2026-06-17
Blog Page 8

Bizkaibus handitu eta zerbitzua publiko egitearen aldeko apustua egiten dugu

Alegazioak aurkeztu dizkiegu Bizkaiko autobus zerbitzuaren aurreproiektuei, planteatutako proposamenak ez baitu bermatzen mugikortasun jasangarrirako eskubidea; izan ere, plegu berriek jasotzen dutena eredu eskasa, pribatizatua eta herritarren eta langileen benetako beharretatik urrun dagoena da.

Atzo, maiatzak 20, aurkeztu genuen LABen alegazioen dokumentua. Horretan, azken hamarkadan zerbitzuan metatutako hainbat arazo identifikatu ditugu: gidarien estresa areagotzen duten ibilbide-denbora ez errealistak, flotaren elektrifikazioari egokitzapen falta, azpikontratazioak areagotzea eta egiturazko enpleguaren suntsiketa.

Alegazio nagusien artean, Bizkaibusen publifikazio osoa lortzeko bidean aurrera egitea eskatzen dugu, aurkeztutako alegazio guztiak zeharkatzen dituen ardatza hori izanik. Izan ere, egungo emakida-ereduak onura pribatua lehenesten du, garraio publikoaren kalitatearen eta lan-baldintzen gainetik.

Era berean, kontratu berriek herritarren hizkuntza eskubideak erabat berma ditzatela eskatu dugu. Horretarako, enpresa esleipendunek euskara-plan bat izatea, euskara-gaztelania arreta elebiduna bermatzea eta herritarrei arreta zuzena ematen dieten lanpostu berrietarako bi hizkuntzetan gutxienez B2 maila eskatzea proposatu dugu.

Bestalde, kritikatzen dugu aurreproiektuetan aurreikusitako igoera argi eta garbi ez dela nahikoa azken urteetan eskariak izan duen hazkunde handiari erantzuteko. Alegazioetan jasotako datuek erakusten dutenez, Bizkaibuseko bidaia-kopurua %45 igo da 2015. eta 2025. urteen artean, eta %67raino iritsi da emakida batzuetan, hala nola Enkarterrin. Gainera, ez da iragana erreferentziatzat hartu behar; aldiz, etorkizunera begiratu behar da, eskaintza handiagoak eskari handiagoa sortzen baitu.

Ildo horretan, Bizkaibusera bideratutako aurrekontu publikoa %50 handitzea proposatu dugu, egungo pleguetan aurreikusitakoarekin alderatuta. Gure kalkuluen arabera, neurri horri esker, gidatzeko orduak %45 handituko lirateke, eta 570 langile berri kontratatuko lirateke zerbitzurako.

Halaber, lantoki handietara, ospitaleetara, unibertsitateetara, industrialdeetara eta zentro logistikoetara joan-etorriak egiten dituzten lineak indartu behar da, eta hala islatu dugu aipaturiko alegazio dokumentuan. LABetik salatzen dugu langile askok ibilgailu pribatuaren mende jarraitzen dutela, garraio publikoaren maiztasun eta ordutegia urriegiak direlako, batez ere gaueko txandetan edo lanaldi-aldaketetan.

Garraio publikoa lehenetsiko duen eredu bat erdietsi ahal izateko ezinbestekoa da inbertsio handiagoa, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren proiektu kaltegarri eta alferrikakoekin kontrajartzen dugu hori, hala nola Lamiakoko itsasadarraren azpiko errepidearen eraikuntzarekin; izan ere, eraikuntza horrek, gure ustez, ibilgailu pribatuaren erabilera eta eragin ekologikoa areagotuko ditu. Hala, proiektu horretarako kalkulatzen diren 600 milioi euroak Bizkaibusen hobekuntzan inbertitzea proposatu dugu.

Gainera, plegu berriek zerbitzuaren segurtasuna eta kalitatea hobetzeko neurri zehatzak jaso ditzaten eskatu dugu, hala nola autobideko ibilbideetan bidaiari guztiak eserita egongo direla bermatzea, ibilbide -denbora errealistak finkatzea edo azpikontratazioak debekatzea.

