2026-04-25
Blog Page 727

Txilen egon gara, bertako eragile sindikalekin

0

LABeko ordezkaritza bat Txilen izan da egunotan, sindikatuko Nazioarteko idazkari Koldo Saenz buru. Txileko errealitateaz gain, Euskal Herriko egoeraz ere hitz egiteko aukera izan dugu.

Egun hauetan, LAB sindikatuko ordezkaritza bat Santiago de Chilen egon da, bertako gizarte eragile nahiz eragile sindikalekin bitartez herrialde horretako egoera polítiko, ekonomiko eta soziala aztertzeko.

Egindako bileren artean, Trasol lan kooperatiba federazioko kideekin egon gara; ekonomia sozialari buruz hitz egiten eta kooperatibismoaren eta klase sindikalgintzaren artean egin daitekeen balizko aliantzen inguruan solasean, hain zuzen ere.

Eragile sindikalei dagokienez, Union Clasista de Trabajadores eta sortu berri den Central Clasista de Trabajadoresekin egoteko aukera izan dugu. Txilen sortzen ari den klase sindikalgintzaren adierazle berri honek pasa den Irailean izan zuen sorrera, eta poliki-poliki bere ibilbidea egiten ari da Txilen, klase sindikalgintza erreal bat indartzeko helburuarekin.

Bilkura hauetan, Txileko errealitateaz gain, Euskal Herriko errealitateaz hitz egiteko aukera izan dugu, eta etorkizunerako herrialde honetan elkarlanerako bideak ireki ditugu.
 

 

 

Nafarroak estatus politiko berri bat behar du Nafarroako langileok nahi dugun aldaketa soziala gauzatzeko

Bada garaia Nafarroako Gobernutik eta parlamentutik gobernu espainolaren aurrean planto bat egiteko. Bakarrik konfrontazio politikoarekin egungo marko politikoa gainditu daitekeelako. Hitzetatik praktikara pasatzeko garaia da. LABek horren aldeko konpromisoa hartzen du.

Urte honen hasieran Hitzarmen Ekonomikoaren negoziazioan berreskuratutako 250 milioi euro inbertsio sozialetara bideratzea eskatu genion Nafarroako Gobernuari. Horren alde, LAB sindikatutik mobilizatu ginen.

Nafarroako Gobernuak 2019rako aurkeztutako aurrekontuekin ez gaude ados. Ez dira parte hartzaileak eta ez dira aldaketa sozialak eskatzen dituenak. Hori dela eta, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos eta I-Ek aurkeztutako inbertsioekin eta markatutako lehentasunekin ez gaude ados. Hala ere, egindako ariketak balio bat du.

Egungo legediak eta marko politikoak gizarteak dituen beharretan inbertsioak egitea debekatzen ditu. Elite ekonomikoen interesak langileriaren beharren gainetik daude. Horretarako, Espainiako Konstituzioaren 135. artikulua aldatu zuten eta horregatik gastu sabaia ezartzen digute. Krisi garaian dirua ez zegoela esaten ziguten murrizketak aplikatzeko. Orain, dirua dagoenean, zorra ordaintzera lehenestea ezartzen dute. Honez gain, nahiz eta errekurtsoak egon, inbertsioak handitzea debekatzen digute.

Nafarroako autogobernua mugatua zegoela esan dugu askotan. Gaur, Espainiako Ogasun Ministerioak 2017ko superabitatik soilik 35,5 milioi erabiltzeko baimena eman dio Nafarroako Gobernuari. Beraz, Nafarroako autogobernua jada ez dago mugatua, agortuta baizik.

Benetako autogobernu batek Nafarroako garapen ekonomiko eta sozialean inbertitzeko aukera emango luke. Aldiz, egungo errealitateak erakusten diguna da hori ezinezkoa dela, Estatu espainolaren menpe gaudelako. Nafarroako langileok nahi dugun aldaketa soziala gauzatzeko Nafarroak estatus politiko berri bat behar du.

