekiditen duen arazoaren erroa hemen aurki daiteke.

 

 

 

Lan hitzarmen duin bat eskatu dute Hezkuntza Saila eta EHUko garbiketako langileek

0

Borrokan dira Hezkuntza Saila eta EHUko garbiketako langileak, LAB, ELA, UGT, ESK eta CCOO sindikatuok deituta. Hala, elkarretaratze bat egin dute gaur Bilbon, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean, eta lan hitzarmen duin bat aldarrikatu dute berriro.
 

 

 

Elkartasuna adierazi diegu La Asuncion klinikako langileei

Tolosaldeako eskualdeko delegatuen batzarra egin genuen atzo, eta, bertan, La Asuncioneko langileei elkartasuna adierazi genien. Hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzari esku hartu dezala eskatu genieon, eta, publifikazioaren bidean, gaurko egoerari konponbidea eman diezaiola.

 

 

 

Profesionalen gabeziaren arazo larriari berehalako konponbidea jartzea exijitzen diogu Osakidetzari

0
Pasa den ostiraletik Igorreko osasun zentroan bai langileak eta bai herritarrak egoera larria pairatzen ari dira. Dauden bi pediatretatik batek baja hartu zuen.Ondorioz,beste pediatrak honen lana jaso behar izanzuen, bi kontsulten antolaketa ere bere esku geratuz (zein gaixo ikusi eta zeintzuk ez). Honek suposatu zuen egun bakarrean 55 ume ikusi behar izatea eta bere lanaldia ordu betez luzatzea, horrelako egoerek sortzen duten presioa eta lana ondo ez egitearen sentsazioari zuzendaritzaren aldetik batere garrantzirik ematen ez zaiolarik.

Gaur arte, Barrualde ESIan arazo honi konponbidea emateko modua hauxe izan da: Egun solteetan bajan dagoen langilea ordezkatu hasieran, eta ondoren, bajak irauten duen bitartean, 2 ordutako ordezkoa ipintzea. Orain, bigarren pediatrak ere baja hartu du eta 2 egunetako kontratazio bat egin da 2 hauek ordezkatzeko.

Egoera larri honen berri izan bezain pronto Barrualdeko zuzendaritzarekin harremanetan jarri gara eta eman diguten azalpena hutsaren hurrengoa da: pediatra eta umeak artatzen dituzten familia medikuen falta dela arazoaren oinarria.

LABen iritziz, epe ertain eta luzeko neurririk hartu ez izana Osakidetzaren eta Eusko Jaurlaritzaren ardugabekeria galanta da. Aspaldiko kontua da fakultatibo batzuen falta. Eta orain arte ez da plan estrategokirik martxan ipini. Alderantziz, mediku askok -batez ere ebentualak- Osakidetzatik alde egiten dute pairatzen dituzten lan egoera prekarioengatik, eta horietako asko beste erkidegoetako osasun sistemetan amaitzen dute, soldata agian baxuarekin, baina lan egoera hobeagoetan. Mediku baten formakuntzak suposatzen duen denbora, esfortzu eta dirua kontuan hartuta, egoera egonkortzea premiazko helburua izan beharko lizateke Osakidetzarentzat.

Izan ere, Osakidetza eta Osasun Sailaren aurreikuspen eta proposamen falta denborazko bonba da, kontuan hartzen badugu hurrengo urteetan milaka eta milaka mediku erretiratuko direla. Neurri sakonak ez badira hartzen, egoera arriskutsu baten aurrean izango gara, osasun arreta bermatu ezinik.
Igorreko adibidea ez da salbuespena, egoera normala baizik, zoritxarrez. Beraz, Barrualde ESIko zuzendaritzari pediatria zerbitzuaren funtzionamendu normala berreskuratzeko eta Osakidetzako zuzendaritzari eta Osasun Sailari, profesionalen falta arazo larriari sakoneko iretenbideak martxan ipintzea exijitzen diegu.
 

 

 

Salatu dugu Beasaingo Udalak ez duela ezer egin Errekarte auzoko eraisketan amiantoa agertzeagatik

0
Pertsona bat Beasaingo Udalarekin eta bertako udaltzaingoarekin harremanetan jarri zen atzo, Errekarte auzoan egindako eraisketan, amiantoa zegoela salatzeko, eta salaketa baieztatuko balitz, eraisketa bera geratu zezatela eskatzeko. Salaketaren larritasuna ikusirik, LAB sindikatua Osalanekin eta Lan Ikuskaritzarekin jarri zen harremanetan.

