2026-05-01
Blog Page 794

Bizi eta garapen eredu iraunkor eta jasangarriaren aldeko apustua berretsi dugu

0

LABen Nazio Komiteak adierazpen bat kaleratu du gaur, Ingurumenaren Nazioarteko Egunaren harira.

Kapitalismoa esplotazioan oinarritutako sistema da. Bere diru gosea mugagabea da eta ez dio inporta gure baliabideak, gure natura eta gure ekosistema mugatuak izatea. Sistema estraktibista da, bizitza modu guztien merkantilizazioa ardatz duena. Honela, txarto ulertutako aurrerabidearen izenean eta produktibitatearen mantrarekin, denon ondarea eta aberastasuna den bioaniztasuna, natura eta planeta bera arriskuan jartzen ari da.

Krisi ekologikoa eta bere ondorio izugarriak pairatzen hasiak gara: lehorteak, baliabide fosilen agorpena, kutsadura, aldaketa klimatikoa… ingurumenaren suntsiketak milaka lagun desplazatu ditu honezkero eta gero eta urriagoak diren baliabide naturalen kontrola eskuratzeko gerra inperialistek milioika lagun erailtzen dituzte.

Gure azken Biltzar Nagusian hartu genituen erabakietan eta finkatu genituen oinarrietan berresten gara, kapital- bizitza gatazkan ekosozialismorantz egitea hil ala bizikoa baita. Bizitza erdigunean kokatzen dugu eta, hortaz, gure lehentasuna pertsonen zein naturaren bizitzaren zaintza izan behar da. Euskal Herrian antolatu genituen Jardunaldi Ekosozialistetan azaldu bezala, aldaketari elkar osatzen duten hiru ikuspegiz ekin behar zaio: ekologikoa, soziala eta politikoa; ekologikoki iraunkorra, sozialki justua eta demokratikoki erabakia. Kapitalismo heteropatriarkalak dakarren suntsiketa geldiaraziko badugu, hau ekosozialismo eta feminismoaren bidetik izango da ezinbestez.

Enplegua bera ere, ekoizpen mailarekin erlazionatu beharrean, sozialki beharrezkoa den lanaren eta ondasunaren banaketarekin lotzea da erronka. Kultura sindikal ekosozialista sortu behar da horretarako. Jarrera indibidual nahiz kolektiboak aldatzen joan behar dugu, eredu berri bateranzko trantsizioa egiten. LABek bidea argi dauka, naturaren defentsa egingo dugu, jendartean eragile aktiboa izanda, baita lantokietako erabakietan parte hartuta.

Ekoizpen moduetan zein bitartekoetan eragin beharra dago eta langileok zeresan handia daukagu enpresen jarduera bizitzarako kaltegarria izan ez dadin. Era berean, herritarron ardura ere bada erakundeek ingurumena eta gu guztion osasuna errespeta dezaten, interes espekulatibo aseezinen gainetik. Horretarako, erabakien jabe gu geu izatea nahitaezkoa da, langileon eta gainontzeko sektoreen parte hartzea guztiz beharrezkoa da komunitate osoaren mesedetan kudeatzeko, bai gure belaunaldiaren alde, eta bai etorkizuneko belaunaldien alde ere.

Lelo ezagunak dioenez, orokor pentsatu eta tokian ekin behar dugu. Aldaketa erreal eta egingarriak planteatzen ditugu horretarako eta, bide horretan, jendarteko gainontzeko eragileekin aliantzak lotu eta elkarlana sustatuko dugu, orain arte egin izan dugun bezala.

Honen ildotik, gure lehentasunak argi marraztuak dauzkagu:
Ez dugu energia nuklearrik onartuko, Lemoiz herritarron eta langileon borrokari esker ez zen sekula martxan jarri, eta Garoña behin betiko ixtea lortu genuen. Orain, Euskal Herrian inoiz eraikitzea lortu ez duten zentral nuklearren energia Frantziatik Espainiako estatura Lemoiztik sartu nahi dute ur azpiko autopista elektrikoaren bidez. Iraingarria deritzogu honi, baita sinbolikoki ere.

