Hezkuntza Departamentuak jarrera guztiz itxiarekin jarraitzen du, eta horren aurrean, egiazko negoziazioa egon dadin, gure indar osoa mahai gainean jartzeko prest gaudela erakutsiko dugu.
Aurreko udaberrian iragarri bezala, 2024-2025 ikasturtearen hasiera oso ezohikoa izan da, konfrontazioz betea, eta gure aldarrikapenei erantzun ezean, hala izaten jarraituko du . Egoerak eraman gaitu horretara, baina Nafarroa Garaiko arlo publikoko irakasleok, hezkuntza komunitatearen gainerako kideen laguntzaz, indar erakustaldi itzelak eman ditugu erantzun modura.
Joan den iraileko eta urriko grebek ez dizkiote, nonbait, begiak irekiarazi Hezkuntza Departamentuari. Antza denez ez du ulertu zeintzuk diren Nafarroako hezkuntzaren benetako beharrak. Izan ere, sindikatu guztiok egiten ari ginen negoziazioa (hala deitzerik badago) alde bakarrez utzi baitzuen bertan behera. Zertarako eta soilik hiru sindikatuekin langileen gehiengoaren beharrei erantzuten ez dien akordio eskas bat sinatzeko.
Hori dela eta, pasa den azaroaren 27an gehiengo sindikala osatzen dugun LAB, STEILAS, CCOO eta ELA sindikatuok beste greba jardunaldi bat deitzeko erabakia hartu genuen, eta gaur goizean erregistratu dugu Hezkuntza Departamentuan bertan.
Mobilizazioen prestaketan buru-belarri dihardugu oraintxe, eta datozen egunetan emango dugu horien berri. Gure ustez, Nafarroa Garaiko hezkuntza sistemaren gaur egungo baldintzak eta kalitatea hobetzea lortuko badugu, mobilizazioa da bide bakarra; indar erakustaldien bidez soilik lor baitaiteke Departamentuak bere jarrera aldatzea eragingo duten baldintzak sortzea.
Gu egiazko negoziazio bati ekiteko prest gaude, bai eta horretarako behar diren baldintzak sorrarazteko ere. Horretarako, ordea, irakasle guztion laguntza behar dugu beste behin ere. Segi dezagun borrokarekin!
Tolosako Asuncion Klinikako langileek zerbitzu publiko bat eskaintzen dute. Honenbestez, funtsezkotzat jotzen dute subrogazioaren bidez, eurak ere %100ean publikoa izango den zerbitzu horren parte izatea.
Jarraian irakurri dezakezue LAB eta ELAk osatzen duten enpresa-batzordearen oharra:
Tolosako AsunciĂłn Klinikako Enpresa-Batzordeko LAB eta ELAko ordezkariak gara eta lanbide askotarikoak dituzten langileen ordezkariak: erizainak, laguntzaileak, teknikariak, zeladoreak, sukaldariak, garbiketa eta abar.
Gogora ekarri behar dugu 1973tik aurrera Asuncion Klinikak hainbat hitzarmen sinatu zituela Ssasun Sailarekin; 2011n, AsunciĂłn Klinikaren eta Osakidetzaren arteko lehen kontzertua sinatu zen, 65.000 biztanletik gorako eskualdeari zerbitzua emanez eskualdeko erreferentziazko ospitale gisa, baina barneko kudeaketa pribatua izanik. Erabaki hori hartzearen zergatiak zeintzuk izan ziren guk ez dugu ezagutzen, Basurtuko Ospitaleak eta Debagoienak, Arrasaten, beste amaiera bat izan baitzuten, publifikatu egin ziren.
Erabaki haiei loturik mobilizazio sozialak burutu ziren, eta gu ere, beste hainbat eragile eta alderdi politiko batzuekin batera, bat etorri ginen hauen aldarrikapenekin. Langile eta erabiltzaile garenez, bat egiten dugu osasun zerbitzu publikoak izatearen helburuarekin, Euskal Herriko beste eskualdeetan bezala.
Tolosaldeko erreferentziazko ospitalea gara, eta emaitza onak lortzen ditugu eta gainerako ESIen artean nabarmentzen gara, nahiz eta gurea sasi “ESI” bat izan. Kudeaketa pribatua denez, ez ditugu gure lan berdina egiten duten langile publikoen lan-baldintza berberak eta gure ratioak okerragoak dira, eskakizunak gero eta handiagoak eta gure soldatak ez daude erreferentziazko gainerako ospitaleetakoen baldintza berberetan.
