2026-01-23
Blog Page 753

Euskadiko Eskola Kontseiluak izkutatu egin zuen haurreskolen doakotasunaren inguruan onartutako emendakina

0

Aurreko astean, Euskadiko Eskola Kontseiluko Osoko bilkuran 2015-2017ko Euskadiko Hezkuntza Sistemaren inguruko txostena onartu zen. Txosten horretan, datu estatistikoak oinarri hartuta, EAEko hezkuntza sistemaren inguruan azterketa bat egiten da, eta proposamen ezberdinak egiten dira honen hobekuntzarako.

Osoko bilkuran, LAB sindikatuak txostenari bere onespena emateko 11 emendakin aurkeztu zituen. Haurreskolen inguruan, euskalduntzea lortzeko hizkuntza ereduak gainditzeko, segregazioaren kontra, berdintasunaren inguruan… 11 emendakin horietatik 3 onartu zituen batzar iraunkorrak, beste 2 adostu genituen eta emendakin bat osoko bilkuran bozkatu eta onartu egin zen.

Onartutako emendakinak horrela dio: ”Haurreskolen doakotasuna helburua izanik eta horren bidean, 18.000 euro baino gutxiagoko diru sarrerak dituzten familiei haurreskola dohanik izango dutela bermatu behar da. Izan ere, haurreskolen doakotasunaren helburua lortzeko beste neurrietan sakondu behar da”.

Uztailaren 3an, Euskadiko Eskola Kontseiluko lehendakaria den Nelida Zaitegik, prentsaurreko baten bitartez, txostenaren proposamenak aurkeztu zituen. Baina aurkezpen horretan, Eskola Kontseiluko Lehendakariak, osoko bilkuran kontseiluko batzorde iraunkorraren iritziaren kontran bozketaren bitartez onartu zen haurreskolen doakotasunaren inguruko proposamena aipatu gabe utzi zuen. Huts egite hau ez da kasualitatea izan. Huts egite honek EAJ eta Hezkuntza saila haurreskolen doakotasunaren kontrako eta hauek Hezkuntza Sailean integratzeko kontrako politikari erantzuten dio.

LABek Euskadiko Eskola Kontseilua Hezkuntza Sailaren menpeko tresna dela salatu nahi du. Hezkuntza komunitateak eta Eusko Legebiltzarrak argi eta garbi esan dio Hezkuntza Saila Haurreskolak doakoak izan behar direla eta Kontseiluak errealitate hori manipulatu du, ezabatuz.

Izan ere, LABek Eskola Kontseiluko Lehendakariari ausardia eskatzen dio EAJ eta Hezkuntza Departamentuaren txotxongiloa ez bihurtzeko.

Gauzak horrela, gure kezka azaldu nahi dugu Eskola Kontseiluaren osaketa eta kudeaketaren inguruan. Osaketak ez dio EAEko Hezkuntza Komunitatearen ordezkaritzari erantzuten, EAJren

interesen araberako ordezkaritza dagoelarik. Hala, hezkuntza-komunitatearen gehiengo zabalaren ideiak, gutxiengoan gelditzen dira Kontseiluan. Horren adibide mingarria da, besteak beste, hizkuntza ereduak gainditzeko konpromiso eza edo hezkuntzako langile guztien eta publikoko ordezkaritzaren oniritzik gabe, Oinarrizko Hezkuntza Akordioaren dokumentuari jarraipena ematea eta parlamentura eramate.

Beraz, arazo larri hauek konpontzeko LABek neurri zehatzak eskatuko ditu, Euskadiko Eskola Kontseilua hezkuntza komunitate osoa ordezkatzeko, parte hartzailea eta kudeaketan gardena izateko.
 

 

 

Osakidetzak zentsuratutako “Zorroztarria” erakusketa ikusgai izan da Donostia Ospitalaren aurrean

Osakidetzaren debakuaren aurrean, LABek Zigor Merodio presoaren “Zorroztarria” eskultura-lanak jasotzen dituen argazki erakusketa (Edu Martinezen argazkiekin eta Alaitz Areitio eta Jon Troitiñoren testu eta bertsoek lagunduta) ikusgai jarri ditu gaur Donostia Ospitalaren aurrean. Gogoratu zuzendaritzak debekatu egin duela programaturik egon arren.

