2026-04-22
Blog Page 763

Hazten jarraitu nahi dugu Nafarroan, aldaketarako tresna indartsuagoa izateko #ZureBideLagun

Delegatuen batzarrak deitu ditugu egunotarako, kurtso berriaren etorrerarekin, sindikatuaren erronkei eta hauteskunde sindikalen epealdi trinkorako ezarritako helburuei buruz aritzeko. Gipuzkoako batzarrarekin ekin genion astelehenean errondari, Araba eta Ipar Euskal Herrian egindako batzarrekin eman genion jarraipena asteartean eta asteazkenean, eta, gaur, Nafarroako delegatuen batzarraren txanda izan da.

Iruñean egin dugu Nafarroako delegatuen Batzarra, Sanduzelaiko Civivox-en. LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk eta sindikatuko Antolakuntza idazkari Izaskun Garciak hartu dute hitza, Nafarroako hainbat ordezkarirekin batera.

Hauteskunde sindikaletako epealdi trinkora erronkei dagokionez, ikasturte honetan helburua ordezkaritzaren %16 zela esan dute. Kontua da jada kpuru hori gainditu dugula eta LAB 1.000 ordezkaritik gertu dagoela Nafarroan. "Sindikatuak inoiz baino ordezkaritza handiagoa dauka, eta hazten jarraitu nahi dugu", adierazi dugu. "Nafarroan bilakaera izugarria izan da, 2 puntu baino gehiagoko igoera, ia%14tik %16ra, epealdi honetan gehien igo garen sindikatua izanik", zehaztu dugu. "Nafarroan 1.000 delegatuetara igotzea litzateke erronka berria, hau da, 34 delegatu gehiago lortzea. Horrek %16,52ra igotzea suposatuko luke, 0,6 puntuko igoera", erantsi dugu.

Datuak datu, langileen lekukotasunek ere izan dute tartea batzarrean. "Hazten jarraitu nahi dugu, bai. Baina guretzat haztea ez da helburu bat bere baitan. Guretzat sindikatua borroka sindikala eta aldaketa soziala sustatzeko tresna bat da. Gero eta indar gehiago izan nahi dugu, lantokiz lantoki aldaketak eragin nahi ditugulako; aldaketa handiak eta aldaketa txikiak", azaldu dugu, eta horren inguruan mintzatu dira bost enpresa desberdinetako ordezkariak: Huertas de Peralta, Sin Fronteras, Decahtlon, INSS eta Foru Administrazioa.

Huertas de Peralta Nafarroako hegoaldeko enpresa nagusietako bat da. Orain arte ez dute ordezkaritza sindikalik izan eta antolatzen hasi dira. Sin Fronteras, Soziokomunitario sektoreko enpresa bat da. LAB asko hazten ari da sektore honetan. Decahtlon, berriz, gazteen lan prekarioan oinarritzen den enpresa dugu. LABek gehiengoa lortu zuen duela urte batzuk. INSS, aldiz, Volkswagenekoazpikontrata da. Foru Administrazioa, bere aldetik, bertan, LAB lehen indarra izan zen duela hiru urte. "Bost adibide hauek aipatu ditugu argi erakusten dutelako LAB hauteskundeetan lortzen duen indarra aldaketa txikiak eta aldaketa handiak eragiteko baliagarria dela. Baina ez dugu kasu hauetan gelditu nahi. Azken urteotan LABen izenean aurkeztu eta lantokian LABen egitasmo sindikala garatzeko lan egin duten guztiei egin nahi diegu aitortza. Lorpenak izan dituztenei nahiz korrontearen kontra borrokatu behar izan dituztenei. Denei esker, Nafarroan badago alternatiba", nabarmendu dugu.
 

 

 

Bertan erabakitzeko aldarrikapena Euskal Hirigune Elkargora eraman dugu

Euskal Hirigune Elkargoaren egoitzaren aurrean mobilizatu gara gaur, Baionan. Hain zuzen ere, bertan erabakitzeko eta hortarako behar diren tresnak eraikitzeko aldarrikapena Elkargoak ere bere egin behar duela aldarrikatu dugu, bertako negoziazio eremu bat Euskal Herrian sortua izan dadin. Hala, gutun bat helarazi diogu Elkargoko lehendakari Jean Rene Etxegarairi aldarrikapen honekin.

