2026-02-14
Blog Page 742

Negoziaziorako proposamen bat egin dugu Mahai Orokorrean

Administrazioko Mahai Orokorraren bilera egin da gaur Gasteizen, Eusko Jaurlaritzan. Hori dela eta, elkarretaratze bat egin dugu “Zerbitzu publikoen defentsan, hemen erabaki” lemapean.

Pasa den astean Erkoreka sailburuak iragarri zuen gidoia ez da aldatu gaur izandako administrazioen Mahai Orokorrean. Madriletik zehazten diren irizpideen araberako proposamenak jarri dituzte mahaiaren gainean, beraien esanetan negoziaziorako margen eskasarekin. Eusko Jaurlaritzaren jarrera beraz ez da aldatu eta estatutik eratortzen zaizkigun mugak bereak egiten ditu, euskal zerbitzu publikoen kaltetan.

Langileen borrokaren bitartez irabazitako hainbat eskubide berretsi behar izan dira gaurko Mahaian. Asteko 35 orduen jardunaldia mantentzeko akordio berri bat sinatu behar izan dugu estatuko gobernuaren ekimena saihesteko. Gaixotasun arruntak direla eta soldata osagarrien berreskurapena sindikatuon aspaldiko aldarrikapena izan da, irakaskuntzan izandako grebak eta borrokaldi luzea eta gero lortutakoa hain zuzen.

Soldatari dagokionez, urrira arte itxoin beharko dugu 2018 soldata igoera eskuratzeko. Atal honetan erabat salagarria da gobernuaren jokamoldea; Madrileko Mahaian gastu araua bermatzeko adosten diren soldata igoerak hemen inposatu eta gainera berandu ordaindu. 2019 urteari dagokionez zaharrak berri. Madrilen adostutako igoera da muga eta hemen ez da beste ezer negoziatzen.

EAEko administrazioetarako Mahai Orokorrean beraz negoziazio kolektiboa garatu gabe jarraitzen dugu. Madrilen erdiesten diren akordioak inposatzen dira eta ez zaie euskal zerbitzu publikoek dituzten erronkei heltzen. Langile publikook daukagun erronka garrantzitsuetako bat eros ahalmenaren galeraren berreskurapena da. 2010 urtean %5 murriztu egin zen gure soldata eta gerora soldatak izoztu edo KPIaren azpitik dauden igoerak agindu dira. Behin eta berriro gobernuari berreskuratze plan bat negoziatzea eskatu diogu baina alferrik. Horrexegatik gaurkoan LABekgobernuari proposamen zehatz bat luzatu dio, Mahai Orokorra benetako negoziazio mahaia izan dadin.

Egindako proposamena erabat bideragarria izan daiteke borondate politikoa badago, beste hainbat administrazioetan egin den bezala. Proposamenaren ardatza gobernuak langileekin duen zorraren aitortza egitea da. Hortik aurrera gure planteamendua zor hori hiru urteetan berreskuratzea izango litzateke, betiere urtero KPIa bermatzen duen oinarrizko igoera bat izanda. Berreskuratzeko ere balio ez duen Itzarrirentzako ekarpenaz egin duen proposamenak argi uzten du zuzeneko soldatarako dirua egon badagoela, baina bestelako asmoak ditu Jaurlaritzak.

Soldata igoeraz harago hainbat gai gelditu zaizkigu gaur bileran hitz egin gabe. Enplegu egonkortasunerako kontsolidazio prozesuetaz ez dakigu ezer. Behin-behinekotasun tasekin bukatzeko planteamendu propiorik ez dauka gobernuak, beti Madriletik etortzen denaren zain baitago. Gaixotasun arruntak mutualitateek baino, osasun zerbitzu publikoek jarraitzeaz era ez du hitz egin nahi.

