2026-01-23
Blog Page 741

EITB.EUSen berriro ere ardura postu bat barne prozesu objektiborik egin gabe esleitu dute

0

EITBko LABek langileen ibilbide profesionala garatzeko neurriak eta hautaketa prozesu gardenak exijitzen ditu, eta helburu horiek lortzeko lanean jarraituko du. Bide horretan, besteak beste, kontratuak nahieran egitea ahalbidetzen duen gestoreen sistema behin betiko bertan behera uztea ezinbestekoa dela berresten dugu.

EITBNETen izan diren zuzendaritza kargu berrien izendapenen harira, ondokoa adierazi nahi dugu:

• Eitb.eus-eko Albistegietako buru berria aukeratzeko ez dela barne-deialdirik egin, interesa izan zezaketen langileak lanpostu horretara aurkez zitezen.

• Albistegietako buru kargua gestore kontratu berri batekin bete dela, sistema hori desagertu beharko litzatekeenean, eta lanpostu horrek lan-hitzarmenaren baitan egon beharko lukeenean.

• Eitb.eus-eko Parte-hartze eta Gizarte Sareen burua berriari dagokionez, esparru horretan inolako eskarmenturik eta esperientzia profesionalik gabeko pertsona bat hautatu duela zuzendaritzak. Langile horrek ‘Proiektuak eta Bezeroak’ atala zuzentzen zuen orain arte EITBNETen, horiek duela hainbat urte desagertu baziren ere. Ekainean, pertsona horrek zuzendaritzan ze funtzio betetzen duen galdetu zuen LABek EITBko Administrazio Kontseiluan, eta ez zuen erantzunik jaso. Horren ondotik etorri da izendapen berria. Kasualitatea?

 

 

 

Nafarroako ordezkaritza sindikalaren %16ra ailegatu gara hauteskunde sindikalen epe trinkoaren atarian

0

Nafarroako Gobernuaren Lan Departamentuak hilero ematen dituen datuen arabera, uztailean, LABek Nafarroa Garaiko ordezkaritza sindikalaren %16ra ailegatzea lortu zuen. LAB sindikatuak Nafarroan inoiz izan duen ordezkaritzarik handiena da hori.

2018ko irailetik 2019ko ekainera, gutxi gorabehera, hauteskunde sindikalen epe trinkoa iraganen da, epealdi horretan pilatuko baitira enpresa anitzetako ordezkariak hautatzeko bozketak. Bada, atzo prentsaurrekoan Garbiñe Aranburu eta Igor Arroyo LABeko buruek azaldu zutenez, orain hasi den epe trinko honetarako, sindikatuaren helburu kuantitatiboetako bat zen Nafarroan ordezkaritza sindikalaren %16ra iristea. Eta atzo berean jakin genuen uztailean dagoeneko helburu hori lortu genuela. Zehazki, uztailaren bukaeran LAB sindikatuak ordezkaritza sindikalaren %16,02 zuen; hau da, 973 ordezkari.

Hauteskunde sindikalen nolakotasuna dela-eta -enpresa bakoitzak bere erritmoak baitaramatza-, zaila da ordezkaritzaren ehunekoetan berehalako aldaketak gertatzea. Kontrara, aldaketak oso mantso izaten dira. Hala ere, aipatzekoa da azken urteetan LAB izan dela Nafarroan gehien hazi den sindikatua. Konparazio batera, 2007an 827 delegatu zituen (%12,48) eta 2017 urtea 937 delegaturekin bukatu zuen (%15,67).

LAB sindikatuak, hauteskundeetan parte hartzen duen heinean, gero eta delegatu gehiago izan nahi ditu, noski. Baina ez sindikatua helburu bezala ikusten duelako, baizik eta sindikatua aldaketarako tresna garrantzitsu gisa ulertzen duelako. Eta tresna horrekin jarraituko du LABek, batetik, lan harremanak eta baldintza sozialak duintzearen aldeko eta prekarizazioaren kontrako borrokan, eta bertzetik, aldaketa sozialaren aldeko borroka bultzatzen.
 

