2026-02-13
Blog Page 729

Ardura penal eta politikoak eskatzen ditugu Iñigo Cabacasen hilketaren aurrean

0

Urteak pasa dira eta oraindik Iñigo Cabacasen kasuak irekirik jarraitzen du. Hurrengo astelehenean, urriak 15, kasuaren epaiketa berriro abiatzen da eta horren harira, epaiketaren inguruan sortu den dinamikarekin bat eginez, langile guztiei beraien elkartasuna adierazi dezaten eskatzen diegu. Urriaren 14an, arratsaldeko 19,00etan kontzentrazioa deitu da Albia lorategian eta ondoren, 20.00etatik aurrera, gaubela abiatuko da. Urriaren 15ean, epaiketa hasten den egunean hain zuzen ere, kontzentrazioa jarraia deitu da goizeko 08.00etatik arratsaldeko 12.00etara Albia lorategietan bertan.

Behin baino gehiagotan esan dugun bezala, Iñigo Cabacas BBVAko langilea zen hil zuten momentuan. Aldi baterako kontratua zuen Gran Via 12ko bulegoan kutxako lana egiteko eta gainera, aurretik ere beste bulego batzuetan lan egiteko kontratatua izana zen. LABek urte hauetan salatu izan duen bezala, ardura penal eta politikoak eskatzen ditugu. Bestalde, gure elkartasunik beroena adierazi nahi diogu familiari eta lagunei.

Haiek adierazi bezala, 4 dira ezinbeste bete behar diren printzipioak epaiketa honetan:
• Gertatutakoaren egiaren aitortza.
• Justizia; erantzuleek inolako pribilegiorik gabe egindako kalteagatik erantzun dezaten.
• Kaltetutako familiari kalteordaina.
• Berriro ez errepikatzeko bermea. Horretarako, ezinbestean, gaur egungo polizia ereduarekin
amaitu behar dugu.
 

 

 

Azken 4 urteetan amatasun, aitatasun, adopzio edo abegi familia izateagatik prestazioak jaso badituzue, adi

Epaitegi Gorenak 2018ko urriaren 3an emandako sententziaren arabera, Gizarte Segurantzatik jasotako amatasun prestazioak ez dira lan etekin gisa hartuko, eta, beraz, ez zaie PFEZ deskontatu edo erretenitu behar.

Asko pozten gara Intxarraundieta eta Errazkinen epaiaren aurrean

0

Garaipen honek, errauskailuaren aurka borrokatzeko indarrak biderkatu behar dizkigu, beraz, jendarte osoari dei egiten diogu hurrengo urriaren 27ko manifestazioan parte hartzera.

Ainhoa Intxarraundieta GHKko presidentea eta Iñaki Errazkin Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen diputatu zirela, Zubietako Erraustegi plantaren lanen kontratua etetea erabaki zuten, erabaki hau, LABen ustez, hartu zitekeen erabaki zuzenena eta bakarra zen, erabaki horrek gainera, babes sozial eta sindikal zabala zuten. Plantaren kontratua etetea arduraz jokatzea izateaz gain, juridikoki zuzena izan da hasierako momentutik.

Hurrengo hauteskundeetan EAJ eta PSE Gipuzkoako Aldundiaren Gobernura heltzearekin batera, erabaki horretan atzera egin zuten, baina ez hori bakarrik, GHKk, Fiskaltzarekin batera EH Bilduko arduradun ohien aurka egin zuten mendeku gosez, eta zigor eredugarriak eskatuz. Intxaurrandieta eta Errazkinek, Zubietako plantako lanak geratzeko erabakia hartu zutenean, Gipuzkoako hautesleek emandako mandatua betetzen zuten, eta horren aurreran, interes pribatuak babesten dituztenek, eredugarria izan behar zen 46 milioi eurotako zigorra eskatzen zieten, agintari ohien bizitzak guztiz baldintzatuz, eta aurrekariak jarriz. Hemen nork agintzen duen, nahiz eta gobernuan ez egon, argi utzi behar zuten.