LABek erakusketa egiteko proposamena urtarrilean helarazi zuen, erakusketa areto bezala erabiltzen den Donostia Ospitaleko sarreran. Harrezkeroztik, ekainerako programaturik zegoen erakusketa kudeatzeko ospitaleko komunikazio taldearekin egon gara harremanetan.

Ospitaleko arduradunek erakusketaren eduki zein egileei buruzko informazioa zeukaten arren (erakusketaren esteka helarazi genien), debekua azken momentuan heldu zaigu, Donostia ESIk berak egina zuenean erakusketa iragartzeko kartela, egileen izenik agertu gabe, gainontzeko erakusketa beti agertzen direnean.

Gerente zein komunikazio arduradunarekiko bilera batera izan ginen deituak eta bertan azaldu ziguten ezin zutela erakusketa egin “sentsibilitateak ez mintzeko”. Eman ziguten argudio bakarra zera izan zen: “haiek ez dutela polemikarik nahi eta egileen izenek ekarriko dutela”.

Zentsura hutsezko kasu baten aurrean gaude, inposaturiko zigorra betetzen ari diren pertsona preso batzuen adierazpen artistikoa zentsuratzeko inolako arrazoirik gabe. Osakidetzak, kasu honetan Donostia ESIko zuzendaritzak, bere irizpidea inposatu du eta bertan behera utzi du Euskal Herriko toki askotan ikusgai egon den erakusketa. Horrela ulertzen du Osakidetzak adierazpen askatasuna.
 

 

 

Erregimenaren murrizketak lehengoratuko dituen Nafarroako hezkuntza itunari baiezko baldintzatua emango diogu

0

LABek baiezko baldintzatua emango dio Nafarroako Irakaskuntza publikoko itunari, akordio horrek erregimenaren murrizketak geldiarazi eta etorkizuneko hezkuntza sistema eraikitzeko lehen urratsak ezartzen dituela iritzita.

Itun horrek aintzat hartzen ditu azken hilabeteotan LABek defendatu dituen puntu nagusiak eta gure oinarriekin kontsultak egin eta gero sinaduraren aldeko iritzia ia ahobatekoa izan da. Hauexek baitziren gure eskaeren plataforman bideratu nahi genituen arlorik garrantzitsuenak:

  • Irakastorduak bi ordutan jaistea, Lehen zein Bigarren Hezkuntzan.
  • Ordezkapenen bat dagoenean lehen egunetik bideratzen hastea.
  • Gelako ikasleen ratioak murrizketen aurreko egoerara jaistea.
  • Euskarazko Lanbide Heziketaren funtzionamendu egokia bermatzea eta ziklo gehiago zabaltzea.
  • Landa eremuko eskolen oinarrizko beharrei behingoz erantzutea, ratio berriak ezarriaz eta zuzendaritza ordu gehiago onartuaz, besteak beste.
  • Berrikuntza pedagogikoan sakontzeko neurriak hartzea.
  • 55 urtetik gorakoei irakastorduak gradualki gutxitzea.
  • PAI gainditzera datorren eleaniztasun eredu inklusibo berriaren ezarpenari bide ematea.

Puntu horiek guztiak onartuak izan dira itunaren zirriborroan eta oinarri egokia iruditzen zaigu aurrera begirako hezkuntza sistema hezitzaileagoa eraikitzeko bidean. 

LABek iritzi hau ez du bero-beroan hartu. Urtebete baino gehiago negoziatzen jardun eta gero, afiliazioarekin egindako barne galdeketan nabarmen izan da gure oinarriek itun honi agertu dioten babesa. Beraz, bai gure oinarrien iritziari baita mobilizazioei esker itun hau bideratzen lagundu digun hezkuntza komunitateari zor diogun begirunea dela-eta, LABek konpromiso bikoitza plazaratu nahi du itun horren inguruan.

