2026-02-17
Blog Page 780

Nafarroako Elkarrizketa Sozialaren Kontseilu iruzurtiarekin amaitzea ekidin dute

Atzoko egunean Geroa Baik, abstentzioarekin, eta I-Ek, kontrako botoarekin, deitutako Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluaren indargabetzea saihestu dute. Honetarako Erregimenaren indarrekin (UPN, PSN eta PP) lerrokatu dira eta hau LAB sindikatuarentzat oso larria da.

Erregimenaren Elkarrizketa Sozialaren Kontseilua: iruzurra eta porrotaren historia
Elkarrizketa Sozialaren Kontseilua UPN eta PSNk pasa den legegintzaldiaren amaieran sortutako instituzioa da, elkarrizketa sozialeko eredu jakin bat, 1995etik CEN, UGT eta CCOOek monopolizatu dutenak hain zuzen ere, instituzionalizateko asmoz. Aipatutako eredu horrek ustezko "bake soziala" irudikatzen du, Patronalak lan erreformaren bidez langileriaren kontrako gerra egiten duen bitartean. Erabateko porrota izan da langileontzako, gure lan eta bizi baldintzak 1995ean baino kaxkarragoak baitira gaur egun. Elkarrizketa Soziala, gainera, Erregimen baztertzaile, ustel eta antisozialaren ardatz soziala izan da. Erabateko iruzurra CEN, UGT eta CCOOen pribilegioak mantentzeko, langileontzako izugarrizko gastua suposatu duena.

Errealitate sindikal berria
2016ko uztailetik Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak ez du gehiengo sindikal bat ordezkatzen, UGT eta CCOOek gehiengoa galdu dutelako.

Lan harremanetan aldaketa baten beharra
Atzoko egunean, lan harremanetan nafar langileriak nahi duen aldaketa saihesteko Erregimenaren indarrekin bat egin dutenei gure alternatiba berriro aipatuko diegu: Nafarroan, lan harremanen eredu berria ezar dadila, lehenengo eta behin, ZER behar den (lan harremanen edukiak) eta jarraian, NOLA egin behar den (aipatutako edukiak garatzeko baliabideak) zehaztu.

Gobernua sostengatzen duten taldeei eskatzen diegu Nafarroako Eztabaida Sozialaren Kontseiluaren sorrera agintzen zuen 22/2014 legea indargabetzeari ekin diezaiotela, klientelismoan eta funtsa publikoen erabilpen bidegabean oinarritu eztabaida sozialaren eredua instituzionalizatzea dakarrelako.
 

 

 

Adegik ez du bermatzen hitzarmena betetzea; greba beharrezkoa da Adegi mugitzeko

0
Sindikatu guztiek apustu garrantzitsua egina dugu Gipuzkoako Eraikuntza sektoreko negoziazio honek hitzarmenaren aplikazioan jauzi bat emateko.

Gaurkoan Adegik LAB eta ELAk egindako proposamen bateratuari erantzun dio, hitzarmenaren betetzea hobetzeko neurriak jasotzen zituena. Bere erantzuna, gure proposamena edukiz hustutzea izan da, ez betetzeak eragozteko neurri guztiei ezezkoa eman baitie, ordu estren kontrola eta desagertzea, lan egutegia, obra publikoan langileen sarrera- irtereetan kontrol neurriak ezartzea, lan parteak derrigorrezkoak izatea eta prebentzio bitartekoen formakuntza. Neurri hauek ez dute inolako kostu gehigarririk suposatzen enpresentzat.

Gainera, Adegik ez du nahi hitzarmena betetzeko berme batzordeak obretan bisitak egitea informazioa eskuratzeko, eta ondorioz, kasu askotan ezinezkoa izango da hitzarmenaren ez betetzea frogatzea. Komisio horretara agertzen ez diren enpresei edota dokumentazioa aurkezten ez dutenei kontratuak etetea ere ez du onartzen, komisioaren beraren eraginkortasuna kolokan ezarriz.

Bere proposamenak, aurreko bileran esan zuen moduan legeak ezartzen duen kontu bat soilik onartzen du: Batzordeak egiaztatzen badu azpikontrata batek ez duela langileen soldata ordaindu, enpresa nagusiak soldata horiek ordaindu beharko ditu. Baina hitzarmena bera lege beharko luke eraikuntzako sektorean, eta Adegik ez du bere aplikazioan urratsik eman nahi.

Beste edukiei dagokienean, Adegik ez du mugimendurik egin, %0,4ko soldata igoera gehigarria besterik ez.

