2026-01-25
Blog Page 725

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Errektoretzaren atean egin dugu protesta

0

Nafarroako Unibertsitate Publikoa (NUP) garbitzen duten langileek, Maju enpresakoek, elkarretaratzea egin dute gaur protesta egiteko, unibertsitateak atera nahi duen hurrengo baldintza agirian murrizketa handiak izanen direlako.

Hauxe da LAB eta ELA sindikatuok igorri dugun oharra, gaurko elkarretaratzearen harira:

UPNAko LOHIAK UPNAn GARBITU

Agidanez UPNAko arduradunei bost axola zaie garbitzaileen kidegoa.

Urte anitzetako murrizketak eta lan-karga handiegiak jasan ondoren, orain UPNAko Zuzendaritzari piztu zaion idea legez kanpoko baldintza-plegu bat egitea izan da, hala deitu dio Nafarroako Administrazio Auzitegiak.

Ekimen hori UPNAko garbitzaileen duintasunaren aurkakoa da, eta "ASKI DA!" erratea erabaki dugu.

• Iruñako auzoz auzo gabiltza egunero, gure lanpostuan goizaldeko 5etan prest egoteko.
• Emakumeak gara %98an.
• Gutariko gehienok 3 orduz lan egiten dugu, goizaldeko 05:00etatik 08:00ak arte.
• Lan-kargak itzelak ditugu.
• Gaixotasun muskuloeskeletikoak erabat ohikoak dira gure artean.

Baldintza prekarioetan lan egiten dugu kalitatezko zerbitzu publiko bat eman nahian, bai ikasleei, bai unibertsitateko pertsonalari; baina inor gutxi konturatu da UPNAko instalazioak egunero garbi daudela, eta hori gure bizkarren konturakoa dela.

Eguneroko ahalegin handi horren gibelean langile batzuk daude, garbitzaileok; eta "aski da" erratea erabaki dugu. Ez dugu Garbikuntza Plegu hori onartuko, lehentasuna diru-kontuei, eta ez pertsonei ematen baitzaie.

UPNAko Zuzendaritzari eskatzen diogu gure plegua Kontratu Publikoen Lege berriaren araberakoa izatea

Gure pleguak diru-horniketa nahikoa izan behar du, lan-baldintza duinak izateko adinakoa

 EZ DUGU ETSIKO!!

 

 

Berdintasuna, meritua eta gaitasuna aldarrikatu ditugu Osakidetzako EPEaren eskandaluaren aurrean

0

LABek elkarretaratze bat egin du gaur Eusko Legebiltzarraren aurrean, berdintasuna, meritua eta gaitasunean oinarrituriko filtraziorik gabeko EPEa eskatzeko eta Oviedoko ikerketaren gaineko balorazioa egiteko; hau guztia Osasun sailburu Jon Darponek agerraldia egin duen bitartean, Legebiltzarrean bertan, Osakidetzako eskandaluaren harira.
 

 

 

Prekarietatearen errealitate prekarioena

Urte luzez egon gara emakumeok etxean giltzapetuta, gure lanak omen zirenak egitera kondenatuta, gizonezkoenak omen ziren esparruetatik kanpo. Borroka handiz lortu genuen egoera hori atzean uztea, ez guztiz hala ere: lan munduan ere esparru berezietara konfinatu gaituzte, zenbait enplegu galarazi eta prekarietatearen prekarioena guretzat gorde. Sektore feminizatuetako langileek bertatik bertara ezagutzen dute errealitate hori. Hala, LAB bidelagun hartuta sektore desberdinetan borrokan diren hainbat emakume bildu ditugu, euren azalean bizi duten bidegabekeria irudikatzeko.

Gipuzkoako helduen egoitzetako eta Donostiako etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileen ordezkariak.

Sistemarentzat bigarren mailakoak diren lanbide zehatz batzuk gorde dituzte emakumeentzat, non lan baldintzak zein lan eskubideak kaskarragoak eta mugatuagoak diren. Jantokietan, garbiketan, merkataritzan, telemarketinean, etxez etxeko lanetan, helduen egoitzetan… prekarietatea baino ez dago emakumeentzat. Eta ez da kasualitatea, ondo pentsatutako plan bat baita; kapitalismoan eta patriarkatuan oinarritutako plan bat, alegia, emakumeak bigarren mailako langileak izateko.

