2026-05-01
Blog Page 796

Lanean hildako azken langilean gogoan Orozkon

Euskal Herriko gehiengo sindikaleko kideok elkarretaratzea egin dugu Orozkoko Udalaren aurrean bizitza galdu duen azken langilea gogoratu eta heriotz guzti hauen atzean prekarietatea dagoela salatzeko.

Maiatzaren 30ean jakin genuen Orozkoko Arriberri harrobian Arcanor enpresako 54 eta 47 urteko beharginak istripu larria izan zutela makina batek harrapatu ondoren, langile larri zaurituak Gurutzeta erietxera eraman zituzten. Bart iluntzean hil egin da langileetako bat.

Lehenik eta behin LAB sindikatutik gure elkartasuna eta babesa adierazi nahi diogu hildako langilearen famili eta gertukoei, halaber zaurituta dagoen behargin familiari elkartasuna adierazi nahi diogu.

Azken heriotz honekin 21 dira gutxienez Hego Euskal Herrian hildako langileak eta salatu behar dugu heriotz guztiek faktore amankomun bat dutela oinarri prekarietatea. Lan istripuak ez dira kasualita kontua, enplegu eta lan baldintza kaxkarrak, azpikontratazioa, behin-behinekotasuna eta egiazko prebentzio ezaren ondorio zuzena dira .

Lan istripuek erantzule zuzenak dituzte. Alde batetik patronala, irabazi ekonomikoak lehenesten dituena langileen segurtasuna eta bizitza baino, Bestetik administrazioak, egoera honen konplize bilakatu direnak. Prebentzio egiten dutela diote, baina darabiltzaten politikek berekin dakarte lan baldintzak hondatzea. Argi dago ez diotela prekarietateari aurre egin nahi. Prekarietatea handitzen eta zabaltzen ari da, lan baldintzak ez dira hobetzen, kaxkartzen ari dira.

Gaur egungo egoera mugiarazteko, istripuak ekiditu nahi badira, lan baldintzak ezinbestean hobetu behar dira. Borroka eta mobilizazioan jauziak emateko prest gaude lan istripuak eta horren atzean dagoen prekarietatea lehen mailako arazo politikoa bilakatu arte.

 

 

 


Hitzarmen duinak eta aberastasunaren banaketa aldarrikatu ditugu Makina-Erramintako Biurtean

0

Gaur amaitu da Makina-Erramintaren Biurtekoa. Honen inguruan, azokako egun guztietan zehar izkutuan geratu den errealitate baten berri emango du sindikatuak, prekarietatearena, hain zuzen ere.

Gaur amaitu da Makina-Erramintaren Biurtekoa. Honen inguruan, azokako egun guztietan zehar izkutuan geratu den errealitate baten berri emango du sindikatuak, prekarietatearena, hain zuzen ere.

Horretarako, prekarietatearen inguruko standa jarriko dute BEC kanpokaldean. Diskurtso ofizialek izkutatzen duten prekarizazio etengabean oinarritutako lan harremanen ereduaren aurrean, langileentzako lan duina, bizi duina eta hitzarmen duinak aldarrikatuko dituzte.

Eulate Zilonizaurrekoetxea Industria Federazioko buruaren adierazpenak:

“Hor barrukoa marketing hutsa da, publizitate engainagarria, iruzur handi bat foko ugari eta korbata askorekin apainduta”.
Korbatak bai, barruan buzoak falta direlako. Langileen errealitatea faltan da. Makina horiek martxan jarri, hobetu eta erabiltzen dituzten pertsonanena. Prekarietatearen standa falta da, kontratazio moduaz azaodluko duena, lan-osasunaren inguruko axolagabekeria eta jasan beharreko istripu eta heriotzena, aldi baterakotasunaren inguruko datuak, sexu, arraza edo ideologiagatiko diskriminazioarenak edo gure hizkuntzak, euskarak duen errespetu txikiaren ingurukoak”.

Tailerretako emakumeak falta dira, argi eta garbi esango dutenak oraindik industriako %19a baino ez garela, enplegu eskaintza prekarioak eta soldata apalagoak dituztenak soilik jasotzen dituztela dioten gazteak; 50 urtetik gorakoak, antzinatasuna ez ordaintzeagatik nola kaleratu dituzten azalduko dutenak; mehatxuak, beldurra, kaleratzeak edo irainen inguruan hitz egingo dutenak.

