2026-05-03
Blog Page 810

Hurbilketa bat izan dugu EAEko unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoaren irakasleen mahai sektorialean

0
Gaurko irakasleen mahai sektorialera aurreko bileran landutako proposamena zehaztuagoa eta berrikuntza batzuekin ekarri du Administrazioak.

Lehenik eta behin, langileria zoriondu beharrean gaude, azken hilabeteotan erakutsitako konpromisoak greba eta mobilizazioen bidez, emaitzak ematen jarraitzen duelako.

Gaurko mahaian pasa den apirilaren 18tik genituen zenbait edukietan urratsak eman dira, arlo batzuk zehaztapen handiagorekin aurkeztu dituzte.

Horretaz gain, Administrazioak eduki berriak mahaigaineratu ditu, hala nola, besteen artean, ordezkapenak etapa guztietan betetzea lehen egunetik. LAB sindikatuarentzat negoziaketetan hasi ginenetik ezinbesteko eskakizuna izan da.

Lizentzia eta baimenen kasuan, seme alabak zaintzeko eszedentziari dagokionez, Sailak proposatu du behin behineko irakasleen eskubideak finkoenekin parekatzea, beti ere ikasturte osoko plaza batean dauden langileentzat. Egoera bereziki zailetan dauden ikastetxeen edo taldeen kasuan baliabideak gehitzeko asmoa ere azaldu dute.

Gauzak horrela, urratsez urrats bagoaz aurrera. Orain arte egindako bideak Hezkuntza Saila edukiak aurkeztera behartu du. Hala ere, pasa den astean LABek egindako eskaera batzuk (ordezkapenak lehen egunetik kidego guztietan) onartu dituzten arren, beste batzuk zehaztu gabe jarraitzen dute, adibidez, adinagatik irakastorduen murrizketa eskubidea behin behineko irakasleentzat albo batera uztea ez da onargarria.

Datozen egunotan bilkurak burutuko ditugu sindikatuko kideekin proposamena aztertu eta balorazio sakonagoa egiteko.
 

 

 

Bizkaiko Foru Aldundiko garbitzaileek instituzioak entzungorrarena egiten duela salatu dute

0

Teresa Laespada diputatuaren bulegoaren aurrean protesta egin dute, LAB, ELA, UGT, ESK eta CCOO sindikatuok deituta.

Garbialdiko langileen protesten harira, Bizkaiko Aldundiko LABeko sail sindikalak ohar hau argitaratu du:

Honezkero jakingo duzuenez, Garbialdiko langileek, gure bulego eta eraikin garbitzen dituzten gure lankideek, zazpi urte luze daramate konbenioa berriztu gabe, eta besteak beste, soldatak eurak ere berriztu gabe.

Gainera Garbialdi – plantillan murrizketak egin eta euren lan kargak handitzeaz gain – negoziatzeko borondaterik batere ez da erakusten ari. Eskaintzen dieten bakarra zera da: 2011, 2012, 2013, 2014, 2015, 2016 urteetarako zero, 2017rako %0.3, eta 2018 eta 2019rako zero.

Hau onartezina da, ez dago Garbialdiren jarrera zein den adierazteko beste hitzik: ONARTEZINA.

Baina zoritxarrez, Aldundia ere ez da jokatzen ari dagokion erantzukizun eta ardurarekin: Aldundiak lehenengo zerbitzua pribatizatzen du, bigarren Garbialdi enpresak zerbitzuaren betekizunean egiten diharduen ez betetzeen aurrean ez du ezer egiten, eta azkenik langileen egoerari ere muzin egiten dio, …laburbilduz, bere ardura zuzenekoa daen zerbitzua pribatizatu hain zuzen ere, bakar batek negozioa egiteaz gain, Aldundiaren Gobernu Taldeak zerbitzu honen gaineko ardurari bizkar emateko.

Hau ere onartezin da, ezin dugu onartu garbitzaileen lan egoeraren aurrean Aldundia erakusten ari den arduragabezia, eta Garbialdi enpresarekiko konplizitatea.

Aldundiaren jokabide honek okerrera egin du azken aste hauetan, izan ere, garbitzaileek bilera bat eskatua baizuten Enplegua, Gizarteratzea eta Berdintasuna Saileko Diputatuarekin, eta honek bilera egiteko ezetza eman baitu. Martxoaren 8an lila koloreko lazua soinean ateratzea, eta gero inongo konpromiso eta ardura politikorik ez hartzea berdintasunaren aldeko aldarrikapen soziala politikoki instrumentalizatzea da: ONARTEZINA!