LABek beraz ez du onartzen gobernuak Mahai Orokorrari eman nahi dion bigarren mailako papera. Gure ustez hori urteetan egindako murrizketak betikotzeko amarru bat besterik ez da, jakin badakigu Madriletik ez dela murrizketak leheneratzeko planteamendurik etorriko. Hori dela eta gure eskuetan dagoen guztia egingo dugu geure negoziazio esparruak defendatu eta murrizketekin bukatzeko. Argi dago beraz langileoi mobilizazioa eta konfrontazioa besterik ez zaigula gelditzen.
 

 

 

Lan heriotzak salatuko ditugu Nafarroan, irailaren 28 eta 29an

Lantokiz lantoki salaketa eguna egingo dugu irailaren 28an eta manifestazioa Iruñean, irailaren 29an, LAB, ELA, ESK, STEILAS, EHNE, HIRU eta CGT sindikatuok deituta. Agerraldia egin dugu gaur, ekimenaren berri emateko.

2018-2019 ikasturtea hasi berria den honetan, Nafarroan lan-ezbeharren egoerak nabarmen okerrera egin duela salatu nahi dugu. Datuek diotenez, jarduera ekonomikoa eta langile kopurua baino gehiago hazten ari dira, eta azken hamarkadan jada ehundik gora dira heriotza eragin duten lan-istripuak. Aurten dagoeneko 15 dira hildakoak, hauetatik 11 azken bi hilabeteetan, horietako asko prekarietate egoera gordinean, edo erraz ekidin zitezkeen gertaeretan. Honez gero, 2018an joan den urtean baino gehiago dira bere lanpostuan bizitza galdu duten pertsonak.

Laneko heriotzak bestalde, iceberg-aren tontorra baino ez dira. Lan-istripu asko eta asko estatistika ofizialetatik kanpo geratzen dira, autonomo eta garraiolarienak, edo “in itinere”-ak kasu. Enpresariek askotan, mutualitateen laguntzaz eta ardurak saiheste aldera, lan-istripuak estali edo ezkutatzen dituzte. Besteetan berriz, ziurgabetasun egoeran dauden langileak dira gertakariak salatu ezin dituztenak.

Halaber, lan-gaixotasunen azpi-erregistroa eskandalagarria da. Iturri batzuen arabera, lan-istripuan hildako langile bakoitzeko 35 langile hiltzen dira lan-gaixotasunen ondorioz. Nafarroan aldiz, lanarekin lotutako 7 minbizi kasu soilik jaso dira azken bost urteetan. Ondorioz, argi dago datuak ez datozela inolaz ere errealitatearekin bat, zer esanik ez sektore feminizatuetan ematen diren eritasunei dagokienean.

Baina, zer ari da gertatzen?

1. Lan-harremanetan estrukturala bihurtu diren prekarietatea eta enpleguaren kalitate eskasa daude oinarrian: erreforma laboralak, lan-baldintzen atzerakada, aldi-baterakotasuna, kontratazio partzialak, gehiegizko lan erritmoak… Horrela, lan-istripuen erdia lehen bi hilabeteetan ematen dira, eta hildakoen herena azpikontratetan.

2. Lan osasunera bideratutako gastu publikoa oso urria da. Arlo honetara bideratutakoa Nafarroako aurrekontu osoaren %0,03 inguru besterik ez da, eta erdia baino gehiago eragile sozial jakin batzuen jarduera bermatzera doa. Patronala eroso dago, akordioak galerazten dituen bitartean (prebentzio ordezkarien prestakuntza bermatzeko akordioari ezezkoa eman baitio), arlo honetako dirulaguntza publikoak jasotzen dituelako.

3. Erakunde publikoek beste aldera begiratzen dute. Ez dute enpresarien interesen aurka egin nahi, eta arau hausteak etengabeak izanik, ez dago behar adinako kontrol eta zigorrik. Ikuskari eta Gizarte Segurantzaren eskumena estatuaren esku dago oraindik, eta inspektoreen ratioa Europako bataz-bestekoaren erdia da. Gainera, enpresentzat errentagarriagoa da askotan isunak ordaintzea neurri eraginkorrak ezartzea baino.

