2025-12-19
Blog Page 81

Madrilen sinatu duten erretiro partzialaren akordioa antzua da eta euskal langileoi negoziazio kolektiboa bahitzen digu

Gaur Madrilen bildu da Espainiako Estatuko Administrazio Publikoen Mahai Orokorra, zeinean LABen parte hartzeko eskubidea lehen aldiz onartu den.

Bilera horretatik honako ondorioak atera ditugu:

• Jakin bagenekien bezala, negoziazio mahai horrrek balio izan du baieztatzeko euskal langileon eta zerbitzu publikoen beharretatik oso urrun dagoela.

• Lorpen bezala saldu nahi zaigun akordioa antzua da, argitu ez den bide legal bat garatu behar duelako, denboran asko luza daitekeena. Gainera, titular horrek kalte onartezin bat ezkutatzen du: erretirorako derrigorrezko adina 70 urtetik 72ra atzeratzea. LABen iritziz, jaso beharko lukeen aldaketa, hain zuzen, EAEko eta Nafarroako enplegu publikoen legeei eskumenak ematea izan beharko litzateke.

• Hori dela eta, Madrilgo Administrazio Publikoaren Mahaian ordezkaritza duten sindikatuei eta Espainiako Kongresuan ordezkaritza duten alderdiei eskatzen diegu, hain zuzen, Euskal Herriko zerbitzu publikoen eta bertako langileen beharrak eta baldintzak negoziatzeko eskumena bertara ekartzeko lan egin dezatela, bakoitzaren koherentziaren eta eragin ahalmenaren arabera. Hau da, Hego Euskal Herriko administrazio eta erakundeei erretiroaren inguruko eskumen legegileak praktikan aitortzeko, eta negoziazioak EAEko eta Nafarroa Garaiko Mahai Orokorren esku uzteko, hemen erabaki ahal izateko.

• Ildo horretatik, Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari zera exijitzen diegu, lehenbailehen Mahai Orokorrak deitzeko, besteak beste, gai honi zintzotasunez heltzeko. Madrilen egiten diren urratsei itxaron gabe, hemen bertan ezartzeko neurriak negoziatu ditzakegu, baldin eta borondaterik badago.

EAEko Hezkuntza Saileko lan legepeko irakasle eta hezitzaileen hitzarmen berria lortu dugu

Hamaika borroka eta 20 urte luzeren ondoren, heziketa bereziko hezitzaileon aitortzarako eta lan baldintzak hobetzeko aurrerapausoak dituen hitzarmena lortu du LABek.

Gaur, abenduak 19, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila eta gehiengo sindikala adostasun batera iritsi gara. Ondorioz, indarrean zegoen hitzarmena gainditu eta hemendik aurrera hitzarmen berria izango dugu. 2023ko ekainaren 1ean, Hezkuntza Legearen testuinguruan, egindako bi greba egunak eta LAB eta Hezkuntza Sailaren artean akordio laborala sinatu izana ezinbestekoak izan dira hitzarmena sinatzeko.

2004ean sinatutako hitzarmenean Hezkuntza Laguntzako Espezialistek hezitzaile kategoriaren aitortza lortu genuen. Borroka luzearen ondorioz lortutako aitortza izan zen hura, eta Euskal Herriko beste lurraldeentzat erreferentzia izan gara. Nafarroan, gure urratsei jarraika, berriki lortu dugu hezitzaile kategoriaren aitortza.

Oraingo honetan, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan beste aurrera urrats garrantzitsu bat egin dugu. Alde batetik, Hezkuntza Laguntzako Espezialisten, Zeinu Hizkuntzako Interpreteen eta Transkribatzaileen soldatak Haurreskolak Partzuergo publikoko hezitzaileenekin parekatuko dira. Bestalde, lan zama arindu eta ikastetxeko erabakiguneetan parte hartzea ahalbidetuko duen ordutegia lortu dugu; arreta zuzena 25 ordutara jaitsiko da, eta ikastetxean koordinatzeko eta materiala prestatzeko 5 ordu izango ditugu astean. Gainera, funtzioetan lan hezitzailearen aitortza egingo da eta, lankidetzan azpimarra jarriz, ikastetxeko beste profesionalekiko mendekotasun hizkuntza desagertzen da.