Hauxe da Euskal Hirigune Elkargoko lehendakari Jean Rene Etxegarairi igorritako gutuna:

2012tik goiti LAB sindikatuak Bertan Erabaki aldarrikapenaren bidez Euskal Herri mailan falta zizkigun instituzioen falta salatzen zuen. Garaian jadanik 2 aldarrikapen nagusi genituen :

1. Eremu sozio ekonomiko iraunkor bat izaitea.

2. CPL « commission paritaire locale » delakoaren moduko Negoziazio kolektibo eremu bat pribatuko langile guztientzat sortzea.

2014 an LABek bere aldarrikapena funtzio publikoari zabaltzen zuen Euskal Herri mailan CDG « centre de gestion » delako bat eskatuz bertako Lurraldeko funtzio publikoko langilentzat.

Azkenean, 2017 an lan eta gogoeta ezberdinei esker, bai hautetsi eta bai jendarte eta Batera plataformari esker besteak beste Euskal Elkargoa sortu da.

Honen bidez lehen aldiko Ipar Euskal Herriak benetako onarpen administratiboa lortu du.

LAB sindikatua kontziente da Euskal Elkargoak dituen erronkak ugariak eta konplexuak direla, baina uste dugu hori ez dela aitzakia izan behar langileok bertan erabakitzeko galdegiten ditugun tresnak ukatzeko.

Hara zergatik gaur gutun ideki hau Euskal Elkargoari helarazten diogun, lehenbailehen langile guzientzat benetako negoziazio kolektibo eremu bat sortua izan dadin. Legeak ematen duen parada segituz 2014tik LAB etengabe lanean aritu da pribatuan ari diren langileentzat Elkargoaren barne izango litzatekeen CPL moduko eremu bat sortzeko.

Hori egingarria izaiteko bertako ordezkaritza edo errepresentibitatearen zenbakiak behar genituzke eta gutun honen bidez beste behin ere zenbaki horiek ukaiteko egin beharrekoa egitea eskatzen dizuegu.

Bestalde, Lurraldeko funtzio publikoko langileei dagokionez, lehenbaitlehen bertako “CDG” delako baten sorrera beharrezkoa dela iduritzen zaigu. Jakinez gaur egun legeak ez duela hori baliabidetzen edo onartzen, momentuz 50 langile baino gutxiagioko egiturentzat « Comité Technique Paritaire intercommunal » delako bakar bat sortzea eskatzen dizuegu.

LABek departamendu mailan diren eskumen edo konpetentzia sozialak errekuperatzea galdegiten du, hemen lan egiten duten pertsona guztiak bertatik kudeatuak izan daitezen.

Ipar Euskal Herria Elkargoaren bitartez hemen bizi diren 300.000 biztanleak kudeatzeko gai bada, bertako langileak eta hauekin lotuak diren gai tekniko eta administratiboak kudeatzeko ere gai izan beharko litzateke. Horrez gain, hurbileko eta kalitatezko zerbitzu publikoak garatzea helburua izanik, lurraldearen errealitateari egokituak diren berezko formakuntzak bermatu beharko lirateke.

Besterik gabe, jakin ezazue zuen erantzunaren zain izanen girela eta zuekin mintzatzeko edo biltzeko prestutasuna beti hor izanen dela.

 

 

 

Bizitza Da Handiena dinamikako auzipetuei elkartasuna adierazi diegu

Bizitza Da Handiena ekimeneko eragile eta sindikatuok elkartasun argazki bat egin dugu gaur, Tabakalera inguruan, babesa adierazteko protesta soziala egiteagatik epaitu nahi dituzten kideei; tartean, LABeko kide Haizea Nuñez abokatua.