Ituna behin abian jarrita, bertan adostutakoa betearazteko eta jukutriak saihesteko begirale-lan zorrotza egitea da gure lehen konpromisoa. Hala nola, Hezkuntza kalitatearen bermea izatea bultzatuko dugu. Administrazioak bere konpromisoak betetzea izango da gure lehentasuna.

Bigarren konpromisoa itun hau babestea izango da, batez ere interes politiko zehatz batzuei erantzunez hainbatek egingo dion erasoa aintzat hartuta. Itun horrek aldaketaren aldeko lau alderdi politikoek sinatu zuten akordio programatikoaren puntu nagusiak errespetatzeaz gain, etorkizunean bide arin eta luzeagoa egiteko lehen urratsak egitea ahalbidetuko digu. Beraz, adi egongo gara kanpotik etortzen diren eraso guztiei, une honetan erregimenaren fronte politiko eta sindikala hasi baita bere logika politikoarekin lan eremuari dagokien aferak kutsatzen eta horretatik onura politiko-elektoralak bilatzen. Horren adibidea da ikastordu murrizketak eta aniztasunaren trataera nahasteko eta gai horren inguruan anabasa eragiteko egunotan egon den saiakera. Irakasleentzat onuragarriak diren neurriak murrizketen garaian sortutako baldintzen logikarekin oztopatzea zarpaila iruditzen zaigu eta inolako soluziorik mahai gainean jarri gabe neurri horiek kritikatzea, arduragabekeria galanta. Horrez gain, kontuan dugu hitzarmen kolektiboen estatalizazio prozesua hortxe dugula eta horrek gure lan baldintzen hobetzea arriskuan jartzen duela nabarmen. Marko estatalaren egungo gehiegizko menpekotasunak nabarmen baldintzatu du itun honen negoziazio prozesua.

Horren aurrean, eta itunaren aplikazioak eragin ditzakeen balizko disfuntzioak (murrizketen ondorioz sortu zirenak, ez ahaztu) bideratzeko lau mahai tekniko sortzea proposatu du LABek, honoko gaiak landuko dituztenak: aniztasunaren trataera, ebaluazio eredua, ordezkapenak eta programa eleanitzaren garapena. 

 

 

Bilbo ez da Harrera Hiria eta Udala ez du borondaterik gai honi benetan eusteko

Azken egunetan Euskal Herrian, eta bereziki Bilbon, migrante eta errefuxiatuak bizitzen ari diren egoera guztiz onartezina da. Azkeneko aste honetan, migrante eta errefuxiatu taldeak iristen ari dira eta euskal erakunde publikoen inplikazioa eta sostengua ez da nahikoa izaten ari. Beraz, kolapsoz hitz egiten dugunean, ez da bereziki migrante eta errefuxiatu asko iritsi direlako, baizik eta jarri diren neurri eta baliabideak oso urriak izan direlako eta izaten ari direlako. LABek egoera hau irmoki salatu nahi du eta dei egiten diegu langile guztiei Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak deituriko elkarretaratze, mobilizazio eta elkartasun ekimenetan parte hartzeko.

Ez dugu ahaztu behar egoera honen erantzule zuzena lehen munduko potentzia inperialistak eta nazioarteko kapitala dela. Langileon kontrako erasoak biderkatzen ari dira mundu guztian eta horren ondorio zuzenak dira desplazamenduak eta migrazio fenomenoak. Zentzu horretan, perspektiba hau argi izan behar dugu, izan ere, egoera honen erantzulea nazioarteko kapitala eta bere inguruan artikulatzen den botere korporatiboa da. Langileen arteko lehia bihurtu nahi duten fenomeno honek izen bakarra du: mundu mailako klase bortoka.

Honen aurrean, gure herrira datozen migrante eta errefuxiatuei behar bezalako harrera egin behar diegu eta horren erantzule nagusiak instituzioak dira. Egun hauetan bizi dugun errealitatea, hain zuzen ere, Bilboko Udalak eta Eusko Jaurlaritzaren utzikeria izan da. Ez dute inolako baliabiderik artikulatu honen aurrean eta beraien ardura ekiditzen ari dira.

