2026-01-14
Blog Page 80

Lanuzteak Borg Automotiven langileei inposatu nahi dieten lan baldintzen funtsezko aldaketaren aurrean

Noaingo enpresako langileek urtarrilaren 16an hasi zituzten lanuzteak (2 ordutakoak txanda bakoitzean) eta datorren astelehenean ere egingo dituzte.

Enpresa batzordeak (LAB, UGT, ELA eta CCOO) salatzen du 150 langileri eragingo diela txandakako lanaldien ezarpenak. Egoera honek ez du soilik langileen lan- eta familia-bizitza uztartzea arriskuan jartzen, eta desplazamendu gastuak ere nabarmen handituko ditu, izan ere, askok ezin izango dute orain arte bezala, ibilgailua partekatu.

Enpresak lan-kargaren hazkunde esponentziala aipatuz justifikatzen ditu enpresak aldaketak. Hala ere, enpresa-batzordeak uste du aldaketa hauek ezin direla aldebakartasunetik inposatu, horrek lan-egutegiaren banaketan modu nabarmenean eragina izango duelako. Uste du arrazoizkoa dela akordio bat bilatzea, besteak beste, honakoak jasoko dituena: lan-egutegiaren banaketa egokiagoa, urteko lanaldia murriztea, lan- eta familia-bizitza uztartzerako ordu gehiago ematea eta txandakatze aldaketengatik osagarriak ezartzea.

Enpresa-batzordetik babesa eskertzen dute langileentzat hain garrantzitsua den momentu hauetan. Guztien mesederako irtenbideak bilatzeko konpromisoa adierazten du, enpresako zuzendaritzarekin elkarrizketa irekia mantentzeko asmoa duela gaineratuz.

Salatzen dugu Mikel Sanchezen fitxaketa EAEko Osasun Sailak Mutualiari egindako mesedeen ordainetan dela

Mutualiak fitxatu du Mikel Sanchez Osasun Saileko goi kargua izandakoa.

Joan zen 2022ko maiatzean LABek salatu zuen EAJ eta PSEren eskuetan dagoen Jaurlaritzak langileon historia klinikora sarbidea oparitu ziola Mutualiari, EAJren orbitako mutualitate enpresarialari.

Osakidetzak, diru publikoz, herritarraren bizitza osoan garatutako historia klinikoa elkarte enpresarialari oparitzeak arrisku nabarmenak ditu langilearentzat, bere bizitzako edozein osasun arazo edo pasarte erabili baitezake enpresak laneko gaixotasun bat ukatzeko.

Arartekoak berak salatu zuen historia klinikoak ematea baimentzea presiopean sinatu ohi dutela langileek eta ez dela bidezkoa praxi horrekin jarraitzea, aukerak berak langilearen ahuldadea baliatzen duela alegia.

EAJ eta PSEren gobernuak eginiko opari horrek ordaina izan du, ate birakarien soldata oparoak hain zuzen. Kontuan izan behar da Mutualiak kudeatzen duen diruaren %100 publikoa dela, baina erabakiak enpresariek hartzen dituztela euren interesen babesean. Orain, Mikel Sanchezek soldata oparoa jasoko du, diru publikoa, enpresariz osatutako administrazio kontseilu baten erabakiz.

EAEko hezkuntza publikoko greba zikloa erregistratu dugu

EAEko Hezkuntza sailari lan zamak arintzeko, erretiroa aurreratzeko, erosahalmena berreskuratzeko, enplegua egonkortu eta bermatzeko zein lan osasuna, euskara eta berdintasuna bermatzeko neurriak eskatzen dizkiogu.

Gaur, Bizkaiko Hezkuntza Ordezkaritzaren aurrean Hezkuntza publikoan aritzen diren Sukalde eta Garbiketako, Haurreskolak Partzuergoko langile zein Irakasleen greba dinamika erregistratu dugu.

EAEko Hezkuntza Sailari hezkuntza publikoa indartu eta inbertsioa publikoa handitu dezan exijitu diogu, langileen lan-baldintzak hobetu eta eskola publikoa erdigunean jarri dezan. Izan ere, arestian aipatutako kolektiboetako lan hitzarmenak iraungita daude, Hezkuntza sailak, berria izanik ere aldebakarrez hartutako erabakiak hartzen jarraitzen du langile zein hezkuntza komunitatearen kalteetan, eta sindikatuon eskaerei muzin eginez eduki nahikorik gabe negoziazio mahaiak deitzen jarraitzen du.