2019an, EAJk jakinarazi zuen ospitale berri eta publiko bat eraikiko zela Tolosaldean. Horretarako, premien plan funtzional bat jarri zuen abian, 2023an jendaurrean aurkeztu zena. Honek ez ditu inoiz jaso izan INVIZAko langileen eta enpresa batzordearen aldarrikapen sozialak.
Plan funtzional hau oso kamutsa da zerbitzuei dagokienez; adibidez, ez da inolako aipamenik egiten garbiketa eta sukalde-zerbitzuari buruz, ospitaleratzea dakarren kirurgia kirurgia beste ospitale batzuetara bideratuko da, larrialdi pediatrikorik ez dago, ezta obstetriziarik ere. Hori guztia erreferentziazko eskualdeko ospitale batetik oso urrun geratzen da.
Jakina, zerbitzu hori hainbeste urtetan eman duten langileekin gertatuko dena ere ez du aipatzen. Inork ez daki ezer, edo ez dakitela diote. Hori da gure kezka nagusia, inork ez (omen) dakiela gure etorkizuna zein izango den. Gardentasuna eskatzen dugu, garbi hitz egitea eta orain arteko iluntasun eta opazitatearekin amaitzea.
2024eko martxoan egin genuen prentsaurrekoan aldarrikatutakoarekin bat eginez eta Asuncion
Klinikaren etorkizuna jokoan dagoela ikusirik, honakoa adierazten dugu:
-Zerbitzu guztiak izango dituen klinika publikoa behar dugu, Tolosalderako kalitatezko osasun-arreta bermatzeko.
-%100ean publikoa izango den osasun arreta izango duen klinika ezinbestekoa zaigu.
-Asuncion klinikan lan egiten duten langileek subrogatuak izan behar dute.
Abenduaren 16an Eusko Legebiltzarreko osasun batzordean agerraldia egin genuen enpresa batzordeko kideok eta bertan dauden alderdi politikoei horixe bera eskatu genien, norabide horretan erabakiak har zitzatela eta bultza egin zezatela norabide horretan. Tolosaldean eskualdeko herritarren zerbitzura egongo den kalitatezko osasun arreta behar dugu. Eta Asuncion Klinikan dihardugun langileok, zerbitzu publiko bat eskaintzen gabiltzan heinean, garbi dugu langile publikoak izan behar genukeela.
Etorkizunean osasun arreta eskaintzen jarraituko dugunak geu gara eta honenbestez, funtsezkoa da subrogazioaren bidez, gu ere %100ean publikoa izango den zerbitzu horren parte izatea.
Oraingoan Bizkaiko Foru Aldundiaren (BFA) deialdi bati egokitu zaio epaitegien erasoaldiaren jomugan egotea. “Egotea” diogu epaitegien erasoaren benetako helburua, “izan”, euskera eta euskaldunon hizkuntz eskubideak baitira. Hartara, helburu horren bidean edozer erasotzeko prest ere agertzen dira; kasu honetan, BFAren deialdi bat non 77 pertsonaren plazak jokoan jartzeraino heltzeko gai diren euskera eta euskaldunon hizkuntz eskubideak erasotzearren.
LABek epaitegietatik -zein helegite hauen atzean dauden eragileetatik – datorren erasoaldi honi oso larria deritzo bi ikuspuntutik:
Euskal herritarrok gure hizkuntza berreskuratzearren egiten ari garen ahalegin kolektibo burujabearen gainetik inposizio ekintza bat delako.
Eta, honenbestez, hamaika pertsonaren lanpostuak eta lan baldintzak kolokan jartzen ari direlako.
Konbentzimenduz irabaz ezin dezaketena inposizioz ezarri nahi dute, eta hori ezin dugu onartu.