“Nahikoa da argazki eta zinta mozketez. Nahikoa da postureo eta gezurrez. Noiz emango diote horrenbeste arreta eta babes langile klaseari? Noizko Arantza Tapia, Urkullu eta kazetari guzti horiek tailerretatik pasastzen? Noizko aste honetan hemen xahututako diru guztia langileentzako lan-baldintza duinetan? Oroitarazten deigu makina hauek material hutsa baino ez direla martxan jartzen dituzten pertsonarik gabe”.

Aberastasuna banatzeko garaia da. Patronalak 1.300 milioi euro garbi banatu zituen 2016an eta, beraiek diotenez, 2017a hobea izan omen zen. Eta datuak hauek diren bitartean hitzarmenetan eskaintzen digutena; segurtasun eza, aberastasuna banatzeko borondate falta eta prekarietate gehiago da:

> 10 langiletik 6k ez dute berritutako lan hitzarmenik.
> Azken urtetan langileek %5eko eros ahalmena galdu dute.
> Industriako langileen %19a da soilik emakumea.
> Industrian lanean hasteko zortea duten gazteek zabor kontratuak izaten dituzte.
> 2016tik 2017ra behin behineko kontratu kopurua %29,3tik 32ra igo da.
> ABLEen eta azpikontraten erabilera biderkatu da.
> Kontratazio berriei lan baldintza kaskarragoak ezartzen dizkiete.
> Urte honetan 20 langileek bizitza galdu dute lanpostuan, horietatik 6 industriakoak ziren.

Hortaz, egoera bidegabe hau aldatzeko borrokatu beharra dago. Bizkaiko Metaleko hitzarmenean eta enpresetako hitzarmenetan, eremu GUZTIETAN, LABek eduki duinen alde borroka egingo du:

• Ez dugu langileen lan baldintzetan atzera pausurik onartuko.
• Eros ahalmena berreskuratu eta KPIen gainetik igoerak.
• Prekarietatearen aurkako neurriak: behin behineko kontratazioa, malgutasuna, azpikontratazioa mugatzea, ABLEak desagertaraztea, gazteen lan baldintzak hobetzea….
• Emakumeen kontratazioa bultzatu eta lan baldintzak duinduko dituzten neurriak.
• Subrogazioa bermatuko dituzten neurriak.
• Negoziazio kolektiboko erreformatik eta estatalizaziotik babestuko gaituzten neurriak.

Bada garaia hitzarmenak eguneratzeko eta industriako langileen lan baldintzak hotzeko, GUZTION LAN BALDINTZAK hobetzeko.
  

 

 

EKAINAK 2, ALTERNATIBEN HERRIA IRUÑEAN

Alternatibak badaudela eta martxan daudela erakutsiko dugu ekainaren 2an. Sistema da aldatu beharrekoa eta horregatik beste gizarte eredu bat aldarrikatzen dugu, erdian pertsonak jarriko dituena. Ongi bizitzeko, pertsonen eta herrien beharrak asetzeko, geure burua zaintzeko eta Lurra zaintzeko, dominazio eta injustiziarekin bukatzeko ekainaren 2an Iruñera.

Madrilera begira egon gabe, hemen burujabetza prozesu bat jartzearen beharra azpimarratu nahiko genuke

0
Erabat ustela den alderdi bat gobernutik botatzea positiboa da, erantzukizun ariketa bat da edozeinentzat. Hala ere, sindikatu bezala ezin ditugu mezu baikorregiak bota, datorren gobernua ez delako askoz hobea.

PSOE izan zan estatalizazioa eta zentralizazioaren aldeko erreforma egin zuena, pentsioen erreforma egin zuena, baietz esan zion 155. artikuluari eta 135.aren erreformari. Badira hainbat elementu bere kudeaketaren kritika egitera eramaten gaituztenak.

Hala ere, garrantzitsua da PP botatzea. Baina ez da PSOE izan PP bota duena, bere politikei aurre egin dieten herritarrek eta independentismoak baizik.

EAJri dagokionez, aipatu beharra dago politika antisozialak adostu zituela Rajoyrekin. Eta politika antisozial horiei eustea adostu du Sanchezekin, bere lehentasunak oso argi utziz.

Hala ere, Madrilera begira egon gabe, hemen burujabetza prozesu bat jartzearen beharra azpimarratu nahiko genuke.
 

