2026-07-19
Blog Page 723

Mobilizazioak eta lanuzteak egingo ditugu Iruñerriko garraio publiko kolektiboan sinatutako akordioa salatzeko

0

Iruñerriko garraio publiko kolektiboa kudeatzen duen TCC enpresako langile batzordean gehiengoa dugun LAB, ELA, eta ATTU sindikatuok agerraldi bat egin dugu, sindikatu minoritario UGTek eta CCOOek enpresarekin sinatu duten akordioa salatzeko. Hain zuzen ere, mobilizazioak egingo ditugu villavesen zerbitzuan; lanuzteak, tartean. Aipatutako bi sindikatuek adostu duten akordioak langileak are eta gehiago prekarizatu eta saldu egiten dituela deitoratu dugu.

Iragan abenduan hauteskunde sindikalak egin ondoren, UGT eta CCOOk ordu arte zuten gehiengoa galdu zuten TCC enpresan [enpresa horrek kudeatzen du Iruñerriko garraio publiko kolektiboa], baina jarraian langileen estatututik at dagoen akordio bat sinatu zuten TCCrekin, negoziazio kolektiboa zapuztuz eta enpresak egina zuen azken proposamena goitik behera jasoz.

Enpresa Batzordean orain gehiengoa duten ELA, ATTU eta LAB sindikatuek ez dute akordio hori onartzen ez duelako hitzarmen baten mailarik eta langileriaren zati handi bati prekaritate handiagoa dakarkiolako. Hartara, TCCko Enpresa Batzordeak elkarretaratzeak eta lanuzteak deitu ditu ulertzen baitu angile guztiendako hitzarmen kolektibo bat lortzeko negoziazio mahaia irekita dagoela.

Otsailaren 12, asteartearekin, elkarretaratzeak eginen dituzte UGT eta CCOO sindikatuen egoitzaren aitzinean, 12:00etan eta 17:00etan. Otsailaren 14rako, berriz, TCCko 520 langileak 4 orduko lanuztea egitera deitu dituzte, 12:00etatik 16:00etara. Eta astebete geroago, otsailaren 21ean, bertze lau orduko lanuztea eginen dute, baina oraindik ez dute ordutegia zehaztu.

Laburbilduz, hauek dira aurreikusitako mobilizazioak:

-Otsailak 10: elkarretaratzeak, UGT eta CCOO sindikatuen egoitzen aurrean.

-Otsailak 14: lanuztea, 12:00etatik 16:00ak bitartean; elkarretaratzea, Iruñeko Merindade plazan.

-Otsailak 21: oraindik zehaztugabeko lau orduko lanuzteak.

 

 

 

Elkarrizketa sozialaren helburua patronalaren eta Jaurlaritzaren politikei zilegitasuna ematea da

Urtarrilaren 15ean onartu zuen Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak elkarrizketa soziala institituzionalizatzeko dekretua eta astelehenean, otsailaren 11n, egingo da elkarrizketa sozialaren mahaiko lehen bilera. LABek ez du parterik hartuko. LABek dekretu proiektua bertan behera uztea eskatu zuen bere egunean, elkarrizketa sozialak ez dituelako lan baldintza duinak bermatzen, proiektuak berak ez duelako Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparruaren alde egiten eta dekretuak ez dituelako gehiengo sindikalak errespetatzen.

Elkarrizketa sozialak ez ditu lan baldintza eta soldata duinak bermatzeko helbururik. EAEn ezarritako elkarrizketa sozialaren helburua patronalaren politikei eta Eusko Jaurlaritzaren politika publikoei zilegitasuna ematea da. Langileentzako elkarrizketa marko hutsa da.

Proiektuak ez du Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Markoa eraikitzeko helbururik, ez du bilatzen marko autonomo bat eraikitzea inolako kanpo injerentziarik gabe. Porrot egin duen Espainiako elkarrizketa sozialaren eredua inportatu dute, esparru propioa ez garatzeaz gain, Espainiako eredua ekartzen dute gurera.