 

 

 

Catalunyan zerbitzu publikoetan egiten ari diren greba txalotu nahi dugu

0
Gaurko Kataluniako sindikatu ezberdinek greba eguna deitu dute zerbitzu publikoetan. Aldarrikapenen artean murrizketak leheneratzea, langileekin dagoen zorra ordaindu eta enplegu egonkortasunerako kontsolidazio prozesuak egotea eskatzen dute. Jakina da zerbitzu publikoetan estatuaren aldetik murrizketa eta inposaketa besterik ez datorrela eta administrazioetako kudeatzaile ezberdinek murrizketa arau hauek zintzo jarraitzen dituztela. Murrizketen garaiari amaiera emateko ez dago inongo borondate politikorik. Beraz, zerbitzu publikoetako langileok kalean berreskuratu beharko ditugu gure eskubideak.

Katalunian bezala, Euskal Herrian murrizketek bere horretan jarraitzen dute. Horren erakusgarri izan dira sektore ezberdinetan LABk beste sindikatuekin batera egindako hainbat greba eta lanuzte. LAB sindikatuak Katalunian deitutako grebarekin bat egiten du eta deitzaileek adierazitako jarrera txalotu nahi du. Gure ikuspegiz, Euskal Herriko zerbitzu publikoetan bere osotasunean borroka egiteko eta greba deitzeko beharra badago. Horrela, jakinarazi izan diegu beste hainbat sindikatuei, zorraren aitortza eta enpleguaren egonkortasuna lortzeko administrazio guztietan batera borrokak piztea beharrezkoa deritzogu.

Kataluniako sindikatu borrokalariek erakusten duten ausardia goraipatzea besterik ez zaigu gelditzen. Gora langileen borroka.!!! Jo ta ke irabazi arte!!

 

 

 

Eusko Jaurlaritzak eta Emakundek soldata arrakala txikitzeko onartutako Estrategia eta Plan Operatiboa arduragabea dela salatzen dugu

Onartutako plana defendaezina da, edozein neurri hartuta ere ez da guztiz aldatuko, sistema kapitalistan ez baitago emakumeon egoera aldatzeko edo hobetzeko neurri posiblerik, sistema bera ikutu gabe. Lan munduan emakumeok pairatzen ditugun diskriminazioak ez dira akatsak, baizik eta faktore estrukturalen ondorioak. Beraz, martxan jarri beharreko neurriek erradikalak eta estrukturalak izan beharko lukete. Erantzukizun politiko kontua da, ez borondatezkoa. LABek beste eredu berri baten alde borrokan jarraituko du.

Emakunde eta Eusko Jaurlaritza, aurreko urtean Martxoaren 8ko arrakastaren eta soldata arrakalaren inguruko oihartzunaren ondorioz, erantzun bat ematera behartuak ikusi direla aipatu nahi dugu. LABek urteak daramatza soldata arrakala aztertzen eta salatzen. Baina ez zenbaki huts bat bezala, baizik eta horren atzean ezkutatzen den sistemaren isla garbiaren ondorioa bezala, emakumeon lanak gutxiesten eta mespretxatzen dituena bezala. LABen argi dugu soldata arrakalaren arazoa ez dela lan munduarena, jendartearen antolaketaren ondorio bat baizik. Arazo politiko bat da.

2005. urtean Emakumen eta Gizonen Berdintasunerako legea onartu zen, eta 2006tik aurrera, 250 langiletik gorako enpresetan berdintasun planak egitera behartuak daude. Gaur egun ez dago horren erregistrorik eta enpresa gehienetan ez dago horrelakorik. 2005etik hona, soldata arrakalaren kontrako aurrerapausorik ez da eman eta guzti honek, ondorio batetara garamatza. Berdintasun politikek porrot egin dute.