Ez dute ezer ere egin, horretarako eskuduntzarik ez dutela erantzun dutelarik. Badakigu Osalan dagoneko gainean dagoela. Salagarria, lotsagarria eta oso larria deritzagu honen ardura duten erakundeek honela jokatzeari, are gehiago Beasainen amiantoaren ondorioak ongi ezagutzen diren Goierriko udalerrian. Badakigu amiantoa baimenik gabe eta ezkutuka eraman dutela. Hura ikertzea eta ardurak argitzea eskatzen dugu, politikoak barne. Udala da erantzule, teknikariak, baimenak, plenoak… ez zekiten han amiantoa zegoenik?

Era berean, berriro eskatzen diegu udal eta erakunde guztiei egin ditzatela udalerrietako amiantoaren mapak, jardun daitezela araudietan oinarrituz eta babes dezatela langileen eta oro har, biztanleriaren segurtasuna eta osasuna. Era berean, onar diezaietela patologia gaixotu direnei patologia eta dagokien prestazioa eta langileen gaixotasunaren kontura aberastu zirenenengandik kalte-ordaina jaso dezatela.
 

 

 

Enpleguaren kalitatea hobetzeko eskatu dute Bizkaiko etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileek

Bizkaiko etxez-etxeko laguntza zerbitzuko langileek hiru orduko lanuztea egin dute gaur, 10:00etatik 13:00etara, zerbitzu eta enpleguaren kalitate hobea eskatzeko. Mobilizazio honen harira, elkarretaratze bat egin dute Santurtziko udaletxearen aurrean, udalbatza egiten ari ziren bitartean. Bilbon ere elkarretaratze bat egin dute, udaletxearen aurrean ere, plenoa egiten zuten bitartean.

Langileen zenbait ordezkarik Santurtziko plenoan parte hartzea zuten aurreikusita, zerbitzuak bizi duen egoeraren berri eman eta euren eskaerak plazaratzeko. Herrialde mailan ere jarri dira harremanetan alderdi politikoekin. Hain zuzen ere, zerbitzuaren egoera eta hartu beharreko neurri zehatzak jasotzen dituen txosten bat helaraziko diete.
 

 

 

Emakumeen kontrako diskriminazioaren aurrean, enpresaren berdintasun-plana betetzea eskatu diogu Telefonicari

LABek elkarretaratze bat egin du gaur Telefonicako eraikinaren aurrean, Donostian, enpresa honetan emandako emakumeen kontrako diskriminazio kasu baten berri emateko.

LABek Telefonicako emakume langile batek egindako salaketa babestu nahi du eta salaketa honen atzean dagoen diskriminazio-egoera azalarazi.

Telefonicako langile honek sinatu behar zuen dokumentuan, “trabajador” eta “empleado” ipintzen zuen lekuan “trabajadora” eta “empleada” ere ipintzeko eskatu zuen, baina enpresak ez zion onartu eta bere azalpenean, erantzun zion maskulinoa modu zabal batean ulertu behar zuela, eta beraz, emakumeak ere izendatze horren barnean zeudela erantzun zion.

Egoera hauek dira egun bizi garen jendarte heteropatriakala sostengatzeko bitartekoak, alegia, oraindik emakumeok ikustezinak bagina bezala eta egiten dugun lanak baliorik izango ez balu bezala tratatzen gaituzte.

Hala ere, egoera hau ez da kontu isolatua. Telefonicak berdintasun plana badu aspaldi eta besteak beste, 4.2.1. puntuan hizkuntza ez sexista erabiltzeko konpromisoa bereganatzen du bertan. Ondorioz, Telefonicako zuzendaritzak CCOO eta UGT sindikatuen oniritziarekin batera onarturiko berdintasun plana betetzen ez duela salatu nahi dugu.

Berdintasun Planak lantokietan ematen diren diskriminazio egoerak zuzentzeko tresnak dira eta paperean adosturikoa betez gero, aurrera urratsak emateko aukerak ematen dituzte. Zoritxarrez beste behin ere agerian geratu da enpresak ez duela akordio horiek betetzeko asmorik eta Berdintasun-batzordean parte hartzen duten sindikatuen aldetik ez duela behar besteko presiorik jasotzen emakume eta gizonen arteko aukera- eta eskubide-berdintasuna bermatu dadin.