Bizkaiak garraio publikoaren aldeko benetako apustua behar du, mugikortasun jasangarrirantz aurrera egin eta auto pribatuarekiko mendekotasuna murriztu nahi badu.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikastoletako hamar langiletik zortzik bat egin dute gaurko lanuztearekin

Hezkuntza Sailak erakutsitako jarrerarekiko langileek duten ezinegonaren eta kezkaren erakusle da gaurko lanuztearen arrakasta. Bere konpromisoak bete, eta 2023ko akordio laborala bere osotasunean garatu dezan eskatu diote langileek sailari, goizean egindako elkarretaratzeetan. 

Ikastoletako langileek kezka handiz bizi dute Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak 2023ko akordio laborala betetzeko dituen konpromisoei bizkar eman izana, eta hori erakusten ari da gaur Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastoletan greba izaten ari den jarraipen zabala. Izan ere, langileen %80k egin dute bat grebarekin goizean eta beste hainbatek egingo dute arratsaldean. Beste behin ere, langileek ozen adierazi dute badela garaia Hezkuntza Sailak hartutako konpromisoak betetzeko, luzapenetan ibiltzeari uzteko eta adostutakoa gauzatzeko

Izan ere, akordio laboralean hezkuntzako sare guztietako langileengan eragina izango zuten hainbat konpromiso jaso ziren; horien artean, ikastoletako langile guztien soldatak sare publikoko ikastetxeetakoenekin parekatuko zirela 2027rako. Bestalde, ikastoletako langileen lan-baldintzak aztertzeko mahai tekniko bat osatuko zela jaso zuen akordioak, bi sareen arteko langileen baldintzak homologatzeko lehen mugarria izango zena. Mahai teknikoak 2025eko ekainerako amaituta behar zituen lanak —ikastoletako langile guztien lan-baldintzen azterketa, hain zuzen—. Hala ere, epea amaitu eta urtebete beranduago, mahai tekniko horren arrastorik ez dago.

Akordio laboralean jasotako konpromisoek, beraz, bete gabe jarraitzen dute. Lan baldintzen azterketari dagokion urrats bakarra ere ez da egin, eta, horrez gain, 2027rako langile guztien soldatak parekatuta egon behar duten arren, hori ez da gertatzen ari langile guztien kasuan, akordio laboralean espresuki langile guztientzat izango zela jaso zen arren. 

LABen eta Hezkuntza Sailaren artean zehaztu zen 2023tik 2027ra bitartean, urtez urte, diru kopuruaren igoerak zenbatekoak izango ziren. Orain arte, erdizka betetzen ari da sinatutakoa: 2024ari zegokion igoera Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastoletako langile guztiei aplikatu zitzaien; ez, ordea, 2025ean eta 2026an. Hezkuntza Sailak ez zien aplikatu zegokien igoera Haur Hezkuntzako hezitzaileei, hezkuntza laguntzaile espezialistei, jarduera osagarrietako langileei, administrazioko langileei, IKT mantenu teknikariei, sukalde eta jantokiko langileei, mantenuko arduradunei, atezainei, garbiketako eta garraioko langileei. 

Lan baldintzen azterketari dagokionez, hutsaren hurrengoa da Hezkuntza Sailak egin duena. Aspaldi gainditu ziren mahai teknikoari azterketa hori egiteko ezarri zitzaizkion epeak, eta ez dago arrastorik ere lan horri ekiteko Hezkuntza Sailak duen borondateaz. Azterketa hori hasi ere egin ez izanak zuzenean eta egunero eragiten die ikastoletako langile guztiei.

Hezkuntza Saila bere hitza betetzen ari ez zela eta adostutako epeak gainditzen ari zirela ikusita, LABek horren salaketa egin, eta mobilizazioekin hasiko zela iragarri zuen prentsa aurrean orain urtebete. Ordutik, egindako mobilizazio ugariren segida da gaurko lanuztea. 

Gasteizko Alestis Aerospaceko langileek mobilizazioak areagotuko dituzte hitzarmenaren negoziazioan benetako aurrerapausorik ez badago

Miñanoko Parke Teknologikoan kokatutako Alestis Aeroespaceko plantillak lanuzteekin hasi du mobilizazio egutegia. Hala, langileek bi orduko geldialdiak egingo dituzte txanda bakoitzean maiatzaren 21an, 26an eta 28an. Ekainaren 2an, 4an, 9an eta 11n lanuzteak lau ordura luzatuko dituzte enpresak pausurik eman ezean.

