2026-05-02
Blog Page 803

Lanbideko langileek Parlamentura eraman dituzte euren eskaerak

Lanbideko langileak Parlamentuan izan dira gaur Lanbideren bulegoetan ezartzen ari den arreta-eredu berriarekiko desadostasuna erakusteko. Lehen orduan elkarretaratzea egin dute atarian eta gerora Parlamentuan burutu den enplegu, gizarte politika eta gazteria komisioan hartu dute hitza bizi duten errealitatea azaltzeko. 

 

 

Eskubide Sozialen Kartak pentsiodunek deitutako manifestazioetan parte hartzeko deia luzatzen du

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta bultzatzen dugun eragile sozial eta sindikalok, datorren maiatzak 26rako pentsiodunen elkarteek herrialde guztietan deitutako manifestazioetan aktiboki parte hartzeko deia egiteko agerraldia egin dugu gaur Bilbon.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta bultzatzen dugun eragile sozial eta sindikalok, datorren maiatzak 26rako pentsiodunen elkarteek herrialde guztietan deitutako manifestazioetan aktiboki parte hartzeko deia egiten diogu jendarteari

Pentsio sistema publiko baten aldeko pentsiodunen borroka; 1080 euroko gutxieneko pentsio bermatua; bizitzaren kostearen araberako pentsioen berbalorizazioa; emakume eta gizonen arteko pentsio arrakalarekin bukatzea eta pobrezia eta prekarietatea eragin duten lan eta pentsio erreformen derogazioa, Kartan jasotako eskubideak dira, eta euskal erakundeei lehen baitlehen bermatuak izan daitezela exijitzen diegu.

Beharrezko pentsiorako eskubidea, kalitatezko enplegua eta bizitza duina, ez dira negoziazio politiko-instituzionaletan saldu eta erosten diren eskubide-merkantziak. Oinarrizko eskubide sozialak dira, bete beharrekoak, eta bermatu beharrekoak.

Ongizate Estatua deiturikoaren oinarria izan da pertsona pentsiodun eta jubilatuei beharrezko pentsioak bermatzea, Ongizate Estatuarena, eta edozein herrialde demokratikorena.

Pentsioen sistema publikoaren aurkako erasoak, jasotzeko baldintzak zailtzea eta sistema publikoa deuseztatzeko sistematikoki murrizketak egitea, eta era berean, espekulatzaile finantzieroen irabaziak bultzatzea pentsio plan eta fondo pribatuen bitartez, hori da Estatuko gobernuen eta Toledoko hitzarmenaren plana. Pentsioen erreforma ezberdinak 2011koa (Zapateroren Gobernaua) eta 2013koa (Rajoiren Gobernuarenak) sistema publikoa inongo baliabiderik gabe uzten dupentsioak %30ean beheratuz.

Ez dugu ezer itxaroten ez Estatuko Gobernutik, ez ordezkatzen duen alderditik, ezta euskal erakundeetatik bultzatzen duten ordezkariengandik ere; gure pentsio publiko duinerako eskubidea Toledoko Hitzarmenaren esku uztea, azeria oilategiaren zaintza egiten uztea da. Beraien erreformen azken helburua, siastema publikoa baliabiderik gabe uztea da eta gaur, hemen, Euskal Herrian hiru pentsiodunetatik batek bere pentsioa SMIaren behetik izatea, edo lautik batek 1000 eurotik beherakoa izatea, horren eragina da.

Hau horrela izanda, Kartan jasotzen ditugun eskubideak, Euskal Herrian konstituzionalizatzea beharrezkoa da, beraien artean, nola ez, pentsio publiko beharrezkoa eta duina izatea, berau gehiengo sozial eta sindikalak aldarrikatzen dugu, eta posible izateko baliabide nahikoa jarri behar dira.

Arazoa, ez da baliabide nahikorik ez dagoela, aberastasunaren banaketa ekitatiboa ez egitea da arazoa, eta aberatsenen eta espekulatzaile finantzieroen interesen gainetik pertsonona ez jartzearen borondate politiko falta.