Horretarako erabiltzen ari diren interpretazio juridikoei buruz ere zer esan, argudio eta interpretazio bihurritu eta guztiz onartezinak erabiltzen dituzte: lanpostu publikoen eskaintza balizko hautagaien ezaugarrien baitan diseinatu behar denaren interpretazioa egiten dute, izan ere, planteatzen dutena da lanpostuen ezaugarriak deialdietan parte hartu nahi duten balizko izangaien hizkuntza gaitasunera egokitu behar direla, definizioz, lanpostuen ezaugarriak lanpostu horiek bete behar duten funtzio edota zerbitzu publikoaren arabera definitu behar direnean.
Bestalde, gogoratu nahi dugu funtzio publikoko legediak ezarri egiten duela administrazioan lan egiteko gaztelaniaz derrigorrez jakin egin behar dela, eta hori ezein epaitegik ere ez duela kolokan jarri, eta aldiz, behin eta berriz euskeraz jakiteko beharraren aurka egiten dutela, zerbitzu publikoaren ikuspegitik euskaldunak direnean bi hizkuntzetako edozeinetan zerbitzua emateko gaitasuna dutenak.
Guzti honengatik dei egiten dizuegu ostegunean, hilak 16an, Euskalgintzaren Kontseilua, LABek eta ELAk eguerdiko 12:00etan Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean egingo dugun protestan parte hartzera.
Beste sindikatu batzuk egin bezala, gaur goizean, EAEn eta Nafarroan Lanbidearteko Akordio bat negoziatzeko mahai bana eratzea eskatu dugu, Patronala (Confebask – CEN) eta sindikatuen artean Gutxieneko Soldata propio bat negoziatu eta ezartzeko.
Azken urteetan, areagotzen ari dira aberatsenen eta langileen arteko arrakalak. Sortzen den aberastasuna geroz eta modu desorekatuagoan banatzen da eta langileon pobretzeak ez du etenik. Arrakalak handitzen ari dira baita langileen artean ere, soldatarik baxuenak dituztenen artean, nagusiki, emakumeak*, langile migratu eta arrazializatuak, gazteak eta aniztasun funtzionala dutenak aurkitzen direlarik.
Jendarte justuago bat eraiki, pobretzeari mugak jarri eta aberastasunaren birbanaketa egokiago baterako, soldatak hobetzea ezinbestekoa da. Horixe izan zen, 2020ko Greba Orokor arrakastatsuaren aldarrikapen nagusietako bat. Gutxieneko Soldata hemen erabakitzeko eta estatu mailan ezarritakoaren gainetik egongo litzatekeen kopurua finkatzeko, Lanbidearteko Akordiorako deia luzatu genien patronalei. Honelako akordio baterako Confebask eta CENek adierazitako borondate faltak eta pandemiak baldintzatu dute aurrera egitea.
Ordutik hona, greba eta mobilizazio sindikal ugari izan dira. Bizitzaren garestitzeari aurre egin eta soldatak duintzeko beharrak bultzatu ditu neurri handi batean gatazka horiek, baita negoziazio kolektibo osoa ere. Ildo honetan, langile guztien soldatak duintzeko, hitzarmenez hitzarmen lortzen diren soldata igoerekin batera, Lanbidearteko Akordio baten alde egin dugu.
Gutxieneko Soldataren igoerak zuzenean milaka eta milaka langileren bizi baldintzak hobetuko lituzke eta baldintzarik kaskarrenean dauden langile horiek izango lirateke onuradun nagusiak; baina ez beraiek bakarrik, langile klase osoarentzako onura, langile klase osoaren garaipena litzateke. Guztion soldata eta lan baldintzak, beherantz parekatu eta prekarizatzea bilatzen duen estrategia patronalaren kontrako egiturazko neurria.
Gutxieneko Soldata propioa hemen erabaki ahal izatea, hortaz, lehentasunezko borroka izan da LABentzat azken urte hauetan. Maila publikoan eta pribatuan egindako lanak baldintza berriak sortu ditu borroka honetan aurrera egiteko. Maila sindikalean, gehiengo zabala dago honelako Lanbidearteko Akordio bat negoziatzearen alde. Gaurkoan, EAEn nahiz Nafarroan negoziazio mahaiak deitzeko urratsa eman dugu.
