2026-01-24
Blog Page 732

Bi urteko haurren autobus zerbitzua berreskuratzea exijitzen diogu Eusko Jaurlaritzari

0
LAB irakaskuntzak Eusko Jaurlaritzari exijitu nahi dio 2 urteko haurren eskola garraioko zerbitzuan berriki aplikatu dituen murrizketak berehala bertan behera uztea. 2 urteko haurren gehiengoa eskolarizatua egonik, Jaurlaritzari dagokio ume guztiei eskola garraioa bermatzeko betebeharra. Erabaki honekin Lakuako gobernuak hezkuntza eskubidea kolokan jartzeaz gain, lana egiten duten familien kontziliaketa zaildu egiten du, lana eta familia uztartzea ezinezkoa bilakatuz kasu askotan.

Ziurtasun neurri nahikorik ez dagoela argudiatzea ez da onargarria. Are gehiago itunpeko sarean zerbitzu hau indarrean dagoenean 2 urteko haurrentzat. Bere eskumen eta betebeharra da garraioa ziurtasun neurri egokienekin hornitzea, eta beharrezkoak diren neurri guztiak berehala martxan jartzea exijitzen diogu.

Guk argi dugu, justizia sozialean eta aukera berdintasunean eraikitako hezkuntza burujabea iruteko urratsak ematen jarraituko dugula, herri honek behar duen eskola publiko komunitarioaren bidean.
 

 

 

“Ez dugu susperraldiaren zantzurik ikusten soldaten eta enpleguaren kalitateari erreparatzen badiogu”

LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburu elkarrizketatu dute gaur Onda Vasca irratian, eta gaurkotasunarekin lotutako hainbat gairi buruz sindikatuak egiten duen irakurketa plazaratu du.
 

 

 

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak bat egin du pentsio duinen aldeko mobilizazioekin

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak agerraldi bat egin du Bilbon, urriaren 1eko pentsio duinen aldeko mobilizazioetan parte hartzeko deia egin eta pentsio ez kontributiboen inguruan egiten duten irakurketa plazaratzeko.

Hauxe da Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzen dugun eragileok egindako irakurketa:

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzen dugun eragile sozial eta sindikalok, Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak datorren astelehena, urriak 1, Pertsona Nagusien Egunerako deitua duten mobilizazioan parte hartzera dei egiten dugu.

Pentsio publikoen sistema bermatzea, langile guztion ardura delako eta oinarrizkoa delako aberastasuna ekitatiboki banatzeko eta euskal jendarte justu eta solidarioa osatzeko.

Guztiz sinetsita gaude, helburu honetan lortzen ditugun helburuak, gure borrokarako ahalmenaren bestekoak izango direla, arrazoi horregatik, euskal jendarteari kalera ateratzeko deia egiten diogu, mobilizaziorako deia egiten diegu.

Gure konpromisoa pentsio duinak izatea izan da, eta izaten jarraitzen du, eta Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduaren aldarrikapenekin bat eginez, gizarte eta osasun zerbitzu publiko eta unibertsalak izatea.

Aberastasunaren banaketa ekitatiboa, aldarrikapen hauen guztien erdigunean dago, KPIaren araberako pentsioen rebalorizazioa, gutxienez 1.080 euroko pentsioak, 2011 eta 2013ko pentsioen erreformaren derogazioa, 1.200 euroko Lanbidearteko Gutxieneko Soldata, soldaten eros-ahalmena berreskuratzea eta prekarietartea areagotu duten lan erreformen derogazioa, soldata arrakalarekin bukatzea, bai emakume eta gizonen pentsioen artekoan ere, lanaren banaketa eta gizarte eta osasun zerbitzu publiko unibertsala sortzea.

Euskal erakundeei, haien esku dagoen guztia egin dezatela exijitzen diegu Euskal Herrian pertsona pentsiodunen eskubideak bermatuak egon daitezen, eta pobreziarekin eta desberdintasunekin bukatzeko, asteleheneko mobilizazioan mahai gaineratzen diren neurri eraginkorrak har ditzatela aurrekontu eta fiskalitate politiken bitartez.

 

 

 

AHTren Nafarroako korridorearen lanetara egingo duten martxarekin egin dugu bat

0

LAB, ELA, CGT, ESK eta STEILAS sindikatuok gure egiten dugu AHTren kontrako martxa deitzeko egin den irakurketa, eta azpimarratu nahi dugu proiektu honek ez duela inolako onurarik ekarriko lan arloan, ezta langileendako ere. Horregatik, Abiadura Handiko Trenaren (AHT) Nafar Korridorearen lanen jarraipena salatu nahi dugu eta lan horietara eginen den martxan parte hartzeko deialdiarekin bat egiten dugu, irailaren 29an, larunbatarekin, eta goizeko 11etan Martzilla ondotik hasiko dena.

