2026-11-04
HomeZerbitzu PublikoakGarraioaBilbobus zerbitzuko erdibideko geltokien egokitzapena langileekin adosteko eskatu dugu

Bilbobus zerbitzuko erdibideko geltokien egokitzapena langileekin adosteko eskatu dugu

Bilboko Udalak iragarri du, Mugikortasun zinegotzi Alfonso Gilen bitartez, uztailean jarriko dituela abian erdibideko geltokiak Bilbobusen, indarkeria sexista saihesteko neurri gisa.

LABek ez du ulertzen nola den posible erabaki hau aurrera eraman nahi izatea langileak kontutan hartu gabe eta euren iritzia ezagutu gabe neurria ahalik eta egokien gauzatzeko, erabakia joan den urtarrileko udalbatzan hartu zutenean; hortaz, sei hilabete izan dituztenean gaia langileekin eztabaidatzeko. Tokian toki, auzoz auzo, egunero lanean ari garenak gu garela esan ohi du Alfonso Gilek, baina hitz horiek ez ditu bete.

Udalaren aldetik, kezkagarria da oraindik interesa agertu ez izana Bilbobuseko emakume langileen egoerarekin. Izan ere, langile hauek euren kezka azaldu izan dute komunikabideetan, eta enpresa batzordetik ere pairatzen dituzten arrisku egoeren berri eman dugu: komunera joate hutsa, esaterako, arazo dute; kasu honetan, Gautxori G1, Moyua plazan bakarrik egon beharrean, gaueko orduetan plaza Zirkularrean gainontzekoekin egotea eskatu izan da. Langileen aurkako erasoen inguruko kezka ere hor dago, eta prebentzioaren beharra aipatu izan da, eraso bat gertatzen denean bakarrik egiten baitituzte kanpainak. Hauek adibide batzuk besterik ez dira.

Udalak dominak jartzeko baliatu nahi du erdibideko geltokien zerbitzu hau, eta hori ezin da onartu, gai sentsible bati buruz hitz egiten ari garelako. Eta gaia garrantzitsua delako, uste dugu lankidetza bat beharrezkoa dela gaueko zerbitzuan parte hartzen duten langileekin; hots, Bilbobuseko langileekin. Bada, gaur gaurkoz, lan hori ez da egin.

Gasteiz eta Donostian proba pilotoak egin dituzte, ezinbestekoak direnak neurria behar bezala martxan jartzeko. Erabiltzaileei eskuorriak banatu zaizkie ere. Bilbon, berriz, prentsa ohar eta barne komunikazio bana argitaratzearekin nahikoa dela ikusi dute.

Bestalde, LABek argi du neurri honen egokitzapenak ezin dituela langileen lan baldintzak okertu. Hortaz, zerbitzu hauen denborak aztertu beharko dituzte, ordutegiak betetzeko orduan estres egoerak saihesteko.

Mota honetako geltokientzako ere beharrezkoak dira araudi edo protokolo batzuk finkatzea, baldintzak eta erabilerak zehazteko.

Udalak jakitun izan behar du neurri honen gauzatzeak inbertsio gehiago ekarriko duela, langile gehiago beharko direlako kaleko ikuskaritza egiteko auto elektrikoen bitartez edo ordezkapenak egiteko denborak eta atsedenak bermatze aldera, besteak beste.

Neurri hauek informazio eta sentsibilizazio kanpaina indartsuak behar dituzte izan. Indarkeria sexistaren aurka eragitea da helburu nagusia, eta argi utzi behar da neurri hauek jendartearen onerako direla.

Bilboko Udalari premiazko bilera bat eskatzen diogu, neurriari buruz behar bezala hitz egiteko eta sakoneko gogoeta bat gauzatzeko. LABek konpromisoa hartzen du proposamen teknikoak egiteko, baita segurtasunarekin lotutakoak ere, beti ere erabiltzaile, langile eta herriaren mugikortasunaren onerako.

Hau guztia esanda, aipatutako neurria gelditzeko eskatzen dugu, erabakia eragiten dien pertsonekin hitz egin arte eta hauek behar bezalako formazioa jaso arte. Beste aukera bat da uztailaren 1etik aurrera proba piloto bat egitea, linea guztietan egokitu beharrean.

LAB indarkeria sexistaren aurka borrokatzeko hartzen diren neurri guztien alde dago, baina beti langile eta erabiltzaileekin lankidetzan, ez hauteskunde kutsu eta marketing ikuspuntu batetik, hauxe baita Alfonso Gilen asmoa. Bilboko Udalak LABen laguntza osoa jasoko du lankidetzan lan egin nahi izanez gero, beti ere emakumeentzako hiri integratzaile bat lortzeko bidean, hauen eskubideak urratuak izan ez daitezen mugikortasunan arloan; hots, berdintasunean eta segurtasunean bizi daitezen.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek ontzat jo du CAFek amiantoaren eraginpean langileak jartzeagatik egindako arau-hauste oso larria berresten duen ebazpena, eta enpresari erantzukizunak eskatu dizkio

Sindikatuak azpimarratu du gertakariak salatzeko eta langileen osasuna defendatzeko egindako lana, eta CAFri exijitu dio kaltetutako langileekin dituen erantzukizun guztiak bere gain har ditzala.

Bost langile hil dira lan istripuz azken 24 ordutan Euskal Herrian

Atzo, azaroak 3, bi heriotza gertatu ziren, Larrabetzun bata eta Laudion bestea, lehen ikerketen arabera biak istripu ez traumatikoak. Gaur, berriz, Nafarroa hegoaldean, Pitillasen, hiru langile hil dira gaur purina-gune itxi batean itota. Hala, 67 dira dagoeneko 2026an istripuz hildako langileak.

Calzadako maizterrek Farley funts putrearekin negoziazio kolektiboa abiatu nahi dute, eta Balmasedako Udalaren babesa eskatzen dute

Gaur, Farley funts putreari aurre egiten ari diren La Calzadako maizterrek hitza hartu dute Balmasedako udalbatzaren osoko bilkuran. Bi eskaera argi helarazi dituzte: Balmaseda behingoz tentsio handiko eremu gisa izendatzea, eta Farleyk negoziazio kolektiboa onar dezan eta alokairu-kontratu guztiak berritu ditzan lortzeko babesa ematea.