Patronalek aldiz, ez dute horretarako borondaterik erakutsi orain arte, ez EAEn ezta Nafarroan ere. Negoziazio mahaiak abian jarri eta benetako negoziaziorako jarrera eskatzen diegu Confebask eta CEN patronalei. Horretarako, presio egin beharko dugu. Maila sindikalean, baina baita maila politiko instituzionalean ere. EAE eta Nafarroako Gobernuei honelako akordio baten alde egin eta jarrera proaktiboa izan dezatela eskatzen diegu.
Gaurko ekimen hau eta, Lanbidearteko Gutxieneko Soldata ezartzeko eskumenak eskatuz, aurreko astean erregistratu genituen Herri Ekimen Legegilea, biak ala biak, bide osagarriak dira. Gutxieneko
soldata propio bat erdiesteko bidean, batak bestea elikatzen du. Lanbidearteko akordio batek, indartu egingo luke EAE zein Nafarroako Gobernuek gutxieneko soldata finkatzeko ahalmena eskuratzeko aldarrikapena, alde guztiek gutxieneko soldata Euskal Herrian erabakitzeko borondatea dutela irudikatuko lukeelako.
Era berean, Herri Ekimen Legegilearen aldeko sinadura bilketa, eztabaida Parlamentuetara eramateko ez ezik, Patronala interpelatzeko tresna ere bada, gutxieneko soldata ezartzeko akordioari baiezkoa eman diezaion.
Orain da momentua, langileen lan eta bizi baldintzak duintzeko Gutxieneko Soldata propio baten alde egiteko. Gutxieneko soldata duindu eta hemen erabaki nahi dugu.
Altsasun izango da manifestazioa, 12:00etan, BMtik aterata.
Sunsundegui hartzekodunen konkurtsoan dago azarotik, eta konkurtso-administrazioaren eskuetan abendutik. Langileak Aldi Baterako Enplegu Erregulazioan daude urtarrilaren 19ra arte eta hiru hilabete gehiagoz egongo dira egoera honetan.
Datozen asteak funtsezkoak izango dira lantokiaren etorkizunerako, argitu beharko baita bideragarritasuna duen ala ez. Enpresa batzordeak uste du proiektu honek Altsasurako, eskualderako eta Nafarroarako duen garrantzia gogorarazteko unea dela. “Enpleguaren suntsiketa gure inguruan agertzen hasi den une hauetan”, adierazi dute.
Aspaldian esan duten bezala, Sunsundegui produktua eta merkatua duen enpresa bat da. Badakite interesa dagoela eta aurrera egin dezakeela industria plan batekin.
Horregatik guztiagatik, larunbateko manifestazioaren bidez tartean dauden eragile guztiei inplikazioa eskatu nahi diete, Altsasuko lantegiaren etorkizuna eta enplegua bermatu ahal izateko.
Proiektatutako autobusak Altsasuko lantegian bukatzea nahi dute, eta urte askoan euren lana egiten jarraitu ahal izatea. Inbertitzaile bat behar dute, industria-plan bat duena, baita sektore publikoaren laguntza eta kontrola ere. Langileek eta Nafarroako gizarteak egindako ahalegina enplegu eta etorkizun bihurtu behar da guztientzat.
Horregatik, dei egiten dieguete Sakanako herritar, erakunde, alderdi politiko eta gizarte eragile guztiei enpleguaren aldeko eta Sunsundeguiren etorkizunaren aldeko manifestazio honi babesa ematera.
Borrokak artikulatu, agenda politikoan eragin eta eredu sindikala berritzeko gaitasuna nabarmendu ditu Igor Arroyo koordinatzaile orokorrak. 50.000 afiliatuen langa gainditu eta Hego Euskal Herriko bigarren sindikatu bilakatu da, %19,6ko ordezkaritzarekin.
LABeko koordinatzaile orokor Igor Arroyok eta Antolakuntza idazkari Izaskun Garciak prentsaurrekoa eman dute Bilbon, otsailaren 25ean Irungo FICOBA aretoan egingo den Biltzar Arteko Batzarraren berri emateko. Bi Biltzar Nagusi artean LABek egiten duen parte hartze ariketa da Biltzar Artekoa: 2022an Baiona-Miarritzen hautatutako zuzendaritzak ponentziak garatzeko egindako kudeaketaren berri emango die orduko 500 biltzarkideei.