Ezin dugu onartu! Garbitzaileek euren mobilizazio agendarekin aurrera darraite, eta dei egiten dizuegu egoerari adi egoteko. Gu gure aldetik, Aldundiko langileok gure elkartasuna, eta gure bat egitea aktiboki adierazi ahal izateko bideak eta formulak topatzen saiatuko gara.

 

 

 

“Bizi egunak” Bilbon maiatzaren 6an #BiziEgunak

0

Igande honetan atzo LABek aurkeztutako "Bizi egunak" dinamikaren lehen eguna egingo da Bilbon. Merkataritza, hiri eta kontsumo eredu alternatibo bat posible dela hausnartu eta jendarteratzeko ekimen ezberdinak egingo ditugu goizean zehar.

11:00etan INFORMAZIO BANAKETA KONTSUMITZAILEEI
(Santutxuko Carrefour Expressaren aurrean)

Bilbiko "Xake" espazioa
(Bilbo zaharrean auzokideek autogestionatutako espazio eta proiektua)

EGUN OSOAN ZEHAR Kontsumismoa eta eredu komertzialari buruzko kartel erakusketa

12:00tatik aurrera:
– Haur eta gurasoen arteko marrazki lehiaketa. Gaia: AISIA
– Kontsumismoari buruzko dokumental emanaldia

13:00etan:
– Bizi egunak Vermuteoa
– Kontzertua
 

 

 

Kalitatezko eskola publikoaren alde mobilizatuko gara Iruñean

0

Nafarroako Irakaskuntzako bederatzi sindikatuok hezkuntza itunaren negoziazioen alde egiten jarraitzen dugu, eta larunbaterako antolatua dugun manifestazio bateratua egiteko arrazoiak azaldu ditugu gaur. Iruñeko autobus geltoki zaharretik irtengo da manifestazioa, 18:00etan.

HEZKUNTZA PUBLIKOAREN INTERSINDIKALEKO PRENTSAURREAREN KOMUNIKATUA:

Otsailaren 16an, hezkuntza kalitatearen hobekuntza lortzeko itunaren negoziazioak hautsi ondoren, ia urtebete igaro eta gero, hezkuntza publikoko sindikatu guztiok elkarrekin gabiltza mobilizazioak eta asanbladak egiten ikastetxeetan (70 baino gehiago), delegatuen elkarretaratzeak eta prentsaurreak. Oraingoz, 64 ikastetxek igorri diote atxikimendua Departamentuari gure aldarrikapenekiko. Gauza bera adierazi dute guraso elkarteen hiru fedarazioek: Britila, Herrikoa eta Sortzen.

Bestalde, talde parlamentario guztien hezkuntza arduradunekin harremanetan jarri gara, hezkuntza publikoaren finantzaketa bermatuko duen legegintzako ekinbidea abian jartzea proposatzeko. Horrela, berehala eta modu gehikorrean, handituko lirateke diru partidak xede honekin, sare publikoaren kalitatea bermatzeko.

Sindikatuen ekintzei eta mobilizazioei esker, martxoaren 27an berriz ere erdietsi da negoziazioari ekitea. Hala ere, apirilaren 27ko mahai sektoriala izan arte ez dugu jaso Hezkuntza Departamentuaren proposamen zehatzik, negoziazioa askatzeko abiapuntu gisa erabiltzeko. Gainera, apirilaren 30ean berean bidali zuten idatziz. Aurreko mahai sektorialaren ondoren informatu genuen bezala, kontseilariak konpromisoa hartu zuen finantzaketa eta egokitze juridikoa bilatzeko Bigarren Hezkuntzako orduak leheneratzeko 19-20 ikasturtean; baina, oraingoz, asmo hutsak besterik ez dira, aurrekontu zuzkidura bermatu gabe. Halaber, dio ikasturte honetan ezinezkoa bada, hurrengoan eginen dela, lehen esan zen bezala, ondoko legegintzaldian. Orobat, Departamentuak adierazi du prest dagoela irizpide berri eta hobeak erabiltzeko irakasleen ordezkapenak egiterakoan, baina ez du zehaztu zertan gorpuztuko den hobekuntza hori. Hurrengo mahai sektoriala bihar izanen da, maiatzaren 4an. Bertan saiatuko gara argitzen proposamenak ba ote duen berme aski negoziatzen jarraitzeko.

