2026-01-24
Blog Page 735

[IRITZIA] “Hautu bat egin beharko dugu”

LABeko kide Jean Mixel Dirassarrek Ipar Euskal Herriko testuingu sozioekonomikoari buruz idatzi du. "Eztabaidaguneak berriz sortu beharko genituzke langileak parte hartzaileago bilaka daitezen", aldarrikatu du.

Langileok hautu bat egin beharko dugu. Oraindik jasan edo oldartu, baina egiazki!

Hau dugu testuinguru sozial eta ekonomiko orokorra: frantses gobernamenduak hautu garbi bat egin du, beti gehiago eskaintzea kapitalistei, nagusiei, eta hori, populazioaren, langileon kaltetan. Testuinguru bat non ez den batere tokirik egiazko negoziazio batzuentzat.

Izugarria da zenbat atzerapauso eman den hilabete guti barne. Lan kodearen benetako suntsiketa! Borroka ainitzen irabaziak arrunt ostikatuak! Adibide gisa, nola zinez errextu dituzten langileak kanporatzeko ahalak: Prudhommesetako sariaren mugatzea gehiegizko kanporatze kasuetan, hitzarmen hauste kolektiboak egiteko aukera, beste eta beste.

Nola ez aipa ere akordio bat adosteko aukera sindikatu ordezkari batetik pasatu gabe. Zenbat nagusi horretaz baliatuko dira nahi duten akordioa pasarazteko? Ez da gehiago babesik!

Gainera, langileen medioak ttipituz joanen dira, ordezkari gutiago, egitura desberdinak (DP, CE, CHSCT) egitura bakar batean bildurik (CSE). Bereziki, CHSCTen desagertzea kaltegarri zait, horiek izanki lan baldintza onak segurtatzeko egiazko tresnak.

Horrez gain, kapitalismoak langileak pobreago bilakatzea lortu du, eta bankuekiko zorrak areagotu dira. Greba eskubidea anitz mugatu du, nagusiek bai baitakite langileek ezin dutela diru sarrerarik gabe luzaz atxiki.

Hori guzia ikusiz, normal da nagusiak gero eta azkarrago sentitzea beren burua. Ez dute borondate izpirik negoziazio guneak bultzatzeko. Botere hori borrokan diren militante eta langile batzuek pairatzen duten errepresio olatuarekin ageri da. Azken adibidea: mehatxatuak diren xeminoak, trenbidearen borrokaren ondorioz.

Maleruski, ondoko hilabeteetan frantses gobernamenduak ildo beretik segituko du: langabezia asurantzaren erreforma aurkeztuz eta, segur aski, martxan emanez: 4.000 lanpostu deuseztatuak Pole emploi egituretan -nola segurtatzen ahalko da kalitatezko laguntza bat lana xerkatzen duten langabetuentzat?-, zigor batzuen azkartzea (zerrendetatik kentzeko epea), eta abar. Langabetuak beren egoeraren hobendunak balira bezala. Aztertzen ari dira ere nola arrasta eman eritasun gelditzeen emendaketari, langileak hobendun sentiaraziz Asurantza Sozialaren defizitagatik. Alta, argi da gelditze horien iturri nagusiak direla lan denboraren luzapena eta lan baldintzen okertzea! Ilun, ilun…

Eta parean, zer? Bai, mobilizazio anitz antolatu dira Macron legearen salatzeko, Lan Kodearen suntsiketa salatzeko, edo beste. Milaka jende atera dira karriketan, eta ekintza politak antolatu. Zoritxarrez, indar harremana ez da aski azkarra izan. Xeminoekin gertatu bezala; azkar mobilizatu dira trenbidearen erreforma salatzeko, baina… Jende anitz borrokaren alde izanik ere, kasik bakarrik utzi ditugu. Zahar etxeetan protestak egin direnean bezala…

Hori nahi nuke salatu bereziki : nolaz frantses sindikatu handi horiek ez dituzten indar guziak bateratzen, mugimendu bakar eta azkarra antolatzeko? Sektore guzietako langileak martxan ematea denbora berean, ez ote da posible? Haserretzekoa bada! Banan-banan aktibatzen dituzte: kolpe batez kamioilariak, bestean, energietako langileak, gero osasungintzakoak, irakaskuntzakoak, postakoak. Bakoitza bere aldetik. Grebak eta mugimendu sozialak ugaritzen dira, baina beti barreiaturik!