 

 

Babesa eman diogu Euskaraldia dinamikari

2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra, 11 egunez, euskaraz bizitzeko deiari erantzun dio LABek.

Euskaraldia dinamikaren bultzatzaileek bi figura sortu dituzte,"ahobizi" eta "belarriprest", 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra, 11 egunez, gorpuzteko asmoz.

"Ahobizi" bazara, Euskaraz egingo diezu ulertzen duten guztiei. Edonon, edonoiz eta ulertzen duen edonorekin arituko zara euskaraz. Ezagutzen ez dituzunekin lehen hitza euskaraz egingo duzu, eta ulertzen baldin badute, hortik aurrerakoak ere bai. "Ahobizi" izateak ez du euskaraz hitz egiteko gaitasunarekin zerikusirik, jokaerarekin baizik! Ahal duzun guztietan euskara erabiltzeko prest? Ahobizi zara!

"Belarriprest" bazara, euskaraz dakiten guztiei zuri euskaraz egiteko gonbitea egingo diezu. Euskara ulertzen duzula adieraziko diezu eta zurekin euskaraz hitz egin dezatela eskatu.
Zuk euskaraz edo erdaraz erantzungo duzu, baina zuri euskaraz egiteko eskatuko duzu. "Belarriprest" izateak ez du euskaraz hitz egiteko gaitasunarekin zerikusirik, jokaerarekin baizik! Dakienari zuri euskaraz hitz egiteko gonbitea egin nahi diozu? Belarriprest zara!
 

 

 

Jaurlaritzak lana eta familia bateratzea debekatu die Zuzenean zerbitzuko langileei

Eusko Jaurlaritzaren Zuzenean zerbitzuko langileek lanuzteak egin dituzte gaur, langileen kontziliazioa ahalbidetzeko eskubideak kendu dizkietela salatzeko. hala, elkarretaratzeak egin dituzte lantoki aurrean, Bilbon, Donostian eta Gasteizen.

Zuzenean zerbitzua etengabe ematen da 8:00etatik 19:30ak arte, astelehenetik ostiralera. Hori dela eta, badira hamar urte sinatu zela Zuzeneaneko ordutegi bereziaren gaineko akordioa, normaltasunez aplikatu dena urteotan guztiotan. Lanaldi ebazpen ezberdinek jaso izan dituzte gainera, Jaurlaritzak berak urteotan indarrean jarritako malgutasun neurriak.Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren 2017ko Berdintasun Planak, Zuzenean zerbitzuan ere familia eta lana bateratzeko aukera babesteko konpromisoa jasotzen du.

Zuzeneaneko langile gehienak emakumeak dira, eta horietako askok familia eta lana bateratzeko neurriei heldu behar izan diete, dela lanaldia murriztuz, dela ordutegi-malgutasunaren bidez.

Baino, alde bakarrez eta inongo negoziaziorik gabe, otsailaren 13an Jaurlaritzak Zuzeneaneko ordutegi-aldaketa jakinarazi zien zerbitzuko langile guztiei, malguntasun oro ezabatuz nahiz familia eta lana bateratzeko xedez lanaldia murrizteko eskubidea mugatuz.

LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok:

• Administrazioaren funtzionarioen lan-baldintzak arautzen dituen akordioaren haustea salatzen dugu. Hain zuzen ere bizitza pertsonala, lana eta familia bateragarri egiteko eskubidea jasotzen duena, eskubide hori Eusko Jaurlaritzaren langile guztiena baita, salbuespenik gabe. Eta era berean ordutegi berezien edozein aldaketa negoziatu behar dela ezarri arren, Administrazioak ez du egin.
• Lan Harremanetarako zuzendaritzaren helburua salatzen dugu, hain zuzen ere familia eta lana bateragarri egiteko malgutasuna kentzea.
• Zuzenean zerbitzuko zuzendaritzak izandako kudeaketa penagarria salatzen dugu, ez baitute beharrezko neurriak hartu zerbitzuaren kalitatea bermatzeko eta langileen, familia eta lana bateragarri egiteko eskubideak bermatzeko. Langileek lanaldi murrizketara jo behar izan dute, eta honek ondorio latzak izango ditu soldatetan.

