2026-01-25
Blog Page 721

Autobus gidariek Nafarroako Lan Osasunaren Institutura eta Osalanera eraman dute euren proposamena

0

LAB sindikatuko garraio publikoko autobus gidariak baden edo sakanguneen inguruko kanpaina egiten ari dira, euren osasunarentzako hauek dakartzaten kalteen aurrean, alternatibak badaudela aldarrikatuz. Pasa den astean, mobilizazio bana egin zuten Donostia eta Bilbon, Lan Ikuskaritzen aurrean, “Mugatu abiadura baina ez gure bizkarren kontura” lemarekin. Gaur, Nafarroako Lan Osasunaren Institutuan, Iruñean, eta Osalanen egoitzan, Gasteizen, egin dituzte mobilizazioak, lema berdinarekin. Aurrekoan bezala, gidariek bi erakunde horietan erregistratu dute euren kezka eta proposamena jasotzen dituen idatzia.


 

 

 

Grebara deitu dute Bizkaiko etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileek

Hitzarmen duin baten alde hainbat hilabetetan mobilizazioak egin ostean, eta patronalek ez aurrera, ez atzera egiten ez dutenez, Bizkaiko Etxez Etxeko Laguntzaren Zerbitzuko langileek ez dute beste irtenbiderik, mobilizazioak areagotzea baino. Hala, LAB, ELA eta USO sindikatuok 13 greba egun deitu ditugu.

Hauxe da gaurko agerraldian irakurri duten adierazpena:

Etxez Etxeko Laguntzaren Zerbitzua, menpeko egoeran bizi diren pertsonentzat funtsezkoa bada ere, gero eta okerrago dago; horregatik guk, zerbitzu hori egunero ematen dugunok, mobilizaziora jo behar dugu, hobekuntza eske, bai arretaren aldetik, bai lan-baldintzen aldetik.

Arretari dagokionez, gure zerbitzuaren jasotzaileak gero eta gehiago dira, eta arian-arian babes-maila jaisten diete. Egin beharreko atazak handitzen dira, eta prestazio-orduak, aldiz, murrizten dituzte. Zerbitzuaren kalitatea, beraz, hondatuz doa argi eta garbi.

Lan-arloari bagagozkio, 5 urte daramagu soldata izozturik, eta lan-eskubideak murriztuta. Enpleguaren behin-behineko tasa handia da, eta lanaldi partzialak ugariak. Malgutasuna gero eta handiagoa denez, lanaren eta norberaren bizitzen arteko kontziliazioa oso zaila bihurtu da. Labur esateko, gure lan-baldintzak prekarioak dira.

Etxez Etxeko Laguntzaren Zerbitzuko langileok dei egiten diegu herri-erakundeei, beren burua feministatzat duten erakunde horiei, zainketa-lanak egoera prekarioko emakumeen eskuetan ez uzteko. Azken lizitazioetan, eta modu orokorrean, gutxienezko orduko prezioak ezarri beharrean, prezio horiek jaitsi dira, gure sektorea enkante irekian eskainiko balitz bezala. Ez dira bermatu zerbitzualdiko orduak, plantillen kontratuetako lanaldien egonkortasunaren kaltetan. Ez da jaso pertsonal osoaren subrogazioa, eta enpresa azpikontratistek uko egiten diote plantilla osoa subrogatzeari, eta abar.

Hainbat hilabetetan lanuzte partzialak eta mobilizazioak egin ditugu, Bizkaiko udal nagusietan mozioak sustatu ditugu, zerbitzua eta lan-baldintzak hobetze aldera, baina harturiko konpromisoak ez dira oraindik bete. Udalei tinko eskatzen diegu osoko bilkuretan ebatzitakoa betetzeko: baldintza-pleguetan langileen subrogazioa sartzea, eta baita zerbitzua behar bezala emateko lanaldi-orduak ere, aurrekontu-zuzkidura handiagoa, eta abar.

