2026-07-16
Blog Page 754

Irekiera mugagabedunen merkataritza ereduaren aurka mobilizatu gara berriro

Supercor-en aurrean, Bilboko Errekalde Zumarkalean, eta Carrefour Express-en atarian, Katalunia kalean, San Inazion, bildu gara gaur protesta egiteko.

Igande eta jai-egunetako irekieren kontra LAB, ELA, CCOO, UGT, ESK eta CGT-k osatutako Bizkaia, Gipuzkoa eta Araba-ko plataformatik, adierazi nahi dugu DIA&GO, Carrefour Express, Simply 7×7, BM Urban eta Opencor bezalako ereduen guztiz kontra gaudela.

Irekiera mugagabedunen komertzio modelo hauen erabat kontra gaude, merkataritza sektorea bultzatu ordez, langileen lanaldia malgutu eta es­plotatu egiten dituztelako. Langile batzuen beharrizanaz eta prekarietateaz baliatzen dira 365 egun irekiak dauden dendak ezarri edo goizeko 08:00etatik gaueko 23:00ak arte ordutegien handitzeak ezartzeko. Auzo eta herrietako merkataritza eta, ondorioz, sektoreko enplegua suntsitzen dute, soilik kate handietako jabeak aberastuz.
 

 

 

Urtebeteko negoziaketa zailen ostean iritsi da akordioa Bizkaiko arrain kontserba eta gazituen sektorean

0

Bizkaiko arrain kontserba eta gazituen sektoreko langileek aurreakordioa lortu dute, sindikatuak eta patronalak 12 hilabetetan 19 aldiz bildu eta gero. Lanuzteak deituta zeuden aste honetarako, baina, azken bileran, LAB, UGT eta CCOO sindikatuok patronalarekin adostasuna lortu eta gero, lanuzteak bertan behera utzi eta akordioa erdietsi dugu. LABek jakinarazi duen moduan, zaila izan da adostasun batera iristea. Akordatutako gaien artean, soldatak eta lizentziak izan dira gakoak. "Langileen artean emakumeak nagusi diren sektorea da, eta, hau horrela izanik, lizentzia eta beharrizan bereziak behar dituzte izan", adierazi dugu gaur eskainitako agerraldi batean.

LABen Gernikako egoitzan agerraldi bat egin dugu gaur, akordioaren nondik norakoen berri emateko.

Hitzarmena hiru urteetan indarrean egotea adostu dugu patronalarekin, hots, 2018, 2019 eta 2020an. Urteroko soldata igoerak ere adostu ditugu, aurreko urteko KPI +%0,25.

Era berean, beste lorpen batzuen artean, batzorde bat eratuko da Berdintasun Plana adosteko, 50 langiletatik gorako enpresetan, kategoriak aztertzeko; sindikatu eta enpresa bateko delegatuen artean ordu sindikalak akumulatzea ahalbidetuko da; lizentzietan hobekuntzak adostu dira; eta mahai negoziatzailearen aurretik lortutako akordio guztia mantentzea erabaki da.

Baimenei dagokienez, osasun arazoengatik espezialistarengana jo behar izanez gero, langileek behar dituzten orduak izango dituzte eskura. Bestalde, senideei laguntzeko zortzi ordu eta ospitaleratuta dauden senideak zaintzeko bost egun izango dituzte. Egun bakarreko ospitaleratzeetarako ere baimena izango dute.

Hitzarmen berria eragin orokorrekoa da. Alde sozialaren eta patronalaren gehiengoak sinatu duenez, kontratu iraunkorrak edo aldi baterakoak dituzten guztiek jasoko dituzte onurak, eta hori oso garrantzitsua da. Akordio honi esker, Estatu mailatik datozen mehatxu eta erasoen aurrean sektoreko langileen lan baldintzak babesten dituen hitzarmen bat dugu orain. LABetik hainbestetan oihukatzen dugun “hemen lan egin, hemen erabaki” aldarrikapena egikaritu dugu oraingoan eta hori lorpen oso garrantzitsua da, lan harremanetarako euskal esparruaren defentsan dihardugunontzat. Paradoxikoa da aldarrikapen hori bera duen sindikatu batek akordio honekin bat egin ez izana eta sindikatu horrek berak estatalizazioaren aurkako borroka Madrilen kokatzea, zer eta Estatalizazioa bultzatu duten eragileei eskua luzatuz.

