2026-01-22
Blog Page 760

Sindikatuok sei greba egun gehiago adostu ditugu gizarte ekimeneko ikastetxeetan

Bi greba-egunei egindako jarraipen zabala ikusita, eta gizarte-ekimeneko ikastetxeetako patronalak bertan geldirik daudenez, ez digute beste biderik utzi grebak eta mobilizazioak areagotzea baino.

Hauxe da LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuok irakurritako oharra, gaurko agerraldian:

Sektore honetako langileok ia hamar urtetan egon gara hitzarmena berritu gabe, eroste-ahalmenaren galera metatuak %10etik gorakoak dira, zentroetako modernizazioa langileon kontura joan da, lan-kargak handituz jasanezinak izateraino. Sektore honetako langile-kidego batzuk (hezkuntza-laguntzako espezialistak eta haur-hezkuntzako lehen zikloko langileak) ugalduz joan dira azken urteotan, kopuruz eta prekarietatez, eta horiek dira, hain zuzen, feminizatuenak eta baldintzarik txarrenak dituztenak; hori dela-eta, premiazkoa da baldintza horiek hobetzeari ekitea. Jaiotza-tasa gutxitu izanak eragina izan du ikastetxe horietan, eta haur-hezkuntzako lehen mailetan hasi dira langileak kaleratzen. Bestalde, zerbitzuen azpikontratazioa ere zabalduz doa, eta horrek kidego jakin batzuen lan-baldintzak prekarizatzea ekarri du bere baitan; 1-DBH eta 2-DBHko irakasleak parekatzea egiteke dago oraindik; eta beharrezkoa da, halaber, Lanbide Heziketa gehiago arautzea.

Sindikatuen eskakizun nagusiak, hitzarmena berritzeari begira, honako hauek dira:

Enplegua:

Akordio bat, enpleguari eusteko eta gelak balizko ixtearen eraginpeko pertsonala birkokatzeko.

Soldatak:

Eroste-ahalmena berreskuratzea.
1-DBHko eta 2-DBHko irakasleen soldatak parekatzea.

Lanaldia eta lan-kargak:

Irakasleen kasuan, ordu osagarriak erreserbatzea eskolak prestatzeko eta ikasleen jarraipena egiteko.

Administrazio eta Zerbitzuetako pertsonalarentzat, lanaldia murriztea.

Lanbide Heziketan lanaldiaren banaketa irregularra adostea.

Bereziki prekarizatuen eta feminizatuen dauden kidegoen lan-baldintzak hobetzea:

Hezkuntza-laguntzako espezialistak: haien lana irakaskuntza-izaerakotzat hartzea, ordu osagarriak ematea lana prestatzeko eta ikasleen jarraipena egiteko, lanaldia modu erregularrean banatzea irailaren 1etik ekainaren 30era arte…

Haur-hezkuntzako lehen zikloko pertsonala: haien lana irakaskuntza-izaerakotzat hartzea, lanaldia murriztea, ordu osagarriak ematea lana prestatzeko eta ikasleen jarraipena egiteko.

Ikasturte honetan 3 greba-egun egin ditugu dagoeneko. Bai martxoaren 20ko grebari, bai maiatzaren 15 eta 16koei erantzun ugari-ugaria eman diete sektoreko langileek, jarraipen-maila %65 eta %70 bitartekoa izan baita. Era berean, mobilizazio eta manifestazioetara oldean joan dira langileak; hortaz, kidegoa guztira 9.000 langilekoa bada, 5.600 langile inguru bildu dira agerraldietan.

Hala ere, sektoreko patronalek ez dute ezta zirkinik ere egin (Kristau Eskola eta AICE-IZEI), negoziazio-mahairako deialdirik egin gabe daude, eta gure eskakizunetako bati ere ez diote erantzun.