4. Enpresariek haien irabaziak lehenesten dituzten heinean, lantokietako inbertsio falta erabatekoa da. Krisiaren aitzakian, segurtasun neurrietara bideratutakoa hutsaren hurrengoa izan ohi da. Langileon osasunaren kontura aberasten dira.

Zer eskatzen dugu?

1. Enplegu duina eta kalitatezkoa, etxera bizirik heltzeko eskubidea bermatuko duena. Erakunde publikoen ardura nagusienetakoa da hori, haien esparruan batez ere.

2. Lan osasun politikak errotik aldatzea. Eraginkortasun-eza frogatu duten elkar-hartze sozialarekin apurtu behar da, lan-osasunera bideratutako baliabide ekonomikoak handitu eta politika errealetara bideratu.

3. Enpresen gaineko kontrola areagotzea. Lan-istripu hilgarri gehienak harrapaketa edo erorketen ondorioz gertatzen dira. Jarduera arriskutsuen jarraipena egiteko ezinbestekoa da, lan-ikuskaritzaren eskumena Nafarroara eskualdatu, eta ikuskari nahiz Nafarroako Lan-Osasun Institutuko giza-baliabideak Europako bataz-bestekora berdintzea.

4. Lan-gaixotasunen gaineko iruzurra borrokatzea. Horretarako beharrezkoa da Nafarroan babes-sozialerako esparru propioa garatzea.

ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE, HIRU eta CGT sindikatuok lan-istripuei erantzun bateratua emateko elkarlanean dihardugu. Halaber, egoeraren larritasuna eta borondate politiko falta ikusirik, honako bi ekimen hauek iragartzen ditugu:

• IRAILAK 28, OSTIRALA, SALAKETA EGUNA LANTOKIETAN

• IRAILAK 29, LARUNBATA, ARRATSALDEKO 18:30ETAN IRUÑEko autobus geltoki zaharretik abiatu eta udaletxe parean bukatuko den MANIFESTAZIOA.

Mobilizazioa eta ekintza sindikala dira egoera aldatzeko ditugun tresna eraginkorrenak, horregatik PRECARIEDAD=PELIGRO MORTAL. GEURE OSASUNAREN ETA BIZITZAREN DEFENTSAN lemapean egingo den mobilizazio honetan parte hartzeko deia luzatu nahi diogu Nafarroako langile eta gizarte osoari.

 

 

 

Moira Millanen absoluzioa eskatu dugu hainbat sindikatuk

0

Idatzi bat erregistratu dugu gaur Parisen, Argentinako enbaxadan. LABez gain, Kataluniako Intersindical CSC, Sardiniako CSS, Aostako SAVT, Bretainiako SLB, Kortsikako STC, Gudalupeko UGTG, Martinikako UGTM, Galizako CUT eta Kanakiako USTE, Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen plataformako kide bezala, Frantziar Estatuko CNT eta Solidairesekin batera, dira Moira Millani babesa erakutsi dioten sindikatuak.

Hauxe da erregistratu dugun gutuna:

Kataluniako Intersindical CSC, Sardiniako CSS, Euskal Herriko LAB sindikatua, Aostako SAVT, Bretainiako SLB, Kortsikako STC, Gudalupeko UGTG, Martinikako UGTM, Galizako CUT eta Kanakiako USTE Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen plataformako kide bezala, Frantziar Estatuko CNT eta Solidairesekin batera, militante Maputxe eta Ongi bizitzeko emakumen indigenen mugimenduko kide den Moira Millani gure babesa eskaintzen diogu.

Santiago Maldonadoren desagerketa eman eta hurrengo hilabeteetan, desagerketaren inguruko frogak bilatzearen aitzakian, Esquel inguruko komunitate Maputxeetan biolentzia instituzional eta gehiegikeria kasuak eman ziren.
Testuinguru honetan, Moira Millan Pillán Mahuiza-ko (Chubut) Lof edo komunitateko weichafe maputxe (zaintzailea, defendatzailea) den neurrian, Vuelta del Rioko komunitateko jendea Esquel-eko epaitegi federalera lagundu zuen, pairatzen ari ziren jazarpena, eta Guido Otranto epailearen haien kontrako karguak ken zitzala eskatzeko. Eskakizun hauek egun guztian zehar modu baketsuan egin ziren, bertan zeuden komunikabideek bertatik bertara ikusi ahal izan zuten bezala.