2009koak dira Haurreskolak Partzuergoko hezitzaile eta kudeaketa alorreko zein Sukalde eta Garbiketako langileen hitzarmenak, eta 2010ekoa irakasleena. Beraz, 15 urte luzeren ondoren, bada garaia lan hitzarmenak hemen eta orain negoziatu, atzerapausoak bertan behera utzi eta langileon lan baldintzak hobetzeko.

Nahiz eta kolektibo bakoitzarentzat aldarrikapen zehatzak izan, badira sindikatuek adostutako zazpi aldarrikapen bateratu: geroz eta handiagoak diren lan-zamak arintzeko neurri zehatzak adostea, erretiroa aurreratzeko plantillen gazteberritze plana garatzea, galdutako erosahalmena berreskuratzea, enplegu publikoa egonkortzea eta jaiotza tasaren gorabeherak aprobetxatuz aldebakarrez erabakitzen ari diren ikastetxe publikoen fusio eta itxieren aurrean enplegua bermatzea.

Era berean, Hezkuntza publikoko sistema osoa euskaldunduko duen hezkuntza politikak abiaraztea, langileon lan-osasuna zainduko eta bermatuko dituzten azterketa eta neurri zuzentzaile adostuak ezartzea eta kalitatezko berdintasun eta hezkidetza plan egonkorrak garatu ahal izateko baliabideak jartzea.

Beraz, irakasleak urtarrilaren 22an eta 23an eta otsailaren 26 eta 27an; Haurreskolak Partzuergoko langileak urtarrilaren 28 eta 29an eta otsailaren 12an eta 13an; eta Sukalde eta Garbiketako langileak urtarrilaren 30 eta 31n eta otsailaren 19 eta 20an mobilizatzera deitu ditugu.

Greba egunez gain ostiraletan ere mobilizatu dinamika martxan jarri dugu gaurdanik, ikastexeetan mobilizazioak deituz.

Hezkuntza publikoko langileei greba eta mobilizazio hauek babesteko deia luzatu diegu. Izan ere, mobilizazioen eskutik etorriko da sindikatuok adostutako aldarrikapenak lortzeko negoziaketa erreala.

Hego Euskal Herriko langile publikoek eros ahalmena galtzen jarraitzen dute

2024ko soldatak %0,5 gehiago igoko dira, %2,5 guztira, KPIa EAEn %3,6 eta Nafarroan %2,7 izan direnean.

Beste behin Madrilen ezarritako soldata igoerak aplikatuko zaizkie Hego Euskal Herriko langile publikoei, hemengo erakundeen konplizitate eta ildo beretik jarraitzearekin.

2024ko soldatak %0,5 igoko zaizkie langile publikoei, hau da %2,5 orotara, eta beraz aurreko urteetan galdutako eros ahalmenari beste koska bat gehituz. Konkretuki, 2008ko krisialdiaz geroztik pilatu zaien eros ahalmen galerari %1,1eko galera pilatuko zaie EAEko langile publikoei 2024an, eta %0,2a Nafarroakoei, jada %20 inguruan geratuko delarik.

Langile publikoen eros ahalmenaren galerak ez du etenik izango, gure erakundeak, Jaurlaritza eta Nafar Gobernua buru, oso eroso baitaude Madriletik agintzen dena aplikatuz. Negoziazio mahaiak edukiz hustu eta aldebakarrez soldatak zein enpleguari lotutako beste hainbat neurri eta muga inposatzen dizkiete; birjartze tasa eta behin-behinekotasun tasa altuak, esaterako. Horren adibide Jaurlaritzak eta Nafar Gobernuak azken mahai orokorretan esandakoa, 2025erako Madrilek ezartzen duen igoera aplikatuko zutela soilik.

Euskal langile publikoek ez dute de facto negoziazio kolektibokorako eskubiderik. Gure erakundeek Madrilek agindutakoa aplikatzen dute erosotasun guztiaz, eta ez dute inongo borondaterik hemen beste bide batzuk jorratzeko, ez eta negoziatzeko ere. Legez beste aukerarik ez dagoela esaten diguten arren, horren atzean benetan dagoena da langileen lan baldintzak hobetzeko borondate falta. Izan ere, aurreko ikasturtean EAEko funtzio publikoko langileok egindako greba eta mobilizazio dinamikaren bitartez lortu genuen alderdi batzuk mugimenduak egitea, baina argi geratzen ari da EAJk eta ez PSOEk ere, ez dutela inolako borondaterik Hego Euskal Herriko langile publikoek bertan erabaki eta adostu dezaten soldata eta enpleguari loturiko ezer.