Atzo, Eusko Jaurlaritzak eta Emakundek, soldata arrakala txikitzeko helburua duen estrategia aurkeztu zuten, 2030. urterako soldata-arrakala txikiena duten Europako bost herrialdeen artean jartzea helburua duena. Planak 4 ardatz ditu: soldata/orduko desparekotasuna murriztea, eguneko lanaldiari buruzko desparekotasuna murriztea, hezkuntza eta gizartea sentsibilizatzea eta enpresak eta sindikatuak sentsibilizatzea.

Soldata-arrakalarekin amaitzeko dena aldatu behar da, eta behartu egin behar dira aldaketak. Planean, ”sustatu” eta “bultzatu” dira gehien erabiltzen diren hitzak. Ez dago behartzen duten neurririk. Beti bezala, instituzioen eta enpresen borondatearen esku gelditzen da.

Planaren 4. ardatzean gainera, sindikatuon eta enpresen sentsibilizazioa bultzatzeko hainbat ekimen aurkezten dituzte, berdintasunerako diagnostikoak eta planak egin ditzagun eta negoziazio kolektiboan eragiteko. Patronala da negoziazio kolektiborako interesik ez duena, patronala da berdintasun planak ordezkarien oniritzirik gabe sinatzen dituena eta betetzen ez dituena. Patronala da otsailean diskriminaziorik ez dagoela esaten zuena eta erantzukizunik ez dutela esaten zutenak.

Guk ez dugu sentsibilizaziorik behar, guk soldata arrakalarekin amaitzeko borrokatzen jarraitu behar dugu. Patronala eta sindikatuak plano berean kokatzeak txantxa dirudi. Sindikatuok sentsibilizatuta gaude jada gaiarekin, geu izan baikara gaia eztabaidaren erdian jarri dugunak. Eta enpresei soldata arrakalarekin bukatzeko neurri eraginkorrak martxan jartzeko exijitu egin behar zaie, behartu egin behar dira horretara. Borondate eta sentsibilizazio gutxiago eta derrigorrezko neurri gehiago behar ditugu.

Soldata arrakala ez da kasualitatez sortzen den zerbait. Bere funtzioa betetzen du, emakumeek lan merkatuaren beharrei erantzuteko erabiltzen da. Zapalkuntza patriarkala kapitalismoaren parte da, eta sexuaren araberako lan banaketa da horren adierazle. Sistema kapitalistak emakumeok zaintza lanak ezeren truke egitera behartzen gaitu sistema berak bizirauteko, eta horregatik, lan merkatuan uzten digun lekua bigarren mailakoa da. Eta plan eta estrategia honek ez du zaintza lanen inguruko planik jasotzen.

Gainera, soldata-arrakalaren gaiak ez die politika orokorrei eragiten. Orain dela bi egun eskas aurkeztu zen Industriarako 4.0 plana eta bertan ez da soldata arrakalarekin bukatzeko planari buruzko aipamenik egiten. Ez dezagun ahaztu industria dela soldata arrakala handiena dagoen sektorea, ez baitira apenas emakumerik kontratatzen… Ez dugu ulertzen hau horrela izanda, industria 4.0 planean soldata-arrakalaren inguruko aipamenik ez jasotzea.
 

 

 

G7aren gailurraren aurka mobilizatzeko plataforma bat sortu dugu hainbat eragilek, beste mundu bat sortzea posible eta premiazkoa dela aldarrikatuta

0

Kapitalismoaren defendatzaileen presentzia errefusatzearekin batera, aldaketa sozialaren aldarriari hauspoa emango diogu 2019ko abuztuan Biarritzen egingo duten gailurraren harira.

“G7 EZ! EH-tik beste mundu bat sortzen” Euskal Herriko plataforma aurkeztu dugu gaur Biarritzen, komunikabideen aurrean. Hain zuzen ere, plataforma hau 2019ko abuztuan Biarritzen bertan egingo duten G7aren gailurraren harira sortu dugu hainbat eragilek, LABek barne, kapitalismoak irudikatzen duen mundua errotik aldatzea beharrezkoa delako. Horregatik, gailurraren kontra mobilizatzera goazela iragarri dugu gaur, beste mundu bat sortzea posible eta premiazkoa delako, eta Euskal Herritik ere norabide horretan ekarpena egitea dagokigulako. Zentzu honetan, G7aren presentzia errefusatzearekin batera, aldaketa sozialaren aldarriari hauspoa emango diogu.