Enpresa batzordeak salatu du hitzarmen kolektiboaren negoziazioa guztiz blokeatuta dagoela, eta egoera horren erantzule egin ditu Aciturri Aerostructures taldea eta Sonaca konpainia. Langileen ordezkarien arabera, zuzendaritzak mahai gainean jarritako proposamenak onartezinak dira, plantillaren eskubideetan atzera egitea eta soldatak KPIaren gainetik ez eguneratzea planteatzen baitute.

Batzordeak azpimarratu du egoera hori ez datorrela bat enpresaren gaur egungo errealitate ekonomikoarekin. Izan ere, gogorarazi dute azken hilabeteetan lan-karga nabarmen handitu dela, eskaerak gora doazela eta konpainiaren emaitza ekonomikoak gero eta hobeak direla. “Ez da bidezkoa langileei sakrifizio gehiago eskatzea enpresaren jarduera eta irabaziak hazten ari diren bitartean”, adierazi du komiteak.

Era berean, langileen ordezkariek ohartarazi dute mobilizazio hauek lehen urratsa besterik ez direla izango. Negoziazioan benetako aurrerapausorik ez badago eta enpresak bere jarrera aldatzen ez badu, plantillak mobilizazioak areagotuko dituela iragarri dute.

Alestis Aerospace Gasteizeko langileek lan baldintza duinak, erosahalmenaren bermea eta etorkizuneko egonkortasuna bermatuko dituen hitzarmen duin baten alde borrokan jarraituko dutela nabarmendu dute.

LABek Ekosozialisten Nazioarteko 7. Topaketetan parte hartu du Bruselan

2026ko maiatzaren 15etik 17ra bitarteko asteburuan, LAB sindikatuko ordezkaritza batek parte hartu du Bruselan egindako Ekosozialisten Nazioarteko 7. Topaketetan. Topaketa hauen hirugarren edizioa 2016an egin zen Bilbon, eta horrek Euskal Herriko hainbat eragile sozial, politiko eta sindikaletan ekosozialismoaren inguruko eztabaida sustatzen lagundu zuen. Bultzada horrek garapen positiboa izan du azken hamarkadan.

Aurtengo edizioan, sindikalismoari eta trantsizio ekosozialari buruzko eztabaidak leku nagusia izan du. Ostiraleko saio guztiak gai horri eskaini zitzaizkion. Sri Lanka, Kolonbia, Kongoko Errepublika Demokratikoa, Nigeria, Frantziako Estatua, Italia, Belgika eta Euskal Herriko sindikatuen ekarpenak entzun ziren. Halaber, Espainiako Estatuko, Belgikako eta Argentinako erakunde ekologista eta sozialek parte hartu zuten, baita “Herriak Erauzketaren Aurka” nazioarteko sareak ere. “Lan mundua eta eraldaketa ekosoziala” izeneko jardunaldi tematikoan bost eztabaida nagusi landu ziren:

• “Sindikalismo ekosozialistaren berritze estrategiak” tailerrean, langileen parte-hartze zuzena eraldaketa prozesuetan bermatzearen garrantziaz hitz egin zen, etorkizuneko lan-gatazkak aurreikusteaz eta hitzarmen kolektiboetan klausula ekosozialak lortzeaz. Azaldu zen nola kanpo-zorrak trantsizio ekosoziala itotzen duen herrialde periferikoetan, eta hura abolitzeko bidean aurrera egitearen garrantzia.

• “Birmilitarizazioa geldiarazteko gatazka sindikalak” tailerrean, industria militarraren finantzaketa publikoaren igoera erraldoiaz hitz egin zen, eta nola militarizazioa herrialde batzuetan baliabide naturalen kontrola bermatzeko erabiltzen den. Israelerako armagintzara bideratutako piezen ekoizpena eta garraioa eragozteko sindikatu-esperientzia batzuk azaldu ziren.

• “Industriaren birmoldaketa ekologikoaren aldeko borrokak” tailerrean, Kolonbia eta Nigeriako petrolio-industriako eztabaida sindikalak azaldu ziren, baita egungo egoera eta gobernuaren politika publikoekin duten elkarrizketa ere. Horrez gain, industriaren eraldaketa ekosozial batek jarraitu beharreko irizpideak azaldu ziren, eta Europako automobilgintza eta altzairugintzako hainbat lan-gatazka aurkeztu ziren.