Negoziazio mahaia agortua dagoela iruditzen zaigu, eta edukietan, eta hitzarmenaren aplikazioan urratsak emateko tresna eraginkorrak lortzeko mobilizazioetara jo behar dugu.

LAB eta ELAk proposamen bateratu bat aurkeztua dugu, eta adostasuna dugu grebak egitearen inguruan. Hau da akordioa hobetzeko eta hitzarmenaren aplikazioa bermatzeko urratsak emateko. Gure proposamen bateratua defendatu behar dugu. Defendatu, determinazio osoarekin. Orain arte emaitzak lortu ditu. Aukerak ditugu. Patronalari eskatzen diogunak ez du kostu ekonomikorik enpresentzat, hitzarmena betetzen badute. Grebaren garaia da.
 

 

 

Arabako Etxez Etxeko Laguntzako sektorea grebara atera da


Arabako Etxez-Etxeko Laguntza sektoreko emakumeak kalera irten dira lan baldintzetan hobekuntzak aldarrikatzeko eta kalitatezko gizarte zerbitzuen alde.

2012. urtetik dago hitzarmena ultraktibitatean, ia 8 urte pasa dira soldata eta ordainsarietan hobekuntzarik gabe, eta denbora honetan zehar 500 kaleratze baino gehiago estali dira.

Lan baldintzek ez dute kontziliaketarako tarterik uzten, egunean 10 ordutako disponibilitatea baitaukate, nahiz eta gero bakarrik egun osoan zehar zatitzen den 3 ordutako jardunaldia izan. Horrelako baldintzetan askok ez dira soldata minimora iristen eta RGIa eskatzera behartuak ikusten dira. Horretaz gain, pairatzen dituzten gihar eta hezurretako gaixotasunak ez dira lanekoak bezala aitortzen.

13 lanuzte baino gehiago egin ostean, Instituzio eta Enpresen aldetik ez dugu lan baldintzak hobetzeko proposamenik jaso, horregatik, gaur maiatzaren 24an, grebara irten dira.
 

 

 


“Ez dakigu EAJ noren izenean ari den, gehiengo sindikal eta sozialak aurrekontuen aurka dagoela argi utzi duenean”

PPren aurrekontuek krisian sakontzen dutela nabarmendu du LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk, ETBko "Egun on Euskadi" saioan.

Euskal Telebistako “Egun on Euskadi” saioan izan da gaur LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk, eta Espainiako aurrekontuei buruz hitz egin du, besteak beste. Hain zuzen ere, EAJ gogor kritikatu du PP babesteagatik, eta jeltzaleek erabilitako argudioak salatu ditu: “Euskadiren izenean adostu dituztela diote, baina ez dakigu EAJ noren izenean ari den; ez dakigu EAJ noren izenean ari den, herri honetako gehiengo sindikal eta sozialak aurrekontu horien aurka dagoela argi utzi duenean"”.

LABeko idazkari nagusiak eduki batzuk aipatu ditu, eta aurrekontuek krisian sakontzen dutela nabarmendu du. Esan du enpresa pribatuen onurarako eginak daudela, porlana eta zementuaren aldeko apustua egiten duela eta, pentsioei dagokionez, adierazi du pentsiodunen eros ahalmena ez duela bermatzen.

EAJren kontraesanei buruz ere aritu da, eta, aldeko botoa 155. artikulua indarrean egonda emateagatik “hitza jan” duela esateaz gain, 155. artikuluaren beraren mehatxua ez dela desagertuko azpimarratu du. Bitartean, estatutu berriaren hitzartzean erabakitzeko eskubidea defendatzeak ez duela zentzurik erantsi du: “Inkoherentzia bat da”.

Maiatzaren 30erako estatalizazioaren aurka deitutako lanuzteei buruz ere hitz egin du Garbiñe Aranburuk. Akordio Interprofesionalaren aurkako inpugnazioa erretiratu izanak ez duela mehatxua desagerrarazi azaldu du: “155. Artikuluarekin gertatzen den gauza bera da”.

 

 

 

Alternatiben Herriaren crowdfunding kanpainarekin egin dugu bat

LABek ekarpena egin dio Alternatiben Herria dinamikak abiatutako crowdfunding kanpainari. Hain zuzen ere, Alternatiben Herria ekainaren 2an izango da Iruñean, eta hamarnaka eragile sozial zein sindikal konprometitu eta murgildu gara antolaketan, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren babesean.