Tamalez, Departamentua ahalegindu da jendea nahasten eta geldiarazten. Ikastetxetara igorri ditu, bai, berri borobil batzuk, ustez: ratioak gutxitu direla 16-17 ikasturtean; ordezkapenak doitu dira teknikoki ahal zen guztian eta zuzeneko irakaskuntzaren orduen gutxitzea 18-19 ikasturtean hasiko dela. Jakina, hori ez da egia kasu guztietan.

Gobernuak iragarri du aurreko legegintzaldietan ezarritako murrizketak irauliko dituela ituna izan edo ez, sindikatuen ekinbidea alferrikakoa delakoan. Hitzarmena nahitaezkoa da, erabat, konpromiso zehatzak hartzeko eta ez alde bakarreko erabaki bidegabeak, lan baldintzei eta hezkuntzako lehentasunei dagokienez, eta edukitzeko legezko tresna bat, haiek betetzera behartuko dituena.
 

 

 

Gogor salatzen dugu Adegiren jarrerara Gipuzkoako eraikuntzako negoziazioan

0
Gipuzkoako eraikuntzako hitzarmena berritzeko negoziazio mahaiaren bilera berri baten bezperan, Adegik bilera atzeratzea eskatu du “denbora izateko, proposamen bat osatzeari begira”. Horren ondorioz, hurrengo bilera maiatzaren 16an izango da, bihar beharrean.

LABek gogor salatzen ditu Adegiren blokeoa eta jarrera arduragabea. Ez dago aitzakiarik bihar bilera ez egiteko, Adegi bera izan baitzen biharko data, alegia maiatzaren 4koa, aukeratu zuena proposamena landu ahal izateko. Ia bi hilabete daramatzagu bilerak hasi zirenetik hitzarmen kolektiboa berritzeko. Badira aste batzuk Adegik ezagutzen dituela sindikatuen aldarrikapenak.

Egoeraren larritasunaren aurrean, LABek honakoa exijitzen dio Adegiri:

-Maiatzaren 16a baino lehen aurkez diezaiela bere proposamena sindikatuei, 16ko bileran negoziazioetan hasteko.
– Sindikatuok aurkeztutako proposamenei erantzungo dien proposamena bat idatziz ekartzea.

Hau horrela ez bada, LABek gainerako sindikatuei berehala mobilizatzen hasteko planteatuko die. Greba gero eta gertuago dago Gipuzkoako eraikuntzan.
 

 

 
 

“Bizi egunak” dinamika aurkeztu dugu #biziEgunak

0

Merkataritza, hiri eta kontsumo-ereduari buruz gogoeta egitea bilatzen du, igandeetan egingo diren ekimenen bidez.

LABek salatu nahi du estrategia global eta perfektuki orkestatua mundo garatuan ematen ari den merkataritza, kontsumo eta hiri ereduaren inguruan eta gure herrian EAJ, PP, Geroa Bai eta PSE/PSNek bultzaten dutena.

Herrialde guztietan ditugu horren adibideak:

Nafarroan, kate handiek urteko 10 igande edo jai-egunetan irekitzen dituzte ateak eta egungo gobernuak, akordio programatikoan jasota duen arren kanpainak egingo dituela herritarrak kontsumo arduratsuaren inguruan kontzientziatzeko, ez du horrelakorik egin.

Araban, El Corte Ingleseko supermerkatuen marka den Opencor saltoki bat irekitzeko mehatxua, presio neurri bezala erabiliko da gainontzeko marken aurrean herrialde honetan dagoen ez irekitzeen inertzia apurtzeko.

Gipuzkoan, BM supermerkatu kateak, Pandoraren kutxa ireki du bus geltokian dagoen eta urteko 365 egunetan irekitzen duen denda batekin. Honi gehitu behar zaio Aldundia eta Donostiako Udalak turismoaren inguruan egindako kanpaina eta turistentzako irekitako denden logika.

