2026-01-21
Blog Page 774

Emakumeon Mundu Martxak babesa erakutsi die pentsiodunei

Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak bat egin du larunbaterako pentsiodunek deitutako mobilizazioekin. Elkarretaratze bat egin dute gaur Bilbon, Eusko Jaurlaritzaren aurrean, eta bertan eman dute euren atxikimenduaren berri.

"Gure lana aitortu, pentsio duinak emakumeontzat!" oihuak entzun dira gaur Bilboko Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean. Eskaera argia egin diete euskal instituzioei, eta gogoratu dute arazoa pentsioak baino harago doala; sistema kapitalista heteropatriarkala dela arazoa, alegia. Horren aurrean, emakumeei kalera ateratzeko deia egin diete, larunbateko manifestazioak direla eta. 

Hain zuzen ere, pentsiodunek manifestaziora deitu dute maiatzaren 26rako Bilbon (Jesusen Bihotza, 18:00), Gasteizen (Artium, 12:00), Donostian (Cervantes plazatik, 17:30) eta Iruñean (Gaztelu plaza, 18:00).

Hauxe da Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak gaur irakurri duen adierazpena:

Bizitza osoa lanean pasa ondoren, lan honek guztiak ez du ezertarako balio: ez dizu eskubiderik ematen. Eskubideak dituzu, egia da. Zerbitzu publikoak erabili ditzazkezu, herritarra zarelako. Dirulanguntzak eskatu ahal dituzu, bazterketa sozialaren arriskuan bizi zarelako. Baina ez duzu eskuberik sortu langile izan zarelako. Langilea izan zara, bizitza osoan, eta zure lanak ez du pentsio eskubidea lortzeko balio. Ez duzu kotizatu, lan egin arren, eta zure lana bizitzarentzat ezinbestekoa izan arren.

Emakumeok asko borrokatu dugu lan merkatuan sartu ahal izateko. Enplegu bat edukitzeko. Borroka horren emaitza da emakumeok, behingoz, pentsio baterako eskubidea lortzea. Pentsio propioa, soldatapeko lanaren emaitza da, eta ez ezkondu garelako lortzen duguna. Pentsioa askoz ere txikiagoa da ordea, kotizatu duzu bai, baina gutxiago: soldata txikiago zelako, zaintza ardurek lan merkatutik ateratzera behartu zaituztelako, edo kontratu partzialekin lan egitea beste aukerarik izan ez duzulako, besteak beste.

Feminismoak milaka eta milaka emakume atera zituen kalera martxoaren 8an, ikusezinak eta bigarren mailakoak egiten gaituen sistema hau aldatzera goazela ozen esatera. Pentsionistak astero astero ateratzen ari dira sistema honek jubilazio duin baterako duten eskubidea lapurtu nahi dielako. Bidelagun ikusten ditugu mobilizazioaren bidez aldaketak lortu ahal direla sinesten dugulako, mobilizazioaren bidez egin ditugulako ikusgarriak sistema kapitalista heteropatriarkal honek ezkutatu nahi dituen egoera bidegabeak.
Martxoaren 8an kalera atera ziren emakumeei dei egiten dizuegu maiatzaren 26an ere kalera ateratzeko, pentsionisten mugimenduarekin bat egitera.

• Emakumeon lana aitortzea eta eskubide iturri bihurtzea izango da pentsio duin bat ziurtatzeko bidea. Borroka konpartitzen dugu!
• Soldata arrakalaren arrazoiak gaindituz emakumeon lan eskubide guztiak ziurtatzea izango da pentsioak hobetzeko biderik emankorrena. Borrokan bat egiteko arrazoiak ditugu!
• Pertsonak politiken erdigunean jartzea izango da bizitza duin baterako aukerak ziurtatuko dizkiguna, izan umeak, gazteak, helduak edo zaharrak.