Hauxe da larunbateko martxari begira egindako adierazpena:

Espainiako Gobernua gaur egungo Nafarroako Gobernuaren laguntza beharrezkoarekin Abiadura Handiko Trenaren plataformaren lanen eraikuntzarekin aurrera jarraitzen du Nafarroan.

Duela gutxi, Azkoien eta Erriberriren arteko plataformaren eraikuntzarako lanak hasi dituzte, 10 kilometroko luzerarekin. ADIF, Sustapen Ministerioaren menpeko enpresa publikoak, PPren eskuetan orduan, bidetarte hau AZVI enpresari esleitu dio 30 milioi eurotan.

Era berean, Villafranca eta Azkoien arteko 5 kilometroko bidetartea OHL enpresari esleitu dio 55 milioi eurotan. Bidetarte honetan Aragon ibaiaren gainetik joanen litzatekeen 800 metrotako biaduktuak eraginen lukeen kaltea nabarmentzekoa da.

Bi enpresa hauek inputatuak edo ikertuak daude Partido Popularraren legez kanpoko finantziazioagatik.

Honetaz gain, ADIFek Erriberri eta Tafallaren arteko bidetarteak konkurtsora atera ditu. Ia 15 kilometroko lehiaketa eta prezioa 120 milioi eurokoa da.

Hau da, hemendik gutxira AHTren nafar korridorearen lehen fasearen plataformaren lanen erdia baino gehiago, Castejon eta Campanas artekoa, lanean edo eraikita izanen dugu.

Euskal Y-aren lanekin gertaturikoak erakusten digu proiektuaren zati garrantzitsu bat eginda dagoenean, proiektuarekiko aurkaritza ahuldu egiten dela eta argudio hau gailentzen da: proiektu honek zentzu handirik ez dauka, baina plangintzaturikoa bukatu beharko da, hainbeste diru gastatu ondoren, lanekin ez jarraitzea xahukeria bailitzake. Egintza burutuen politika.

Hori dela eta, orain da lanak gelditu eta burugabekeria honekin bukatzeko unea.

Arrazoirik ez dira falta: lurraldeari kalte larria dakarkio, bidaiari kopuru nahikorik ez luke inondik inora, biztanleen gutxiengo batek erabiliko luke, ez luke salerosgairik eramanen, trenaren izaera publiko eta sozialaren deuseztapena suposatzen du eta gaur egun zerbitzu minimo bat ematen duten geltokien desagerpena ekarriko luke: Altsasu, Tafalla eta Castejonen esaterako.

Europar Batasuneko Kontuen Auzitegiak kaleraturiko txostenetan Estatu espainiarrean abiadura handiko lerroen eraikuntzak suposatzen duten zarrastelkeria kuestionatu eta salatu egiten du argiki, hala nola, astakeriatzat jotzen du lan publiko bat eraikitzea bere errentagarritasun sozial edo ekonomikoa baloratzen duen txostenik edo ikerketarik egin gabe.

Horrela bada, hurrengo foru hauteskundeetarako alderdi politikoak beren aukerak zehazten ari direnean, Tren Sozialaren edo AHTren aldeko jarrera, garapen sozio-ekonomikoaren eredu bezala, hurrengo Gobernuaren osaketarako diskurtsoen arteko ardatza izan behar du, hots, Aldaketaren Gobernua, aurrerakoia eta ezkerrekoa, ala Gobernu klasista-elitista, garapen-basa zalea eta eskuinekoa. Laburbilduz, Aldaketaren Gobernu batek ezin du oinarria izan AHTren garapena, diru publikoaren xahuketa galanta dena, sozialki haustailea, eta ingurumena txikitzen duena.

Inposaketaren eta ustelkeriaren aurrean ozen eta argi diogu: AHTrik Ez, TREN PUBLIKO ETA SOZIALA BAI.

Honegatik guztiagatik, martxa honetara etor zaitezten animatzen zaituztegu, berehalako paralizazioa eskatzeko eta emaniko esleipenak edo izapidetzen daudenak ezeztatzea eskatzeko.

 

 

 

Emakumeon Mundu Martxak kalera irtetzeko deia egin du azken erailketa matxista salatzeko

Sei emakume erail ditu indarkeria matxistak aurten Euskal Herrian. Azkena Maguette Mbeugou izan da, 25 urteko emakumea. Bilbon erail du bere bikotekide ohiak. Hala, erailketa hau salatzeko mobilizaziora deitu du Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak.