Gauzak horrela, sektore feminizatuetan hainbat borroka daude zabalik Euskal Herrian, emakumeek lan eta bizitza prekarioenak pairatzen dituzten neurrian. Mobilizazioak, grebak eta protestak nonahi daude, eta, horietako gatazka batzuei helduta, sektore desberdinetan borrokan diren hainbat emakume bildu ditugu, euren egunerokoaren berri eman dezaten, sektore feminizatuen egoeraren isla. 

Erandion dagoen Loramendi helduen egoitzako langile Idoia Bustinza eta Kristina Alvarez, Bizkaiko Garbialdiko enpresa batzordeko ordezkari Kontxi Aparicio, Gipuzkoako helduen egoitzetako langile Vanessa Pan eta Nerea Aginaga eta Donostiako etxez etxeko laguntza zerbitzuko langile Ana Martinez Bonatxea eta Pili Larrañaga izan ditugu solaskide, besteren artean.

Zerk eraman zaituzte borrokara? Zeintzuk izan dira borrokaren bidea hartzeko arrazoiak?

IDOIA BUSTINZA: Loramendiko helduen egoitzaren kasuan, geba mugagabean gaude egoitza osoan, irailaren 17az geroztik, eta mobilizazioak egiten ari gara maiatzaz geroztik, garbiketako lan taldearekin elkartasunean. Hamahiru langile gaude garbiketa taldean, sukaldea, garbitegia eta solairuetako garbiketa egiteko. 15 urte daramagu lanaldi partzialarekin, eta egoera honek are eta gehiago areagotzen du prekarietatea.

KRISTINA ALVAREZ: Loramendin dagoen lan karga handitzen joan da urtetik urtera, etenik gabe. Garbiketako lan taldeak asko nabaritu du, lanaldi partzialarekin daudelako, enpresak lanaldi osoa ezarriko ziela agindu zuen arren. Hamar urte pasa dira orduz geroztik, eta ezin dugu gehiago. Osasunean ere eragin handia ari da izaten. Hamahiru langile horietatik zortzik-bederatzik ebakuntzak izan dituzte lanaren esfortzuaren eta gehiegikeriaren ondorioz. Hautsita daude. Bukaera arte jarraituko dugu borrokan, langile hauei lanaldia handitzen dieten arte.

KONTXI APARICIO: Egoera oso antzekoa da sektore guztietan, eta ez dago modurik pairatzen dugun egoera aldatzeko. Aldundiko egoitzetako garbiketako langileei dagokienez, lan karga asko handitu egin da, jubilazioak ez dituzte ordezkatzen, bajak kasu batzuetan ezta ere, oporrak ordu gutxiagorekin kubritzen dira… Baja asko ditugu lan taldean, jendeak ezin du gehiago, eta, gainera, 2010etik dugu hitzarmena izoztuta.

VANESSA PAN: Gipuzkoako helduen egoitzetan bi urte daramagu hitzarmena negoziatzen, negoziatzea deitu ahal bazaio. Urtebete eman dugu aurkeztutako plataformen inguruan erantzunik jaso gabe, eta horrek eraman gaitu mobilizatzera. 5.000 langile gara guztira.

PILI LARRAÑAGA: Donostiako etxez etxeko laguntza zerbitzuan, orotara, 400 langile gara, %99 emakumeak. Enpresaren jarreragatik hasi gara mobilizatzen, hitzarmen berarekin mantendu nahi digutelako, eta, zerbait aldatuz gero, urtetan lortutako hobekuntzak kendu nahi dizkigutelako. Desplazamendua, etxe batetik bestera joaten pasatzen dugun denbora, lanordu gisa kontutan har dezaten eskatzen dugu. Bost ordu igaro ditzakegu astean, joan-etorrietan. Goizeko 8:00etatik 22:00ak arte euren etxera joan gabe dagoenik badago, Irungoak edo Oreretakoak direlako. Eta pentsa zein gogorra den neguan, leku batetik bestera ibiltzeko.