Gure lan-baldintzen gainbehera sektoreko patronalen errua izan da, haiek aldiz etekin itzelak eskuratu dituzte diru publikoaren kontura. Hitzarmena berritzeko izan ditugun bileretan ez dute erakutsi akordiorako borondaterik txikiena ere. Negoziazio-mahaiaren azken bileratik urtebetea baino gehiago igaro da, eta denbora horretan ez dute, ezta zirkinik ere egin. Mobilizazioak egiten hasi baino lehen, eta azken saiakera gisa, patronalak premiatu ditugu negoziazio-mahaiaren bilera bat egitera, eta sektoreari duintasuna itzultzeko pausoak ematera. Bilera hori egiteko zenbait data eman arren, eta ito-puntutik ateratzeko patronalak duen borondaterik eza ikusita, beti luzamendutan dabil-eta, ELA, LAB eta USO sindikatuok ez dugu beste irtenbiderik ikusten greba-deialdia egitea baino. Ondorioz, hurrengo hiru hilabeteetan 13 egunetan greba egiteko deia egiten dugu, blokeo-egoera gainditzearren. Hona hemen greba-egunak:

• Urriak 26 eta 29.
• Azaroak 22, 23, 26 eta 27.
• Abenduak 24, 26, 27, 28, 29, 30 eta 31.

Bizkaiko Etxez Etxeko Laguntzaren Zerbitzuko langileok borrokan jarraitzeko gure erabaki irmoa adierazten dugu berriro. Ez dugu atzera egingo harik eta funtsezko zerbitzu honen prestazio egokia bermatzeko moduko lan-baldintzak lortuko ditugun arte.

 

 

 

Gure sinadura erretiratu dugu Kutxabankeko Berdintasun Planetik, marketin hutsa delako

LABek elkarretaratze bat egin du gaur, Bilboko Gran Via 30eko egoitzaren aurrean, Kutxabanken berdintasunik ez dagoela salatzeko. Bertako delegatuek eta LABeko Idazkari Feministako idazkari Elixabete Etxeberriak hartu dute hitza. Azken honek adierazi du azken boladan berdintasun planak ez betetzea norma bihurtzen ari dela: "Oso erraza da planak egitea, betetzea ez hainbeste".

Babes sozialerako sistema publiko eta kalitatezkoaren alde, pobreziaren eta bazterkeria sozialaren aurka

Gaur, 2018ko urriaren 17a, Pobrezia Erauzteko Munduko Eguna dela eta, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak adierazpen bat osatu du.

Gaur Hego Euskal Herrian pairatzen diren bazterkeria sozial eta pobrezia mailak oso kezkagarriak dira. Kutsu neoliberaleko politika publiko, erreforma, krisi ekonomiko, lan prekarioaren hedapen, murrizketa eta abarren eraginez gero eta biztanle gehiago behar adina baliabide ekonomikorik gabe dago; ezin du gutxieneko ongizate mailara iritsi ere (ahalmen ekonomikoa, etxebizitza, energia, elikadura, haurren garapena, aisialdia eta kultura).

Egungo lan merkatua gero eta prekarioagoa da, eta egunetik egunera desberdintasun handiagoa eragiten du: Sistema honek pobretu egiten du eta ez ditu baliabide ekonomiko nahikoak bermatzen. Gero eta langile pobre gehiago dago gure artean: soldatak ez die ematen hil amaiera iristeko ere, edota pobrezia ezkutuan jausten dira (energetikoa, botikena, haurren txirotasuna…). Aldagai hauek guztiok errealitate beraren aurpegiak dira; egungo ereduak biztanlerian pobrezia banatzen du, eta bitartean gutxi batzuk pastelaren zatirik handiena bereganatzen dute.

Emakumeei dagokienez diskriminazioa areago luzatzen da profesionalki segregatuta dagoen lan merkatu honetan, eta horrek bizimodu independente bat garatzeko aukera eman dezakeen autonomia ekonomikoa galarazten du.

Halaber, gazteen egoera ere oso eskasa da; bizimodu duina berma dezakeen enplegu bat lortzeko aukera oso mugatua dute, eta euren artean langabezia zein prekaritate tasak izugarriak dira. Kasu hauetan etorkizuneko proiekturik egitea erabat ezinezkoa da. Gazteen emantzipazioa iritsi ezineko amets bihurtu dute.