 

 

 

Astelehen arratsaldean Bilboko Ingeniaritza Eskolan izandako istripu larria salatzen dugu

0
LABek salatu nahi du ere UPV/EHUko Zuzendaritzak ez dituela bete legez bete beharreko neurriak, hots, prebentzio delegatuei gertatutakoaren berri eman eta istripu larriaren ikerketan parte hartzeko aukera eman.

UPV/EHUko LAB sindikatuak iragan astelehen arratsaldeko lehen orduan Bilboko Ingeniaritza Eskolaren II. Eraikinean izandako istripu larria salatu nahi du. Horren ondorioz, langile bat arauak betetzen ez dituen eskailera batzuetatik behera jausi eta kolpea jo zuen buruan, hasieran konortea galdu gabe. Berarekin zihoan langileak artatu zuen eta eraikinaren atezaintzara joan zen urgentziazko zerbitzuetara (112) deitzeko. Zerbitzuok lekuan bertaratuta, langilea artatu eta, egoeraren larritasunagatik, Gurutzetako Ospitalera eraman zuten. Ondoren, jakin dugunez, langileak konortea galdu zuen eta egun koman dago, oso larri.

LABek gertatu denaren larritasuna salatu nahi du. Istripu larria ahalbidetu duten irregulartasunak ugariak izan dira. Besteak beste, larrialdietarako atea kanpotik zabaldu eta sartu egin baitzen langilea eraikinera, horretarako administrazioak bere txartela ahalbidetu zuelarik. Bestetik, ez delako lehen aldia eskailera horretan istripua edota lan osasunarekin zerikusia duen gertakariren bat gertatzen dela. 2015. urtean beste istripu bat gertatu zen gutxienez, zeinaren ondorioz langileak besoa eta eskumuturra jo eta zauritu zuen. Eta urte berean ere, buruan jo eta zauri arinak izan zituen beste langile batek.

Baina, nahiz eta 2015ean UPV/EHUko Prebentzio Zerbitzuak gertakari biak ikertu eta txosten bana egin, eta ez ateak ezta eskailerak ere arauak ez zituela betetzen ondorioztatu eta neurri prebentiboak planteatu, Unibertsitateko Zuzendaritzak ez ikusiarena egin du.

Orain, UPV/EHUko Prebentzio Zerbitzuaren Bilboko Eremuan Teknikariak egindako Txostena ere badago. Eta argia da: “Desde la apertura del centro (2013) existe esta puerta para el acceso del personal tanto del PAS y del PDI cuando se encuentra cerrado, no existiendo un control de acceso”, nahiz eta ate hori larrialdietarakoa baino ez izan. Halako beste ate bat ere badago lehengo Meatze eta Herri Lanen Eskolara sartzeko. Teknikariak ondorioztatzen duenez, “se puede concluir que la CAUSA del accidente es el disponer de un acceso a un edificio cuando dicho acceso no cumple la normativa”.

Teknikariak bere txostenean neurri zuzentzaileak ere proposatzen ditu: “Prohibir cualquier tipo de acceso al edificio por dicha escalera. Retirar los permisos existentes. Puerta que se debe considerar solo como “salida de emergencia”. Como se aprecia (…) es una puerta que se utiliza frecuentemente”. Bestalde planteatzen du “adecuar escalera a normativa en cuanto a barandillas, ya que está considerada dicha escalera y puerta como salida de emergencia”, baita ere “revisar la iluminación de dicho tramo de escalera ya que (…) no funciona una de las luminarias”.

Antzeko neurriak planteatuta zeuden 2015ean egindako txostenetan. Baina Prebentzio Zerbitzuak proposatutako neurririk ez da aurrera eraman.

LABek salatu nahi du ere UPV/EHUko Zuzendaritzak ez dituela bete legez bete beharreko neurriak, hots, prebentzio delegatuei gertatutakoaren berri eman eta istripu larriaren ikerketan parte hartzeko aukera eman. Hau ere ez da lehen aldiz gertatzen. Eta hori nahikoa ez balitz, Prebentzio Zerbitzuaren Teknikariari ere ez zitzaion horren berri eman. Kasualitatez, lankide batek esanda, izan zuen istripuaren berri. Eta istripu larria izanik, 24 orduko epetik kanpo ere jakinarazi zien unibertsitateak istripua lan-istripuen aitorpen elektronikoaren bidez. Eta ez dakigu UPV/EHUk Lan Ikuskaritzari eta Osalani jakinarazi dien.