ANA MARTINEZ BONATXEA: Niri gertatu zait askotan, lanaldi murriztua izanik, haurrak 9:00etan ikastolan utzi eta 16:30ean euren bila joatea, korrika, jan gabe. Arnasestuka ibiltzen gara etxez etxeko laguntza zerbitzuan gaudenak, ezin iritsi.

Hain zuzen ere, lanaldi partzialak inposatzea ohikoa izaten da sektore feminizatuetan, horrek ekarri ohi dituen ondorioekin. Zehazki, zein ondorio dira hauek?

IDOIA BUSTINZA: Kaltea baino ez du ekartzen; aurrejubilazio bat lortzeko edo errelebo kontratoa eskuratzeko, esaterako. Lanaldi partzialak zigortzen gaitu, eta ezin ditugu eskubide horiek gureganatu. Horregatik, Loramendiko gatazkaren adibidera bueltatuz, lanaldi partzialarekin 15 urte daramagula kontutan hartuta, eta adin tarte konkretu batean egonik, borroka hau orain irabazten dugu edo etorkizunean ere prekarietatera kondenatuko gaituzte, pentsio are eta baxuagoak izango ditugulako, dagoeneko baxuak direnean. Etorkizuna iluna da langileentzat; bada, are eta ilunagoa litzateke guretzat.

KRISTINA ALVAREZ: Lanaldi partziala %80aren lanaldia izan daiteke, baina ez duzu hilabetean %80 lan egiten gero gehiago libratzeko. Enpresak orduak ajustatzen ditu egunero lanean egon zaitezen, lan karga gehiagorekin gainera. Soldatari dagokionez, bistan da, gutxiago kobratzen, baldintza txarretan iristen zarela hilabete bukaerara.

NEREA AGINAGA: Era guztietako jardunaldiak ditugu helduen egoitzetan, eta, horien arabera, hainbat kasutan egun osoan egon behar duzu eskuragarri. Badaude goizean errefortzu bat egitera doazenak, 8:00etatik 9:30era, eta, arratsaldean, 18:00etatik 22:00ak bitartean, berriro joan behar dutenak.

KONTXI APARICIO: Lanaldia osoa izan beharko litzateke aldundian, 7 orduko eguneko lanaldia, baina, azkenaldian, egiten diren kontratu guztiak hiru ordu eta erdikoak dira. Asko daude kontratu honekin, eta sektore honetan, kasu askotan, hauxe da emakumearen etxean sartzen den soldata bakarra.

Lan duinik gabe ezin da bizitza duinik izan.

IDOIA BUSTINZA: Hala da. Loramendiren kasuan, prekarietatea egoitza osoan dago zabalduta. Kontziliazioan asko eragiten digu. Hain justu, oso librantza gutxi ditugu, sektore honetan hilabetean asteburu bakar bat izaten baitugu jai. Hori dela eta, alaba edo semea eskolaz kanpoko aktibitate batera lagundu nahi izanez gero, ia ezinezkoa egiten zaizu. Zure seme-alaben bizitza galtzen ari zaren sentsasioa duzu. Bestalde, lanetik lehertuta irtetzen zara, bi pertsonen lana pertsona batek egiten baitu, eta honek ere eragin handia du. Hala, etxera iristerakoan, egin nahi duzun gauza bakarra jatea eta sofan etzanda egotea da, eta hori ere ezin duzu egin.

KONTXI APARICIO: Enpresari, Garbialdiri kasu honetan, eskatutako soldata aurrerapenei esker bizi direnak badaude edo baja hartu ezin dutenak, soldataren %70 jasoko luketeelako. Dena den, askok ezin dute gehiago eta, minak jota, baja hartu beharra dute: karpo-kanalaren gaitza, tenistaren ukondoa izeneko lesioa, zerbikaletan mina… lesio hauek errepikatzen dira garbitzaileen artean. Baja asko egon ziren uda aurretik, %65eko absentismoa izateraino aldundiko zentroetan. Kasu tristeak daude, bai, eta hori aldundiari buruz hitz egiten ari garela. Egoera okerragoa da etxeko atariak garbitzen dituzten emakumeentzat, ordu batzuetan atari konkretu batzuk egin behar dituztenentzat, ailegatu ezinik ibiltzen direlarik. Sektore konplikatua da garbiketarena. Denbora atzera eginez gero, esan ohi zen garbiketako lanak ikasketak ez zituztenei egokitzen zitzaiela, baina eszenatokia asko aldatu da gaur egun. Unibertsitateko ikasketadunak daude, beste lanetan ibilitakoak ere, oso ondo prestatutako emakumeak.