EAJ eta PSNren politika neoliberalak aplikatzen jarraitzeko Madrili men egitea oso ondo datorkie, eta tartean langile publikoek eros ahalmena galtzen jarraitzen dute, jada %20tik gorakoa; enplegua sortzeko mugak jartzen dizkiete birjartze-tasaren bitartez; edota behin-behinekotasun tasa altuekin jarraitzen dute, sektore guztietan Europak zehazturiko behin-behinekotasun tasaren %8ra oraingoz iritsi ez garelarik.

Pasa den kurtsoan, EAEn, hemen erabaki ahal izatea aldarrikatuz hiru greba egun egin ziren. Aurreko urtean Nafarroan ere grebak egon ziren Nafarroan erabakitzea aldarrikatuz. Beste behin, langileen aldarrikapenei lepoa ematen ari dira.

Aldarrikatzen dugu behingoz hemen negoziatzea, mugarik gabe, eta hemen adostea euskal langile publikoei dagozkien gai guztiak; hori lortzeko bideak eta aldaketak egitea eta jorratzea exijitzen dugu. LABek, bitartean, aldarrikapen horien defentsan borrokan jarraituko du.

Elgoibarreko Modeltek enpresako langile baten kaleratzea salatu dugu

Gaur egindako elkarretaratzean lan-baldintza duinak eta Gipuzkoako egurgintzako hitzarmenaren aplikazioa ere defendatu ditugu.

Iazko abenduan Modeltek enpresan langile bat kaleratua izan zen 2024ko egurgintzako hitzarmen berria aplikatzea eskatzeagatik.

2024ko udan sinatu zuen LABek egurgintzako sektoreko Gipuzkoako hitzarmena, duela urte asko erorita zegoena eta sindikatuarentzat lehentasun bat zena.

Udazkenean, langileak egurgintzako hitzarmen berriko hainbat onura aplikatzea eskatu (GEROAko ekarpenak, Garraio plusa…) eta, ondorioz, enpresak langilea kaleratzea erabaki zuen.

Nahiz eta enpresak argudio ekonomikoak erabili, LABen argi daukagu kaleratzea eskubideak erreklamatzearen ondorio zuzena dela eta ez dago onartzeko prest.

LAB prest dago lanpostu duinak eta egurgintzako hitzarmenaren aplikazioa Gipuzkoa osoan defendatzeko eta horrela aldarrikatu dugu gaurkoan.

Dagoeneko 1.000 autoinkulpaziotik gora bildu dituen “J’accuse” kanpainatik urtarrilaren 26an modu masiboan Irunen hasiko den manifestazioan parte hartzera deitu dute

Europako zein Frantziako eta Espainiako Estatuetako migrazio politikak akusatzeko autoinkulpazio kanpaina abiatu zuten azaro amaieran eta harekin bat egin dute hamarnaka eragile eta norbanakok.

Urtarrilaren 28an, Baionako epaitegian, 7 herritarrek etorkin batzuei beren migrazio prozesuan babesa ematea eta talde antolatuko kide izateko akusazioari aurre egin beharko diote. Haien aurkako epaiketa, 2024ko Korrika egunean Irun eta Hendaia arteko zubia migrazio prozesuan ziren 36 pertsonekin batera igarotzeko ekintzan oinarritzen da.

Orduko ekintza hura hamarnaka eragile sindikal, sozial eta politikok bere egin zuten, “desobedientzia ariketa honekin Euskal Herria Harrera Herria izan nahi duela aldarrikatzeko”. Izan ere, gutxienez 9 dira haien migrazio prozesuan Bidasoako muga zeharkatzerakoan hil diren pertsonak. Europar migrazio politika arrazista eta hiltzaileak egin dituzte egoera honen erantzule J’accuse plataformaren baitan antolatu direnak. “Sei hilabetero aitzakia berri bat asmatzen du Frantziar Gobernuak muga ixteko. Horrela, kontrol arrazistak ezarri, eta migrazioan diren pertsonen ibilbidea jazartzen du, askotan hiltzera ere kondenatuz”.

