2026-01-20
Blog Page 796

“Ez gara nekatuko instituzioen inplikazioa eskatzen”, diote Productos Tubulareseko langileek

0

Elkarretaratze bat egin dute Bilbon, Jaurlaritzako ordezkariekin izandako bilera egin bitartean.

Hauxe da Productos Tubulares enpresako langileek idatzitako oharra, gaurko bilera dela eta:

Gaur kontzentrazioa egin dugu enpresa-batzordeko kideak laguntzeko. Alejandro Lopez Carcamo Jaurlaritzako Garapen Industrialeko Zuzendariarekin eta Javier Zarraonandia Zuloaga Industria Sailburuordearekin batzartu gara.

Aurreko egunean parlamentuan Arantza Tapia Sailburuak izan zuen antzeko jarrera izan dute hauek ere. Euren babesa ziurtatu digute, baina esaten digute mahai gainean ezer zehatzik ez dugun artean ezin dela inolako ekimenik martxan jarri.

Parlamentuan bertan aurreratu zitzaien arrazoi ugari zegoela administrazioak Tubos Reunidos taldeko akziodun eta zuzendaritza-taldeari lehenbailehen azalpenak eskatzeko.

Ez gara nekatuko instituzioei dagokien inplikazioa eskatzen eta, berriro ere, egindako kudeaketa txarrak langileoi eragin diezagun ekiditea exijitzeko, langileok egin dugun bakarra enpresa aurrera ateratzeko borrokatzea izan denean.

Astelehen honetan bertan aurreratu genuen bezala, Tubos Reunidos SA Taldeko Kapitalaren Kudeaketako Zuzendari den Juana María Fernándezek, komunikazio baten bidez, mahai negoziatzailea eratzeko bilerara deitu gaitu, datorren apirilaren 4an, 09:30ean, Puerta de Bilbao hotelean, aurrekoan bezala, zeinetan plantoia eman ziguten honezkero geldituak izan diren Trumpen muga-zergen aitzakiarekin. Horregatik, Productos Tubulareseko lanilge guztiak eta borrokan parte hartu nahi duten guztiak deitu nahi ditugu egun horretan hotel aurrean kontzentrazioa egitera.

Aurreratu digute euren mehatxu guztiek indarrean jarraitzen dutela. Jakin dezatela gu ere prest gaudela, borrokarako prest, bataila hau irabazteko elkartuta eta indartsu. Atzera pausorik ez. Jo ta ke irabazi arte. Borroka da bidea.
 

 

 

DIA eta El Corte Inglesen egindako bi kaleratze bidegabeak direla onartu dute

0

LABek jarritako salaketek aurrera egin dute.

Duela aste batzuk bi emakume langileren kaleratzeen berri eman genuen. Bata Eibarko El Corte Inglés-en eta bestea, Mutrikuko DIA supermerkatuan.

Lehenengoan (Corte Inglés, Eibar), zuzendaritzak, emakume langile bat, amatasun eszedentziatik lanera itzuli ostean, kaleratu egin zuen despido disziplinario baten bitartez (indemnizaziorik gabe), inongo oinarririk gabeko argudio faltsuak emanez.

Bigarrenean (Mutrikuko DIA-n), emakume langile bat, osasun arazo baten ondoren lanera itzuli zenean, despido disziplinario baten bitartez kaleratua izan zen, kasu honetan ere, indemnizaziorik gabe eta errealitatearekin zerikusirik ez zuten gezurretan oinarrituz.

LAB sindikatuak, salaketa bana tarteratu zituen epaitegian eta, horretaz aparte, mobilizazioak egin zituen bi makro enpresa hauen aurrean, euren jarrera zapaltzailea eta esplotatzailea salatzeko.

Bi kasuetan, bai Corte Inglés-ek, bai Dia-k, bi kaleratze hauek bidegabeak izan zirela onartu behar izan dute, eta bi langile kaleratuei zegokien indemnizazioa.

