2026-01-24
Blog Page 731

Gogor salatu nahi dugu Zubiak Eraikiz plataformak garatutako Herri Ekimen Legegileari EAJk eta PSEk legebiltzarrean emandako ezetza

0
EAJ eta PSE alderdiek Zubiak eraikiz plataformak eskola segregazioaren arazoari irtenbidea bilatu nahian garatutako Herri Ekimen Legegilea (HEL) lehenengo urratsean baztertzea adostu dute.

LABek gogor salatu nahi du bi alderdien jarrera arduragabe eta zitala. Bereziki deigarria egiten zaigu PSE alderdiaren jokabide hipokrita, HEL sinatu eta gutxira, bertan behera uztearen alde bozka eginez. Era berean, 17.000 atxikimendu jaso duen herri ekimen bat era honetan baztertzea salatu nahi dugu, are gehiago, erabilitako argudiaketa faltsua aintzat hartzen badugu: alde batetik, Hezkuntzako borrokaldiari esker hainbat hobekuntza lortu dira langileen lan baldintzei eta hezkuntzaren kalitatearen hobekuntzari dagokionean, baina segregazioaren arazoari ez zaio inondik inora erantzuten. Bestalde, Hezkuntza paktua eta balizko Hezkuntza lege berriari begira, EAJk ez du hezkuntza eragile nagusien inongo babesik: LAB, ELA, Steilas, EHIGE eta beste hainbat eragile kanpoan geratu dira, besteak beste, proposamenak dituen hutsune ikaragarriengatik eta EAJ ekarpenak onartzeko eduki duen borondate ezaren ondorioz. Herri ekimen bat lotsagabeki atzera botatzeko argudiaketa faltsuak eta gezurrak erabiltzea gogor salatu nahi dugu LABetik.

LABek, hezkuntza eragile gisa ez zuen bat egin HELarekin, bertan mahaigaineratzen ziren neurriak gure egiten baditugu ere, labur geratzen zitzaizkigulako segregazioaren problematikari dagokion erantzuna emateko. Hizkuntza ereduaren inguruan ez zen aipamenik egiten, eta guretzat elementu segregatzaile nagusienetakoa da. Hala ere, gure oinarri eta afiliazioari HELarekin bat egiteko askatasun guztia eman genion eta gutariko askok HELa izenpetzea erabaki genuen. LABek, segregazioari dagokion erantzun eta konponbidea emateko tinko jarraituko du borrokan, proposamenak garatuz, aliantzak eta sinergiak bilatuz eta pausoz pauso, segregaziorik gabeko hezkuntza sistema propio eta burujabea iruteko konpromisoarekin.

 

 

 

Donostiako epaitegien aurrean mobilizatu dira komisaria eta egoitza judizialetako garbiketako langileak

0

Irailaren 19an hasi zuten greba, eta urrian jarraituko dute borrokan. Gipuzkoako komisaria eta egoitza judizialetako garbiketako langileak egunero ari dira mobilizatzen; Egiako epaitegien kanpoaldean izan dira gaur, eta protestekin aurrera jarraitzeko asmoa azaldu dute, Garbialdiren jarrera salatzeko helburuarekin.
 

 

 

Loramendiko langileek borrokan jarraituko dute, zuzendaritzarekin izandako bilera antzuaren ostean

Erandioko Sanitas Loramendi helduen egoitzako langileek borrokan jarraituko dute, atzo izandako bileran ez baitzuten ezer berririk jaso zuzendaritzaren aldetik. "Aurrerapausorik ez dugu eman, anbiguitate handiarekin hitz egin dute, argitasun falta handiarekin; bada, hasieran bezala jarraitzen dugu", adierazi dute langileen ordezkariek, eta urriaren 8an beste bilera bat izango dutela jakinarazi dute.
 

 

 

EAEko gizarte ekimeneko ikastetxeetan deitutako greba erregistratu dugu

EAEko gizarte ekimeneko ikastetxeetan greba egingo dugu urriaren 9 eta 10ean, LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuok deituta, eta gaur egin dugu lanuzte horien erregistroa, Bilbon. Hitzarmen berri baten alde ari gara borrokatzen, joan den astean egindako agerraldian nabarmendu bezala.
 