Babes sozialeko gutxieneko batzuk lortzeko arauak badira, baina gaur egun ez dira nahikoak. Hau ikusirik, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta herritar ekimen legegile (HEL) bat ari da bultzatzen, instituzioen eta politika publikoen lehentasuna pertsonak izan behar direlako, ez bankuak, ezta enpresa handiak edota espekulatzaileak ere. Ekimenaren helburuak:

• Eredu ekonomiko eta sozial neoliberalaren alternatiba eskainiko duen eredua; beronek erdigunean bizitzaren eta planetaren defentsa kokatu behar du, gutxiengoaren interesen gainetik, eta lehentasuna eman lanari (kontzeptuaren zabalera guztian, hots, produktibo eta erreproduktiboa aintzat hartuz) kapitalaren aurretik, zein pertsonei merkatuaren aurretik.

• Aberastasuna berdintasunez banatzeko politika publiko eragingarri eta benetakoak, bidezko zerga-politika, kalitatezko enpleguaren sorrera eta lanaldia murriztu eta banatzeko politikak ezarriaz.

• Beharrezkoa da gizarte- eta lan-politikei buruzko erabakiak gure lurralde eremuan hartzea, Lan Harreman eta Gizarte-Babeseko Euskal Markoan aurrera eginez.

• Eskubide sozialak bermatu eta hobetzeko neurriak, pobrezia eta bazterkeria sozialari aurre egiteko. Horregatik, aurkeztu dugun HELean esaten dugu aldaketak egin behar direla Diru-Sarrerak Bermatzeko 18/2008 Legean, baita Etxebizitzaren 3/2005 Legean, honako neurriak sartuz:

• DSBEa jaso ahal izateko adina 23 urtetik 18ra jaistea. Halaber, 18 urte ez dituztenek ere eskubidea izan behar dute behar egoera berezian gertatuz gero.

• Aurrez erroldatuta egon beharreko epea 3 urtetik urtebetera murriztea.

• Bizileku berean dauden bizikidetza-unitate guztien aitortza.

• DSBEa jasotzeko eskubidea bizikidetza-unitate bakoitzari aitortzea, bizileku berean izateagatik mugarik ezarri gabe.

• DSBEaren zenbatekoa hobetzea, baita pentsio eta soldata kaskarren kasuetarako ere, erreferentzia gisa lanbidearteko gutxieneko soldata (LAGS) hartuz:

– LAGSaren %100 pertsona bakarreko bizikidetza-unitateentzat.
– LAGSaren %150 bi lagunek osatutako bizikidetza-unitateentzat.
– LAGSaren %200 hiru lagunek edo gehiagok osatutako bizikidetza-unitateentzat.

• Gizarte-Larrialdietarako Laguntzak (GLL) eskubide subjektibo bihurtu behar dira, jasotzeko aukera ez dadin aurrekontuen baitan geratu, baizik erantzun beharrezko beharrizanen baitan.

• Alokairu sozialeko etxebizitza izateko eskubide efektiboa bermatu, ezin delarik prestazio ekonomiko batekin ordezkatu. Errenta ezin da diru-sarreren %15a baino handiagoa izan, etxe berean bizi diren pertsonen diru-sarrerak DSBE adinakoak edo txikiagoak direnean.

Arrazoi hauek guztiak medio, eta kapitalak ezarri nahi digun bizimodu prekarioarentzako alternatibak baditugulako, Pobrezia Erauzteko Munduko Egun honetan dei egiten diegu langileei, pentsiodunei, gazteei, emakumeei, migranteei, errefuxiatuei eta ikasleei Gizarte-Babeseko euskal sistema Publiko eta Kalitatezkoaren alde borroka daitezen!