Maiatzean, Munduko Turismo Erakundeari Donostian alfonbra gorria jarri zioten bitartean, astebeteko dinamika gauzatu genuen elkarrekin 61 herri mugimendu eta sindikatuk. Oso esperientzia oparoa izan zen. Egungo eredu politikoari kritika egiten zioten dozenaka eta dozenaka jarduera antolatu zituzten astebetean. Ekimenik ikusgarriena, 15 urte baino gehiagoz hutsik zen zortzi solairuko eraikin publiko bat Donostiaren erdialdean okupatzea izan zen.

Bizitza Da Handiena dinamika honen sustatzaileek argi utzi zuten ez zutela indarkeriarik erabiliko. Hala ere, Ertzaintza bertaratu zen eta protesta sozialak zigortu, kolpatu eta erasotu zituen. Orain, dinamikan parte hartu zuten kide batzuen aurkako epaiketak egingo dituzte. Hain zuzen ere, protestetan parte hartzeagatik bi epaiketa izango dira, bata datorren astelehenean, irailak 17, eta bestea hurrengo astean, irailak 25. Elkarretaratzeak deitu dituzte elkartasuna adierazteko auzipetuei, eta, gaur, elkartasun talde argazkia egin dugu eragileok.
 

 

 

Gipuzkoako helduen egoitzetako lan hitzarmenaren alde mobilizatu gara

Urtea beteko da Gipuzkoako helduen egoitzetako lan hitzarmen berria negoziaziatzeko mahaiak azken bilera burutu zuenetik, eta ordutik ez dugu inolako harremanik izan, ez Patronalekin ezta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin ere, nahiz eta LAB sindikatuak hainbat saiakerak egin dituen. Hala, gaur bertan mobilizazioei ekin diegu, Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean. Protestek jarraipena izango dute datozen asteetan.

Gai honetan utzikeria ulertezina da, sektorea herrialdeko hitzarmenik gabe dago eta, langileak 2012ko soldata taula eta lan baldintzekin jarraitzen dutelarik, kasu batzutan lan baldintza okerragoak ere izanez.

LAB sindikatuak, herrialdeko hitzarmenaren negoziazioaren aldeko apustu garbia egin du hasieratik, eta patronal eta instituzioen utzikeria ikusita, mobilizazioekin jarraituko dugu, oraingoan eskualdez eskualde antolatzen hasiko garelarik, besteak beste:

• Irailak 26, 10:00tan kotxe-karabana Buruntza-Goierrin eta 12:00tan elkarretaratzea Ordiziako plazan.

• Urriak 8, 10:00tan kotxe-karabana Oarsoaldean eta 12:00tan elkarretaratzea Oreretako plazan.

• Urriak 23, 10:00tan kotxe-karabana Urola-Kostan eta 12:00tan elkarretaratzea Azpeitiako plazan.

• Azaroak 15, 10:00tan kotxe-karabana Deba-Garaian eta 12:00tan elkarretaratzea Bergarako plazan.

 

 

 

Sektore publikoan gure presentzia indartzea izango dugu erronkatzat Ipar Euskal Herrian

Delegatuen batzarrak egiten ari gara egunotan, hauteskunde sindikaletako epealdi trinkoan murgilduta gauden honetan. Hain zuzen ere, hauteskunde sindikalei begira Hego Euskal Herrian ditugun erronkak jakinarazi ditugu jada Gipuzkoako eta Arabako delegatuen aurrean, eta, bihar, Nafarroako herrialdean ditugun helburuak emango ditugu ezagutzera. Bitartean, Baionan bildu gara gaur, Ipar Euskal Herrian ditugun asmoei buruz hitz egiteko.

Ipar Euskal Herrian sektore publikoan gure sarbidea indartzen jarraitu behar dugula nabarmendu dugu Baionako batzarrean. Hain justu, horretarako aukera izango dugu hemendik hilabete gutxira, abenduan gauzatuko baitira eremu horretan hauteskunde sindikalak.