Hala, deialdi honekin bat egiten duten eragile guztiak gonbidatzen ditugu plataforman integratzera eta dei egiten diegu hemengo nahiz kanpoko herritar guztiei mobiliza daitezen, 2019ko abuztuko G7aren kontra ahal bezainbat indar bil ditzagun.

G7ak mendebaldeko zazpi potentzia ekonomikoak elkartzen ditu: AEB, Japonia, Alemania, Frantzia, Erresuma Batua, Italia eta Kanada. G7ko gailurrak potentzia horien nagusitasunaren ikur dira, kapitalismoaren interesen araberako konpromisoak bideratzeko egin ohi dituztelako. Konpromiso horien bitartez erabakitzen dira beste herriei inposatzen zaizkien ekonomia eta finantza politikak.

2019ko gailurrak berezitasun garrantzitsu bat izango du: Euskal Herrian izango dela; hots, kapitalismoaren, heteropatriarkatuaren eta inperialismoaren zapalkuntzei erresistentzia, elkartasuna eta bestelako mundu bat eraikitzeko borondatea sustraituta eta bizirik dauden lurralde batean. Horrenbestez, beste eredu batzuk babesteko eta beste aterabide batzuk eraikitzeko mobilizatuko gara, justizia soziala, elkartasuna eta berdintasuna oinarri.

 

 

 

Baditugu arrazoiak datorren abenduaren 1ean La Navaleko langileek deituriko manifestaziora joateko

0

Ezkerraldeko hainbat eragiletako ordezkariek, LABek barne, agerraldia egin dugu La Navaleko langileei babesa emateko.

Hauxe da agerraldian irakurri dugun oharra:

Baditugu arrazoiak datorren abenduaren 1ean La Navaleko langileek deituriko manifestaziora joateko.

La Navalen aldeko apostua Euskal Herria eta batik bat, Ezkerralderao estrategikoa delako.

Ezin dugu onartu 2005 arte enpresa publikoa izandakoa eta mende bateko bizitza duen enpresa enblematikoaren desagertzea.

Eskualdeak hamarkadetan zerbitzu alorraren mesederako pairatzen ari den industria gabetzea geldiarazi behar dugulako.

Prozedura horrek gutxieneko baldintza duinak suntsitu eta merkataritza, komunikazio, atsedenerako… alorretan sortzen diren enplegu prekarioak (lanaldi partzialak, 660 eurotako lan-sariak…) sortzen ditu.

Egun, La Navalek gaurkotasuna badu ere, euskaldean amaigaebko hondamendia jasaten ari garelako.

Hor daude Productos Tubulares, mahai gainean aldi baterako EEE bat duelarik; TECUNI 40 lanpostu galtzek mehatxuarekin…

Enpresa bat ixteak bere langileetatik harago, eskualde osoan eragiten duelako.

Azpikontratetako langileek muturreko egoera bizi dute eta beste sektore batzuk ere industria-birmoldaketa eta –eraispenaren ondorioak pairatzen dituzte. La Navalen kasuan 177 langile dira ontziolarako zuzenean lan egiten dutenak, baina funtzionamendu normalduan 2.000 langilek lan egiten dute azpikontratentzat.

Erakundeek kea baino ez dute saltzen.
Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiaka eskualdeko udalen konplizitatearekin sustatutako Basque Industry 4.0 ospetsuak eta Larrialdirako Plangintzak ez diote mesederik egin Ezkerraldeari, are gehiago, enpresa eta zerbitzuen pribatizaioa bezalako neurri neoliberalak ezarri dituzte.