Biltzar Nagusitik honako balantze politikoari dagokionez, hiru gako nabarmendu ditu Arroyok, horietako lehena, LABek borroka laboralen eta sozialen artikulazioan egindako ekarpen esanguratsua. “Urtero 200 borroka laboraletan parte hartu dugu, horietako askotan beste sindikatu batzuekin elkarlanean arituz. Borroka horiei esker, hitzarmen asko desblokeatu eta milaka langilerentzako hobekuntzak lortu ditugu”. Horrekin batera, Arroyok nabarmendu egin du erantzun orokorragoak ahalbidetzeko LABek egindako lana, hala nola, zaintza eskubidearen aldeko Greba Feminista Orokorra, lan istripuen aurkako erantzuna, gutxieneko soldata propioaren aldeko dinamika edota Palestinaren alde egindako mobilizazio sindikal bateratuak.
Bigarrenik, agenda politikoan eragiteko gaitasuna azpimarratu du Arroyok: “Biltzar Nagusian Patronalari eta haren aldeko alderdi politikoei eremu guztiak (lantokiak, kaleak eta instituzioak) lehiatzeko apustua egin genuen eta apustu horrek emaitzak eman ditu. Beste eragile sindikal, sozial eta politikoekin batera, langileontzako funtsezkoak diren gaiak eraman ditugu agenda politikoaren erdigunera, hala nola, zaintza, osasun sistema, etxebizitza, gutxieneko soldata edota gutxieneko pentsioa. Urtetan arazoak zirenik ukatu ondoren, gai hauen inguruan gogoeta egiteko beharra onartu dute EAJk eta PSEk. Gogoeta hori ezerezean geratu ez dadin, egiturazko aldaketak eman daitezen, presio egiteko unea da oraingoa”.
Azkenik, LABek eredu sindikalaren berrikuntzarako egindako ibilbidea goraipatu du Arroyok. “Hiru garai desberdinetan aitzindari izan da LAB eta berak egindako ekarpenek Euskal Herriko ekosistema sindikala eraldatu dute: gure sorreran, independentismoa eta kontraboterea; 90. hamarkadan, sindikalismo feminista eta euskaltzalea; eta 2008tik hona, sindikalismoa birpentsatzeko egindako ariketa sakona”.
Ildo honetan, azken Biltzar Nagusian hartutako konpromisoari erreferentzia egin dio Arroyok: “LAB sindikatu antirrazista bilakatzeko apustua egin genuen eta I. Barne Plan Antirrazista osatu dugu. Biltzar artekoan, estrategikoa den beste gai batean sakontzera goaz: ekosozialismoa. Kapitalismoak eragindako krisi ekologiko larriaren ondorioz, aldaketa sakonak gertatuko dira munduan nahiz Euskal Herrian eta sindikalismoak aldaketa horien norabidea lehiatu behar du. Bidezko trantsizio ekosozialaren aldeko borroka funtsezkoa izango da munduaren eta Euskal Herriaren etorkizunerako”.
Eredu sindikalean egindako garapena adierazteko, bere ikurra eta irudia berritzea erabaki du LABek. Bere historiako hirugarren ikurra bigarrenaren garapena da. Oinarria mantenduta hiru berritasun ekartzen ditu: batetik, ertzak borobildu zaizkio, feminismoaren eragina islatu nahian; bestetik, kutxa ireki egin da, sektore gehiagotara zabaltzeko bokazioa irudikatuz; eta azkenik, “Euskal Sindikalismo Eraldatzailea” esamoldea gehitu zaio, gainontzeko eskaintza sindikalekiko desberdina den eredua aldarrikatu nahian: Euskal Herria osokoa, askapen prozesuarekin konprometitua, sindikatua tresna gisa ulertzen duena, hitza ez ezik ekintzari garrantzia ematen diona eta, bereziki, sistema bidegabe eta bideraezina eraldatzeko determinazioa duena.
Afiliazioan eta hauteskunde sindikaletan etengabe gora
Afiliazioari dagokionean hazkunde fase etengabean dago LAB, Izaskun Garcia Antolakuntza idazkariak nabarmendu duenez: “azken urteetako bilakaera paregabea izan delarik. 2021eko abenduan Biltzar Nagusia deitu genuenean 46.178 afiliatu zituen sindikatuak eta egun 50.629 afiliatu gara. Hau da, azken hiru urtetan %9,7eko hazkundea izan dugu (4.451 afiliatu gehiago). Hamarkada batean (2014-2024) 39.664 afiliatu izatetik 50.629 izatera pasa gara; 10.965 gehiago. %27,7eko hazkundea beraz hamar urtetan”.