Handik egun batzuetara, Moira Millanek telefonoz heriotza mehatxuak eta indar poliziaren etengabeko jazarpena pairatu zituen.

Pasa den Ekainaren 26an Guido Otranto epailearen eskutik jakinarazi zioten bera zela 2017ko Irailaren 20ko gertakari horien arira “indarkeria larriengatik” lehenago aipaturiko Esqueleko epaitegian inputatua zegoen pertsona bakarra.

Moira Millan asmaturiko delitu batengatik gaurko egunarekin Irailak 19, deklaratzera Argentinako Chubut probintziako Esqueleko Epaitegi Federalera deklaratzera joan beharko da, eta balizko delitu horrek 2 eta 4 urte arteko kartzela zigorra izan dezake.

Sinatzen dugun sindikatuok, ongi bizitzeko emakumen indigenen mugimenduarekin batera, Argentinako Estatuari eta justiziari borrokatzen dutenen aurkako judizializazioa eta jazarpena eten ditzala exijitzen diogu.
 

 

 

Toledoko Itunak ez ditu konpondu eta ez ditu konponduko Euskal Herrian kalera ateratzen ari diren milaka pentsionisten arazoak

Toledoko Itunak gaur berriro erakutsi du ez duela ezertarako balio. Ez du pentsio guztiek KPI bermatzen eta are gutxiago 1.080 eurotako gutxieneko pentsio bat planteatu, astelehenero Euskal Herriko kale eta plazetara ateratzen ari diren milaka pentsiodunek eskatzen duten moduan.

LABetik beti esan dugu euskal pentsionisten arazoei konponbidea ez zela Toledoko Itunetik etorriko, ezta Madrildik edo estatu mailako instituzioetatik. Aurrera egiteko ordua da, pauso sendoz, Euskal Herrirako Babes eta Gizarte Segurantza Sistema propiorantz, pentsio duinak bermatuko dituena, hauek KPIaren arabera igotzea eta 1.080 eurotako gutxieneko pentsioa, pobreziatik aparte bizitzea ahalbidetuko diena.

Euskal Herrian badaude erronka honi aurre egiteko aukerak, euskal instituzioek, Gasteiz zein Iruñeko Parlamentuek, Europako Karta Sozialak zehaztu bezala, 1.080 eurotako gutxieneko pentsioa bermatuko duten aurrekontu batzuk posible egin ditzatela, sistema propiorantz aurre eginez.

Horregatik berresten dugu Toledoko Itunaren kontra gaudela, pentsionistak mobilizatzeko eta pentsioak murrizteko tresna baino ez dena, orain arte egin duten moduan.

Euskal pentsionistak babesten jarraituko dugu euren bidezko aldarrikapenetan eta dei egiten dugu euren mobilizazioak indartzera euren aldarrikapenak lortu arte.
 

 

 

“Nahi al duzu euskal herritarrok gure etorkizun politikoa geure kabuz eta aske erabakitzea?”

Donostia Galdeketa dinamikak azaroaren 18ko herri galdeketaren galdera aurkeztu du. Donostia aitzindari izango da, hautetsontziak kalera aterako dituen lehen euskal hiriburua izango baita.

Hauxe da Donostiako gaurko agerraldian irakurri duten adierazpena:

Ezinezkoa zela entzun izan dugu behin eta berriro, baina lanari ekin diogu. Zaila izango dela esan izan digute, baina gu elkarrekin bidea irudikatzen hasi gara. Merezi ote duen galdetu digute eta guk baietz erantzun dugu. Eta ziur gaude; galdeketak merezi du, mereziko du. Azaroaren 18an Donostian hautetsontziak kalera aterako ditugu; baita Irunen, Balmasedan, Zallan eta Alonsotegin ere. Hautetsontziak herritarren eskutik herritarren eskura jarriko ditugu, hitza hartu eta emateko. Etorkizuna gure eskuetan sentitzeko.