 

 

Hutsegite larriak antzeman ditugu Arabako Aisialdiaren Lan Hitzarmenaren aplikazioan

Arabako Aisialdiaren Lan Hitzarmenaren indarraldia amaitzeko hiru hilabete falta direnean, LAB sindikatuan bere aplikazioan hutsegite larriak antzeman ditugu. Negoziazio neketsua eta negargarria gogoratu beharra dugu, urtebetez luzatu zena eta sektoreko langileentzako hobekuntza nabariak lortu zituena. Hobekuntza hauek ezartzeko garaian ezerezean gelditu dira, batez ere, Arabako Foru Aldundiak antolatutako kanpamentuak kudeatu dituen KULTURBIDE enpresaren aldetik.

Lan hitzarmena negoziatu zenean, kanpamentuak arautzen zituen artikulua izan zen negoziatzeko zailena. Topatu genuen arazoetako bat disponibilitatearena izan zen, izan ere etxetik kanpo 7tik 14 egunera arte lan egiten baitzuten langileek, adingabeen kolektibo batez eguneko 24 ordutan arduratu beharrarekin.Erabereanjaiegunen,oporren,kalte-ordainen…plusaknegoziatuziren.

KULTURBIDEk, langileen akordio horiek nominetan gauzatu baino, hauek murriztu eta prekaritate egoera larritu egin du. Aipatu enpresak, Aldundiak azpikontratatuta, honen dirua Lan Hitzarmenean jasotako akordioen arabera jasotzen du. Beste era batera esanda, enpresa horrek irizpide horien arabera kobratzen badu eta langileei ez badie zor diena ordaintzen ¿non dago diru hori? Argi dagoena da nominetan behintzat ezetz.

LABetik enpresa hori kontratatzen duen Administrazioari zera exijitzen diogu, negoziatutako lan hitzarmenaren ezarpenaren jarraipena eta ezarpenaren derrigortasuna, bestela kontratatutako langileen prekaritatearen eta esplotazioaren aldeko apustua egiten izango baita. Ordaindu gabeko soldatak erreklamatzeko neurri legalak abiatzeaz gain, hainbat enpresari zehatzen kezka ezari aurre egiteko erantzukizun politikoa egon beharra dagoelakoan gaude.
 

 

 

Azken lan heriotza salatu dugu Zornotzan

Abiadura Handiko Trenaren lanetan, larunbatean, hildako langilea izan dugu gaur gogoan, euskal gehiengo sindikalak deituta. Hala, sindikatuok mobilizazio gehiago iragarri ditugu. Hain zuzen ere, ostiralean elkarretaratze bat egingo dugu Bilbon, 11:00etan, Eusko Jaurlaritzaren aurrean. Hego Euskal Herrian aurten, gutxienez, lanean 50 langile hil direla salatuko dugu.
 

 

 

Uste dugu “enpresa eredu inklusibo parte-hartzailea” ez legezko proposamenak ez gaituela prekarietatea eta patronalaren aldebakartasunetik aldentzen

Bihar, irailak 27, EAEko Legebiltzarrean “Enpresa eredu inklusibo parte-hartzailea” sustatzeari buruzko ez legezko proposamena eztabaidatuko dute.

LAB sindikatuaren iritziz proposamen honen abiapuntua bera ez da egokia. Egungo lan harreman eta enpresa eredua ez ditu auzitan jartzen, ez ditu kontuan hartzen azken urteetan inposaturiko lan erreformak eta horien ondorioak. Prekarizazioa legeztatu egin da eta enpresariei sekulako boterea eman zaie. Beraz, egun Euskal Herriko enpresetan dagoen eredua, parte-hartzailea eta inklusiboa den eredu baten guztiz kontrakoa da; hiru zutabe nagusi ditu: prekarietatea, negoziazio kolektiboaren ukazioa, eta patronalaren aldebakartasuna.

LABek enpresetan langileen partaidetza ekarriko lukeen eredu bat ondo ikusiko luke, beti ere era integral batean egingo balitz, hurrengo parametroei jarraituz:

1.- Langileek ere enpresek hartzen dituzten erabakietan era erreal batean parte hartzeko aukera izatea; langileen parte-hartzea ezin da mugatu informazioa jasotzera.
2.- Enpresaren irabaziak banatzerakoan langileak ere banaketa horren parte izatea, soldatetatik harago.
3.- Akzioen bidez langileen partaidetza enpresaren jabegoan kolektiboa izatea, hau da, langile guztiena, eta negoziazio kolektiboari lotuta.
4.- Inposatzen ari zaigun prekarietate, ukazio eta aldebakarreko eredutik aldentzea.