• “Zaintza-lanak eta proletario migratzailea” tailerrean, Bruselako paperik gabeko etxeko langileak nola antolatzen diren entzun zen. Horrek agerian utzi zuen bizitza erreproduzitzeko ezinbestekoak diren lanek pairatzen dituztela esplotazio-, prekaritate- eta pobretze-mailarik handienak. Horri aurre egiteko, lan-arrazakeriari heltzen dion antolakuntza kolektiboa funtsezko zeregina dela azpimarratu zen.

• Azkenik, “Erauzketaren eta kolonialismo berdearen aurkako aliantzak” tailerrean, Europako politikek agenda berdea atzean uzten ari direla eta ikuspegi segurtasun-zalea indartzen ari direla azaldu zen. Horrek erausketa-jardueren presioa handitzen du beste lurralde batzuetan. Frantziako Estatuko sare ekosindikalistatik egiten duten langile-ikerketa eta langileen eta komunitateen arteko aliantza azaldu zituzten.

LABetik jardunaldiko hainbat tailerretan parte hartu genuen, eta sindikalismo ekosozialistarako proposamenean jasotako ideiak partekatzeko aukera izan genuen, baita trantsizio ekosozialerako industria-politikaren gure proposamena ere. Halaber, zaintzen arloan borrokatzeko, sindikalismo antirrazista baterantz urratsak egiteko eta etxeko zein zaintzako langileen antolakuntzarako esperientziak partekatu eta ezagutzeko aukera izan genuen.

Tailer horiez gain, topaketaren gainerako programak eztabaida garrantzitsu ugari jorratu zituen: Adimen Artifiziala, hezkuntzaren rola, zorra trantsizio ekosozialaren oztopo gisa, elikadura-burujabetza eta ekofeminismoa, besteak beste.

LABetik positiboki baloratzen dugu topaketa hauek nazioarteko elkarrizketa-gune gisa sendotzea, gero eta erakunde gehiago biltzen baitituzte Europatik, Latinoamerikatik, Afrikatik eta Asiatik. Espero dugu etorkizuneko edizioek espiritu hori sakontzea eta sindikalismoari buruzko eztabaidetarako espazio bereziari eustea.

LABek babesa erakutsi dio Errekaleor Bizirik proiektuari

Azken egunetan Gasteizko Errekaleor auzoan gertatu diren erasoen aurrean, LAB Sindikatuak honakoa adierazi nahi du:

Administrazioak dira URSSAn eta bestelako lantegi eta lokaletan bizitzen (egon) diren pertsonak babes gabe utzi dituztenak. Hau da, ez zaie etxebizitza eskubidea bermatu, ezta bizi proiektu duin bat garatzeko inolako baliabiderik eskaini ere.

Aldi berean, etxebizitzaren egoeraren aurrean alternatiba gisa, 13 urte daramatzan Errekaleor Bizirik proiektu autogestionatuari aitortza egin nahi dio LABek. Urte hauetan guztietan jasandako hainbat eraso eta oztopo modu eredugarrian gainditu ditu, Europa mailan erreferentzia bat izateraino.

Ertzaintzak, bere agintarien aginduz, kale egoeran dauden pertsonak instrumentalizatu eta Errekaleorreko proiektua erasotzeko eta kaltetzeko erabili dituztela salatu nahi du LABek. Horrekin batera, auzoa babesten ari ziren auzokideen eta gasteiztarren kontra erabilitako oldarkeria eta jazarpena ere salatu nahi ditu LABek.

Garrantzitsua iruditzen zaigu gogoraraztea administrazioek ez digutela etxebizitza eskubidea bermatzen herritar guztioi. Etxebizitzen negozioa iraunkortzen dute, neurri eraginkorrak hartu gabe, eta LABek eskubide urraketa hori kokatzen du aurreko asteko geratakarien sorburu gisa.

Azkenik, zenbait sektorek diskurtso faxisten normalizaziorako duten joera ere azpimarratu nahi dugu. Zenbait alderdi politikok egindako adierazpenak eta komunikabide batzuen trataera tamalgarriak dira, eta diskurtso arrazista eta autoritarioa bultzatu besterik ez dute egiten. VOXen errelatoa erosi, eta hori proiektu autogestionatu baten kontra erabili nahi izan dute, erabateko arduragabekeriaz.

