Gaiaren inguruko jardunaldia egingo dute bihar, Bilbon, Ekoetxean. Kutsatzen duenak ordaintzen ote duen galderari erantzungo diote.
Gaiaren inguruko jardunaldia egingo dute bihar, Bilbon, Ekoetxean. Kutsatzen duenak ordaintzen ote duen galderari erantzungo diote.
LAB sindikatuaren Batzar Nazionalak 2010ean sortutako Borroka Kutxaren araudia berritu egin du.
Egindako aldaketek tresna hori indartzea dute xede, bi norabidetan. Alde batetik, Borroka Kutxaren kobertura handitu da, kasuistika berria aintzat hartuz (kaleratze ideologikoak), Kutxatik laguntza jasotzeko beharrezkoak diren greba egunak murriztuz eta greba egun bakoitzeko jasoko den kopurua handituz. Beste alde batetik, ez afiliatuek Borroka Kutxaren laguntza eskuratzeari atea ireki zaio, afiliatu eta Borroka Kutxa jasotzeko beharrezkoa den sei hilabeteko afiliazio antzinatasuna atzera eraginkortasunez ordaintzeko aukera emanez.
Aldaketa hauen bidez, prekarietatea gehien pairatzen duten eta horren sindikalizatuta ez dauden sektoreei (horietako asko feminizatuak) borroka tresnak eskaini nahi dizkie LABek, duela urte bete Gasteizen egindako IX. Biltzar Nagusiaren ildotik.
Era berean, beste eredu batzuekiko ezberdintzen duten Kutxaren sortze ezaugarriei eusten die LABek. Lehenik eta behin, lanaldi partzial inposatua duten langileekiko diskriminazio positiboa mantentzen da (lanaldi osokoen kopuru bera jasotzen dute greba eguneko), baita gehieneko kobertura maila ere (dagokion hilabetean jasotako soldata eta Kutxaren ekarpenak ezin izango dute 1.500 euro gainditu); era honetan, gehien behar duten horiek babestea da Kutxaren lehentasuna. Bigarrenik, Kutxa, grebetarako ez ezik, ekintza sindikalaren ondorioz jasotako isun eta zigorrei aurre egiteko ere erabiltzen da, 10.000 euro bitarteko kobertura bermatuz; horri esker, Mozal Legea eta bestelako neurri errepresiboek ez dute sindikatuaren ekintza sindikala baldintzatzen.
Jatorrizko araudia nahiz egindako aldaketak kontutan hartuta, sindikalgintza eta bere lorpenak indargabetzeko Patronalaren taktika ezberdinei (hala nola grebetan langileak ekonomikoki itotzea, isun eta zigorrak ezartzea edota kaleratze ideologikoak egitea) aurre egiteko babes eraginkorra eskaintzen du Borroka Kutxak. LABentzat Borroka Kutxa ez da helburu bat bere baitan, baizik eta borroka tresna bat. Azken lan erreformak nahiz negoziazio kolektiboaren erreformak Patronalari emandako botereari aurre egiteko, greba eraginkorren eta ekintza sendoen beharra berresten du LABek.
Hona hemen afiliatu guztien ekarpenaz elikatutako Borroka Kutxa berrituak eskaintzen duen kobertura:
• Isun eta fidantzak. 10.000 euro bitartean.
• Prozesu penaletako aholkularitza eta kostak.
• Enpresak ezarritako zigorrak.
• Kaleratze ideologikoak. Arrazoi ideologikoengatik kaleratutako langileak Borroka Kutxaren laguntza izango du epaiketa arte, greban jasoko lukeen baldintza berberetan.
• Grebak. Hirugarren egunetik aurrera, eguneko 25 euro jasoko dira (750 euro hilero), hala lanaldi osoan nola lanaldi partzial inposatuan. Soldata netoa eta Kutxaren hileko baturak ezin izango du ohiko soldata gainditu, ez eta 1.500 euroko kopurua.