Eremu pribatuan, berriz, Macronek ezarritako lege aldaketa geroztik, 2019ko abendutik aurrera 11 langiletik gorako enpresetan berritu behar da ordezkaritza. Prozesu horretarako zein eremu pribatuan gure ordezkaritza zabaltzeko sindikatua prestatu beharko dugula jakinarazi dugu, ikasturte honetatik bertatik.

 

 

 

Osakidetzak Bilbon itxitako hiru Etengabeko Arreta Puntuak berriro zabaltzea eskatzen dugu

0
Darponek eta Osakidetzako Zuzendaritzak Osakidetzako zentroak ixten jarraitzen dute, euskal jendarteari emandako osasun zerbitzua gero eta gehiago murriztuz.

2010. urtean, PSE-ren zuzendaritzapean, 42 osasun zentro itxi zituzten larunbat goizez. Harrez geroztik ohikoa da aste santuan eta udan Lehen Arretako zentroen ordutegia murriztea, arratsaldeko 20:00etan itxi beharrean 17:00etan ixtea, alegia. Oraingoan, murrizketak gehiago estutu eta udarako itxitako Bilboko Alde Zaharreko, Txurdinagako eta Santutxu-Solokoetxeko Etengabeko Arreta Puntuak (EAP) ez zabaltzeko erabakia hartu du Osakidetzako Zuzendaritzak. Uda baliatu du EAJk, erabiltzaileoi beste osasun zerbitzu bat lapurtzeko.

Osakidetzako Zuzendaritzak sarri egiten duen bezal,a honako erabakia langileen ordezkaritzari inolako informazioa helarazi barik hartu du. EAP hauek itxi eta gero, bi galdera datozkigu burura:

1) Zer gertatzen da itxitako zentroen erabiltzaileekin?
Osakidetzari bost axola. Erabiltzaileek atean aurkituko dute zentroaren itxiera iragartzen duen paper zati bat eta momentu horretan pairatzen duten gaixotasuna artatzeko Basurtuko larrialdi zerbitzura joan beharko dute, zerbitzu hau are gehiago estutuz.

2) Zer gertatzen da zentro hauetako langileekin?
Alde Zaharreko, Txurdinagako eta Santutxu-Solokoetxeko EAPetan ez dago behin-betiko lanpostua daukan langilerik. Osakidetzak horrela erabiltzen du %38ko behin behineko tasa. Nahikoa du bertan zeuden langileei kontratua ez luzatzearekin lan zentroetako langileak “desagerrarazteko”.

Askotan entzun behar dugu agintarien ahotik osasun baliabideak zentzuz erabili behar ditugula, herritarrok Osakidetzarekiko errespetu falta bagenu bezala. LAB sindikatuaren iritziz, EAJ eta Darpon Sailburua dira euskal jendarteari errespeturik ez diotenak. Herritarren osasun eskubidea ziurtatzen duten zerbitzu publikoak gero eta gehiago murrizten baitituzte, osasun pribatuaren negozioa bultzatzeko.

Amaitzeko, Bilbo-Basurto ESIko zuzendariari, erabaki honetan atzera egiteko eta EAP hauen itxiera bertan behera uzteko eskatzen diogu.
 

 

 

Doakotasuna berehala gauzatzea eskatzen dugu Haurreskoletan, urtean 18.000 eurotik beherako diru-sarrerak dituztenentzat

0
Bihar, irailaren 13an, Gasteizko Legebiltzarrean 2018-2022rako Familiei Laguntza emateko Erakundeen arteko IV. Plana aurkezteko, Enplegu, Gizarte politika eta Gazteria batzordea batuko da. Urte hasieran, Eusko Jaurlaritzak, Foru Aldundiek eta EUDELek konpromisoa hartu zuten familiaren eta haurren aldeko politika publikoak garatzeko, Familien eta Haurren aldeko Ituna sinatuz.

Itun honen baitan, beste batzuen artean, jaso da lehenik Legebiltzarrak eta gerora Euskadiko Eskola Kontseiluak, LABen emendakina bozketara eramanda, Eusko Jaurlaritzari eskatu diotena jaso da: “Haurreskolak Partzuergoan doakotasunaren bidean lehen urrats gisa eta progresibotasunean sakontzeko, 18.000 euro baino gutxiagoko diru sarrerak dituzten familientzat doakoa izan dadila horietarako sarbidea.”