Hori dela eta, alde batetik pozik gaude, aipatu enpresok ezin izan dutelako inpunitate osoz nahi zutena egin eta langileei zegozkien kalte-ordainak ordaindu behar izan dietelako. Beste alde batetik, ordea, kezkagarria iruditzen zaigu, patronal honen diru gose aseezina dela eta, aipaturiko bi langile hauek kale gorrian geratu izana. Euren neurrira eginiko lan erreformek, ia babes osoa ematen dieten arren, legea bera ere ez dute betetzen (bi kasu hauek, adibide garbiak dira) eta salaketa judiziala, sindikala eta soziala dela eta, gutxienez, legea bete egin behar izan dute, kaleratze hauek legez kontrakoak izan direla onartu, alegia.

LAB sindikatuak, horrelako gertaerak salatzen jarraitzeko irmotasun osoa duela adierazi nahi du. Guztiz onartezina da, patronalak duen jarrera esplotatzailea. Argi dugu, langileok, enpresaz enpresa, sektorez sektore antolatu egin behar garela: ez soilik erasoei erantzuteko, baizik eta lan baldintzetan hobekuntzak lortzeko ere. Horretan gabiltza eta horretan jarraituko dugu.
 

 

 

[IRITZIA] Ondarroan gazteleraz?

ELA sindikatuak Ondarroako Udalari eskatu dio euskaratik gaztelaniara itzultzeko lanpostuen zerrenda zehazteko egiten ari den txostena. Honi buruz hitz egin du LABeko Euskara idazkari Amaia Aurrekoetxeak, iritzi artikuluan.

ELA sindikatuak Ondarroako Udalari eskatu dio euskaratik gaztelaniara itzultzeko lanpostuen zerrenda zehazteko egiten ari den txostena. Eta hori egin arte, gainera, Udalak antolatutako bileretan sindikatuak ez omen du parterik hartuko.

Nola uler daiteke hori? Ondarroako Udala Uema Euskal Udalerrien Mankomunitatearen parte da, eta orain arte euskara hutsez funtzionatu izan du. Administrazioak euskaraz soilik lan egin dezakeela erakutsiz, eta aurkakoa esaten dutenen aurrean modu eredugarrian jokatuz. Gainera, ez da bakarrik herritarrenganako atentzioa euskaraz izatea. Udalaren barneko zirkuituak euskalduntzeko lan berezitua egiten ari dira Uemako udalerriak, eta hori, euskararen normalizazioan dihardugun eragileontzat, ezinbesteko urratsa da.

ELAk ere bere burua euskararen erabilera normalizatzeko ezinbesteko eragile gisa definitzen du urtarrilaren 31n bere webgunean argitaratutako idatzi batean. 2017ko maiatzean, Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko protokoloa ere sinatu zuen, eta arrazoien artean aipatu langileen hizkuntza eskubideak bermatzeari begira neurri zehatzak biltzen dituela, eta beraiek badaukatela arlo horretan egiteko ekarpenik.

Argi ikusten da, bai, mota horretako jarrerekin ekarpenak zein norabidetan egin nahi dituzten, langileen hizkuntza eskubideak bermatu beharrean urratuz, alegia. Bestela, zertara dator Ondarroako Udalari jarritako eskari edo baldintza? Ez al da ba bertako langile eta herritarren eskubidea euskaraz jardun nahi badute, inork oztoporik jarri gabe horrela aritzea?

Iazko abenduaren 3an, sindikatuak euskararen egunaren harira argitaratu zuen oharrean honela diote: «Administrazioetan ez da baliabiderik jartzen langile zein hiritarrak euskaraz aritu ahal izateko», eta hara non, baliabideak jartzen diren diren lekuetan ELA bera den trabak jartzen lehena.

Zer pentsatua ematen dute euskararen kaltetan egiten diren interesen araberako jokaldi horiek. Hizkuntzaren normalizazioan eragile aktibo izan behar bagara, beharrezkoa da horrelako jarrerak bazter utzi eta lanean diharduenari bidea libre uztea, bai herritarren eskubideak eta bai langileonak, behingoz errespetatuak izan daitezen.
 