Erantzunkizunak exijitzen ditugu.
Murueta ontziolek eta Ingeteamek, enpresaren arduradunek, La Navalen likidazioa planteatzera eraman dituzten arrazoiak azaldu behar dituzte.

Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak ezkutatzeari utzi eta La Navalen gero bermatzeko zer egingo duten aaldu behar dute. Ez du hitz-erdika eta sasiegitan ibiltzeak balio, La Navalen aktiboak lortzeko eskaintza egiteko garaia da.

Suntsipenerako EEEa berehala bertan behera uztea exijitzen dugu. EEEa ezarri gero La Navalenak egin du. Zuzeneko 177 lanpostu eta zeharkako beste 2.000 behin betiko desagertuko dria.

Ezkerraldeko industria plangintza batek La Navalen defentsa aktiboa egin, funts publikoa sartu, kontrol publiko zuzena bermatzeko birpublifikazioa eta ontziolaren aktibitateari eta beraz, bere enpresa langutzaileei, jarriapena eman dio bai ala bai.

Susperraldi ekonomikoaz mintzatzen zaizkigu, baina hemen, Ezkerraldean, gero eta langabezai, pobrezia eta jendarte bazterkeria handiagoa ikusten dugu herri eta auzoetan.

Abenduaren 1ean kalera irtengo gara, “La Naval ez itxi” ohikuatzera, ontziolaren alde egiten dugulako eta jakin badakigulako nolako uhin hedakorra sortuko duen horrelako enpresaren itxierak.

 

 

 

Bilbo-Basurtu ESIan egiten den kontratazio traketsa salatu nahi dugu

0
LAB sindikatutik egondako okerrak konpondu eta berriro ez gertatzeko beharrezkoa dena egitea eskatzen dugu, eta Pertsonal zuzendaritza ezberdinek lana behar bezala bete dezaten exijitzen dugu.

Hilabeteak daramatzagu kontratazioa dela eta, kategoria ezberdinetako langileen kexak jasotzen: lan zerrendetan saltoak, berandu iristen diren lan kontratuen luzapenak, Gizarte Segurantzako baja ezegokiak, soldata berandu kobratzea…

Zenbait alditan kontratazio arduradunarengana jo dugu, arazo honi konponbidea jartzen saiatu eta azalpenak eskatzen, baina gero eta larriagoa da kontua. Langileak nekatzen hasiak dira, edozeinek uler dezakeen bezala, arazo hauek norberaren bizitzan eragin zuzena dute eta.

Hau dela eta Pertsonal Zuzendaritzarengana joan gara eta beronek hau gertatzeko inolako arazorik ez dagoela ziurtatu digu. Baina kontratazio sailera joan garenean zenbait lanpostu hutsik aurkitu ditugu, oporretan dagoen jendea ere ez dutelako ordezkatu, hain zuzen ere kontratazio handiagoa egongo delakoan zerbitzuan jende gehiago behar den unean.

Zer da benetan gertatzen ari dena?

Nola da posible sindikatuan aspalditik kexak jasotzen egotea eta Pertsonal Zuzendaritzan ezer ez jakitea?

ESI honetako zenbait arduraduni langileon bizitzak berdin diela iruditzen zaigu berriz ere.
 

 

 

Nafarroako Gobernuari eskatu diogu Lanbide Karrera ezar dezala Foru Administrazioko eta bere erakunde autonomoetako langile guztientzako

LAB azkeneko hilabeteetan Lanbide Garapen edo Lanbide Karrera Foru Lege proiektu batean ibili da lanean, orain azaroan Mahai Orokorrean eta Nafarroako Gobernuan aurkeztuko duguna.