Alde batetik, Bilboko Udalak ez du inolako dispositiborik artikulatu; Gurutze Gorriak 40 plazako lokal bat ireki du egoerari aurre egiteko eta Udaleko GLUZ zerbitzua (Gizarte Larrialdeetarako Udal Zerbitzua) kolapsatuta dago. Hiriko zerbitzu sozialetan defizit estruktural bat dago horrelako egoera sozialei aurre egiteko. Gainera, ez dezagun ahaztu Juan Maria Aburto Alkateak orain dela gutxi irratian egindako elkarrizketa batean esandakoa: Udalak ez du aurreikusten proiektu edo plan zehatzik egitea errefuxiatu eta migranteen beharrizanei aurre egiteko. Beraz, argi eta garbi esan dezakegu, Bilbo ez dela Harrera Hiria eta Udalak ez duela borondaterik gai honi benetan eusteko.

Eusko Jaurlaritzak, aldiz, 2017ko apirilean Harrera Plana garatzeko konpromezua hartu zuen eta egun, ez dugu inolako berririk horren inguruan. Aste honetako egoera konkretuari dagokionean, Jonan Fernandezek, Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusiak, aitortu du egoeraren berri zutela baina ohiko zerbitzu sozialek gainezka egin dutela. Nola ulertu daiteke egoera honen berri izatea eta bestelako neurri berezirik ez hartzea? Gainera, idazkari nagusiaren arabera, koordinazioa erabatekoa eta hobezina da eta errefuxiatu eta migranteek askok uko egin diote zerbitzu horiek erabiltzeari. Hori faltsua da, izan ere, Bilbon 30 pertsona zerbitzu horietatik kano geratu dira eta herritarren lanari eta antolakuntzari esker, bestelako leku bat bilatu zaie. Erantzun herritarrarengatik ez balitz, pertsona horiek kalean egongo lirateke gaua pasatzen.

Esan bezala, goraipatzekoa da herritarren erantzuna eta antolakuntza maila. Langileon arteko elkartasunak mugarik ez duela argi geratu da eta instituzioen utzikeriaren aurrean, herriak beste behin erantzun du. Instituzioak dira honen arduradun nagusiak eta ulergaitza da beraien jarrera eta jokaera. Migrante eta errefuxiatuen fluxu hau konstante bat izango da hurrengo hilabeteetan eta beraz, ezinbestekoa da alde batetik larrialdietarako dispositibo bat martxan jartzea eta beste alde batetik, erakunde publiko ezberdinen artean Harrera Plan bat artikulatzea.

Gainera, dei egiten diegu langile guztiei Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak deituriko elkarretaratze, mobilizazio eta elkartasun ekimenetan parte hartzeko, besteak beste, “Baliabideak orain” lemapean gaur uztailaren 4an (19:00etatik 00:00etara) eta bihar 5ean (10:30-13:00) Bilboko udaletxean egingo direnak.
 

 

 

Donostia Ospitaleko sarreran ikusgai egoteko onartuta zegoen “Zorroztarria” erakusketa zentsuratu du Osakidetzak

Zigor Merodio presoaren “Zorroztarria” eskultura-lanak jasotzen dituen argazki erakusketa (Edu Martinezen argazkiekin eta Alaitz Areitio eta Jon Troitiñoren testu eta bertsoek lagunduta) ezin izan da egon ikusgai Donostia Ospitaleko sarrera nagusian ESI horretako zuzendaritzak debekatu egin duelako, duela hilabete batzuk programaturik egon arren. Debekuari erantzunez, LABek ospitaleko atariraino eramango du erakusketa, mundu guztiak ikusi ahal izateko Osakidetzak bai ala bai estali nahi duen hori. Eguna: uztailak 5, osteguna, goizeko 11.00etan.

LABek erakusketa egiteko proposamena urtarrilean helarazi zuen, erakusketa areto bezala erabiltzen den Donostia Ospitaleko sarreran. Harrezkeroztik, ekainerako programaturik zegoen erakusketa kudeatzeko ospitaleko komunikazio taldearekin egon gara harremanetan.