Beraz, gauzak horrela:

  • LABek bere erabateko elkartasuna eskaini nahi dio Errekaleor Bizirik proiektuari.
  • Faxismoaren, arrazismoaren eta autoritarismoaren kontra borrokatzeko bere konpromisoa berresten du, bai lan zentroetan eta baita auzo eta herrietan ere.
  • Administrazioei etxebizitza eskubidea bermatzeko exijitzen die, baita bestelako eskubide laboralak eta sozialak ere, bizitza duin bat garatu ahal izateko.
  • Langileek hainbestetan sufritu duten Ertzaintzaren jokabidea gogor salatzen du.

Faxismoaren, arrazakeriaren eta autoritarismoaren kontra, etxebizitza eskubidea denontzat.

LABek iragarri du Nafarroako Haur Hezkuntzako lehen hitzarmen kolektiboa errealitate izan dadin borrokatuko duela

Sektoreko nahiz beste arlo batzuetako ordezkariek, eta sindikatuko hainbat militantek lagunduta, LABek agerraldia egin du Nafarroako Haur Hezkuntzako lehen hitzarmen kolektiboaren beharra defendatzeko. Sindikatuak jarrera “irmoa eta aldi berean bateratzailea” mantentzeko borondatea adierazi du “sindikatu, langile eta plataformaren artean zubiak eraikitzeko asmoarekin”, bere esanetan, aukera horri “interes partikular eta korporatiboei soilik erreparatuz” atea itxi nahi diotenen aurrean.

LABek ziurtatu du 0-3 zikloaren kudeaketa zuzena eta publifikazioa defendatzen jarraitzen duela, baina honakoa defendatu du: “hori iritsi bitartean langileak ezin dira beren lan-baldintzak hobetzeko tresnarik gabe gelditu”. Beste sektore eta kolektiboetan ere ez dela halakorik gertatzen zehaztu du. Horren erakusgarri zahar egoitzetako langileak jarri ditu sindikatuak, eta nabarmendu du posible dela hitzarmen propio baten alde borrokatzea, berau lortzea eta aldi berean publifikazioa eskatzen jarraitzea. “Hitzarmen batek ez dakar amore ematea, klase konkista bat da”, azpimarratu du.

LAB sindikatuak Nafarroako 0-3 Plataformak zabaldutako dokumentuari erantzun dio, “borondate bateratzailez baina bere motibazioen irmotasunari eta argitasunari uko egin gabe”. Zentzu horretan, sektorearentzat Nafarroako hitzarmen propio bat negoziatzen hasteko beharra defendatu du.

Lehenik eta behin, LABek Nafarroako haur eskoletako langileen borroka aitortu eta baloratu du, horren parte ere badela argi utziz. Sindikatuak gogorarazi du 2022ko greba mugagabea bezalako mobilizazioei esker “aurrerapen garrantzitsuak” lortu direla, eta jarraian gehitu du horrek ez duela justifikatzen “Nafarroako hitzarmen propio bati atea ixten saiatzea”.

Plataformak LABen jarrerari eginiko kritikak aipatu ditu jarraian: Nafarroako hitzarmen batek “pribatizatutako kudeaketa ereduaren aurrean amore ematea ekarriko lukeela” eta “hainbeste desiratutako kudeaketa zuzenerako oztopo” izango litzatekeela. Horren aurrean, LABek adierazi du beste sektore batzuetako esperientziak kontrakoa erakusten duela. Sindikatuak zahar egoitzen, anbulantzien, ezgaitasunaren edo kirol instalazioen kasuak aipatu ditu, eta nabarmendu du horietan hitzarmen propioak egotea “publifikazioa exijitzeko tresna gisa” balio izan duela.

Era berean, LABek sektoreko lan-baldintzak Nafarroan bertan negoziatzeko eskubidea defendatu du, jakinarazi duenez, bazterrean utzi ezin den aldarrikapen historikoa baita. Zentzu berean, “lurraldean negoziazio kolektiborako gaitasuna ukatzen duen ikuspegi unionista eta espainiarra” gaitzetsi du, “are gehiago Estatuarekin parekatzeak hemengo lan-baldintzak okertzea ekarriko badu”.

Sindikatuaren ustez, gainera, sektorearen egiturazko gabeziak “ez dira hitzarmenaren aurkako argudio bat, baizik eta, administrazio publikoak beren erantzukizunak betetzera behartuko dituen erregulazio baten aldekoa”. LABen arabera, hitzarmen propio batek gutxieneko soldata taulak eta bete beharreko lan baldintzak finkatzea ahalbidetuko luke. Sindikatuak azpimarratu du ere, publifikazio baten aurrean, Nafarroako hitzarmen batek gutxieneko baldintzak bermatzeko balio izango lukeela subrogazio-prozesuan. Aldiz, “hitzarmen propiorik gabe, langileak estatuko hitzarmenak ezartzen dituen baldintzekin subrogatuko lirateke”, ohartarazi du.