 

 

Elkarretaratzea Michelinen, azken kaleratzeen kontra

Gaur martxoaren 27an Michelineko langileek kontzentrazioa egin dute azken kaleratzeak salatzeko. Enpresak Langileen Estatutuko 52.d artikulua aplikatu du (kaleratze objektiboa lanera faltatzeagatik) kaleratze hauek egiteko eta honen aurrean, kontzentrazioa deitu du Enpresa-Batzordeak.

Pasa den astean, ezohiko bileran Michelingo enpresa-batzordeak 3 langileren kaleratzeak aztertu zituen, enpresak Langileen Estatutuko 52.d artikulua ezarri zuelako, ha da, gaixotzeagatik kaleratu zituen. Honen aurrean, batzordeak erabaki zuen enpresaren Zuzendaritzi idatzi bat bidaltzea berauek berronartzea eta aipatu artikulua ez ezartzea eskatuz, txanda-aldaketarekin batera kontzentrazio bat deitzeaz gain. Horrela, hamarnaka langilek egin dute bat deialdiarekin, protesta bilkuran parte hartuz.

LABen ustez oso larria da Michelinek hartu duen neurria, langileak kaleratu dituelako gaixorik egote hutsagatik. Michelingo langileek eta are gehiago azpikontratetakoek osasun arazo ugari izaten ari dira lantegiak (lan-istripuak, estrés termikoa,…) eta enpresaren zuzendaritzak, arazook konpondu beharrean, zigortu egiten ditu bajan egoteagatik.

Hori dela eta, LABek honelako neurrien aurka jarraituko du borrokan eta zentzu honetan, ekimenak planteatzen jarraituko dugu enpresa-batzordean eta baita langileei ere, gure osasun eta eskubideen defentsan.
 

 

 

Mugak Zabalduz Karabanarekin egin dugu bat

Pasa den larunbatean, martxoak 24, Mugak Zabalduz Karabana aurkeztu zen, Euskal Herria zeharkatuko duena apirilaren 28tik 30era. Hendaian hasi eta Bilboko Portuan amaituko da Karabana hau, eta ibilbidean zehar, besteak beste, pertsona migranteen zentroak, atzerritartasun legeak eragindako arrazismo instituzionala edota gerrari loturiko industria salatu nahi dira. LABek ere Euskal Herrian fokoa jartzen duen ekimen honetan parte hartuko du, izan ere, inoiz baino beharrezkoagoa da errefuxiatu eta migranteen eskubideen alde mobilizatzea.

Europar Batasunak aurrera daraman migrazio politikak eta politika ekonomikoek milioika pertsona pobreziara eta esplotaziora kondenatzen ditu. Horren efektuak ez dira soilik mediterraneoan edota Europako mugetan ematen; Euskal Herrian ere oinarrizko eskubideen urraketak konstante bat dira. “Eskubide guztiak pertsona guztientzat” leloa errealitate bihurtzeko oraindik ibilbide luzea geratzen zaigu eta zentzu horretan, errefuxiatuen eta migranteen aferari aurre egiteko, Karabana hau beste pausu bat izango da.

LABek langile klasearen alde borrokan jarraituko du, edozein delarik bere jatorria edo arraza. Migranteak eta errefuxiatuak lan esku merkea baino gehiago dira; Euskal Herria langileok osatzen dugun heinean, errefuxiatuak eta migranteak herri hau eraikitzeko ezinbesteko indarra dira.

Inor ez da ilegala! Eskubide guztiak pertsona guztientzat!

 

 

 

Erabakitzeko Euskal Esparrua defendatu eta garatu behar dugu

Kolektibitate esparruko patronal elkarte batek (FEARS) EAEn, gure lan hitzarmenak estatu mailatik jasaten dituzten erasoetatik babesteko, sortutako Akordio Interprofesionala inpugnatu du, baliogabetzeko helburuarekin, horrela estatuko lan hitzarmenak eta lan baldintza prekarioak gurean inposatzen jarraitu ahal izateko.