Ez ditu gehiengo sindikalak errespetatzen. Gutxieneko sindikalarekin elkarrizketarako marko bat eraikitzea oinarrizko arau joko demokratikoak ez errespetatzea da. Politika mailan, pentsaezina litzateke gutxienekoak gehiengoa gailentzea; bada, hori da maila sindikalean ikusten ari garena.

Dekretuarekin aurrera jarraituta agerian geratu da EAJ eta PSEren gobernu hau zein interesen arabera eta norentzat ari den gobernatzen; patronalaren mesedetan, hain justu.
 

 

 

Emergentziak zerbitzuak bidezko lan-baldintzak eskatu ditu Eusko Legebiltzarrean

0

Hainbat sindikatuk Gasteizen egin dugu protesta, gatazkari konponbidea emango dion negoziazioa eskatzeko.

Emergentziak zerbitzuko langileak Gasteizen elkarretaratu dira, gaur goizean, Eusko Legebiltzarraren aurrean. Protesta Eusko Legebiltzarraren osoko bilera ospatzen zen bitartean egin dute.

"Emergentzietako Langileen Batzordea osatzen dugun ELA, CCOO, LAB, SATSE, ESK, SME eta UGT sindikatuok mobilizazioekin jarraituko dugu, Osakidetzak lan-baldintzak negoziatzeko azken Mahai Sektorialaren bileran egin duen proposamena guztiz urria iruditzen zaigulako”, adierazi dugu sindikatuok.

Langileen ohiko aldarrikapenei ondorengoa gehitu dizkiogu: Arabako eta Gipuzkoako Koordinazio Zentroak desegitearen eta Bizkaiko zentro bakar batean bateratzeko asmoa bertan behera uztea. Beraz, honako hauek dira Emergentziak zerbitzuko langileen aldarrikapenak:

· Arabako eta Gipuzkoako Koordinazio Zentroak bateratzeko asmoaren ukapena.

· Emergentzietako osagarri espezifikoa langile guztientzat (baseak, helikopteroa, Osasun Kontseilua, Administrazioa, tailerra, biltegia…).

· Koordinazio eta erantzukizun osagarria, koordinazio lanak egiten dituzten langile guztientzat (Erizaintza, Medikuak eta Osasun Kontseilua). Manutentzioa, ordutegia eta atsedenak.

· Aldi baterako langileentzat egonkortasuna.

· Urteko egutegiaren negoziazioa.

· Informazioa transmititzeko denboraren aitorpena (txandartekoa), jadanik egiten ari diren lanpostu guztientzako.

· Formakuntza jarraia ugaritzea, lan orduetan izanda.

· Sakabanatze geografikoa, egutegiagatik, base batetik bestera ibili behar dutenentzat.

· Helikopteroaren lanpostuaren lan-baldintzak.

· Laneko arropa egokia.

· Lanpostu funtzionalen berrikuspena eta balorazio objektiboa. Emergentzietako arriskuagatiko balorazioa kontuan hartuz.

 

 

 

[IRITZIA] Merkataritza hitzarmenen aurrean, Euskal Herriak planto

Zenbait eragiletako ordezkariok, LABeko Ekintza Sozialeko idazkari ondoko Urtzi Ostolozagak, tartean, iritzi artikulu bat idatzi dugu euskal administrazioei zuzenduta, merkataritza hitzarmenek jasotzen dituzten xedapenei aurre egin diezaieten.

 

 

 

Cables y Alambres Especiales-eko enpresa-batzordeak Erandioko Udala eta Eusko Jaurlaritzara jo du babes bila eta enpresaren egoera argitzeko

0
Cables y Alambres Especialeseko enpresa-batzordeak idatzi bi erregistratu ditu, bata Erandioko Udalaren Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan eta beste bat Zuzenean-en, Eusko Jaurlaritzari zuzenduta.

Erandioko Udalari dagokionez, bertako alderdiei eskatu diete jarrera publikoa hartzea egungo langileen enplegua eta proiektu industriala Erandion mantentzearen defentsan.

Horretarako, mozioa aurkeztu dute otsailaren 28ko Udalaren osoko-bilkuran landua izan dadin. Langileek bertaratzeko asmoa dute, botazioaren aurretik hitza hartzeko asmoz.