Nafarroako eskola jantokietako langileen 687 sinadura erregistratu ditu gaur LAB sindikatuak Hezkuntza Departamentuan. Langileak kexu dira eskolaldi jarraituaren ezartzeak jantokietako langileen kaleratzeak eta lanaldi murrizketak ekarri dituelako. Hala, sinaduren bidez, Gobernuari bilera eskatu diote, bai eta eskolaldi jarraituari buruzko hurrengo ebazpenetan jantokiko zerbitzuaren eta bere langileen egoera aintzat har dezan ere.
Lukanbiok azaldu duenez, 200 bazkaltiar izan ohi den jantoki batean, eskoladi jarraitua ezarrita, 120era jaisten da bazkaltiarren kopurua. Horrek erran nahi du langileen lanaldia murriztuko dela eta lau lanpostu galduko direla. Horrekin batera, planifikazio faltak eta bazkaltzeko ordutegia murriztu izanak ere oso zail jartzen dute zerbitzuaren kalitateari eustea.
Sinadura bilketarekin langileek Hezkuntza Departamentuari eskatu nahi diote gogoeta egin dezan eta, hurrengo ebazpena argitaratzean, aurrekoetan aintzat hartu ez dituen baina ondorio larriak dituzten hurrengo puntuak txerta ditzan:
• Proiektu guztietan agertu beharko da irakasleen eta jantokiko langileen artean landutako azterketa bat, eskolaldia aldatzeak jantokian izan ditzakeen ondorioei buruzkoa: bazkaltiarren aurreikuspena, ratioen balorazioa, guneen eta aldien egokitzapena, txanden eta ordutegien plangintza, adinaren arabera.
• Kontuan hartuko da ordutegi aldaketak langileei eragiten dizkien ondorioak eta Nafarroako Gobernuak konpromisoak hartuko ditu kaleratzeen eta lanaldi murrizketen aurkako neurriak ezartzeko.
• Nafarroako Gobernuak eutsi beharko die eskolaldi zatituarekin lotuta dauden eskola eta garraio beka eta laguntzei.
• Eskolaldien gaineko ebaluazio eta lehengoratzeko prozesuetan jantokiko langileen azterketa kontuan hartuko da.
Nafarroako eskola jantokietako langileen %95 emakumeak dira eta batez bertze 12-15 orduko lanaldia egiten dute astean. Horregatik, sinadurak Ana Ollori ere zuzendu zaizkio, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariari.
Zein bilbotarrek ez du inoiz udako udal igerilekuetan gozatu? Urteko garai honetan ohikoa da familia, talde antolatu zein lagun kuadrillak topatzea erabilgarri dagoen espazio guztia betetzen. Segurtasun neurriak dira, egun horietaz gozatzea ahalbidetzen dutenak.
Tamalez, gero eta zerbitzu publiko gehiago bezala, Bilboko udal kiroldegietako zerbitzua kudeatzen duen enpresa azpikontratatuta dago, kalitatezko zerbitzua ematea eta langile zein erabiltzaileen gutxieneko bermeak exijitu eta lortzea zaildu egiten delarik. Esleipena duen enpresak, GUEDAN Servicios Deportivos S.A.k, azken aldian berriztu du bere kontratua eta honen irauten duen bitartean kostuak murriztea du helburu Bilboko Udalak. Nola eragiten du honek udako igerilekuetan?
Alde batetik, erabiltzaileei ohartarazi behar diegu: laguntzailerik gabe sartzeko gutxieneko adina murriztu egin da, 14 urtetatik 11ra, hain zuzen ere.
Bestalde, Kirol eta Gazte Saileko Delegatua den Oihane Agirregoitia Zinegotziak, kiroldegien inguruko azalpenak emateko egindako agerralditik bi egunetara, nabarmen jaitsi da igerileku irekiak zaintzera zuzendutako sorosle kopurua.