Horrez gain, orain arte burutu ditugun 3 greba-egunetan zenbait ikastetxetan greba indargabetzeko irregulartasunak antzeman ditugula salatu nahi dugu. Izan ere, zenbaitetan grebalarien legez kanpoko ordezpenak egin ziren, eta bestetan neurri gabeko deskontuak aplikatu zaizkie grebalariei. Irregulartasun horiek salatu dituzte ordezkariek ikastetxeetako zuzendaritzetan, eta batzuetan lan-ikuskaritzan ere bai. Greba-eskubidearen aurkako eraso horiek onartezinak dira, eta tinko eskatzen diegu patronalei ikastetxeak premiatzeko, oinarrizko eskubide hori urratzeari uztera.

Hori horrela izanik, patronalek ez digute beste aukerarik eman mobilizazioak eta grebak areagotzea baino. Beraz, datorren ikasturteari begira sektorean ordezkaritza dugun sindikatu guztiok sei greba-eguneko deialdia egitea adostu dugu, urriaren 9 eta 10erako, eta azaroaren 27, 28, 29 eta 30erako. Bestalde, benetako negoziaziorik ez dagoen bitartean, boluntarioak diren zereginetan ez parte hartzeko kanpaina bat bultzatzen ari gara ikastetxeetan.

Gainera, batzarrak, elkarretaratzeak eta mobilizazioak egiten jarraituko dugu lantokietan.

 

 

 

Hitza bete eta Bilboko Udaltzaingoa istiluen kontrako tresneriaz ez hornitzeko eskatu diogu Aburto alkateari

Auzo polizia hurbilarekiko agindutako konpromisoa berresteko eskatu dio LABek.

Bilboko Udaltzaingoa istiluen kontrako tresneriaz hornitzeko Udal Gobernuak, Udaltzaingoaren zuzendaritzak eta ELA, SVPE, CCOO eta UGT sindikatuek erakusten duten jarrera setatiaren aurrean, LABetik honakoa adierazi nahi du:

– Bilboko Udal Osoko Bilkuran aho batez onartutako Segurtasunerako Itunean herritarrengandik gertukoa izango den polizia eredua lehenetsi zen.

– Plan hori abian jarri aurretik ere, Udaltzaingoaren azken birmoldaketan zehazki, LABek udaltzainei dagozkien betebeharretatik “ordena publikoa” ezabatzeko eskatu genuen, eta hala egin zen, zeregin hori ez baita udaltzaingoaren eskumena. Horrela bada, Udaltzaingoaren Zuzendaritzak istiluen kontrako protokolo, formakuntza eta materialak atoan kendu behar ditu, eta sindikatuek tresna horien erostea eskatzeko “udaltzainen segurtasunaren” aitzakiari utzi eta haien erabilpenaren kontrako jarrera agertu beharko lukete, udaltzaingoarenak ez diren zereginak egiteko lanabesak direlako.

– Istiluen kontrako jarduerek eta Errefortu Taktikoko Ikuskaritza unitatea hala ezaugarritzeak herritarren konfiantza galaraziko lukete komunitatearekin bat egin nahi duen auzo poliziarekiko, baita herritarren aurrean polizia zapaltzaile bihurtuko ere. Honelako jarduerek, gertutasuna lagundu beharrean, herritarren eta udaltzainen arteko urrunketa erraztea besterik ez dute egiten.

– ELA, SVPE, CCOO eta UGT sindikatuen jarrera arduragabetzat eta ausarkeriatzat jotzen dugu, praktika horiek, udaltzainak arriskuan jartzeaz gain, herritarren mesfidantza edota arbuioa sorraraziko luketelako. Udaltzainen kontra nabarmenki doan jarrera delako uste osoa dugu.

– Bilboko alkate Juan Mari Aburtori dei egiten diogu, Udaltzaingoaren arduradun gorena den neurrian, egoera zuzendu eta auzo polizia hurbilarekiko agindu zuen konpromisoa berrets dezan.

– Segurtasun itunarekin bat egin zuten alderdiei ere dei egiten diegu Udal Gobernuari plan hori betetzeko eska diezaioten eta osterantzean, itunarekikoak eten ditzaten haren arduradunek adostutakoa bete arte.
 

 

 

Mobilizazioekin jarraitzen dute Gasteizko kale garbiketako langileek, astebeteko grebaren atarian

0

Gasteizko kale-garbiketako kontratako langileen egoera gero eta okerragoa dela salatu dute, Andra Mari Zuriaren plazan. Asteazkenean grebari ekingo diote, ekainaren 26a bitartean.
 