Baina lorpenak ez dira hor bukatzen. Besteak beste, kategoria guztietan behin-behinekotasun tasa%5etik beherakoa izango da eta EPEak 3 urtetik behin egingo dira, ereduak negoziatuz; lizentzia eta baimenetan hobekuntzak daude, eta zaintza eta soldatapeko lana uztartzeko aukerak zabaltzen dira; ordezkoen prestutasunagatiko eta mugikortasunagatiko konpentsazioa eta puntuazioa lortu dugu, zerrendetan izena emateko euskarazko C1 hizkuntza eskakizuna eskatuko da; ordezkoen araudi osoa negoziatzeko egutegia adostu dugu; eta baliabideak esleitzeko irizpideak negoziatzeko atea ireki zaigu, zeinak ikasleen ratioak eta intentsitateak ikasturtea bukatu aurretik negoziatzeko aukera emango baituen.

Ez dugu ahaztu behar hona iritsi ahal izateko 2018an, zortzi greba egunen ostean, 2004ko hitzarmena hobetzen zuen akordioa sinatzea lortu genuela, eta hori ezinbestekoa izan dela. Akordio hark asteko lan orduak mugatu zituen, Fisioterapeuten, Okupazio Terapeuten eta Gizarte Langileen soldatak irakasleenekin parekatu zituen eta Zeinu Hizkuntzako Interpreteak gure kolektiboan integratu zituen, besteak beste.

Kolektibo honetako langileon ordezkarien % 63k baino gehiagok babestu du lan hitzarmen berri hau. Gaur lortutakoak orube bat ezartzen du Heziketa Bereziko hezitzaileon lanaren aitortzan aurrera urrats berriak egiteko. LABek borrokan jarraituko du hezkuntzako kolektibo guztietan eta, bereziki, indarra egingo du administrazioak bazterrean dituen kolektibo feminizatu eta gutxietsiek merezi duten aitortza lortzen.

Jaiak guztiontzat dira, eskubideak ere bai!

LABeko etxeko langileen atal sindikala eta Hego Euskal Herriko Etxeko eta Zaintzako Langileen Kolektiboak kanpaina bat egin ari dira sektore horretako langileen eskubideak aldarrikatzeko Gabonetako eta urte berriko jaietan; izan ere, uste dute egun horietan areagotu egiten direla lanaldietako abusuak eta jaiegunetako atsedenerako eskubideak ez errespetatzea.

Ikaragarria da arrazoi horiengatik salatzen diren kasuen kopurua, baina kalkulaezinak dira salatzera iristen ez direnak, beti baitago beldurra, xantaiak eta, batez ere, emakume* langileei egiten zaien presioa, batez ere barne-erregimenean eta administrazio-egoera irregularrean dauden emakumeei*.

Jai hauek familian egoteko eta etxeko beroaz gozatzeko omen dira; langile askorentzat, ordea, lan egitea eskatzen duten enplegatzaileek ukatzen dieten eskubidea da, azken hauek beren familiekin goza dezaten.

Lanaldietan, jaiegunetan eta oporretan kontrolik eta erregulaziorik ez dagoenez, Hitzarmen Kolektiboaren beharra agerian geratzen da. Honek, etxeko eta zaintzako langileen beharrei erantzungo lieke, Gabonetako jaiez benetan gozatu ahal dezaten opari moduan benetako eskubideak izanda.

Oxala abenduan dagozkien aparteko ordainsariak jaso ahal izango balituzte, oxala gozatu ez dituzten oporraldiak erreklamatu beharrean egongo ez balira. Olentzerok ezin izan die hori oparitu, baina horretaz arduratzen diren ministerioek egin ahalko luketen zerbait da.

Etxeko langileei esklabotza eta abusuak ekarriko dizkieten jai gehiagorik ez.

Israelera armak bidaltzea errazteari uzteko eskatu diogu Portu Agintaritzari

LAB sindikatuak gutun bat erregistratu du Santurtziko Portuko Agintaritzan, honi eskatuz nazioarteko zuzenbideko arauak betetzeko erantzukizuna bere gain har dezan eta Palestinako genozidioa eta mundu osoko gerrak sostengatzen dituzten armak eta edozelango gerra materiala bidaltzea eragotz dezan eskatzeko.