“Baina guretzako berririk garrantzitsuena hauxe da: LAB gero eta langile gehiagorentzat erreferentea bilakatzen ari den honetan, emakumeen* afiliazioan izaten ari ditugula hazkunde datu nabarmenak. Orain hamar urte emakumeak* gure afiliazioaren %38a baziren, egun %44,54a dira” adierazi du Garciak.
Hazkunde honetan gakoak izan dira, langile sektore guztientzat borrokarako eta antolakuntzarako eskaintzetan emandako urratsak, zein lan eta bizi baldintza prekarioak pairatzen dituzten langileen sindikalizazioa errazteko hartutako erabakiak. Izan ere, sindikatuak klase elkartasuna oinarri duen afiliazio sistema ezarri izana erabaki egokia izan da. Diru sarrera gehiago duten afiliatuen ekarpenei esker sarrera murritzagoak dituztenen afiliazioa ahalbideratzen duen sistema da gurea.
Gainera borroka eta antolakuntzarako eskaintzak ez ezik, afiliatuei eskaintzen dizkiegun zerbitzuetan ere aurrera urratsak eman ditugu, adibidez gure Borroka Kutxaren estaldura zabaldu eta duinago bilakatzeko. Kontrabotere sindikalismoa garatzeak langileongan izan ditzakeen eragozpen zein kalte ekonomikoei aurre egiteko sindikatuak duen tresna da Borroka Kutxa.
Ordezkaritza sindikalari dagokionean ere, hazten jarraitzen du LABek. 9. Biltzar Nagusia deitu genuenean, 2017ko abenduan, 4.235 ordezkari genituen Hego Euskal Herrian. Ordezkaritzaren %18,13a (%18,96a EAEn eta %15,72a Nafarroan). Eta egun dauzkagun azken datu ofizialekin (2024/10/31) 5.187 ordezkari ditugu. Ordezkaritzaren %19,80a (%20,51a EAEn eta %17,84a Nafarroan). Egungo ordezkarietatik 2.169 emakumeak* dira, %41,8a. Ordezkaritzan emakumeen* presentzia handitzeak erronka izaten jarraitzen badu ere aurrera urratsak eman ditugu eremu honetan ere.
Azken hiru urteetako argazkia begiratuta gainera herrialde guztietan delegatu kopuruan nahiz portzentaian igotzen jarraitu duen sindikatu bakarra gara.
EAEn puntu erdia baino gehiago igotzen gara (%0,65) beste sindikatuak mantendu edo jaisten diren bitartean. Nafarroan beste sindikatuak jaisten diren bitartean gu puntu erdia igotzen gara (%0,55). Horrek ekartzen du Hego Euskal Herrian ere berdina gertatzea, %0,62a igotzen garelarik.
Momentu honetan EAEn bigarren sindikatu bezala erabat kontsolidatu da LAB, %20a baino gehiagoko ordezkaritzarekin. Eta Hego Euskal Herrian ere bigarren sindikatua da, %20ra iristear.
Araban hirugarren sindikatua bilakatu gara, UGTrekiko jada ia puntu bateko (0,96) aldearekin.
Gipuzkoan %30eko ordezkaritza du LABek eta Nafarroan %18ko ordezkaritza heltzekotan da.
17:00etan La Casillatik abiatuko den manifestazioan izango da Igor Arroyo koordinatzaile orokorra buru izango duen LABen ordezkaritza zabala.
Euskal Herriak gatazkaren konponbide bidezko eta demokratikoa behar duela uste dugu LABen. Honekin lotuta, preso, iheslari eta deportatuek behingoz etxean egon behar dutela ere uste dugu, horixe baita bakerantz eta elkarbizitza bidezko eta demokratikorantz aurrera egiteko bidea.
LABen ustez, beharrezkoa da urratsak ematen jarraitzea euskal preso politikoei ezartzen zaizkie salbuespen neurriak gainditzeko. Orain arte egindako mobilizazioari esker lortu baita orain arte eman diren urratsak ematea, baina oraindik badaude gainditu beharreko oztopoak. Era berean, preso ohiek lanerako sarbidea eta pentsioa eskuratzeko aukera izateko neurriak beharrezkoak dira.