 

 

Tasubinsako langileek elkarretaratze bat egin dute Iruñeko Justizia Jauregiaren aurrean

Epaiketa bat izan da gaur Iruñean, Tasubinsa enplegu zentro bereziaren aurka lanbideen arteko gutxieneko soldataren gatazka kolektiboa dela eta. Enpresa batzordea ez zetorren bat SMI maila duten beharginen soldaten kudeaketarekin, larria iruditzen baitzitzaion gutxien kobratzen duten langileen soldatekin jolastea, are gehiago kontuan izanda Tasubinsa enplegu zentro berezia dela. Jokabide hori aldatzeko eskatu zuen batzordeak, baina, enpresak kasurik egin ez zuenez, gatazka kolektiboaren salaketa jarri zuten langileek. Eta kontziliazioan enpresak jarrera aldatu ez zuenez, azkenean epaiketa egin da. Hala, epaiketa hasi aurretik, Tasubinsako langileek eta beren ordezkariek elkarretaratzea egin dute Justizia Jauregiaren atarian.
 

 

 

Emakume eta gizonen arteko soldata-arrakalari aurre egiteko proposamenak aurkeztu ditugu Nafarroako Parlamentuan

LABek agerraldia egin du gaur Nafarroako Parlamentuan, “emakumeen kalitatezko enplegua sustatzea eta soldata arrakala murriztea xede duten proposamenak bilduko dituen txostena” osatuko duen Batzorde Berezian.

Eli Etxeberria (LABeko idazkari Feminista), Maite Barreña (Idazkaritza Feministako kidea) eta Aitziber San Martin (dinamizatzaile feminista sindikatuan) izan dira agerraldian parte hartu duten hiru kideak.

Egoeraren azterketa egin dute lehenik eta behin, Nafarroako emakume eta gizonen arteko soldata-arrakala %18,7an kokatuz. Honek suposatzen du emakumeek gizonek baino 8.153 euro gutxiago kobratzen dutela urtean Nafarroan, batazbeste. Elementu hauek ere nabarmendu dituzte:

• Azken hamar urtetan ez da aldaketarik egon. Soldata arrakala bere baitan mantentzen da
• 250 langiletik gorako enpresa gehienetan ez dira berdintasun planik egin.
• Gehiago kobratzen den sektorean, industrian, ez dago ez neurririk ez asmorik emakumeen sartzea ahalbidetzeko, Volkwagenen kasu, bere berdintasun plana ez betetzeagatik Lan Ikuskaritzan salaketa duena.
• Berdintasun planak ezarri diren enpresetan ez da aldaketa handirik egon. Planak ez dira ebaluatu, neurrriak ez dira martxan jarri, beraz berdintasun planen politikak ez dira arrakastatsuak izan, porrot egin baitute.
• Hainbat enpresetan soldata arrakalaren azkerketa egin dezaten eskaera bat sartu genuela baina oso erantzun gutxi jaso ditugula.
• Soldata arrakalarekin bukatzeko edo hau desagerarazteko neurriak hartzeko, lehenago ezagutu behar ditugu datuak. Gaur egun ez dago informaziorik, ezta informazio hori emateko asmorik enpresen aldetik.

Ondoren, egoera hau gainditzeko neurri zehatzak aurkeztu ditu LABek:

