2026-10-01
HomeEkintza PolitikoaHerrien burujabetza eta bizitza duina gerra eta kapitalismoaren kontra!

Herrien burujabetza eta bizitza duina gerra eta kapitalismoaren kontra!

LAB parte den Euskal Herriko Emakumeen* Mundu Martxak VI. ekintza internazionalaren berri eman du gaur Donostian, eta ekintza hori Euskal Herrian nola lurreratuko den ere azaldu du. Hemen duzue agerraldian irakurritako testua:

Gaurko agerraldia Emakumeen* Mundu Martxako VI. ekintza internazionalaren berri emateko deitu dugu, eta ekintza hori nola lurreratuko dugun Euskal Herrian. Hogei urte baino gehiago dira bost urtean behin ekintza martxan jartzen dugula, eta aurten ere halaxe egingo dugu.

Aste honetan zehar, Euskal Herriko txoko ezberdinetan hainbat ekintza egingo ditugu eta “Herrien burujabetzak eta bizitza duinak” jarriko ditugu erdigunean. Mugimendu Feminista eragile sozio-sindikalekin batera, hilabeteak daramatzagu dena prestatzen, eta nazioarteko ekintzara batuz gai eta aldarrikapen hauek ekarri nahi ditugu mahai gainera.

Lurraren defentsan, mundu eta bizitza bizigarriak erdigunean jarri nahi ditugu klima larrialdi bete-betean aurkitzen garen honetan, non baliabide naturalen ustiaketa, biodibertsitatearen galera masiboa, lurren esplotazioa, etab. oso abiadura azkarrean gauzatzen ari den. Argi utzi nahi dugu, guzti hau planetaren ustiatze eta xahutzea oinarri duen gizarte-ereduaren ondorio dela, aipatutakoa bultzatu, sostengatu eta ahalbidetzen duten erakunde finantziario eta ekonomikoekin batera. Horregatik, Emakumeon* Mundu Martxatik, jendarte-eredu horretara bideratzen gaituzten eta arduradun diren erakunde ekonomiko zein finantziarioak interpelatuko ditugu. Hauek salatu eta bizi-eredu jasangarriago baterantz joan nahi dugula argi uzteko. Ahaztu gabe, ustiaketa hori ipar globalak hego-globalarekiko egiten duela eta, egun, hegoaldeko herrialdeak kolonizatzen jarraitzeko mekanismoa dela. Ezin dugu beste aldera begiratu. Bizi garen lurralde honetatik ere badugu erantzukizuna.

Era berean, Emakumeon* Mundu Martxatik, sistema zisheteropatriarkal kapitalista eta kolonialista honi zuzenean begiratzeko beharra mahagaineratu nahi dugu. Jendarte-egitura hau lur eta gorputz jakin batzuen gaineko esplotazioan oinarritzen da. Bazterreko subjektuak kolpatzen dituen sistema batean bizi gara, sistemak berak sortzen dituen eta etengabe erreproduzitzen dituen subjektuak. Non gorputz migratu zein arrazializatuak diren zapalkuntza hauen jopuntuan aurkitzen direnak, besteak beste.

Migrazio politikak mundu sistemaren egitura kolonialaren ondorio dira. VI. Nazioarteko Ekintza honetan, beraz, sistema hau sostengatu eta ahalbidetzen duten Estatuen arteko mugekin apurtu nahi dugula adieraziko dugu, hauek gorputz batzuen gain dominazioa eta indarkeria gauzatzeko tresna gisa ulertzen baititugu. Hori horrela, atzerritartasun legea bezalako politikak abolitzea urgentziazko neurrien artean kokatzen dugu, eta indarkerkeria eta arrazismo instituzionala salatu nahi dugu, baita egitura guzti hauek sostengatzeko bideratzen dituzten inbertsioak ere.

Hirugarrenik, indarkeria matxisten ildoari helduko diogu. Indarkeria matxistak egiturazkoak direla ulertzen baitugu, beste zapalkuntza sistema batzuekin batera, emakume eta gorputz disidenteen bizitza, gorputza eta sexualitatea kontrolatzeko, gizonek, gizon-taldeek, erakunde patriarkalek eta Estatuek tresna gisa erabiltzen dituztenak.

Aipatutako guztiari aurre egiteko, beraz, indarkeriarik gabeko gorputz eta lurraldeen alde antolatuko gara, feminismotik eragiten jarraituko dugu. Eta Euskal Herriko Emakumeon* Mundu Martxatik aste honetan zehar herrietan burutzen ari diren ekimenetara batzera animatzen zaituztegu: mobilizazioak, ekintza performatiboak, espazio publikoak hartu…

Horrekin batera, ezin aipatu gabe utzi Marsellako hitzordua. Ekainaren 13, 14 eta 15ean Europa mailako Nazioarteko VI. ekintza bertan burutuko da eta Euskal Herritik bertan izango gara ere. 

Azkenik, larunbatean, Maiatzaren 10ean, Euskal Herriko ekintzan parte hartzera deitu nahi dugu Euskal Herriko Mugimendu Feminista, Bardean hasi eta Donostian amaituko dena. Tartean, Aramaio, Gernika eta Irun-Hendaia arteko zubitik igaroko gara hainbat ekintza eginez. Ekintza Donostian amaituko dugu manifestazio nazional batekin. Arratsaldeko 19:30ean Easo Plazatik abiatuko gara. Parte-hartzera animatzen zaituztegu!