Inpugnazio honek Euskal Herriko langileen lan baldintzak okertzea bilatzen du, estatu mailako hitzarmenak aplikatzeko bidea garbituz, eta beraz patronalak inposatu eta erakundeek babesten duten lan eta bizi eredu prekarioa bide ematera dator.
Inpugnazio honek Akordio Interprofesionala zalantzan jarriko balu, ondorioak oso larriak izango lirateke. Lehenik eta behin, Lan Harremanetarako Euskal Esparrua ere zalantzan jarriko luke, hau da guk gurean gure egoera propioari aurre egiteko beharrezkoak diren tresnak izatea galaraziko luke. Bigarrenik, herri honetako langileon erabakitzeko eskubidea ukatuko luke. Hirugarrenik, estatalizazioa eta langileen prekarizazioari bide emango lioke. Eta azkenik, langileok, hauteskunde sindikalen bidez, emandako ordezkaritza sindikala baliogabetuko luke, estatuan eta estatu mailako ordezkaritzaren arabera erabakiko liratekeetelako berton aplikatuko liratekeen lan hitzarmenak.

Jaurlaritzak Akordio Interprofesionala defendatzea exijitzen dugu, langileok gure hitzarmenak eta lan baldintzak defendatzeko tresna den heinean, eta inpugnazioa ahalbidetzen duten lan erreformen atzean dauden PP eta PSOEtik aldentzea, horrelako jarrerekin euskal eremurako erasoak soilik daudelako.

Confebask ere interpelatu nahi dugu, Akordio Interprofesionalaren sinatzaile den heinean, bera defendatzeko. Horrekin batera bere jarrera bikoitza ere salatu nahi dugu, inpugnazioa aurkeztu duen FEARS patronala ere CEOEko bazkidea da Confebask moduan, eta ez beraz Confebaskek gure eremua jipoitzea ahalbidetzen duen estatu mailako patronal baten barruan dago.

CCOO eta UGTren jarrera ere salatu nahi dugu. Arin irten direla defendatzen dutela esaten, baina beraiek dira, beraien sinadurekin, ahalbidetzen dutenak estatu mailako hitzarmenak gure hitzarmenen kontrako erasoak egin ahal izatea. Gainera beraiek izan ziren Ostalaritzako akordio markoa (Akordio Interprofesionalaren helburu berdina zuen tresna, baina ostalaritzako sektoreari mugatua) inpugnatu zutenak, eta beraz euskal eremuaren kontra, gure erabakitzeko eskubidearen alde eta estatalizazioaren alde agertu zirenak.

Azkenik, LABetik, erabakitzeko eskubidearen alde gaudenok Lan Harremanak eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua defendatzera dei egiten ditugu. Horrekin batera, Akordio Interprofesionalaren sinatzaile guztiak, baita Eusko Jaurlaritza ere interpelatu nahi ditugu, estatuko eragileen injerentziarik gabe bertako eragileen artean adostutako akordioak defendatu ditzaten. Horretarako, eta injerentzia besterik ez dakarren estatuari menpekotasunari aurre egiteko, gai honetan ere eskuduntza eta gestio osoa behar dugu, autonomismotik burujabetzara pasatzeko urratsak ematea baita herri honek hurrengo hilabeteetan duen erronkarik handiena.
 

 

 

Hiru orduko lanuzteak egin dituzte Bizkaiko etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileek

Apirliaren 17an eta 25ean ere egingo dituzte lanuzteak.

Bizkaiko etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileek lanuzteekin jarraitzen dute. Mobilizazio bat egingo dute gaur Bilbon, enpresa batzuk interpelatzen; Aztertzen Servicios Asistenciales eta Servicios Sociales Integrados enpresak, hain zuzen ere. Zerbitzu publiko hauen kudeaketa eta enpresen jarrera mahai negoziatzailean salatu nahi izan dute horrela. Gogoratu dute langileek 6 urte daramatzatela eros ahalmena galtzen.
 

 

 

Euskaltelen 100 lanpostu arriskuan daudela salatu dugu

Langileek arriskuan dituzten euren lanpostuak Euskaltelek ez duelako subrogazioa baldintzen pleguetan jasotzen.

Euskaltelek lizitazio prozesu bat ireki du telemarketing enpresentzat. Esleipenak ezagutarazi dira eta enpresen arteko kromo trukearen ondoren, 100 lanpostu baldintzatuko dira, eta betetzen dituzten langileak kaleratuak izango dira.

