2026-05-02
Blog Page 808

Lanuzteak egingo ditugu Bizkaiko etxez etxeko laguntza zerbitzuaren defentsan

LAB, ELA, UGT eta USO sindikatuok bi lanuzte partzial deitu ditugu maiatzaren 25 eta 31rako.

Hauxe da LAB, ELA, UGT eta USO sindikatuok egindako oharra:

Duela urtebete baino gehiago, Etxeko Laguntza Zerbitzuan egunero dihardugunok, eguneroko bizitzan oinarrizko jarduerak zailtasunez garatzen dituzten pertsonei laguntza emozionala eta fisikoa ematen ari garenok, Etxeko Laguntza Zerbitzuaren defentsan mobilizazio dinamika bati ekin genion, etxeko laguntzaileentzat lan hobekuntzak aldarrikatuz.

Negoziazio kolektiboak eskaintzen zigun abagunea bikaina zen horretako, negoziazio kolektiboaren esparruak muga argiak dituelako Etxeko Laguntza Zerbitzuan diharduten langileen lan baldintzak hoberen arautu ahal izateko.

Etxeko Laguntza Zerbitzuak titulartasun publikoa du, udalarena da hain zuzen; horien gehiengoak erabaki du kudeaketa eredu pribatu batez egin behar dela. Horretarako lehiaketa publikoak egin dituzte, eta sinesgarritasun sozial eskaseko merkataritzako enpresen esku uzten dute funtsezko zerbitzu hori.

Lehiaketa publiko horietan ezartzen da prezio ordua, gutxiengo prezio ezarri barik; haietan ezartzen dira bete beharreko lanorduak, gutxiengo orduak bermatu barik, eta hortaz langile bakoitzak bete beharreko lanaldia; haietan ezartzen da langileen subrogazioa, edota subrogazio eza, behin-behineko langileak eta teknikariak kontuan hartu barik, non azken finean, haietan ezartzen da zein baldintzetan gauzatuko den zerbitzua. Zerbitzu publiko honen langileek egin duten lana onartu ez izanak eragin du klausula sozialik ez izatea, zeinek bermatzen dituzten Udalek landutako baldintza pleguetan laneko baldintzak eta eskubideak bermatuko direla.

Horrengatik, Etxeko Laguntza Zerbitzua babestearren burutu den dinamikaren alderdi baten helburua Udalei eta mankomunitateei sektorea jasaten ari den egoera larriaren berri ematea zen, erakundeen agendan txertatuz. Helburu horretan udal taldeengana jo genuen bultza zezaten mozio bat eta baldintzen pleguetan itsatsiko ziren hainbat neurri har zitezen.

Egun arte hamaika mobilizazio egin ditugu, 10 lanuzte partzial egin ditugu, eta eroan dugu SADeri buruz egin genuen diagnostikoa eta irtenbideak udal batzuetara. Gaurko egunez, Getxoko Udal Taldeekin berba egiten ari gara, Barakaldoko osoko bilkuran eztabaida dadin zain gaude, eta Portugaleteko udalean eztabaidatu eta onartu da mozioa, non hartan langile guztien subrogazioa, lan-poltsa jasotzen den, lanaldiak bermatzen diren, lan baldintzak bete eta hobetu daitezen behar adinako prezioa bermatzen den, enpresen irabaziak mugatzen diren, laneko arriskuak prebenitzeko legea betetzen den eta langileen parte hartzearekin zerbitzua ebaluatzen den.

Gure ustez, eta urrats handia dela dirudien arren, langileoi dagozkigun lan eskubideak bermatu besterik ez da egin, eta hortaz, erakunde titularra moduan, haien arduraren zati bat bete da. Dena den, osoko bilkuretan onartu diren mozioak ez dira nahitaez bete beharrekoak, eta gauzatuko direnean asebeteko gara.

Gainera, gogora ekarri behar dugu duela 5 urte baino gehiago soldatak izoztuak dauzkagula, eta patronalak, titulartasun eta finantziazio publikoa duen zerbitzu honen kudeatzailea, aurkeztu zuen proposamenak alderdi atzerakoiak zituela, adibidez, lanaldiaren urtekotzea eta KPIren oso azpiko soldata igoerak.

