2024-04-19
HomeIdazkaritzakIdazkaritza FeministaPrekarietatearen errealitate prekarioena

Prekarietatearen errealitate prekarioena

Urte luzez egon gara emakumeok etxean giltzapetuta, gure lanak omen zirenak egitera kondenatuta, gizonezkoenak omen ziren esparruetatik kanpo. Borroka handiz lortu genuen egoera hori atzean uztea, ez guztiz hala ere: lan munduan ere esparru berezietara konfinatu gaituzte, zenbait enplegu galarazi eta prekarietatearen prekarioena guretzat gorde. Sektore feminizatuetako langileek bertatik bertara ezagutzen dute errealitate hori. Hala, LAB bidelagun hartuta sektore desberdinetan borrokan diren hainbat emakume bildu ditugu, euren azalean bizi duten bidegabekeria irudikatzeko.

Gipuzkoako helduen egoitzetako eta Donostiako etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileen ordezkariak.

Sistemarentzat bigarren mailakoak diren lanbide zehatz batzuk gorde dituzte emakumeentzat, non lan baldintzak zein lan eskubideak kaskarragoak eta mugatuagoak diren. Jantokietan, garbiketan, merkataritzan, telemarketinean, etxez etxeko lanetan, helduen egoitzetan… prekarietatea baino ez dago emakumeentzat. Eta ez da kasualitatea, ondo pentsatutako plan bat baita; kapitalismoan eta patriarkatuan oinarritutako plan bat, alegia, emakumeak bigarren mailako langileak izateko.

Gauzak horrela, sektore feminizatuetan hainbat borroka daude zabalik Euskal Herrian, emakumeek lan eta bizitza prekarioenak pairatzen dituzten neurrian. Mobilizazioak, grebak eta protestak nonahi daude, eta, horietako gatazka batzuei helduta, sektore desberdinetan borrokan diren hainbat emakume bildu ditugu, euren egunerokoaren berri eman dezaten, sektore feminizatuen egoeraren isla. 

Erandion dagoen Loramendi helduen egoitzako langile Idoia Bustinza eta Kristina Alvarez, Bizkaiko Garbialdiko enpresa batzordeko ordezkari Kontxi Aparicio, Gipuzkoako helduen egoitzetako langile Vanessa Pan eta Nerea Aginaga eta Donostiako etxez etxeko laguntza zerbitzuko langile Ana Martinez Bonatxea eta Pili Larrañaga izan ditugu solaskide, besteren artean.

Zerk eraman zaituzte borrokara? Zeintzuk izan dira borrokaren bidea hartzeko arrazoiak?

IDOIA BUSTINZA: Loramendiko helduen egoitzaren kasuan, geba mugagabean gaude egoitza osoan, irailaren 17az geroztik, eta mobilizazioak egiten ari gara maiatzaz geroztik, garbiketako lan taldearekin elkartasunean. Hamahiru langile gaude garbiketa taldean, sukaldea, garbitegia eta solairuetako garbiketa egiteko. 15 urte daramagu lanaldi partzialarekin, eta egoera honek are eta gehiago areagotzen du prekarietatea.

KRISTINA ALVAREZ: Loramendin dagoen lan karga handitzen joan da urtetik urtera, etenik gabe. Garbiketako lan taldeak asko nabaritu du, lanaldi partzialarekin daudelako, enpresak lanaldi osoa ezarriko ziela agindu zuen arren. Hamar urte pasa dira orduz geroztik, eta ezin dugu gehiago. Osasunean ere eragin handia ari da izaten. Hamahiru langile horietatik zortzik-bederatzik ebakuntzak izan dituzte lanaren esfortzuaren eta gehiegikeriaren ondorioz. Hautsita daude. Bukaera arte jarraituko dugu borrokan, langile hauei lanaldia handitzen dieten arte.

KONTXI APARICIO: Egoera oso antzekoa da sektore guztietan, eta ez dago modurik pairatzen dugun egoera aldatzeko. Aldundiko egoitzetako garbiketako langileei dagokienez, lan karga asko handitu egin da, jubilazioak ez dituzte ordezkatzen, bajak kasu batzuetan ezta ere, oporrak ordu gutxiagorekin kubritzen dira… Baja asko ditugu lan taldean, jendeak ezin du gehiago, eta, gainera, 2010etik dugu hitzarmena izoztuta.

VANESSA PAN: Gipuzkoako helduen egoitzetan bi urte daramagu hitzarmena negoziatzen, negoziatzea deitu ahal bazaio. Urtebete eman dugu aurkeztutako plataformen inguruan erantzunik jaso gabe, eta horrek eraman gaitu mobilizatzera. 5.000 langile gara guztira.