 

 

 

Gizarte ekimeneko ikastetxeetako patronalek langileen aldarrikapenei erantzunik eman gabe jarraitzen dutenez, mobilizazio eta grebekin jarraitu beste biderik ez digute uzten

LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuok azaroak 27 eta 30 bitarteko 4 greba egunak babestera animatzen ditugu ikastetxeetako langileak.

Pasa den ikasturtean gauzatutako 3 greba egunei (Martxoak 20 eta Maiatzak 15-16), ikasturte honetan, Urriak 9 eta 10ean, gauzatutako beste 2 greba egun gehitu behar zaizkio jadanik. Bost greba egunek erantzun masiboa jaso dute sektoreko langileen aldetik, jarraipen-maila %65 eta %70 bitartekoa izanik. Era berean, mobilizazio eta manifestazioetara oldean doaz langileak; horrela, ikastetxe batzuetako zuzendaritzek, grebalarien legez kanpoko ordezkatze bidez greba indargabetzeko saiakerak gauzatu dituzten arren, ez dute lortu, kidegoa guztira 9.000 langile ingurukoa bada, 5.000 langiletik gora bildu baitira behin eta berriro greba egun hauetan antolatutako agerraldi eta manifestazioetan.

Urriak 9 eta 10eko greba egunek langileen aldetik izandako jarraipen zabalaren ondorioz, sektoreko patronal nagusiaren zuzendari orokorra (Kristau Eskola), sindikatuoi hilabete horretan bertan negoziazio mahairako deia luzatuko zigutela publikoki adierazi beharrean ikusi zen.

Patronalak mugiarazi ditugu, eta mahaia deitu beharrean ikusi dira, baina azken egunotan mahai gainean jarritako azken proposamena, grebetara eraman gaituzten aldarrikapenetatik urrun dago oraindik, eta 2017ko Azaroan egina zeukaten proposamenarekiko ez dute aurrerapauso nabarmenik suposatzen (sindikatuok mahaitik altxatu ginen). Agerikoa da beraz, patronalen negoziaketarako aldarterik eza.

Egoera honen aurrean, sindikatuoi, publiko egindako mobilizazio eta grebekin jarraitu beste biderik ez digute uzten. Beraz, ikastetxeetako langile guztiak animatu nahi ditugu datozen Azaroak 27 eta 30 bitarteko 4 greba egunak babestu eta antolatuko diren ekintzetan parte hartzera. Baita ikastetxeetan bultzatzen ari garen batzar eta elkarretaratzeetan zein borondatezkoak ez diren zereginetan planto egiteko kanpainan parte hartzera ere benetako negoziazioari ekiten ez dioten bitartean.

Sektoreko langileok ia hamar urtetan egon gara hitzarmena berritu gabe, eroste-ahalmenaren galera metatuak %10etik gorakoak dira, pedagogien modernizazioa, digitalizazioa eta hezkuntza-berrikuntza langileon kontura joan da, lan-kargak handituz jasanezinak izateraino. Sektore honetako langile-kidego batzuk (hezkuntza-laguntzako espezialistak eta haur-hezkuntzako lehen zikloko langileak) ugalduz joan dira azken urteotan, kopuruz eta prekarietatez, eta horiek dira, hain zuzen, feminizatuenak eta baldintzarik txarrenak dituztenak; hori dela-eta, premiazkoa da baldintza horiek hobetzeari ekitea. Jaiotza-tasa gutxitu izanak eragina izan du ikastetxeetan, eta haur-hezkuntzako lehen mailetan hasi dira langileak kaleratzen. Bestalde, zerbitzuen azpikontratazioa ere zabalduz doa, eta horrek kidego jakin batzuen lan-baldintzak prekarizatzea ekarri du bere baitan; 1-DBH eta 2-DBHko irakasleak parekatzea egiteke dago oraindik; eta beharrezkoa da, halaber, Lanbide Heziketa gehiago arautzea.