Palestinako egungo egoera larria da, eta ez da LAB sindikatua euskal lurraldean dagoen Portu Agintaritzari zuzentzen zaion lehen aldia. Duela 3 urte, LABek armamentua izan zezaketen kargak ikuskatzeko errekerimendua aurkeztu zuen, praktika konplize hori bertan behera uzteko.

Hala ere, Portu Agintaritzak ez zuen erantzukizunik onartu. Bilboko Portuaren eskumenik eza aitzakiatzat hartuta, estatu mailako eskumenekoa den Portu Agintaritzak pertsonak hiltzeko eta gerra-krimenak, gizateriaren aurkakoak edo genozidioa egiteko erabiltzen diren materialak bidaltzen jarraitu du, hilabete hauetan Palestinan ikusten ari garen bezala.

Azken hamarkadetan, Palestinako herriaren eskubideen urraketa etengabea izan da, lurraldea kolonizatu eta biztanleei apartheid sistema ezarri baitiete. Gainera, 2023ko urriaren 7tik, Israelgo gobernua kanpaina bortitza eta bortitza egiten ari da bertako populazioaren aurka. Nazioarteko salaketa etengabe gorabehera, kontaezinak dira hilketak, gehienak zibilenak, eta, batez ere umeenak.

53/2007 Espainiako Legeak erabateko konpromisoa adierazten du Armen Merkataritzari buruzko Nazioarteko Itunarekin. Itun horrek debekatu egiten du material militarra garraiatzea berau jasoko dutenek gerra-krimenak egiteko erabil dezaketenean, hala nola zibilen aurkako erasoak, gizateriaren aurkako krimenak edo genozidioak egiteko; beraz, Israel ez litzateke izango itun horrekin bateragarria. Estatu okupatzailetik, Israeletik, lurralde palestinar okupatura biztanleria transferitzea bera gerra-krimena da, Nazioarteko Zuzenbidean adituak diren legelari askoren arabera.

Gainera, irailean aldeko 124 botorekin (Espainiako estatuarena barne) onartu zen NBEren Biltzarraren ebazpenak, Israelen legez kanpoko okupazioan lagun dezaketen inbertsioak, merkataritza eta transferentziak bertan behera uzteko agintzen du, baita mapatik ezabatzen saiatzen diren lurralde palestinarretan material militar gisa erabiltzeko ere. Bestalde, komeni da gogoraraztea 2024ko maiatzaren 16an, Espainiako Estatuko Gobernuak iragarri zuela debekatu egingo ziela bere lurraldean porturatzea Israelera bidean zioazen ontziei.

Bizkaiko nagusien egoitzetako ratioa 4 egoiliarreko langile 1ekoa izatea exijitzen dugu

Konfrontazio eta mobilizazio dinamika bati ekingo diogu Bizkaiko nagusien egoitzetan ezartzen den ratioen dekretuaren aurka. Horrela, zuzenean interpelatzen ditugu Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza, eta Bizkaiko egoitzetan egunero bizi den tratu txar egoeraren arduradun egiten ditugu.

Bizkaiko nagusien egoitzetan milaka langile dira egunero beren lanpostuetara joaten direnak egungo ratioen dekretuak ezartzen dien xantaia emozionala pairatuz. Ratio horiek, zaintza-lana eta egoiliarrei eman beharreko arreta duina eskaintzeko denbora nahikorik gabe uzten dituzte sektoreko langileak. Dekretu horrek, langile bakar batek pertsona bat 10 minutuan garbitu, jantzi eta dutxatzea dakar; gauean 35 edo 40 egoiliarren ardurapean egotea edota oinarrizko jardueretan gutxienez 15 pertsona zaindu behar izatea.

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak gaur egun ezartzen dituzten ratioek oso larriki kaltetzen dute egoiliarren eta langileen bizitzaren duintasuna. Ratio hori ez da duina, sistema ankerra da, eta egoiliarrei ez die aukerarik ematen entzunak izateko eta pertsona guztiok behar dugun gutxieneko arreta emozionala jasotzeko. Bizkaiko egoitzen eguneroko egoera oso gogorra da, eta LABek ez du onartzen tratu txar hori normalizatzerik.