PILI LARRAÑAGA: Donostiako etxez etxeko laguntza zerbitzuan, orotara, 400 langile gara, %99 emakumeak. Enpresaren jarreragatik hasi gara mobilizatzen, hitzarmen berarekin mantendu nahi digutelako, eta, zerbait aldatuz gero, urtetan lortutako hobekuntzak kendu nahi dizkigutelako. Desplazamendua, etxe batetik bestera joaten pasatzen dugun denbora, lanordu gisa kontutan har dezaten eskatzen dugu. Bost ordu igaro ditzakegu astean, joan-etorrietan. Goizeko 8:00etatik 22:00ak arte euren etxera joan gabe dagoenik badago, Irungoak edo Oreretakoak direlako. Eta pentsa zein gogorra den neguan, leku batetik bestera ibiltzeko.

ANA MARTINEZ BONATXEA: Niri gertatu zait askotan, lanaldi murriztua izanik, haurrak 9:00etan ikastolan utzi eta 16:30ean euren bila joatea, korrika, jan gabe. Arnasestuka ibiltzen gara etxez etxeko laguntza zerbitzuan gaudenak, ezin iritsi.

Hain zuzen ere, lanaldi partzialak inposatzea ohikoa izaten da sektore feminizatuetan, horrek ekarri ohi dituen ondorioekin. Zehazki, zein ondorio dira hauek?

IDOIA BUSTINZA: Kaltea baino ez du ekartzen; aurrejubilazio bat lortzeko edo errelebo kontratoa eskuratzeko, esaterako. Lanaldi partzialak zigortzen gaitu, eta ezin ditugu eskubide horiek gureganatu. Horregatik, Loramendiko gatazkaren adibidera bueltatuz, lanaldi partzialarekin 15 urte daramagula kontutan hartuta, eta adin tarte konkretu batean egonik, borroka hau orain irabazten dugu edo etorkizunean ere prekarietatera kondenatuko gaituzte, pentsio are eta baxuagoak izango ditugulako, dagoeneko baxuak direnean. Etorkizuna iluna da langileentzat; bada, are eta ilunagoa litzateke guretzat.

KRISTINA ALVAREZ: Lanaldi partziala %80aren lanaldia izan daiteke, baina ez duzu hilabetean %80 lan egiten gero gehiago libratzeko. Enpresak orduak ajustatzen ditu egunero lanean egon zaitezen, lan karga gehiagorekin gainera. Soldatari dagokionez, bistan da, gutxiago kobratzen, baldintza txarretan iristen zarela hilabete bukaerara.

NEREA AGINAGA: Era guztietako jardunaldiak ditugu helduen egoitzetan, eta, horien arabera, hainbat kasutan egun osoan egon behar duzu eskuragarri. Badaude goizean errefortzu bat egitera doazenak, 8:00etatik 9:30era, eta, arratsaldean, 18:00etatik 22:00ak bitartean, berriro joan behar dutenak.

KONTXI APARICIO: Lanaldia osoa izan beharko litzateke aldundian, 7 orduko eguneko lanaldia, baina, azkenaldian, egiten diren kontratu guztiak hiru ordu eta erdikoak dira. Asko daude kontratu honekin, eta sektore honetan, kasu askotan, hauxe da emakumearen etxean sartzen den soldata bakarra.

Lan duinik gabe ezin da bizitza duinik izan.

IDOIA BUSTINZA: Hala da. Loramendiren kasuan, prekarietatea egoitza osoan dago zabalduta. Kontziliazioan asko eragiten digu. Hain justu, oso librantza gutxi ditugu, sektore honetan hilabetean asteburu bakar bat izaten baitugu jai. Hori dela eta, alaba edo semea eskolaz kanpoko aktibitate batera lagundu nahi izanez gero, ia ezinezkoa egiten zaizu. Zure seme-alaben bizitza galtzen ari zaren sentsasioa duzu. Bestalde, lanetik lehertuta irtetzen zara, bi pertsonen lana pertsona batek egiten baitu, eta honek ere eragin handia du. Hala, etxera iristerakoan, egin nahi duzun gauza bakarra jatea eta sofan etzanda egotea da, eta hori ere ezin duzu egin.

KONTXI APARICIO: Enpresari, Garbialdiri kasu honetan, eskatutako soldata aurrerapenei esker bizi direnak badaude edo baja hartu ezin dutenak, soldataren %70 jasoko luketeelako. Dena den, askok ezin dute gehiago eta, minak jota, baja hartu beharra dute: karpo-kanalaren gaitza, tenistaren ukondoa izeneko lesioa, zerbikaletan mina… lesio hauek errepikatzen dira garbitzaileen artean. Baja asko egon ziren uda aurretik, %65eko absentismoa izateraino aldundiko zentroetan. Kasu tristeak daude, bai, eta hori aldundiari buruz hitz egiten ari garela. Egoera okerragoa da etxeko atariak garbitzen dituzten emakumeentzat, ordu batzuetan atari konkretu batzuk egin behar dituztenentzat, ailegatu ezinik ibiltzen direlarik. Sektore konplikatua da garbiketarena. Denbora atzera eginez gero, esan ohi zen garbiketako lanak ikasketak ez zituztenei egokitzen zitzaiela, baina eszenatokia asko aldatu da gaur egun. Unibertsitateko ikasketadunak daude, beste lanetan ibilitakoak ere, oso ondo prestatutako emakumeak.

