2026-10-08
HomeIdazkaritzakIdazkaritza FeministaArguedaseko erailketa matxista ozen salatzeko deia egiten dugu

Arguedaseko erailketa matxista ozen salatzeko deia egiten dugu

Aurten Euskal Herrian gertaturiko 4. erailketa matxistaren berri izan dugu azken orduotan, eta horren harira Euskal Herriko Emakumeon* Mundu Martxak eginiko irakurketa partekatzen dugu jarraian:

“INDARKERIA MATXISTAREN AURREAN, PLANTO! SISTEMA ERALDATU ORAIN!

Gaurkoan, haserrea eta samina sakonak dira berriro ere Euskal Herrian. Arguedasen (Nafarroa) 44 urteko emakume baten erailketa matxista gogor salatu nahi dugu Euskal Herriko Emakumeon* Mundu Martxatik. Gure elkartasun eta berotasun osoa helarazi nahi diegu eraildako emakumearen senide, lagun eta hurbilekoei.

Zoritxarrez, datuek errealitate gordin eta jasanezin bat erakusten digute berriro: 2026. urtea hasi denetik, jada 4 emakume erailak izan dira eta beste bi saiakera izan dira Euskal Herrian indarkeria matxistaren ondorioz. Lau bizitza erauzi, lau hutsune bete ezinezko gure herrietan. Zenbaki hutsetatik harago, bizitzak dira, eta ezin dugu onartu indarkeria honek etenik ez izatea.

Ozen esan nahi dugu: hau ez da zoratutako gizon baten ekintza isolatu bat. Erailketa hauek izcbergaren punta besterik ez dira. Gaur egungo sistema zisheteropatriarkal, kapitalista, arrazista eta kolonialak sostengatzen eta elikatzen du emakumeon* aurkako indarkeria. Sistema honek hierarkien bidez funtzionatzen du, eta emakumeak eta gorputz disidenteak egoera ahulagoan, zaurgarriagoan eta babesgabeagoan kokatzen gaitu egunerokoan, prekarizazio material eta sozialaren bidez. Indarkeria matxista egiturazkoa da, eta hainbat zapalkuntza ardatzek gurutzatzen dute.

Ezin gara begira geratu. Ezin dugu onartu erailketa bakoitzaren ostean doluzko keinu instituzional soilak ikustea, biharamunean ezer aldatu ez balitz bezala jarraitzeko. Egoera larri honekin amaitzeko urgentziazko neurri errealak behar ditugu.

Erakunde eta instituzioei irmotasun eta kontundentzia handiagoa exijitzen diegu. Ez dugu adierazpen hutsik nahi; baliabide ekonomiko, politiko eta sozial integralak behar dira prebentzioan, babesean eta hezkuntzan inbertitzeko. Sistema judizial eta asistentzial matxistak desmuntatu behar dira.

Jendarte osoari dei egiten diogu konplizitate oro apurtzera eta erantzukizuna hartzera. Indarkeria matxistaren aurkako borroka ez da Mugimendu Feministarenemakumeon* kontua soilik, jendarte osoaren premiazko ardura baizik.

Egoeraren larritasun muturrekoa ikusita, ezin dugu ohiko erantzunetan geratu. Bada garaia Euskal Herri gisa horrelako erasoen aurrean tinko eta modu bateratuan erantzuteko. Hitz politak eta protokolozkoak soberan daude: hitzetatik ekintzetara jauzia emateko garaia da.

Hori dela eta, datozen egunetan Euskal Herriko herrietan kontzentrazio zaratasuak egiteko deia egiten dugu. Beharrezkoa eta premiazkoa da herri honek harresi bat jartzea, eta horretarako, bertan indar eta borroka guztiak ipintzeko deia egiten dugu. Ezin dugu inor bide bazterrean utzi, bete ditzagun kaleak egoera honi nahikoa dela esateko.

Autodefentsa Feminista da gure tresna. Kaleak hartzera, antolatzera eta herrietan egingo diren kontzentrazio zaratatsuetan parte hartzera deitzen dugu jendartea.

Nazkatuta gaude!
Martxan jarraituko dugu denak aske izan arte.
“

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Postako langileak kalera atera dira zerbitzu publikoaren eta beren eskubideen defentsan

Elkarretaratzea egin dute Gasteizen, Eusko Legebiltzarraren aurrean. Honako neurri hauek eskatu dituzte, hemen erabaki nahi dituztelako beren lan-baldintzak: - Posta Zerbitzu Unibertsalaren finantzaketa indartzea kalitatezko...

EAEko udal sektoreko greba eguna arrakastatsua izan da eta langileek argi eta garbi adierazi diote EUDELi negoziazioaren blokeoa ez dutela onartuko

Bizkaiko eta Gipuzkoako zonalde askotan greba jarraipena zabala izaten ari da, hainbat udaleta udal zerbitzu itxi direlarik. LABek eta ELAk argi adierazi nahi diegu Eudeleko mahaia osatzen duten alderdiei Udalhitzen negoziazioaren blokeoa ez dugula onartzen eta aurrera pausuak emateko garaia dela.

LABek Euskal Herrian azaroaren 11rako greba orokorra deitzea proposatuko dio bihar bere Nazio Biltzarrari

Eragile sindikal eta sozialekin deialdi bateratuaren alde egindako lanaren ondorioz eta Espainiako Estatuko Maizterren Konfederazioarekin harremanetan egon eta gero, azaroaren 11n etxebizitza eskubidearen eta soldata duinen aldeko greba orokorra antolatzeko erabakia proposatuko dio LABek bere Nazio Biltzarrari bihar arratsaldean.