Sistema hau ez badago bizitza duinak ziurtatzeko prestatuta, adaltu dezagun sistema. Arazoa ez gara gu, ez dira gure pentsioak. Arazoa sistema kapitalista, heteropatriarkal, arrazista eta kolonialista da. Hau dela eta, Euskal instituzioei ex itzen diegu, legez, pentsio duin propioak izateko eskubidea bermatzeko bitartekoak sortu ditzatela, eta euskal pentsio publikoaren aldeko apustua egin dezatela.

Borroka berdina konpartitzen dugulako, maiatzaren 26an, bizitza duinaren alde, emakumeok ere KALERA!
 

 

 

Beharrezko ikusten ditugu konpromiso sendoak Erandioko Cables y Alambres Especiales enpresan Vicinay Taldearen aldetik

0
Konpromisoak behar dira proiektu industrialaren aldeko benetako apustua egiteko, enpleguari eusteko eta segurtasun baldintza duinak lortzeko.

Erandioko Cables y Alambres Especiales S.A. enpresako langileak aspalditik bizitzen ari diren egoera larria salatzen dute LAB eta ELAk.

Inbertsio nahikoen faltak eragiten du langileek oso baldintza prekarioetan egin behar izatea euren lana, instalazioen eta makinen egoera nergarriak modu zuzenean eragiten baitie langileen osasun eta bizitzari. Aurten 25 lan-istripu izan dira, pasa den irailean lanean hil zen langilea ahaztu barik. Honi gehitu behar zaio iaztik hona etengabeko atzerapenekin ordaintzen dizkietela nominak.

2015eko martxoan erosi zuen Vicinay taldeak enpresa hau, eta erosketarekin batera 10 milioi eurotako inbertsioa iragarri zuten, 40 kontratazio berri eta produkzioaren %70eko igoera erosketa ondorengo 5 urteetarako.

Hala ere, orain arte egindako inbertsioa oso urruti dago aipatutako kopurutik eta edozein kasutan ez dator beharrizan urgenteneekin bat. ABLE bidez egiten dira kontratazioak eta nahi da produkzioa handitzea zaharkituta geratu diren makina batzuekin eta nahikoa ez den langile taldearekin. Zentzu honetan, langileen apustu tinkoa egiten dute proiektu industrialaren alde ahalegin itzelak eginez, segurtasun aldetiko baldintza txarrak gorabehera, inposatzen diete produkzio mailak lortzeko, eta honek ez die bermatzen ezta soldata sasoiz jasotzea ere.

Cables y Alambres Especiales S.A. erosteko operazioa Vicinay taldea, Bizkaiko Foru Aldundia eta enpresako akziodunen arteko akordio baten bidez egin zen.

LAB eta ELAk ulertzen dugu Eusko Jaurlaritza eta Aldundia ikusle hutsak bailiran ari direla jokatzen, euren erantzukizunarekiko utzikeriaz jokatuz. Ez da nahikoa akordioa sustatu eta argazkiak ateratzea, beharrezkoa da ondorengo jarripena akordio hauek bete egiten direla bermatzeko.

Hau nahikoa izango ez balitz, Erandiko HAPOaren aurrerapenak zehazten du itsasadarraren ondoan ez dela enpresa egongo, bere lekuan etxebizitzen eremu bat proposatuz. Vicinay Taldeari konpromisorik exijitu gabe lur industriala urbano bezala errekalifikatzeko arriskuaren aurrean, enpresa-batzordea Erandioko udala eta gainontzeko udal taldeekin hitz egiten hasi da, eta bilera eskatu dio honezkero Vicinay Taldea eta Eusko Jaurlaritzari.

Egoera honetan, guztiz beharrezkoa da tartean dauden alde guztiekin akordio eta konpromiso sendoak lortzea, proiektu industrialaren aldeko benetako apustua lortzeko, 130 langileentzako enpleguari eusteko eta hauentzako laneko segurtasun baldintza duinak lortzeko.
 

