2026-11-14
HomeZerbitzu PribatuakPortuakLan eta bizi duina aldarrikatu dugu Pasaiako badiarentzat

Lan eta bizi duina aldarrikatu dugu Pasaiako badiarentzat

Hilabete baino gehiago pasa da Pasaiako Portuan sutea piztu zenetik, hilabete baino gehiago Gipuzkoako kostaldetik inoiz ikusi gabeko ke beltz-beltzak zerua marraztu zuelarik. Eta oraindik ikerketaren erantzunik ez. Oraindik azaldu gabe zer gertatu zen, ez langileoi ezta herritarroi ere. LABetik, kezkaz bizi izan genuen gertaera, badian bizi garenongatik, baina baita portuan lan egiten dugunongatik ere. Garrantzitsua iruditzen zaigu langileon egoera ere eztabaida honetan kokatzea.

Gertakari honek berriz mahai gainean jarri du pendiente dagoen arazoa eta eragin zuzena duena Pasaiako portuan lan egiten dugunongan. Zein da Eusko Jaurlaritzak duen proposamena euskal portuak bideragarriak izan daitezen? Nola uztartu ditzakegu lanpostu duinak eta aldi berean osasungarriak badiaren inguruan bizi garen herritarrontzat?

LAB sindikatuan argi dugu balizko eztabaida honek eskumenik gabe edo burujabetzarik gabe ez duela zentzurik, eztabaida antzua delako.

Guztiz bat egiten dugu Badian Bizi plataforma berriaren haserrearekin, bai eta Fiskaltzari egindako ikerketa eskaerarekin. Guri dagokigun tokitik ordea, langileon osasunean izan duen eragina eta hemendik aurrera arrisku horiek gutxitzeko asmoetan jarri nahi dugu azentua.

Milaka tona dira egunero bertako langileek deskargatu behar dituztenak. Horiek jaso aurretik, ziurtagiri bat izan behar du txatarrak, nondik datorren eta zer dakarren zehazten duena. Nori dagokio honen kontrola? Nork egiaztatzen du ziurtagiria? Kontrolak egon dira? Pasaiako portuko agintzaritzak edo konzesionaria berak egiten du kontrola, Algeposak kasu honetan?

Deskargatzeko ere irizpide batzuk jarraitu behar dira. Baina sutea gertatu eta berehala, deskargatzeko falta ziren 500 tonak, beste modu batera deskargatzkeo agindua jaso zen. Zer dela eta? Badago beraz, bestelako teknika bat seguruagoa dena? Eta horrela bada, zergatik ez da teknika hori egunerokoan erabiltzen? Motelagoa delako akaso? Algeposari mesedeak egiten, negozioa handitu dezan, denon osasunarekin jolasten duen bitartean. Hau eskandalua!

Azken berrien arabera, Portu Agintaritza eta Diputazioa akordio batetara iritsi dira, horrelako gertaeren inguruan hobeto jarduteko, suhiltzaileak espezializatuz eta emergentziazko reten bat ziurtatuz beti. Hau ongi dago, baina berriz ere, arazoari aurre egiteaz ari gara eta ez arazoak saihesteaz. Oraingoan ere, ez diegu agintariei prebentzioaz hitz egiten entzun. Defini daitezela segurtasun ardurak eta zorrotz bete daitezela! Langileok behar dugu, herritarrok ere bai. Hau lehentasun kontua izan beharko litzateke. Baina zoritxarrez, portuko zuzendari berriak (PNV) ez du lehentasun bezala hartzen…bai ordea, langileen lan baldintzak ez hobetzea.

Horregatik uste dugu garrantzitsua dela Badian Bizi plataformak sartu duen eskaera, ardurak ikertu behar direlako, horrelakorik berriro ez gertatzeko eta bereziki, BADIAN LAN ETA BIZI DUINA bermatzeko.

Herritarron eta langileon osasuna ez dagoelako salgai, gu ere prest gaude portu errentagarri eta osasuntsu baten aldeko burubelarri lan egiteko.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Leioako Foru Egoitzako langileak grebara doaz lankide falta eta baldintzen okertzea salatzeko

Azaroaren 16an deitu dute greba; izan ere, zuzendaritzak planteatutako langile-kopurua ez da nahikoa, lan-baldintzak okertu egin dira eta zuzendaritzak ez du zentroaren benetako beharrei erantzungo dien lanpostu-zerrenda negoziatu nahi.

Mobilizazioaren indarrak mugitzera behartu du Osakidetza, baina proposamenak oraindik ez dira nahikoa

LAB, SATSE, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok balioetsi dugu urriaren 30eko greban profesionalek emandako erantzun irmoak Mahai Sektorialean posizioak mugitzen hastera behartu duela Osakidetzako...

Nafarroako Industria Foru Lege berriak inbertitzaile pribatuak lehenesten dituela kritikatzen dugu, baina ontzat jotzen ditugu jabetza publikoa, deslokalizazioa eta lanaldiarekiko aurrerapenak

Parlamentuak atzo onartutako Industria Foru Lege berriak inbertsio pribatua erraztera bideratuta dago, pizgarri, sinplifikazio administratibo eta kanpoko inbertitzaileak erakartzera bideratutako bestelako neurrien bidez. Hala...