Ez da sorosle taldean harridura sotzen duen ezer, 2015etik daramate borrokan udalak konpromesu sendo bat har dezan segurtasuna eta zaintzarekin. LABetik salaketaz beteriko jarraipena egin zaio, bai Babes Zibilari, kiroldegien edukieraren inguruan; bai Osasun Sailari, sorosle kopuruen inguruan. Horrela, Errekaldeko aforoa 300 pertsona baino gehiagotan murriztu behar izan dute eta 2016ko udaz geroztik sartu eta irteten direnen zenbatekoa kalkulatzen hasi dira. Egun, jarritako zenbatze sistemak ez dira batere fidagarriak; eta tornuen sistema ezarri ordez hau izan da zinegotziaren erantzuna: “aforoaren kontrolari dagokionean jakina da horren inguruko prozedurak aurrera eraman izan direla”. Beharrezkoak diren sorosle kopuruari dagokienez, Hiri Ingurumen Osasun eta Higiene Azpiatalaren gomendioa argia da zentzu honetan, bi sorosle egon behar dira zaintzen momentu oro.
Aurtengo udara arte, gomendioei jarraituz, igerilekuetan 3 sorosle egon dira normalean, jendetza aurreikusten zen kasuetan 4. batek lagunduta. Aurtengo uda bestelakoa izango da, bi sorosle egongo dira soilik, eta hiru jendetza aurreikusten den egunetan. S.O.S.eko langileek zaintzaz haratago doazen funtzioak dituzte (analitikak, sendatzaile, lehen sorospena kiroldegi osoan), beraz ezin dira momentu oro igerilekuan egon. Egoera hau ematen denean sorosle bakarra egongo da,
honen aurrean honakoa dio zinegotziak: “ulergarria da, holako egoera baten aurrean, ezin direla bi txalo eman eta sorosle bat zerutik erortzea”.
S.O.S.eko langileek, euren esperientziatik, euren kezkak adierazteko beharrean daude, ezinezkoa baita aurreikuspenik egitea. Egun oso beroek eta oso jendetsuek ez baitute sarritan bat egiten. Horrez gain, erantzukizun falta larria iruditzen zaigu igerilekuetara laguntzaile nagusi barik sartzeko ezarritako gutxieneko adina.
LAB sindikatuak ordezkaritza eta gehiengoa du Velatia taldeko enpresa batzutan. Hala, elkarretaratze bat egin dugu gaur GOSAko egoitzaren aurrean, Zamudioko Parke Teknologikoan, taldeko lan-egoera salatu eta zuzendaritzarekin bilera eskatzeko.
Jabier Ormazabal Circulo de empresarios Vascos-eko lehendakaria dela eta harrotuta dabilen bitartean, Velatia taldeko enpresetan lan baldintzak okerrera egiten ari dira.
LABek salatu nahi du badela hilabete bai ordezkaritza dugun enpresetan zein hemen bertan, taldeko egoitzan, idatziz Zuzendaritzari bilera eskaera egin geniola.
Bertan lantokietan hedatuz doazen problematikei eta taldeko irizpidea denaren aitzakiarekin bertan konpondu nahi ez duten egoerei irtenbide orokorra bilatzea da gure helburua. Zehazki:
1. Gure lan osasunarekin jolasten ari dira. Minbizia sor dezaketen produktuekin lanean gabiltza produkzioan. Gainera, kezkaz ikusten dugu gure osasun faltarekin egiten den kriminalizazioa Velatiak kontratatutako mutuen partetik.
2. Azpikontratazio politikan sakontzen ari dira, kontratu duala eta Lantegi Batuak-
eko langileak erabiliz gastuak murrizteko eta onartzen ez dugun irizpidean tematzeko: Ez dira berdin ordaintzen ari egindako lan beragatik.
3. Lan baldintzak ere okertzen ari dira. Zukutu nahi gaituzte: gaueko lanaldi amaigabeak, hiru txandetara jartzeak… Hau da saritzen den eta adibide gisa jartzen den enpresa eredua.
4. Arrazoirik gabe hainbat lan eta unitate produktibo kanpora ateratzen ari dira, honen ondorioak ezezagunak izanik langileon etorkizuna zalantzan jarriz.
Gaurkoan, LABeko ordezkaritza Velatia taldeko egoitza aurrean mobilizatu gara gure aldarrikapenak entzun eta aipaturiko arazoak konpontze bidean jartzeko bilera bat edo behar diren guztiak egin ditzagun eskatzeko helburuz.
Ez gaude prest onartzeko langileon aldarrikapenei entzungor egitea. Behar den momentu eta lekuan mobilizatzen jarraituko dugu enpresak ezarritako prekarietate egoerok gainditu arte. Hau hasiera besterik ez da izan.