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Funts putreen esku dauden etxeak desjabetu ditzan eskatzen diogu LABetik Nafar Gobernuari

Testa funts Putrearen esku dauden etxebizitzei irtenbide iraunkorra emateko beharra azalarazi du sindikatuak, etxebizitzaren negozioari aurre egiteko egiturazko neurriekin batera. Larunbat honetan eta urriaren 17an borrokan diren maizterrekin batera mobilizatzera deitu dugu LABetik.

Jaurlaritzak aurre-erretiro txanda murriztuta eta akordiorik gabe inposatu du aurten ere administrazioetan

LABek errelebistak finko egiteko proposamenak eramango ditu administrazioetara eta enpresa publikoetara. LABek salatzen du gutxiengoarekin adostua, murritza eta Madrilen menpekoa dela Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartu duen Euskadiko Administrazio Publikoko lan-kontratuko langile finkoen erretiro partzialerako Plana. Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei eskatzen diegu Euskal Herriko zerbitzu publikoen eta bere langileen baldintzak hemen negoziatzeko eta adosteko nahia benetan defendatzeko, argazki hutsak saihestuz. • Administrazio publikoetako langile guztiei zabalik zegoen akordioa urratuta gelditu da aurten ere. Jaurlaritzak murrizketa inposatu zuenetik, LABek urtero eskatu izan du planak langile funtzionarioei, estatutarioei eta behin-behinekoei ere eragitea. • Sinatuta dagoen akordio bat ez da zertan urtero berretsi. Testuak, paradoxikoki, hala jasotzen du, eta propaganda hutsaren kutsua du. • Uztaileko Mahai Orokorreko bileran, Jaurlaritzak ez zuen proposamenak eztabaidatzeko aukerarik eman. Soilik presioaren ondoren onartu zuen sindikatuen ekarpenak jasotzeko astebeteko epe bat zabaltzea. Eztabaidarik ez da izan, eta ez da LABen eskakizunik jaso. Sindikatuak medioen bidez jakin du Jaurlaritzaren erabakia. • Jaurlaritzak erabakia dagoeneko otsaileko bileran hartu zuen, eta bere plana onartu egin zuten CCOOk eta UGTk. Sindikatu bat beraren sinadurarik gabe ere har zezakeen, inposatu zezakeen, erabakia Jaurlaritzak. Badirudi leialtasunak saritu nahi izan dituela, eta jokabide sindikala baldintzatu. • Lakuako gobernuak Madrilen menpe jarraitzen du. Plana otsailean onartu zuenetik gaurdaino, Madrilekin kontu teknikoak zuzentzen baino ez da aritu. Are, bere oharraren arabera, ez du plana langile funtzionario eta behin-behineko guztiei irekitzeko eskaerarik egin. Mahai Orokorrean eta gainerako negoziazio mahaietan bere aldarrikapenak eramaten jarraituko du LABek, eta legeak eta prozedurak aztertu ondoren aukera hauek ikusten ditu: 1. Lehen aukera LABek exijitzen du Hego Euskal Herriko administrazioek legeak baimentzen dituen EPE espezifikoak egin ditzaten, horretarako dagoen birjartze tasa espezifikoa erabiliz. Horrela, errelebista langile finkoa izango litzateke. Prozesu hauek luzatu daitezkeenez, beste bi modalitate egiteko aukera dago: 2. Bigarren aukera Errelebistari ordezkapen kontratu bat egitea. Kontratu hau bukatuko da errelebo kontratua egiteko egin den EPEa bukatzen denean. Kasu honetan, LABek defendatuko du errelebistaren kontratu hori ordezkapen zerrendetatik egitea, eta zerrendarik ez balego, administrazioak lan poltsa sortzearen alde borrokatuko du. 3. Azken bidea 2024ko apirilaren 1etik aurrera egindako kontratu laboral finko batekin binkula daiteke errelebo kontratua. Gerta daiteke errelebistaren kontratu hori erretiro partziala hartuko duen langile kategoria berekoa ez izatea. LABek eskatzen die Hego Euskal Herriko administrazio guztiei aurrerapauso bat emateko eta, legeak ahalbidetzen duen bezala, langileak errelebista finko egingo dituen EPEak martxan jartzeko. Eta, bitartean, erabili ditzatela dituzten lan-poltsa eta ordezkapen zerrendak erretiro partziala lortu dezaketen langileei eskaintzeko. LABek arazoa gure administrazioetan behingoz konpontzeko borondatea eskatzen die Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei, eta aukera langile guztiei berriz zabaltzeko borrokan jarraituko du.

LABek eta ESK-k Arabako Esku-Hartze Sozialeko IV. Hitzarmena baztertu dugu eta Aldundiari ekiparazioaren bidean benetako aurrerapausoak exijitu dizkiogu

Gaur, urriaren 1ean, LAB eta ESK sindikatuok Arabako Foru Aldundiaren aurrean elkarretaratzea egin dugu, sektorearen finantzatzaile nagusia baita, esku-hartze sozialeko langileek IV. Hitzarmen Kolektiboaren sinaduraren aurrean duten jarrera argi adierazteko. Sinadura gaur goizeko 12:30ean egitekoa da, ELA, CCOO eta AISA patronalaren artean. LAB ez da negoziazio-mahaira joango eta ez du hitzarmen hau sinatuko; bi sindikatuok erabat baztertzen dugu akordioa.