2026-01-20
Blog Page 794

Bulego eta langeletako langileen borroka ardatz izango du Bulegune ekimenak

Hitzarmen duinaren aldeko borrokan murgilduta daude Bizkaiko Bulego eta Langeletako langileak. Bada, gaur, bulegune ekimena aurkeztu dute, apirilaren 25 eta 26rako deitutako bi greba egunak gauzatu arte egongo dena Bilboko Arriaga plazan. Langileen borroka ezagutarazi eta zabaltzea izango da Buleguneren helburua.

Bulegunea “haima” bat izango da, Bizkaiko Bulego eta Langeletako hitzarmenaren aldeko borrokaren erdigunea bilakatu nahi dute. Eta egitarau oparoa antolatu dute honetarako, non musika, informazioa, sinadura bilketa, aldarrikapenak, kafe tertuliak, etb ez diren faltako. Honetaz gain, borroka ezberdinen topalekua izatea ere nahi dute.

Bizkaiko Bulego eta Langeletako langileen borroka eta aldarrikapenak ezagutarazi nahi dituzte Bulegunearen bidez."Bulego eta langeletako langileak gizartearentzat funtsezkoak diren zerbitzu askoren atzean gaude, eta Bizkaiko patronalak euren poltsikoa betetzen jarraitzen duten bitartean, gure lan baldintzak okerrerantz joan dira azken urte luze hauetan. Izan ere, Patronala gure lan baldintzak kaskartzearen truke bete ditu poltsikoak", adierazi dute gaurko agerraldian.

Langileen hitzetan, "Bizkaiko bazter guztietara zabaldu nahi dugu hitzarmen duin baten aldeko aldarria, gure antzinatasuna eta gutxiengo bermearen aldeko aldarria, alegia. Bide honetan, lantoki ezberdinetan egiten ari garen borroka eredugarria izaten ari da, hau baita patronal garratz eta diruzalea garaitzeko modu bakarra, borrokatzea. Gure buleguneak bultzatuko gaitu grebetara, konplexu barik eta ausardiaz. Ez dugu utziko lurraldearen bazter bakar bat ere gure aldarrikapenez buzti barik". 

Apirilaren 9tik aurrera, egunero, gosaldu, bazkaldu eta afalduko dute borroka; horregatik Bulegunea ez da bakarrik Arriagan egongo. Lantokiek bere biziko garrantzia dute borroka honetan, eta horregatik beste Bulegune ibiltari bat han-hemenka arituko da, Bizkaia osoan zehar, sektoreko enpresetan zehar, hitzarmen duin baten aldeko atxikimenduak batzen: "CEBEK-i argi eta garbi esango diogu antzinatasuna eta gutxiengo bermea ukaezinak direla eta hitzarmen duin baten alde borrokatzeko prest gaudela".

Gonbidatuak, esperientziak trukatzeko
Beste sektoretako jendea ere gonbidatuko dute Bulegunera; baita eragile sozial eta politikoak ere. Eremu ezberdinetan aurrera eraman diren borroka anitzak azalduko dituzte bertaratuko direnek, izandako lorpenak eta esperientziak, eta borrokaren balioaren inguruan ere arituko dira guztiak.

Lan aholkularitza ere izango dute bertan; enpresetan ematen diren hainbat egoeren inguruko zalantzak argitzeko aukera egongo da.

Besteak beste, honako ekitaldiak egingo dituzte:

• Apirilak 10, 12:00etan: Pentsiodunen mugimenduak parte hartuko du. Pentsioen aldeko borrokaren berri emango dute, gaurko egoera nola ikusten duten ere azalduko dute.
• Apirilak 11 eta 18, 12:00etan: Ordezkarien elkarretaratzeak egingo dituzte.
• Apirilak 12, 18:00etan: Hitzarmenaren aldeko poteoa egingo dute.
• Apirilak 13, 12:00etan: Gazte Mugimenduko kide ezberdinak gonbidatuko dituzte.
• Apirilak 16, 12:00etan: Alderdi politikoak gonbidatuko dituzte, gaur egungo Bizkaiko langileriaren egoera sozio-laboralari buruzko iritzia adieraz dezaten.
• Apirilak 17, 12:00etan: Mugimendu feministako kideak bertaratuko dira, borroka feministaren garapenaren eta lorpenen inguruan hitz egitera.
• Apirilak 19, arratsaldeko 18:00etan: Bizkaiko bulego eta langeletako hitzarmenaren aldeko Mosaiko Logoa egingo dute.
• Apirilak 20, 12:00etan: Sindikatu ezberdinen arteko solasaldia egingo dute, egungo lan egoeraren eta Bizkaiko bulego eta langeletako hitzarmena lortzeko borrokaren inguruko hausnarketak partekatuz.
• Apirilak 23, 12:00etan: liburu-egunaren harira, ekitaldi berezi bat egingo dute.