 

 

 

Eskubide Sozialen Kartak 51.000 sinadura bildu ditu babes sistema duin baten alde

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren ordezkariek pobreziaren eta bazterketa sozialaren aurka garatutako Legegintzako Herri Ekimenaren alde jasotako milaka sinadura aurkeztu dituzte gaur Eusko Legebiltzarrean. LABeko Ekintza Sozialeko idazkari Bea Martxuetak hitza hartu du, eta ekimenaren helburuak eta eskariak zehaztu ditu.

Pobrezia eta bazterketa sozialaren aurkako Herri Ekimen Legegilearen aldeko sinadura bilketa amaituta, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak Eusko Legebiltzarrean aurkeztu ditu lortutako atxekimendu guztiak. Hain zuzen ere, gaur bertan erregistratu ditu azken hilabeteotan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan jasotako 51.000 sinadurak. Hainbat kutxatan eraman ditu milaka sinadurak Legebiltzarrera.

LABeko Ekintza Sozialeko idazkari Bea Martxueta izan da erregistroan. “Pobretze eta bazterketa sozial egoeren aurrean, babes sistema duina eskatzen dugu”, adierazi du. Ekimenaren helburuak eta eskariak zehaztu ditu ondoren. “Herri Ekimen Legegile honekin eskatzen duguna da egungo bi legetan, ez nahikoak ez diren bi legetan, aldaketak egitea. Lehenik, Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren (DSBE) 2008ko legean aldaketa batzuk; besteak beste, prestazioak jaso ahal izateko adina 23 urtetatik 18ra jaistea edo erroldatutako egon beharreko denbora 3 urtetik urtebetera jaistea. Eta etxebizitza legeari dagokionean, eskatzen duguna da etxebizitzarako eskubidea pertsona ororentzat bermatzea".
 
 

 

 

Badator Feministon Herria!

Geroz eta gertuago dago Emakumeon Mundu Martxaren XI. Nazioarteko Topaketa, urriaren 22tik 28ra izango baita Bilbon. Hala, gaur agerraldi bat egin dute egitarauaren xehetasunak emateko; urriaren 27ko Feministon Herriko jardueren berri emateko, besteak beste. Hain zuzen ere, egun horretan, Bilboko Areatzan elkartuko dira Euskal Herriko mugimendu feminista eta Nazioarteko Topaketara etorri diren emakume guztiak, eta nolako herri feminista eraiki nahi duten erakutsiko diote munduari.
 

 

 

Greba mugagabeari ekin diote Gipuzkoako komisaldegi eta eraikin judizialetako garbiketa zerbitzuko langileek

0

Irailaren 21az geroztik greban dauden langileek, ez Garbialdi enpresak ezta Eusko Jaurlaritzak ere, beraiekin batzeko eskaera onartu ez dutela salatu dute. Hala, LAB, ELA, UGT eta ESK sindikatuok Gipuzkoako komisaldegi eta eraikin judizialetako garbiketan greba mugagabeari ekin diogu.

Negoziaketen hasieratik alde sozialak, kale garbiketarekiko dagoen soldata arrakalaren desagerpenean (sektore maskulinizatua) zentratu dugu gure aldarrikapena. Hiru sektoreak (komisaldegiak, juzgadoak eta kale garbiketa) garbiketan aritzen dira eta guztietan administrazio publikoak azpikontratatutako enpresek egiten dute lan hau. Baina sektore bakoitzean dauden lan baldintzak desberdinak dira, desberdintasun nabarienak sektore maskulino eta femeninoen artean ematen direlarik. Funts publikoekin ordaintzen den genero baztertzea. Zehazki, datuak honakoak dira:

SOLDATA ARRAKALA: komisaldegiak: %13, justizia eraikinak eta adingabeen zentroak: %7.

Komisaldegien hitzarmena 2009ko abenduaren 31an amaitu zen eta eraikin judizial zein adingabeen zentroetakoa 2017ko abenduaren 31an

Komisaldegietan, soldata arrakala desagertaraziko duen hitzarmena eskatzen dugu, honako igoerekin:

2016:3%
2017:2,9%
2018:4,5%
2019:2,5%

eta justizia eraikin eta adingabeen zentroetarako:
2018:4,5%
2019:2,5%

Apirilaren 26tik 4 bilera izan ditugu eta hauetan negoziazioak ez dua aurrera egin, azken bilera izan delarik proposamen ekonomiko bat jaso duen bakarra.