Mahai Sektorialean lau sindikatuok eskatu diogu Administrazioari Zuzenean zerbitzuko langileei ezarritako murrizketak berehala bertan behera uztea, baita sortutako arazoa azaldu dezala. Era egoki batean aztertua ahal izateko eta posiblea izango den konponbide bidezko eta egokia adostea langileentzako eta zerbitzu publiko hobea eman ahal izateko.

Lau sindikatuok Eusko Jaurlaritzari murrizketa berri hau bertan behera uzteko eskatzen diogu, bereziki kaltegarria dena Zuzeneaneko lankideentzako eta, aldi berean, Eusko Jaurlaritzako emakumeen diskriminazioa eta soldata arrakala sakontzen dituena.

 

 

 

Bizkaiko Foru Aldundiko garbitzaileek grebekin jarraituko dute

0

Ekainaren 4, 5 eta 6an egingo dituzte lanuzte berriak, LAB, ELA, UGT, ESK eta CCOO sindikatuok deituta.

Garbialdi enpresako langileen oharra:

Bizkaiko Foru Aldundiko garbitzaileak grebako lehen egunean ohartarazi genuen: grebekin jarraituko genuela Garbialdi edo Aldundiaren aldetik jarrera aldaketarik atzematen ez bagenuen. Eta atzo deialdiarekin aurrera egitea erabaki genuen.

Hiru greba egun hauetako (maiatzak 28, 29 eta 30) jarraipena oso altua izan da, eta zentzu horretan, pozik gaude. Garrantzia handia duten eraikinetako langileek, hala Batzar Nagusiak edo Ugaskoko bulegoetakoak %100ean babestu dute deialdia. Beste batzuetan ere, Jauregi Foralean edo Ogasun Sailean adibidez, %75ekoa baino altuagoa izan da grebaren jarraipena.

Egun hauetako protestetan parte hartu duten langile askorentzat bere bizitzako lehenbiziko greba izan da hau. Baina egoerak ez du irtenbide desberdinik aurreikusten: lan-zamen eta frekuentzien etengabeko areagotzea, lanaldi murrizketak, 20 lanposturen amortizazioa eta 2010etik izozturik dauden soldatak. Egoera eutsiezina da eta Garbialdik %0,3ko igoerarekin eman nahi dio irtenbidea. Beste hitzetan, 0,14 eurotako soldata igoera eguneroko esplotazio hau jasangarri egiteko.

Eskaintza hau pasa den urteko ekainean egin zuten eta geroztik, ez dira mugitu. Garbildik pobretu egin nahi gaitu eta horretarako Bizkaiko Foru Aldundiarekin ados jarri dela dirudi. Azkenengo hauek zerbitzua pribatizatu zuten lehenengo, eta orain, haien lan-zentroak garbitzen dituzten langileen baldintzen prekarizazioaren aurrean zirkinik ere egin gabe mantentzen dira. Beste alde batera begiratzen dute.

Martxoaren 8an lila koloreko lazuarekin argazkia atera eta etxe barruan, hain feminizatuak dauden sektoreen narriaduran eta esplotazioan lagundu. Hauxe da Aldundiaren benetako aurpegia.

Ekainaren 4, 5 eta 6an grebara irtengo gara berriro. Harrotasun eta duintasunez kargaturik lanbasak kalera aterako ditugu. Entzun gaitzatela exijitzen dugu. Eta egun hauetan oihukatu dugun bezala ozen baino ozenago oihukatuko dugu ez garela ikustezinak.

 

 

 

“UPNk diru publikoarekin estaldura politikoa eta ekonomikoa ematen dio Volkswagen Navarrari diskriminatzen jarraitzeko”

LAB sindikatuak gogor kritikatu nahi du UPN alderdia Espainiako estatuarentzat PPk egin dituen aurrekontu orokorrak sostengatu dituelako.

LABek desegin du Nafarroako eskuinak eraiki duen kontakizuna 80 milioi eurotako diru publikoaren harira. Diskriminatzen duen enpresa batera joango direnak diskriminatzen jarraitzeko.

1. UPN-k, Volkswagen Navarraren Zuzendaritzaren onespenaz, enpresa honen Hitzarmen Kolektiboa manipulatu du. Honela, VW Navarra Nafarroako eskuinaren eskakizunen aurrean makurtu da, oxigeno baloia emanez, alderdi erregionalistaren ordurik apalenean. Enpresa batzordea gutxietsi dute, negoziazio kolektiboaren eskubidea urratuz, negoziazioaren epeak aldatuz, jubilazioez eztabaidatu behar zen mahaiaren eraketa eragotziz, bilerak bertan behera utziz ere, itundu eta irrikatzen zen argazkia erdietsi arte.

