2026-02-15
Blog Page 815

Sindikatuko ordezkaritza batek bilera egin du gaur Genevan Anna Gabriel erbesteratu eta CUPeko diputatu ohiarekin

0

Garbiñe Aranburu LABeko Idazkari Nagusiak adierazi du “Kataluniako prozesuan ikusten ari gara errepresio politikoak han ere preso eta erbesteratu politikoak sortu dituela, Anna Gabrielen kasuan ikusten dugun moduan. Bisitaren lehen helburua gure elkartasun eta babes osoa adieraztea da”.

Bileraren bigarren helburua Kataluniako egoeraren berri lehen eskutik jasotzea izango litzateke duena.

Aranburuk nabarmendu du “Euskal Herria eta Katalunia herri desberdinak direla eta errealitate ezberdinak dituztela. Baina Katalunia eta Euskal Herriak baditugu antzekotasunak. Alde batetik, erabakitzeko eskubidearen aldeko gehiengo sozial bat eta bestetik, aurrez aurre estatu guztiz autoritario eta antidemokratikoa dugula, 155. artikuluaren aplikazioarekin ikusten ari garen moduan”.
 

 

 

DSBEren erreformak ikuspegi integrala izan beharko luke

Bea Martxueta LABeko Ekintza Sozialeko Idazkariak eta Pazis García sindikatuko kideak agerraldia egin du gaur Gasteizko Parlamentuko Enplegu, Gizarte Politika eta Gazteria Batzordean. Bertan, iritzia eman du Gizarateratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Legea aldatzeari buruz.

Martxuetak adierazi du DSBEren erreformari buruzko eztabaidak EAEko gizarte-babeserkoa ereduari buruzko eztabaida zabaltzen lagundu beharko lukeela. Era berean, gogora ekarri du egungo sistemak aurrekari garrantzitsua duela abiapuntu bezala eta orain, duela 20 urte bezala, beste Herri Ekimen Legegile bat abian jarri duela babes soziala hobetzea helburu duena.

Jendartea zein lan mundua prekarizatzeko prozesuari ez zaio aurre egiten eta zoritxarrez, prekarizazioa da enplegurako politika aktiboek sustatzen duten bakarra.

Diagnostikotik ondorioztatzen da proposamenak ez duela asmo handiko helbururik finkatzen, ez duelako pobrezia ezabatu nahi, hau jasangarria egitea baino, Honekin bizi nahi du eta borrokatzen duen bakarra pobrezia gogorrena da.

LABen ustez, sistemaren iraunkortasunak ezin du baldintzarik txarrenetan dauden pertsonentzako baliabideak murriztean oinarritu eta mahai gainean dagoen proposamenak bide horretan sakontzen du.

Sindikatuaren ustez, DSBEren egungo erregulazioa aldatzeko proposatutako neurriek bide berdinean sakontzen dute:

– DSBE bakarra etxebizitza berean erroldatutako pertsona guztientzat, orain arte bezala etxebizitza berean bi bizikidetza-unitate frogatuz gero bide DSBE onartu beharrean.
– DSBEren zenbatekoa finkatzeko modu berria, oinarrizko prestazioaren eta kopuru osagarrien bidez
– Lanbidearteko Gutxieneko Soldata erreferentziatzat hartzeari uztea.
– Hiru urtez erroldatuta egoteko baldintza orokorra eustea, salbuespen bakar batekin.
– Benetako egoitza kontrolatzeko kontrol zorrotzak.

Amaitzeko, deigarria iruditzen zaigu aurkeztutako dokumentuak analisi eta estatistika ugari jaso arren ez duela genero-inpaktua kontuan hartzen.
 

  

Edesa Industrial eta Geyser Gastecheko enpresa-batzordeek ez dute kaleratze kolektiboaren gaineko baloraziorik egingo, administratzaile konkurtsalaren informea ezagutu arte

0
Enpresa batzodeak ez daude batere ados enpresak kaleratutako prentsa oharrarekin, bertan agertzen diren balorazioak egia ez direlako.

Edesa Industrial eta Geyser Gastecheko enpresa batzordeen oharra: 

Suntsitze espedientearen kontsulta epea aurreko astelehenean bukatu ondoren eta gaur, asteazkena, langile asanblada egin ondoren, Edesa Industrial SL eta Geyser Gastech SAren enpresa batzodeak, honako hau azaldu nahi du:

-Bi enpresa batzordeek, langile asanbladan adostuta, ez dutela kaleratze kolektiboaren gaineko baloraziorik egingo, administratzaile konkurtsalak, Donostiako Merkataritza 1. Epaitegian, datorren martxoaren 8an aurkeztu behar duen informea ezagutu arte.