 

 

 

Productos Tubulareseko langileek aurrera jarraitzen dute protestekin

0

Mobilizazioen egutegi bat adostuko dute gaur.

Trapagarango Productos Tubulareseko langileek manifestazio jendetsu bat egin zuten larunbatean, Sestaon, astean zehar egindako mobilizazioen osagarri. Ildo honetan, Tubos Reunidos taldearen egoitzaren aurrean joan den astean egindako protesta zaratasuaren kontra egin du enpresak, eta salaketa jarri du.

Langileek mobilizazioen egutegi bat adostuko dute gaur. Bitartean, infogune bat egokitu dute Sestaon, Kasko plazan, euren lan gatazkaren berri emateko.
 

 

 

Altsasuko gazteen aurkako epaiketa salatuko dugu bihar Iruñean

0

Datorren astean hasiko da Altsasuko gazteen aurkako epaiketa, eta, horren harira, mobilizazioak egiten ari dira Euskal Herrian zehar. LAB, ELA, ESK, CGT, STEILAS, HIRU eta EHNE sindikatuok elkarretaratze batera deitu dugu biharko, apirilak 10, Iruñeko auzitegiaren aurrean, 11:00etan. “Langileok ere justizia nahi dugu” izango da protestaren leloa.
 

 

 

Lanuzteekin jarraituko dute Busturiako Arrotegi helduen egoitzan

Legeak eskaintzen dizkien baliabide guztiekin borrokatzen jarraituko dutela iragarri dute langileek, lan eskubideen defentsan.

Langileek agerraldi bat egin dute gaur. Hauxe da igorri duten oharra:

FUNDACION BENEFICA NICOLAS ARROTEGI hirugarren adineko egoitzako langileok, gure eskubide eta lan baldintzen defentsan, hilabete eta erdi (otsailaren 26tik) lan uzteak egiten daramagu, egoitzako Batzorde Patronalak eginiko murrizketak salatuz. Honek, duela 17 urte baino gehiagotik aplikatzen zitzaigun jai egunetan lan egiteagatiko plusa konpentsazio barik utzi duelarik.

1.- Aurreko urteko abenduaren amaieran, enpresako zuzendaritzak jai egunen konpentsazio plusa aldatuko zuela jakinarazi zuen; momentu horretara arte diruz eta 0,75ko balioaz konpentsatzen ziren 14 jai egun ofizialak, denboraz eta 0,25ko balioaz konpentsatuak izatera pasatuko zirelarik.

2.- Langileok, denboran konpentsatzea onartu genuen, beti ere, aurretik jasotzen genuen balio berdina mantentzen bazen, hau baldintza onuragarriagoa delarik.

3.- Egoitzako zuzendaritzak, azkenean, 2018ko lan egutegia modifikatu eta jai egun plusaren konpentsazioa ezabatu zuen (ez diruz, ez denboraz). Neurri honekin, langileok, nahiz eta jai egunetan lana egin, urteko jardunaldi osoa egiten dugu, inolako konpentsazio barik.

4.-Erabaki honekin, egoitzak lan baldintzen aldaketarekin batera, hitzarmenaren 3. xedapen gehigarriko klausula ez du betetzen, erresidentziako langileok ditugun baldintza onuragarrienak errespetatzen ez dituelarik.