Haustura hidraulikoa edo fracking-a Euskal Herrian erabil ez dadin lanean jarraituko dugu. Akuiferoen eta lurraren kutsadura eragiteaz gain, osasunerako guztiz kaltegarria dela frogaturik dago eta, horregatik, gero eta 2 toki gehiagotan debekatu da. Trantsizio energetikoa ezin da multinazional elektriko handien eskuetan utzi. Gehiegizko kontsumoa gelditu, aurreztu eta enplegua sortuko duten energia berriztagarrien eta ordezkagarrien alde egin beharra dago. Eta, honekin batera, monopolioekin amaitu, kontrol soziala areagotu eta energia ekoizpen modu komunitarioak bultzatu behar dira.

Mugikortasunari dagokionez, Abiadura Handiko Trenaren makroproiektuaren obrak gelditzea eta auditoria soziala burutzea exijitzen dugu. AHTk ingurumena kaltetzeaz gain, euskal herritarroi kalte ekonomiko eta soziala ere ekarri digu. Garraiobide komunitario eta publikoaren alde egin behar da, desplazamentuak ahalik eta gehien gutxitzearekin batera, garraio pribatua kutsadura sorburu handienetako bat den heinean.

Hondakinen tratamenduari dagokionez, errauskailuak bezalako sistemak edo zementeretan erraustea gaixo sortzailea eta guztiz kutsakorra dela jakinda, sistema hau alboratzea exijitzen dugu. Gaur egun hondakin maila jasanezinera heldu gara eta hauxe da gelditu behar dena. Ekoizteko eta kontsumitzeko eredu berri bat dugu beharrezkoa, eredu arduratsua ingurumenarekin eta osasunarekin. Erraustegiak alboratzeko, zero zabor izan behar da helburua, eta hori lortzeko, sistema egokienaren alde egingo dugu.

Elikadura burujabetzaren alde ere egiten dugu. Ingurumen zein osasun aldeko apostua izateaz gain, gure herriaren garapen sozial eta ekonomikorako funtsezkoa da. Euskal Herrian, gainera, arrantza, nekazaritza, hosto zabaleko basogintza… guretzat betidanik estrategikoak izan diren sektoreei merezi duten garrantzia berriro emateko gakoa ere bada.

Sindikalismoak bizi eta lan baldintza duinak defendatu behar ditu. Bizi eta garapen eredu iraunkor eta jasangarria defendatu behar dugu gure herriarentzat, gure komunitatearentzat eta langile zein herritar guztiontzat. Hauxe izan da eta izango da beti LABen konpromisoa.

Ezin aipatu barik utzi alternatiben bidea jorratzeagatik, kapitalaren eta enpresen interesen jagoleak edozer egiteko prest daudela, baita zigor eredugarriak ezartzeko ere. Gure elkartasun osoa helarazi nahi diegu Ainhoa Intxaurandietari eta Iñaki Errazkini. Iñakik berak esan bezala, “instituzioen eta botere judizialaren jabe dira, baina guk alternatibak badaudela erakutsi behar diegu”.
 

 

 

Nazio Komiteak babesa erakutsi die Altsasuko auzipetuei

0

Altsasutik Altsasura, LABeko Nazio Komiteak elkartasuna erakutsi die gazte auzipetuei, euren senideei eta Altsasuko herriari. Ekainaren 16ko mobilizaziora joateko deia ere luzatu dugu sindikatutik.
 

 

 

Argitara eman dugu Nafarroako Gobernuko Administrazioaren plantilla eta buruzagitzei buruzko azterketa

Honako arloak aztertzen dira: behin-behinekotasun portzentajea departamentuetan, langileen banaketa adinaren arabera, sexuaren arabera, baita egokitze mailaren arabera. Buruzagitzeei dagokien atalean aztertzen da, halaber, zentzurik ez duten horiek, hauek hornitzeko lehiaketak, departamentuetan daudenak baita hauen portzentajea sexuka zein egokitze mailaka ere. Aztertzen dira, era berean, euskara betebehar duten lanpostuak zein buruzagitzak. Azterketa hau bukatzeko ondorioak ditugu eta hauek, garbiki, exijitzen dute Administrazioa demokratizatzeko eta modernizatzeko neurriak jartzeko beharra.
 