Foru Administrazioan, A eta B mailetako 3.000 langile inguruk badute aitortua Lanbide Karrera, gehienbat mediku eta erizain finkoek. Gure proposamenak Lanbide Garapena langile guztiontzat ezartzea planteatzen du, finko edo aldizkakoak izan eta departamentu guztietan. Horrez gain, orain dauden ereduak aldatzea proposatzen dugu, langile talde guztiei ahalik eta baldintza onenak bermatzeko. Kontuan hartu behar dugu oraingo ereduak ez direla aldizkako langileei ezartzen. Horrez gain funtzionamendu bera ez da ezartzen horri buruzko legeak indarrean sartu zirenean finkoak zirenei eta ondoren lanpostua lortu dutenei. Izan ere azkeneko hauek larriki kaltetuak atera dira, aldizkako garaia ez baitzaie berdin kontatzen.

Lanbide Karrera edo Lanbide Garapen gure proiektua, gaurkotze profesionalera eta gure lanpostuei buruzko etengabeko heziketara dago lotua. Eredu honetan bi arlo hezigarri proposatzen dugu, pertsonala edo profesionala eta barne antolakuntzakoa edo zerbitzuaren hobekuntzakoa. Hau horrela, onurek eragina izanen dute bai langileengan, aitorpen ekonomiko batekin, eta baita Administrazioan ere, zerbitzu publikoen eraginkortasuna, eragingarritasuna eta kalitatea hobetzen direlako. Osasun arloan, proposamena LOREAri lotua dago, osasun-jardueraren garapenerako talde asistentzialagatiko paziente/profesionalak ratio hobeezinen ezarpena biltzen duen legea.

Lanbide Garapenean edo Lanbide Karreran promozionatu ahal izateko, langileek prestakuntza euren lan jardunaren barruan eginen dute. Prestakuntza horrez gain, karreraren maila bakoitzean 6 urte egon beharko dute. A, B, C eta D maila bakoitzeko kantitate ekonomikoak gaur egun daudenekin proportzionalak izanen dira eta 14 ordainsarietan eginen dira.

Langile GUZTIENTZAT Lanbide Karreraren garapenak azkeneko urteetan izan ditugun murrizketa ekonomikoak gainditzea ekarriko du

Lanbide karreraren eredua Estatuko erkidego guztietan ezarria dago osasun arloetan. Nafarroan garapen partziala izan du eta LABen iritziz Administrazio osoan ezartzeko garai egokian gaude, inolako bazterketarik gabe. Beheko koadroan ikus daitezke langileek urtean jasoko lituzketen kantitate ekonomikoen hurbilpen bat.

OHARRA:
A,B,C,D Mailak A eta B mailetakoen datuak, gaur egun maila hauetako langileek aitortuak dituzten kantitateak dira.

1,2,3,4 Mailak Promozionatu ahal izateko, prestakuntza egiteaz gain, langileek 6 urte egonen dira karreraren maila bakoitzean.
 

 

 

Aste honetarako deitutako bigarren greba egunak ere jarraipen zabala izan du Gizarte Ekimeneko ikastetxeetan

Atzo gertatu moduan, gaur ere, sektoreko zazpigarren greba egunak izan duen langileen babesa oso zabala izan da, atzokoaren oso antzekoa, %60-%65 bitarte. Aste honetako lau greba egunetara itundutako Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako 9.000 langiletik gora daude deituak, LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuon eskutik. EAEko itundutako ikastetxeen %70a inguru dira eta 120.000 ikasle ingururi ematen diote zerbitzua.

Ikastetxe hauetako langileok ia hamar urte daramatzagu hitzarmena berritu gabe eta eroste-ahalmenaren galera metatuak %10etik gorakoak dira. Pedagogien modernizazioa, digitalizazioa eta hezkuntza-berrikuntza langileon kontura joan da, lan-kargak handituz jasanezinak izateraino. Sektore honetako langile-kidego batzuk (hezkuntza-laguntzako espezialistak eta haur-hezkuntzako lehen zikloko langileak) ugalduz joan dira azken urteotan, kopuruz eta prekarietatez, eta horiek dira, hain zuzen, feminizatuenak eta baldintzarik txarrenak dituztenak; hori dela-eta, premiazkoa da baldintza horiek nabarmen hobetzeari ekitea. Jaiotza-tasa gutxitu izanak eragina izan du ikastetxe horietan, eta haur-hezkuntzako lehen mailetan hasi dira langileak kaleratzen. Bestalde, zerbitzuen azpikontratazioa ere zabalduz doa, eta horrek kidego jakin batzuen lan-baldintzak prekarizatzea ekarri du bere baitan; 1-DBH eta 2-DBHko irakasleak parekatzea egiteke dago oraindik; eta beharrezkoa da, halaber, Lanbide Heziketa gehiago arautzea.