-Informea aztertu ondoren, kaleratze kolektiboaren eta informe beraren balorazioa egingo dutela.

Xabier Reyren heriotza salatzeko manifestaziora deitu dugu larunbaterako

Ezker Abertzaleak agerraldi bat egin du Iruñean, Xabier Rey presoaren heriotza dela eta. LABeko idazkari nagusi ondoko Igor Arroyo eta Iruñealdeko arduradun Rosa Iriarte bertan izan dira. Xabier Rey espetxe politika krudelaren ondorioz hil dela nabarmendu dute agerraldian.

"Heriotz hau ekidin zitekeen. Antxo ezin zen kartzelan egon. Espainiako legedia eskuan hartuta ere, torturapeko autoinkulpazio batek ezin zuen kartzelan lehen graduan mantendu".

Iruñean egindako agerraldian esandako adierazpenak dira hauek. Hain zuzen ere, Ezker Abertzalearen izenean hitz egin du Arkaitz Rodriguezek: "Heriotz hau ez da heriotz naturala. Bortizki torturatu zuten. Urrundu zuten, Iruñetik 1.000 kilometrora. Eta bakartu zuten, hamar urtez. Xabier ez da hil; hil dute".

Datozen orduetan deitu dituzten mobilizazioen berri eman dute. Iluntzean mobilizazioak izango dira herrietan. Zentzu honetan, 20:00etan, Iruñeko Donibane auzoan protesta egingo dute, hots, Xabier Reyren auzoan. Ostegunean harrera egingo dute, Donibaneko Irache Tanatorioan. Ostiralean, mobilizaziora deitu dugu Iruñean, 12:00etan, Gobernu Ordezkaritzaren aurrean. Larunbatean, berriz, 17:00etan, manifestazio nazionalera deitu dute, Golem zinemetatik abiatuta.

LABek irakurketa propioa ere egin du Xabier Reyren heriotzaren harira. Biktima berririk egon ez dadin, espetxe politika aldatzea premiazkoa dela esan dugu.


 

 

 

Biktima berririk egon ez dadin, espetxe politika aldatzea premiazkoa da

LABek doluminak helarazi nahi dizkie Xabier Reyren senideei, lagunei, ingurukoei eta ezker abertzalearen familia osoari. Esan nahi diegu ez dugula etsiko euskal preso politiko guztiak kalera atera arte, eta ez dugula etsiko herri honen askatasuna eta bakea lortu arte.

2008an atxilotu zutenean LABeko delegatua zen Xabier Rey, Neumáticos Iruña enpresan. Polizia Nazionalak torturatu egin zuela salatu zuen orduan. Ordutik hona, kartzela politikaren aurpegirik krudelena ezagutu zuen Reyk, dispertsioa, urruntzea eta muturreko isolamendua. Etxetik 1.000 kilometrotara hil da, Cadizeko Puerto III kartzelan, aurretik Andaluziako beste espetxe batzutan egon ondoren, Algecirasen zein Almerian.

Heriotza honen atzean, beraz, salbuespen legedia dago, egun indarrean dagoen espetxe politika. Urrunketa, dispertsioa, isolamendua… Eta legedi horrekin amaitu beharra dago. Beranduegi da dagoeneko, beranduegi legedia horrek konfrontazio eta gerra logika bati erantzuten diolako, eta herri honek, euskal gizarteak, aspaldidanik bakea nahi duelako, konponbidea nahi duelako.

Entzuten ari gara beharrezkoak direla iraganeko minaren aitortza, erreparazioa eta elkarbizitzaren eraikuntza, baina ezin ditugu ahaztu oraindik ere indarrean dauden eskubide urraketak, oraindik ere sortzen ari diren biktima berriak, eta sor daitezkeenak, horiek ekiditeko erabaki eta neurri berriak jartu ezean.

Argi dugu indargabetu egin behar direla biktima eta sufrimendu berriak eragiten dituzten politikak. Zentzu honetan, premiazkoa da euskal presoek jasaten dituzten salbuespenezko neurriak desaktibatzea, isolamendu egoerak amaitzea, lehen gradutik ateratzea eta Euskal Herrira gerturatzea, preso guztiak etxeratze bidean kokatuko dituen prozesu baten baitan.

LABek dei egiten die euskal langileei heriotza salatzeko egingo diren mobilizazioetan parte hartzera.
 