 

 

Adierazi nahi diogu Darpon Sailburuari munduko zilegitasun osoa dugula langileriaren interesak defendatzeko, Osakidetzako langile izan ala ez

0
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailburu Darpon jaunak auzitan jarri nahi izan du LAB sindikatuaren zilegitasuna pasa den ekaineko Enplegu Eskaintza Publikoetan izandako “ustezko” irregulartasunak salatzeko. Horretarako modu ezi makurragoan erabili du LABek Osakidetzan duen ordezkaritza, modu nabarmenean erridikulizatuz. 

LAB hirugarren sindikatua da Osakidetzan ordezkaritzaren arabera, eta hemen normalean baino sindikatu gehiago dago. EAEn ordezkaritza handiena duten lau sindikatuei, bi sindikatu korporatibo gehitu behar zaizkie (SATSE eta Sindicato Medico) eta ESK. LABek Sindicato Medico-ak baino ordezkaritza handiagoa du.

LAB EAEko bigarren sindikatua ordezkaritzari dagokionez. Nafarroan ere ordezkaritza handiena dutenetakoa da eta horrela erabakiko bagenu, eskubidea izango genuke Estatuko Administrazioen Mahai Orokorretan parte hartzeko.

Osakidetzako gure ordezkariek, bertako hauteskundeetan jasotako botoek ematen dieten zilegitasunarekin jarduten dute, LABeko kide izateak ematen dien zilegitasunaz gain. Osakidetzako EPEan izandako iruzurra ezta Darponen Sailaren etxeko kontu bat. Euskal jendarte osoa ari dira iruzurra egiten eta hori ere bada LABen kontua.

Ez dugu onartzen Darpon jaunak auzi honetan duen erantzukizuna desbideratzen saiatzea. Aurrean duzuna aipua kentzea da errazena, baina ez egokiena. Darpon jauna, onar ezazu zure erantzukizuna eta eman ezazu dimisioa behingoz.
 

 

 

Lan istripuei berehalako erantzuna emateko Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua lehenbailehen biltzeko eskatu dugu

Astelehen honetan LABek argitara ateratako azken lan istripuarekin 10 dira azken bi hilabeteetan lanean kapitalismoak eta patronalak Nafarroan erail dituen langileak. Osotara, 2018. urtean, prekarietateak 42 langile hil ditu lanean Euskal Herrian. Horietako 13, Nafarroan. Egoera lazgarri honek berehalako erantzuna behar duenez, LAB sindidikatuak eskatu du Lan Osasuneko Kontseilua lehenbailehen biltzeko.

Sarraski hau amaitu behar dugu, onartezina delako ikuspegi humano eta demokratiko batetik. Langileok lan duina eta bizi duina nahi dugu. Langileok bizirik itzuli nahi dugu etxera.

Patronala sarraski honen arduradun nagusia da. CEN patronalak bere etekin ekonomikoak lehenesten baititu langileon osasuna eta bizitzaren aurretik. CENeko lehendakari nagusia den Sarria jaunak askotan esaten du herrialde honetan enpresariek enplegu sortzen dutela. Ez da egia, enpresariek herrialde honetan kapitala metatzen dute eta horretarako alde batetik iruzur fiskala erabiltzen dute eta lanean langileak hiltzen dituzte. Nabarmendu behar da egoera honen aurrean CEN patronalak duen isiltasuna.

Nafarroako Gobernuak langileon bizitzak bermatu behar ditu, eta egoera honen aurrean neurri eraginkorrak hartzeak bere lehentasuna izan behar du. Abuztuan, Nafarroako Gobernuak – Izaskun Goñi Industria Zuzendari Nagusiak, hain zuzen ere- lan istripuen inguruko bilera baten berri eman zuen, irailaren 4rako. Gaur, irailaren 5ean, LAB sindikatuak ez du inolako gonbidapenik jaso. Beraz, LABek oso larritzat jotzen du Nafarroako Gobernuak gai garrantzitsu honekin propaganda hutsa egitea, onartezina da.