Grebaren helburuak argiak eta aski ezagunak dira beraz, sektore honetako langileen lan balditzen berreskurapena eta hotzekuntza dugu helburu, hobekuntza hauek gure ikastetxeetan eskeintzen den hezkuntza kalitatean eragin zuzena dutela konbentzituta baikaude.

Bilboko mobilizazioa.

Patronalak ordea ez dira dagokien arduraz jokatzeko gai izaten ari. Orain dela urte bete, 2017ko Azaroan, inolako emaitzarik gabeko hamaika bilera ondoren, mahai negoziatzaileko parte hartzea eten eta mobilizazio bideari ekin beste biderik ez ziguten utzi sindikatuoi. Urte bete eta bost greba egun ondoren, patronalek helarazitako proposamenak orain urte bete mahaitik altxatzea erabaki genuenean mahai ganean jarrita zeukaten proposamenarekiko aurrerapauso nabaririk ez du jasotzen. Irakasleen lan kargak arintzeko inolako neurririk ez. Enpleguari dagokionez, gela itxierek ekar dezaketen lanpostu galerari aurre egiteko birkokapen neurri bermatzailerik eskeini gabe jarraitzen dute. Soldaten inguruko planteamenduan apenas dagoen aldaketarik, zenbait kolektibo, feminizatuenetakoak, prekarioenetakoak eta soldata arrakala handienetakoa suposatzen dutenak, eskaintzatik kanpo uzten ditu, Hezkuntza laguntza espezialistak alegia, eta gainera eroste- ahalmenaren berreskurapenetik oso urrun egoten jarraitzen du, are gehiago eroste-ahalmena galtzen jarraitzea ere suposatzen du. Haur Hezkuntzako lehen zikloko langileen eta Hezkuntza laguntza espezialisten, hau da, feminizatuenak eta egoera prekarioenetan lan egiten duten kolektiboen lan baldintzen inguruko proposamenetan apenas dagoen aurrerapausorik, egindako ordu osagarrien eta lanaldi murrizketaren planteamenduak lan baldintzen hobekuntzan apenas eraginik dutelarik. Argi dago beraz, fede oneko negoziazio bati ekin eta langileen aldarrikapenei erantzutea baino gehiago grebak desaktibatzeko helburua izan dutela.

Mobilizazio eta greba dinamika indartsuak bultzaturik, patronalak mugitzera behartuak ikusi dira, baina langileek oso argi ikudi duten bezala, patronalaren proposamenak plataforma bateratuan jasotzen diren aldarrikapenetatik urrun egoten jarraitzen dute.

Gasteizko protesta.
Gasteizko protesta.

LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuok Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako patronalei, beraien langileen lan baldintzekiko duten ardura zuzena bere gain hartu, eduki esanguratsurik gabeko proposamenak egiteari utzi eta langileen aldarrikapenei erantzungo dioten bideak lantzen zentratzeko eskatzen diegu. Bestalde, Eusko Jaurlaritzak ere, egungo hezkuntza sistema mantentzeko erabakia hartu duen unetik, langile hauen lan baldintzekiko ardura maila bat baduela eta gatazka honetan paper bat jokatu behar duela uste dugu.

Azkenik, Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako langileak aste honetako 4 greba egunak babestera eta antolatu ditugun elkarretaratze eta manifestazioetan parte hartzera animatzen ditugu.