 

 

Alfako langileek 100 egun bete dituzte greba mugagabean

0

Alfa Precision Casting enpresako langileak borrokan dira, euren lan eskubideen defentsan. Hain zuzen ere, greba mugagabean daude abenduaren 10az geroztik, eta, horren ondorioz, hainbat mobilizazio ari dira antolatzen. Gaur, 100 egun bete dituzte greba mugagabean, eta, hori dela eta, agerraldi bat egin dute Eibarren, Untzaga plazan. Bertan muntatu dute Infogune bat eta bertan eman dute langileen egoeraren berri. Izan ere, EEEaren kontsulta aldiaren eta Eusko Jaurlaritzak azken asteetan izandako jarreraren balorazioa egin dute.

Hauxe da gaurko agerraldian irakurri duten adierazpena: 

Alfa Taldeko beharginok, gaur, greba mugagabeko 100. eguna betetzen dugu; zalantzaz jositako 100 egunez borrokatu gara gure lanpostuei eutsi ahal izateko. Azken jakinarazpenetan adierazi dugunez, taldeko zuzendaritzak ez du errespetatu langileon grebarako eskubidea, sistematikoki urratu ditu aparteko orduak oporraldian egitean, beharginak ordezkatzean eta grebalarien lanpostuak bete nahian kontratazio berriak egitean.

Beharginek otsaila hasieran aurkeztu zuten eskeari zegokion epaiketa joan zen barikuan egin zen, martxoaren 2an. Enpresak espero genuen jarrera agertu zuen, haien jokabidea gezurrez, manipulazioz eta 2017ko azaroaren 26an grebari ekin zitzaionetik sortu ziren frogekin zuritu zuten.

Hala ere, hori ez da okerrena, Alfa Precision Castingeko eta Util Alfako eskirol batzuek haien lankideen aurka deklaratu zutelako. Dirudienez, ez ditu behar beste asetzen eskirol lanetan jarduteak, gainera, adorea agertu dute gezurretan aritzeko eta Alfa Precision Castingeko behargin guztioi eragiten digun eta enpresak proposatu duen iraungipeneko enplegua erregulatzeko espedientea babesten dute. Hauen artean, azpimarratu, Jorge Ormaecheak agertu jarrera, hura izanik Alfa en Comuneko ordezkari sindikala eta iraungipeneko EEEko negoziazioetan beharginen interesak babesten omen dituena.

Horrengatik, geure buruei hainbat galdera egin behar diegu: zer agindu die enpresako zuzendaritzak?, beharbada, enpresa batzorde berak ez duen informazioaren jabe dira?

Horrengatik garrantzitsua deritzagu berriro gogoratzeari zein den zuzendaritzaren planteamendua APCrako agertu duen likidazioko enplegua erregulatzeko espedienteari dagokionez:

• Enpresak dituen 51 beharginetatik 48 grebalariak dira. Haiek lehen fasean aterako dira, eta ez dute inolako aukerarik izango beste lanpostu batean jarduteko.
• Beste hiruei enpresak agindu die taldearen beste enpresetan egingo dutela lan.
• Greba sustatu duten ordezkari guztiak, denak LAB eta ELAkoak, lehen fase horretan sartu dituzte.
• Alfa en Comuneko ordezkari guztiak (grebaren aurka daudenak) bigarren fase horretan daude.

Datu objektibo hauek irakur dezakeen edonork dagozkion ondorioak aterako ditu.

APCko iraungipeneko EEEa negoziatzeko aldi honi dagokionez, gaur gaurkoz lau bilera egin dira. Iruditzen zaigu prozesu honi ekarpenak egin arren, amaiera honezkero idatzia dagoela, non konkurtso-administratzailea eta enpresa bat datozen honetan: AUTOak bereak egin du; AERO sailak bakarrik dauka etorkizuna.

Azken bileran adierazi ziguten konkurtso-administratzaileak hiru orduz elkartu zirela balizko inbertitzaile batekin; hala ere, aipatu hiru ordu horietaz bi ohartxo jakinarazi ziguten: ez dute subrogaziorik nahi, eta enplegua erregulatzeko espedientea akordio batez lotu dadila nahi dute. Ez zuten berba egin lan baldintzez, ez aipatu proiektuan egon litezkeen pertsona kopuruaz, ez etorkizuneko kokapenaz ere. Ulergarria da informazio horrekin ezer gutxi egin daitekeela aurrera.