Eusko Jaurlaritzari dagokionez, bilera eskatuko diote euren zalantzak argitzeko, egun Erandioko lantegia dagoen lurra saltzearen inguruan Eusko Jaurlaritza eta Vicinayren arteko akordioa ezagutu ondoren sortutakoak.

Lurrak berriki saltzeak bat egin du denboran hauen berkalifikazio prozesuarekin, HAPOn jasotzen denaren arabera.
 

 

 

Nazioarteko hainbat sindikatuk Venezuelarentzat elkarrizketa eta bakea eskatu dugu

0
Bake Konferentzia egingo dute Montevideon, esku hartze militar bat ekiditeko helburuarekin, bakearen eta elkarrizketaren alde lan egiteko.

Hauxe da munduko hainbat sindikatuk, LABek barne, sinatu dugun adierazpena:

Gaur, 2019ko otsailaren 7an, Uruguayko Montevideo, hirian Mexiko eta Uruguayk Venezuelarentzat eta eskualdearentzat izugarrizko ondorio kaltegarriak ekarriko lituzkeen eskuhartze
militarra ekiditeko helburuarekin, Venezuelaren aldeko elkarrizketa eta bake konferentzia ospatuko da.

Horregatik, nazioarteko mugimendu sindikaletik, Nicolas Maduroren zilegitasun demokratikoa eta Venezuelako burujabetza nazionala berretsiz, Montevideon burutuko den bake konferentziari gure babesa adierazi nahi diogu.

Horregatik, kontinentean balizko esku-hartze militar bat ekiditeko honako gogoetak egin nahi ditugu publiko bake eta elkarrizketa proposamen hau laguntzeko helburuarekin:

• Sinatzen dugun sindikatuok Venezuelako Batzar Nazional Konstituziogilearen eta Nicolas Maduro presidentearen zilegitasuna onartzen dugu lehendakaria Batzar Nazional Konstituziogileak deituriko hauteskundeetan libre eta demokratikoki hautatua izan zen heinean. Horregatik Venezuela desegonkortzea eta demokratikoki aukeratua izan den lehendakaria kargutik kentzea helburu duen estrategia gaitzesten dugu.

• Eskualdeko bakea, egonkortasuna, lankidetza eta integrazioa Venezuelak pairatzen duen kanpo injerentzia eta jazarpenaren ondorioz mehatxupean egoteak arduratu egiten gaitu.

• Aktore batzuek gerra eta interbentzioaren alde egiten duten bitartean, beste gobernu batzuek esfortzu handiarekin gatazkak konpontzeko nazioarteko zuzenbidearen bideei jarraiki elkarrizketaren eta negoziazioaren bidea indartzen saiatzen ari dira.

• Gutariko bakoitzaren gune eta eginkizunetatik, eskualdean eta munduan elkarrizketa eta negoziazio politikoa helburu dituzten ekimenak laguntzen eta babesten ditugu, eta Montevideon Venezuelaren alde egingo den goi bilera babestu egiten dugu.

Hauek gara sindikatu sinatzaileak:

-PIT CNT. Uruguay
-Central Bolivariana Socialista de Trabajadores
CBST. Venezuela
-Central de Trabajadores de Cuba CTC. Cuba
-Central dos Trabalhadores e Trabalhadoras do
Brasil CTB. Brasil
-Central de Trabajadores de la Argentina
Autónoma (CTAA). Argentina
-Central de Trabajadores de la Argentina CTA. Argentina
-Langile Abertzaleen Batzordeak LAB Sindikatua. Euskal Herria. 
-Eusko Langileen Alkartasuna ELA. Euskal Herria.
-Confederación Intersindical Galega CIG. Galiza
-CUT Galiza. Galiza
-Unione Sindacale di Base USB. Italia
-NEHAWU. Sudáfrica
-Intersindical Alternativa de Catalunya IAC. Catalunya
-Sindicato Andalúz de Trabajadores SAT. Andalucia
-CUT Aragón. Aragón
-Intersindical CSC de Catalunya. Catalunya
-CST-JBE Nicaragua. Nicaragua
-Frente Sindical Obrero de Canarias. FSOC. Canarias
-Intersindical Canaria. Canarias
-COS Catalunya País. Països Catalans
-Federació de treballadores de Catalunya. FTC Catalunya
-UGT Sario Sáhara Occidental. Sáhara Occidental
-Corriente Sindical de Izquierdas CSI. Asturies
-STEILAS. Euskal Herria
-ESK. Euskal Herria
-Alternativa Sindical de Trabajadores AST. Estado Español
-Workers Union Coalition. Palestina
-Mandate. Irlanda
-STC. Córcega
 