Bizkaian, EAJk aspaldi kendu du mozorroa eta denbora darama bide guztietan, merkataritza igande eta jaigunetan irekitzea bultzatuz, hitz bakarra ere aipatu gabe sektoreko lan-baldintza, soldata eta lanaldiaren inguruan hitz bakarrik ere aipatu gabe eta honen kontra gaudenoi (patronalak, sindikatuak, kontsumitzaileak, auzo elkarteak) leporatuz gure jarrerarekin lortuko dugun bakarra azak jatea eta kandelekin argitzea lortuko dugula. Ez al zaizue ezagunea egiten.

Ipar Euskal Herrian, borondatezkoa da jai-egunetan lan egitea, baina LABek atzeman du benetan ez dela horrela. Kate handiek behartu egiten dituzte langileak lanera joatera eta alfonbra gorria jartzen diete makro- merkalgune berriei.

Errealitate honen aurrean LABn iritziz, egun sindikatuetatik irekitzeko ahaleginei ematen zaie erantzunetik harago, asko dagoela egiteko:

• Jendartea kontzientziatu igande eta jai-egunetan ez kontsumitzeko.
• Merkataritzako langileek kontziliazioa pertsonal eta familiar eta laboralerako duten eskubidea
aldarrikatzea.

• Merkataritza txikian eta beste sektore batzutan ematen den enplegu suntsiketaren aurka azaltzea, eta baita inposatu nahi diguten hiri eta kontsu-ereduaren kontra ere.
• Beharrezkoa dugu estatuak utz diezaiola merkaritzako araudia eta nahi eta behar dugun kontsumo eredua hemen erabakitzeko dugun gaitasunari eraso egitea. Hemen lan egiten badugu, hemen erabaki behar dugu.

Hauxe da LABek maiatza eta ekainean Nafarroa, Araba, Gipuzkoa, Bizkaia eta Ipar Euskal Herrian egingo duen “Bizi egunak” ekimenaren arrazoia.

Ekintza guztiak igande goizez izango dira eta aipatu herrialdeetako hirietan plaza publikoetan egingo dira. Baina ekintza bakoitzak bere egitaraua izango du mota guztietako pertsonek hartzeko aukera izan dezaten.

Adin guztietarako ekintza ludikoak izango dira, adibidez, aisia gaitzat izango duen marrazketa lehiaketa bat Guggenheim Museoko langile kaleratuak izango dituena epaile eta sari banatzaile bezala.

Umeentzako jolasak egingo dira birziklatutako produktuekin, graffiteroen talde ezagun bateak murala egingo du “Jai egunetan, denok jai” lemarekin. Kontsumo ereduari buruzko dokumentala ere proiektatuko da, igande eta jai-egunetako lanaren inguruko informazio puntuak, kontzertuak, etab.

Hitzaldi eta eztabaidak ere izango dira gai ezberdinen inguruan, hala nola, kontsumo-eredua, hiri-eredua edo merkataritzako langileek lan-baldintzak.

“Bizi Egunak” egingo diren hirietako udaletan mozioak erregistratuko ditugu. Hauetan eskatzen diegu Udalei gai honi aurre egin diezaioten eta jarrera har dezaten bultzatu nahi duten merkataritza-, kontsumo- eta hiri- ereduaren inguruan.

Bizi Egunak maiatzaren 6an izango dira Bilbon, 13an Iruñean, 27an Donostian, ekainaren 3an Gasteizen eta ekainaren 17an Hazparnen.

Amaitzeko, adin guztietako pertsona guztiei dei egiten diegu modu aktiboan Bizi Egunetan parte har dezaten.
 

 

 

Gatazka politiko eta armatuaren ondorioak gainditzea falta da orain; horretarako ere jendarte zibilaren inplikazioa beharrezkoa da


ETAren ibilbidearen behin betiko amaieraren iragarpenak ziklo historiko oso baten itxiera dakar. Ziklo berri bati begira herri eta herritar gisa dagozkigun eskubide guztiak bermatuko ditun jendartea eraikitzeko momentua da orain.

ETA erakundeak bere ibilbidearen amaiera iragarri du. Iragarpen honek ziklo historiko oso baten amaieran kokatzen du Euskal Herria. Iragarpen honekin, halaber, erakundeak amaitutzat ematen du 2010az geroztik garatzen ari zen prozesua. Egitura guztiak desegin eta ekinbide politikoa bukatutzat eman du.

