2026-10-03
HomeEkintza SindikalaSindikatuei hilabetez negoziatzeko aukera ukatu arren, gatazka presaka itxi nahi izan du...

Sindikatuei hilabetez negoziatzeko aukera ukatu arren, gatazka presaka itxi nahi izan du Hezkuntza Sailak

Gaur EAEko irakasleen mahai negoziatzailea bildu da. Mahaia bildu arte Hezkuntza Sailak aurrera eramandako prozedura erabat desegokia izan dela adierazi nahi du LABek. Hasteko, hilabete pasa da azken mahai negoziatzailea bildu zenetik; bestetik, gaurko bileraren berri prentsaren bidez izan zuen LABek asteartean, eta irakasle eta sindikatuekiko errespetu falta argia da; azkenik, mahaia hasi baino lau ordu lehenago jaso dute sindikatuek idatzizko azken proposamena. Hortaz, negoziazio eraginkor bat gauzatu ahal izateko ez da abiapuntu egokia.

Proposamenari dagokionez, Hezkuntza Sailak aldagai berri gutxi batzuk txertatu baditu ere, LABek ez ditu nahikotzat jotzen. Are gehiago, neurri horietako batzuetan atzerapausoak daude; hala nola, gazteberritzerako atalean aurretik jasotako lizentziak 3 hilabete gutxiagoko iraupena izango luke. Bestalde, LABentzat funtsezkoak diren baliabideetan ez da hobekuntza eta zehaztapen nabarmenik jasotzen; euskara indartzeko figuren inguruan, adibidez. Azkenik, soldatari dagokionez, Hezkuntza Sailak martxoaren 24aren ondoren publiko egindako aurreakordio proposamenean eskainitako baldintzarik gabeko %6ko igoera ez da jasotzen; izan ere, proposatutako igoeraren zati handiena BPGri lotu dio.

Sailak proposamen berriaren azalpenak eman ditu, eta sindikatu guztiak entzun ondoren, bi orduko etenaldia proposatu du 17:00 aldera, 19:30ean sindikatuen ekarpenekin dokumentu berria prestatu eta beste mahai bat egiteko. Jaso beharreko idatzizko proposamen berria aztertzeko denbora nahikorik ez zegoela iritzita, sindikatuek mahaia ostiralera atzeratzeko eskaera egin diote, eta sailak onartu egin du.

Aste honetan akordioa lortu arte aulkian iltzatuko direla adierazi du Pedrosa sailburuak. Torlojuak baino, proposamen zehatzak behar dituzte langileek.

Argi dago irakasleek egindako mobilizazio eta greba dinamikaren jarraipen zabalak, batetik, eta larunbateko manifestazioetarako hezkuntza komunitatearen atxikipen andanak, bestetik, eragina izan dutela Hezkuntza Sailak eman dituen pausoetan; mugitzera behartu dute.

LABek negoziatzen eta mobilizatzen jarraitzeko borondate irmoa dauka 15 urteren ondoren akordio arautzaile (hitzarmen) duina lortu arte.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAJk maizterren aurka eta errentismoaren alde egin du, birbanaketa politikei uko eginez eta eskuin muturrari atera irekiz

Espainiako Kongresuan etxebizitzari buruzko bi lege dekretuen bozketan errentisten interesekin lerratu dira EAJ eta UPN, eta LABetik mobilizazioak areagotzeko deia egiten dugu.

Migranteen egoera prekarioa azaleratzen dute langabeziaren datuek

Joan den hilabeteko argazki sozioekonomikoaren zantzuak ikusten jarraitzen dugu, langabeziak gora egin baitu azken hilabetearekin alderatuta, aurreko urteetan beti jaitsi izan denean. Beraz, 3.238 langabetu gehiago daude Hego Euskal Herrian, eta Erregimen Orokorrari dagokionez, 1.103.547 afiliatu iraileko azken egunean.

Basquevolt salatzen dugu lan-diskriminazio arrazista, matxista, morofobiko eta islamofobikoagatik

Apirilean, bere laborategietako batean leherketa bat gertatu eta egun batzuetara, Basquevolt enpresak bi langile kaleratu eta zigortu zituen arbitrarioki. LAB sindikatuarentzat, ekintza hori funtsik...