PILI LARRAÑAGA: Egoitza batean langileen arteko konplizitatea, elkartasuna, egon daiteke. Etxez etxeko laguntza zerbitzuan, berriz, bakarrik zaude eta den dena zuk pairatu behar duzu. Gainera, etxe zailetan egon zaitezke. Udaleko langileak gainetik egiten du etxe horren azterketa, oso azaletik; hortaz, azkenean, zu zara etxe barrukoa kudeatu behar duena. Hala, egoera zailak bizi izan ditugu lanean: arazo psikikoak dituen jendea topatu dugu, drogekin arazoak dituztenak, familia arteko gatazkak, abandonuak… Hasieran, laneko arazoak etxera eramaten nituen, baina, gero, atea ixten ikasten duzu.

ANA MARTINEZ BONATXEA: Gainera, etxe batetik bestera zoaz. Utzi duzun egoera ahaztu eta hurrengo etxera irribarre batekin joan behar duzu.

Sektore feminizatuetan bizi den egoera prekarioaren aurrean, zein da agintari politikoak jokatzen ari diren papera?

IDOIA BUSTINZA: Nabarmenduko nuke prekarietatearen barruan are eta prekarioago dagoen jendea dagoela; prekarioen artean, prekarioagoak daudela, alegia, eta guztiak emakumeak dira. Asko esaten da honi buruz, baina oso gutxi egiten da konpontzeko. Alderdi politikoek ez dute honekin guztiarekin amaitzeko legerik egiten, enpresen zorionerako, hauek etekina ateratzea besterik ez dutelako buruan. Zentzu honetan, adibide gisa, Loramendik lanaldi partzialak lanaldi oso bihurtzeko proposamena badu, baina langileak kenduz, lan taldean murrizketak eginez. Batzuei lanaldia handitu, eta beste batzuk kaleratu. Horrek prekarietatean sakonduko luke, desagertuko liratekeen langileen lana egokituko zitzaielako geratzen direnei. Berdin jarraituko genuke. Azken finean, enpresak irizpide ekonomikoak besterik ez ditu kontutan hartzen.

KRISTINA ALVAREZ: Zerbitzu gehienak azpikontratatuak daude, eta honek are eta prekaritate gehiago ekartzen du, legeek ahalbidetuta. Esleipenekin hau guztia ahalbidetzen dute. Guztia politika da, azken batean.

KONTXI APARICIO: Garbialdi Bizkaiko Foru Aldundiak duen azpikontrata bat da, 1.200 langile ditu Bizkaia mailan eta langile hauek guztiak ordezkatzen ditugu enpresa batzordean. Aldundiko egoitzetako garbiketan 180 pertsona daude lanean. Momentuz, aldundiak ez du konpromiso garbirik erakutsi enpresarekin dugun gatazka hau konpontzeko. Dakiguna da Garbialdi 2003. urteaz geroztik dabilela lanean aldundiarentzat, eta hurrengo urterako ere sinatu duela.

IDOIA BUSTINZA: Lan Ikuskaritzara zoaz, esaterako, eta harresi bat topatzen duzu, enpresak legearen arabera jokatzen duela esaten baitizute. Bidegabekeria honen aurrean, nora jo jakin gabe geratzen zara. Horregatik, garrantzitsua iruditzen zait erantzuleak seinalatzea, arduradun politikoak seinalatzea, eurek egiten baitituzte prekarietatea sustatzen dituzten legeak. Feminismoa motore bihurtu behar da benetako politikoak behartzeko, itxurakeria egiteari utz diezaioten eta, argazkiak atera beharrean, lege egokiak egin ditzaten.

