2026-11-05
HomeErrepresioaIndar errepresiboak unibertsitatetik eta Euskal Herritik at!

Indar errepresiboak unibertsitatetik eta Euskal Herritik at!

Beste behin, operazio polizial baten aurrean topatzen gara. Oraingoan, Guardia zibilak UPV/EHUko hiru ikasle atxilotu ditu eta Letren, Farmazia eta Lan harreman eta gizarte langintza fakultateetako ikasle gelak miatu ditu, hainbat material eramanez (ordenagailuak, kartelak, dokumentuak…).

Agindua Auzitegi nazionaletik zetorren eta komunikabide batzuetan argitaratutako informazioen arabera, 2017ko irailaren 27an, Gudari egunean, Zigor Aranbarri hildako ETAko militanteari egindako omenaldiarekin lotuta egongo litzateke. Hain ohikoak bihurtu dituzten “Terrorismoa goratzea” eta “biktimak umiliatzea” aurpegiratzen dizkieten delituak dira.

UPV/EHUko LABen sail sindikaletik gogor salatu nahi dugu operazio errepresibo hau eta elkartasuna helarazi atxilotutako ikasleei. Beste behin ere, agerian geratzen da batzuek daukaten iraganekiko nostalgia. Argudiorik ez daukatenean indarkeria baino ez daukate. Euskal Herrian historikoki pairatu dugun errepresioa presente mantentzen da halako erasoekin. Gaueko atxiloketak eta erregistroak gaurkotasuna mantentzen dute. Itxaropen zuhurrerako seinale batzuk antzematen diren aldi honetan, gaur bezalako operazioek, berriro, gogorarazten digute Estatu espainiarraren benetako natura eta Euskal Herriarekiko daukaten benetako proiektua: eskubideen urraketa eta beren kontaketa kolokan jartzen duen pertsona ororen kriminalizazioa, neurrira fabrikatutako uztezko delituekin.

Indar poliziaren presentzia ez da berria UPV/EHUko campusetan. Oraingoan Guardia zibila izan bada ere, behin baino gehiagotan sartu da Ertzaintza bera ere UPV/EHUk kudeatutako eremuetan, baimenarekin ala baimenik gabe. Oraingoan gauekotasunez burutu dute, langile eta ikasleak heldu baino lehen, eta zentroetako zuzendaritza taldeek jakinarazpena jaso gabe. Ikasle gelen erregistroen lekuko bakarrak campusean zeuden zelatariak izan dira.

Ezin dugu onartu indar errepresiboak gure unibertsitatean nahi duten momentuan eta nahi duten moduan sartzea, ezta sartze hutsa ere. Zentzu honetan UPV/EHUko zuzendaritza taldeari unibertsitatearen esparrua, autonomia eta beren ikasleen eskubideak defendatzea eskatzen diogu, halako operazioen kontra jarrera irmoa adieraziz eta indar polizialei gutxienekoak betetzeko exijituz.

Atxilotuak askatu!

Indar errepresiboak UPV/EHUtik at!

Ez ditugu nahi. Ez ditugu behar.

UPV/EHUko LABen sail sindikala
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek ontzat jo du CAFek amiantoaren eraginpean langileak jartzeagatik egindako arau-hauste oso larria berresten duen ebazpena, eta enpresari erantzukizunak eskatu dizkio

Sindikatuak azpimarratu du gertakariak salatzeko eta langileen osasuna defendatzeko egindako lana, eta CAFri exijitu dio kaltetutako langileekin dituen erantzukizun guztiak bere gain har ditzala.

Bost langile hil dira lan istripuz azken 24 ordutan Euskal Herrian

Atzo, azaroak 3, bi heriotza gertatu ziren, Larrabetzun bata eta Laudion bestea, lehen ikerketen arabera biak istripu ez traumatikoak. Gaur, berriz, Nafarroa hegoaldean, Pitillasen, hiru langile hil dira gaur purina-gune itxi batean itota. Hala, 67 dira dagoeneko 2026an istripuz hildako langileak.

Calzadako maizterrek Farley funts putrearekin negoziazio kolektiboa abiatu nahi dute, eta Balmasedako Udalaren babesa eskatzen dute

Gaur, Farley funts putreari aurre egiten ari diren La Calzadako maizterrek hitza hartu dute Balmasedako udalbatzaren osoko bilkuran. Bi eskaera argi helarazi dituzte: Balmaseda behingoz tentsio handiko eremu gisa izendatzea, eta Farleyk negoziazio kolektiboa onar dezan eta alokairu-kontratu guztiak berritu ditzan lortzeko babesa ematea.