• Berdintasun planak egitearen derrigortasuna enpresa guztietara zabaldu dadila, 250 langile edo gutxiago eduki arren.
• 
Kontziliaziorako eta korrespontsabilitaterako benetako neurriak hartu daitezela.
• Administrazioan aitatasun baimena amatasun baimenarekin parekatzeko hartu den neurria enpresa pribatuetara zabaltzea eta derrigorrezkoa egitea.
• Zerbitzu publikoen garapena ziurtatzea. Murrizketa guztiak atzera botatzea eta azpikontratazioarekin amaitzea frogatua dagoelako eragin zuzena dutela emakumeengan. Publikotik betetzen ez diren zaintza lan guztiez emakumeak arduratu behar dira oraindik orain.
• Zaintza lanen aitortza politikoa, ekonomikoa eta soziala.
• Etxeko langileentzat lan baldintza duinak eta zaintzarako dirulaguntza berdinak.
• Zaintzarako sistema publikoa garatu
• Zaintzeko, ez zaintzeko eta zaindua izateko eskubidea bermatuko duten neurriak martxan jartzea, unibertsalak eta singularrak.
• Haur eskolak doakoak izan daitezela.
• Negoziazio kolektiborako eskubidea ziurtatzea, hori izango delako neurri eraginkorrak lan merkatuan inplementatzeko bidea.
• Estatalizazioaren kontrako neurriak hartu ditzala.

Aldarrikapen hauek guztiz baliagarriak dira soldata-arrakalaren kontrako ekintza plan bat egingo bada. Parlamentuko talde guztiei eskatzen diegu soldata arrakalaren eztabaidan sakontzea, arrakalaren atzean dauden arrazoiak zeintzuk diren azalaraztea eta instituzioetatik arrakala gainditzeko borrokan urrats eraginkorrak ematea. Beraien esku dago arrakalaren auziari dagokion dimentsio politikoa ematea eta borroka honetan konpromisoak hartzea ekimen instituzional eraginkorrak bultzatuz. LAB prest dago benetako bide bat egiteko dezagun elkarlanean aritzeko.

Neurri hauek trantsiziorako neurriak bezala ulertu behar dira, hau da, gaur egungo egoera defendaezina da da baina edozein neurri ezarrita ere ez da guztiz aldatuko, sistema kapitalistan ez baitago emakumeon egoera aldatzeko edo hobetzeko neurri posiblerik sistema bera ikutu gabe. Gutxi batzuen egoera hobetu daiteke baina gainerako guztia bere horretan utziz.

Lan munduan emakumeok pairatzen ditugun diskriminazioak ez dira akatsak, baizik eta errealitate estrukturalak, beraz, martxan jarri beharreko neurriek ere erradikalak eta estrukturalak izan beharko lukete.

Zapalkuntza patriarkala kapitalismoaren parte da eta sexuaren araberako lan banaketa da horren adierazle. Sistema kapitalistak emakumeok zaintza lanak ezeren truke egitera behartzen gaitu sistema berak bizirauteko, eta horregatik, lan merkatuan uzten digun lekua bigarren mailakoa da.

Soldata arrakala ez da kasualitatez sortzen den zerbait, baizik eta bere funtzioak betetzen ditu, hau da, emakumeak lan merkatuaren beharrei erantzuteko erabiliak izatea. Soldata arrakalaren kalkulua egiterakoan etxeko langileen lana ez da kontuan izaten, ezta denboraren erabileraren estatistikak ere, jakiteko zenbat denbora erabiltzen duten emakumezkoek zaintza lana doakoak egiteko eta zenbat gizonezkoek.

Beste eredu berri baten beharra daukagu, pertsonen beharrei erantzuten duen sistema bat eta ez irabaziak maximizatzeko sistema bat, gaur egungo sistema kapitalistak egiten duen bezala.

Bi galderarekin amaitu dute euren agerraldia LABeko kideak. Batetik, alderdi politikoei galdetu diete ia prest al dauden eredu ekonomikoz aldatzeko. Eta bigarrekin, ia uste duten posiblea dela sistema kapitalistan emakumeen egoera hobetzea, lan eta enplegu duina guztiontzat egotea eta pertsonen beharrei erantzutea.

 

 

 

Osakidetzako EPEan egondako irregulartasunen gaineko salaketa formala erregistratu dugu EAEko Auzitegi Nagusian

0

Espero dezagun fiskalak bururaino eramatea ikerketa, mota guztietako erantzukizunak garbitzea eta, behingoz LABek 2011tik aldarrikatu duen EPE sistema berria abiatzea, orain arte gertatu dena berriro gertatzea eragotziko luketen protokoloak martxan ipinita, kategoria guztietan EPE gardenak lortzeko eta mediku espezialisten sistema klientelarrarekin amaitzeko.