5.- Hilabete hauen buruan (abendutik martxora), langileok oso larriak kontsideratzen ditugun jokabideak ikusi ditugu:

• Zuzendaritzaren parteko iruzurra; jakinarazpen bat delakoan, benetan paktu bat zen dokumentu bat komiteko kide batek sinatu dezan saiatu zen, honek lan baldintzen okertzea ekarriko zuelarik.
• Fikziozko proposamenak (0,25 edota 0,33ko konpentsazio proposamenak mahai gainean jarriz, gerora bertan behera uzteko).
• Errepresaliak; hasiera baten jai egunak 0,25eko balioan (denboran) konpentsatzea proposatu eta langileon ezezkoaren ondoren, proposamen hau alde batera utzi, lan egutegia aldatu eta jai egun plusa ezabatuz..
• Enpresa batzordea gutxiestea; komitearekin bildu beharrean, enpresaren negoziazio metodologia, informazio tabloietan idazkiak ipintzean datzalarik. Batzorde Patronalaren praktika antzekoa izan da, nahiz eta komiteak bi bilera eskaera formal egin, biltzea saihestu dutelarik.
• Langileoi irudi txarra sortzearen akusazioak; zuzendaritzak, batzorde patronalaren oniritziz, hartutako erabakien kontra, langileon eskubideak defendatzeagatik.

Salatzen ditugun ekintza hauen kontra, lan baldintzen oinarrizko aldaketagatiko, zein hitzarmena ez betetzeagatik demanda judiziala sartzea eta areagotzen joango garen paro eta kontzentrazioekin jarraitzea erabaki dugu.

Azkenik, errepikatu nahi dugu, egoera hau zuzendaritzak eta berak harturiko erabakien ondorioa dela. Enpresak, negoziazioa baldintzatzearekin batera, murriztu edo hobeto esanda, ezabatu dituen eskubideen defentsan, langileak kontzentrazio eta paroak egitera behartuta aurkitu garelarik. Horregatik guztiagatik, gure lan baldintzen defentsan, legeak eskaintzen dizkigun baliabide guztiekin borrokatzen jarraituko dugu.

 

 

 

Saharak pairatzen duen zapalkuntza salatu dugu Bilbon, Marokoko kontsulatuaren aurrean

0

Elkartasuna adierazi zaie gose greban dauden preso politiko sahararrei.

Euskal Herriko saharar komunitateak elkarretaratze batera deitu du gaur Bilbon, Marokok duen kontsulatuaren aurrean. LABek bat egin du mobilizazioarekin, eta Sahararekin elkartasunez antolatuko diren gainontzeko ekimenei ere babesa erakutsi die; hala nola, Donostiako Bulebarrean gaur, 19:00etan, egingo den elkarretaratzeari.
 

 

 

Grebara deitzea proposatu dugu Akordio Interprofesionalaren inpugnazioak dakarren estatalizazioari aurre egiteko

LABek agerraldi bat egin du gaur Donostian, Akordio Interprofesionalaren inpugnazioak sortutako egoera larriaren aurrean bere irakurketaren berri emateko. Inpugnazioak berebiziko larritasuna du, hemengo negoziazio kolektiboari eta Lan Harreman eta Babes Sozialeko Euskal Esparruari argiki eraso egiten diolako, hitzarmenen estatalizazioan sakonduz. Izan ere, negoziazio kolektiborako eskubiderik gabe ez dago autogobernuaz edo erabakitzeko eskubideaz hitz egiterik. Gainera, lan baldintzen prekarizazioa ere areagotzen du hitzarmenen estatalizazioak. Egoeraren aurrean, LABek proposamenak jakinarazi eta ekimenak iragarri ditu; greba egitearen proposamena, besteak beste. Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak, Xabier Ugartemendia Ekintza Sindikala eta Negoziazio Kolektiboko idazkariak, Eulate Zilonizaurrekoetxea Industria Federazioko arduradunak eta Saul Arangibel Zerbitzu Pribatuen Federazioko arduradunak hartu dute parte agerraldian.

"Egoeraren larritasunak eskatzen duena da lan munduan sektore guztietara zabalduko den greba batekin erantzutea. Estatuko hitzarmena aplikatzen ari diren enpresa horiek beraien asmoetan atzera egin dezaten, estatuko hitzarmenen menpe eremu berririk egon ez dadin eta enplegu duina eta negoziazio kolektiborako eskubidea bermatzeko, erabaki ahalmen osoa eskuratu eta Lan Harremanak eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua eraiki ahal dezagun. Sindikatuekin konpartituko dugu gogoeta hau".

LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranbururen hitzak dira hauek, gaur egindako agerraldian esandakoak. Hain zuzen ere, maila sindikalean, LAB eta ELAk irailean aurkeztu genuen aldebakarreko burujabetza prozesu sozial baten aldeko aldarria, eta bertan konpromiso batzuk gureganatu genituen. Konpromisoen artean zegoen negoziazio kolektiboan gure esparruan adosturikoa betearaztea eta negoziazio kolektiboaren estatalizazioari aurre eginez, lan harremanetarako esparru propioa osatzeko urratsak ematea. Honetarako eta injerentziak geratzeko, mobilizazioa ezinbestekoa da.

Garbiñe Aranbururen hitzetan, "eragile politikoekin ere bilerak eskatuko ditugu. Autogobernu ponentziaren eztabaida zabalik dago. Ezin da autogobernuaz hitz egin negoziazio kolektiborako eskubidea bermatua ez badugu. Alderdiak interpelatuko ditugu, Akordio Inteprofesionalaren aldeko defentsa instituzionala egin dezaten, eta estatus politiko berrian Lan Harremanak eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua garatzeko bermeak jaso ditzaten. Erantzunen arabera, datozen asteko mobilizazioak diseinatuko ditugu".

Lan harreman eredua, laneko legedia eta negoziazio kolektibo ereduaren araberakoa da. Ez dugu eskuduntzarik enplegu gaietan eta negoziazio kolektiboa, Lan Harremanetarako Euskal Esparruaren zutabe garrantzitsua izanik, Akordio Interprofesionalaren inpugnazioa, epaiketan aurrera egin edo ez, oso larria da. "Ez gara epaitegietako eztabaidak zer ematen duen ikustera mugatuko, mobilizatu egingo gara. Bertako patronala eta sindikatuen artean adosturiko akordio bat bertan behera uzteko saiakerak erantzun indartsua eskatzen du", berretsi du LABeko idazkari nagusiak.

Izan ere, inpugnazioak aurrera egingo balu, egoera are babesgabeagoa izango litzateke: "Inpugnazioa, dugun burujabetza maila mugatuaren kontrako eraso zuzena da. Injerentzia argi bat da, 155. artikulua lan harremanetara ekartzea dela esan dezakegu. Bertako hitzarmenak negoziatzeko dugun eskubidearen kontra jotzen du zuzen zuzenean, euskal langileon erabaki ahalmena erabat mugatuz".

Garbiñe Aranbururen esanetan, euskal langileok gure lan baldintzak negoziatzeko eta erabakitzeko eskubidea izan behar dugu. Negoziazio kolektiboak duen garrantziagatik, negoziazio kolektiborako euskal esparrua, inolako injerentziarik gabe, defendatzeak lehentasunezko borroka izan beharko luke eragile sindikal eta politikoentzat: "Erasoa larria da, eta tamainako erantzuna eman behar da. Negoziazio kolektiborako marko propioa defendatzen dugunoi dagokigu iniziatiba hartzea, lantokietan, kalean eta instituzioetan euskal esparruaren aldeko borroka eta ekimenak aurrera eramanez".

Bertako negoziazio eremua babesteko
2017ko urtarrilean Akordio Interprofesionala sinatu zen, gure hitzarmenak, azken lan erreformen aplikazioarekin, estatu mailatik jasotzen ari diren erasoei aurre egiteko, hau da, berton negoziatzeko debekuak edo berton zer gaiak negoziatu murrizteko.

Orain, gure negoziazio eremua babesteko tresna hau, estatu mailako patronal batek inpugnatu du (FEARDS), estatu mailako hitzarmenak aplikatze jarraitu ahal izateko.