Hitzarmen berri baterako aldarrikapen nagusiak

Enplegua:
Akordio bat, enpleguari eusteko eta gelak balizko ixtearen eraginpeko pertsonala birkokatzeko.

Soldatak:
Eroste-ahalmena berreskuratzea.
1-DBHko eta 2-DBHko irakasleen soldatak parekatzea.

Lanaldia eta lan-kargak:
Irakasleen kasuan, ordu osagarriak erreserbatzea eskolak prestatzeko eta ikasleen jarraipena egiteko, zein urtean dedikazio ez presentzialeko 70 orduren aitortza.

Administrazio eta Zerbitzuetako pertsonalarentzat, lanaldia murriztea.

Lanbide Heziketan lanaldiaren banaketa adostea.

Bereziki prekarizatuen eta feminizatuen dauden kidegoen lan-baldintzak nabarmen hobetzea:

Hezkuntza-laguntzako espezialistak: haien lana irakaskuntza-izaerakotzat hartzea, ordu osagarriak ematea lana prestatzeko eta ikasleen jarraipena egiteko, lanaldia modu erregularrean banatzea irailaren 1etik ekainaren 30era arte.

Haur-hezkuntzako lehen zikloko langileak: haien lana irakaskuntza-izaerakotzat hartzea, lanaldia murriztea, ordu osagarriak ematea lana prestatzeko eta ikasleen jarraipena egiteko.

 

 

 

Italiako eskola eta ospitaletako jangela eredugarrienak ezagutu ditugu bertatik bertara

Italian izan gara, euskal ordezkaritza baten partaide gisa, herrialde hartako eskola eta ospitaletako jangela eredu batzuk bertatik bertara ezagutzeko. Hain zuzen ere, zenbait kasutan, Perugia herriko eskolan adibidez, gurasoak eurak dira jangela ereduaren parte, eta tokian tokiko produktuei lekua egin ohi diete. Honako hau partaidetza prozesu aitzindaria da Italian.



"Gure platera gure aukera" dinamikaren baitan egin dugu Italiara bidaia, gonbidatutako euskal ordezkaritzaren parte izan baita LAB. Hain zuzen ere, "Gure platera gure aukera" hezkuntza-komunitate, lehen sektore eta gizartetik sortu den eskaera bati erantzuteko jaio da: egungo eskola-jantokien eredua aldatzeko nahia. 2000 urteko araudi batek “kudeaketa zuzena” izeneko eredu bakar baten bidez kudeatzera derrigortzen ditu EAEko ikastetxe publikoetako jantoki guztiak. Catering enpresa batek kudeatzen ditu jantokiak, eta poliki-poliki sukalde guztiak desagertzen ari dira.

Aldaketa prozesua mingarria izan zen kasu askotan; izan ere, ikasleen elikaduraren kontrola galdu zen ikastetxeetan. Egun batetik bestera apurtu egin ziren erlazioak harategi, merkatu, okindegi, portuko arrantzale eta nekazariekin. Catering enpresak hartu zuen erosketa eta prozesu osoaren ardura.

Horregatik familia askok galdetzen diogu gure buruari: Zer jaten dute gure seme-alabek? Catering-enpresek unean-unean informazioa bidaltzen diete familiei ematen dituzten menuei buruz, baita nutrizio-baloreena ere batzuetan, baina ez dira gardenak elikagaien jatorri edo kalitateari buruzko informazioa eskatzen zaienean.