Honengatik guztiagatik, LABek uste du erantzukizunak eskatzeko unea dela. UPV/EHUko Zuzendaritzak ezin du ezjakinarena ezta ezikusiarena egin, ezta ustezko ikerketa batzorde bat antolatu benetako ikerketa ez egiteko. NAHIKOA DA! UPV/EHUn erruleta errusiarrean jolasteari utzi behar zaio lan-segurtasun eta –osasunari dagokionez. Baten batek gertatutako guztiaren erantzukizunak hartu beharko lituzke bere gain. Ala, bestela, Errektore andreak baten bat duen arduratik kendu beharko luke, lan-segurtasun eta –osasun eremuan egindako akatsak eta utzikeriak konpontzen hasi nahi baditu behinik behin.

LABek larriki zauritutako langileari eta bere gertukoei elkartasuna adierazi nahi die. Bukatzeko, LABek UPV/EHUko langileak deitzen ditu euskal gehiengo sindikalak (LAB-ELA-Steilas) datorren ostiralean, hilak 25, Bilboko Torres Quevedo Ingeniariaren Plazan istripu larri hau salatzeko 12:00etatik 12:30etara antolatuko duen kontzentrazioan parte hartzera.
 

 

 

Lan baldintza duinak aldarrikatu dituzte Tubacexeko langileek

0

Tubacexeko LAB, STAT eta LSB-USO sindikatuok elkarretaratze bat egin dugu gaur Laudioko enpresaren atarian. Negoziazioak blokeatuta jarraitzen du, enpresak dioelako langileek baztertutakoa dela bere azken eskaintza. Egoera salatzeko bildu gara.
 

 

 

Emakumeon Mundu Martxak babesa erakutsi die pentsiodunei

Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak bat egin du larunbaterako pentsiodunek deitutako mobilizazioekin. Elkarretaratze bat egin dute gaur Bilbon, Eusko Jaurlaritzaren aurrean, eta bertan eman dute euren atxikimenduaren berri.

"Gure lana aitortu, pentsio duinak emakumeontzat!" oihuak entzun dira gaur Bilboko Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean. Eskaera argia egin diete euskal instituzioei, eta gogoratu dute arazoa pentsioak baino harago doala; sistema kapitalista heteropatriarkala dela arazoa, alegia. Horren aurrean, emakumeei kalera ateratzeko deia egin diete, larunbateko manifestazioak direla eta. 

Hain zuzen ere, pentsiodunek manifestaziora deitu dute maiatzaren 26rako Bilbon (Jesusen Bihotza, 18:00), Gasteizen (Artium, 12:00), Donostian (Cervantes plazatik, 17:30) eta Iruñean (Gaztelu plaza, 18:00).

Hauxe da Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak gaur irakurri duen adierazpena:

Bizitza osoa lanean pasa ondoren, lan honek guztiak ez du ezertarako balio: ez dizu eskubiderik ematen. Eskubideak dituzu, egia da. Zerbitzu publikoak erabili ditzazkezu, herritarra zarelako. Dirulanguntzak eskatu ahal dituzu, bazterketa sozialaren arriskuan bizi zarelako. Baina ez duzu eskuberik sortu langile izan zarelako. Langilea izan zara, bizitza osoan, eta zure lanak ez du pentsio eskubidea lortzeko balio. Ez duzu kotizatu, lan egin arren, eta zure lana bizitzarentzat ezinbestekoa izan arren.

Emakumeok asko borrokatu dugu lan merkatuan sartu ahal izateko. Enplegu bat edukitzeko. Borroka horren emaitza da emakumeok, behingoz, pentsio baterako eskubidea lortzea. Pentsio propioa, soldatapeko lanaren emaitza da, eta ez ezkondu garelako lortzen duguna. Pentsioa askoz ere txikiagoa da ordea, kotizatu duzu bai, baina gutxiago: soldata txikiago zelako, zaintza ardurek lan merkatutik ateratzera behartu zaituztelako, edo kontratu partzialekin lan egitea beste aukerarik izan ez duzulako, besteak beste.

Feminismoak milaka eta milaka emakume atera zituen kalera martxoaren 8an, ikusezinak eta bigarren mailakoak egiten gaituen sistema hau aldatzera goazela ozen esatera. Pentsionistak astero astero ateratzen ari dira sistema honek jubilazio duin baterako duten eskubidea lapurtu nahi dielako. Bidelagun ikusten ditugu mobilizazioaren bidez aldaketak lortu ahal direla sinesten dugulako, mobilizazioaren bidez egin ditugulako ikusgarriak sistema kapitalista heteropatriarkal honek ezkutatu nahi dituen egoera bidegabeak.
Martxoaren 8an kalera atera ziren emakumeei dei egiten dizuegu maiatzaren 26an ere kalera ateratzeko, pentsionisten mugimenduarekin bat egitera.