Kontratua eteteak diru-galerak ekarri zituela adieraziz jo zuten auzibidera, eta epaiak pertsona hauek zigortuko zituen beldur ginen, kasua guztiz politikoa dela deritzogulako. Zorionez, ez da horrela izan, eta Estatuko Kontu Auzitegiak, EH Bilduko arduradun politikoen jarduera egokia zela dio, erabaki honen aurrean helegitea aurkeztu badezakete ere, eta garaipentzat hartzen dugu dagoeneko. EAJ eta PSEko gaur egungo gobernuari, atzera egin dezala exijitzen diogu, inoiz hasi behar ez zen auzibidea bere horretan utzi dezatela, eta herritarrei erreparatuz, Zubietako errauste plantaren lanak bertan behera utzi ditzatela, gipuzkoarren osasunaren eta ingurumenaren mesedetan.

EAJ eta PSEren jarduna, guztiz antidemokratikoa eta arduragabea dela deritzogu. Antidemokratikoa, interes orokorraren aurrean, interes ekonomiko pribatuak kokatzen dituztelako, eta legitimoa zen gobernu baten erabakiak auzitan jarri dituztelako, bi pertsonen bizitzak guztiz baldintzatuz gainera. Eta arduragabea, agerikoa delako nolako oposizioa daukan proiektu honek Gipuzkoako jendartean, gipuzkoarrak beraien ingurumenagatik eta osasunagatik kezkaturik daudelako. Ez hori bakarrik, planta honen inposizioaren aurrean, egingarriak diren beste bilketa eredu alternatiboak atzera bota dituztelako.
 

 

 

Lan heriotzak salatu ditugu Zizurkilen

Gutxienez 57 langile hil dira aurten lanean, Hego Euskal Herrian, horietako azkena Zizurkilen. Azken lan heriotza hau salatzeko, elkarretaratzera deitu dugu gaurko euskal gehiengo sindikaletik, Zizurkilen bertan.
 

 

 

Loramendiko langileek jakinarazi dute urriaren 20tik aurrera 24 orduko eguneroko greba mugagabe bati ekingo diotela

Erandioko Sanitas Loramendi helduen egoitzako langileek irailaren 17an hasi zituzten eguneroko lanuzteak, bertako garbitzaileei lanaldiak luzatzea eskatzeko. Gaur mobilizazioa egin dute Bilboko Guggenheim aurrean.

Guggenheim aurrean mobilizatu dira gaur Erandioko Sanitas Loramendi helduen egoitzako langileak, hainbat enpresek, prekarietatea baliatuta, “artelan itzela” egiten dutela salatzeko; sektore feminizatuetan hedatua dagoen praktika, bereziki. 

Hain zuzen ere, Loramendiko langileak geba mugagabean daude irailaren 17az geroztik, garbiketako lan taldearekin elkartasunean. Hamahiru langile daude garbiketa taldean, sukaldea, garbitegia eta solairuetako garbiketa egiteko. 15 urte daramate lanaldi partzialarekin, eta egoera horrek are eta gehiago areagotzen du prekarietatea. Langile hauei lanaldi osoa eman diezaieten ari dira greban, eta, gaur iragarritakoaren arabera, lanuzteak indartuko dituzte: urriaren 20tik aurrera, 24 orduko greba mugagabeari ekingo diote. Hala adierazi dute agerraldian irakurritako adierazpenarekin.

 

 

 

“La Navalek lana dauka, proiektuak dauzka, eta Ezkerraldearentzat beharrezkoa da”

0

La Navaleko gaiari buruz hitz egin dute gaur Gasteizko Legebiltzarrean, eta gure ordezkariak bertan izan dira entzule gisa. Honekin batera, ordezkari hauek agerraldi bat egin dute Legebiltzarrean bertan, komunikabideen aurrean, eta sindikatuaren posizioa adierazi dute. Hain zuzen ere, Legebiltzarreko alderdiei helarazi diegu gure iritzia.