Uztailaren 10ean Garbiladi enpresak adierazi zigun soldata arrakala gainditzeko sindikatuok egindako proposamena asumitu ezina zela, eta aldi berean, 2018 urterako bi hitzarmenetan izozte proposamena jartzen du mahai gainean, eta 2019 urterako aurreko urteko KPIa.

Proposamen hau guztiz onartezina da langileontzat, are gehiago Komisaldegietako langileek 2008az geroztik soldata igoerarik izan ez dutela kontuan hartzen badugu, eta eraikin judizialetan duten soldata arrakala %7koa dela.

Bestalde, ezinbestean azpimarratzekoa da, Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Barne Sailak ez dute sindikatuokin batu nahi izan gure aldarrikapenak ezagutu eta gatazka honetan duten erantzunkizunaren zatia hartzeko. Are gehiago, gaurko egunez, aipatu sail hauen kezka bakarra grebaren ondoriozko zerbitzu minimoak handitzea besterik ez da izan, eta zentroetako garbiketa egiten zela bermatzea, modu ilegalean greban dauden langileak ordezkatzera helduz.

Sindikatuok negoziazioan proposatutako gainontzeko aldarrikapenei dagokionez, Garbialdik ez du bere posizioa argitu, ez eta baloratzera sartu ere. Gure ustez, negoziaketa mugagabe luzatzeko modua da hau, jakinda, komisaldegietako garbiketa zerbitzuaren adjudikazioarako pliegoak ateratzear daudela. Hala, pliego hauen publikazioa baina lehen akordiorik lortuko ez balitz, soldata igoerak berriz ere urte luzez blokeatuta geratuko lirateke.

Beti bezala, jakina, emakumeak dira prekarietate egoera hau bizi dutenak. Bi hitzarmenen artean 60 bat langile inguru dira eta hauetatik %95 emakumeak. Emakume hauetako askok kontratu partzialak dituzte, lanaldi oso txikiak eta abar. Horregatik, eta agerraldi hau baliatuz, Garbialdi zein Eusko Jaurlaritzar, berehala, diskriminazio egoera honi aurre egiteko neurriak hartzea exigitu nahi diegu.

Genero berdintasuna ekintza konkretu ella errealen bidez gauzatu behar da, eta ez diskurtso politetan gelditu. Horregatik guztiagatik, gizon eta emakumeen arteko soldata arrakala Eusko Jaurlaritzaren agendan lehentasuna erabatekoa izan behar du.

 

 

 

Mobilizazioak gogortzea erabaki dute Garbialdiko langileek

0

Aurreko astean egindako batzarrean adostutakoari helduta, Garbialdiko langileek mobilizazioak areagotzea erabaki dute. Hala, negoziazioa desblokeatzeko gai ez badira, grebara berriro irtengo direla jakinarazi dute. Eta greba hori, maiatzean burututakoa baino gogorragoa izango dela ohartarazten dute. Bitartean, beste elkarretaratze bat egin dute Bizkiako Foru Aldundiaren aurrean.

Aurreko astean egindako asanblada jendetsu batean, sektorean gehiengoa diren langile eta sindikatuek protestak gogortzea erabaki dute. Hilabeteko epea eman diote patronalari gatazkari irtenbidea emateko. Epe horretan aurrerapenik ez egotekotan, badakite greba izango dela haien helburuak lortzeko tresnarik eraginkorrena.

Urriaren 2an, negoziazio mahaia izan zuten enpresarekin. Azkenengo mahaia maiatzean izan zen, egindako sei greba egun eta honi jarraitu dioten hamaika mobilizazioen aurretik; ondorioz, enpresaren proposamena desberdina izango zelakoan zeuden.

Ez zen horrela izan. Garbialdik 2017ko ekaineko eskaintza hura errepikatzera mugatu zen: %0,3ko igoera 2017rako eta %0koa gainontzeko urte guztietarako.