• Emakumeon lana aitortzea eta eskubide iturri bihurtzea izango da pentsio duin bat ziurtatzeko bidea. Borroka konpartitzen dugu!
• Soldata arrakalaren arrazoiak gaindituz emakumeon lan eskubide guztiak ziurtatzea izango da pentsioak hobetzeko biderik emankorrena. Borrokan bat egiteko arrazoiak ditugu!
• Pertsonak politiken erdigunean jartzea izango da bizitza duin baterako aukerak ziurtatuko dizkiguna, izan umeak, gazteak, helduak edo zaharrak.

Sistema hau ez badago bizitza duinak ziurtatzeko prestatuta, adaltu dezagun sistema. Arazoa ez gara gu, ez dira gure pentsioak. Arazoa sistema kapitalista, heteropatriarkal, arrazista eta kolonialista da. Hau dela eta, Euskal instituzioei ex itzen diegu, legez, pentsio duin propioak izateko eskubidea bermatzeko bitartekoak sortu ditzatela, eta euskal pentsio publikoaren aldeko apustua egin dezatela.

Borroka berdina konpartitzen dugulako, maiatzaren 26an, bizitza duinaren alde, emakumeok ere KALERA!
 

 

 

Beharrezko ikusten ditugu konpromiso sendoak Erandioko Cables y Alambres Especiales enpresan Vicinay Taldearen aldetik

0
Konpromisoak behar dira proiektu industrialaren aldeko benetako apustua egiteko, enpleguari eusteko eta segurtasun baldintza duinak lortzeko.

Erandioko Cables y Alambres Especiales S.A. enpresako langileak aspalditik bizitzen ari diren egoera larria salatzen dute LAB eta ELAk.

Inbertsio nahikoen faltak eragiten du langileek oso baldintza prekarioetan egin behar izatea euren lana, instalazioen eta makinen egoera nergarriak modu zuzenean eragiten baitie langileen osasun eta bizitzari. Aurten 25 lan-istripu izan dira, pasa den irailean lanean hil zen langilea ahaztu barik. Honi gehitu behar zaio iaztik hona etengabeko atzerapenekin ordaintzen dizkietela nominak.

2015eko martxoan erosi zuen Vicinay taldeak enpresa hau, eta erosketarekin batera 10 milioi eurotako inbertsioa iragarri zuten, 40 kontratazio berri eta produkzioaren %70eko igoera erosketa ondorengo 5 urteetarako.

Hala ere, orain arte egindako inbertsioa oso urruti dago aipatutako kopurutik eta edozein kasutan ez dator beharrizan urgenteneekin bat. ABLE bidez egiten dira kontratazioak eta nahi da produkzioa handitzea zaharkituta geratu diren makina batzuekin eta nahikoa ez den langile taldearekin. Zentzu honetan, langileen apustu tinkoa egiten dute proiektu industrialaren alde ahalegin itzelak eginez, segurtasun aldetiko baldintza txarrak gorabehera, inposatzen diete produkzio mailak lortzeko, eta honek ez die bermatzen ezta soldata sasoiz jasotzea ere.

Cables y Alambres Especiales S.A. erosteko operazioa Vicinay taldea, Bizkaiko Foru Aldundia eta enpresako akziodunen arteko akordio baten bidez egin zen.

LAB eta ELAk ulertzen dugu Eusko Jaurlaritza eta Aldundia ikusle hutsak bailiran ari direla jokatzen, euren erantzukizunarekiko utzikeriaz jokatuz. Ez da nahikoa akordioa sustatu eta argazkiak ateratzea, beharrezkoa da ondorengo jarripena akordio hauek bete egiten direla bermatzeko.

Hau nahikoa izango ez balitz, Erandiko HAPOaren aurrerapenak zehazten du itsasadarraren ondoan ez dela enpresa egongo, bere lekuan etxebizitzen eremu bat proposatuz. Vicinay Taldeari konpromisorik exijitu gabe lur industriala urbano bezala errekalifikatzeko arriskuaren aurrean, enpresa-batzordea Erandioko udala eta gainontzeko udal taldeekin hitz egiten hasi da, eta bilera eskatu dio honezkero Vicinay Taldea eta Eusko Jaurlaritzari.

Egoera honetan, guztiz beharrezkoa da tartean dauden alde guztiekin akordio eta konpromiso sendoak lortzea, proiektu industrialaren aldeko benetako apustua lortzeko, 130 langileentzako enpleguari eusteko eta hauentzako laneko segurtasun baldintza duinak lortzeko.