Ospitaleko arduradunek erakusketaren eduki zein egileei buruzko informazioa zeukaten arren (erakusketaren esteka helarazi genien), debekua azken momentuan heldu zaigu, Donostia ESIk berak egina zuenean erakusketa iragartzeko kartela, egileen izenik agertu gabe, gainontzeko erakusketa beti agertzen direnean.

Gerente zein komunikazio arduradunarekiko bilera batera izan ginen deituak eta bertan azaldu ziguten ezin zutela erakusketa egin “sentsibilitateak ez mintzeko”. Eman ziguten argudio bakarra zera izan zen: “haiek ez dutela polemikarik nahi eta egileen izenek ekarriko dutela”.

Zentsura hutsezko kasu baten aurrean gaude, inposaturiko zigorra betetzen ari diren pertsona preso batzuen adierazpen artistikoa zentsuratzeko inolako arrazoirik gabe. Osakidetzak, kasu honetan Donostia ESIko zuzendaritzak, bere irizpidea inposatu du eta bertan behera utzi du Euskal Herriko toki askotan ikusgai egon den erakusketa. Horrela ulertzen du Osakidetzak adierazpen askatasuna.

Debekuari erantzunez, LABek ospitaleko atariraino eramango du erakusketa, mundu guztiak ikusi ahal izateko Osakidetzak bai ala bai estali nahi duen hori.

Eguna: uztailak 5, osteguna.
Ordua: 11.00etan

 

 

 

Greba eta mobilizazio egun berriak Gipuzkoako errepide bidezko bidaiarien garraioaren hitzarmenaren defentsan

Ekainaren 8an Gipuzkoako errepide bidezko bidaiarien garraioaren hitzarmenean lortutako aurreakordioa betetzeko patronalak erakutsi duen jarrera ezkorraren aurrean langileak greba eta mobilizazio egunak iragarri dituzte. Gaur Diputazioaren aurrean egindako elkarretaratzeari lau greba egun gehituko zaizkie, uztailaren 13, 14, 20, 21ean.

SINDIKATUON IRAKURKETA



 

 

 


Langileon baldintzak langileokin negoziatzea exijitzen diogu Jaurlaritzari

Eusko Jaurlaritza, aurten ere Estatuko Aurrekontu Orokorrak Espainiako Kongresuak onartu zain gelditu da bere menpean gauden langileon soldatak zehazteko. Urkulluren gobernua lan baldintzak langileokin negoziatu baino, Madrilek uzten dizkion zirrikituak kudeatzera mugatu da berriro, eta soldata igoerak asteartean iragarri zituen dagoeneko.

Aldebakarreko erabaki honen aurrean LABeko Zerbitzu Publikoen Federaziotik lau kontu adierazi nahi ditugu:

Batetik, Estatuko Aurrekontuak EAJk PPrekin eta ondoren PSOErekin negoziatu, adostu eta sutsu defendatu dituela, aurrekontu horiexek bere eginez.

Bigarrenik, Jaurlaritzak iragarritako %1,75eko soldata igoera KPIaren igoeraren aurreikuspenaren azpitik gelditzen da. Azken urteetan lapurtu digutena ez berreskuratzeaz gain, eros-ahalmena galtzen jarraituko dugu langileok, dagoeneko %15ekoa dela kontuan hartuta.

Hirugarrenik, Itzarrirako iragarritako ekarpen gehigarriak ez die langileon eskariei erantzuten, ezta horretan ere lapurtutakoa berreskurapenean ere. Jaurlaritzak Itzarri bultzatzeko duen interes propioari erantzuten diolakoan gaude, eta langileoi kendutako zeharkako soldataren zatia %3an zegoen murrizketen aurretik.

Laugarrenik, ekarpen gehigarri horrek soldatentzako dirua egon badagoela adierazten du hain zuzen, eta LABek eros-ahalmena berreskuratzeko formulak adosteko exijitzen dio Eusko Jaurlaritzari. Gainera, diru sail hori zeharkako soldatetarako baino, zuzenekoetara bideratuz gero kolokan jarri nahi duten pentsioen sistema publikoa da lagunduko duguna.