LABek leporatu dio Plataformari “ikuspegi partikular eta korporatiboa” mantentzea eta, bere ustez, “langileak aurrez aurre jarri nahi dituzten mezu antisindikalak” zabaltzea. Gainera, sindikatuak baieztatu du Plataformako kide batzuk “patronal gisa eratu ahal izango liratekeela, horrela hitzarmenaren negoziazioari ekin ahal izateko”, Nafarroako Esku-hartze Sozialeko lehen hitzarmenean gertatu zen bezala. Gogoratu du horrek “2.000 langile baino gehiagoren baldintzak nabarmen hobetzea” ekarri zuela. Hala ere, kasu honetan horri uko egiten diotela kritikatu du sindikatuak.

Azkenik, sindikatuak berretsi du 0-3 sektorearen erabateko publifikazioa defendatzen jarraitzen duela, beste esparru batzuetan bezala; hala nola, zahar egoitzetan, anbulantzietan, desgaitasunean edota kirol instalazioetan. Hala ere, azpimarra jarri nahi izan du honako honetan: aldarrikapen horrek “ezin du berehalako lan hobekuntzei uko egitea ekarri”. Sindikatuak beste behin ere gogorarazi du zahar egoitzetako langileek erakutsitakoa: “hitzarmen propio baten alde borrokatu, lortu eta publifikazioa exijitzen jarraitu daitekeela”. “0-3 zikloan LABek gauza bera egingo du” iragarri du azkenik.

Galletas Artiachen hitzarmena #LortuDugu

Urte eta erdiko negoziazioen ondoren, LABek, batzordean ordezkaritza duten gainerako sindikatuekin batera (ELA, UGT eta ESK), hitzarmen kolektibo berria sinatu du Orozkoko lantegian.

Negoziazio-prozesu osoan zehar, plataforma bateratu bat adostu zutenetik sinaduraren egunera arte, Enpresa Batzordean egon den batasunari balio handia ematen diogu LABen. Gure ustez, zentral sindikalen batasuna gakoetako bat izan da hitzarmen honek barne hartzen dituen bizi- eta lan-baldintzen hobekuntza garrantzitsuak lortzeko. Hauek dira lortutako hobekuntza nabarmenenak:

  • KPItik gorako soldata-igoerak 2025. eta 2026. urteetarako, eta KPIaren baliokideak 2027. eta 2028. urteetarako; horrela, aurreko hitzarmenean galdutako eros-ahalmenaren zati bat berreskuratuko da.
  • Hiru hamarkada baino gehiago urteko jardunaldi-murrizketarik gabe egon ondoren, 32 orduko jardunaldi-murrizketa lortu da. Aurreko hitzarmenean lanaldi-murrizketarik ez zegoenez, LABek ez zuen sinatu.
  • Artiachen enplegu-mailari eusteko konpromisoa, aurreko urteetan egon den enplegu galera eteteko.
  • Fabrikako produkzio-prozesuetan inbertsioak egiteko konpromisoa.
  • Behin-behinekotasuna murriztea. Aldi baterako kontrata daitekeen plantillaren ehunekoa % 10etik % 5era jaitsi da.
  • Hobekuntzak berdintasunean: kontratazio-prozesuetan parekidetasuna lehenetsiko da.
  • Hobekuntzak kontziliazioan: binkulograma sozio-afektiboaren kontzeptua sartzea; horri esker, langileek beren ingurune hurbileko pertsona bat izenda dezakete, familiakoa izan ez arren, ordaindutako lizentziak lortzeko.
  • Bizilekutik lantokirako joan-etorrien gastuak arintzeko garraio-plusa.
  • Lan-zentroan euskara normalizatzeko neurriak.
  • Aurrerapenak eskubide sindikaletan.