EAEko Fiskal Nagusiari indarrean dagoen 2016-17 EPEko mediku espezialisten 12 kategoriatan egondako irregulartasunei buruzko salaketa helarazi diogu. Izan ere, fiskalari guk dauzkagun indizio zein informazio guztiak pasatu dizkiogu, ahalik eta ikerketarik sakonena oinarritzeko helburuarekin, oso larritzat jotzen dugun egoeraren aurrean. Ez gara hitz egiten ari “ospitaleko kideen artean bizkarrean zaplada batzuei buruz”, oso gauza serioei buruz ari gara, errudunak dauzkaten delitu ondo tipifikatuei buruz, hain zuzen ere. Orain, epaitegiei dagokie euren lana egitea eta LABek arduraz jokatuko du ikerketa ez oztopatzeko.

Honi lotuta, edozein informazio edo froga daukaten pertsona guztiei salaketa formalak egitera animatu nahi ditugu.

Bestaldetik, azpimarratu nahi dugu ez dugula sinesten Osakidetzak zein Osasun Sailak abiaturiko edozein ikerketaren inpartzialtasunean, azken asteotan erakunde biak gezurretan ibili direlako, egoera larria argitzearekin baino gertatzen ari zena estaltzeko asmorekin kezkatuago. Darpon eta Mujika gezurretan ibili ziren, salaketa formalik ez zegoela esan zutenean, LABek bazeukalako erregistraturik. Eta gerora, EPEko epaimahaietan ez zegoela Osakidetzako zein Eusko jaurlaritzako goi-kargurik ez zegoela esan dutenean. Gainera, Osakidetza beraren wegbuneko zerrendetan egondako aldaketak salatu behar ditugu eta azterketetako puntuazioak dituzten zerrendetara sarbide askea blokeatu izana. LABen iritziz, bi kargu hauek sinesgarritasuna galdu dute eta euren erantzukizunak euren gain hartu behar dituzte.

Bere aldetik, pasa den ekainaren 6an publikatu diren Kirurgia Orokorra eta Liseriketa Aparatuko kategorian egin ziren azterketetako emaitzetan filtrazioen zantzuak topatu ditugu, nahiz eta era askoz “makillatuagoak”. Ez dezagun ahaztu azterketa hauek balizko filtrazioengatik izandako polemikaren erdian egin direla.

Bestalde, SME sindikatuaren adierazpenek harritzen gaituzte, kontuan hartuta honako OPEa eurek sinatu dutela eta medikuen kategorietako epaimahaietan presentzia masiboa daukatela. 2011an irregulartasunak salatu bazituzten, zer neurri zehatz exijitu zioten Osakidetzari EPEa sinatu baino lehen? Eta tribunaletan egonda, azterketa estatistikorik baino ez daukate indizio bezala?

Irregulartasunak irregulartasun, gaurko agerraldian datu esanguratsu bat eman dute. Asteburuan, 50.000 pertsona egon dira EPEa egiten. Bada, horietatik inork ez du 100 punturik lortu. Irregulartasuna salatu dugun espezialitateen EPEan, berriz, ohiko izan da 100 puntuko azterketekin topatzea.
 

 

 

Borrokan jarraitzeko prest daudela berretsi dute Triman Minerals enpresako langileek

0

Manifestazioa egin zuten ostiralean, Altsasun, enpresa ixteko arriskuan dagoela ohartarazteko.

Hauxe da ostiraleko manifestazioaren harira osatutako adierazpena:

TRIMAN MINERALS eko langileok gure enpresan gertatutakoa salatu nahi dugu. Langileok 5 hilabete daramagu kobratu gabe eta ez dugu zuzendaritzaren inongo berririk.

JOSE LUIS SAN SEGUNDO PEREZ enpresako jabea ez da ari bere funtzioak betetzen eta ez du onartzen langileekin duen zorra. Familiek ondorio larriak pairatzen ditugu eta egoera jasangaitza bizi dugu.