Eusko Jaurlaritzak berriro argi utzi digu langileoi borrokatu gabe ez dugula emaitzarik jasoko, eta EAJk Madrilekin adosten dituen neurri neoliberalen menpe geldituko garela. LABek marko espainiarra alboan uzten duen bideari ekiteko eskatzen die berriro ere EAJri eta Eusko Jaurlaritzari, eta euskaldunok geure zerbitzu publikoak definitzen has gaitezen. EAEko Mahai Orokorrean, zein eremu eta erabaki honetatik kanpo gelditzen diren Euskal Herriko gainontzeko administrazio eta zerbitzu publikoetan horren alde borrokatuko dugu.

Euskal Herrian, 2018ko uztailaren 4an 

 

 

LABek ez du ontzat ematen Osakidetzaren Lehen Mailako Arretarako estrategia

LABek ez du bat egiten Osasun Sailak eta Osakidetzak osatu duten “Euskadiko Lehen Mailako Arretarako Estrategia” izeneko dokumentuaren edukiekin. Izan ere, oinarrizko dokumentu baten aurrean gaudelako eta ekarpenei irekita egon behar duelako, Osakidetzako Zuzendaritzari dokumentuaren gaineko desadostasuna eta hain garrantzitsua den Lehen Mailako Arreta esparrua hobetzeko gure proposamenak helarazi dizkiogu.

LABetik ulertzen dugu ikuspegi guztiz partziala eta autokritikarik gabea duen estrategia dela osasunaren benetako erronken inguruan, eta oso urruti dagoena lehen arreta biztanleriaren osasunerako funtsezko oinarri ikustetik. “Pertsonen osasun integralaren aldeko apustua” ezin daiteke diseinatu osasunaren determinanteak zeintzuk diren argi uzten ez duen osasunaren diagnostikorik gabe, ezta biztanleria homogeneizatzea ere, ez delako berdina Gasteizen, Aian edo Barakaldon bizi eta lan egitea, gizon, emakume edo nahi dena izatea edo baliabide ekonomiko gehiago edo gutxiago izatea.

Bestalde, LABetik apustu egiten dugu langileei dagozkien irizpideak homogeneizatzearen alde, profesionalen arteko aldeak sortzen dituztenak eta adiskidekeriari ateak zabaldu. Horrela, ametsezkoa da langile-talde motibatu eta parte-hartzailea nahi izatea osasungintzako egitura burokratizatu eta hierarkizatzen denean langileei erabaki eta hausnarketarako tresnak kenduz, prestakuntzarako denbora barik, laneko egonkortasun barik, edo prestigioa nahi izatea Lehen Mailako Arretarentzat estrukturalki, ekonomikoki eta baita ideologikoki ere, plangintzatea guztiz ospitalzentrista denean, bere atazetako batzuk Lehen Mailako Arretan deskargatuz.

Berdina gertatzen da uneoro biztanleriari zuzentzen gatzaizkionean goi mailako teknologia sustatuz, farmazeutiken irizpideek gidatzen gaituztenean, bizitzaren medikalizazioari aurre egiten ez zaionean, sustapena eta prebentzioa modu egokian egin barik, gero eta kontsumistagoa den jendarte batean, eta jendarte boteretua nahi izatea osasunari dagokionean, osasun kontsumoa horrela murriztuz. Bai ala bai produzitu behar duen jendarte bat, zeinetan zigortu egiten den gaixotzea, berehalako erantzunak behar dituena, zaintza guztiz baliorik gabe duena eta emakumeen esku utzia. Medikuntza aldiz, are eta gehiago gainbaloratzen da are eta interbentzionistagoa denean, biztanle zein profesionalek zenbat eta froga tekniko eta diagnostiko egin eta medikazio gehiago erabiltzen denean.

LABen ulertzen dugu Lehen Mailako Arreta osasun sistemarako sarbidea izan behar dela. Hori da arretaren oinarrizko eta hasierako maila eta osasun arretaren globaltasun eta jarraikortasuna bermatu behar da pertsonaren bizitza osoan zehar. Osakidetzaren estrategia aldaketa aldiz, paradigma aldaketa batetik pasatzen da argiki “rol prebentibo batetik Lehen Mailako Arretaren elementu definitzaile bezala rol aktiboagora arreta prozesuan”, txostena irakurri ondoren ikusten den bezala. Honetan, lan komunitarioa egiteko espazioa guztiz anekdotikoa da.