Behin eta berriz errepikatu dugun bezala, Nafarroa eta EAEko presio fiskala Europakoarekin berdinduta, nahikoa diru izango genuke gure pentsioak bermatzeko, horretaz gain, hezkuntza eta osasungintza unibertsala ere, bermatuak egongo lirateke. Iruzur fiskala modu eraginkorrean jarraitu behar da honetarako, eta jabetza edo errentaren oinarria zein den kontuan hartu gabe pertsona guztion fiskalitatea modu progresiboan aplikatuko balitz, guztiok inor bazterrean utzi gabe bizitza duinak izan ahalko genituzke.

Arrazoi guzti horiengatik, eta galtzen den borroka bakarra egiten ez dena dela uste dugulako, emakumeak, gazteak, langileak, autonomoak, langabetuak, zaintza lanak egitearren ikusezin bihurtu nahi dituztenak… maiatzaren 26ko manifestazioetara deitzen zaituztegu, Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñeko kaleetan, ozen ohiukatu behar dugu gure eskubideen alde.

Inork ez digu ezer oparituko, eta borroka da irabaziko dugunaren berme bakarra.
 

 

 


Asunción Klinikako langileen borrokak fruituak eman ditu

Asunción Klinikako langileek 6 urtetan luzatu den borrokak bere fruituak, lehen enpresa lan hitzarmena, eman dituela azaldu dute gaur Tolosan egindako agerraldian.

Enpresaren negoziatzeko borondate ezaren kontra borrokan 6 urte zail eta gero, Asunción Klinikako langileak pozik agertu dira gaur Tolosan sinatu berri duten enpresa lan hitzarmena aurkezteko. Enpresa, Osasun Saila eta EAJ eta PSOE alderdien jarrera salatu nahi izan dute agerraldian eta era berean Tolosaldeko biztanle eta bertako eragile sozial ezberdinetatik jaso duten babesa eskertu nahi izan dute.

Enpresa Lan Hitzarmen berria

Lortutako lan hitzarmenak lau urteko iraupena izango du, %1,5eko soldata igoera ekarriko du 2017 urterako eta 2018tik 2021era Osakidetzako langileei aplikatuko zaien berbera izango dute. Lanaren luzaeran ere 40 orduko murrizketa lortu dute, 10 ordu urteko. Ultraaktibitatea klausula eta inaplikazioa klausila jasotzen ditu hitzarmenak ere. Honekin batera, ordu extra bakoitza bi orduko deskantsuarekin konpentsatuko zaie. Kontziliazioan ere aurrerapausoak jaso direla adierazi dute eta euskara arloan, langileek euskara ikasteko %100ko laguntza izango dute.

"Akordio honi esker eroste ahalmena galtzeari utziko diotela" adierazi dute langileek, eta "asteko 35 orduetatik gertuago aurkitzen" direla azpimarratu nahi izan dute,  "gure lan baldintzak lan erreformaren aurrean babestuta" geratu direlarik.

Egoera honetan aurreikustitako greba eta mobilizazioak bertan behera uztea erabaki dutela adierazi dute langileek, nahiz eta adierazi duten badakitela "ez dela hemen amaitzen" eta beraz, sinatzera doazen hitzarmena bere osotasunean bete dadin lanean jarraituko dutela adierazi dute.
 

 

 

Hezkuntza burujabea iruten

0

"Zerbait berria sortzen duenak arraunlari baten tankeran egiten du: aurrera egiten du baina bizkarka; atzera begira lantzen du bide berria», Jorge Oteiza. 30 urte atzera egin dugu, baina aurrera egiteko, LAB Irakaskuntza sortu zenetik egindako bidea aztertu dugu, nazioarteko esperientzia positiboetatik ikasi eta ate joka dugun ziklo politiko berrirako, Hezkuntza Proposamenaren ardatzak aurkeztera gatoz.