LABek, neurria berandu baino lehen gauzatzea eskatu zuen eta Hezkuntza eta Enplegu eta Gizarte politiketako Sailburuen erantzuna izan zen “2018-19 urteetako epean, kuoten berrikuntza hau gauzatuko da beharrezkoa den prozedurari eta erabakiei jarraiki.”

Ikasturtea jada hasi da, jaiotze-tasaren jaitsierarekin batera, Haur Hezkuntzako lehenengo zikloan kezkagarria den % 2,95ko matrikulazio jaitsierarekin, eta ez dugu familia planean aurkeztu diren neurrien berririk, Beraz, LABek eskatzen du, 2018ko irailean Haurreskolak Partzuergoan hasi diren haurren familiek 18.000 euro baino gutxiagoko diru sarrerak badituzte, doakoa izan dadila, jaiotzatik aukera berdintasunean hezkuntzarako eskubidea bermatzen hasteko.

Haur Hezkuntzako lehenego zikloa (0-3 urte) doakoa, unibertsala, euskalduna eta kalitatekoa izan behar da.
 

 

 

Garbiñe Aranburu: “Herriari hitza ematea inoiz ez da delitu”

0

Euskal Herrian ere presente dugu. Hain zuzen ere, Gasteizen elkartasun mobilizazioa egin dugu gaur, 12:00etan, Kutxa plazan, “Visca la república catalana. Bi herri, borroka bakarra” lemapean.

LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk adierazpenak egin ditu Gasteizen, Diada eguna dela-eta egindako mobilizazioaren harira. "Gure elkartasuna eta babesa adierazi nahi dugu hemendik herri katalanari, Errepublika katalana eraikitzeko irekita duten burujabetza prozesu horretan. Askotan salatu izan dugu Espainiako Estatuaren izaera ez demokratikoa, eta horren erakusle nagusiena da gaur egun preso politikoak daudela eta erbestean jendea dagoela. Horrek erakusten du demokrazia eza, herriari hitza ematea inoiz ez da delitua", nabarmendu du.

LABeko idazkari nagusiaren hitzetan, "astakeria juridiko eta politiko bat da preso eta exiliatu hauen existentzia bera. Horregatik, lehenbailehen beraiek askatzea eskatzen dugu. Espainiako Estatuak, Pedro Sanchezen Gobernuak,  orain arte erakutsi du ez duela inolako eskaintza demokratikorik lurralde ereduaren auziari irtenbide bat emateko, ez Euskal Herriarentzat, ez Kataluniarentzat. Behin eta berriz legalitatearen eztabaidaren barruan urtu edo ezkutatu nahi dute printzipio demokratikoaren eztabaida, eta ezin da herri baten borondatea mugatu legalitatearen eztabaidara, lehenago edo geroago muga horiek apurtzea lortuko delako". 

Garbiñe Aranburuk berretsi du LABetik jarraituko dugula "herritar guztien bizitza duina bermatzearen aldeko borrokan, jarraituko dugu aldaketa sozialaren aldeko borrokan, aldaketa politikoaren aldeko borrokan, burujabetza prozesua sustatuz, bai Euskal Herrian eta baita Katalunian ere. Eta jarraituko dugu Kataluniako presoen askatzea eskatuz, eta baita ere hemen ditugun preso politikoak etxera hurbiltzeko urratsak emateko eskatuz ere".

Bartzelonan
Bestalde, azken urteotan ohitura duen moduan, LAB Katalunian dago gaur egiten ari diren mobilizazioetan parte hartzeko. Hara joan da Koldo Saenz Nazioarteko arduraduna, eta Bartzelonan ANCren deialdiarekin egin du bat. Era berean, arratsaldean, Alerta Solidaria, Arrán, CUP, Endavant eta SEPCk deitutako Bartzelonako mobilizazioan parte hartuko du Saenzek, “Independéncia, socialismo, feminisme. Autodeterminació als Països Catalans. Perqué no decideixein per nosaltres” lemapean egingo dena.