Ezaguna da Irun eta Hendaia inguruetan ehunka direla elkartasuna antolatu eta migrazio politika ankerrei aurre egiten dieten boluntario konprometituak. Agintari politikoek eta haien legea betearazten duten polizien jazarpenaren aurrean, igarobide seguruen alde egin eta berauek eraikitzeko konpromisoa duten ekintzaileak dira. “Mugak apurtu eta zubiak eraikitzea aldarrikatzen dugu”.

Horregatik, epaiketaren karietara, hamarnaka eragile elkartu dira eta urtarrilaren 28an elkartasuna baino, migrazio politikak eta hauen atzean dauden agintariak akusatuen aulkian egon beharko luketela galdegiteko kanpaina jarri dute martxan: J’accuse.

Modu fisikoan, izen abizen eta nortasun agiria jarriz bat egindako 1.000 herritarren eta hainbat eragileren babesa jaso dute dagoeneko. “Oraindik izenpetzeko aukera dago, besteren artean urtarrilaren 26an egingo dugun mobilizazio jendetsuan ere”. Horrela, epaiketa baino bi egun lehenago, urtarrilaren 26an, Ficobatik goizeko 11:30ean aterako den manifestaziorako deia egin dute. Euskal Herriko hainbat txokotatik autobusak antolatzen ari dira, besteak beste Bilbo, Iruñea edota Durangaldetik.

“Urtarrilaren 26an milaka izango gara egungo migrazio politikak salatzeko Bidasoako muga zeharkatuko dugunak.” Modu berean, kanpaina finantzatzen laguntzeko aukera ere izango du hala nahi duenak —manifestazioan adieraziko da modua— eta aurreratu dute epaiketa egunean ere 13:00ean Baionako epaitegi aitzinean mobilizazioa egingo dutela jasotako autoinkulpazio guztiak epaitegiaren atarira eramateko.

Udal eta mankomunitate guztiei exijitu diegu Bizkaiko Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua publiko egitea

Bilerak eskatu ditugu EUDELekin eta alderdi politikoekin. Gainera, gizarte-eragileekin eta herri-mugimenduekin batera lan egiteko espazioak sustatuko ditugu.

Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko (EELZ) langileek egiten duten lana lagungarria da mendekotasuna duten pertsonek bizitza duina izan dezaten beren ingurune hurbilean eta etxeetan. Ematen duten zerbitzu publikoa Gizarte Zerbitzuen Legean eta Zerbitzuen Zorroari buruzko Dekretuan jasota dago. Funtsezko zerbitzua ematen dute eta langile publikoak dira.

Hala ere, administrazio publikoek zerbitzua pribatizatu egin dute, eta etekin ekonomikoak lortzea beste asmorik ez duten enpresa pribatuen esku utzi dute diru publikoa,. Pribatizazioak patronalari bakarrik egiten dio mesede (Urgatzi, Lagunduz…).

Egungo pribatizazioa-ereduak erabiltzaileei emandako zerbitzuaren kalitatea kaltetzen du, eta zerbitzu publiko hori ematen duten langileen, gehienak emakumeak*dira, lan-baldintzak prekarizatzen ditu. Zerbitzuaren kalitatearen galera eta lan-prekaritatea txanpon beraren bi aldeak dira.

LABek EELZ publiko egiteko eskatu die Bizkaiko udal eta mankomunitate guztiei. Uste du ez dela kasualitatea gehienbat emakumeek* egiten dituzten zaintza-lan publikoak pribatizatzea. LABen ustez, egoera hori orain arte aplikatutako politika neoliberalen eta patriarkalen ondorioa da. Hori dela eta, LABek gaur egungo langile pribatizatuentzako segurtasun-baldintzetan ematen diren publifikazio-prozesuak baino ez ditu bermatuko; hau da, horiek guztiak subrogatzea eskatuko du, zuzenean lan-arloko langile publiko bihurtzea eta beren lan-baldintzak parekatzea.

Publifikazioak zerbitzuaren pribatizazioak sortu dituen arazoei heldu behar die:

• Lanaldien egungo partzialtasun izugarria ezabatzen edo minimizatzen duten neurriak, gutxieneko lanaldiak ezarriz.

• Zerbitzuak gehitu eta zerbitzuaren denbora igotzea: ordu eta erdi zerbitzu bakoitzeko.

• Erasoei aurre egiteko protokoloak.

• Profesionalizazioan aurrera egingo duten prestakuntza-planak, lanaldiaren barruan.

• Euskara-planak lanaldiaren barruan.