Inpugnazio honek aurrekari bat badu, Ostalaritzako Akordio Markoa inpugnatu baitzuten CCOO eta UGTk, argi utziz estatalizatzen duena ez dela patronala bakarrik. Lehen Ostalaritzako Akordio Markoa, eta orain Akordio Interprofesionala inpugnatu du kolektibitateetako patronal batek. EAEn gure negoziazio esparrua babesteko sortutako tresna bi estatutik inpugnatuak izan dira.

Estatalizazioak, eta hau hedatzea bilatzen duten inpugnazioak, alde batetik euskal langileon erabaki ahalmena ukatzen du. Bestetik, ordezkaritza sindikalak aldatzen ditu (patronalari ondo datorkio, CCOO eta UGTrekin hitzarmen merkeagoak sinatzen dituelako). Azkenik, prekarizazioa hedatzen du.

Ostalaritzako Akordio Markoa inpugnatuz eta berton negoziatzeko debekuak edo murrizketak txertatzen dituzten estatu mailako hitzarmenak adostuz estatalizaziori bide ematen ari diren CCOO eta UGTk, ez dute oraindik ezer esan Akordio Interprofesionalaren inpugnazioaren inguruan. Oso deserosoa eta kontrajarria da, Madrilen estatalizazioari bide ematea eta berton, estatalizazioari aurre egiten dion akordio bat defendatzea.

Argi esan behar dugu ere, estatalizazioa gertatzen ari dela Akordio Interprofesionalaren egitura akordioa egon arren, patronalak hitzarmenak ez desblokeatzea erabaki duelako. Beraz, Confebask ere, Akordio Interprofesionala sinatu arren, ez da marko propioa indartzen ari eta horrek erraztu egiten du estatalizazioa. Hauek ere isilik daude Akordio Interprofesionalaren inpugnazioaren aurrean.

Zoritxarrez, Euskal Herriko langileen prekarizazioa bilatzen duen estatalizazioak aurrera darrai. 2011tik 2017ra, gurean, estatu mailako hitzarmenen aplikazio eremua %21etik %34ra igo da. Hau da, 6 urteko epean %20ko igoera izan du.

 

 

 

Produkzioko langileen %90ek egin dute bat Alestisen egindako lanuzteekin

0

Lanuzte gehiago egingo dituzte apirilaren 11 eta 13an, bajan zegoen langilearen kaleratzea salatzeko.

Martxoaren 23an, Arabako Miñanoko teknologia parkean dagoen Alestis enpresako langile bat kaleratu zuten bajan egoteagatik. Lanuzteak egiten ari dira hori salatzeko. Atzo egin zituzten lehenak, eta gaur bigarren protesta eguna gauzatu dute.
 

 

 

Grebara deitu dugu Gipuzkoako hoteletan, Munduko turismo arloko goi bilera egingo duten egunetan

0

Patronalaren proposamena ez da nahikoa akordio batera iristeko, ez ditu gutxieneko edukiak jasotzen. Hala, Ostatuen Hitzarmen Kolektiboa blokeatuta dago, eta, hori dela eta, LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok grebara deitu dugu Gipuzkoako hoteletan, maiatzaren 23, 24 eta 25erako. Agerraldi bat egin dugu gaur, Donostian, gatazka honi buruzko xehetasunak emateko.

Hauxe da sindikatuok kaleratutako agiria: 

Sindikatuen eskakizunak bi puntu nagusitan zentratu dira negoziazioan zehar:

-Soldata igoera: Sektoreak azken urteetan izan dituen gorakada eta irabaziak ikusirik, langileei pareko soldata igoera bat dagokiela uste dugu. Mahai gainean jarri genuen azken proposamenak KPI +1,5 2017-2018-2019 urteetarako batzen duen.

-Externalizazioa: Hoteletan , zerbitzuen externalizazioa, prekarietateari zuzenki lotuta dago. Gipuzkoako geroz eta hotel gehiagok erabiltzen dute, eta etorkizun hurbilean gehiago izango direla argi daukagu.