«Gatazka ez zen ETArekin hasi, ezta ETAren amaierarekin bukatu ere», entzun diogu bati baino gehiagori; Euskal Herrian hezkuntza gatazka ere bizirik dagoela diogu guk. Izan ere, Euskal Herriari Espainiako eta Frantziako hezkuntza sistema zentralista eta neoliberalak inposatzen zaizkio, gure hezkuntza sistema propioa egituratzeko aukera ukatuz. Oinarrizko inposaketa horrek euskal herritarren hezkuntza eskubideen urraketa sistematikoa eta orokorra eragiten du. Horregatik, geure hezkuntza sistema antolatzea eskubidea eta beharra da aldi berean. Eskubidea da, munduko gainontzeko nazioek bezalaxe, Euskal Herriak ere bere buruaren jabe izateko eskubidea duelako, baita hezkuntzaren alorrean ere; gure behar ekonomiko, sozial eta kulturalei erantzungo dien hezkuntza sistema antolatzeko eskubidea dugu.

«Hezkuntza da mundua aldatzeko erabili dezakezun arma boteretsuena». Nelson Mandelaren hitzei jarraikiz, Euskal Errepublika loratzeko zikloa izango da irekitzen ari dena eta loratze horretan hezkuntza funtsezkoa osagaia izango da. Klase sozial guztiek, kalitatezko euskal hezkuntza jasotzeko aukera berdintasuna izan dezaten, klase diferentziak gaindi ditzagun eta herri egiten gaituzten nortasun ikurrak (euskara, kultura) berreskuratzeko.

Euskal Eskola Publiko Komunitarioa
Izugarri baloratzen dugu hamarkadetan egindako lana. Gaurko eskola publikoak ez du orain 30 urtekoaren antzik (euskalduntzea, inklusioa); Ikastolek ere garapen polita izan dute (Euskal Curriculuma, pedagogia eraldaketa); «eskola libre» deitutakoak ere jaio dira han eta hemen; eta badira gurasoen eskuetara pasatu diren ikastetxe erlijiosoak ere. Baina nahikoa da? Gure uste apalean ez.

Euskal Herrian ziklo politiko berria irekitzen ari den honetan, Hezkuntzan iparrorratz komuna adosteko ordua dela iruditzen zaigu. Horregatik, hilabeteetako sukalde lanaren ondoren, egitasmo integral bat osatu dugu eta Euskal Eskola Publiko Komunitarioa jarri dugu gure hezkuntza egitasmoaren helburu gisa. Euskal-Nafar administrazioen legedien arabera antolatutakoa, burujabea. Komunitarioa, Espainia eta Frantziako Hezkuntza Sistemaren logika aldatu eta deszentralizazioaren aldeko apustua egiten dugu, eskola bakoitzeko komunitateak erabakiko luke ikastetxeko proiektu pedagogikoa, autonomia eta parte hartzeari bidea irekiz. Hezkuntza Administrazioen ardura litzateke eskola bakoitzari beharrezko finantzazioa bermatzea. Gure proposamenak baditu Europan ahaideak: Estonia eta Finlandiako ereduen antza du, besteak beste.

Konfluentzia
Ikuspegi komunitarioa duten ikastetxe guztien arteko konfluentzia proposatzen dugu. Euskal Eskola Publiko Komunitarioa izango litzateke hezkuntza sistemaren ardatza, kontzertazio orokortuekin amaituz eta eskola pribatuak bat ere ez edo gutxi batzuk izatera pasatuko lirateke. Argi hitz egiteko, konfluentzia ez litzateke izango Ikastolak gaur eguneko eredu publikoaren arabera «publifikatzea» edo Eskola Publikoak «Ikastolatzea». Publikotasun berri batez hitz egiten ari gara; bertan eskola publiko guztiek, ikastolek eta ikuspegi komunitarioa duten gainontzeko «eskola libre» zein kontzertatuek lukete lekua. Hemendik kanpo leudeke, beraz, ikuspegi elitista edo segregatzaileari eustea nahi duen ikastetxe oro.