Atzo, berriz, sindikatuen arteko bileran parte hartu zuen LABeko ordezkariak. Autodeterminazio eskubidearen alde eta errepresioaren kontrako adierazpen bat adostu genuen bertan sindikatuok.


 

 

 

Erakundeen, patronalaren eta CCOOren eta UGTren lehentasuna prebentzioari esleituko omen zaion dirua beraien artean banatzea da

0

Lan Arriskuen Fundazioaren diru-laguntzak izango dira puntu bakarra Osalanen Kontseilu Orokorraren bileran, lan istripuak nonahi gertatzen ari diren honetan.

Kezkagarria eta asaldagarria gertatzen ari zaigu lan istripuak EAEn gero eta gehiago izatea. Uztailera arte, eguneko 228 lan-istripu gertatu dira, horietatik, gutxienez, 29 hilgarriak izan dira, eta 112 larriak. Atzo jakin genuen bi istripu larri gertatu zirela: 55 urteko basozain bat larriki zauritu zen Mallabian eta 58 urteko garraiolari bat larriki zauritu zen altzairu xafla deskargatzen ari zela Eibarko Alca enpresan.

Lehenengo eta behin, gure elkartasuna eta sostengua adierazi nahi diegu zauritu diren langileen senideei, adiskideei eta lagunei. Espero dugu ahalik eta bizkorren osatuko direla.
Datuok izugarriak dira, batipat kontuan hartzen badugu lan istripu gehien-gehienak saihets daitezkeela. Esan dezakegu gure lan harremanetan nagusi den prekarietatea lan istripuen oinarrian dagoela.

Urtez urte, hilabeteak joan, hilabeteak etorri, lan-istripuen kopurua handitzen eta handitzen ari da. Langileriari ez zaio bermatzen lan osasunerako eskubidea; ez zaigu bermatzen etxera bizirik itzultzeko eskubidea. Egunerokoan aurre egin ohi dugu egoera tamalgarri honetan salatu nahi dugu erakundeetako arduradunek erakutsi jarrera, ezbehar-kopurua oso handia izatearen arazoa ez dutelako kokatzen haien agenda politikoan. Euskal erakundeetako ordezkariei ez diegu aditu prekarizatze-politika salatzen, aitzitik, sostengua adierazi diote.

Ez diegu aditu senideei sostengu hitzak adierazten, aitzitik, atzokoan bertan Osalanen Kontseilu Orokorrak ohiz kanpoko bilera deitu zuen irailak 13 izango dituenerako, non eztabaidatuko den puntu bakarra Lan Arriskuen Fundazioak ematen dituen diru-laguntzak diren. Aldiz, erakundeen, patronalaren eta CCOOren eta UGTren lehentasuna prebentzioari esleituko omen zaion dirua beraien artean banatzea da. Errealitatea, berez, bestelakoa da: langileok bakar-bakarrik eta guztiz babesgabe gaude, administrazio publikoek beren zereginen utziera egiten dute, eta ez dute egiazko kontrolik egiten enpresetan, ez dute zigor eredugarririk ezartzen. Lotzekotan, hitzordua lotzen dute dirutza banatzeko.

Osalani eta Eusko Jaurlaritzari eskatzen diegu lan osasun politikak erabat alda ditzatela, enpresetan handitu ditzatela lan segurtasun arloko kontrola eta ikuskaritza, eta ez ditzatela ezar lan baldintzen kaskartzea ekarriko dituzten politikak.

LAB sindikatuak eutsi egingo dio langileen eskubideen aldeko lanari eta prekaritatearen aurkako sentsibilizazioa hedatzeari. Sindikatuak emango duen erantzunaren eta mobilizazioen bidez, langileen aurka erabiltzen den bortxa mota honen aurkako erabateko arbuioa artikulatuko dugu gizartean.