Hauek dira deitutako mobilizazioak:

-Irailak 26, asteazkena, manifestazioa Bilbon, 20:00etan, Atxuriko Enkartazio plazatik abiatuta.

-Irailak 27, osteguna, mobilizazioak Donostian (19:30, Bulebarra), Gasteizen (20:00, Andre Mari Zuria enparantza) eta Iruñean (20:00, udaletxeko plaza).

 

 

Euskal Enplegu Publikoaren Legea atzera botatzen laguntzeko eskatzen diegu langileei eta parlamentuko taldeei

Eusko Jaurlaritzak eta EAJ-PSEren erakundeek Euskal Enplegu Publikoaren Legearen aurreproiektua aurrera ateratzea lortu dute tramite berri bat gaindituz. Hain zuzen, ohiko eskujokari edo prestidigitadore gisa, esku batekin hainbat neurri ikusgarri ozenki aurkezten ditu langileok eta jendarteak atentzioa horra eraman dezagun, eta benetako izaera neoliberala eta atzerakoia beste eskuan ezkutatu.

Horrela, aspaldian iragarri zituen kontziliazio eta erantzukidetasun neurri batzuk berriro aireatu egin ditu, eta kode etikoarena den gai mediatikoarekin entretenitu nahi gaitu. Aipatu duen hirugarren ardatz izarraren inguruan, lanarena eta egonkortasunarena, zehaztasunik ez.

Erabat salagarria da Eusko Jaurlaritzak berriro ere langileokin negoziazioari muzin egin izana, formak erabat baztertzea erabaki duenaren azken zantzua, pasa den asteko Mahai Orokorraren bileraren antzera. Prozesu osoan LABek aurreproiektuari egindako ekarpenei erantzunik ez dugu jaso, ezta gainontzeko eragileena ere, eta EAJ-PSEk erabaki duten bezala joango da parlamentura.

Gaur bertan jaso dugun dokumentazio potoloa aztertuko badugu ere, ziur gaude otsailean aurkeztu zuten dokumentuarekin ez duela alde handirik edukiko. Eta lege aurreproiektu honek gabezia handiak dituela salatu izan dugu hasieratik, gogora ditzagun:

• Estatuko legediaren garapen soil batetara mugatzen da, Langile Publikoen Oinarrizko Estatutu (EPOE-EBEP) delakoaren ildo berdintsua jarraitzen du. Legebiltzarrak izan dezakeen gaitasun legegileari uko egiten zaio eta honek zerbitzu publikoak estatuaren etengabeko injerentzien menpe kokatzen ditu.
• Horren harira euskal administrazioetako langileak behin-behinekotasunera kondenatzen ditu. Legeak ez ditu etengabeko enplegu eskaintzak arautzen; honek estatuan ezartzen diren birjartze tasen menpe uzten gaitu.
• Murrizketen aroari amaiera emateko neurriak ez ditu barneratzen. Langile publikoek galdutako hainbat eskubide legez arautzeko aukera aproposa dauka Jaurlaritzak, hitzetatik ekintzetara pasatzea alegia. Murrizketak gustuko ez dituztela esan baina berauek aplikatu eta betikotu ez da jarrera onargarria.
• Legeak daukan helburu nagusia ikuspegi merkantilista txertatzea da. Estatuan barneratzen ari diren irizpide neoliberalen eskutik, pribatizazioak sustatu, lanpostuak amortizatu eta langileen erabateko mugikortasuna aurreikusten du Legeak. Administrazioei erabateko aldebakartasuna eman nahi die legeak, esparru pribatuan lan erreforma ezberdinek egin ohi izan duten bezala. Aipatzekoa da negoziazio kolektiboaren eskubidea ez dela erabat errespetatzen Lege aurreproiektuan; akordiotara iristeko beharra ez dio ezartzen administrazioari.
• Zerbitzu publikoen kalitaterako oso garrantzitsuak diren gaiak garatzeko aukera ezin hobea galdu da. Lan osasuna, zerbitzu publikoak euskalduntzea eta aukera berdintasunaren aldeko apusturik ez da Legean antzematen.

LABk argi ikusten du aurreproiektu honek ez diela erantzuten euskal zerbitzu publikoetan dauden beharrei. Legea erabat subordinatua dago eta ikuspegi merkantilista garatzeko aurreikusia dago. Gure ustez gaitasun legegile osoa garatzea beharrezkoa da eta horren harira hainbat proposamen egin ditugu.