Bi hilabete besterik ez dira geratzen kontsulta egunerako, baina bide luzea egin dugu aurretik; ia urtebete pasatu da dagoeneko Donostia Galdeketa plataforma sortu genuenetik. Herri galdeketen protokoloa jarraituz, hiru urrats nagusi egin ditugu galdeketaren bidean; lehenik eta behin, prozesua hasi aurretik, 9.500 sinadura jaso genituen, 9.500 donostiarren babes zuzena; ondoren, galdera adostu dugu prozesu zabal eta parte hartzaile baten bidez; eta, azkenik, galdeketa eguna bera antolatzen hasi gara.

Ideologia anitzetako hamazazpi kideekin osatutako Adosgunea taldeak erabaki du galdera, metodologia inklusibo eta parte hartzaile baten bidez, bi hilabeteko lanketa egin ondoren. Donostiarrei ere zabaldu diegu iritzia emateko aukera eta 1.500 boto baino gehiago jaso ditugu kalean eta sarean Hirutxuloko Hitzaren inkestan. Adosguneko kideok, adin, esparru, ideologia eta iritzi anitzekoak izanda ere, herritarren iritzia kontuan izanda, aho batez adostu dugu azaroaren 18an egingo den galdera. Beraz, dagoeneko, donostiarrok badugu herri-galdeketan egingo den galdera zehatza: ‘Nahi al duzu euskal herritarrok gure etorkizun politikoa geure kabuz eta aske erabakitzea?’.

Galdera aurkeztearekin batera abiatu dugu gaur kanpaina. Eta hitzordu garrantzitsu baten berri ere eman nahi dugu. Galdeketa aurreko ekimen nagusia urriaren 28an izango da. Donostiako erdigunean kalejira erraldoi bat egingo dugu, ‘Dantzatu dezagun erabakia’ lelopean. 11:30ak aldera hiru zutabe Bulebarrerantz abiatuko dira. Auzo bakoitzak bere tramua izango du kalejirako zutabe horietako batean. 12:30ean parte hartzaile guztiak Bulebarrean elkartuko gara, Alde Zaharra gurutzatuko dugu eta 13:00etan ekitaldiarekin emango diogu amaiera, Kaian. Egun horretan iritsiko dira hautetsontziak Donostiara eta bozka aurreratuari hasiera emango diogu auzoetan.

Herrikideok, esku bete lan daukagu eta galdeketa posible egiteko esku guztiak, den-denak, dira beharrezkoak gaurtik hasi eta datozen bi hilabeteotan, eta, aurreikuspenen arabera, 1.000 boluntariotik gora beharko dira azaroaren 18an. Horregatik, gaur deialdi zabal bat egin nahi diegu donostiar guztiei, kontsultaren antolaketan parte hartu dezaten. Modu askotara egin daiteke: auzoko taldera batuz eta gure webgunearen bidez (www.donostiagaldeketa.eus) boluntario aritzeko izena emanez, adibidez.

Azaroaren 18an aitzindari izango gara, Donostia izango baita hautetsontziak kalera aterako dituen lehen euskal hiriburua. 34 hautesleku zabalduko ditugu hiriko auzo guztietan, kontuan izanda Igeldon eta Zubietan dagoeneko egin ditugu galdeketak. Eta guk, lehen aldiz, aukera izango dugu gure etorkizunaz hitza hartzeko. Ez baitigu inork behin ere galdetu zer izan nahi dugun, nolako herria nahi dugun. Nahiz eta jakin galdeketaren ondoren ez dela alkaterik aldatuko eta ez dugula lau urtetako politikan zuzenean eragingo, argi dugu prozesu honek merezi duela. Erabakitzeko eskubidea aldarrikatzetik nola gauzatu jakitera pasatu gara. Galdeketaren ostean, gure herria helduagoa izango da, ahaldunduagoa, burujabeagoa. Eraiki nahi dugun etorkizunetik eta erabakitik hurbilago egongo gara. Hurbilago gaude. Etorkizuna, gure esku dago!