 

 

 

Garbialdiko langile diren Bizkaiko Aldundiko garbitzaileek greba egun berriak deituko dituzte hurrengo asteetan negoziazioak blokeatuta jarraituz gero

0

Gaur egin den asanblada jendetsu batean, sektorean gehiengoa diren langile eta sindikatuek protestak areagotzea erabaki dute. Hilabete bateko epea eman diote patronalari gatazkari irtenbidea emateko. Epe horretan aurrerapenik ez badago, LABek argi dauka greba izango dela gure helburuak lortzeko tresnarik eraginkorrena; eta horregatik, gure buruak prestatzen hasi gara.

Joan den asteazkenean, enpresarekin negoziazio mahaia egin genuen. Azkenengo mahaia maiatzean izan zen, aurrera eramandako 6 greba egun eta hamaika mobilizazioen aurretik; ondorioz, enpresaren proposamena desberdina izango zelakoan geunden.

Ez zen horrela izan. Garbialdi 2017ko ekainean botatako eskaintza hura errepikatzera mugatu zen: %0,3ko igoera 2017rako eta %0koa gainontzeko urte guztietarako. Urteak igaro dira aldarrikapen argi batekin borroka hau piztu zutenetik: Udalhitzeko 6. Mailarekin ekiparatzearena, alegia, horrek suposatuko lukeen %6,54ko soldata igoerarekin. Administrazioko soldatetara ekiparatzea, administrazioaren egiturazko-parte bat garelako.

Pasa den abenduaren 5etik astero mobilizatzen ari gara. 50 protesta baino gehiago aurrera eraman ditugu ordutik.Igarotako hilabete guzti hauek, ahuldu beharrean, gure burua antolatzeko eta boteretzeko erabili ditugu. Honaino helduta, gaur, aurrera egitearen aldeko apustua egin dugu.

Gaur egin den asanbladan, mobilizazioak areagotzea erabaki dugu. Modu honetan negoziazioa desblokeatzeko gai ez bagara, grebara irtengo gara berriro ere. Eta asanbladan adostu dugun bezala: greba hori, maiatzean burututakoa baino gogorragoa izango da.

Momentuz, hurrengo asteartean, urriaren 16an, 11:30ean Bilboko Foru Jauregiaren aurrean kontzentrazioa egingo dugu, berriro ere lanbasak altxatuz.

 

 

 

Azken lan heriotza salatu dugu Markina Xemeinen

Joan den ostiralean, Iturrieta mendian, Markinan, zuhaitzak botatzen lan egiten zuen 50 urteko Markinako langile bat hil zen. Heriotza berri hori dela eta, euskal gehiengo sindikalak deituta, elkarretaratze bat egin dugu Markinako udaletxearen aurrean.
 

 

 

GEKAko langileak mobilizazioekin hasi dira nomina kobratzeko eskatuz

0

Atzo urriaren 8tik GEKA enpresak dituen lan zentro ezberdinetako langileak (Oiartzunen 2 eta Astigarragan 1) mobilizazioekin hasi dira nomina ordaintzeko exijituz. Deialdia GEKAko enpresa-batzordeak egin du, LAB, CCOO eta Independienteek osatua.

Aste honetan zehar, 13:30etik 14:30etara kontzentrazioak burutzen ari dira, GEKA enpresak Oiartzungo Zerradi poligonoan duen lan zentroaren inguruan eta datorren astelehena, hilak 15etik aurrera, lanuzteak zein konzentrazioak, 9:30etik 10:45era eta 18:30tetik 19:30era, eta enpresa aurrean egongo dira.
 

 

 

Itundutako Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako grebak %65eko jarraipena baino gehiago izan du

Patronalek sektoreko aldarrikapenei erantzun ezean, mobilizazioak indartu beste biderik ez digute utziko azaroari begira. Hala ohartarazi dugu LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuok.

Pasa den ikasturtean gauzatutako 3 greba egunei jarraipena emanez, gaurkoan sektoreko laugarren greba greba egunera eta ikasturte honetako lehenengora deituak zeuden itundutako Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako 9.000 langiletik gora. EAEko itundutako ikastetxeen %70a inguru dira eta 120.000 ikasle ingururi ematen diote zerbitzua.