Nahiko mugitua den momentu batean argitaratzen da dokumentua, profesionalak, batez ere fakultatiboak, erantzuten ari direnean egoera jasanezinaren aurrean (kontsulten saturazioa, ordezkatzerik ez, espezializatuaren konpetentziak onartzea…) euren lan-baldintzak salatzeaz gain, euren ezintasuna salatzen dutenean euren osasunarekiko kontrola handi dezaten pertsonak gaitzearen alde lan egiteko. LAB estrategiaren urgentzia eta beharra partekatzen du, Osakidetzak mespretxatu eta bere asmo merkantilistan baliatzen duena.

Lerro estrategikoak baloratzerakoan, ezin dugu erabilitako terminologia ahaztu, hotza eta urrunekoa osasun terminoetan, gertuago dagoena zerbitzu enpresetatik eta enpresen kultura batetik (emaitza onak, zerbitzuak hornitzeko sistema (…). Genero hizkuntza ere ez da zaintzen dokumentu osoan zehar, baztertu beharko liratekeen estereotipoak proiektatuz. Era berean, familia-kontziliazioaz hitz egiten denean “kontziliazioa eta korrespontsabilitate” terminoetan egin beharra dago.

Beste alde batetik, dokumentuaren zatirik handiena langile fakultatibo eta erizainei buruz ari da, berriro ahaztuz, aipamen labur batzuk kenduta, erizain laguntzaileak eta sanitarioak ez diren gainontzeko langileak, guztiz beharrekoak Lehen Mailako Arretan eta zeregin funtsezkoa dutenak lanerako ekipoetan. Osakidetzak ikusezin bihurtzen dituen langileak eta pixkanaka osasun zentro eta anbulatorioetan murrizten dituenak.

Azkenik, rol eta figura berriek, langileen mugikortasunak, euren ebaluazioak ezagutzen ez ditugun ezarritako prozesuen zabaltzeak, eta honezkero tramitean dauden ekintzak planteatzeak, argi uzten digu Osakidetzak duen interes apala bere profesionalek lehen eskutik ezagutu dezagun zein den bere plana, horrela duda asko sortuz eta bere balorazio eta onarpena zailduz.

Lehen Arretarako estrategia berri baten premia konpartitzen dugu, baina aipaturiko estrategia eztabaida prozesu zabal baten emaitza izan behar da; prozesu bat non Lehen Arretako zentro guztietako langileek, erabiltzaileek eta sindikatuok hartzen dugun parte. Hau da, itxurakeriaz eta Osakidetza zein Osasun Saileko kudeatzaileen bulegoetatik inposaturiko ildoaz haratago gauzatu ez den benetako eztabaida errealaz ari gara, funtsezkoa izango dena benetan helmuga eskuratuko badugu. Eztabaida publiko bati buruz hitz egiten ari gara, metodologia eta data argiekin. Zentzu honetan, modu urgentean ireki behar den eztabaida prozesu horretako ekarpen xumea egin nahi izan dugu osatu eta Osakidetzari helarazi diogun dokumentuarekin. Azkenik, Zuzendaritzari helaraztearekin batera, lehen mailako arretako langileen artean zabaltzen hasi gara, eurek ere ekarpenak egin ditzaten eta hain beharrezko ikusten dugun eztabaida sustatzeko.

Euskal Herria, 2018ko uztailaren 4an 

 

 

Borroka eta greba ugari piztuta, ekintza sindikal berritua emaitzak ematen hasi da


Azken Biltzar Nagusitik bueltan ekintza sindikal berrituan sakontzearen aldeko apustua egin dugu eta urte bete pasa denean bide onean goazela esateko moduan gaude. Gaur apustu horri eusteak urte honetan eman dituen fruituak azaltzen dituen txostena aurkeztu dugu. Ekintza sindikala berritu dugu eraginkortasuna irabazteko eta esparru ezberdinetan emaitzak ikusi ditugu.