Trantsizioa
Konfluentziara bidea egin beharra dago. Gaurtik hasita eta hurrengo lau urteotarako apustu zehatza planteatzen dugu. EAEn eta Nafarroan Hezkuntza Lege berriak egitea, bi administrazioek hezkuntza eskumen guztiak eskuratuz. Bitartean, lau urte hauetan, ikuspegi komunitarioa duten ikastetxe guztiek norabide berean arraun egitea: Hezkuntzan inbertsio publikoa nabarmen handituz, desberdintasun orori aurre egiteko neurriak hartu eta hezkuntza eredu propioa garatu beharra dago. Neurri zehatzei dagokienez: urgentea da hezkuntzan segregazio eta diskriminazio guztiekin amaitzeko apustu estrategikoa egitea; hezkuntza hezkidetzaile eta euskaldunerantz ikastetxe guztiek trantsizioa egitea; metodologia berriak, ebaluazio hezitzaile edo euskal curriculumaren aplikazioan urratsak egitea; parte hartze eta gardentasunean oinarritutako autonomian sakontzea; besteak beste. Horrela lortuko genuke, konfluentziaren bidean, norabide berean Euskal Herriko ikastetxe gehienak jartzea.

Batasuna
«Herri gisa zapaldu nahi bagaitue, herri gisa eman behar dugu borroka» Telesforo Monzon. Hezkuntza estatu gaia da Frantzia eta Espainiarentzat, gutxienez ikasleak espainolizatu (Wert ministroaren hitzak) eta balio kapitalisten arabera hezteari dagokionez. Ez da bide erraza izango, inoiz ez da izan, baina izugarrizko esperientzia dugu metatua. Estatuak eta kapitala harrotuta daude eta hezkuntza erabiliko dute birzentralizazioa eta ikuspegi kapitalista indartzeko. Zatituta oso ahulak gara, batuta guztia da posible, estatu izan nahi duen herri bezala jokatzea dagokigu, batuta. Hezkuntza komunitateari deia egiten diogu, publiko egingo dugun dokumentua elkarrekin hausnartzeko eta proposamen berriak egiteko. Hezkuntzan ere ziklo politiko berria irekitzera goaz, Euskal Eskola Publiko Komunitario eta burujabea irutera goaz!"
 

LABeko Ruben Iglesias, Aitziber Perez eta Ibai Redondo LAB Irakaskuntzaren 30. urteurrenaren harira hemendik aurrera eman beharreko pausoez jardun dira iritzi artikulo honetan.

 

Positiboki baloratzen dugu Gipuzkoako Ostatuen Hitzarmenean lortutako aurreakordioa

0

Akordio honek sektorearen erregularizazio zorrotzagoa dakar, externalizazioa erregulatu, subrogazioa bermatu eta Pisu turistikoak eremu funtzionalean barneratuz.

Lortu den externalizazioaren inguruko erregulazioa aitzindaria da, inguruan ez dago externalizazioa horrenbeste erregulatzen duen hitzarmenik. Externalizatuta dauden langileei Gipuzkoako ostatuetako hitzarmena aplikatuko zaie eta subrogazioa eskubidea izango dute.

Soldatei dagokionean, igoerak guk nahi baina baxuagoak dira, baina langileei azken urteetan galdutako eros ahalmena berreskuratzea ahalbidetzen die, IPC gainetiko guztirako 2,5 puntuko igoera batekin.

Ezin dugu ahaztu ere, astean bi eguneko deskantsua kontsolidatu dela hitzarmenean.

Akordio hau ez zen posible izango langileek prozezu osoan zehar erakutsi duten prestutasun eta indarragatik izan ez balitz. LABen, langileak zoriondu nahi ditugu argi utzi baitute borrokarako hautua irmo eta zorrotz hartzen denean patronala mugiaraztea lorgarria dela.

 

 

 

Herri-politika eta hondakinen legea behar dugu, ekonomia zirkularra, ingurumena eta osasunarekin bat etorriko dena

0
Hondakinen arazoan instituzioek egiten dutela huts nabarmendu du Bizkaiko Zero Zabor plataformak.

Bizkaiko Zero Zabor plataformaren oharra:

Egun hauetan harriduraz ikusten ari gara normaltzat hartzea nahi duten albistea baten bonbardaketa, hau da, Gipuzkoatik hiri hondakinen 70.000 tona eramango direla Zabalgarbiko errauskailura edo Argigaseko zabortegira, Bizkaian.