 

 

 

Elkartasuna adierazi diogu Moira Millani

0

Moira Millan epailearen aurrean deklaratuko du gaur Argentinan, Chubut probintziako Esqueleko Epaitegi Federalean, maputxeen alde egiteagatik. Hain zuzen ere, 2 eta 4 urte arteko kartzela zigorra jasotzeko arriskua du, maputxeen aurkako indarkeria salatzeagatik. Telefonoz heriotza mehatxuak ere jaso ditu Moira Millanek, eta indar polizialaren etengabeko jazarpena ere bai.
 

 

 

Donostian eta Eibarren salatu dugu Garbialdiren jarrera

0

Gipuzkoako komisaria eta egoitza judizialen garbiketa sektorean deitutako grebari ekin diogu gaur. Honekin batera, elkarretaratzeak egin ditugu Donostian eta Eibarren. Hain zuzen ere, greba urriaren 3a arte dugu deituta, LAB, ELA, UGT eta ESK sindikatuok babestuta, Garbialdi enpresak langileekiko duen jarrera salatzeko.


 

 

 

Bizkaian ere hazi nahi dugu, langileek osatzen dituzten sektore guztien interesak defendatzeko

Kurtso berriaren etorrerarekin, Gipuzkoan, Araban, Ipar Euskal Herrian eta Nafarroan izan ditugu delegatuen batzarrak. Gaur, berriz, Bizkaiko delegatuen hitzorduari egokitu zaio txanda, Bilbon, errondari amaiera emateko. Beste delegatuen batzarretan bezala, hauteskunde sindikalen epealdi trinkoa izan dugu ardatz, baina, horrekin batera, LABek ekintza sindikal berriak ekarritako emaitzak eta zenbait sektoretako esperientziak, helduen egoitzetakoa, kasu, izan ditugu hizpide.

“Zure bidelagun” lemarekin murgilduta gaude hauteskunde sindikalen aldi trinkoan, eta herrialde ezberdinetako delegatuekin partekatzen ari gara hauteskundeetarako helburu eta erronkak. Bizkaiko delegatuen batzarrarekin amaiera eman diogu gaur erronkari, Bilboko Itsas Museoan, eta helburuen berri eman digute LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk, Antolakuntza idazkari Izaskun Garciak eta Ekintza Sindikaleko idazkari Xabier Ugartemendiak.

Hauekin batera, zenbait sektoretako delegatuek ere hartu dute hitza; Bizkaiko helduen egoitzetako ordezkari bat, kasu. Lantokiko eta sektoreko borrokaren berri eman digu, eta Erandioko Sanitas Loramendi egoitzetako langileek abiatutako greba mugagabea izan du gogoan. Aurretik, LABeko ordezkari beteranoak igo dira oholtza gainera, merezi duten aitortza jasotzeko. Era berean, Euskotreneko ordezkari batek bere esperientziaren berri eman du, eta lantokietan antolatzeko beharra azpimarratu du.

Udal Foru sektorea, begiz jota
Hauteskunde sindikalei begira Bizkaian jarritako erronkei buruz, lehenik eta behin herrialdeko argazkia zein den azaldu dugu. Hain zuzen ere, Bizkaian 1.332 delegatu ditugu, ordezkaritzaren %15,19. Helburuen artean sindikatua %15,3- %15,5 artean kokatzea da eta zenbait sektoretan gure presentzia indartu; Udal Foru sektorean, besteak beste, ELAren hegemonia hausteko.

Datu orokorrei dagokienez, sindikatuak 4.000 ordezkari pasatxo (4.285) eta 40.000 afiliatu baino gehiago (41.368) ditu Hego Euskal Herrian. Euskal Autonomia Erkidegoan bigarren sindikatua gara.