Horrela, UPNk Espainiako estatuarentzat PPk egin dituen aurrekontuen aldeko bere babesarekin eta diru publikoarekin estaldura politikoa eta ekonomikoa ematen dio Volkswagen Navarrari diskriminatzen jarraitzeko. Enpresa honek ez du inoiz galerarik izan; iaz, bere datuen arabera, 55,9 milioi eurotako irabaziak izan zituen, eta talde osoari dagokionez, irabaziak guztira, 11.354 milioi eurotakoak izan ziren.

2. Volkswagen Navarra baztertzen duen enpresa dugu. Enpresa hau ukatu zen, 2017. urtean, enpleguan, parekotasunaren aldeko genero- bazterkeriaren aurkako klausulak sartzera. Ukatu zen, gaur egun UPNren eskutik argazkia bilatzen ari diren sindikatuekin sinatu zuten enplegu- itunean, Europako Batasunean indarrean dauden enplegu araudiak beteko direla aipatzen dituzten klausulak sartzera.
Hau guztia kontratatze sistema ustelari, ilunari, betikoek kontrolatuari eusteko egin ohi da. Horren adibidea, emakumeek, gaur egun, Volkswagen Navarrako langileen %13,72a soilik osatzen dute; iazko batez bestea %11,82a zen, Volkswagenek argitaratu osasun- memoriaren arabera.

3. PPren gobernuak eta UPN-k lotu zuten akordioa iparra galdu duen alderdi politiko baten fotagailua da soilik. Haren helburu bakarra Erregimena berriro ezartzea da, Volkswagen Navarraren Zuzendaritzak ematen duen borondatezko lankidetza irmoaren laguntzaz. Agerian geratu zen zein den hauen itxura morala eta ideologikoa; hauen apartheid politika pairatu izan dugunontzat egoera hau ez da berria.
Nafarroako gizarteak jakin behar du, politikagintzan ate birakariez mintzatzen garenean, ez dugula Madrilera soilik begiratu behar; gogoan izan behar ditugu ere Yolanda Barcina, Miguel Angel Ancizar, Miguel Sanz, Jose Maria Aracama, Enrique Goñi, eta abar luzea. Gogoan izan behar dugu ere, zein izan den enpresen eta enpresarien jarduna aldi honetan guztian.

Aldaketaren Gobernuak zalantza eragin zion Volkswagen Navarrari, beldur zelako haren lan harremanak demokratizatu behar izanen zituela. Dena den, Manu Ayerdik agertu zuen epeltasunak, enpatia ez zenean, multinazionalarekin harremanak izatean, ekarri du hura den bezalakoa agertu dela: Nafarroan, UPNren bermatzaile, eta Espainiako estatuan, PP- rena, Nafarroan ematen den apartheidaren erreferentea dugu.

Honela, Volkswagen Navarrak urrats sendo eta irmoa egin du, UPNren beharren nahiera etorriz eta Hitzarmen Kolektiboaren negoziazioa atzeratuz gaur arte; atzeratzea UGTrekin eta CCOOrekin itundu zuen. Bestela, ez daiteke ulertu nolatan ez den inolako presio neurririk bideratu egoera askatzeko. Haien politika baztertzaile eta diskriminatzaileekin bat ez gatozenok, enplegua eskuratzeko berdintasunaren eta gardentasunaren alde gaudenok, kontratazioak berdintasunez egitearen alde gaudenok gutxietsi eta mespretxatzen gaituzte.

4. Aurrekoaren ondorioz, genero bazterkeriaren aurkako politika aktiboei ekitera ukatzen den enpresa batek nolatan jaso nahi ditu diru-laguntza publikoak?

Nolatan, datuak ezkutatzen dituen enpresa batek, batzordea lanesku zuzena hautatzeko prozesuan aritzea eragozten duen enpresa batek, gizartearen alderdi esanguratsua sozialki eta ekonomikoki baztertzen duen enpresa batek jaso nahi dituen diru-laguntza publikoak?