 

 

GS-Hydrok bertan behera utzi ditu soldata-jaitsierak, langileen grebek eraginda

0

Pasa den asteko bi greba egunen ondoren, maiatzaren 30ean eta 31an egindakoak, GS-HYDROko langileek beste bi egunetako greba deitu zuten aste honetarako. Greba egun berrien iragarpenaren aurrean, enpresaren zuzendaritzak bertan behera utzi du planteatzen zuen %15eko soldata jaitsiera zeinen kontsulten aldia gaur asteartea amaitzen baitzen.

Langileen batasunak eta egindako grebek egoerari buelta ematea lortu dute, eta soldata-jaitsiera bertan behera uzteaz gain, KPIaren gaineko soldata-igoerak lortu dira aurtengo urtea eta hurrengorako. Honek arrazoia ematen dio LABi, esaten zuenean ez dagoelako soldata-jaitsiera hau justifikatzen duen arrazoirik azken urteotan irabaziak izan dituen enpresa batean.

Zuzendaritzaren zentzugabekeria eta prepotentziaren aurrean langileen erabakimena eta borroka gailendu da, uko egin baitiete euren lan-baldintzak are gehiago prekarizatzeari.

 

 

 

Bizkaiko Aldundiaren aurrean elkartu dira berriz Garbialdiko grebalariak

0

Greba eta protestekin jarraitzen dute aldundiko eraikinen garbiketaz arduratzen diren langileek, lan baldintza duinen defentsan. Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna sustatzeko diputatu Teresa Laespadaren bulegoaren aurrean elkartu dira, aldundian protesta egin eta gero.
 

 

 

Emakumeon Mundu Martxak bat egin du Gure Esku Dagoren giza katearekin

Hiriburu bakoitzean kilometro bat izango du Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak, ekainaren 10ean.

"Jantzi besoko morea, hartu zure banderola feminista eta eraman ditzagun gure aldarrikapenak ekainaren 10eko Giza Katera. Hiriburu bakoitzean kilometro bat izango du Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak: 2. kilometroa Donostian, Kontxa parean; 124. kilometroa Bilbon, Corazon de Maria plaza inguruan (San frantzizko); eta Gasteizen, berriz, 201. kilometroa, Parke del Nortetik hasi eta Alde zaharreraino doana", azaldu du Emakumeon Mundu Martxak.

"Baina, noski, zuen herri eta auzoetan ere ezin dute falta aldarrikapen feministek. Beraz, gauden lekuan gaudela, jantzi dezagun besoko morea eta esan dezagun ozen gurea dela gure gorputz eta territorioen gaineko erabakia", erantsi du.
 

 

 

Supersur saihesbidearen zabaltzearen aurka mobilizatuko gara gaur

Proiektuaren aurkako plataforma osatzen dugun eragileok gizta kate bat egingo dugu Bilbon, 19:30ean, Bizkaiko Foru Aldunditik abiatuta.

Zergatik gaude Supersur handitzearen kontra?

Bizkaiko Foru Aldundiak Supersur izenez ezagutzen den Metropoliaren Hegoaldeko Saihesbidea (1-b fasea) handitzea proposatu du Peñascaleko bidesariaren eta Betelu arteko zatia erantsita. 4,2km-ko luzera izango duen proiektuak Arnotegi mendiaren azpitik igaroko den tunela eta Bolintxu ibaiaren gainetik joango den zubibidea eraki nahi ditu. Lan horiek egiteko 200 milioi ezarri dira hasierako aurrekontu gisa, horrek 47,6 milioiko gastua dakar kilometroko.

Honako manifestua sinatzen dugunok, gure errefusa agertu nahi diogu adierazitako handitzeari hurrengo arrazioengatik:

1. Gure Aldundiak zehaztutako garraio politikak tokian tokiko administrazioek egindako ahaleginekin kontraesanean daude, hala nola, Hiri Mugikortasun Iraunkorrerako planekin (HMIP), Agenda 21ekin, hiri-barruko bideetan gehienezko abiadura-muga ezartzearekin (30 km orduko) etab. Aldundiak bere politikak garraio eskaeran ardaztu beharrean, etengabe bide azpiegituretara bideratzen ditu inbertsioak (Ermuako saihesbidea, Atxondoko korridorea, Autzaganeko tunela…) eta nork bere ibilgailua erabiltzea sustatzen dituzten neurriak hartzen ditu; adibidez, “bidesari bonoa” aldundiaren menpe dauden ordainpeko errepideetan.