Hauxe da gaurko agerraldian adierazi duguna:

LAB sindikatutik, jada 2005. urtean eta beste sindikatu batzuekin batera, proposamenak egin genituen La Naval-en eta Euskal Herriko ontziolen biziraupena bermatzeko. LABek beti salatu izan du La Naval-en pribatizazioa, horren aurretik zein ondoren egin den kudeaketa txarra, etorkizunerako bideragarritasun plan erreal bat ez izatea eta, batez ere, gure herrian sektore estrategikotzat ez hartu izana; eta ondorioz, Eusko Jaurlaritzaren utzikeria (argazki polit batetik haratago) eta gure erabaki propioak hartzeko gogo falta edota ezintasuna; berton lan egiten badugu, berton erabaki behar dugulako!

Orain, eta horren garrantzitsua den proiektu bat hiltzen utzi eta gero, itxi egin behar dela esan digute. Lana daukan enpresa bat? Nola uler daiteke hori? Orain 20 urte hiltzear zegoen enpresa bat eta ekimen eta plan estrategiko gabe, bizirautea lortu duena. Horregatik, argi dago, konpromiso politikoa badago, etorkizunerako proiektu erreala badago eta sektorearen estrategikotasuna onartzen bada, LA NAVAL-ek etorkizuna dauka eta bizirik mantendu behar dugu.

LA NAVAL beharrezkoa da Euskal Herriaren industriarentzako eta ontziolen sektorerako; lana dauka, proiektuak dauzka, eta Ezkerraldearentzat eta pertsona guztiontzako beharrezkoa da. Gainera, zonalde horretako desindustrializazioarekin gelditzeko eta zonaldearen txikizioarekin bukatzeko bide ezinbestekoa da. Pertsona askoren bizitza ez txikitzeko ere ezinbestekoa da La Naval bizirik mantentzea.

La Navali buruz hitz egiten entzuten dugunean, inork ez du eragindako pertsona guztietaz hitz egiten, azpikontratatutako langile guztiez edota zerbitzu ezberdinak eskaintzen dituzten langileez. Zer gertatuko zaie langile horiei guztiei La Naval itxiz gero? Nork begiratzen die pertsona horien egoera eta etorkizunari?

La Navaleko azpikontratetan lan egiten duten langileak 1.800 inguru dira, ahaztuak eta alde batera utziak. Ez zaie eztabaida foroetan parte hartzen uzten eta, ezta irtenbidearen parte izaten ere. Beti bezala, eta zoritxarrez, ez da azpikontratetako langileez hitz egitea interesatzen.

Horregatik guztiagatik, eta La Navaleko azpikontratetako LAB sindikatuko ordezkari garen bezala, zera eskatzen dugu:

1. La Navalen bizirautea bermatu dadila etorkizuneko proiektu erreal batekin eta euskal industrian sektore estrategikotzat hartu dadila.

2. Krisi honen eraginpean dauden eragile guztien parte hartzea bermatu dadila; azpikontratetako ordezkariak, eraginpeko zerbitzuak eta Ezkerraldeko eragileak.

 

 

 

Lan Ikuskaritzaren aurrean mobilizatu dira autobus gidariak

0

LAB sindikatuko garraio publikoko autobus gidariak baden edo sakanguneen inguruko kanpaina egiten ari dira, euren osasunarentzako hauek dakartzaten kalteen aurrean alternatibak badaudela aldarrikatuz. Hala, mobilizazioak egin dituzte gaur Donostian eta Bilbon, Lan Ikuskaritzen aurrean, “Mugatu abiadura baina ez gure bizkarren kontura” lemarekin. Datorren astean Osalanen aurrean egingo dute protesta, Gasteizen, eta Nafarroako Osasun Publiko eta Lan Osasunaren Institutuaren aurrean, Iruñean.

Donostian egindako protesta.