Hobekuntza horiek guztiak lortzeko beste faktore giltzarri bat aurreko hitzarmenaren aurretik izandako mobilizazio eta greben agertoki luzea berriro ez errepikatzeko nahia izan da, enpresaren zuzendaritza horren beldur baitzen. Negoziazioa hasi zenetik urtebete igaro ondoren, blokeo kezkagarria zegoen funtsezko gaietan, hala nola soldatan edo jardunaldian. Egoera horren aurrean, LABeko sail sindikalak mobilizazioaren bideari ekitea erabaki zuen, negoziazioa desblokeatzeko. Mobilizazioen iragarpen hutsak zuzendaritzak negoziazioa desblokeatzea ekarri zuen, eta horrek agerian uzten du akordio hau lortzeko Artiacheko langileek duten borroka ibilbideak izan duen garrantzia.

Ordubeteko lanuztea egingo dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastoletan

LABetik maiatzaren 21erako lanuzteetara deitu ditugu ikastoletako langileak, Hezkuntza Sailari 2023an sinatu zuen akordio laborala bete dezan exijitzeko.

Akordio laboralean hezkuntzako sare guztietako langileengan eragina izango zuten hainbat konpromiso jaso ziren; horien artean, ikastoletako langile guztien soldatak sare publikoko ikastetxeetakoenekin parekatuko zirela 2027rako. Bestalde, ikastoletako langileen lan-baldintzak aztertzeko mahai tekniko bat osatuko zela jaso zuen akordioak, bi sareen arteko langileen baldintzak homologatzeko lehen mugarria izango zena. Mahai teknikoak 2025eko ekainerako amaituta behar zituen lanak —ikastoletako langile guztien lan-baldintzen azterketa, hain zuzen—. Hala ere, epea amaitu eta urtebete beranduago, mahai tekniko horren arrastorik ez dago.

Akordio laboralean jasotako konpromisoek, beraz, bete gabe jarraitzen dute. Lan baldintzen azterketari dagokion urrats bakarra ere ez da egin, eta, horrez gain, 2027rako langile guztien soldatak parekatuta egon behar duten arren, hori ez da gertatzen ari langile guztien kasuan, akordio laboralean espresuki langile guztientzat izango zela jaso zen arren.

LABen eta Hezkuntza Sailaren artean zehaztu genuen 2023tik 2027ra bitartean, urtez urte, diru kopuruaren igoerak zenbatekoak izango ziren. Orain arte, Hezkuntza Saila erdizka betetzen ari da sinatutakoa: 2024ari zegokion igoera Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastoletako langile guztiei aplikatu zitzaien; ez, ordea, 2025ean eta 2026an. Hezkuntza Sailak ez zien aplikatu zegokien igoera Haur Hezkuntzako hezitzaileei, hezkuntza laguntzaile espezialistei, jarduera osagarrietako langileei, administrazioko langileei, IKTko mantentze-lanetako teknikariei, sukalde eta jantokiko langileei, mantentze-lanetako arduradunei, atezainei, garbiketako langileei eta garraiokoei.

Lan baldintzen azterketari dagokionez, hutsaren hurrengoa da Hezkuntza Sailak egin duena. Aspaldi gainditu ziren mahai teknikoari azterketa hori egiteko ezarri zitzaizkion epeak, eta ez dago arrastorik ere lan horri ekiteko Hezkuntza Sailak duen borondateaz. Azterketa hori hasi ere egin ez izanak zuzenean eta egunero eragiten die ikastoletako langile guztiei.

Hezkuntza Saila bere hitza betetzen ari ez zela eta adostutako epeak gainditzen ari zirela ikusita, LABetik horren salaketa egin genuen eta mobilizazioekin hasiko ginela iragarri genuen prentsaren aurrean orain dela urtebete. Orduz geroztik hainbat mobilizazio egin ditugu:

  • Iazko ekainaren 5ean ikastoletako langileen ordezkarien elkarretaratzea Lakuan.
  • Ekainaren 13an ikastolaz ikastola elkarretaratzeak.
  • Urriaren 27an LABeko langileen ordezkariak Bilboko Hezkuntza Lurralde Ordezkaritzaren aurrean bildu ziren protesta egitera.
  • Azaroaren 26an langileen itxialdiak ikastoletan.
  • Abenduaren 15ean, Lakuan, Eusko Jaurlaritzaren egoitza nagusia inguratu zuen kotxe-karabana.
  • Urtarrilaren 29an ikastoletako langileen giza-katea Donostian.

Ikastoletako langileek kezka handiz bizi dute Hezkuntza Sailak orain arte erakutsitako jarrera, entzungor egiten baitie langileek egindako eskaerei. Horren aurrean, LABetik dei egiten diogu Ikastolen Elkarteari Hezkuntza Sailarekin dituen negoziaketetan gai hau jorratu dezan, akordioan adostutakoak abian jartzeko.