Grebak izan duen jarraipena oso zabala izan da, aurreko hiru greba egunek izandakoaren oso antzekoa, ikastetxe eta etapa batzuetan %80tik gorakoa izanik.

Gaurkoan Bilbon gauzatutako manifestazioan langileek izandako parte hartzea ere oso zabala izan da, EAEko hiru lurraldeetako milaka langile batu garelarik bertan.

Bihar sektoreko bostgarren greba eguna izango da, eta sindikatuok dauzkagun aurreikuspenen arabera, langilegoaren gehiengoaren babesa izango du biharkoak ere.

Langileak mobilizazio eta grebei ematen ari diren babesa ikusita, patronalek gure aldarrikapenei erantzunik ematen ez dieten bitartean, sektorean ordezkaritza dugun sindikatuak mobilizazioa bultzatzen jarraituko dugu. Patronalen aldetik erantzunik egon ezean beraz, adostuta daukagun eta Azarorako 4 greba egun jarraian barenratzen dituen mobilizazio egutegiarekin aurrera egingo dugu.

Sektore honetan ia hamar urte daramatzagu hitzarmena berritu gabe eta eroste-ahalmenaren galera metatuak %10etik gorakoak dira. Pedagogien modernizazioa, digitalizazioa eta hezkuntza-berrikuntza langileon kontura joan da, lan-kargak handituz jasanezinak izateraino. Sektore honetako langile-kidego batzuk (hezkuntza-laguntzako espezialistak eta haur-hezkuntzako lehen zikloko langileak) ugalduz joan dira azken urteotan, kopuruz eta prekarietatez, eta horiek dira, hain zuzen, feminizatuenak eta baldintzarik txarrenak dituztenak; hori dela-eta, premiazkoa da baldintza horiek hobetzeari ekitea. Jaiotza-tasa gutxitu izanak eragina izan du ikastetxe horietan, eta haur-hezkuntzako lehen mailetan hasi dira langileak kaleratzen. Bestalde, zerbitzuen azpikontratazioa ere zabalduz doa, eta horrek kidego jakin batzuen lan-baldintzak prekarizatzea ekarri du bere baitan; 1-DBH eta 2-DBHko irakasleak parekatzea egiteke dago oraindik; eta beharrezkoa da, halaber, Lanbide Heziketa gehiago arautzea.

Gure eskakizun nagusiak, hitzarmena berritzeari begira, honako hauek dira:

Enplegua
-Akordio bat, enpleguari eusteko eta gelak balizko ixtearen eraginpeko pertsonala birkokatzeko.

Soldatak
-Eroste-ahalmena berreskuratzea.
-1-DBHko eta 2-DBHko irakasleen soldatak parekatzea.

Lanaldia eta lan-kargak
-Irakasleen kasuan, ordu osagarriak erreserbatzea eskolak prestatzeko eta ikasleen jarraipena egiteko, zein urtean dedikazio ez presentzialeko 70 orduren aitortza.
-Administrazio eta Zerbitzuetako pertsonalarentzat, lanaldia murriztea.
-Lanbide Heziketan lanaldiaren banaketa adostea.

Bereziki prekarizatuen eta feminizatuen dauden kidegoen lan-baldintzak hobetzea
-Hezkuntza-laguntzako espezialistak: haien lana irakaskuntza-izaerakotzat hartzea, ordu osagarriak ematea lana prestatzeko eta ikasleen jarraipena egiteko, lanaldia modu erregularrean banatzea irailaren 1etik ekainaren 30era arte…
-Haur-hezkuntzako lehen zikloko pertsonala: haien lana irakaskuntza-izaerakotzat hartzea, lanaldia murriztea, ordu osagarriak ematea lana prestatzeko eta ikasleen jarraipena egiteko.

 

 

 

Oviedoko Unibertsitateko Ikerketaren emaitzak bat datoz Osakidetzako EPEan salatutako irregulartasunekin

0


Bihar, Legebiltzarrean Darpon EPEaren eskandalua ezkutatzen ahalegintzen den bitartean, LABek kontzentrazioa egingo du aurrean, goizeko 9.30ean, berdintasuna, meritua eta kapazitatean oinarrituriko filtraziorik gabeko EPEa eskatzeko eta Oviedoko ikerketaren gaineko balorazioaren inguruko adierazpenak egiteko.  