Egun hauetara arte ezinezkoa ematen zuen aukera honek, 2016an Markel Olano buru zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak hartu zuen konponbidea izan zen Kantabrian zegoen Merueloko zabortegira egunero Gipuzkoako hondakinen 25 trailer esportatzea, 175 kilometrotako distantziara 4 urtetan zehar. Eta orain urtean 70.000 tona inguru Bizkaira eramatea tokatzen da. Hondakinak esportatzea ez zen konponbidea orduan eta orain ere ez da, hondakinen kudeaketarako beste neurri batzuk hartu ezean. Neurriok ez lukete joan beharko gainera errausketaren ildotik, Bizkaiko Zero Zabor Plataformarentzat konponbide erraz, garesti, epe laburreko, kutsatzaile eta osasunarentzako kaltegarria dena.

Euskal instituzio autonomiko eta probintzialek, EAJren eskuetan daudenak eta PSEren jarrera adeitsuarekin, “tuberiaren amaierako arazoa” bezala ekin diote hondakinen gaiari. Errausketa hartu dute konponbidetzat, konponbide erraz, epe laburreko, kutsatzaile eta osasunarentzako kaltegarria dena, ingurumena eta osasunaren defentsarekin bat datozen neurri alternatiboak apenas hartu gabe. Bizkaiko Zero Zabor Platagormatik adierazten dugu hondakinen egoera jatorrian konpondu behar dela, ekoizpena murriztuz eta gaikako bilketa ezarriz, nagusiki organikoarena, hondakinak baliabide bezala berreskuratzea erraztuko duena eta errausketa beharrezko egingo ez duena.

Beldur gara Zabalgarbira hondakinak esportatzea aurrera ihes egitea izango den berriro ere, epe laburrerako konponbidea edo are okerragoa, helburua hondakinak aurretratatzea ez izatea, “estaldura” bat ematea baino Mallabiak arazo barik nahastutako hondakinak botatzeko.

Ziurrenik, orain ez dago erre edo aurretratatzeko hondakin gehiagorentzako lekurik ez Zabalgarbin ez TMBn, ditugun datuek arabera, Bizkaiko Foru Aldundiak berak emandakoak eta Zabalgarbiren 2017ko Ingurumen Zaintzako Programaren txostenak jasotakoak, instalazio biak egong lirateke euren gaitasunaren mugan. Zabalgarbik urtean 222.000 tona erretzen ditu urtean 240.000 tonatako gaitasun nominalarekin eta TMB urtean 176.300 tona aurretratatzen, urteko 180.000 tonarako gaitasunarekin, honetaz gain esperotakotik desbideratutako arazoak, Q sukarraren arazoak, etab. Arazoa larritu egingo da 2018an 2017ko joerak aurrera jarraitzen badu. Izan ere, 2016ko 605.000 tonetatik 2017ko 637.000 tonetara egin zuten gora jasotako hondakinek.

Gure ustez Bizkaiko Aldundia ez da ari erantzukizunez hondakinen arazoari aurre egiten, Hondakinen Kudeaketa Integralerako lana luzatuz, zeinen indarraldia 2016an amaitu zen, eta hortaz, garai berriei egokitutako neurri eta baliabideak bideratu gabe, ekonomia zirkularreko irizpideen araberako benetako politika egin gabe, bizkaitarroi sinestaraziz, datu makilatu edo gezurrezkoekin, birziklaia maila altuetan gaudela, hondakinak murriztearen aldeko apostua egiten duten neurriak martxan jarri gabe. Politika honekin, berandu izan gabe eta neurri egokiak hartu ezean, kolapsatutako instalazioak izan ditzakegu Bizkaia ere, hala nola errausketa.

Bizkaiko Zero Zabor Plataforman uste dugu hondakinen arazoak konponbidea behar duela herri bezala eta Eusko Jaurlaritzak izan beharko luke hondakinen inguruko plangintzatze orokorra egingo duena. Euskal administrazio artikulatu eta gardena behar da herrialde osoan hondakinak kudeatzeko eredu eraginkor eta unitarioa martxan jarriko duena. Lehenik eta behin, beharrezkoa litzateke udaletan arautzea murrizketa sustatu eta birziklaia derrigorrezko bihurtzeko, honek gora egin dezan.