Hau dela eta, LAB sindikatuak salaketa jarri du Lan Ikuskaritzan Telefonican gertatzen ari den diskriminazio hau zuzendu dadin eskatzeko, eta aldi berean, Berdintasun-plana aurrera eramateko enpresak bitarteko propioak martxan ipini ditzala eskatzeko, berdintasun batzorde propio bat alegia.

LABek aspaldi bereganatu zuen parekidetasunaren aldeko borrokarako konpromisoa, eta bide horretan, lan munduan urrats sendoak eman behar direla uste dugu. Honetarako guztion esku hartzea ezinbestekoa da, baina enpresarien zein instituzioen borondate politiko ezak behin eta berriz oztopatzen du bide honetan aurrera urrats sendoak ematea. Hau dela eta, behingoz behar diren bitartekoak sortu daitezela exijitzen diegu instituzioei, besteak beste, berdintasun legea bete dadin, horrela, lan munduan ematen diren diskriminazioak amaitzeko bidean jartzeko.

 

 

Grebarako eskubidea urratzeagatik zigortu dute Guggenheim Bilbao Fundazioa

0

Manpower Group Solutions SLU eta Guggenheim Bilbao Museoa Fundazioaren kontrako lehen epaia atera zen atzo. Honen arabera, Guggenheim Bilbao Museoaren Fundazioa 6.251 eurotako kalteordaina ordaintzera zigortu dute grebarako eskubidea urratzeagatik, kaleratzea baliogabea dela ebatzi da eta demandantea bere aurreko lanpostuan berronartzera behartuz.

Gertakariak 2016ko udakoak dira, uztaila eta abuztukoak. Museoak azpikontratatutako 18 hezitzailek, LAB sindikatuan antolatutakoak, mobilizazioak eta grebak egin zituzten, lizitazio pleguetan subrogazio klausula txertatzea eta jasaten ari ziren lan- eta soldata-baldintza oso prekarioetan hobekuntzak aldarrikatzeagatik.

Guggenheim Museoa Fundazioaren erantzuna izan zen azpikontratatzen jarraitu nahi zuten zerbitzua bapatean internalizatzea, horretarako 3 langile soilik bideratuz, aurretik zerbitzua eskaintzen zuten 18 langileen aurrean. Erabakia borobiltzeko, greba egin ez zuten bakarrak izan ziren 3 langile hauek, protestak egin zituen kolektiboa bere osotasunean kaleratuz. Epaiak ondo adierazten duen moduan, erabaki hau lan- baldintza duinak aldarrikatu eta bizi zuten egoera jendaurrean jakinarazi zuten langileek aurkako mendeku argia izan zen.

LABetik modo oso positiboan baloratzen dugu, langileek urte eta erdi honetan jasandakoaren gainetik, pairatu zuten injustizia aitortua izan dela azkenean. Nabarmendu nahi dugu langileek euren eskubideen urraketaren aurrean eta gatazka osoan zehar izan duten jarrera borrokalaria, eta zoriondu egin nahi ditugu horregatik, beste behin erakutsi dutelako antolaketa eta borroka direla prekarietatearen aurka jarraitu beharreko bidea.
 

 

 

Babesa erakutsi diegu IƱigo Cabacasen familiari eta egia argitzeko lanean ari diren demandatuei

0

2012ko apirilean pilotakada batek jota hildako Iñigo Cabacasen auziari lotutako lehen epaiketa egin dute gaur, eta lotsagarria da gertaera haiekin lotutako lehen bista gertatutakoa argitzeko ez izatea, Ertzaintzaren ofizialorde batek jarritako demanda bati erantzuteko baizik. Ofizialorde horrek, pilotakada hilgarria jaurti zuten gauean polizia koordinatu zuenak, biktimatzat aurkeztu du bere burua. Mundua alderantziz.

Iñigo Cabacasen hilketatik sei urte geroago, mingarria eta bidegabea da egia argitzeko lanean ari direnak izatea epailearen aurrera eraman dituzten lehenak; gertatutakoa frogatzeko trabak eta mehatxuak besterik ez dituztenean jaso, euren lana egiteagatik. LABek elkartasuna luzatu nahi die demandatuei, eta babes osoa adierazi nahi dio Iñigo Cabacasen familiari, sei urte gogor hauetako benetako biktimei.