Hori dela eta, LAB sindikatutik nahikoa dela esaten dugu ratioen dekretu honen aurrean, langileei zein erabiltzaileei eragiten dien tratu txarrarengatik.

Honakoa da, zenbakietara ekarrita, Bizkaiko egoitza garrantzitsuenetako batzuen errealitatea:

  • Aspaldiko, Portugaleten: langile 1 gauez 34 egoiliar zaintzeko.
  • Abeletxe, Ermuan, eta Aita Menni, Durangon: langile 1 gauez 38 egoiliar zaintzeko.
  • Bizkotxalde, Basaurin: langile 1 gauez 40 egoiliar zaintzeko.
  • Santa Mariñe, Urdulizen: egunez langile 1 aldi berean 20 egoiliar zaintzeko.
  • Nuestra Señora de los Desamparados, Karrantzan: langile 1 aldi berean 17 egoiliar zaintzeko.

Datuok Bizkaiko egoitzetan orokortua dagoen egoera islatzen dute.

Egungo ratioak ikusita, LABek berriro mahai-gaineratzen du bere gutxieneko ratioen proposamena, egoitzetara egoera gizatiarrago bat ekarriko lukeena. Besteak beste, honako neurri hauek proposatzen ditu:

1. Eguneko ratioa langile 1ekoa izatea 4 egoiliarreko.

2. Gaueko ratioa 2 langilekoa izatea 15 egoiliarreko.

3. Erizaintza zerbitzua 24 orduz izatea, eta, beti ere, gutxienez erizain 1 egotea 16 egoiliarreko.

Egoera horren atzean Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak ezartzen dituzten pribatizazio-politikak daude. Zaintza-lanak merkantilizatzen dituen sistema da hau, IMQ, Lares, Aita Menni, Vitalitas, Babesten edo GSR bezalako enpresek negozioa egin eta milioika euro irabazteko erabiltzen dutena.

Bizkaiko nagusien egoitzetako langileek zerbitzu publiko bat ematen dute, egoiliarrak eta langileak gaizki tratatzen dituen negozio bat bihurtu dena. Langile publikoak dira eta nagusien egoitzak publifikatu daitezen exijitzen dute.

LABentzat beharrezkoa da ratioen eztabaidari premiaz ekitea eta egungo ratioen dekretua aldatzea. Horregatik, Bizkaiko egoitzetako egoera larria agenda sozialean kokatzeko asmoa duen dinamikari ekingo dio.

EAJk EITB bere alderdi interesen mesedetan erabiltzeko duen asmoa salatu nahi dugu

LABek gogor salatu nahi du EAJk, beste behin ere, EITB bere alderdi interesetarako erabiltzeko erakutsitako asmoa, eta, oraingoan gainera, batere lotsarik gabe eta inpunitate osoz, publikoki adierazi izana.

EAJk “Herriaren zerbitzura dagoen alderdia” izeneko 4. ponentzia argitara eman berri duen honetan, komunikazioa hobetzeko irizpideen inguruan EITBri erreferentzia zuzena egiten dion honako hausnarketa jaso du: “Ente publikoak gizartearen aniztasuna islatzen duela bermatzea, tresna politiko bihurtu gabe, baina alderdiaren interes legitimoetatik aldendu gabe”.

LABek gogorarazi nahi du Euskal Irrati Telebista herri erakundea sortzeko maiatzaren 20ko 5/1982 legeak argi eta garbi zehazten dituela ondorengo printzipioak:

• “Berriemanketen gauzak direneantxe ikustea, egiatasuna eta alderdikeriarik eza”.

• “Berriemanketa eta iritziaren arteko bereizketa”.

• “Berdintasun-sortarauarekiko, politika, erlijio, gizarte, kultura eta linguistika aniztasunarekiko begirunea”.

EAJren barne dokumentu batean EITBri horrelako aipamena egitea oso larria da. Garbi dago EAJk ez duela EITBren sorrera irizpideak errespetatzeko asmorik, baina euskal gizarteari argi eta garbi adierazi nahi diogu EITBko langileok profesionaltasunez jarraituko dugula lanean, legeak dioen bezala, “gizarte demokratiko batek eskatzen duen bezala, adierazpen-askatasuna defendatuz eta informazioa askatasunez komunikatu eta jasotzeko eskubidea zainduz”.