Hori dela eta, LAB sindikatuak Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua lehenbailehen biltzea eskatu du, lan osasuneko neurriak hartzeko markoa delako. Neurriak hartzeko garaia da, hau jada hil edo biziko kontu bat delako.
 

 

 

Enplegua duintzea eta aldaketa sozial eta politikorako aldeko borrokak indartzea izango dira gure lehentasunak

0

LABek bi erronka nagusi ditu ikasturte honetarako: lan harremanak eta baldintza sozialak duintzearen aldeko eta prekarizazioaren kontrako borrokan jarraitu eta aldaketa sozialaren aldeko borroka bultzatzen jarraitu. hala jakinarazi dute LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk eta sindikatuko idazkari nagusi ondoko Igor Arroyok Bilbon egindako agerraldian.

Enplegu duinaren aldeko eta prekarietatearen kontrako borroka

Prekarietatearen kontra borrokatu eta borroka honetan eraginkorragoak izateko, ekintza sindikaleko gure eredu berria indartzen jarraituko dugu.

Pasa den ikasturtean areagotu egin dira gatazkak lan zentroetan eta garrantzitsuagoa dena, hauei esker akordio honak lortu dira langileontzat.

Aldarrikapen nagusiak:

• 1.200 eurotako gutxieneko soldata; pentsionistek, euren borrokari esker, aldarrikapenen erdigunean kokatu dute 1.080 euroko gutxieneko pentsioen erreferentzia.

Berdina lortu behar dugu soldatekin. Aberastasuna modu ekitatiboagoan banatzeko neurriak, ekonomiaren hazkundea langileongana ere iris dadin eta lan-baldintza hobeak idatzen. Eta gainera, egungo langileek pentsio hobeak izango dituzte horrela.

• Soldata arrakalaren kontrako borroka: sexuaren araberako lan banaketan oinarritutako lan harremanen ereduaren adierazle da, emakumeok lan munduan jasaten dugun egiturazko diskriminazioaren forma bat.

Martxoaren 8an testuinguruan, 300 enpresetara galdetegiak bidali genituen eta jasotako erantzunak argi erakusten du patronalak ez duela inolako borondaterik arazo honi aurre egiteko.

• Negoziazioa kolektiborako euskal esparru propioa: joan den kurtso bukaeran mobilizazio eguna egin genuen negoziazio kolektiboa estatalizatzeko prozesuaren kontra.

Maiatzaren 30 horretako mobilizazioek balio izan zuten langileak kontzientziatu eta arazoaren dimentsioa ikustarazteko eta aurten ere gure lan-ildo nagusietakoa izango da.

• Mobilizatzen jarraitu lanera joateak gure bizitzatzak arriskuan jartzea ekar ez dezan. Lanean izandako heriotzak langileekiko bortizkeria patronala dira. Onar ezin daiteen zerbait da eta are gutxiago, prekarietatea murriztu eta prebentzio neurri egokiak hartuta heriotza horiek ekidin daitezkeela. Istripuei ematen diogun erantzunean jauzi bat eman behar dugula uste dugu. Hausnarketa hau gehiengo sindikalera ere eraman dugu.

Aldaketa sozial eta politikoaren aldeko borroka sustatu

Gatazkak areagotu dira lantokietan eta mobilizazio soziala indartu da kalean. Horrek islatzen du beste ekonomia eredu baten aldeko gehiengo sozial bat dagoela gure herrian; eraldaketa soziala eta aldaketa sozialaren alde egiten duen gehiengo bat, hain justu.

Aldaketa sozial hori bermatu ahal izateko:

-Politika publikoen norabidea aldatu behar da. Neurri asko egungo eskumenen esparruan har daitezke. Adibidez, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartarekin batera sustatzen ari garen pobreziaren aurkako Herri Ekimen Legegilea.

-Burujabetza behar dugu, gure esparruan erabakitzeko eskubidea. Egungo eskumenen esparrua handitu behar da, aldaketa politikoa beharrezkoa da. Zentzu honetan, EH Bildu eta EAJren artean akordio batera iritsi dira EAErako estatus berri bat lortzeko. LABen iritziz, estatus berriak erabakitzeko eskubidea bermatu behar du eta erabateko eskumenak ahalbidetu behar ditu arlo sozio laboralean, beti ere Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua eraikitzeko helburuarekin.