Horregatik guztiagatik, maiatzaren 21ean ikastoletako langileak ordubeteko lanuztera deitu ditugu, eta Hezkuntza Sailari ozen adieraziko diogu ez gaudela prest denbora gehiagoz egoera bidegabe eta baztertzaile hau jasateko.

Arguedaseko erailketa matxista ozen salatzeko deia egiten dugu

Aurten Euskal Herrian gertaturiko 4. erailketa matxistaren berri izan dugu azken orduotan, eta horren harira Euskal Herriko Emakumeon* Mundu Martxak eginiko irakurketa partekatzen dugu jarraian:

INDARKERIA MATXISTAREN AURREAN, PLANTO! SISTEMA ERALDATU ORAIN!

Gaurkoan, haserrea eta samina sakonak dira berriro ere Euskal Herrian. Arguedasen (Nafarroa) 44 urteko emakume baten erailketa matxista gogor salatu nahi dugu Euskal Herriko Emakumeon* Mundu Martxatik. Gure elkartasun eta berotasun osoa helarazi nahi diegu eraildako emakumearen senide, lagun eta hurbilekoei.

Zoritxarrez, datuek errealitate gordin eta jasanezin bat erakusten digute berriro: 2026. urtea hasi denetik, jada 4 emakume erailak izan dira eta beste bi saiakera izan dira Euskal Herrian indarkeria matxistaren ondorioz. Lau bizitza erauzi, lau hutsune bete ezinezko gure herrietan. Zenbaki hutsetatik harago, bizitzak dira, eta ezin dugu onartu indarkeria honek etenik ez izatea.

Ozen esan nahi dugu: hau ez da zoratutako gizon baten ekintza isolatu bat. Erailketa hauek izcbergaren punta besterik ez dira. Gaur egungo sistema zisheteropatriarkal, kapitalista, arrazista eta kolonialak sostengatzen eta elikatzen du emakumeon* aurkako indarkeria. Sistema honek hierarkien bidez funtzionatzen du, eta emakumeak eta gorputz disidenteak egoera ahulagoan, zaurgarriagoan eta babesgabeagoan kokatzen gaitu egunerokoan, prekarizazio material eta sozialaren bidez. Indarkeria matxista egiturazkoa da, eta hainbat zapalkuntza ardatzek gurutzatzen dute.

Ezin gara begira geratu. Ezin dugu onartu erailketa bakoitzaren ostean doluzko keinu instituzional soilak ikustea, biharamunean ezer aldatu ez balitz bezala jarraitzeko. Egoera larri honekin amaitzeko urgentziazko neurri errealak behar ditugu.

Erakunde eta instituzioei irmotasun eta kontundentzia handiagoa exijitzen diegu. Ez dugu adierazpen hutsik nahi; baliabide ekonomiko, politiko eta sozial integralak behar dira prebentzioan, babesean eta hezkuntzan inbertitzeko. Sistema judizial eta asistentzial matxistak desmuntatu behar dira.

Jendarte osoari dei egiten diogu konplizitate oro apurtzera eta erantzukizuna hartzera. Indarkeria matxistaren aurkako borroka ez da Mugimendu Feministarenemakumeon* kontua soilik, jendarte osoaren premiazko ardura baizik.

Egoeraren larritasun muturrekoa ikusita, ezin dugu ohiko erantzunetan geratu. Bada garaia Euskal Herri gisa horrelako erasoen aurrean tinko eta modu bateratuan erantzuteko. Hitz politak eta protokolozkoak soberan daude: hitzetatik ekintzetara jauzia emateko garaia da.

Hori dela eta, datozen egunetan Euskal Herriko herrietan kontzentrazio zaratasuak egiteko deia egiten dugu. Beharrezkoa eta premiazkoa da herri honek harresi bat jartzea, eta horretarako, bertan indar eta borroka guztiak ipintzeko deia egiten dugu. Ezin dugu inor bide bazterrean utzi, bete ditzagun kaleak egoera honi nahikoa dela esateko.

Autodefentsa Feminista da gure tresna. Kaleak hartzera, antolatzera eta herrietan egingo diren kontzentrazio zaratatsuetan parte hartzera deitzen dugu jendartea.

Nazkatuta gaude!
Martxan jarraituko dugu denak aske izan arte.