Argi da, alta, langileria osoa memento berean borrokan sartzen balitz indar harremana ez litzatekeela bera! Ekonomia osoa paralizatzen bagenu, segur negoziazioak beste maila batekoak liratekeela. Hola dira lortu aintzinamendu sozialik handienak! Maleruski, ez goaz horretara. Ala, sindikatu handietako arduradunek badute beste ‘interesik’, preseski, horretara ez joateko?…

Ipar Euskal Herri mailan ere badugu lan. Herri dinamiko batean bizi bagara ere, gizartea gero eta indibidualistagoa bilakatzen ari da, eta, ondorioz, militantismoa ttipitzen. Kontuan hartzekoa da. Beharrezkoa zait, beraz, langileen arteko harremanak berriz sortzea, elkartasuna berriz indartzea. Behar dugu atzeman nola jende bat interesatu beste kategoria baten borrokari; ez segitzeko bakoitza bere aldetik. Interes komunak aitzinean eman behar ditugu, agitazio ttipiekin ez dugulako ezer aldatuko!

Baina nola? Langileak beren geroaren arduradun eta aktore sentitu behar dira. Ez bakarrik beren lantegian, baina ere gizartean. Arduradun eta aktore. Ez zaie inposatu behar egin behar dutena, defendatu behar dutena. Langile soldaduen garaia amaitua da. Eztabaidaguneak berriz sortu beharko genituzke langileak parte hartzaileago bilaka daitezen. Bakoitzak bere geroa eskuetan har dezala !
 

 

 

Lan eta bizi duina aldarrikatu dugu Pasaiako badiarentzat

0
Hilabete baino gehiago pasa da Pasaiako Portuan sutea piztu zenetik, hilabete baino gehiago Gipuzkoako kostaldetik inoiz ikusi gabeko ke beltz-beltzak zerua marraztu zuelarik. Eta oraindik ikerketaren erantzunik ez. Oraindik azaldu gabe zer gertatu zen, ez langileoi ezta herritarroi ere. LABetik, kezkaz bizi izan genuen gertaera, badian bizi garenongatik, baina baita portuan lan egiten dugunongatik ere. Garrantzitsua iruditzen zaigu langileon egoera ere eztabaida honetan kokatzea.

Gertakari honek berriz mahai gainean jarri du pendiente dagoen arazoa eta eragin zuzena duena Pasaiako portuan lan egiten dugunongan. Zein da Eusko Jaurlaritzak duen proposamena euskal portuak bideragarriak izan daitezen? Nola uztartu ditzakegu lanpostu duinak eta aldi berean osasungarriak badiaren inguruan bizi garen herritarrontzat?

LAB sindikatuan argi dugu balizko eztabaida honek eskumenik gabe edo burujabetzarik gabe ez duela zentzurik, eztabaida antzua delako.

Guztiz bat egiten dugu Badian Bizi plataforma berriaren haserrearekin, bai eta Fiskaltzari egindako ikerketa eskaerarekin. Guri dagokigun tokitik ordea, langileon osasunean izan duen eragina eta hemendik aurrera arrisku horiek gutxitzeko asmoetan jarri nahi dugu azentua.

Milaka tona dira egunero bertako langileek deskargatu behar dituztenak. Horiek jaso aurretik, ziurtagiri bat izan behar du txatarrak, nondik datorren eta zer dakarren zehazten duena. Nori dagokio honen kontrola? Nork egiaztatzen du ziurtagiria? Kontrolak egon dira? Pasaiako portuko agintzaritzak edo konzesionaria berak egiten du kontrola, Algeposak kasu honetan?

Deskargatzeko ere irizpide batzuk jarraitu behar dira. Baina sutea gertatu eta berehala, deskargatzeko falta ziren 500 tonak, beste modu batera deskargatzkeo agindua jaso zen. Zer dela eta? Badago beraz, bestelako teknika bat seguruagoa dena? Eta horrela bada, zergatik ez da teknika hori egunerokoan erabiltzen? Motelagoa delako akaso? Algeposari mesedeak egiten, negozioa handitu dezan, denon osasunarekin jolasten duen bitartean. Hau eskandalua!