2. Supersur A8an gertatzen ziren auto-ilarak konpontzeko alternatiba gisa aurkeztu zen, bertatik 24.000 ibiligailu igarotzea espero zuten, horietatik 9.000 kamioi astunak izango zirela. Egungo eskaera aurreikusitako batez besteko %50era ere ez da iristen: 2016an argitaratutako datuen arabera, eguneko batez bestekoa 11.650 ibiligailu dira, horietatik 3.360 ibilgailu astunak direla.

3. Hasierako proiektuaren eta behin-betiko obraren aurrekontuaren arteko aldea nabarmena izan zen. 2001ean aurkeztu zen hasierako proiektuan, lanek 465 milioi euroko gastuak ekarriko zutela kalkulatu zen. 1-a fasea 2011an inauguratu zen eta bere amaierako aurrekontua 821 milio eurokoa izan zen, Espainiako autobiderik garestiena; izan ere, kilometroko 49,49 milioi inbertitu ziren.

4. Pagarrasiko mendi magalean dagoen Bolintxuko ibarrean sor daitezkeen inpaktuak oso kaltegarriak dira. Pagasarriko Plan Bereziak (Bilboko Udalak 2008an aho-batez onartu zuenak) Bolintxuko gunea babestu beharreko inguru gisa definitzen zuen, bertan dagoen flora eta faunaren ezaugarriengatik. Zubibidea eraikiz gero, bertan izango diren inpaktuak nabarmenak izango dira.

Zelan justifika daitezke lan hauek zenbakiek beraien beharra islatzen ez dutenean?

1. Oso planteamendu ahula da lan berri hauen beharra krisitik ateratzearen ondorioz sortuko den azpiegituren eskaeraren igoerarekin lotzea. 2016an bost urte lehenago baino 5.326 ibilgailu gutxiago sartu ziren Bilboko metropoli-barrutian.

2. 4,2 km horiek eraikita eskaerak gora egingo duela justifikatzea zaila da, 5 minutuko tartea baino ez delako irabaziko eta Bilboko metropoli-barrutiko trafikoaren %6 baino ez dabil igarobidean. Aurreikusitako eskaera betetzen ez denean ere, existitzen ez den eskaera bati erantzuteko Kortederraraino doan 2. fasea eraiki beharko dugu (11km eta hiru zubibide berri) jakinda 300 milioi euroko hasierako aurrekontua duela?

Gizarte, ekonomia eta ingurugiro ikuspuntuetatik aztertuta, lanak justifikatzea ezinezkoa dela deritzogu. Ez dago bide azpiegituren gabeziarik; baizik eta mugikortasunaren nahiz lurralde eta hirigintza planifikazioaren kudeaketa arazo larria. Beste lehentasun batzuk Rekalde

Aurretiaz adierazitakoaren ondorioz, sinatzaileok proiektua atzera botatzen dugu eta Bizkaiko Foru Aldundiari proiektua bertan behera uzteko eskatzen diogu.

 

 

 

Astebeteko greba iragarri dute Gasteizko kale-garbiketako langileek

0

CC-GMSMk langileekiko izan duen blokeo jarrerak okerrera egin du. Pasa den abuztuaren 2tk asko luzetu da Hitzarmen Kolektiboaren ez-betetzeen zerrenda, eta kaleratze berriekin mehatxatuz hasi da eta Hitzarmen Kolektibotik deslotzen hasteko prozesuak has litzatekeela eman du aditzera.

Gasteizko kale-garbiketako kontratako langileen egoera gero eta okerragoa da. Gogoratu beharra dago iazko abuztuaren 2an akordioa lortu zela hiriko udala eta zerbitzua kudeatzen duen Aldi Baterako Lan Enpresaren zuzendaritzarekin (FCC eta GMSMren eskuaten dagoena). Honen arabera, otsailean kaleratutako 5 langile berehala lanera bueltatzea eta alde bien artean zeuden desdostasun ekonomikoak (batazbesteko aintzinakotasunetatik etatorritako kosteen onarpena, borondatezko erretiroengatik primak eta absentismoa) Euskadiko Aholku Batzorde Juridikora bideratuko zirela.