Kurtso honetako LABen erronka nagusia, Biltzar Nagusian hartutako erabakiari jarraituz, lantokietako borrokak eta grebak areagotzea izan da, patronala eta botere politikoekiko gure indar korrelazioa aldatzeko. Helburua argia izan da: langileok pairatzen ari garen pobretze eta prekarizazioari aurre egin eta prozesu horrekin amaitzea.

Bide horretan pauso esanguratsuak eman ditugu, borroken eta greben berpiztea lortu dugu. Lantokietako borrokak areagotu ditugu, negoziaziotik harago prekarietatearen kontrako borrokak piztu dira, langile kolektibo berrientzako eskaintza zabaldu dugu, estatalizaziori aurre egin diogu, soldata arrakalaren kontrako dinamika bultzatu dugu eta gazteen prekarietateari aurre egiteko aliantzak lortu ditugu. 

Egindako bidea datuetara ekarrita:

  • 120 borroka piztu dira
  • 64 borroketan greba erabili da. Bi borrokatik bat (%54) grebak lagundua izan da.
  • 26 borroka lan zentru sektore feminizatuetakoak dira. Borroken %22 eremu feminizatuetakoak dira.
  • 85 borroka itxita daude, emaitzekin. Borroken %71 positiboki ebatzi dira.
  • 35 borroka (%29) irekita daude.
  • Sektore mailako borrokak 33 izan dira. Eremu feminizatuetakoak 11 borroka. 15 borroka oraindik indarrean dira. Grebak lagunduta 20 borroka gauzatu dira.
  • Enpresa mailako borrokak 87 izan dira. Eremu feminizatuetakoak 15 borroka. 20 borroka oraindik indarrean dira. Grebak lagunduta 44 borroka gauzatu dira.

Azken hamarkadetan jasan dugun inboluzio sozialari aurre egin beharra dago, erreformaz erreforma prekarietatea legeztatu dute, lan harreman eredu antidemokratikoa ezarri dute patronalaren aldebakartasuna indartuz eta sindikalgintza indargabetzeko erabakiak hartu dituzte.

Ekintza sindikal klasikoari topeak jarri dizkiote eta honi aurre egin behar diogu; horretan ari gara. Garbiñe Aranburuk, LABeko idazkari nagusiak,  kontrabotere izaeran sakontzeko gako nagusia lantokietatako borrokak indartzeko gaitasunean kokatu du, eta "prekarizazio prozesuari mugak jarri eta langileen soldata eta lan baldintzak hobetzeko, lantokietako ekintza sindikala, lantokietako gatazkak indartu behar" direla esan du.

Langileok borrokarako dugun tresna nagusiena greba da eta grebak bi premisa izan behar ditu: patronalari ahalik eta kostu handiena eragitea eta langileei ahalik eta onura handiena ekartzea.

Bi premisa hauen arabera, langileen behar eta lehentasunak kontuan hartuta, sektore edota enpresa bakoitzeko errealitatearen araberako borroka diseinuak landu ditugu aurten. Eta lantokietako borrokak sozializatu eta beste langile edota herritarrengan elkartasuna bilatzea ere garrantzitsua izan da.

Borrokara modu egokiagoan iristeko "Borroka kutxa" indartu dugu Kobertura handitu da, egoera berriak aintzat hartuz, kutxatik laguntza jasotzeko beharrezkoak diren greba egunak murriztuz eta greba egun bakoitzeko jasoko den kopurua handituz.

Lantokiz lantoki egiten dugun borrokarekin batera, Aranburuk, alternatiba orokorrago bat eskatzen dutela adierazi du ere,  Lan Harremanetarako Euskal Esparruaren aldeko borroka indartu beharra dugula aldarrikatuz.

Amaitzeko LABeko idazkari nagusiak egungo joko arauen topeak gainditzeko hemendik aurrera ere ekintza sindikal berrian sakontzen jarraituko dugula esan du, hartutako erabakiarekin "eraginkortasunean irabazten ari garelako".