Azken berrien arabera, Portu Agintaritza eta Diputazioa akordio batetara iritsi dira, horrelako gertaeren inguruan hobeto jarduteko, suhiltzaileak espezializatuz eta emergentziazko reten bat ziurtatuz beti. Hau ongi dago, baina berriz ere, arazoari aurre egiteaz ari gara eta ez arazoak saihesteaz. Oraingoan ere, ez diegu agintariei prebentzioaz hitz egiten entzun. Defini daitezela segurtasun ardurak eta zorrotz bete daitezela! Langileok behar dugu, herritarrok ere bai. Hau lehentasun kontua izan beharko litzateke. Baina zoritxarrez, portuko zuzendari berriak (PNV) ez du lehentasun bezala hartzen…bai ordea, langileen lan baldintzak ez hobetzea.

Horregatik uste dugu garrantzitsua dela Badian Bizi plataformak sartu duen eskaera, ardurak ikertu behar direlako, horrelakorik berriro ez gertatzeko eta bereziki, BADIAN LAN ETA BIZI DUINA bermatzeko.

Herritarron eta langileon osasuna ez dagoelako salgai, gu ere prest gaude portu errentagarri eta osasuntsu baten aldeko burubelarri lan egiteko.
 

 

 

Prekarietateak eta diskriminazioak emakume irudia dutela salatu dute Loramendiko langileek

Greba mugagabean jarraitzen dute Erandioko Sanitas Loramendin, eta, lanuzteei ekin dietenetik egunero egin bezala, elkarretaratzea egin dute.
 

 

 

EAJk langileei emandako hitza ez duela bete salatu du USOAko enpresa batzordeak

USOAko langileek elkarretaratze bat egin dute gaur EAJren egoitza aurrean, Bilbon, alderdi honek Barakaldon USOA Enplegu Zentro Bereziaren kudeaketan duen jarrera salatzeko.

Hauxe da USOAko enpresa batzordeak egin duten prentsa oharra, gaurko elkarretaratzearen harira:

Berriro ere, duela hilabete askoz geroztik tailerreko langileok pairatu behar ditugun lan baldintzak salatzeko mobilizatzen gara.

Sabin etxera eraman dugu protesta, Barakaldoko EAJk orain arte, eta oraindik ere, pairatu behar dugun gatazka egoeran daukan jarrera salatzeko.

2017ko uztailean, USOAko tailerraren hitzarmena sinatu zen, 2019ra arte indarraldia daukalarik. Delako hitzarmenak Barakaldoko eta inguruko herrietako 400 baino gehiagorengan dauka eragina.

2018ko urtarrilean, nominak ematerakoan eta hurrengo hilabeteetan ere, hitzarmenean negoziatutako soldata taulak eta hitzarmena sinatutako terminoetan indarrean jarriko zenaren hitz ematea ez zutela betetzen baieztatu genuen.

Ondorengo hilabeteetan mobilizatzen jarraitu dugu, soldata paktatutako terminoetan ordaintzea galdegin dugu, eta tarte horretan alkatetza eta USOAren gerentziaren partetik erantzuten ziguten beraien artean koherentziarik ez zuten informeak erakutsiz, bien bitartean, erreprimitzen zuten udalbatzarrak desalojatuz eta enpresako komitekideak identifikatuz konzentrazioetan edota egoeraren salaketa ekimenetan parte hartzeagatik.

USOA lan enplegu gune berezia da, Barakaldoko udaletxearena da, eta tamalez, honek esan nahi du plantilak ez daukala beste enpresetako lanpostuetarako sarbiderik. Delako egoerari hitzarmenean adostutako textuan agertzen diren soldatak ez direla ordaintzen gaineratzen badiogu, prekarietatea gure egoera ondoen zehazten duen hitza da.

Hau guztiarengatik hemen jarraitzen dugu, hitzarmena bete dezaten eta gure lan baldintzak errespeta daitezen galdegiteko.