Pausoz pauso, egindako iragarpenak betetzen ari da ETA, atzera bueltarik ez duten urrats hauekin. Frankismo garaian sortu zen ETA, Euskal Herriak bizi zuen gatazka politikoari irtenbide demokratikoa eskaini asmoz. Beraz gatazka politikoa ETAren sorreraren aurrekoa da, bere desagerpenarekin ere mantentzen dena. Demokrazian bide baketsuetatik proiektu politiko guztiak bideragarriak direla entzun izan dugu behin eta berriz, baina parean dugun estatuak, bere jarrerarekin, hori ukatzen jarraitzen du. 60 urte iraun dituen ziklo historiko oso baten itxieraren aurrean gaude eta horrek berak beste ziklo berri bat irekitzeko baldintzak sortzen ditu. Ziklo amaiera honetan erabakigarriak izan diren bi ezaugarri azpimarratu nahi ditugu, aldebakartasuna (oztoporik falta izan ez badu ere, erakundeak bere bide orria urratsez urrats bete du, berme guztiekin) eta gizarte zibilaren inplikazioa. Erabakigarriak izan dira ezaugarri biak.

Euskal Herrian urteetan bizi izan dugun gatazka politiko eta armatuaren ondorioak gainditzea falta da orain eta horretarako ere gizarte zibilaren inplikazioa beharrezkoa izango da. Ez hori bakarrik, eragileon konpromiso eta inplikazioa azalarazteko momentua da orain.

Inplikazioa eta konpromisoa beharrezkoak dira gaur gaurkoz geratzen den giza eskubideen urraketa nagusiarekin amaitzeko, euskal preso, deportatu eta iheslarien egoerari dagokiona, alegia. Dispertsioarekin eta salbuespenezko neurriekin amaitu beharra dago berehala; eta preso, deportatu eta iheslari guztiak etxeratzeko bide orria adostu eta martxan jarri behar da.

Herri honetan gatazka politiko eta armatua egon da eta askotariko biktimak eragin ditu, mina eta sufrimendu mota ugari eragin du. ETAk aitortu du egindako kaltea, “zinez sentitzen dut” bat zuzendu die biktima guzti-guztiei eta barkamena eskatu die gatazkan parte hartze zuzenik izan ez duten biktimei. Ezin dugu berdina esan mina eta sufrimendua eragin duten beste eragileei dagokionean. Onuragarria litzateke, denontzat, nork bere gogoeta zintzoa egin eta plazaratuko balu.

Edozein kasutan ere, biktimei egin ahal diegun ekarpenik onena da pausoak ematen jarraitzea, arduraz, bake eta justiziazko eskenatoki bat sortzeko. LAB sindikatuak bide horretan ekarpena egiteko bere konpromisoa adierazten du.

Minik, sufrimendurik eta presorik gabeko garai berri bat irekitzeko momentua da. Herri eta herritar gisa dagozkigun eskubide guztiak bermatuko dituen jendartea eraikitzeko momentua da. Helburu horren alde borrokan jarraituko du LAB sindikatuak.
 

 

 

EAEko Gizarte Ekimeneko ikastetxeetan deitutako greba erregistratu dugu

Maiatzaren 15 eta 16an egingo dugu greba.

Joan den apirilean egindako agerraldian esan bezala, patronalaren proposamen ezaren aurrean mobilizazioak indartu behar ditugu, bi greba-egun gehiagorekin. Maiatzaren 15a eta 16a izango dira, eta greba-deia EAEko Gizarte Ekimeneko ikastetxe guztietako langileentzako da: Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, DBH, Batxilergoa, Lanbide Heziketa, Hezkuntza Laguntzako Espezialistak eta Administrazio eta Zerbitzuetako pertsonala.
 

 

 

Hitzarmenik gabe daudela salatu dute Gea-Kelvioneko langileek

0

Igorreko enpresako langileek lau orduko lanuztera deitu dute gaurko.

Igorren dagoen Gea-Kelvion enpresa multinazional bat da. Bertan 80 bat langile inguru lan egiten dute. 2017tik ez dute hitzarmenik eta behin eta berriz egin diote enpresari negoziatzeko eskaera.

Negoziaketak porrot egin ostean, langileak elkartaratzeak egiten egon dira bi astetan zehar. Enpresak ez du negoziatzeko inolako borondaterik agertu eta langileek lanuzteei ekitea erabaki dute. Hala, lau orduko lanuzteak eta mobilizazioak egin dituzte gaur. Protesta nagusia 13:00etarako dago iragarrita, manifestazio bat abiatuko baitute ordu horretan gasolindegitik.