Parlamentuko plenoan eztabaidatuko den ez legezko proposamena ez da nahikoa sindikatu honentzat. LABek ezartzen dituen lehen bi parametroak betetzeko ez du inongo mekanismo bermatzailerik jartzen, hirugarren parametroa ez da betetzen (langileen partaidetza indibiduala planteatzen du), eta laugarrena ez du aipatzen.

Sinesten dugu Arizmendiarretaren Lagunen Elkarteak duen borondate ona eredu parte-hartzaile eta inklusibo bat sortu eta martxan jartzeko, eta aintzat hartzen dugu oraingo enpresa eredu ukatzaile eta aldebakarrekoa zalantzan jartzeko eztabaida ireki izana, baina uste dugu ez dagoela patronalik ez botere politikorik eredu hau sustatzeko, eredu hau inplementatzeko prest.

Patronalak prekarietatea hedatzea beste helbururik ez du, eta erakundeen babes osoa du saiakera horretan; bihar eztabaidatu eta onartu daitekeen proposamenak dituen gabeziak ikusita, prekarietatea hedatzen jarraitzeko erabili dezake, langileen zatiketa eta indibidualizazioan sakonduz.
 

 

 

Lanuzteei ekin diete Paumako langileek

Egoera ahulean edo babesgabean dauden pertsonak artatzeko zerbitzu publikoak ematen dituen UTE Pauma enpresako langileek lanuzteak eta elkarretaratzeak hasi dituzte gaur, beren lanpostuen defentsan.

Hauxe da langileek igorri duten oharra, gaur Berriozarren egindako mobilizazioaren harira:

Paumako zuzendaritzak, “Pauma Centro Puente” aldi baterako enpresa elkarteko 16 langileetako 6 langileren kontratu ilegalak zuzentzeari uko egin izanak gaur eta bihar hiru orduko lanuzteak eta ostiralean beste 6 orduko lanuztea egitera behartu gaitu.

Gure ustez konponbide erraza duen egoera larri bati irtenbidea bilatzeko asmoarekin, uztailaren 12an kaltetutako langile batzuk eta ondoren langileen ordezkariak Paumako zuzendaritzarekin harremanetan jarri ginen. Ordutik, enpresak langileen ordezkariarekin bilera bakar bat ere izateari uko egin dio.

Lizarra eta Tuterako jendarte eta lan munduan sartzeko laguntzeko, haurtzaro-nerabezaro eta genero-indarkeriaren biktimen arreta integralerako zerbitzu publikoetan, Paumako zuzendaritzak langileen kontratazio ilegala erabiltzen duela salatu nahi dugu.

Honetaz gain, Nafarroan hainbeste zerbitzu publiko kudeatzen duen Pauma bezalako enpresa batek kontratazioan hain erraz izatea iruzur egitea eskandalagarria da.

Paumako zuzendaritza arrastoan sartzen ez bada eta iruzurrean dituen lan edo zerbitzu jakin baterako kontratuak ez baditu behin betiko bilakatzen, gutxi barru, fundazio publikoak subrogatzen gaituenean, gure sei lankide hauen kontratuak kolokan izango dira.

Hauek izanen dira hurrengo egunetako mobilizazioak:

– Irailak 27, ortzeguna: lanuzteak 12:00etatik 15:00etara, eta elkarretaratzea 13:00etan.

– Irailak 28, ortziralea: lanuzteak 10:00etatik 15:00etara, eta elkarretaratzea 10:30ean.

 

 

 

Gipuzkoako helduen egoitzetako hitzarmena aldarrikatu dugu Goierrin

LABeko Gipuzkoako helduen egoitzetako langileek auto karabana bat egin dute Goierritik zehar eta, amaieran, elkarretaratze bat egin dute Ordiziako plazan, "Gipuzkoako helduen egoitzetako hitzarmena orain" leloarekin. Hain zuzen ere, urtebete igaro da Gipuzkoako helduen egoitzetako lan hitzarmen berria negoziatzeko mahaiak azken bilera egin zuenetik, eta ordutik ez dugu inolako harremanik izan, ez patronalekin ezta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin ere. Hori dela eta, mobilizazioei ekin diegu irailean, eta horren baitan kokatzen dira gaurko protestak.