Ekimen hau osatzen dugun taldeek eskola-jantoki OSASUNTSU, BERTAKO ETA JUSTUA aldarrikatzen dugu. Horretarako, aldaketak proposatzen ditugu, eskola-jantokia espazio integral eta integratzailea izan dadin eta ez bakarrik sukaldaritza “zerbitzu” bat. Landa-eremu bizia eta lehen sektorea sartzearen aldeko apustu politikoen laguntzarekin egin behar dira aldaketa hauek.

Eskola jantokiek duten balore pedagogikoa berriro hartzea nahi dugu eta gure seme-alaben elikadura gure inguru eta kulturarekin bat etortzea. Hala, jaki kilometrikoak ekidingo ditugu, hau da, gure platerera iristeko distantzia luzeak, horrek dakartzan eraginekin ingurugiroan gizartean eta arlo ekonomikoan. Honengatik guztiagatik, eskola-jantokien aldaketa eskaerak biltzen dituen elkargunea da "Gure platera gure aukera" dinamika.

 

 

 

Munduko Federazio Sindikalarekin bildu gara aliantzak sendotzeko

0

LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburu eta sindikatuko Nazioarteko idazkari Koldo Saenz Atenasen daude. Bilera izan dute gaur, Munduko Federazio Sindikaleko ordezkariekin, Europako eta nazioarteko testuinguruari buruz iritziak trukatzeko eta aliantzak sendotzeko.
 

 

 

Maria Jesus Mujica deklaratzera deitua izateak, Fiskaltzak ikerketa aurrera eramateko borondatea duela erakusteko urrats garrantzitsua suposatzen du

0
Aste honetan jakin izan dugu, batetik, ikerkerta 6 hilabeteko epean luzatuko dela eta beste alde batetik, Maria Jesus Mujica Osakidetzako zuzendari ohia deklaratzera deitua izango dela. LAB sindikatuak, ESKrekin batera Fiskaltzara jo zuenean, Mediku espezialisteen LEParen inguruko iruzurra frogratzeko geneukan informazio guztia fiskalaren esku utzi zuen, Fiskalak behar zen ikerketa sendoa eta irmoa aurrera egiteko esperantzarekin.

Azken berri hauekin, LABek egindako salaketa eta eskainitako informazioa ikerketa horretan lagungarri izango delakoan gaude.

Horregatik, ikerketa bere bidea egitea eta iruzurrean ardura guztiak argitzea espero dugu, eta horretan, orain arte bezala, lagunduko dugu.
 

 

 

Entzutegi Nazionalak OTRAS sindikatuaren estatutuak baliogabetzearen kontra gaude

OTRAS sindikatuaren legeztatzean gobernuak sindikatua atzera botatzeko hartu zituen erabakiak edo gaur bertan Entzutegi Nazionalak hartutako erabakiak, prostituzioaren gaia agenda politiko eta mediatikoan sartu du berriro. Eta bistakoa da eztabaidak gatazkatsua eta oso korapilatsua izaten jarraitzen duela.

Prostituzioa existitzen den enplegu bat da, OTRAS sindikatua sortu aurretik eta hauen estatutuak baliogabetu ostean ere. Prostituzioa existitzen da eta begien aurrean ematen da. Industria oso bat dago, non eskubiderik ez duten bakarrak sexu langileak diren. Estatu egituren itxurakeria salatu nahi dugu erregulazioaren eztabaida edo jarduera horrek “enpleguaren” izaera duen ala ez aitzakia bezala erabiltzen dutelako.

LAB sindikatuan sexu lanaren inguruko posizio eta ikuspegi desberdinak izanda ere, argi duguna da sindikalizatzeko eta antolatzeko eskubide guztia dutela da. Eskubideak izateko sarbidea enplegua den jendartetan, enplegua ukatzeak eskubideak ukatzea dakar eta guk, eskubideak izateko
eskubidea aldarrikatzen dugu eta borrokatzen dugu. Enpleguaren definizioa erabaki politikoa da eta beraz, enplegua zer den edo zer ez den erabakitzeko eztabaida sozial bat ireki beharko da, bitartean enplegua bada eskubideak izateko tresna eskubide guztiak pertsonak guztiontzat defendatzen ditugu, beraz, sexu langileentzat ere.