 

 

 

Aurrera darrai Gipuzkoako komisaria eta egoitza judizialen garbiketa sektorean deitutako grebak

0

LAB, ELA, UGT eta ESK sindikatuok deituta, Gipuzkoako komisaria eta egoitza judizialen garbiketa sektorean greba egiten ari dira. Urriaren 3a arte dugu deituta, Garbialdi enpresak langileekiko duen jarrera salatzeko. Gaur, berriro ere, mobilizazioak egin dituzte.

Hauek dira grebaren arrazoiak:

ELA, LAB, UGT eta ESK sindikatuok grebarako deialdia egiten dugu Gipuzkoako polizia-etxe eta eraikin judizialetan, irailaren 19tik urriak 3 arte, hasiera batean. Garbialdik aipaturiko bi hitzarmetan izan duen jarrera dela eta, langileei mobilizatzea baino ez zaie geratzen euren baldintzak hobetu ahal izateko.

Polizia-etxe, eraikin judizial eta Gipuzkoako adin txikiko zentroetako garbikuntzako hitzarmenak negoziatzeko arrakastarik gabeko ahalegin batzuen ostean, 2018ko apiri- laren 26an mahai negoziatzailea osatu zen eta Garbialdiari garbi eta argi esaten zitzaion negoziazio honetan bideko garbikuntzarekiko (sektorea maskulinizatua) soldata-tartea desagertzea aldarrikatzen genuela eta deia egiten dugun sindikatuentzat une honetan horrek lehentasun bizia duela.

Soldata-tartea polizia-etxeetan %13koa da, eraikin judizial eta adin txikiko zentroetan %7koa.

Polizia-etxeetarako hitzarmenaren iraunaldia 2009ko abenduaren 31an amaitu egin zen eta eraikin judizialetakoa 2017ko abenduaren 31an.
Polizia-etxea eta eraikin judizialetako hitzarmenetarako pixkanakako soldata-igoera batzuk aldarrikatzen ditugu egungo soldata-tartea murriztuz joateko.

Apirilaren 26tik egun arte lau bilera egin ditugu, hauetan ez da inolako aurrerapenik eman; soldata-proposamenik izan den bilera bakarrean egindako azken bileran eman da eta berau erabat eskasa izan da.

Uztailaren 10eko azken bileran Garbialdik bi hitzarmenetako soldatak blokeatzea plan- teatu zuen 2018a arte eta 2019rako 2018ko KPIren igoera bi hitzarmenetarako.

Planteamendu hau onartezina da, polizia-etxeetako langileen soldatak 2008tik blokeatuta baitaude, eta eraikin judizialetako soldata-tartea %7koa baita garbikuntza sektore mas- kulinizatuekiko.

Bestaldetik ezin dugu ahaztu hau Eusko Jaurlaritzak azpikontratatu duen zerbitzu bat dela (Segurtasun Sailak eta Juztizia Sailak); eta erakunde publikoa denez berdintasunaren alde eta soldata-tartearen kontra egiteko betekizun etikoa duela, eta ezin du beste alde batera so egin. Genero-berdintasuna egitatetan gauzatu behar da eta ez hitz politetan geratu.

Garbialdi eta Eusko Jaurlaritzari exijitzen diegu lehenbailehen dihardutea diskriminazio egoera honekin amaitzeko.
 

 

 

Lanuzteak egingo dituzte Donostiako etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileek

Donostiako etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileek agerraldia egin dute gaur udaletxean. Hain zuzen ere, enpresak hitzarmen kolektiboa negoziatzeko asmorik ez duela ikusita, bi orduko lanuzte partzialak iragarri dituzte eta, gatazka konpondu ezean, greba mugagabera joko dutela jakinarazi dute.

Etxez etxeko laguntza zerbitzuko Garbialdi enpresako komiteak, Donostiako Udalaren azpikontrata denak, honako hau jakinarazi du:

11 hilabetez negoziatzen ibili ondoren eta GARBIALDI enpresaren partez Hitzarmen Kolektibo baterako gerturaketarako aukerarik ematen ez duen proposamenak jasoz, Donostiako Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko langile guztion lan prekarietatea eta lan baldintzak salatzeko lanuzteak egingo ditugu.

Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko langile guztiok erabiltzaile baten etxe batetik besterako desplazamenduko denbora LAN EGINDAKO DENBORA EFEKTIBOA izan dadila eskatzen dugu, hau Hitzarmen Kolektibo berri bat negoziatzeko ezinbesteko aldarrikakpena izanik.

Horregatik, DONOSTIAKO UDALETXEARI, subkontrataren erantzule subsidiario bezala, gatazka kolektiboan bitartekotza egitea eskatzen diogu.

Datorren ostiralean lan-uzteekin hasiko gara bai Udaletxeari eta baita Garbialdi enpresari prekarietatearekin amaitu eta Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua bezalako subkontrata munizipalik feminizatuena duintzeko behar diren neurriak hartzeko eskatzeko.

Gehiengo absolutu baten bitartez joan den larunbatean, irailaren 15ean, ospatutako langileon asanbladan adostu bezala, 2 orduko lan-uzte partzialak egingo dira ondorengo leku eta egunetan:

– Irailak 21 ostirala: 11:30etatik 13:30etara Udaletxearen aurrean.
– Irailak 22 larunbata: 10:00tatik 12:00etara Maria Cristina Hotelaren aurrean.
– Irailak 25 asteartea: 11:30tatik 13:30etara Udaletxearen aurrean.
– Irailak 27 osteguna: 11:30tatik 13:30etara Udaletxearen aurrean eta Donostiako Udaletxeko plenoan.

Urrian: 1, 5, 10, 16 eta 18an 11:30tatik 13:30etara Udaletxearen aurrean.

Urriaren 22tik aurrera GREBA MUGAGABERA goaz.

 

 

 

EAEko gizarte ekimeneko ikastetxeetan greba egingo dugu urriaren 9 eta 10ean

Gizarte-ekimeneko ikastetxeetako patronalak erabat geldirik daudenez, ikasturte honetarako jadanik aurreikusitako greba eta mobilizazioekin jarraitu beste biderik ez digute utzi. Hala adierazi dugu gaur egindako agerraldian LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuok.

Pasa den ikasturtean gauzatutako 3 greba egunek (Martxoak 20 eta maiatzak 15-16) erantzun ugari-ugaria jaso zuten sektoreko langileen aldetik, jarraipen-maila %65 eta %70 bitartekoa izan baitzen. Era berean, mobilizazio eta manifestazioetara oldean joan ziren langileak; horrela, ikastetxe batzuetako zuzendaritzek, grebalarien legez kanpoko ordezkatze bidez zein proportzioz kanpoko deskontu bidez, greba indargabetzeko eta langileak greban atzera botatzeko saiakera gauzatu zuten arren, kidegoa guztira 9.000 langilekoa bada, 5.600 langile inguru bildu ziren agerraldietan.

Hala ere, sektoreko patronalek, (Kristau Eskola eta AICE-IZEI), ez dute ezta zirkinik ere egin negoziazio-mahairako deialdirik egin gabe daude, eta gure eskakizunetako bati ere ez diote erantzun. Agerikoa da beraz, hauen negoziaketarako aldarterik eza.

Egoera honen aurrean, eremu honetan ordezkaritza dugun sindikatuoi, ikasturte honetarako adostutako eta Ekainean publiko egindako mobilizazio eta grebekin jarraitu beste biderik ez zaigu geratzen. Beraz, ikastetxeetako langile guztiak animatu nahi ditugu datozen Urriak 9 eta 10eko grebak babestu eta antolatuko diren ekintzetan parte hartzera. Baita ikastetxeetan bultzatzen ari garen batzar eta elkarretaratzeetan zein borondatezkoak ez diren zereginetan planto egiteko kanpainan parte hartzera ere benetako negoziazioari ekiten ez dioten bitartean.

Joan den maiatzean egindako manifestazio bat, deitutako greba egunetako batean.