 

 

“Bizi egunak” dinamika Donostiara iritsiko da igandean

0

Merkataritza, hiri eta kontsumo ereduari buruz gogoeta egitea bilatzen duen ‘Bizi egunak’ dinamikak Donostian du geltoki berria. Bilbo eta Iruñeatik pasa ostean, igande honetan Gros auzoko Katalunia Plazan izango da igande eta jai egunetan jai egiteko dugun eskubidea aldarrikatzeko.

Ekimenari goizeko 11:30etan emango zaio hasiera eta besteak beste, bertatik pasatzen den edonori izan ditzakeen kezkak argitzeko Infogune bat izango eguerdiko 13:30ak arte. Goiza aurrea doan heinean, 12:00etan, jai egunetan jai egitearen zergaitiak azalerazteko Photocoll eta Murala osatuko dugu. Goiza, igandea izaki, jai giroan pasako dugu eta horretarako musika eta janaria izango da gerturatzen den guztiarentzako

Argi dugu! Igande eta jai egunetan itxita! Etorri eta aldarrikatu dezagun denok batera igande eta jai egunak "BIZI EGUNAK" direla.
 

 

 


Adegiren jarrerak grebara eramaten gaitu Gipuzkoako eraikuntzan

0
Gaurko Gipuzkoako eraikuntzako hitzarmenaren bilera egin da eta Adegiren jarrera tamalgarria izan da. Joan den astean aurkeztu zuen proposamena berretsi du inongo hobekuntzarik egin gabe, sindikatuok ez nahikotzat jo genuen arren.

Hau guztia ezezik, hitzarmenaren aplikagarritasuna hobetzeko ELAk eta LABek aurkeztutako proposamen bateratua ere baztertu du. Proposamen honekin zera lortu nahi dugu:

– Hitzarmena ez betetzeagatik, langileek jaso ez dituzten soldatak azkarrago eta errazago kobratzea nahi dugu.
– Hitzarmena betetzen dela egiaztatzeko batzorde bat sortu obrak bisitatu ahalko dituena.
– Hainbat neurri prebentibo proposatzen ditugu hitzarmena bete dadin: obra publikoen langileen sarrerak eta irteerak kontrolatzea, lan egutegi bat, aparteko orduak ezabatzea edota mugatzea, laneko parteak edota prebentzioa egiteko baliabideei formakuntza espezifikoa ematea.

Adegik ez ditu onartu. Bakarrik onartu du azpikontrata batek hitzarmenaren soldatak ordaindu ez dituela egiaztatu ondoren enpresa nagusiak ordaintzeari etengo diola, hau da, legeak dioena, besterik ez.

Adegik hitzarmena betetzen ez dela aitortu ostean, hau proposatzea benetan eskasa iruditzen zaigu. Beraz, egoera larri honen aurrean, hitzarmena aplikagarria izateko benetako neurriak hartzea ezinbestekoa da eta, horretarako, grebaren eta mobilizazioaren bidea baino ez zaigula gelditzen uste dugu. Greba ekidin daiteke Adegik hitzarmena aplikatzeko borondate zintzoa baldin badu. Bestela, borrokara joango gara eta LABek proposamen bat helaraziko dio ELAri ekainean grebaren izaera eta egunak finkatzeko.

Datorren ostegunean izango da Gipuzkoako eraikuntzako hitzarmenaren hurrengo bilera. LABen ustez, Adegi denbora luzatu nahian dabil langileen erantzuna eragozteko. Aski da!

 

 

 

Baionako kaleak hartu ditugu zerbitzu publikoen defentsan

Zerbitzu publikoen defentsan, eta Emmanuel Macronen gobernuaren erreformen kontra, beste mobilizazio egun bat antolatu dugu gaur sindikatuok. Hain zuzen ere, manifestazio bat egin dugu Baionako kaleetan, eta, bertan, irakasleek, osasun zerbitzuko langileek, trenbidetako langileek… zerbitzu publikoetako hainbat eta hainbat langilek hartu dute parte.
 

 

 

Pobreziaren kriminalizazioa salatu dugu Bilbon

Hainbat eragilek, LABek barne, elkarretaratze bat egin dugu gaur Bilbon, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean, eskubide sozialen defentsan.