LABek pribatizazioaren arduradun egiten ditu orain arte aplikatutako politika publikoak. Horregatik, zuzenean interpelatuko ditu administrazio publikoak. Alde horretatik, bilera eskatu dio EUDELi eta baita alderdi politikoei ere.

LABek uste du EELZren kalitatea gizarte osoari eragiten dion eskubidea dela. Ildo horretan, LABek gizarte-eragileekin eta herri-mugimenduekin batera lan egiteko espazioak sustatuko ditu.

Amaitzeko, LABek badaki eskubideak borrokaren bidez lortzen direla, eta horrek mobilizazioak eta grebak eskatuko dituela; horregatik, langile guztiak beren eskubideen alde borrokatzera animatzen ditu.

SDA Factory-ko enpresa-batzordeak mobilizazioei ekingo die lanpostuen eta proiektu industrialaren defentsan

Zuzendaritzak enpresa likidatzeko asmoa duela berretsi ondoren, programatutako deslokalizazio baten aurrean gaudela salatu nahi du. Urtarrilaren 17an, 12:00etan, mobilizazioa egingo dute Gasteizen, Arabako Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean.

Enpresa-batzordearen oharra

Joan den ostegunean bilera egin genuen Zuzendaritzak, Enpresa-Batzordeak eta Konkurtso Administrazioak. Bertan, enpresak ziurtatu zuen bere asmoa enpresa likidatzea dela, eta badirudi lehenbailehen egin nahi duela. Harritzen ez gaituen arren, argitzeke zegoen azken zalantza argitu da: B&B Trends taldeak ekoizpen guztia hemendik beste lantegi batzuetara eramatea erabaki du. Hau da, deslokalizazio argi baten aurrean gaude.

Iragarritako eta programatutako heriotza baten aurrean gaude. Lehenik eta behin, enpresa hori bideragarria zela eta DELA adierazi nahi dugu. Eta horrela erakusten du ia 50 urteko historiak. Denok ezagutzen dugu hemen lan egin duen senitartekoren bat, auzokoren bat edo lagunen bat. 2020an 240 langile baino gehiago ginen, eta orain 55 geratzen gara. 55 familia hari batetik zintzilik gaude, lantoki hau kudeatzen jakin ez duten putreen planak zeintzuk diren jakin gabe. Enpresa punta-puntako zentroa izan zen, Europa mailan erreferentea I+Gean. Baina azken bosturtekoan hainbat multinazionalen eskutan egon da enpresa eta hauen diru-goseak hondoratu du. Lehenik BSH izan zen, inolako ondorio negatiborik izan gabe joan zena, eta orain B&B Trends. Argi eta garbi esaten dugu: enpresa dagoen egoeran egotearen arrazoia da hala erabaki dutelako, bere plantilla ezagutza eta potentzial oro kenduz. Hemen garatu behar ziren produktuak Bartzelonara lekualdatu dira; ingeniariak kaleratzen dira Katalunian kontratatzen ziren bitartean; lan-karga erakartzeko akordioak urratu dira, etab.

Lantoki hau suntsitzearekin pozik ez eta B&B Trends jabeak, SDAren eskutik, hasieratik ekin zion plantilla zigortzeari. Ahal izan zutenean, hainbeste borrokatu zen hitzarmen kolektiboa aplikatzeari utzi zioten, eta ERTE amaigabeen dinamika bat murgildu gintuzten: 4 urteko espedienteak, 5 ERTE eta luzapen batekin. Prestaziorik gabe utzi arte. Enpresa pertsonen langabeziarekin finantzatu da. Baliabide publikoez baliatu da, eta milaka euroko dirulaguntzak jaso ditu. Erreklamatuko ote dizkiote?

Konkurtso hau aurkezteko moduek ere asko esaten dute enpresari eta haren kudeatzaileei buruz. Epaitegitik helarazitako lehen dokumentazioarekin egiaztatu ahal izan dugunez, nahiz eta konkurtsoa deklaratzeko autoa abenduaren 16an eman, eskaera hori hilaren 11n sartu zen. Hain zuzen ere, abenduaren 31ra arte eragin digun Aldi Baterako Enplegu Erregulazioaren (ABEE) luzapenaren kontsulta-aldia hasi zen egunean. Engainatu egin gaituzte. Hasieratik amaierara arte, gurekin, gure familiekin eta haien ogiarekin jolasean aritu dira. Joan den asteko ostegunean baieztatu ziguten enpresaren asmoa zela konkurtsoaren prozesu osoa ABEEan egitea, horrela soldaten zorra pilatzen ez jarraitzeko. Langileon prestazioa agortuta. Enpresak, plantillarekin enpatizatu beharrean, zigortu eta tenkatzeko ahaleginean jarraitzen du. Nola, bestela, ulertzen da urtarrilaren 6ko 17:00ak arte ez zuela jakinarazi nork joan behar zuen bere lanpostura eta nork ez? Ez al zekien lehenago? Fede txarra, jende gaiztoa. Gaur egun, ez dituzte abenduko nomina eta gabonetako ordainsaria ordaindu.