Amaitzeko, berba egin gura genuke Eusko Jaurlaritzaz eta industria garapenerako zuzendaria den Alejandro Lopez Carcamoz. Hark jakinarazi zigun, enpresa batzordearekin egin zuen bilera batean, gertu zegoela erakunde publikoez (Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eibarko udala), konkurtso-administazioaz eta Grupo Alfako zuzendaritzaz osatutako mahai aldeaniztuna eratzeko. Bitan eskatu diogu: aurrenekoan, hura egiteko arrazoirik ez zegoela esan zigun, bigarrenean, ez zigun erantzun ere egin.

Horretan datza Eusko Jaurlaritzaren jarrera Grupo Alfako beharginei dagokienez; handikeriaz egiten dute berba Industria 4.0, industria garapena,… aipatuta, baina beharginen benetako arazoak konpontzeko aurre egin behar denean, desagertu egiten dira.

Horrengatik, dei egiten dizuegu Martxoaren 10ean, eguerdiko 12:00etan Eibarko Ipurua futbol zelaiaren aurrean burutuko dugun elkarretaratzera.

 

 

 

“Greba politiko bat da, kapitalismoaren kontrakoa”

0

Euskal gehiengo sindikalak bat egin du Euskal Herriko Mugimendu Feministak ostegunerako deitutako greba feministarekin. Lantokietan lanuzteak deitzea erabaki dugu, 11:00etatik 15:00etara eta 18:00etatik 22:00etara. Helburua da egunean bertan egingo diren deialdi nagusiak (12:00etan eta 20:00etan) babestea eta lantokietan dauden emakumeak deialdietan parte har dezaten kalera ateratzea. Hori bai, LABeko Idazkaritza Feministako idazkari Elixabete Etxeberriak azaldu bezala, “lan merkatutik harago doan iniziatiba bat da. Planto eginez, gure lanak duen balioa aldarrikatzea eta emakumeok debalde egiten dugun zaintza lanak aitortzea bilatzen dugu. Erakutsiko dugu emakumeak behar beharrezkoak garela eredu sozioekonomikoa aurrera eramateko eta guztion bizimodua sostengatzeko. Eta bidezkoa dena eskatuko dugu: lan hori guztia aitortzea eta eskubideak lortzeko bidea izatea; zor zaizkigun eskubideak aitortzea, alegia”.

“Aurtengo martxoaren 8a ez da aurrekoak bezalakoa; ez etxeetan, kaleetan, lantokietan, ikasgelan, azokan, tabernetan, kafe baten inguruko solasaldietan, zaintzan, ezta desio eta emozioetan ere. Greba politiko bat da, kapitalismoaren kontrakoa. Greba feminista bat da”.

LABeko Idazkaritza Feministako idazkari Elixabete Etxeberriaren hitzak dira hauek, martxoaren 8ko greba feministaren atarian egindakoak. Hain zuzen ere, milaka emakume irtengo dira ostegunean kalera, egungo sistema kapitalista heteropatriarkalaren aurka borrokatzeko. Arrazoiak soberan dituzte horretarako, egunerokoa lekuko.

Elixabete Etxeberriaren hitzetan, “kontzeptu guztiek gainezka egin dute; lana, greba, zaintza, identitatea… kalean daude galderak, eztabaidak, mantalak, more koloredun banderak, indarra, pankartak, erratzak, pegatinak, aldarrikapenak… balkoi bakoitzean, paretetan, enpresa guztietan…”.

Azken finean, emakumeek planto egitea erabaki dute. “Emakumeok planto egingo dugu, matxinatu, sumindu eta desobeditu. Elkarrekin, anitzak, konplize eta aliatu. Guk, betidanik bizitzaren arlo guztietako langileok, elkarrekin jarraituko dugu lanean guztia eraldatzeko”, erantsi du.

LABeko kide ere bada Donostiako mugimendu feministako Haizea Nuñez. Greba egiteko arrazoiak laburtu ditu: “Hasteko, eredu ekonomiko honek zapaltzen gaituelako, gure lanak ikusezinak direlako eta ez direlako ordaintzen. Emakumeok lanaldi bikoitzak eta hirukoitzak egiten ditugu, prekarietateak guri eragiten digu gehiago: langile asko ez daude erregimen orokorrean –etxeko langileak, autonomoak eta nekazariak, kasu–, amatasuna aipatzen da, baina zigortzen da”.