 

 

Lanuztea Bizitegin, otsailaren 19an, kaleratutako lankidea berronartzearen alde

Bizitegi irabazi asmorik gabeko erakundeko langileek lanuztea egingo dute datorren otsailaren 19an. Bi ordutako lanuztea izango da, 10:00etatik 12:00ak artean. Gainera, Otxarkoagako plazan kontzentrazioa egingo dute, 10:30ean.

Hauxe da Bizitegiko enpresa batzorderen oharra:

Bizitegi irabazi asmorik gabeko erakundeko langileok lanuztea egingo dugu datorren otsailaren 19an. Bi ordutako lanuztea izango da, 10:00etatik 12:00ak artean. Gainera, Otxarkoagako plazan kontzentrazioa egingo dugu 10:30ean.

Otsailaren 5ean elkartearen aurrean mobilizazioa egin ondoren erregistratu dugu 19rako deialdia, kaleratutako lankide baten berronartzea eskatzeko.

Bizitegi irabazi asmorik gabeko erakundearen zuzendaritzak, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailarekin zuen hitzarmenaren amaieran oinarrituz, eta gerentziak duela egun gutxi esandakoari uko eginez, lankide bat kaleratzearen erabakia hartu du. Hala, elkarretaratzea egin dugu gaur enpresak Bilboko Otxarkoaga auzoan duen egoitzaren aurrean, langilearen berronartzea exijitzeko.

2019. urtearen hasieran, enpresak Eusko Jaurlaritzarekin zuen hitzarmen baten amaieraren berri eman zigun. Honekin batera, lasaitasun mezu bat bidali zigun, zeinetan argi uzten zuen, egoera honek ez zuela erabaki traumatikorik erakarriko. Albiste hau eman eta egun gutxira, erakundean hamarkada bat baino gehiago lanean daraman langile baten kaleratzea jakinarazi dute.

Bizitegi, bere web orrian argi uzten duen bezala, partehartze, elkartasun, gardentasun eta ardura balio batzuetaz harrotu egiten da. Beste behin ere, hau itxurakeria hutsa besterik ez dela argi utzi dute.

Hartutako erabakiarekin, langile eredugarri bat enplegu barik uzten dute. Gainera, Otxarkoagako interbentzio unitatea erizain zerbitzu barik uzten dute, erabiltzaileen ongizaterako guztiz beharrezkoa den jarduera bat ezabatuz, honek dakarren zerbitzuaren kalitatearen galerarekin.

Bizitegiko komiteak, zuzendaritzarekin premiazko bilera bat eskatuko du, erakundearen egoeraren berri jakiteko eta gure lankidearen berronartzea eskatzeko.

Instituzioek, "zerbitzu sozialen zorroa"-ren bidez sektorerako nahi duten norabide eta etorkizuna, sektorea bera arriskuan jartzen dute, lehenengo kaleratze hau adibide argia izanik. Honengatik, adi egon behar gara, ez ditugularik etorkizun hurbilean sektorearen defentsarako ekintza eta mobilizazioak baztertzen.
 

 

 

Ordezkaritza lortu dugu Pirinio Atlantikoko Departamentuko Laborantza Ganberan

0
Pirinio Atlantikoko Laborantza Ganberako hauteskunde sindikalak urtarrilaren 31n izan ziren, eta Prefeturak atzo eman zuen emaitzen berri. LABek 3A eta 3B kolegioetan aurkeztu ditu zerrendak, emaitza bikainak lortuta.