Modu paraleloan, atal sindikalek konpromisoa hartzen zuten Lan Ikuskaritzan tramitatatuko salaketa guztiak eta prozesu judizialak gaitzesteko, enpresaren zuendaritzak ordura arte zueden Hitzarmen Kolektiboaren ez betetze zenbaezinak desblokeatzeko konpromisoa hartzen zuelako. EABJren azken ebazpenak, 2018ko urtarrilekoak, esan nahi zuen Aldi Baterako Enpresa Elkarteak aurretik aipatutako koste eratorriak onartu behar zituela kontratuan ezarritako aurrekontu partidarekin, organo horrek horrela interpretatzen baitzuen Baldintzen Plenoa, honek ekartzen zuen ez zirela berraztertuko eratorritako koste hauen prezioak.

Era berean eta horrela izan den moduan, aholkularitza organoaren ebazpena FCC-GMSMren interesen kontrakoa izango balitz, Gasteizko Udalak kontratua deuseztatu ahal izango zuen Aldi Baterako Enpresa Elkarte honentzako kosterik gabe, beti ere azken honek akreditatu ahalko zuenean ezingo zuela kontratua kudeatzen jarraitu pairatutako desoreka ekonomiko teorikoen ondorioz. Baina apirilean Gasteizko Udalaren zerbitzu juridikotik filtratuako txosten batek eragotzi egingo luke azken arrazoi hau onargarria izatea, ulertzen duelako egoera aurretik izan beharko lukeela kontutan Aldi Baterako Lan Enpresak (arriskua eta halabeharra).

Azken albiste hau ezagutu eta gero, FCC-GMSMk langileekiko izan duen blokeo jarrerak okerrera egin du. Pasa den abuztuaren 2tk asko luzetu da Hitzarmen Kolektiboaren ez-betetzeen zerrenda, eta kaleratze berriekin mehatxatuz hasi da eta Hitzarmen Kolektibotik deslotzen hasteko prozesuak has litzatekeela eman du aditzera.

Aldi Baterako Lan Enpresa hau egiten ari den mehatxu kazikil eta xantaitzailearen aurrean, eta langileen gehiengoaren babesarekin (pasa den ekainaren 1eko Langileen Asanblada Orokorrean lortutakoa) mobilizazioei ekitea erabaki dute ekainaren 12tik aurrera. Mobilizazio hauek ekainaren 20tik 26ra artean izango den greba batekin amaituko lirateke, egun biak barne.

Sortutako gatazka konpontzeko konponbide argi eta onargarriak topatu ezean, irailaren 10ean mobilizazioak berraktibatuko lirateke, muga gabeko greba batekin.
 

 

 

Wind Energy Casting Fundiciones enpresako langileak greba mugagabean daude hitzarmen duin baten defentsan

0

Wind Energy Casting Fundiciones Agurainen dago, eta 148 langile ditu. Langileek greba mugagabeari ekin diote, enpresa-hitzarmena berritzeko eskatuz.

Wind Energy Casting Fundiciones Agurainen (Araba) dago, eta 148 langile ditu, ELAko 7 ordezkari eta LABeko 2 ditu. Langileek greba mugagabeari ekin diote, enpresa-hitzarmena berritzeko eskatuz.

Aipaturiko enpresa WEC TALDEArena da, eta Euskal Herrian zenbait lantoki ditu, non pieza eolikoen galdaketan, mekanizazioan eta akaberan aritzen diren. Ekainaren 4an Aguraingo lantokian greba mugagabean hasi dira langileak.

Zuzendaritzarekin zenbait bilera egin arren, eta azken bi urteotan mozkin ugariak lortu badira ere, enpresaren eskaintzak ez die langileen aldarrikapenei erantzuten. Beraz, langileek greba egitea erabaki dute batzarrean, 106 boto alde eta 11 aurka emanda.

Plazaratu dituzten eskakizunak honako hauek dira:

-Soldatak igotzea.
-Lanaldia laburtzea.
-Kategoriak berraztertzea.
-Lan-segurtasun eta osasunean jarraipen eta kontrol zorrotzagoak egitea.