5. Gainera, haien argudioekin ez gatoz bat. Gaur egun, maiatzaren 31n, kontratu ez-mugatuko langileen batez besteko adina 47,06 urtekoa bada, horri gehitzen badizkiogu behin-behinekoak, batez besteko adina 44,58 urtekoa litzateke; esan dezakegu ez garela plantilla zaharkitu batez ari. Nolatan esan dezakete erretiro adina 65 urtetik 67 urtera igarotzea abalatu duten horiek, 47 urterekin pertsona bat zaharra dela?

Volkswagen Navarra, UGT eta CCOO beti ukatu dira lantegi honetan errelebu kontratuak egitera. Hori LABen aspaldiko eskaera izan da, eta era bakarra dugu lanpostuak etengabe desagertu izana saihesteko. Zergatik eskatzen dute oraingoan horren antzeko zerbait? Zergatik nahasten dituzte oraingoan Prestakuntza bonoak, Gazteria-bermea eta laguntza publikoak, murrizketa batekin, kontratu bat ez-mugatua bilaka dadin? Zergatik ez dute honezkero ezarri?

Ba errazki esateko, UGTri eta CCOOri esker: 2018. urtean, gaur egun Volkswagen Navarran sartzen diren langileek, iraganean, Sartzeko Mailakoek kobratzen zutena baino %75a gutxiago kobratzen dutelako. Multinazionalaren asmoa eskulan garestia eta osasun txarrekoa deuseztatzea da, eskulan gazteez, osasuntsuez eta oso merkeez ordezkatuz.

6. Hurrengo 5 urteetan 60 urte beteko dituztenak 750 inguru izanen dira; gaur egun, 731 pertsona dira baldintza horiek betez lantokiaren zerrendan agertzen direnak: lehen mailako 48 buruzagi, 2. mailako 32 buruzagi, 53 Arduradun/Parekatuak, 1. mailako 253 ofzial, 2. mailako 101 ofzial, 3. mailako 241 ofzial, 3. mailako 2 eta sartze mailako bat. Soldata, antzinatasun eta Gizarte Segurantzaren batura 41.128.675 €takoa da.

731 lankide horiek sartze maila duten beste hainbesterengatik ordezkatzeak Volkswagen Navarrari eragingo liokeen gastua 22.691.821 €-takoa litzateke; horrela, VW-k, soldatetan soilik, 18.436.854 € aurreztuko lituzke. Honi gehituko bagenizkio laguntza publikoak, Bonoaren truke, 5.657.940 € eskuratuko lituzkete, eta enplegua ez- mugatu bilakatzeagatik, 6.579.000 €; Volkswagenen irabaziak 30.676.794,27 € lirateke. Hori guztia indarrean dagoen legeria betez.

Iaz, 119 pertsonek utzi zuten enpresa; enpresari eragin kostua 12 milioietakoa izan zen. Datu horien arabera, 76,8 milioi beharko lirateke langile horiei irteera emateko. Lortu diren irabaziekin, Hitzarmena indarrean eduki nahiko luketen bost urtean, 40.123.205,73 €tako ekarpena egin beharko lukete bakarrik. Aurreko hitzarmenean 407 izan ziren joan zirenak, eta enpresari eragin gastua 36.800.000 €tako izan zen (datu hori Volkswagenek argitaratu dituen ekonomia-balantzetan agertzen da), eta ez 50.000.000 €takoa, enpresa batzordearen buruak berekoikeriaz erran zuena, maiatzaren 24an, Diario de Navarrak argitaratu zuen artikuluan adierazia.

7. Beraz, frogatutzat jo dezakegu Volkswagen Navarrak ez duela inolako laguntza publikorik behar langileen borondatezko bajei laguntzeko. Ia bikoitza baino gehiago bazter ditzake, aurreko Hitzarmenean baino 3.000.000 €tako ekarpena eginez, laguntzez eta indarrean dagoen legeriaz baliatuta.

8. Zenbakiak alde batera utziz eta pertsonei buruz, gure lankideei buruz mintzatzen bagara, zer suertatuko zaie Volkswagen Navarraren enplegu-poltsa osatzen dutenei? Azken 10 urtean 4.543 pertsona kontratatu eta alta eman diete enpresa honetan, kontratu mugagabea 1.286ri bakarrik egin zitzaien, hots, kontratatu diren lau pertsonetatik bakarrak aukera izan zuen mugagabeko kontratua lotzeko.