Horrela, LABek dei egiten die langileei bihar Sarek Bilbon, “Behin betiko” lemapean egingo duen manifestazioan parte hartzera.
LAB, ESK, STEILAS, EHNE-etxalde eta HIRU sindikatuok elkarretaratzea egin dugu gaur Gasteizen, Baskonia-Alavesen dendaren aurrean, urteko lehen lan heriotza salatzeko. Urtarrilaren 7an, Baskonia-Alavesen obra batzuetan lanean ari zen I.R.T. 54 urteko langilea hil zen, lurrak mugitzeko makina batek harrapatuta. Construcciones Urrutiak azpikontratatuta, Excavaciones Mendiola enpresarentzat ari zen lanean.
Hildako langilearen lankide, senide eta ingurukoei gure elkartasuna adierazi ondoren, 2024an Euskal Herrian hildako 64 langileak gogoratu ditugu.
Eraikuntzan izan da 2025eko urteko lehen lan heriotza. Sektore honetan ohikoa da azpikontratazioa, langileon osasunaren kaltetan joaten den zerbait, baita ere obretan prebentzio teknikaririk ez egotea, prebentzio neurririk ez egotea edo prestakuntza falta.
Patronalek behin eta berriro urratzen dute prebentzio araudia eta horretan aurrean, instituzioei, ikuskaritzari, Osalani eta gobernuei exijitu diegu neurriak har ditzatela laneko heriotzarik gerta ez dadin. “Odoluste hau gelditzeko esku hartu behar dute”, gaineratu du Igor Chillon Gasteiz-Lautada-Errioxako LABeko arduradunak.
Gaurko mobilizazioa Baskonia-Alavesen dendaren aurrean egin dugu, beraiek baitira lan heriotza gertatu zen obraren sustatzaileak. “Kirol munduan erreferentzia den neurrian, lan osasunaren arloan ere erreferentzia izan behar du”, interpelatu du Chillonek. “Bermatu behar du bere obretan ari diren langileak lanetik etxera osasuntsu eta bizirik bueltatzea. Lan osasuna zaintzea eskatzen diogu Baskonia-Alavesi”.
LAB, ESK, STEILAS, EHNE-etxalde eta HIRU sindikatuok kontzentrazioa egin dugu Zornotzako Boroa enpresa-parkean, Forest Trafic enpresaren aurrean. Abenduaren 30ean I.P.C. 41 urteko langilea hil zen enpresan. Langilea inbentario-lanak egiten ari zen biltegian orga jasotzaile batekin, eta garraiatzen ari zen zamaren zati bat gainera erori zitzaion.
Ikerketa zorrotza eskatzen dugu gertakariak eta kasutik erator daitezkeen erantzukizunak argitzeko. Era berean, gogoratu nahi dugu 2015ean ere beste langile bat hil zela enpresa honetan bertan pieza baten kolpearen ondorioz.
Atzean utzi dugu urte tragiko bat laneko istripuei dagokienez; gutxienez 64 langile hil dira eta lan-istripuak ugaritu egin dira. 2023an 100.000 lan-istripu baino gehiago komunikatu ziren, eta horien erdiek egun bat baino gehiagoko lan-bajak eragin zituzten.
Datu horiek agerian uzten dute kontrol-neurri gehiago behar direla enpresek lan-osasuneko araudia bete dezaten. Lan-ikuskatzaileen kopurua handitu behar da, eta Osalanek zigor-ahalmena izan behar du, eta ez aholkularitza hutsa.
Absentismoari buruzko eztabaida faltsuen gainetik, enpresen zigorgabetasun honekin amaitu behar dugu, laneko prebentzioari eta osasunari buruzko araudia behingoz bete dadin.
2025eko lehen hildakoa
Atzo hil zen urteko lehen langilea Gasteizen. Bere heriotza salatzeko, LAB, ESK, STEILAS, EHNE-etxalde eta HIRU sindikatuok mobilizazioa egingo dugu bihar Gasteizen, goizeko 11:00etan, Baskonia-Alaves dendaren aurrean (General Loma Plazan).