Dena den, Garbiñe Aranburuk argi utzi du ez dugula hazi nahi helburu korporatibo hutsalengatik. "Geroz eta langile gehiagorentzat tresna eraginkor bat izan nahi dugu. Sindikatu indartsu bat nahi dugu, langileria osatzen duten sektore ezberdin guztien interes eta beharrak defendatu ahal izateko, kapitalaren kontra jolastu beharreko partidan langileoi bitarteko gehiago eskaintzeko", berretsi du LABeko idazkari nagusiak.

Garbiñe Aranbururen hitzetan, "langileek dituzten erronken aurrean, sindikalgintza inoiz baino beharrezkoa da. Kontrabotere sindikalgintza bat, sindikalgintza soziopolitiko bat, defendatzen dugu: patronalaren aurrean eta prekarizazio prozesuaren aurrean gure eragin gaitasuna handitzeko; dauden politika publikoen norabidea aldatzeko; eredu ekonomiko eta sozial berri baten alde egin eta kalean dagoen mobilizazio sozialean eragile aktibo izateko; eta aldaketa politikoak bultzatuko dituen sindikalgintza izateko. Izan ere, eraldaketa sozialerako bokazioa dugun sindikatuok aldaketa politikoaren alde ere egin behar dugu borroka, ez baitago erabakitzeko ahalmenik gabe, bitarteko juridiko eta politiko egokirik gabe, erabateko eredu sozial berririk eraikitzerik". 
 

 

 

Positiboki baloratzen dugu Gipuzkoako Foru Aldundiko Eraikin eta Lokalen garbiketako hitzarmena sinatu izana

0

Gipuzkoako Foru Aldundiko Eraikin eta Lokalen garbiketan akordioa lortu dugu. ELA, LAB, UGT eta ESK sindikatuok sinatu dugu, eta langileen baldintzak hobetzeaz bat, KPIari lotutako soldata igoerak eta atzerapenak lortu ditugu.

Lehenik eta behin, Sektoreko Hitzarmena mantendu izana garaipen bat dela azpimarratu nahi dugu. Urte beteko
negoziaketa honetan, azken hilabeteetan Eulen enpresak izandako jarreraren ondorioz, langileak kalera
ateratzera behartuak izan dira. Hasiera bateko blokeo eta erabateko ezezkoak mugitzea lortu bagenuen ere,
azken asteetan Berdintasun Plan propio bat garatzeko eskaerari muzin eginda ibili da. Langileek sendo erantzun
diote ordea, eta gaur esku artean hitzarmen hobea dugula esan dezakegu.

Hitzarmen berrian ondorengo puntuak adostu ditugu:

– Soldata igoera; 2016 urterako KPIa (%1,6), 2017rako KPI+0,2 (%1,3), 2018rako KPI +0,2 eta 2019rako KPIa+0,4.

– Baimen ez ordaindua: 12 urtez azpiko seme-alabak izatekotan, langileen kontziliazio eskubidea bermatzeko, baimena oporrekin batera hartzeko aukera.

– Berdintasun plana: egun enpresak duen Berdintasun Planari jarraipena egiteko Gipuzkoako mailako mahai parekide bat eraikitzea adostu da, lekuan lekuko errealitateari erantzun ahal izateko.

Hau honela, LAB sindikatutik hitzarmena positiboki baloratzen dugu, izan da baldintzak hobetzeaz gain garrantzitsua da KPIaren erreferentzia mantendu eta atzerapenak jasotzea. Azpimarratzekoa da lorpen honen ondorioz, Gipuzkoako Foru Aldundiko Eraikin eta Lokalen garbiketako langileak soldatari dagokionean Gipuzkoako Bide Garbiketako langileekiko ekiparatzen direla. Hau da, nagusiki emakumez osatutako sektorea, bereziki gizonez osatutako hitzarmenarekin parekatzea lortu dugu! Urrats handia. Gaur egun Gipuzkoako Foru Aldundiko Eraikin eta Lokalen garbiketa ekonomikoki eredu da sektorean!

Gora langile borroka!