Bildutakoek Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren inguruan hartutako neurriak salatu ditugu, eraginkortasunaren eta kudeaketa onaren izenean, kontrol neurriak ezarri baitituzte; hala nola, hatz marken bidezko kontrola, besteak beste.
 

 

 

Triman Minerals enpresaren itxiera arriskua salatu dugu

0
LAB sindikatuak Triman Minerals S.A enpresaren itxiera arriskuaz ohartarazi nahi du Nafarroako gizartea. Nafarroako langileei jada 3 eta 4 hilabeteko soldata zor zaie eta emergentziazko egoeran daude. Egoera hau ez da berria, 2016 urtetik ona soldatak ez dira garaiz ordaindu eta zorra handitzen joan da langile eta hornitzaileekin.

Enpresak lau lan zentro ditu, bi Asturiasen eta bi Nafarroan. Guztira 59 langile dira eta horietatik 32 langile Iruñeko eta Altsasuko lan zentroetan banatzen dira. LAB sindikatuak Altsasuko lantegian du ordezkaritza. Triman Minerals S.A enpresa entramatu konplexu baten parte da: Moncayo Real Estate SLU taldea. Talde horrek Nafarroan beste lantoki bat du hiruzpalau langilerekin; Trituraciones Moviles SAU izena du eta Fiteron dago. Langile horiek ere arriskuan dute beren burua. Beraz, Nafarroan osotara 35 langile izan daitezke kaltetuak.

Enpresak maiatzaren 9an ekin behar zion kontratuak behin-behinean etengo zituen Enplegua Erregulatzeko Txosten (EEE) baten kontsulta epeari. EEE hori estatu mailakoa izan behar zen eta taldeak dituen 59 langileei eragin behar zien. Enpresak baldintza bat jarri zuen EEEa sartzeko: lantoki guztietako langileek babestua egon behar zuela kontsulta epea hasi bezain laster, eta bestela ez zuela sartuko.

Lantoki guztietako langileen ordezkariek ezezko borobila eman diote enpresari eta enpresak ez du EEErik sartu. Hortaz, egoera honetan langileek kobratu gabe jarraitzen dute. Argi utzi nahi dugu enpresak ez zuela dokumentazio osoa aurkeztu eta gainera guk Nafarroako lantokiei eragiten dio EEEa Nafarroan negoziatzea eskatu dugu. Laburbilduz, enpresak ez du EEErik aurkeztu, ez da kontsulta epea hasi, eta une honetan ez dakigu zein den enpresaren asmoa.

Beste alde batetik, enpresak duela hilabete batzuk Sodenara jo zuen finantzazio bila proiektu bat aurrera ateratzeko asmoz. Dakigunez, Sodenak enpresa babestu du finantziazioarekin, baina proiektuak ez du aurrera egin.

Enpresa ixteko arriskuan dago, baina badakigu alternatibak egon, badaudela, bai taldea aurrera ateratzeko eta baita Nafarroako lanpostuak babesteko ere. Altsasuko langileok konbentzituta gaude Altsasuko lantokia bideragarria dela.

Horregatik guztiagatik, egoeraren larritasuna ikusirik, salaketa publiko egin nahi izan dugu. Egungo zuzendaritzari exijitu nahi diogu zor duen guztia ordain dezala, egon daitezkeen alternatiba guztiak lagun ditzala eta irtenbide bat bila dezala langileek bizi duten emergentzia egoerari aurre egiteko. Eta Sodenari ere exijitu nahi diogu proiektu berri bat aurrera ateratzeko behar den guztia egin dezala.

Azkenik, adierazi nahi dugu etorkizunean alternatibarik egon behar badu, egungo zuzendaritzak ezin duela jarraitu.

 

 

 

Graficas Estella-k azpikontrataturiko LINSER LOG enpresak Lan Erreforma erabili eta langile bat kaleratu du gaixo egoteagatik

LINSER LOG enpresak Graficas Estella-ren logistika eramaten du eta iragan astean langile emakume bat kaleratu zuen bakar-bakarrik gaixo egoteko zorigaitza izan zuelako, zegokion osasun etxera joan zelako eta medikuak aldi baterako ezgaitasuna eman ziolako.