EPE honetako emaitzak ikertzeko Osakidetzak Oviedoko Unibertsitateari eskatu zion txostenak ez ditu zalantzan jartzen LABek egindako ikerketa estatistikoak, ezta salaturiko irregulartasunak ere. Ikerketa honi buruz LABek egin duen azterketaren harira, filtrazioez zuzenean ez hitz egin arren ikerketan, egilearen hitzetan hori ez zelako helburua, argi gelditzen da behin eta berriro salatuak izan diren hainbat kategoriatan normalak ez diren emaitzak bai agertzen direla.

Adibide moduan, esan dezakegu 36 azterketetan (30 kategoriari dagozkionak), puntuazioen banaketaren indizea ez dela zifra normaletara heltzen. Bestaldetik, 17 kategoriatan izangaien zentroen araberako banaketa ez da normala. Azkenik, 20 kategoriatan ez dago korrelazio egokirik lehenengo eta bigarren azterketen emaitzen artean.

Datu hauek guztiek gure salaketak indartu baino ez dituzte egiten. Horregatik, Osakidetzak ez duela ikerketa bururaino eraman nahi salatzen jarraitu behar dugu; gure aburuz, eskandalua ahalik eta lasterren eta ahalik eta ondorio txikienekin estali nahi dutelako.

Hau dela eta, Osakidetza eta Osasun Sailaren gardentasun eza salatu nahi dugu eta baita exijitu ere ikerketa bururaino eraman dezatela, argitu ahal izateko non egin ziren filtrazioak, nork egin zituen eta nor atera zen onuradun. Bestaldetik, martxan ipini behar den EPE sistema berria adosteko negoziazioa irekitzea funtsezkoa jotzen dugu.
 

 

 

Elkartasuna adierazi diogu Valentziako herriari gaurko Diada eguna dela eta

0
Gaur urriak 9-an valentziarrak Valentziar herriko Diada eguna ospatzera kalera irtengo dira. Euskal Herritik LAB sindikatuak klase eta herri bezala gure elkartasun osoa bidali nahi diogu Valentziako gure lagun guztiei gaurko Diadaren egun bereziaren harira.

Urriaren 9ko eguna egun berezia da valentziar guztientzat, Mediterraneoko txoko hontako Diada ospatzen baita. 78-ko erregimenak gehiegitan zigorturiko Mediterraneoko txoko bat da hau; langile klasearen eta naziorik gabeko estatuen askatasun egarria bai Euskal Herrian, Valentzian eta beste hainbat txokotan itotzen dituen erregimena hain zuzen ere.

Egun berezi honetan, aldi berean ezin ahaztu Valentzian faxismoak daukan presentzia. Pasa den urriaren 9an inpunitate osoz kalera bidean aurkitzen zuten edozein manifestari “ehizatzera” irten zen faxismoaz ari gara solasean hain zuzen ere. Boteretik ezkerreko katalanismoari eta erabakitzeko eskubidea edo Herrialde Katalanen eraikuntza defendatzen zuten edozein mugimenduren aurka joateko elikatua izan da faxismo hau oraindik bizirik dagoena.

Horregatik guztiagatik Valentziako herriarentzat hain berezia den egun honetan gure internazionalismotik anaitasun osoz gure herriarentzat aldarrikatzen dugun berbera aldarrikatzen dugu; injerentzia eta mugarik gabe bere etorkizun politiko eta soziala erabakitzeko eskubidea Valentzian esplotaturik gabeko gizarte justu bat eraikitzeko bidean.

Beraz, Euskal Herritik gure etorkizun politikoa erabakitzeko eskubidea aitortzen ez zaigun estaturik gabeko nazio honetatik egun arrakastatsua izan dezazuen opa dizuegu. Valentziako herriak bere langile klasearen aldaketa eta askatasun egarria karriketan biharko egunean masiboki aldarrikatzea espero dugu, Valentziarren erabakitzeko gaitasunaren muga bakarra bere herritarrek libreki erabakiko dutena baita.