Egoera horrek behartzen gaitu mobilizazioei eta greba partzialei eusteko. Maiatzerako deitu ditugu bi lanuzte partzial, hilaren 25ean, 12:00ak eta 15:00ak bitartean, Mungian elkartuz, udal osoko bilkura egiten ari dela, eta hilaren 31n, 10:00ak eta 13:00ak bitartean, Bilboko udaletxea inguratuko dugu osoko bilkura egingo denean.

Asko dago egiteko, badago tartea aurrera egiteko, horrengatik, lanuzteak eta mobilizazioak egiten iraungo ditugu herriz herri.

 

 

 

Programa Eleanitza, PAIren anabasa konpondu dezakeen aukera

UPNk PAI (Ingelesa Ikasteko Programa) abian jarri zuenean zentzugabekeria linguistiko eta pedagogiko galantari eman zion hasiera. Orain merkealdiekin dator, zehaztasunik eza, egia epelak eta gezurrak aireratuaz, berriro ere. Bere helburu nagusia honokoa da: euskara higatzeko politika berriak abian jartzea, lurralde honetako hizkuntz-altxorra osatzen eta hobetzen jardun beharrean.

UPNk PAIri buruz eginiko eldarnioz betetako kontakizunaz gaindi, bere garaian soilik eskola publiko gutxi batzuek eskatu zuten programa hori abian jartzea. Nabarmentzekoa da orduko Gobernuak prozesu horri buruz eman zuen informazio urria eta zeinen formazio metodologiko eta linguistiko eskasez horniturik jarri zen abian.

Hainbat zuzendarik PAIren inguruan egondako kontsentsu eskasa salatu zuen. Inposizio zantzuak ere salatu ziren. Eskola publikoen laurdena behartua izan zen programa hori abian jartzera.

Eskola publikoetan PAIk lortu duen onarpen maila oso baxua da, batez ere D ereduan. Gainera, nabarmendu beharra dago Nafarroako eskolen %60k ez duela hizkuntz proiekturik (zentro publikoen %80). Beraz, UPNren proposamenak ez du inolako zilegitasun pedagogikorik, ezta estatistikorik ere. PAIri buruzko kontakizun idilikoa, aurreikus zezakeen modura, ezerezean geratu da. Horrez gain, garrantzi handia eman ohi zaio proiektu berak izan beharko lukeen aholkularitza irizpideei, bere ezaugarriei, eman beharreko ikasgaiei, irakasleriaren formazioari, antolakuntza eta garapenari eta abar. Hori guztia garatu gabe dago eta erabat baldintzatzen, mugatzen eta oztopatzen du Ingelesaren ikasketa eredu linguistiko bilakatzea, orain UPNk hala nahi baldin badu ere.

Nafarroako hizkuntzak izaki, euskara eta gaztelania dira gure eskola-hizkuntzak eta gure hezkuntza sistemaren “grabitate guneak”.

Alternatiba programa eleanitza da
Elebidunak diren erkidego autonomoei dagokie euren eredu linguistikoa zehaztea. LABen apustua bertako hizkuntzen ezagutza sustatzea da, jendartearen kohesioa eta hizkuntz-normalizazioa uztartu asmoz. Horixe da, gainera, Estatuko beste erkidegoetan egiten ari diren apustua: eleanitza den eredu bateratua, oinarrizko hezkuntza prozesua amaitzean ikasle guztiek aipatu bi hizkuntzetan komunikazio konpetentzia egokia garatu ahal izateko.

Gure aburuz, horrek guztiak gureaz apartekoak diren hizkuntza eta kulturak ezagutu eta esperimentatzeko askotariko esperientziak ahalbidetuko lituzke eta ikasten ikasteko gaitasuna sustatuko litzateke kulturen eta hizkuntzen arteko harreman zintzo eta errespetuzkoa landuaz.

Hau da, hain zuzen ere, sindikatu honek Hezkuntza Departamentuari helarazi dion proposamena. Gure proiektu eleanitza dagoeneko mahai sektorialean negoziatzen ari garen itunaren zirriborroan sartua dago.