Eta horretarako beharrezkoa da ontziak kudeatzeko kudeaketa modu berrien aldeko apustua egitea, hala nola SDDR, jasotze eta berrerabilera portzentaia handia bermatzen duena eta herritarrak atsedenik gabe hezi behar dira, heziketa beti delako epe ertain eta luzera emaitzak ematen dituen erronka bat. Ezinbestekoa irizten diogu ere biohondakina modu bereiztu batean jasotzen dela bultzatzea, atez-ateko sistemarekin, boskarren edukiontziarekin, autokonpostatzaileekin, konpostadora komunitarioekin, etab. herritarren partehartzea sustatuko duten kanpainekin eta erraztuko duten neurri fiskalekin, haal nola hondakinak sortzeagatik kobratzeko tasak edo hauen murrizketak.

Herri-politika eta hondakinen legea behar dugu, ekonomia zirkularra, ingurumena eta osasunarekin bat etorriko dena.
 

 

 

70 lanpostu mantentzea jasotzen duen akordioa Alfan

0

Alfako enpresa batzordeak langileen aldarrikapenak bermatzen dituen akordioa lortu ostean, 172 egunetan luzatu den greba bertan behera utzi dutela jakinarazi du.

172 egun greba mugagabean izan ondoren,  70 lanpostu mantentzea jasotzen duen akordioa sinatzea lortu dute, besteak beste. Batzordearen arabera, kalitatezko enplegua lortzea eta enpresaren jarrera zigortzea lortu da, enpresak Alfako langileen grebarako eskubidea urratu izana agerian geratu delarik. Honekin batera greban izan diren langileen borroka txalotu nahi izan dute.

ALFAko enpresa-batzordearen oharra

"Alfa Taldeko langileak 172 egun greba mugagabean direla betetzen diren honetan, langile eta Administrazio Konkurtsalaren arteko azken uneko akordio bat medio, grebari amaiera emango zaiola iragarri nahi dugu. Akordio oso on bat azaroan hasi zen gatazka luze eta gorrorrari amaiera emateko, sei hilabete eman baititugu borrokan lanpostuen defentsan.

Akordioak alde batetik, kalteordainen hobekuntza garrantzitsu bat jasotzen du. Bestetik, grebalariei kalteordainak ordainduko zaizkie enpresak beraien greba eskubidea urratzeagatik. Azkenik, lanpostuen inguruan, inbertsoreak Alfako baldintza berean 70 lanpostu mantentzea onartu du. Azken finean, enplegua, eta kalitatezkoa gainera, mantentzea eta enpresaren jarrera zigortzea lortu da, enpresak Alfako langileen grebarako eskubidea urratu izana agerian geratu delarik.

Goraipatzekoa da langile hauen borroka tinko eta luzea. Denbora guzti honetan, enpresaren aurka borrokatzeaz gain, enpresak joko zikina egiteko erabili dituen ALFA EN COMUNeko ordezkarien jarrera pairatu behar izan dute. Hain zuzen ere, Eibarko Epaitegiak grebalarien greba eskubidea urratu zela aitortu du eta urraketa honetan eskirolen papera ezinbestekoa izan da. Zoritxarrez, epaiaren ostean, greba eskubidea urratzen jarraitzen dute.

Gogoratu behar da Alfa taldeko zuzendaritzak izan duen jokaera azken urteetan. Hartzekodunen konkurtsoa martxan zegoela eta langileak beraien soldata jeitsiera garrantzitsu bat pairatzen zuten bitartean, Jon Ander Buenetxea, Iñaki Uzkudun eta Jorge Agirrebeñak osatzen zuten ALFAko zuzendaritzak 2.289.092 euro banatu zituzten.

Hori jakitean, langileak beraien erosahalmena berreskuratzeko borrokari ekin zioten eta enpresa moldaketekin etorri zen. Ajuste guzti hauen ondorioa likidazioa eta langile guztien kaleratzea izan da.

ALFA taldeko zuzendaritzak azken urteetan egin duena lanpostuen suntsiketa izan da. 800 langiletatik 180 langiletara pasatu da 5 urtetan, eta gelditu direnei lan baldintzak murriztu egin dizkiete.