Tamalez, eta gertatutakoa oso larria izan arren, ez gaitu inor ezustean harrapatu. EITB marka aspalditik dago EAJri lotuta. Goi-kargu asko ikusi ditugu EITBtik Eusko Jaurlaritzara edo Sabin Etxera salto egiten: Bingen Zupiria ETBko zuzendari ohia, adibidez, Jose Antonio Ardanza (1983-1989) eta Iñigo Urkullu (2016-2024) lehendakarien gobernuetan izan zen, eta egun, Eusko Jaurlaritzan segitzen du, Imanol Pradales lehendakari jeltzalearen eskutik. Andoni Ortuzar, berriz, EITBko zuzendari nagusi izan zen 1999tik 2008ra bitartean, baina kargu hori utzi zuen EAJko buruzagitzara pasatzeko, lehendabizi Bizkai Buru Batzarrera eta, ondoren, EBBko presidente karguan.

2020an, baina, inflexio puntu bat eman zen, Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusi izendatu zutenean. Ordutik hona, alderantzizko bidea egiten hasi dira, hau da, EAJko kargu politikoekin betetzen ari dira atzamarrez aukeratzen diren EITBko zuzendaritza eta ardura postuak: Andoni Aldekoa, Ibone Bengoetxea (aurten utzi du EITBko gerente kargua lehendakariorde bilakatzeko), Isabel Octavio, Iñigo Camino…

EITBko komunikabideak (ETB, Irratiak eta eitb.eus) audientzia galtzen ari dira, urtez urte, informazioa eta entretenimendua kontsumitzeko moduak aldatu direlako eta lehiakortasuna izugarria delako, baina baita EITBk sinesgarritasuna eta irudi ona galdu dituelako euskal jendartearen aurrean, herritarrek EITB EAJrekin eta instituzioekin lotzen baitute. Adibide bat: euskal herritarren erdiak baino gutxiagok uste dute EITBn albistegiak “egiazkoak eta inpartzialak” direla. Ez diogu guk. EITBk berak 2022an egindako inkesta baten ondorioa da.

Horregatik guztiagatik, EAJri eskatzen diogu, EITBren etorkizuna benetan inporta bazaio, utz diezaiola komunikabide publikoa berea balitz bezala eta bere interesen mesedetan erabiltzeari. Halaber, EITBko zuzendaritza nagusiari galdegiten diogu EAJri eska diezaiola berehala kendu dezala EITB erakunde publikoari egiten dion aipamena ponentzia horretatik.

Nahikoa da! EITB ez da “alderdiarena”, EITB euskal jendarte guztiarena da!

B&B Trends-ena da Gasteizko SDA Factory-ren itxieraren errua

Zuzendaritzak SDA Factory ixteko erabakia hartu du, lehengo Gasteizko BSH. Ia 50 urtetako historia duen enpresa honek Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espedientean (ABEEE) pasatu ditu azken lau urteak.

Atzo, abenduaren 17an, enpresak jakinarazi zigun SDA Factory enpresaren borondatezko konkurtsoa deklaratu zutela Gasteizko lantegirako. Iragarpena e-mail bidez egin zen, bosgarren ABEEEaren luzapenaren kontsulta aldia izango zenaren hirugarren bileraren atarian, hau da gaur egun enpresan indarrean dagoena. Jakinarazpen horren arabera, Borondatezko Lehiaketa 16an eskatu zen.

LABen arabera, komunikazioa tamalgarria eta miserablea da. Ez al zuten erabakia hartuta luzapena negoziatzen hasi aurretik? Nola jarrai dezakete jendearekin horrela jolasten?

Enpresa BSHrena zenean, 240 langilek osatzen zuten plantilla. Gaur egun, 55 baino ez dira. Punta-puntako enpresa bat, ia 50 urteko historia duena, lurraldean errotuta dagoena, dirua poltsikoratzea helburu bakarra duten multinazionalen diru-goseak zakarrontzira bota duena. Berdin die nor eramaten duten aurretik. Lantoki baten deslokalizazio, plantillaren suntsiketaren eta euskal industria-ehunaren desegitearen adibide argi eta garbi baten aurrean gaude. Hemendik, gure elkartasuna adierazi nahi diegu Eskirotzeko BSH lantegiko langileei, egun berean jakinarazi baitzitzaien enpresa itxiko zutela. Kasualitatea ote?