Agerikoa da UPNk nola erabiltzen duen ingelesa eta bere ikasketa prozesua horrekin politika merkea egiteko. Horren adierazgarri da Parlamentuan egin duen proposamena. Aurkeztu duen mozioan UPNk errealitatea manipulatu du, berriro, baita gezurrak bota ere. Euskararen garapena oztopatzeko, ingelesa eta Nafarroako hizkuntzak diren euskara eta gaztelania maila berean jarri nahi ditu, inolako berme pedagogiko edo linguistikorik gabe.

Ez dago zalantzarik UPNk noraeza eragin nahi duela Parlamentuan aurkeztuko duen mozioarekin eta modu batera edo bestera Nafarroan garatu nahi den hizkuntz murgiltze eta elkarbizitza eredua zapuztu. Ez diogu utziko.

 

 

 

‘Piztu Alarma’, laneko abusuei aurre egiteko tresna aktibista berria, aurkezteko hamahiru bilera eginen dituzte Iruñerrian


LAB sindikatuak, bere afiliatu eta jarraitzaileekin elkarlanean, tresna aktibista berria sortu du Iruñerrian, lantokian gerta daitezkeen askotariko abusuei aurre egiteko. Tresna berriaren inguruan komunitate bat eratzen ari da, hainbat sostengu talde sortu dira eta, horiek osatzen segitzeko, hamahiru bilera ireki eginen dituzte maiatzean Iruñerriko bertze hainbertze tokitan.

Azken urteetako lan erreformek prekarietatean murgildu dituzte langile asko eta asko, enpresetako lan harremanak hankaz gora jarri dituzte, lan baldintzak okertu dituzte, eta gainera langileen aurkako abusuak ugaritu dituzte: tratu desegokiak, derrigorrezko aparteko orduak, esplotazioa, hitzarmena ez bete, mehatxuak…

Eta abusu horiei guztiei aurre egiteko, Piztu Alarma izeneko tresna abiatu du LAB sindikatuak. Hala, Iruñerriko auzo eta herrietan elkartasun komunitate bat osatu dugu, langileriaren sektore ahulek zein ohiko langile mugimendutik at daudenek pairatzen dituzten eskubide urraketak eta abusuak detektatzeko, salatzeko eta langileei babesa emateko.

Piztu Alarma tresna aktibo berria izanen da Iruñerrian, baina ez da ideia berria. Ipar Euskal Herrian ezartzen ari diren erreforma neoliberalak (Macron-en legea-eta) ez aplikatzeko LABek abiatua duen Alarma Soziala egitasmoa da gure ideiaren abiapuntua. Eñaut Aramendi, Alarma Soziala tresnako ekintzailea, lehenbiziko bileran izan zen.
 

 

 

Mobilizaziora deitu dugu azken erailketa sexista salatzeko

Maiatzaren 9an, Euskal Herriko herri eta hirietan mobilizatzera deitu du Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak.

Pasa den asteazkenean izan genuen, Réjane, Bidarten (Lapurdi) eraildako 70 urteko emakumearen berri. Gaur baieztatu da eraildako emakumea indarkeria matxistaren biktima bat gehiago izan dela, 79 urteko bere bikotekideak erail zuela. Gizona atxilotuta dago.

Beste behin, nazkatuta eta haserre gaude indarkeria matxista kasu berri honen aurrean. Apirila bereziki hilabete gogorra izan da Euskal Herriko emakumeontzat. Maria José eta Florentina ama alabak, apirilaren 20an Gasteizen alabaren bikotekide ohiak erail zituen; Roxana, 32 urte, apirilaren 28an erail zuen bere bikotekide ohiak Donibane Garazin.
 

 

 

Metro Bilbaok kontratazio berrietan euskara jakitea bermatzea eskatu dugu

Azken lan-eskaintzan ingeles maila euskara mailaren gainetik jarri du.

LABek eskatzen du lan-eskaintza hori bertan behera utzi edo, bestela, euskarazko B2 maila eskatzea.

Igandean, maiatzak 6, hedabideetan eta Metro Bilbaoren web orrialdean hiriarteko bulego nagusietan aritzeko Informatika- analista bat kontratatzeko deialdia zabaldu zuten. Zer eskatzen duten begiratu eta hizkuntzen atalean honela jaso dute: “Euskara B1 maila eta ingeles B2 maila egiaztatu behar dira”.