TRIMAN MINERALS, MONCAYO REAL STATE SLU eta SAHER 2000 SLU, enpresak osatzen duten entramatuaren parte da. Talde hau kortijo bat da, enpresa multzo bat pertsona baten menpe dagoena eta gardentasunik gabea. Esate baterako ditugun kontu ekonomiko auditatu bakarrak 2014. urtekoak dira.

Enpresaren gestio txarra da egoeraren arduradun nagusia, 2016ean dibidenduak banatu zituzten langileok nominetan atzerapenak genituen bitartean.

Guzti hau horrela izanda ere, atzo Manu Ayerdik esan zuen bezala abuztuan 1,5 milioi € utzi zizkion SODENAk. Helburua, Argelian zuten proiektu bat aurrera ateratzea. Proiektu hori aurrera ezin izan da atera eta maiatzaren 21ean enpresak konkurtsoa eskatu du.

Ondorioz galdera batzuk egiten dizkiogu geure buruari, Zergatik utzi dizkio 1,5 milioi € SODENAk Jose Luis San Segundo jaunari? Ze bideragarritasun plan zuten erabaki hori hartzeko? Oso larria iruditzen zaigu diru publikoa horrela utzi izana enpresa honi, enpresa hau kortijo bat izan da eta ez dio egoeraren azalpenik sekula eman langileen ordezkaritzari.

Guzti horregatik SODENAk eta enpresako Zuzendaritzak konponbide bat eman behar diote sortu duten egoerari.
• JOSE LUIS SAN SEGUNDO PEREZ ek zor dizkigun nomina guztiak ordaintzea exijitzen dugu.
• JOSE LUIS SAN SEGUNDO PEREZ ek enpresako zuzendaritza utzi behar du eta edozein proiektu industrial erraztu behar du.
• SODENAk enpresa aurrera ateratzeko egon daitezkeen aukera guztiak aztertu behar ditu. Enplegu alternatiba guztiak, zorraren ordainketaren gainetik lehenetsi behar ditu. Ezin da JOSE LUIS SAN SEGUNDO PEREZ buru duen zuzendaritzarekin elkarlanean aritu, Manu Ayerdik aukeratu behar du Sakanako enpleguaren alde egin edo Jose Luis San Segundo Perezen interesak defendatu.
• Badakigu alternatibak daudela eta bereziki Altsasuko lantokiarentzat bat dagoela. Alternatiba honek gaur dauden 20 langileetaz aparte 40 urte gehiago sortu ditzake. Badakigu alternatiba hau gauzatzeko traba nagusia egungo zuzendaritza dela.

Guzti horregatik SODENARI exijitzen diogu utzitako dirua enpleguaren berme gisa erabili dezala.

JOSE LUIS SAN SEGUNDO PEREZ Jaunari exijitzen diogu zor duena ordaindu dezala eta utzi diezaiola bere erantzunkizuna ez betetzeari.

TRIMAN MINERALSeko langileak lanean eta borrokan jarraituko dugu gure eskubideen alde eta Sakanako enpleguaren alde.

 

 

 

Altsasuko gazteen askatasuna exijitu dugu Iruñean, milaka eta milaka herritarrekin batera

0

LABeko ordezkaritza zabal batek bat egin du manifestazioarekin, eta benetako justizia aldarrikatu dugu Euskal Herriarentzat.



Jendetza bildu da gaur Iruñean, LABeko ordezkaritza zabal bat tartean, Altsasuko auzian zigortutako gazteen askatasuna exijitzeko. Sindikatuak bat egin du manifestazioaren deitzale Altsasuko gurasoen eskakizunekin, eta prozedura judizial bidegabe honen hasiera hasieratik egindako aldarria berretsi dugu: beharrezkoa dugu benetako demokrazia ezartzea Euskal Herrian.

LABeko idazkari nagusi ondoko Igor Arroyoren hitzetan, “guk ez dugu nahi estatu antidemokratiko batean bizi. Ez dugu nahi horrelako injustiziarik jasan. Ez dugu nahi horrelako justizia eredu bat izan eta horretarako hemen beharrezkoa dugu demokraziaren aldeko herri erantzun sendo eta zabala ematea, hemen demokrazia eraikitzeko apustu estrategiko bat egitea, eta, Altsasukoak aske nahi ditugun bezala, Euskal Herrian ere benetako justizia eta demokrazia finkatzea”.
 