Langileek arriskuan dituzten euren lanpostuak Euskaltelek ez duelako subrogazioa baldintzen pleguetan jasotzen. Horrela, langileek guztiz galtzen dute euren aintzinatasuna, enpresa berri batean zerotik hasi behar izaten baitute, hori kontratatzen dituztenean, gehienetan gertatzen ez den zerbait.

LABen arabera, beharrezkoa da benetako eta borondatezko subrogazioa izatea, euren baldintza prekarioak hobetzeko, baina Euskaltel eta bere azpikontratak (Indra, Lanalden, Xupera, Ibermática edo GSS) oso eroso daude egoera honetan.

Horrela, hain prekarioa den sektore honetan (soldata baxuak, lanaldi partzialak, lan erritmo biziak…) egonkortasuna eskatzeko, elkarretaratze bat egin dugu gaur, Zamudioko teknologia parkean, Euskaltelen egoitzaren aurrean.
 

 

 

Dei egiten dugu Bizkaiko metalgintzako mahaian erantzunkizunez jokatzera

0
Gaur egin da Bizkaiko Metalgintzako Hitzarmenaren mahai negoziatzailearen hirugarren bilera.

Bilera honetan, beste behin ere, argi utzi du patronalak zein den bere jarrera:

– Ez dio uko egiten lan erreformak ematen dizkion aukera eta tresnei metalgintzako langileen lan- baldintzak are prekarioagoak bihurtzeko.
– Uko egiten dio lanaldia murriztu eta malgutasuna mugatzeari.
– Uko egiten dio sektoreko langileek azken urteotan galdu dute eros-ahalmena erosteari, hau da,
planteatzen du ahaztu egin behar ditugula soldata-igoerak hitzarmenik eduki izan ez dugun
urteetarako.
– Uko egiten dio azpikontratetako langileen subrogazioa onartzeari. Gogora arazi nahi dugu
azpikontratazioa dela lan-baldintzen prekarizazioaren arrazoi nagusietakoa.
– Beste alde batetik, patronalak “gehiegikeriatzat” jotzen dituen langileen baja medikoak mugatu
nahi ditu, hau da, gaixotzeko eskubidea mugatu nahi du.
– Erraztasunak nahi ditu ere enpresetako ordezkaritza sindikala mugatu ahal izateko, hau da,
langileon antolaketa eta borrokarako gaitasunak mugatu nahi ditu.

Azken batean, jarduera industriala inoizkorik gehien handitzen ari den garaiotan (argitaratutako azken datuen arabera 2018ko urtarrilean aurreko urtean baino %17 gehiago fakturatu zuen indutriak) eta enpresen irabaziak gora egiten jarraitzen duten bitartean, patronalak inolako lotsarik gabe planteatzen du lan- baldintzek are prekarioagoak izan behar direla.

Aipatu nahi dugu CCOO eta UGTk , gaur egindako bileran, ez diotela uko egin berriro ere eragin mugatuko akordio bat sinatzeari. Sindikatu hauei adierazi nahi diegu ez dutela sektoreko langileen gehiengoa ordezkatzea eta sinatzen ari diren hitzarmenik urruti daudela langileen lan-baldintzak hobetzetik eta bizi- baldintza duinak bermatzeko, sindikatu hauek Bizkaiko Eraikuntzako Hitzarmena sinatu dutenean gertatu den bezala.

LABen azken bileran aurkeztu genuen plataforma defendatzen jarraitzen dugu, enpleguaren sorrera, prekarietatearen kontrako borroka eta sektorearen demokratizazioari begirako neurriak proposatzen dituena. Negoziazioa posible eta beharrezkoa dela uste dugu eta horregatik, dei egiten dugu negoziazio mahaian, diskurtso ideologikoetatik harago, erantzunkizunez jokatzera eta sektore langile guztientzat hitzarmen duina lortzeko benetan balioko duten neurriei ekitera. Bizkaiko metalgintzako hitzarmen duina posible da.