Enpresa B&B Trends-en eskuetan erori zenetik, badirudi iragarritako heriotza baten aurrean egon garela: produktuak beste lantoki batzuetan ekoizteko erretiratzea, I+G unitatea desegitea, kaleratzeak, ABEEEak… Etorkizuna duen proiektu industrial bat zaborrera bota dute.

Joan den apirilean, akordio bat lortu zen SDA Factory enpresan. Akordio horrekin, gatazka judizial eta kolektiboko etapa luze bat itxi nahi zen, eta oinarriak ezarri lantegi, zuzendaritza eta jabetza eta lan egiten duten pertsonen arteko harreman berri eta positiboago bati hasiera emateko. Akordio horretan, irekitako hainbat auzi kentzeaz gain, neurri ekonomikoak adostu ziren, alde batetik, plantillak jasandako eros ahalmenaren galera izugarria arintzeko, eta, bestetik, konpentsazioak eskaintzeko, ustez iragankorrak diren produkzio-premiengatik enplegu-erregulazioko hainbat espediente etengabe eta jarraian aplikatzeagatik.

Neurri ekonomiko horiez gain, enpresa-batzordeak beste aldagai batzuk sartzeko ahalegina egin zuen, beste berme mota batzuk sortzeko, bai plantillarentzat, bai industria-proiektuarentzat. Kontuan hartu zen langile guztiek ia agortuta zutela langabezia-prestazioa, eta erregulazio-neurri berriak errepikatzeko aukera zegoenez, laguntza ekonomikorako abalak adostu ziren, etorkizunean kasu bera gertatzen bazen. Baina, batez ere, eta garrantzitsuena dena, enpresan injekzio-postua indartzea hitzartu zen, funtsezkoa baita produkzio-prozesu osoan, hura elikatzen baitu.

Hori dela eta, batzordea erakunde guztiekin egindako bilera-sorta batekin hasi zen, geratzen diren langileek aurre egin behar dieten egoera dramatikoaren berri zuzenean emateko. Orain, plantillak langabezia-prestazioa ia osorik agortu du, oso adin altuko langileak daude, eta baita erretiro aurreratua hartu ahal izateko gutxieneko kotizazio-kopurura iristen ez diren emakumeak* ere, baina ziurgabetasuna erabatekoa da.

Hori dela eta, LABek dei egiten du hilaren 20an, 12:00etan, Gasteizko Andra Maria Zurian enpresa-batzordeak deitutako kontzentrazioan parte hartzera. Bertan, egon daitezkeen berritasunen berri emango du enpresa-batzordeak.

Asteasuko Siemens Gamesako ABEEEaren eragina murriztu eta enplegua defendatzeko neurriak lortu ditugu

Hasteko, salatu nahi dugu enpresak negoziaketa talde mailan egin nahi izan duela, Asteasuko langileen ordezkaritza disolbatua eta eragin mugatuarekin zeogoen mahai negoziatzaile bat inposatuz. ABEEE luze eta gogorra nahi zuen enpresak langileentzat eta egoera honen aurrean, markoaren salaketaz gain, neurriaren eragina ahalik eta gehien murrizten saiatu da LAB.

Zentzu honetan, Asteasun mobilizatzeaz gain, inposaturiko mahai negoziatzaile horretan gure baldintzak ezarri ditiugu bi zentzutan: batetik, ABEEAaren iraupena murriztu eta langileen lan baldintzen kaskartzeari mugak jartzeko; eta bestetik, epe luzeagora enplegua bermatuko duten konpromisoak exijituz.

Negoziaketa prozesu neketsu eta zail baten ondoren, bi esparrutan aurrerapen nabarmenak eginarazi dizkiogu enpresari eta aurreakordioa erdietsi dugu: ABEEEa murriztu dugu, bi urteko hasierako proposamenetik urte eta erdira, eta eguneko soldataren %85era arteko gehigarria lortu dugu (estrak eta oporrak %100). Honez gain bereziki azpimarratzekoa da urte honen amaieran iraungiko zen enplegu bermeko akordioa 2027ko abenduaren 31ra arte luzatzea adostu da.