Sektore honetako langileok ia hamar urtetan egon gara hitzarmena berritu gabe, eroste-ahalmenaren galera metatuak %10etik gorakoak dira, pedagogien modernizazioa, digitalizazioa eta hezkuntza-berrikuntza langileon kontura joan da, lan-kargak handituz jasanezinak izateraino. Sektore honetako langile-kidego batzuk (hezkuntza-laguntzako espezialistak eta haur-hezkuntzako lehen zikloko langileak) ugalduz joan dira azken urteotan, kopuruz eta prekarietatez, eta horiek dira, hain zuzen, feminizatuenak eta baldintzarik txarrenak dituztenak; hori dela-eta, premiazkoa da baldintza horiek hobetzeari ekitea. Jaiotza-tasa gutxitu izanak eragina izan du ikastetxe horietan, eta haur-hezkuntzako lehen mailetan hasi dira langileak kaleratzen. Bestalde, zerbitzuen azpikontratazioa ere zabalduz doa, eta horrek kidego jakin batzuen lan-baldintzak prekarizatzea ekarri du bere baitan; 1-DBH eta 2-DBHko irakasleak parekatzea egiteke dago oraindik; eta beharrezkoa da, halaber, Lanbide Heziketa gehiago arautzea.

Gure eskakizun nagusiak, hitzarmena berritzeari begira, honako hauek dira:

Enplegua
Akordio bat, enpleguari eusteko eta gelak balizko ixtearen eraginpeko pertsonala birkokatzeko.

Soldatak
Eroste-ahalmena berreskuratzea.
1-DBHko eta 2-DBHko irakasleen soldatak parekatzea.

Lanaldia eta lan-kargak
Irakasleen kasuan, ordu osagarriak erreserbatzea eskolak prestatzeko eta ikasleen jarraipena egiteko, zein urtean dedikazio ez presentzialeko 70 orduren aitortza.

Administrazio eta Zerbitzuetako pertsonalarentzat, lanaldia murriztea.

Lanbide Heziketan lanaldiaren banaketa adostea.

Bereziki prekarizatuen eta feminizatuen dauden kidegoen lan-baldintzak hobetzea.
Hezkuntza-laguntzako espezialistak: haien lana irakaskuntza-izaerakotzat hartzea, ordu osagarriak ematea lana prestatzeko eta ikasleen jarraipena egiteko, lanaldia modu erregularrean banatzea irailaren 1etik ekainaren 30era arte…

Haur-hezkuntzako lehen zikloko pertsonala: haien lana irakaskuntza-izaerakotzat hartzea, lanaldia murriztea, ordu osagarriak ematea lana prestatzeko eta ikasleen jarraipena egiteko.

 

 

 

Simply-Alcampok Gasteizen igande eta jai egunetan irekitzeko hartutako erabakia salatu dugu

Supermercados SABECO SAUk (SIMPLY – ALCAMPO) Gasteizko Ibilbidean SIMPLY CITY izenpean orain arte izan duen denda, urteko 365 egunetan, igande eta jai egunetan barne, irekitzeko hartutako erabakiaren berri izan du LABek.

Erabaki honek, lan zentroa “komenentziazko denda” batean eraldatzea suposatzen du. Denda hauek, beste gauza batzuen artean, urteko 365 egunetan 18 orduz irekita egon daitezke.

Enpresa honezkero lan egutegi berriak banatzen ari da banan-banan langileei. Egutegi horietan, beste gauza batzuen artean, igandeak lan egun bezala adierazten dira, eta 01:15ak ixteko ordutegi bezala. Honek langileen lan baldintzen funtsezko aldaketa bat suposatzen du, hala ere, enpresak kasu hauetan aurrera eraman beharreko prozedura ez du bete, eta ez die langileei aldaketa honen berri idatziz eman.

LAB sindikatuak enpresak hartutako erabakia arbuiatzen du, eta irmoki borrokatuko duela adierazten du. Urteak daramatzagu igande eta jai egunetan zero irekierak aldarrikatzen, eta langileen kontziliazio pertsonal eta laboralerako eskubidea defendatzen. Liberalizazioaren aurka gaude, enpresa handien mesedetan bakarrik delako, kalitatezko enplegua suntsitzen duelako, eta gure kontsumo ereduak aldatzea ahalegintzen delako.
 