Martxoaren 20an kontsulta epea amaitutzat eman zen “akordiorik gabe”. Gardentasunik gabeko prozesua izan zen. Nahiz eta denok bagenekien inbertsore bat zegoela proiektu honen atzetik, inoiz ez zitzaigun, ez informaziorik ez eta konpromisorik eman lanpostuak mantentzeko bidean. Eusko Jaurlaritzari dagokionez, Arantxa Tapiak eta Eusko Alderdi Jeltzaleak zuzenduriko Industria Sailaren jarrera guztiz lotsagarria izan da prosezu honetan. Langileak sentitu duten utzikeri eta arduragabekeriak ez dauka izenik. Hau bada Eusko Jaurlaritzak langileekiko duen konpromezu eta etorkizuna, etorkizun hau erabat beltza izango da.

Eibarko Udalak eta bere buru den PSE alderdiak, hasierako momentutik erabaki zuen noren ondoan egongo zen prozesu honetan. Zoritxarrez ezin ditugu ahaztu Miguel de los Toyos-ek eskirolak babesten egin zituen deklarazioak eta Jon Ander Buenetxearekin buruturiko bilera guztiak. Kontuan izanik enpresaren jokaera antisindikala, momentu honetan daukagun beldurra da grebalariak zigortzea eta eskirolei beraien jarrera saritzea. Beraz, oso adi ibiliko gara kontratazio prozesu honen inguruan diskriminaziorik gertatu ez dadin.

Prozesu guzti honetatik gelditzen zaigun alde positiboena grebalariek azken egunera arte izan duten duintasuna eta borroka tinkoa izan da. Lortu diren hobekuntza guztiak beraiei esker izan dela oso argi daukagu."
  

 

 

Estatuaren immobilismoari aurre egitea eragile guztioi dagokigu, guztiok jarri beharko genuke adostasun berriak eraikitzeko bidean

Espainiako Estatuak bake eta justizia eszenatoki bat oztopatzen jarraitzen du.

Guardia Zibilak Auzitegi Nazionalaren aginduz preso oihen aurka gaur abiatutako operazio polizialaren inguruan honakoa adierazi nahi du LABek.

Espainiako Estatuak bake eta justizia eszenatoki bat oztopatzen jarraitzen du. Ez du urrats bakarra eman. Konfrontazio estrategian mantentzen da, eta Guardia Zibilaren gaurko operazioa horretarako beste urrats bat da.

Garaiz kanpoko erabaki bat iruditzen zaio LABi, bestelako eskenatoki bat eraikitzeko momentua da orain. Estatuaren immobilismoari aurre egitea herri honetako eragile guztioi dagokigu, guztiok jarri beharko adostasun berriak eraikitzeko bidean. Ez genuke estatuaren estrategia hau onartu beharko.

Euskal Herrian ziklo berri bat irekitzeko etengabe oztopoak jartzen ari da gobernu antidemokratiko eta autoritarioa. Eta horrela izaten/egiten jarraitzeko bidea du, bitartean EAJ makulu duelako, leial, aurrekontuak onartu eta (bestela galdua lukeen) egonkortasuna emateko prest.
 

 

 

Salaketa sartu dugu Lan Ikuskaritzan El Corte Inglesi esleitutako lanetan saltoki handietako hitzarmena aplikatzen zaielako langileei

0
Gipuzkoako eraikuntzako hitzarmena aplikatzea eskatzen du sindikatuak.

El Corte Ingles, Donostiako San Martin kaleko 48an egiten ari den lanetan ari diren langileei, saltoki handietako hitzarmena ari zaie aplikatzen. Honen inguruan, salaketa jarri du gaur LABek Lan Ikuskaritzan eta langileei Gipuzkoako eraikuntzako hitzarmena aplikatzea eskatu du.

Gipuzkoako eraikuntzako hitzarmena betetzea kontu garrantzitsua da LABen iritziz, baldintza okerragoak dituzten hitzarmenen aplikazioak areagotzen duen prekarizazio prozesua eteten duelako.

LABek lanean jarraituko du Gipuzkoako eraikuntzako lanetan herrialdeko sektoreko hitzarmena benetan bete dadin. Era berean, kritikatu egin du Donostiako Udalak horrelako obra batean egoera hau ematea ahalbidetzea berak esleitutako obra batean.