2025-04-19
HomeEkintza SindikalaNahikoa ez den akordio proposamenaren aurrean, grebara joko dute berriro EAEko hezkuntza...

Nahikoa ez den akordio proposamenaren aurrean, grebara joko dute berriro EAEko hezkuntza publikoko irakasleek

Hezkuntza Saila idatzizko proposamena mahai gainean jartzera behartu duten arren, greba dinamikarekin aurrera egitea besterik ez dute. Horrela, bost greba egun egingo dituzte, maiatzaren 12tik 16ra.

Urtarriletik apirilera bitartean, %90eko ordezkaritza duten LAB, STEILAS, ELA eta CCOO sindikatuek deituta, bederatzi greba egun egin dituzte EAEko hezkuntza publikoko irakasleek. Pasa den asteko azken bileran Hezkuntza Sailak negoziaziorako egutegia baino ez zieten aurkeztu. Atzo arratsaldean helarazi zien proposamen bat. Honek, aldarrikatutako edukiei ez die erantzun egokirik ematen oraindik. Izan ere, eduki, zehaztapen eta bermeak falta ditu. Eta Hezkuntza Sailak, honen jakitun izan arren, ultimatum gisa planteatu du, negoziaziorako aukera baztertuz. Biharko hitzorduak sinadura bakarrik dauka helburu. Horren aurrean greba ziklo hauen deitzaileak diren

lau sindikatuek ez dutela sinatuko jakinarazi dute.

Beraz, orain arte egindako greba eta mobilizazio arrakastatsuek segida izango dute beste 5 greba egunekin maiatzaren 12, 13, 14, 15 eta 16an.

Indarrean dagoen irakasleen lan-akordioa 2010ekoa da, hortaz, 15 urte luze daramatza Eusko Jaurlaritzak hura berritu gabe. Egindako grebetan, langileek argi eta garbi adierazi diote Hezkuntza Sailari hitzarmena orain eta hemen negoziatzeko beharra, eta Hezkuntza Sailak negoziatzeko atea zabalik duela saldu badu ere, errealitatea bestelakoa izan da: jarrera itxia, eszenifikazioa, edukirik gabeko bilerak …

Gainera, grebak desaktibatzeko xantaia erabili du Jaurlaritzak, eta beste sektoreetan egin ez duen bezala, ez ditu negoziatzeko aukerak aprobetxatu eta blokeoa luzatzen ibili da. Hitz eta asmo politetatik harago, edukiak eta zehaztapenak behar dituzte sindikatuek.

Greba ziklo honetan, irakasleek, adierazitako indarrarekin, oso mezu argiak helarazi dizkiote Hezkuntza Sailari: gero eta handiagoak diren lan-zamak arintzeko neurri zehatzak adostea, erretiroa hartzeko baldintzak hobetzea eta plantillen gazteberritze plana garatzea, galdutako erosahalmena berreskuratzea eta jaiotza-tasaren jaitsiera aprobetxatuz aldebakarrez erabakitzen ari diren ikastetxe publikoen fusio eta itxieren aurrean enplegu publikoa bermatu eta lanpostuak egonkortzea.

Era berean, hezkuntza publikoko sistema osoa euskaldunduko duen hezkuntza politikak abiaraztea,

langileon lan-osasuna zaindu eta kalitatezko berdintasun eta hezkidetza plan egonkorrak garatu ahal izateko baliabideak jartzea eskatzen dituzte, baita azken urteetan inposatutako atzerapausoak kentzea ere.

Hezkuntza Sailak urteak daramatza aldebakarrez neurriak inposatzen, eta harrokeria horrek ekarri du egoera honetara. Irakasleen lan baldintzak negoziatzeko garaia da. Hala, Hezkuntza Sailari eduki, zehaztapen eta bermeak dituzten proposamenak mahaia gaineratzeko exijitzen diote, inolako baldintzarik gabe.

Hezkuntza publikoa indartzeko ezinbestekoa da inbertsioa handitzea, lan baldintzak hobetzea eta eskola publikoa baliabideez hornitzea. Adierazitako aldarrikapenak lortzeko egiazko negoziazioa gauzatzea dute helburu sindikatuek, eta argi dute langileen mobilizazioekin batera hezkuntza publikoa erdigunean jartzea eta lan baldintzak hobetzea lortuko dutela.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Enviserreko langileek greba gogortu dute, protestaren hirugarren astean

Hiriko parkeak, lorategiak eta eraztun berdea mantentzeko Gasteizko Udalaren kontrata den Enviser enpresako langileek hiru aste bete dituzte greban. Baldintza duinak jasoko dituen hitzarmen propio bat lortzea da beren helburua. Hainbat langilek Gasteizko udaletxearen aurrean pasa dute gaua, azken honen inplikazioa eskatzeko.

LABek ontzat jo du Iruñeko Udalaren eta alokairuzko bizikleten enpresaren artean sinaturiko akordioari esker langileei zor zitzaizkien soldatak ordaintzea

LAB sindikatuak duela bi aste salatu zuen Ride On Pamplona Iruñeko alokairuko bizikleta elektrikoen zerbitzuko langileak egoera larrian zeudela, sei hilabete baitzeramatzaten nominak berandu kobratzen eta, gainera, enpresak bi nomina oso zor baitzizkien. Iruñeko Udalak eta Ride On-ek gaur iragarri duten akordioaren arabera badirudi zerbitzuaren jarraipena bermatuko dutela eta enpresak berehala kitatuko dituela langileekin dituen zorrak.

LABek salatzen du milaka gutun banatu gabe daudela Gasteizen Correoseko langile faltagatik

Langilerik ez kontratatzearen ondorioz, kaosa sortu da azken hilabeteetan posta-banaketan, eta inoiz ikusi gabeko egoetara iristen ari da. Kontratazioan murrizketa hain handia da, kasu askotan ez dela inor ordezkatzen ari. Adibidez, Alde Zaharreko postariak urte erdi baino gehiago darama bajan, ordezkatu gabe.