Azken urteotan, udal eta errepideetako erakundeek, kale eta gainontzeko zirkulazio bideetan malda handia duten badenak jarri dituzte. Asmoa ibilgailuek abiadura murriztea bada ere, dagoeneko istripu batzuk eragin dituzte garraio publikoko gidariongan.

Izan ere, gainontzeko gidariek unean uneko bidea egiten badute ere, gu toki berdinetik behin eta berriz pasatzera behartuak gaude, horrek dakarren bizkarreko kolpe errepikapenarekin.

Hau gutxi balitz, badenen inguruko legedi bat dagoen arren (neurriak, maldaren penditza, etab.) sarritan ez da betetzen edota abiadura murriztaileen egoera kaxkarra izan ohi da; gainera, autobus askotako suspentsio nahiz indargetze sistemen egoera tamalgarria da ere.

Lan Ikuskaritzan erregistratu dute kezka eta proposamena jasotzen dituen idatzia.

LAB sindikatuko garraio publikoko autobus gidariok uste dugu badela gure bizkar, sorbalda edota lepoek galtzaile aterako ez liratekeen alternatibarik: abiaduraren arabera altuera aldatzen duten baden adimentsuak, radarrak, kuxin berlindarrak,…

Hori lortzeko burutzen ari garen dinamika baten baitan kokatu behar dugu gaurko elkarretaratzea; izan ere, gure enpresei gai honen inguruan prebentzio lanik egiten dabiltzan galdetzeaz eta horren inguruko erantzukizunak eskatzeaz gain, EUDEL, Osalan/ Osasun Publiko eta Lan Osasunaren Institutuan eta gaurkoan Lan Ikuskaritzan ere gauza bera egiten gabiltza, adostasun bat lortzeko xedez, ezin baita onartu teorian batzuek abiadura handian joan ez daitezen neurrien ondorioz guk, literalki, gure lepotik ordaintzea.

 

 

 

Egun osoko greba egin dute Elkarkideko langileek

Egun osoko greba eta mobilizazioak egin dituzte gaur Elkarkideko langileek, Noaingo Motxoli industriaguneko egoitzan. Aniztasun funtzionala duten pertsonentzako enplegu zentro berezia da Elkarkide, eta hitzarmen duin baten alde ari dira borrokan. Joan den astean ekin zieten lanuzteei.
 

 

 

Borrokan daude Bizkaia eta Gipuzkoako Dia supermerkatuetako langileak

0

Bizkaian, atzo eta gaur egin dituzte lanuzteak; Gipuzkoan, berriz, egun osoko greba egin dute gaur. Bi kasuetan, pairatzen dituzten lan baldintza kaskarrak salatzeko mobilizatu dira langileak.

Gipuzkoako Dia enpresako Langile Komiteak deitu du gaurko egun osoko greba, enpresan bizi duten esplotazioa eta prekarietate erabatekoaren aurrean.

Bizkaian, bere aldetik, LAB eta ELA sindikatuok deituta, bi orduko lanuzteak egin dituzte atzo eta gaur, denda guztietan pairatzen dituzten lan baldintza kaskarrak salatzeko. Hain zuzen ere, abendutik hona, zazpi dira aurrera eraman dituzten greba egunak, baina enpresak berean dirau: lankideak kaleratzen segitzen du; lan erritmo ikaragarriak mantentzen ditu egunero langileak arriskuan jarriz; egiten dituzten aparteko orduak ez dira aitortzen… Langileen ordezkarien hitzetan, "bizi dugun egoerari irtenbidea bilatu beharrean, zuzendaritzak gero eta lan baldintza prekarioagoak sortzen ditu. DIA&GO zabalduko dituzten denden adibidea dugu: lana eta bizitza bateragarri ezinezkoa egiten dituen ordutegiak izango ditu, EAEen indarrean dauden ordutegi komertzialak ez ditu errespetatzen… Formato honek ez die bakarrik langileei kalte egingo, zonaldeko denda txikiek ere pairatuko dute".

Azken finean, langile gehiago eta lan osasuna eta lan baldintza hobeak eskatzen dituzte langileek.