Duela urtebete, burujabetza prozesu bat sustatzeko adierazpen bat aurkeztu genuen, ELArekin batera, aldaketa soziala helburu. LABentzat, adierazpen horrek baleko erreferentzia jarraitzen du izaten.

Burujabetza prozesua ezkerretik sustatzeko xede duen adierazpen horretan sakontzea LAB eta ELAren esku dago soilik, ez dago hirugarren baten esku. Bi sindikatuok autonomia sindikala dugu adierazpen horretan hartutako konpromisoak aurrera eramateko. ELAk uko egin dio horri.

 

 

 

Errauste planta gelditzeko arrazoiak eraman ditugu Bruselara

0

Errauste planta gelditzera joan da LABeko ordezkaritza bat Bruselara. GuraSOS, Euskal Herriko gehiengo sindikala, CES, EH Bildu eta Podemos elkartu gara Europako Parlamentuan. Erraustegiaren kontratazioaren irregulartasunak, diru publikoaren xahutzea, ingurumenaren eta osasunaren aurkako erasoa eta herritarron parte hartzerik eza salatu ditugu bertan.
 
Donostiako erraustegia jada eraikitzen ari dira Zubietan. Hori, ordea, ez da arrazoi nahikoa errausketa sistemaren aurkako olatua geldiarazteko. LABeko ordezkaritza Bruselara etorri da GuraSOSek Europako Batzordean sartutako kexa eta eskaerei babesa emateko. GuraSOS elkarteak erraustegiaren kontratazioan gertatutako irregulartasunak eta bidegabekeriak alderdi guztietako eurodiputatuen, ingurumen zuzendaritzaren eta Eurostaten aurkezteko parada izan du.

Europan ekonomia zirkularraren alde hartzen ari diren konpromisoek markatzen dute gaurko eta biharko eredua, non errausketa azken aukeratzat kokatzen den, beti ere guztiz gaitzesten ez delarik, izan ere, baliabide petroliferoak dituzten europa iparraldeko herrialdeak erraustearen aldekoak baitira. Honetan guztian, Espainiako Estatuko erkidego hainbat zaborren kudeaketa plan zein berrikuspen faltagatik justizia auzitegira eraman ditu orain gutxi Europako Batasunak.

Beraz, itxaropena kaleko borrokan baina baita ere Europan jarrita etorri gara, eta errauskailuak dakarren inpaktu sozioekonomiko eta ingurugiroaren gainekoa izan ditugu bi egun hauetan mintzagai. Behin baino gehiagotan ikusi dugun beste ustelkeria kasuen artean bat gehiago da Zubietako makroproiektua. Parte-hartze prozesurik gabe aurrera ateratako erabaki politikoa izateaz gain, herritarron beharrei eta garapen eredu iraunkor bati erantzuten ez dion kudeaketa sistema ere bada. Besteak beste, azpiegituraren gaindimentsionamendua, zor publikoaren iruzurra, ezagun zaizkigunez gain oraindik ezezagun diren elementuen kutsakortasuna, eta funtsean, ekoizpen eta kontsumo eredu zalantzagarria jarri ditugu mahai gainean. LABetik bestelako kudeaketa sistema baten alde egiten jarraituko dugu: kontsumoaren murrizketan, berrerabilpen eta berziklapenean oinarritzen den sistema iraunkor, justu eta demokratikoa.

 

 

Enpleguaren ahultasuna eta egungo sistemak sortzen duen babesgabetasuna agerian geratu dira langabeziaren abuztuko datuekin

Abuztu amaieran Hego Euskal Herrian erregistratutako langabeziak 2.644 pertsonetan egin zuen gora aurreko hilabearekiko. Horrela, langabezia zifra ofiziala 156.270 pertsonetan kokatzen da. Emakumeak dira gehienak, langabetu guztien %58 suposatzen dutelako.