EKAINAK 20. Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna
Potentzia handien diru goseak gerra inperialistak sortzen ditu han-hemen, beste batzuen baliabideak eskilmatzea askoz baliotsuagoa delako eurentzat milioka lagunen bizitzak baino.
Eta zer esan kapitalismo neokolonialaz? Estatu berberek eta euren multinazionalek komunitate osoak botatzen dituzte euren etxeetatik, lurra eta ura pozointzen dute, gosea zabaldu, bertako ekonomia zapuztu eta bizi itxaropenik gabe uzten dituzte gu bezalako langileak, gurea bezalako familiak.
Mendebaldeko Estatuek sortzen dituzten sarraskietatik ihesi datoz errefuxiatuak. Europa ere erruduna da eta, askoz gehiago zor diegun arren, bizimodua berbideratzeko aukera baino ez digute eskatzen.
Ikasketak, lana, karrera profesionala ez ditu inork atzean uzten, munduko beste puntan miseriazko diru laguntza bat jasotzeko. Ez gaitzaten engainatu. Ez gaitzaten jarri elkarri mokoka. Kapitalismo barruan langileok ez gara elkarren etsaiak.
Euskal Herria abegikorra izan da betidanik. Gutako asko migranteen seme-alabak edo ilobak gara. Ez da hain zaila imajinatzen… zu izango bazina?
Astebeteko greba iragarrita zuten Gasteizko kale garbiketako langileek, ekainaren 20 eta 26 bitarterako, eta lanuzteen aurretik mobilizazioak ere egin dituzte. Bada, gaur hastekoa zen grebaren atarian, lanuzteen deialdia geratzea erabaki dute langileek, udal gobernuarekin bildu eta honen proposamenak entzun eta gero. Horrenbestez, batzar orokor bat egingo dute bihar langileek, greba bertan behera utzi edo ez erabakitzeko.
-Brecha salarial entre hombres y mujeres en los centros de trabajo de Hego Euskal Herria
Emakume eta gizonen arteko soldata arrakalari aurre egiteko proposamenak Nafarroako Parlamentuan aurkeztu genituen astelehenean, eta gaur, Hego Euskal Herriko lantokietako egoeraren azterketaren aurkezpenean, komunikabideen aurrean eman ditugu jakitera. Hori bai, datu kezkagarri baten berri eman dugu: 286 lantokitatik 43k baino ez dute erantzun gure galdetegia. Horrenbestez, isiltasuna izan da nagusi gai honen inguruan, eta honek txostenean aipatutako ondorioetako batera eramaten gaitu: hots, borondaterik ez dagoela soldata arrakalarekin amaitzeko.
Hauek dira proposatutako neurri zehatzak:
• Berdintasun planak egitearen derrigortasuna enpresa guztietara zabaldu dadila, 250 langile edo gutxiago eduki arren.
• 
Kontziliaziorako eta korrespontsabilitaterako benetako neurriak hartu daitezela.
• Administrazioan aitatasun baimena amatasun baimenarekin parekatzeko hartu den neurria enpresa pribatuetara zabaltzea eta derrigorrezkoa egitea.
• Zerbitzu publikoen garapena ziurtatzea. Murrizketa guztiak atzera botatzea eta azpikontratazioarekin amaitzea frogatua dagoelako eragin zuzena dutela emakumeengan. Publikotik betetzen ez diren zaintza lan guztiez emakumeak arduratu behar dira oraindik orain.
• Zaintza lanen aitortza politikoa, ekonomikoa eta soziala.
• Etxeko langileentzat lan baldintza duinak eta zaintzarako dirulaguntza berdinak.
• Zaintzarako sistema publikoa garatu
• Zaintzeko, ez zaintzeko eta zaindua izateko eskubidea bermatuko duten neurriak martxan jartzea, unibertsalak eta singularrak.
• Haur eskolak doakoak izan daitezela.
• Negoziazio kolektiborako eskubidea ziurtatzea, hori izango delako neurri eraginkorrak lan merkatuan inplementatzeko bidea.
• Estatalizazioaren kontrako neurriak hartu ditzala.