Horrela, Metro Bilbao gisako erakunde publiko bat EAEn ofiziala den euskara gutxiesten ari da, atzerriko hizkuntza baten atzetik jarriz, zerbitzua euskaraz jaso eta euskaraz lan egitea oztopatu eta erabiltzaileen eta langileen hizkuntza eskubideak urratzen baitira.

Munduan beste inon ulertuko litzateke atzerriko hizkuntzak lehenestea tokiko hizkuntzen ordez?

LABek lan-eskaintza hori bertan behera utzi edo, bestela, B2 euskara mailara igotzeko eskatzen dio Metro Bilbaoko zuzendaritzari.

Era berean, neurri horrek lan-munduan eragiten dien gainerako sindikatu eta erakundeei eskatzen diegu herritarren hizkuntza eskubideen eta euskararen normalizazioaren aldeko lana eta ahaleginak indartzeko.
 

 

 

“Ez dago gizonik aita izateagatik lana galdu duenik”

Bilbon gaur egindako agerraldiaren helburua Texajax enpresa emakume bat diskriminatzeagatik zigortu duela jakinarazi eta epaiaren inguruko balorazioa egitea izan da. Lantokietan ematen den emakumeen kontrako diskriminazioa salatu eta borrokatzera deitu dugu.

Kasua kokatzeko, oroitu behar dugu Janire Zornotzako Texajax enpresako langilea zela. Amatasun baimena hartu zuen eta lanera bueltatu zenean, enpresaren jabe Juan Carlos Zarandona Esquibelek esan zion beragan konfidantza galdu zuela eta bera kaleratzeko asmoa zuela. Hori dena ama izateko eskubidea aldarrikatzeagatik eta bere lanpostua defendatzeagatik. Gainera, honela justifikatu nahi izan zuen kaleratzea. Bere ordez zegoen langileak, gizon batek, askoz ere asti gehiago izango zuela lanari eskaintzeko, ez baititu lantegiko lana eta seme-alaben zaintza lana uztartu behar.

Hala ere, Janirek ama izateko eskubidea eta bere lanera bueltatzeko aukera praktikara eraman eta bere lanpostura itzuli zen, eta enpresaren erantzuna ondorengoa izan zen: langilea gutxiestea, mobbing-a egitea, lehen egiten zituen funtzioak kenduz eta lan egiten zuen bulegotik botaz, bakarrik zegoen gela batera baztertuz. Helburua, langilea bera izatea lana uzten zuena, etorkizunean enpresaren aurka jar zitzakeen salaketa zein erreklamazioak ekiditeko asmoz.
 honen ondorioz Janirek baja hartu behar izan zuen lantokian egoera jasanezina bilakatu zelako eta salaketa ipintzea erabaki zuen.

Aurreko apirilaren 10ean epaiketa burutu zen eta dagoeneko badu epaia. Janirek irabazi du epaiketa eta Texajax enpresa zigortua izan da. Epaiak, langileak sexuaren araberako diskriminazioa pairatu zuela adierazten du, amatasunaren ondorioz bere oinarrizko eskubidea urratua izan delarik. Hau dela eta, enpresak kalteordaina eman beharko dio langileari kalte moralengatik.

LABek epai hau ospatu nahi du eta bereziki Janirek egindako ibilbidea goraipatu. Ez da bide samurra izan, baina borrokaren bitartez egoera honi aurre egiteko gaitasuna erakutsi dugu eta beste kasu batzutan inolako zigorrik gabe geratzen diren egoera hauen aurrean, aurrera pauso bat ematea lortu dugu.

Janire, eskertuta
Janirek bere lekukotasuna eman du agerraldian: "Lehenik eta behin, eskerrak eman nahiko nizkieke nire eskubideak errespetatuak izan daitezen ekin diodan borrokan bidelagun izan direnei, LAB sindikatuari eta Zornotzako mugimendu feministari. Nik jasandakoaren aurrean ixilik geratu beharrean, aurrera egitera animatzeagatik eta uneoro babesa emateagatik".