Batzordeak urteetan iragarri dituen beldur guztiak bete dira. Hemen garatu diren eta garatuko ziren proiektuak ez dira egin gabe geratzen, eraman egin dituzte. Taldeak ez die langileekiko erantzukizunei aurre egin nahi, lortu ditugun akordio guztiak bete gabe utzita. Ez dugu onartuko. Plantilla honek zerbait erakutsi badu, borrokatzeko duen gaitasuna da. Eta horretan jarraituko dugu amaierara arte, ez baikara geldirik egongo. Enpresa hondatu dutenei gure ondoeza argi eta garbi helaraziko diegu. Aurrean izango gaituzte!

Mobilizazioak egiten jarraituko dugu, adibidez, urtarrilaren 17an, 12:00etan, elkarretaratzea egingo dugu Gasteizen, Arabako Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean. Horrez gain, Eskirotzeko BSHko enpresa-batzordeari bilera eskatu diogu, bertan ere lantokiaren itxiera iragarri baitute. Gainera, egoera premiazkoa dela jakinarazi diegu erakundeei, eta bilerak eskatu dizkiegu, deslokalizazio hau, industria-desegitea eta ezagutza-ihesa saihesten saiatzeko.

Palestinako genozidioarekin negoziorik ez egiteko eskatu diogu patronalari

Sindikatuko 100 kidek Santurtziko Portuko sarrera blokeatu dute, eserialdia eginez. Ekimen honekin Palestinari elkartasuna erakutsi eta jasaten ari den genozidioa salatu dugu.

“Euskal langileok ez dugu genozidioaren konplize izan nahi”, adierazi du Amaiur Renteria Ezkerraldeko arduradunak. Gogoratu du abenduaren 16an idatzi bat erregistratu zuela LABek Santurtziko Portu Agintaritzan, Israelera armak bidaltzea errazteari uzteko eskatuz. Izan ere, hainbat dira palestinar herria jasaten ari den genozidioaren kontura aberasten ari diren euskal enpresak, eta hauek genozidioarekin duten konplizitatea ere salatu ditu.

Koldo Saenz Nazioarteko idazkariak ere hartu du hitza eta adierazi du, “zoritxarrez 2023ko urriaren 7an ez zen deus hasi” eta gaineratu du “gertakari horiek, 76 urte luzez irauten duen Palestinaren kolonizazioa, okupazioa eta apartheid prozesu baten testuinguruan” kokatzen direla.

Palestinak elkartasuna behar du, baina batez ere konponbideak behar ditu. “Ezin dugu Palestina bakarrik utzi”, gaineratu du Saenzek, eta honekin lotuta, Estatu Batuen nahiz Europar Batasunak genozidioari ematen ari dioten babesa salatu ditu LABek: “Zoritxarrez, beraien herriak kaleetan exijitzen ari diotenari entzungor egiten diote gobernu gehienek”. Baina zorionez, basakeria honen aurrean badago itxaropenik, Grezian Pireo Portuan Israelera armak zeramatzan itsasontzia langileek deskargatu zutenean edo Irlandan Israelera armak zeramatzan hegazkina Shanoneko aireportuan blokeatu zutenean erakutsi zuten bezala.

Zentzu honetan, LABetik bi ideia azpimarratu nahi ditugu; alde batetik euskal langileoi deia luzatzen diogu, eskura dituen presio mekanismo guztiak erabili ditzan Israel Nazio Batuen ebazpenak betetzera behartzeko, eta beste aldetik, nazioarteko komunitatea interpelatzen dugu, Palestinan bakea eta justizia bermatuko dituen konponbide integral baterako eskura dituen mekanismo guztiak martxan jar ditzan, Palestinako preso politiko nahiz errefuxiatuen itzuleraren eta autodeterminazio eskubidea bermatuz, behingoagatik okupazioa eta koloniazioari amaiera eman eta Palestina aske bat lortzeko.