Modu honetan, neurriaren eragina modu adierazgarrian murriztea lortu dugu. Borrokan eta lanean jarraituko dugu bertako negoziaketa esparruen eta langileontzako onuragarriak izango diren akordioen alde.

Zerbitzu publikoak indartzeko, aurrekontu duinak exijitu ditugu Hegoaldeko bi parlamentuen aurrean

LAB Nafarroa Garaiko eta EAEko parlamentuen aurrean mobilizatu da aurrekontuen bozketen bezperan. Nafarroarako zein Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako aurrekontuak salatu ditugu, ez baitira zerbitzu publikoak indartzeko baliatu, ezta langileen aldeko neurriak ezartzeko erabili ere. Horregatik, politika publikoak erabat aldatu behar direla aldarrikatu dugu.

Langileen aldeko bestelako politika eta aurrekontu batzuk behar ditugu, eta, bereziki, pribatizaturiko zaintzako langileak langile publiko bezala hartzeko konpromisoak exijitu ditu LABek. Horretarako ezinbestekoa da administrazio guztietan aurrekontu duinak onartzea, dirua egon badagoelako:

• Euskal Herrian zerbitzu publikoetan lan egiten dugun langileok hemen erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen dugu, inposiziorik gabe eta negoziazio kolektiboa errespetatuz, hurrengoa adosteko: publifikazioak; bizitzaren garestitzeari aurre egiteko soldatak; jardunaldia; lan kargak arintzea; enplegua sortzea eta egonkortzea; gazteberritze planak; birjartze tasak desagertzea eta behin-behinekotasuna murriztea; lan osasuna; neurri feministak; euskalduntzea…

• Gobernuek diseinatutako aurrekontuak erabat neoliberalak dira. EAEn EAJk sustatzen duen “lankidetza publiko-pribatuaren” ereduaren atzean negozioa, lagunkeria, eta prekaritatea besterik ez daude Nafarroa Garaian, berriz, PSNk gidaturiko koalizio gobernua lankidetza publiko-pribatuaren eredua hauspotzen ari da, negozioari eta prekaritateari ateak parez pare irekiz; Osasunbidea eta NOPLOI Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren izaera juridikoa aldatu nahi izatea da horren adibiderik garbiena. Gainera, gobernuek eta aldundiek negoziazio kolektiborako eskubidea urratzen dute, patronalei ematen dieten beto ahalmenagatik.

• Pradalesen gobernuaren eta Urkullurenaren artean ez dago alderik. Formetan aldaketa irudikatu nahi izan duten arren, aurreko gobernuaren jarraipen hutsa da oraingoa. Eta Nafarroako Gobernuak diseinatutako aurrekontuetan ez dituzte kontuan hartzen borrokan egon diren sektoreen aldarrikapenak; besteak beste, pribatizaturiko adinekoen egoitzetako langileak edota irakaskuntza publikoko hezitzaileak eta irakasleak. Borondate politikoa falta da.

• Zaintza pribatizatuta mantentzeak langileen lan baldintzak —ratioak, ordutegiak, lanaldiak, soldatak…— prekarizatzea dakar, negozioaren mesedetan. Pribatizaturiko zaintzako langileak langile publikoak gara!

• EAJk bere interes merkantilistak zaintzeko duen irmotasun bera erakutsi beharko luke kudeatzen dituen administrazioetako zerbitzu publikoak eta langileak babesterakoan. PSNk, berriz, baztertu dituen zerbitzu publikoak eta bere langileak babesteko politikak urgentziaz aldatu behar ditu. Politika publikoak hemen aldatzeko aukerak badaude, eta borondatea da falta dena.

• Langileok mobilizatzeko arrazoiak eta baldintzak ere badaude, eta urteetan, etsi gabe, egiten ari garen borrokek emaitzak ematen dituzte.

Langileen alde zerbitzu publikoak indartu! Zaintzako langileak publikoak gara! Aurrekontu duinak! Hemen erabaki!