2025-05-22
HomeEkintza SindikalaLABek soldata eta gutxieneko pentsio propioak eskatu ditu, burujabetza eta justizia soziala...

LABek soldata eta gutxieneko pentsio propioak eskatu ditu, burujabetza eta justizia soziala lortzeko urrats gisa

Donostian, Gasteizen, Bilbon, Iruñean zein Tuteran, Baionan (beste sindikatuekin batera) eta Maulen, Euskal Herri osoan hainbat mobilizazio propio egin ditu LABek Maiatzaren Lehen honetan. Confebask-CEN, esplotatzaileak! Langileen alde, gutxieneko soldata eta pentsioak hemen erabaki aurtengo lelotik tiraka, langileen alde tinko eta patronalari buruz gogor agertu da LAB.

Klase harrotasuna eta elkartasuna adierazteko eguna ari da izaten. Bestelako mundu bat “posible eta beharrezko” dela adierazi du Igor Arroyo koordinatzaile orokorrak Bilbon. Internazionalismoa eta antiinperialismoa aldarrikatuz, Kuba, Palestinar Herria, Sahara eta munduko herriak gogoan izan ditu.

Etengabeko hazkundea defendatzen duen doktrina neoliberalak “porrot” egin duela adierazi du Arroyok: “Euskal elite ekonomikoak globalizazio kapitalista besarkatu du, EAJk eta UPNk industria politikak egiteari utzi zioten, guztia utzi zuten egitasmo enpresarialen esku, eta, orain, kudeatzaile onaren bandera astindu izan duen EAJ ez da gai plan industrial bat egiteko ere”. EAJk Europaren militarizazioaren alde egiten duen “hautu okerra” ere deitoratu du, “bizitzak suntsitzea dakarrelako, krisi ekologikoa azkartuko duelako eta murrizketa sozialak ekarriko dituelako”.

Norabide aldaketa aldarrikatzen du LABek Maiatzaren Lehen honetan. LABeko bozemalearen hitzetan, “Euskal Herriak bakearen, parekidetasunaren, justizia sozialaren eta herri burujabetzaren bidean aurrera egin dezake eta egin behar du, eta burujabetza handiagoaren premia du horretarako; burujabetza handiagoa, hain zuzen ere, enplegua, zaintza eta aberastasuna banatzeko; burujabetza handiagoa, produkzio eta kontsuko eredua aldatzeko; burujabetza handiagoa, bizitza erdigunean jarriko duen eredu ekonomiko eta soziala eraikitzeko; eta burujabetza handiagoa, bertara datozenei harrera egiteko, sarrera ukatzen zaienak edo Europako lege arrazistek kanporatzen dituztenak hartzeko”.

Era berean, euskal langileak zoriondu ditu “Euskal Herrian badagoelako burujabetzaren, eraldaketa sozialaren eta eraldaketa feministaren aldeko esparru zabala”, eta azken urteetako borroka sindikal eta sozialei esker agenda politikoak “gai garrantzitsuak” kokatu direlako: “osasun sistema, zaintza, etxebizitza, pentsioak eta gutxieneko soldata”.

Agenda gai horiekiko Jaurlaritzaren jarrera kritikatu du Arroyok, “ez duelako asmorik sakoneko aldaketarik egiteko, Pradalesek formak aldatu ditu, baina ez funtsa”. Zerga erreforma eta osasun mahaia jarri ditu horren adibide.

LABek hiru lehentasun izango ditu datozen hilabeteetan: zerbitzu publiko sendoak garatzea; industria politika berria abian jartzea eta herritar guztiei oinarrizko diru sarrerak bermatzea, arrakala matxista eta arrazistak ezabatuz.

“Gutxieneko soldata eta pentsio propioen aldekoa langile klasearentzat borroka historikoa da”, esan du Arroyok. “Ez dugu onartuko inor atzean geratzea, bizi baldintza duinak nahi ditugu gure jendearentzat, langile guztientzat, edozein izanik ere sexua, generoa, jatorria, nor bere baldintza edo hautua”.

Borroka horretan “indarrak biderkatzeko” deia egin die euskal langileei. Gutxieneko soldata propioa eta duina lortzeko abiatutako bi bideak gogoratu ditu: bata, negozazio kolektiboaren bidez egin beharrekoa. Gogor hitz egin du patronalaren aurka: “bizkarroien moduan ari dira jokatzen, onurak jaso bai, baina uko egiten diete negoziatzeko duten erantzukizunari.” Ez du LABek patronalaren jarrera ontzat ematen eta soldatak duintzeko borroka sindikala indartzeko deia egin du.

Bigarren bideari erreferentzia eginez, Herri Ekimen Legegileaz aritu da Arroyo, “Langileen Estatutua aldatuz, Hego Euskal Herriko gobernuek gutxieneko soldata ezartzeko eskumena izan dezaten” baita helburua. Horretarako martxan jarritako sinadura bilketa “lau haizetara” zabaltzeko deia egin du, “klase kontzientzia eta elkartasuna aktibatzeko ariketa erraldoia” delako. “Egungo autogobernuaren gabezia handienetako bat da, gutxieneko soldata eta pentsioa legez ezartzeko eskumenik ez izatea”, gaineratu du.

Sindikalismoak jokatu beharreko paperari erreferentzia eginez amaitu du: “Erabaki ahalmenean eta nazio aitortzan urratsak emateko sindikalismo independentistak ekarpena egin behar du”. Hala, soldata eta gutxieneko pentsio propioaren lortzeko lanean jarraituko du LABek, burujabetza eta justizia soziala lortzeko bidean ezinbestekoak direla ulertuta.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

67 urte betetzear zituen garraiolari bat hil da Irunen

LABek jakin duenez, herenegun, goizaldeko 6:30ean, TRANSDIPE S.L. enpresako S.S. garraiolaria hilik agertu zen Irunen, lanerako prestatzen ari zen kamioiaren aldamenean. Kamioia martxan zegoen, atea irekita eta zantzu guztien arabera, heriotza ez traumatiko baten aurrean gaude. Azken honekin, gutxienez 20 langile hil dira urte hasieratik Euskal Herrian, hauetariko 9 garraiolariak.

Pribatizatutako zaintzako langileak mobilizazio nazionalera deitu ditu LABek, haien izaera publikoa aldarrikatzeko

Langile horiek zerbitzu publiko bat eskaintzen duten heinean, administrazioaren zuzeneko langile izan behar dutela defendatuko du LABek Donostian, eta, norabide horretan, lan baldintzen ekiparazioa aldarrikatuko du.

LABek CENi exijitu dio bertan behera utz dezan lan osasunaren prebentzioaren ardura langileei egozten dien kanpaina, diru publikoarekin ordaindu dutena

LAB sindikatuak arriskutsutzat, iraingarritzat eta mingarritzat jo du CENeko enpresariek diru publikoa erabiltzea (60.000 euro) modu seguruan lan egitea langilearen esku dagoela sinetsarazi nahi duten ideiak zabaltzen dituen kanpaina egiteko. Enpresarien kanpainak prebentzioaren berezko printzipioen aurka egiten du, eta enpresariek arlo horretan dituzten legezko betebeharrak hankaz gora jartzen ditu. Nafarroako lan heriotzen agertoki tragiko honetan, prebentzio legea ez betetzeko orduan erakusten duen lotsagabekeriaren bertze erakusgarri bat da kanpaina.