Haien eskubideen alde borrokatzeko zilegitasun eta eskubide guztia dute.

Horregatik, LAB sindikatuak, Entzutegi Nazionalak hartutako erabakiaren kontra dagoela adierazi nahi du eta emakume guztiek haien interesen defentsan antolatzeko eskubidea babestuko duela adierazten du.
 

 

 

Loramendiko grebalariek Nafarroara eraman dituzte euren aldarrikapenak

Erandioko Sanitas Loramendi egoitzako langileek hilabete daramate greban, lan baldintza duinen alde. Beren borroka Nafarroara ekarri dute gaur, eta ordubeteko bi elkarretaratze egin dituzte Sanitasek dituen bi egoitzaren aitzinean, Lizarran eta Iruñean. Astelehenean Barakaldon izan ziren, Sanitas taldearen beste egoitza baten aurrean protesta egiten.

Iruñeko protesta.

 

 

 

Oiartzun ibaian ekintza bat egingo dute larunbatean, Oreretan, Euskal Herria aterpe lurra dela aldarrikatzeko

Hainbat eragilek bat egin dute gaur Oreretan, Oiartzun ibaian larunbatean egingo duten ekintza aurkezteko. Errefuxiatuen aldeko ekimena 17:00etan izango da, Oreretan bertan.

Hauxe da gaurko agerraldian irakurri duten adierazpena:

EUSKAL HERRIA, ATERPE LURRA

IAZ, Atlantikaldia jaiaren baitan Errenteria-Oreretan bizi diren jatorri desberdineko herritar eta komunitateen aniztasun kulturalak baduela lekua gurean aldarrikatzeko eta, bide batez, Atlantikoa eta Mediterraneoa bat egiteko asmoz, Oiartzun ibaian BUSTITZEA erabaki genuen.

AURTEN, HERRIEN ASTEAN txertatuz, Euskal Herria, eta bereziki Oarso-Bidasoa, zeharkatzen duten migratzaileen arazoa azpimarratu nahi dugu, Oiartzun ibaian egingo dugun ekintzaren bitartez.

Izan ere, Euskal herria eta, bereziki, gure eskualdea muga eremua denez, merkantzia eta pertsonen igaro bidea da. Begi bistakoa da azken hilabeteotan pertsona gehiago igarotzen ari dela mugarantz; baina, sistematikoki, polizia frantsesak afrikar beltzei kontrol arrazistak ezartzen dizkie, honantz itzul araziz. Horren ondorioz pertsona horiek Irungo aldean geratzen dira blokeaturik, jarraitzeko aukerak topatu arte.

Horrek guztiak, migrazio gaietan dena delako erantzukizuna duten instituzioak, arretatsuagoak eta eraginkorragoak izatera bultzatu beharko lituzke, harrera azpiegiturak egokituz. Baina, zoritxarrez, usu ez da horrela gertatzen, eta pertsona horietako asko, larri eta behar gorrian geratzen dira, inongo babesik gabe.

Horrez gainera, zenbait komunikabidek konpondu baino, larritu egiten du egoera, emigranteen inbasioa eta uholdearen diskurtsoa eraikiz, alarma eta beldurra elikatuz, antsietate soziala sustatuz, migrazio kontrol polizial arrazistak justifika eta aplika daitezen: beroan egindako kanporaketak, erreskateen ukatzea, teknologia militar gero eta sofistikatuagoaren erabilpena barne kanpo mugetan, pertsonak atzeman eta geldiarazteko. Diskurtso eta eraikuntza sozial horrek, emigranteak ilegalak, mehatxua diren kriminalak edo salbatu ezin ditugun biktimak bihur arazten ditu.

Egoera horri aurre egiteko, Uztailean, Donostia eta Irunen Harrera Sarea sortu zen, Frantziara bidean diren migratzaile jarioari erantzuna emateko.

Hori da bidea, behar larriei erantzuten zaion aldi berean, instituzioei zer egin behar duten erakutsiz.