Zer gertatuko da, behin-behineko kontratu batez, 6, 7 eta 10 urteko antzinatasuna ere bete duten langile horiekin? Alde batera utziko dituzte eta baztertuko dituzte, bien bitartean, UGT eta CCOOko kideen senideak, lagunak, buruzagien bizilagunak eta ordezkari sindikalei, ia sartu orduko enpresan kontratu mugagabeak egiten zaizkiela ikusten dutenean? Esperientzia eta antzinatasuna funtsezko eragileak izan behar dute pertsona hauek mugagabe bilaka daitezen.

9. Gure ustez, laguntza hauek ez daitezke nominalak izan; industria-ehun guztiarentzat izan behar dute, eta hauetan betekizun jakin batzuk bete behar dira haien hautua egiteko (kontratatzeko politikan, Europan, indarrean dauden arau guztiak bete behar dira, arrazoi politiko eta ideologikoengatik, arraza, etnia eta erlijio dela-eta, edo sexu aukeragatik ez da inor baztertuko enplegutik). Kontratazioak parekotasunez egin beharko lirateke derrigorrean; enpleguak ez du generorik, soldata arrakalak bai ordea. Honen zergati nagusienetakoa emakumeak baztertu izana dugu, industrian, lanpostuez jabetzeko garaian.

Sumintzen gaitu gazteen langabeziaz mintzatzean Volkswagen irtenbidea izatea. Langabezia arazo endemikoa dugu. Hura aldatzeko aldaketa sakonak, egiturazkoak egin behar dira; laguntza publikoak puntualek izan behar dute, eta are gutxiago nominalak. Langabeziak adin guztiei, gazteei, 50 urte baino gehiago dutenei, emakumeei, iraupen luzeko langabetuei eragiten die; hauek guztiak, sozialki, alde batera uzten du sistemak.
 

 

 

Bigarren greba eguna egin dute GS-Hydro enpresako langileek

0

Greba egiten ari dira zuzendaritzak kontsulten aldia hasi nahi duelako soldata %15 jaisteko.



GS HYDRO enpresa Abanto-Zierbenako El Campillo poligonoan dago kokatuta, eta 37 langile ditu Bizkaian, 230 Espainiako Estatuan eta 1.000 baino gehiago mundo osoan. Atzo, lehen greba egunean, elkarretaratze bat egin zuten BECen, makina-erramintaren azokaren atarian. Gaur, enpresa aurrean eta Astilleros Muruetan mobilizatu dira.

Hala, atzo eta gaurko greba egunen ondoren, deialdi berriak iragarri dituzte langileek datorren asteko bi egunetarako, ekainaren 7 eta 8rako. Protestaren arrazoia, zuzendaritzak kontsulten aldia hasi nahi duelako soldata %15 jaisteko. Datorren asteartean, ekainaren 5ean amaitzen da lan baldintzen funtsezko aldaketaren kontsulten aldia.
Bi egun hauetan %100ekoa izan da grebaren jarraipena .

Zuzendaritzak soldata jaistea erabaki du, Estatuko gainontzeko langileen mailara, euren lan-baldintzak prekarizatu eta estatalizatuz. Estatalizazioak dakarren prekarizazioaren adibide bikaina da GS Hydrorena.

Gogoratu behar dugu enpresak 2018 honetarako eskarien kartera zabala duela, eta bi ontzi ari dela eraikitzen ASTANDER edo BALENCIAGAn. Nabarmendu nahi dugu GS HYDRO S.A.U., INTERPUM GROUP S.p.A.ren barruan dagoela, 5 kontinenteetan presentzia duen multinazionala. Iaz, emaitza fiskal izugarriak izan zituen. 1.197 milioitako salmenteak izan zituen eta 247 milioitako irabaziak. Horrela, 65.000 euro murriztu nahi dituzte langileen nominetan, hau da, taldeko irabazien %0,026.

Arrazoi guzti hauengatik, langileek ahobatez erabaki dute patronalaren bidegabekeria honi aurre egitea, soldata- jaitsiera proposamena bertan behera uztea exijituz eta enpresa ituna negoziatzea ere, enpresaren irabaziekin bat etorriko litzatekeena.

Nahikoa da irabaziak dituzten enpresek are gehiago irabazi nahi zituen langileen kontura, eta Espainiako estatuko lan-baldintzak inposatzen ahalegintzea.