Janireren hitzetan, "bakarrik eta isolatuta nahi bagaituzte, argi dugu zein den bidea. Elkartzea, harremanak eta konplizitate sareak jostea eta borrokan egitea. Baitere animatu nahitu nituzke egoera berdinean aurkitzen diren emakumeoi salaketa ipintzera eta egoera hauen aurka borrokatzera, bidea gogorra bada ere, gogorragoa delako oraindik injustizia hauen aurrean ezer egin gabe geratzea".

Mobilizazioa, beharrezkoa
Texajaxen gertatzen ari zen egoera honen aurrean, LABen argi izan genuen lehen momentutik diskriminazio egoera hau kalean salatu beharra genuela, epaitegietatik harago. Horregatik egin genuen kontzentrazioa apirilaren 10ean epaitegietan.

Azken finean, egunero ezkutuan emakume asko euren lanpostuak galtzen ari dira ama izateagatik, baina balizko ondorioak sortzen dieten beldurraren ondorioz, ez dituzte egoera hauek salatzen. Emakume hauei guztiei zapalkuntza hauei aurre egitea posiblea dela eta bide horretan, LAB laguntzeko egongo dela adierazi nahi diegu. "Ez dago gizonik aita izateagatik lana galdu duenik", nabarmendu dugu gaurko agerraldian.

Egindako borrokan Zornotzako Mugimendu Feministak izan duen inplikazioa ere azpimarratu beharra dago, hasierako momentutik Janire babestuz eta Zornotzan “Sinisten dizugu” kanpaina bazter guztietara zabalduz. Horren erakusgarri apirilaren 14an Zornotzako Udaletxeko plazan egin zen mobilizazio jendetsua. Horrela, beste behin erakutsi genuen ezinbestekoak direla sindikalgintza eta mugimendu feministaren arteko aliantzak Patriarkatuari aurre egiteko borrokan.

Hala ere, borroka honek zapore gazi-gozoa utzi digula aitortu behar dugu, Janirek epaiketa irabazi du eta Texajax enpresa zigortua izan da, baina horrek ez dio bere lanpostua bueltatuko. Arrazoia? Lantokian pairatutako jazarpenaren ondorioz, bertan lan egitea ezinezkoa bilakatu zaio.

Hau dela eta, lan ikuskaritzan Texajax enpresaren aurka salaketa ipiniko dugu epaiaren bitartez argi geratu delako enpresak diskriminazioa gauzatu duela, eta beraz, Lan ikuskaritzak dagokion zigorra ipintzea espero dugu.

Azkenik, Lan ikuskaritzari zein instituzio ezberdinei exijitzen diegu egoera hauen aurrean neurri prebentiboak martxan ipintzea, Janireren kasuan bezala, behin kaltea egindakoan lanpostua galtzea dakarrelako. Hortaz, lantokietan emakumeok diskriminatzen gaituzten enpresak detektatu eta zigortzeko beharrezkoak diren ekinbideak martxan ipintzea exijitzen diegu Ikuskaritza eta instituzioei.

 

 

 

Igande eta jai egunetan irekitzeak dakarren kalteaz ohartarazi ditugu kontsumitzaileak Bilbon

0

‘Bizi egunak’ dinamikak merkataritza, hiri eta kontsumo ereduari buruz gogoeta egitea bilatzen du, igandeetan egiten ari garen jardueren bitartez. Joan den asteburuan abiatu genuen ekimena, eta Iruñean izango du jarraipena datorren igandean.

Bilboko ‘Bizi egunean’, kontsumitzaileei informazioa banatu zitzaien goizean, Santutxuko Carrefour Expressaren aurrean. Hain zuzen ere, denda hau irekita egoten da jai egunetan, eta hori salatu genuen, igande eta jai egunetan irekitzeak ekartzen dituen ondorioak ezagutarazteaz gain.