Geroz eta gehiago dira Gipuzkoan zerbitzuak externalizatzen dituzten hotelak, eta etorkizunean gehiago izango direla argi daukagu. Adibide moduan, hor dauzkagu externalizazioaren alde egin duten Hotel Londres, Hotel Barcelo Costa Vasca eta Hotel Mercure Monte Igeldo, eta externalizazioa muturreraino eraman duen Zenit hotela, harrera ez beste hoteleko jardun guztia externalizatu duena. Hoteletan ,externalizazioa, prekarietateari zuzenki lotuta dagoela ikusi dugu, externalizatuta dauden langileei ez zaie ostatuen hitzarmen kolektiboa aplikatzen, eta hauei ezartzen zaizkien baldintza ekonomikoak eta lanaldi amaigabeak prekarietatearen isla argia dira.

Egoera hau ikusita, beharrezkoa ikusten dugu, negoziatzen ari garen sektoreko hitzarmenean externalizazioaren gaia erregularizatzea beharrezko ikusten dugu, externalizatuta dauden langileen lan baldintzak duintzeko eta lanean egonkortasuna bermatzeko.

Egoera honi aurre egiteko 2017an mobilizazioei hasiera eman genien:

-Irailak 29 an, Kursaal parean zinemaldiaren bultzada baliatuz kontzentrazioa

-Urriak 12 an , Londres hotelaren parean kontzentrazioa, hotelak externalizazioaren aurrean duen jarrera salatzeko. (Hotel honek gelen garbiketa eta mantenimendua externalizatuta dituelako).

-Azaroaren 30 eta abenduak 7 an kotxekarabana eta kontzentrazioa .

Mobilizazio hauek negoziaketa mahaia reaktibatzerik lortu ez zutenez, ELA, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek, langileekin hainbat asanblada egin ondoren eta hauek transmititutakoa kontutan izanik, sektoreko langileak datorren maiatzaren 23, 24 eta 25ean grebara deitzea erabaki dugu, Donostian egingo den munduko turismo goi bilerarekin bat eginez.
 

 

 

Lantegiaren itxiera salatu dute Productos Tubulareseko langileek

0

Bilbon erakutsi dute euren haserrea, Tubos Reunidos taldearen egoitza aurrean.

Trapagako Productos Tubulareseko langileek Bilbora eraman dute gaur euren haserrea, Tubos Reunidos enpresaren egoitzaraino. Hain zuzen ere, atzo jakin zuten Enplegua Erregulatzeko Espedienteak 157 kaleratze aurreikusten dituela eta gelditzen diren langileen soldata murrizketa, besteak beste.

Langileak greba mugagabean daude martxoaz geroztik, eta hainbat mobilizazio antolatzen ari dira azken asteetan. Gaur, Bilbon, protesta zaratatsua egin dute lantegiaren itxieraren aurka.

Hauxe da gaurko mobilizazioan banatu duten eskuorria:

Zer ari da gertatzen Productos Tubulares S.A.U.n?

Enpresako zuzendaritzak aldabakarreko neurri hauek aurkeztu ditu:

1.- Kaleratze kolektiborako espedientea: 157 lankide kaleratu nahi dituzte. Langileon %35 baino gehiago!

2.- Lan baldintzen funtsezko aldaketa: soldataren %25eko murrizketa, opor egun gutxiago eta lan ordu gehiago. Azken finean, prekarietatean oinarritutako lan eredua ezarri nahi dute.

3.- Hitzarmen kolektiboaren deuseztapena: Horrenbeste borrokatu dugun adostutako hitzarmen kolektiboa bertan behera utzi nahi dute.

4.- Altzairu-fabrikaren itxiera: Gure materialaren sorburuarekin bukatzeak kanpoko hornitzaileen mepne utziko gaitu, epe motzera lantegia osoaren itxiera ekarriko duena.

Azken urteotan, gure enpresak ehunka milioi eurotako irabaziak izan ditu, baina lapurretan oinarritutako eta akziodun zein zuzendaritzako taldeko kideen poltsikoak betetzeko garatutako kudeaketa lotsagarriak egoera honetara ekarri gaitu.

Eta orain zer?

Asko eta asko izan dira gure egoera berdinean egon diren enpresak eta, argi daukagu, borroka hau irabazteko herriaren aktibazio eta mobilizazio masiboa ezinbestekoa dugula. Horregatik, gure deialdi zein mobilizazioekin bat egitera gonbidatu nahi zaitugu. Zure elkartasuna ezinbestekoa da!