 

 

Garaipena WECen hitzarmenaren negoziazioan

0


Hamar egunetan greba egin ostean, Aguraingo WECeko langileek hitzarmen bat sinatzea lortu dute, lan-baldintza duinagoak izateko. Gaurko batzarrean erabateko babesa jaso du akordioak.

Ia bi aste iraun duen grebari eta borrokari esker, hitzarmena berritua izan da.

Lehenik eta behin, langileria zoriondu nahi dugu borrokarako erakutsi duten grina eta gogoagatik. Bagenekien grebara joateak zer suposatzen zuen, eta mantendutako jarrerak indarberrituta amaitzea ekarri digu. LAB-etik uste dugu sinatutako hitzarmena ona dela, duina dela. Badakigu ere langileen artean iritzi ezberdinak egongo direla, batzuk gustura egongo direlarik eta beste batzuk ez hainbeste. Baina zintzoki esan dezakegu hitzarmen justua dela uste dugula, kolektiboki lortu diren hobekuntzez gain, lantokian dauden postu ahulenak indartzen dituelako. Laburtzen, hauxe da denon artean lortutakoa lortutakoa:

• Aurreko hitzarmenetik abiatzen gara. Ez dugu pausu bakar bat atzera eman, eta duela urtebete baino hitzarmen hobea dugu.
• Soldata igoerei dagokionez, 2018rako %2,5-eko igoera jaso da, eta datozen 3 urtetarako KPI+%0,5-eko igoerak. Gure soldata gaurkotzeaz gain, eros-ahalmena mantenduko eta hobetuko dugu.
• PLUS-ak ere hobetu dira. Gaueko plusa 12,28€tik 16€ra pasa da, eta toxikoei dagokienez, 4,5€tik 5€ra. Gainera, berauek ere eguneratuko dira hurrengo urteetarako jasotako igoerekin bat.
• Kategorietan, benetan zaila izan da adostasunera iristea. Azkenean, langileok esan diguzuenari jaramon, kategoria baxuenak hobetu ditugu eta gainerakoa guztion artean banatu dugu egoera bera desblokeatu arte.
• Jardunaldian ere hobekuntza nabarmena lortu dugu, norberak hartzeko 2 egun gehigarri adostu ditugularik. Langileok aspalditik genuen aldarrikapen bat bete dugu. Gainera, musulman kolektiboak Ramadan garaian bere deskantsua nola kudeatu berrikusi ahal izango du.
• Laneko arropa garbiketa langile guztientzat izango da, gure etxeko garbigailuan arropa garbitu beharko ez dugularik.
• Lan erreformatik babesteko klausulak berritu dira, aurrera-eragin mugagabea duelarik. Hau da, beste hitzarmen bat sinatu arte honakoa aplikatzen jarraituko da.

Berriro ere, LAB-ek argi du hitzarmen hau ezinezkoa izango zela borroka gabe. Gogorra izan den arren, pena merezi izan du, eta kalean egon diren horiei guztiei esker, mobilizazioetan parte hartu duten herritarrei esker, eta bereziki langile konprometitu eta borrokalariei esker lortu dugu. Finean, zuei esker!!

Honelako egunetan beharrezkoa da egindakoaren goraipamena burutzea, langile antolatu, konprometitu eta borrokarako prest daudenak izango direlako patronalaren amaigabeko gosea geldiaraziko dutenak. Egoera hobetu dela behin eta berriro esaten diguten arren, langileon baldintzetan ezer gutxi hobetu da, eta prekarietatea kronifikatzeko arriskuan gaude.

Orain, sinatutakoa betetzen dela ziurtatu beharra dugu. Honetaz gain, edonolako galdera, zalantza, argipen edota bestelakorik behar izan ezkero, jarri gurekin harremanetan eta laguntzen saiatuko gara. Eta nola ez, nolabaiteko iradokizun edo salaketarik izan ezkero, zuen esanetara gaude ere. Denon ardura delako!