Abuztua hilabete txarra izan ohi da enpleguarentzat, udako kanpaina nagusia amaituta aldi baterako kontratu askok bere indarraldia amaitzen duelako eta berriztuak izaten ez direlako. Baina urte honetako balantzea 2010eko abuztutik hona izandako okerrena da eta hori kezkarako iturri bikoitza da.
Gainera, egoera are eta larriagoa da Gizarte Segurantzaren afiliazio zifrak aztertzen baditugu, hauen arabera 13.661 lanpostu galdu baita lau herrialdeetan.

Enpleguaren ahultasuna erakusten duen beste adierazleetako bat sinatutako kontratuen aldi- baterakotasun eta desegonkortasun handia da. Urte hasieratik sinatutako kontratuen %92a aldi-baterakoa izango da eta abuztuan, %93raino egin du gora aldi-baterakotasunak.

Enpleguaren kalitatearen arazoa hain da larria ezen “ohiko erretorika sindikala” izateari utzi eta Nazioarteko Munduko Funtsa eta Lankidetza eta Garapen Ekonomikorako Erakundea bezalako erakundeen kritiken jomuga izan baition, enplegu prekarioa eta gaizki ordaindutakoaren gorakadaz ere hitz egiten dutenak.

Azkenik, salatu beharrekoa da babes sistemaren estaldura tasak %30etik jaitsi dela. Ofizialki langabetutzat jotzen direnen 153.626 pertsonetatik 45.970ek soilik jaso zuten langabeziagatiko prestazioren bat (badago onuradun gehiago baina erregistratutako langabezia zerrendetatik aparte daude).
Honek esan nahi du langabeziagatiko babes sistema espainiarrak 107.000 langabetu baino gehiago uzten du babesgabetasunean. Eta gainera, prestazio asistentzialenn bat jasotzen duen hiru onuradunetatik batek miseriazkoa jasotzen dute, batazbesteko 430 eurotakoa.
 

 

 

Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak mobilizatzeko deia luzatu du iganderako

0

Agerraldia egin dute gaur, Kontxako estropaden bigarren jardunaldiaren etorrerarekin egingo duten giza katearen berri emateko. Protesta Kontxako hondartzan izango da, 11:30ean. LABek ere bat egin du deialdiarekin.


 

 

 

Greba arrakastatsua Fosecon enpleguaren alde eta espedientearen kontra

0

Gaur, irailaren 4an, greba mugagabea abiatu dute Fosecoko Izurta eta Igorreko lantegietan, enpresa- batzordeak deituta (Talde Independienteko 2 kidek, ELAko 2k eta LABeko 1ek osatua). Uztailean, Versuvius talde multinazionalaren barruan dagoen Fosecok, EEE bat aurkeztu zuen, 93ko plantilla batetik 42 langile kaleratzeko, antolakuntza arrazoietan oinarrituz. Grebak erabateko jarraipena izan du (%100ekoa), bai Izurtzan (78 langile) zein Igorren (15).

Foseco gaur-egun lanez gainezka dago eta urtero diru irabazi nabarmenak izan ditu. Hala ere, Vesuviuseko zuzendaritzara iritsitako kudeatzaile berriak, bere “berregituratzaile” ospeari jarraituz, produkzioa Alemaniako plantara eramateko erabakia hartu du. Talde multinazional baten diru gose asegaitzak eta Eusko Jaurlaritzaren isiltasun konplizearen laguntzak, Euskal Herriko sare industriala hondoratuko duen beste operazio baten aurrean gaude. Berriz ere, 42 langile mehatxupean daude.

Atzo, enpresarekin egindako bigarren bilkura batean, kaleratze EREa 42tik 18 lanpostu mantentzearen aukera azaldu zuten, baina bermerik eman gabe.

LABek ez du inolako kaleratze traumatikorik onartuko, beraz, nahiz eta, aukera hau pausu bat izan, ez da inondik inora ere, uztailaren 5ean hastekoa zen eta gaur abiatu den greba bertan behera uzteko nahiko arrazoi.

Guzti honengatik, langile guztiak grebara deitzen ditugu, gure lanpostuak defendatzeko tresna bakarra da eta.