Azken urteetako erreformetako batek dio langile bat kaleratzeko arrazoia izan daitekeela langilea gaixotzea eta Gizarte Segurantzako medikuak gaixo agiria ematea. Horixe gertatu zaio LINSER LOG enpresako langile emakume bati, eta enpresako zuzendaritzak ez du langilea kaleratzeko batere erreparorik izan.

Aipatu beharra dago enpresa horretan (LINSER) eta lantoki horretan (Graficas Estella) azkenaldian hainbat langile emakume tokiz aldatu dituztela edo zuzenean kaleratu dituztela, eta haien ordez langile gizonak jarri dituztela.

LAB sindikatuak gogor salatu nahi du langile klaseari orokorrean eta bereziki emakumeei egin dieten bertze eraso hau, eta dei egiten du LINSER-eko enpresa batzordeak Graficas Estella-koaren babesarekin eginen duen mobilizazioan parte hartzera. Elkarretaratzea maiatzaren 23an izanen da, asteazkenarekin, Graficas Estella-ko ateen parean (Salvat zaharra), 13:30etik 14:30era.

Ez dugu onartzen, eta ez dugu inoiz onartuko, gaixotzeagatik inor kaleratzea, eta exijitzen dugu kaleraturiko langilea lehenbailehen hartzea berriz.

 

 

 

Bizkaiko metalgintzan patronalak negoziazioa blokeatzeko estrategia berdinarekin jarraitzen badu, argi dugu urrats berriak eman beharko direla

0
Gaur, maiatzaren 22an, egin da Bizkaiko Metalgintzako Herrialdeko Hitzarmenaren negoziazio-mahaiko azken bilera. 6 bileraren ondoren negoziazio mahaia blokeoan sartu da.

Patronalak jarraitzen du malgutasunaren inguruan atzera pausoak planteatzen, aldi baterako desgaitasunen baldintzak okertu nahi ditu eta uko egiten du jarraitzen du sektoreko langileoei azken urteetan lapurtu dieten dirua itzultzeari.

Patronala publikoki atsekabetzen da sindikatuen soldaten inguruko aldarrikapenak errealitatetik urruti daudela eta ez direla bideragarriak. Ez da adierazpen hauek egitean lotsagorritzen publikoki harrotzen direnean sektorearen aurreikuspen onez eta 2016an 1.300 milioi eurotako irabazi garbiak izateaz.

Azken batean, patronalak ez du inolako borondaterik sektore lan-baldintzak duinduko dituen aurrera pausoak ekarriko lituzkeen hitzarmena negoziatzeko. Azken bileran beste behin ikusi dugu patronalarentzat hain erosoa den negoziazio kolektiboaren blokeo estrategian.

LABetik jarraitzen dugu esaten ez dugula edozelango hitzarmenik onartuko eta ondorioz, enpresa zein sektorean eduki duinak defendatuko ditugula, hala nola:

– Egungo lan-baldintzetan atzera pausorik ez.
– Lan zein negoziazio kolektiboaren erreformetatik babestuko gaituzten neurri eta klausulak jasotzea.
– Prekarietateari aurre egiteko neurriak jasotzea.
– Emakumeen kontratazioa eta gure lan-baldintzaj duinduko dituzten neurriak jasotzea.
– Subrogazioa bermatuko duten klausulak jasotzea.
– Lana eta aberastasunaren banaketa bermatuko duten neurriak jasotzea.

Datorren astelehenean, maiatzaren 28an dago aurreikusita negoziazio mahaiko hurrengo bilera. Patronalak negoziatzeko blokeatzeko estraregiarekin jarraitzen badu LABek argi du bestelako urratsak eman beharko direla. Konfrontazio barik ez da Bizkaiko metalgintzako langileentzat hitzarmen duinik egongo. Lan duina, hitzarmen duinak.