PILI LARRAÑAGA: Egoitza batean langileen arteko konplizitatea, elkartasuna, egon daiteke. Etxez etxeko laguntza zerbitzuan, berriz, bakarrik zaude eta den dena zuk pairatu behar duzu. Gainera, etxe zailetan egon zaitezke. Udaleko langileak gainetik egiten du etxe horren azterketa, oso azaletik; hortaz, azkenean, zu zara etxe barrukoa kudeatu behar duena. Hala, egoera zailak bizi izan ditugu lanean: arazo psikikoak dituen jendea topatu dugu, drogekin arazoak dituztenak, familia arteko gatazkak, abandonuak… Hasieran, laneko arazoak etxera eramaten nituen, baina, gero, atea ixten ikasten duzu.

ANA MARTINEZ BONATXEA: Gainera, etxe batetik bestera zoaz. Utzi duzun egoera ahaztu eta hurrengo etxera irribarre batekin joan behar duzu.

Sektore feminizatuetan bizi den egoera prekarioaren aurrean, zein da agintari politikoak jokatzen ari diren papera?

IDOIA BUSTINZA: Nabarmenduko nuke prekarietatearen barruan are eta prekarioago dagoen jendea dagoela; prekarioen artean, prekarioagoak daudela, alegia, eta guztiak emakumeak dira. Asko esaten da honi buruz, baina oso gutxi egiten da konpontzeko. Alderdi politikoek ez dute honekin guztiarekin amaitzeko legerik egiten, enpresen zorionerako, hauek etekina ateratzea besterik ez dutelako buruan. Zentzu honetan, adibide gisa, Loramendik lanaldi partzialak lanaldi oso bihurtzeko proposamena badu, baina langileak kenduz, lan taldean murrizketak eginez. Batzuei lanaldia handitu, eta beste batzuk kaleratu. Horrek prekarietatean sakonduko luke, desagertuko liratekeen langileen lana egokituko zitzaielako geratzen direnei. Berdin jarraituko genuke. Azken finean, enpresak irizpide ekonomikoak besterik ez ditu kontutan hartzen.

KRISTINA ALVAREZ: Zerbitzu gehienak azpikontratatuak daude, eta honek are eta prekaritate gehiago ekartzen du, legeek ahalbidetuta. Esleipenekin hau guztia ahalbidetzen dute. Guztia politika da, azken batean.

KONTXI APARICIO: Garbialdi Bizkaiko Foru Aldundiak duen azpikontrata bat da, 1.200 langile ditu Bizkaia mailan eta langile hauek guztiak ordezkatzen ditugu enpresa batzordean. Aldundiko egoitzetako garbiketan 180 pertsona daude lanean. Momentuz, aldundiak ez du konpromiso garbirik erakutsi enpresarekin dugun gatazka hau konpontzeko. Dakiguna da Garbialdi 2003. urteaz geroztik dabilela lanean aldundiarentzat, eta hurrengo urterako ere sinatu duela.

IDOIA BUSTINZA: Lan Ikuskaritzara zoaz, esaterako, eta harresi bat topatzen duzu, enpresak legearen arabera jokatzen duela esaten baitizute. Bidegabekeria honen aurrean, nora jo jakin gabe geratzen zara. Horregatik, garrantzitsua iruditzen zait erantzuleak seinalatzea, arduradun politikoak seinalatzea, eurek egiten baitituzte prekarietatea sustatzen dituzten legeak. Feminismoa motore bihurtu behar da benetako politikoak behartzeko, itxurakeria egiteari utz diezaioten eta, argazkiak atera beharrean, lege egokiak egin ditzaten.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek ez du sinatu EAEko anbulantzietako aurreakordioa, hilabete luzetako borrokan planteatutako gutxieneko hobekuntzak ez baititu jasotzen

Anbulantzietako langileentzat Osakidetzako lankideekiko homologazioa eta soldataz haragoko bestelako hobekuntzak alde batera utzi dituzte azken asteetan LABi bizkar emanda aritu diren ELA, CCOO eta UGTk. LABek ez du sinatu aurreakordioa.

Patronalaren eta instituzioen utzikeriak dirauen bitartean prekaritateak hiltzen jarraitzen duela salatu dugu Gasteizen

Iragan asteburuan bi Euskal langileren heriotzen berri izan dugu, garraiolari bat Lleidan eta langile autonomo batena, Gasteizen. Gure elkartasuna eta besarkada beroena hurbilekoei.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak iragarritako Herri Ekimen Legegileari babesa adierazi dio LABek, gutxieneko pentsioak 1080 eurotara premiaz osagarritu daitezen

Atzo, apirilak 19, milaka euskal pentsiodun atera ziren kalera. Gasteizen egindako mobilizazioan, 1080 eurotako gutxieneko pentsioa behingoz berma dadin 170 udaletan baino gehiagotan aurkeztutako mozioak izan zituzten hizpide, baita horren segida izango den lantzen dabiltzan Legez besteko Proposamena ere. LABek mugimenduaren aldarriekin bat egiten du eta ekimen berri hau babesten duela adierazi du.