• Erosahalmenaren berreskurapenerako xedapen iragankor bat proposatu genuen.
• Negoziazio kolektiboa aurrekontu estaldurari ez lotzea.
• Gaixotasun arruntengatik bajak %100 osagarria legez jasotzea.
• Ordezkapen guztiak lehen egunetik egitea.
• Ikuspegi merkantilista eta adiskidekerian oinarritzen diren neurri guztiak ezabatzea.
• Zuzendaritzen hautaketa prozesuak gardenak eta langileen parte hartzearekin egitea.
• Behin-behinekotasunari aurre egingo dieten neurri zehatzak, horien artean existitzen diren bakanteen kobertura bermatzeko etengabeko enplegu publiko eskaintzak arautzea.
• Subrogazio eskubidea langile guztientzat.
• Gaixotasunen jarraipenerako kudeaketa publikoa izatea – mutualitaterik ez!
• Zerbitzu publikoak euskalduntzeko neurriak – funtzio publikorako sarbidean euskara ezagutza bermatzea.
• Klausula feministak, administrazioetan ere gizon eta emakumeen arteko aukera berdintasunean aurrera pausoak eman daitezen

Honekin batera, guk egindako gainontzeko proposamenak ere gauzagarriak direla uste dugu. Zerbitzu publikoen defentsan benetako GEURE LEGE bat negoziatzeko borondatea besterik ez da behar, eta gobernu honek oso argi uzten du aukera duen bakoitzean ez duela negoziaziorik nahi.

Badakigu patronala eta administrazioak mahaiaren beste aldean negoziatzera esertzeko presionatu egin behar dela, beharra nabaritu behar dutela. Horrexegatik langile publiko guztiak dei egiten ditugu mobilizatzen jarraitzeko. LABek informazio eta mobilizazio kanpaina bati ekingo dio lege hau aurrera atera ez dadin, eta euskal langileon eta gizartearen mesedean egongo den geure lege bat negozia dadin. Parlamentuko taldeei ere eskaera horixe luzatuko diegu, Madrildik datozen inposizioei aurre egin eta inposizio horien garapen hutsa den lege kaltegarri hau bezalakoak atzera botatzeko.
 

 

 

Garbiñe Aranburu: “Estatus berriaren eztabaida ezin da Parlamentuko lau paretetara mugatu”

LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranbururi elkarrizketa egin diote Euskal Telebistako "Egun on Euskadi" saioan, eta, hainbat gairen artean, estatus berriaren eztabaidari buruz aritu da; sindikatu eta alderdi politikoekin abiatuko dugun errondari buruz, kasu. Era berean, La Naval, delako elkarrizketa soziala eta pentsioak izan ditu hizpide, besteak beste.


 

 

 

UTE PAUMA enpresako langileek mobilizazioei ekingo diete

Egoera ahulean edo babesgabean dauden pertsonak artatzeko zerbitzu publikoak ematen dituen UTE PAUMA enpresako langileak borrokan hasiko dira laster. Enpresa horretako langile askok lan edo zerbitzu jakin baterako kontratuak dituzte, nahiz eta lan estrukturalak egin. Eta orain sortuko den arazoa da Nafarroako Gobernuak fundazio publiko bat sortu nahi duela halako zerbitzuak emateko, eta sortzen duelarik langile horiek fundazio horretara pasatuko direla, eta kontratu horiekin sartzen badira epe ertain batean kalean egon daitezkeela. Hartara, UTE PAUMAri eskatu zaio kontratu horiek kontratu mugagabe bilakatzea, baina enpresak entzungor egin die langileen eskaerei eta horregatik hasiko dira lanuzteak eta mobilizazioak.

Hauek izanen dira hurrengo egunetako mobilizazioak:

– Irailak 26, asteazkena: lanuzteak 12:00etatik 15:00etara, eta elkarretaratzea 13:00etan.

– Irailak 27, ortzeguna: lanuzteak 12:00etatik 15:00etara, eta elkarretaratzea 13:00etan.

– Irailak 28, ortziralea: lanuzteak 10:00etatik 15:00etara, eta elkarretaratzea 10:30ean.
 

 

 

EAEko gizarte ekimeneko ikastetxeetako langileek protesta egin dute Urduñan

Kristau Eskolako ikasturte hasierako ekitaldian, benetako negoziazioa eta lan hitzarmen berri bat exijitu dute EAEko gizarte ekimeneko ikastetxeetako langileek. Urriaren 9 eta 10ean egingo duten grebaren atarian egin dute gaurko protesta.