3A kolegioan, nekazaritza ekoizpenaren kolegioan, sindikatua departamentuko bigarren indarra bilakatu da, 100 boto eskuratu eta gero (%27,62, delegatu 1). Lehen indarra izateko zorian egon da LAB, bi botorengatik ez baitu irabaztea lortu, lehenak, CFTC-k, 101 babes jaso baititu (%27,90, delegatu 2). 3B kolegioan, berriz, bigarren indarrarekin berdindu dugu, 243 botorekin. Berdinketa hausteko, zerrendaburu helduenarentzat izan da ordezkaritza, eta arrazoi hori dela-eta ihes egin digu delegatua izateko aukerak. Hala ere, emaitza bikaina izan da, boto kopurua nabarmena izan baita.

LAB Euskal Herri osoan hedaturik dagoen sindikatua izanik, tokiko errealitateari eta beharrei egokitu ohi da, langileen kezketatik ahalik eta hurbilen egoteko. Hala, Ipar Euskal Herriko laborantzarako ere Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako langileen aldarrikapen hauek defendatzen ditugu: lan baldintzen hobetzea; ordu guztiak deklaratuak eta ordainduak izatea; gutxieneko 1.500 euroko hilabete sari garbia denentzat; kontratu prekario eta lanaldi partzial inposatuen debekatzea; eta lan orduen barruan kalitatezko formakuntza profesionala egiteko eskubidea.

Laborantza Ganberan lortutako emaitza oparoei gehitu behar zaizkie azken hilabeteetan Funtzio Publikoan lortutakoak. Hain zuzen ere, ordezkariak eskuratu ditugu Hendaia, Kanbo eta Urruñako udaletan, baita Ipar Euskal Herriko Hirigune Elkargoan eta Ipar Euskal Herriko Kostaldeko Ospitalgunean ere.

LABen presentzia Ipar Euskal Herrian gero eta nabarmenagoa izateaz gain, ordezkaritza izan ohi dugun lantokietan ere indartsu jarraitzen dugu; Hendaiako Sokoa enpresan, kasu, non LABek bosgarrenez irabazi dituen hauteskunde sindikalak.
 

 

 

Mobilizaziorako deia egin du Eskubide Sozialen Kartak, babes sistema duin baten aldeko eztabaida ukatua izan eta gero

Gasteizko Legebiltzarrak ezezkoa eman dio Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak 51.000 sinaduren babesarekin aurkeztutako Herri Ekimen Legegileari, EAJ, PSE-EE eta PPren kontrako botoekin. EH Bilduk eta Podemosek baiezkoa bozkatu dute.

Gasteizko Legebiltzarrean izandako bozketaren ondoren, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzen dugun eragileetako ordezkariok agerraldia egin dugu. Hala, datorren asteazkenean, otsailak 13, giza batera deitu dugu Bilbon. PP, PSE-EE eta EAJren egoitzak lotuko ditu prortestak, Bilboko Gran Viatik, PPren egoitzatik, abiatuta, 10:15ean.

LABeko ordezkari Bea Martxuetaren hitzetan,  "51.000 sinaduren ahotsa ekarri dugu Gasteizko Legebiltzarrera. 51.000 bai, bestelako babes sistemaren alde; 51.000 sinadura, pobrezia eta bazterketa sozialaren kontra. Berriro ere eztabaida era faltsuan itxi dute. Berriro ere, beste ekimen batzuekin gertatu bezala, Gasteizko Legebiltzarrak Herri Ekimen Legegile bati, eztabaida publiko eta demokratikoari, ezetza eman dio”.

Martxuetak jakinarazitakoaren arabera, “hemendik aurrera, EAJ eta PSE-EEren lege proposamen murritzaileak oztoporik gabeko bidea izango du. Gure Herri Ekimen Legegilea indargabetzeko sortua izan den lege proposamena EAJk eta PSE-EEk babes soziala deseraikitzeko duten helburuaren bidean kokatzen da”.

LABeko ordezkariak asteazkeneko mobilizaziorako deia egin du: “Legebiltzarrak Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta eta etxebizitzaren inguruan eman beharreko eztabaida publikoa saihestearen kontra agertzen gara, eta, horregatik, hurrengo otsailaren 13an, Bilbon, giza kate bat egingo dugu ezezko jarrera izan duten hiru talde parlamentarioen, EAJ, PSE-EE eta PPren, egoitzak batuz”.