 

 

Negoziaziorako proposamen bat egin dugu Mahai Orokorrean

Administrazioko Mahai Orokorraren bilera egin da gaur Gasteizen, Eusko Jaurlaritzan. Hori dela eta, elkarretaratze bat egin dugu “Zerbitzu publikoen defentsan, hemen erabaki” lemapean.

Pasa den astean Erkoreka sailburuak iragarri zuen gidoia ez da aldatu gaur izandako administrazioen Mahai Orokorrean. Madriletik zehazten diren irizpideen araberako proposamenak jarri dituzte mahaiaren gainean, beraien esanetan negoziaziorako margen eskasarekin. Eusko Jaurlaritzaren jarrera beraz ez da aldatu eta estatutik eratortzen zaizkigun mugak bereak egiten ditu, euskal zerbitzu publikoen kaltetan.

Langileen borrokaren bitartez irabazitako hainbat eskubide berretsi behar izan dira gaurko Mahaian. Asteko 35 orduen jardunaldia mantentzeko akordio berri bat sinatu behar izan dugu estatuko gobernuaren ekimena saihesteko. Gaixotasun arruntak direla eta soldata osagarrien berreskurapena sindikatuon aspaldiko aldarrikapena izan da, irakaskuntzan izandako grebak eta borrokaldi luzea eta gero lortutakoa hain zuzen.

Soldatari dagokionez, urrira arte itxoin beharko dugu 2018 soldata igoera eskuratzeko. Atal honetan erabat salagarria da gobernuaren jokamoldea; Madrileko Mahaian gastu araua bermatzeko adosten diren soldata igoerak hemen inposatu eta gainera berandu ordaindu. 2019 urteari dagokionez zaharrak berri. Madrilen adostutako igoera da muga eta hemen ez da beste ezer negoziatzen.

EAEko administrazioetarako Mahai Orokorrean beraz negoziazio kolektiboa garatu gabe jarraitzen dugu. Madrilen erdiesten diren akordioak inposatzen dira eta ez zaie euskal zerbitzu publikoek dituzten erronkei heltzen. Langile publikook daukagun erronka garrantzitsuetako bat eros ahalmenaren galeraren berreskurapena da. 2010 urtean %5 murriztu egin zen gure soldata eta gerora soldatak izoztu edo KPIaren azpitik dauden igoerak agindu dira. Behin eta berriro gobernuari berreskuratze plan bat negoziatzea eskatu diogu baina alferrik. Horrexegatik gaurkoan LABekgobernuari proposamen zehatz bat luzatu dio, Mahai Orokorra benetako negoziazio mahaia izan dadin.

Egindako proposamena erabat bideragarria izan daiteke borondate politikoa badago, beste hainbat administrazioetan egin den bezala. Proposamenaren ardatza gobernuak langileekin duen zorraren aitortza egitea da. Hortik aurrera gure planteamendua zor hori hiru urteetan berreskuratzea izango litzateke, betiere urtero KPIa bermatzen duen oinarrizko igoera bat izanda. Berreskuratzeko ere balio ez duen Itzarrirentzako ekarpenaz egin duen proposamenak argi uzten du zuzeneko soldatarako dirua egon badagoela, baina bestelako asmoak ditu Jaurlaritzak.

Soldata igoeraz harago hainbat gai gelditu zaizkigu gaur bileran hitz egin gabe. Enplegu egonkortasunerako kontsolidazio prozesuetaz ez dakigu ezer. Behin-behinekotasun tasekin bukatzeko planteamendu propiorik ez dauka gobernuak, beti Madriletik etortzen denaren zain baitago. Gaixotasun arruntak mutualitateek baino, osasun zerbitzu publikoek jarraitzeaz era ez du hitz egin nahi.

LABek beraz ez du onartzen gobernuak Mahai Orokorrari eman nahi dion bigarren mailako papera. Gure ustez hori urteetan egindako murrizketak betikotzeko amarru bat besterik ez da, jakin badakigu Madriletik ez dela murrizketak leheneratzeko planteamendurik etorriko. Hori dela eta gure eskuetan dagoen guztia egingo dugu geure negoziazio esparruak defendatu eta murrizketekin bukatzeko. Argi dago beraz langileoi mobilizazioa eta konfrontazioa besterik ez zaigula gelditzen.