Indarkeria matxista ere aipatu du. “Emakume guztiak ez daude gurekin, ez da baliabide nahikorik jartzen indarkeria honi aurre egiteko. Jazarpena eta sexu erasoak pairatzen ditugu esparru intimoan, ez bakarrik gauez eta jaietan. Eta neskok txikitatik beldurrez hezten gaituzte, gure burua defendatzeko gaitasunik ez bagenu bezala”.

Arrazakeriak ere bazterketa eragiten duela adierazi du: “Emakume askok pairatzen du egunero, Europako mugen eta migrazio politika hiltzaileen ondorioz. Migrazio legeak guztiz babesgabe uzten ditu emakume etorkinak eta errefuxiatuak”.

Azkenik, greba egiteko arrazoien artean, kultura patriarkalak emakumeak kontsumorako objektu bilakatzen dituela salatu du: “Zenbait lekuetan ikusezinak gara, nahiz eta bertan egon. Emakume oso gutxi dira liburuetan agertzen direnak. Genero estereotipoak ikusten dira hedabideetan, sare sozialetan, publizitatean. Gure gorputzen gain erabakitzeko eskubiderik ez daukagula ematen du, eta estatua eta hierarkiak gure gain daudela”.

LABeko Idazkaritza Juridikoko arduraduna da Ainhize Muniozguren. Osteguneko greba lau ardatzetan banatuko dela azaldu du: kontsumoan, zaintzan, lanean eta hezkuntzan. Emakumeek lan arloan pairatzen duten prekarietatea eta ordaindu gabeko lanetan duten ardura ikusgarri egin nahi dute martxoaren 8an. Zaintza lana izango da helburu horren erakusgarri. “ Emakume batek, beharbada, ezingo du lanuzterik egin egun horretan. Eta agian etxeko lanak ere ezingo ditu delegatu eta berak egin beharko ditu. Baina egoera horretaz konturatzeko balio badio, horretaz pentsatzen badu, hori garrantzitsua da guretzat”.

Emakumeek egun batez planto egiterakoan zer gerta daitekeen gizartea ohartzea da xedeetako bat. “Kaosa eragitea ere bada egun horretako helburuetako bat”, berretsi du Ainhize Muniozgurenek.

Emakumeak nagusi diren kolektibo asko daude borrokan, eta horietako batzuk martxoaren 8aren atarian ere atera dituzte kalera euren aldarrikapenak. Bizkaiko Foru Aldundiko zentroak garbitzen dituzten Garbialdi enpresako langileen kasua da hau.

Joan den abenduaren 5az geroztik astero mobilizatu dira Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean, eta gaur berriro egin dute. Azpimarratu dute euren lan gatazkak lotura zuzena duela osteguneko aldarriekin. Hain zuzen ere, hitzarmena negoziatzen bost urte eman dituzte dagoeneko, eta enpresatik ia proposamenik ez dutela jaso salatu dute; soldata igoera ziztrin bat besterik ez. Emakumeak direlako ez dituztela kontutan hartzen adierazi dute: “Enpresak ez dizkigu gure eskubide sindikalak aitortzen eta mobilizazioak egiteko modua ere kritikatzen du. Errespetu falta islatzeaz gain, jarrera honek erakusten du ez gaituela legitimitaterik aitortzen negoziatzeko. Ia bere osotasunean emakumeez osatuta dago negoziazio mahaia, eta enpresak ez digu 14 zentimoko igoera ez den beste proposamenik egin”.

Garbialdiko langileen esanetan, “ez gaituzte entzun nahi, baina entzun, entzungo gaituzte. Horregatik, martxoaren 8ko plantoarekin egiten dugu bat. Gure eskubideen alde mobilizatuko gara”.

Bestalde, martxoaren 8ko aurreko egunetan egin bezala, mobilizazioak izaten ari dira egunotan Euskal Herri osoan. Bizkaiko mugimendu feministak, esaterako, Lanbideren aurrean egin du protesta gaur Bilbon. Era berean, ostegunerako prestatutako mobilizazioen berri eman dute komunikabideen aurrean.

 

 

 

Emakumeen borroka babestera deitu du Munduko Sindikatuen Federazioak

0
Munduko Sindikatuen Federazioak ohar bat helarazi du, Martxoaren 8a dela eta. Bere sorreratik, 1945. urtetik, emakumeen aldarrien aldean lerrokatu dela ekarri du gogora, eta berdintasuna lortzeko bidean egindako aldarrikapenak babesten dituela berretsi du. Hain zuzen ere, Munduko Emakume Langileen Kongresua antolatu du egunotarako Panaman, eta han dago LABeko ordezkaritza bat, Zehar Lerrotako idazkari Arantxa Vazquez buru.