LABen iritiziz, Administraziotik kontsumitzaileei zuzenduriko kontzientziazio eta informazio kanpainak bultzatzea beharrezkoak eta urjentziazkoak dira. Sindikatuak argi du zero irekiera babestu behar dela merkataritzan, igande eta jai egunetan. Era berean, Kontziliazio personal, familiar edota laboralerako eskubidea aldarrikatzen ditugu. “Merkataritzako sektorearen liberalizazioaren aurka gaude, enpresa handien mesedetan bakarrik delako, kalitateko enplegua suntsitzen duelako merkataritza minoristan eta gure herri eta hiriak aldatzen dituelako, bizirik gabe utziz”, adierazi dugu. “Hemen lan egin, bertan erabaki. Merkataritzako araudia eta nahi eta behar dugun kontsumo eredua hemen erabakitzeko gure gaitasunaren aurka estatutik datozen erasoak amaitzea behar dugu", erantsi dugu.


Santutxun egon ostean, Bilbo zaharrean egon ginen igandean, eta, bertan, hainbat jarduera gauzatu genituen, kontsumismoa eta eredu komertziala ardatz hartuta.

Igandean, Iruñean
Datozen ‘Bizi Egunak’ data hauetan izango dira: maiatzaren 13an, Iruñean; 27an, Donostian; ekainaren 3an, Gasteizen; eta ekainaren 17an, Hazparnen.

 

 

 

Gipuzkoako Foru Aldundia da BIDEAN zentroko egoeraren erantzulea

Zentru horretako langileak jarri dira jomugan eta gogoratu nahiko genuke zerbitzua Gipuzkoako Foru Aldundiarena dela, eta berak Zaragozako enpresa bati eman ziola kudeaketa esleipen baten bitartez, FEPAS enpresari hain zuzen ere.

Langileek urteak daramatzate zerbitzuaren gabeziak salatzen, eta bereziki azken hilabeteotan (8 dira langile finkoak, eta egun horietatik 6 bajan daude). Urteak daramatzate zerbitzu hau eskeintzen, 10 urtetik gora, eta BIDEANek irekita jarraitzen badu, beraien lan eskergarengatik da, askotan beraien osasuna jokoan jarriz. Besteak beste, zentrua zaharkitua geratu da, baldintzak ez dira egokienak emakumeei behar bezalako zerbitzua eskaintzeko, langile ratioa finkatzen duen dekreturik ez dago (gauetan eta asteburuetan langile bakarra izaten da zentroan), baina langileek lana profesionaltasunez betetzen dute, zerbitzu hobeago bat lortzearren borrokatu eta inplikatu baitira urte luzez.

Langileen aldarrikapenak mahai gaineratzeko, eta langileek eskatuta, LAB sindikatua Maite Peñarekin bi bilera egin ditu, beraz, Aldundia zentro honetan gertatzen denaren jakitun da hasiera-hasieratik, eta argi dugu zerbitzuaren erantzule nagusia dela.

Erakunde publikoak eten gabe ari dira zaintza lanarekin zerikusirik duten zerbitzu publikoak azpikontratatzen eta pribatizatzen. Horrek lan baldintzen prekarizazioa dakar eta baita zerbitzuen kalitatea okertzea ere, eta guzti hori langileen eta erabiltzaileen kalterako. Kasu honetan, ez da kasualitatea bai batzuk zein besteak emakumezkoak izatea.

Guk mugimendu feministarekin elkarlanean jarraituko dugu indarkeria matxista jasaten duten emakumeen baldintzak zentru hauetan hoberenak izan daitezen, beti ere kontutan izanda erantzule nagusia Gipuzkoako Foru Aldundia dela.
 

 

 

24 orduko lanuztea egitera deitu dute Eulenen izandako lan istripuak salatzeko

Aurreko apirilaren 27an, Eulen enpresako langile Willy Palacín zendu zen bere lan postuan. Astebete ondoren, beste langile batek lan istripu larria izan zuen, eskuko hatz bat galduz.

Eulen enpresako langile batzordeak elkartasuna erakutsi nahi die bi familiei, eta aldi berean, lan istripuak eteteko mobilizazioak martxan jarri behar ditu. "Ezin ditugu horrelako gertaerak izan gure enpresan, horregatik, Enpresa Komiteak 24 orduko lanuzteak konbokatu ditu datorren maiatzaren 10erako, ostegunarekin", adierazi dute.

Era berean, elkarretaratze hauek egingo dituzte:

-11:00etan, Iruñeko Udaletxe plazan.

-12:00etan, Enpresako bulegoen parean (Poligono Mutilva baja, C/I, Nave 5).