Urteak igaro dira aldarrikapen argi batekin borroka hau piztu zutenetik: Udalhitzeko 6. nibelera ekiparatzearena, alegia, horrek suposatuko lukeen %6,54ko soldata igoerarekin. Administrazioko soldatetara ekiparatzea, administrazioaren egiturazko parte direlako.

Pasa den abenduaren 5etik astero mobilizatzen ari dira. 50 protesta baino gehiago aurrera eraman dituzte ordutik. Igarotako hilabete guzti hauek, ahuldu beharrean, haien burua antolatzeko eta ahalduntzeko erabili dituzte. Puntu honetara helduta, aurrera egitearen aldeko apustua egin dute.

Garbialdin, sektore feminizatuetako gainontzeko enpresetan bezala, prekarietatea da nagusi. Hor dago arazoaren muina.
 

 

 

Hezkuntza legearen ezezko jarrera azaldu dugu EAEko Parlamentuko hezkuntza batzordeko agerraldian

0
Gure ustez, EAEk hezkuntza lege berria behar du. Horretan ados bagaude ere, lege berria hezkuntza komunitatearen babesarekin egin behar da, eta gaur gaurkoz, gurasoak, ikasleak eta langileak kontra gaude. Beraz, markatu den abiapuntuak oinarri eskasa du. Gainera, egungo markoan planteatua dago, inongo jauzirik egin gabe eta Espainiako legedian txertatzeko pentsatua dago. Aldiz, guk herri gisa ditugun erronka sozial eta nazionalei erantzuteko lege burujabearen aldeko hautua egiten dugu, inolako injerentziarik gabe, guk gurea propioki eraikiz eta hezkuntza eskumen guztiak gureganatuz. Autogobernu lan taldean onartutakoa praktikan jarriz eta hezkuntza eskumen guztiak gureganatuz, lege propioa eraikitzeko.

Beraz, LABek ez du babesten EAEko hezkuntzaren aldeko akordioa. Sei ideia nagusiren bueltan arrazoitzen dugu ezezko hori: erabilitako metodologia (Eusko Jaurlaritzaren neurrira egindako prozesua izan da, presaka eta hausnartzeko ia tarterik gabe gauzatu nahi izan du Eskola Kontseiluak ebazpena), proposatutako 5 oinarriak (Modernizazio, Bizikidetza, Hizkuntzak, Ebaluazioa eta Autonomia) interesgarriak badira ere, modu orokorregian aurkeztuta daude.

Gainera, kontraesankorrak eta autokonplazienteegiak dira. Ez dute bermatzen modernizazioa, bizikidetza, euskararen berreskurapena, ezta ebaluazio hezitzailea eta autonomian urrats kualitatiboak ematea ere. Honetaz gain, oinarri gehiago behar dira gure ustez: euskal curriculuma, hezkidetza, finantziazioa eta publikotasun eredua. Baliabideei dagokienez, errenta baxuko pertsonak, zenbait eskola zehatzetara bideratzen ari dira. Hala, segregazio prozesuak errenta edo jatorriaren araberakoak ugaltzen ari dira. Baita sexua, hizkuntza eta erlijioaren araberakoak ere hedatzen ari dira. Gure ustez, segregazio mota guztiak gainditu behar dira aukera berdinatsuna lehenetsiz.

Aukera berdintasuna eta inklusioa bermatzeko dozenaka proposamen egin ditugu eta guztiak baztertuak izan dira. Proposamen pedagogikoez gain, ekonomikoak ere egin ditugu, dugun hezkuntza sistema eraldatzeko ezinbestekoa delako inbertsioa areagotzea. Autonomia eta parte hartzean sakontzen badugu, Jaurlaritzak ikastetxeen autonomia faltaren inguruan egindako autokritika norabide onean doala uste dugu. Hala ere, ikastetxeei autonomia gehiago ematea begi onez ikusten dugu. Bukatzeko, burujabetzari dagokionez, proposamena Espainiako legedian enkajatzeko pentsatua dago. Gogora dezagun, Hezkuntza eskumen eta konpetentzien %55 baino gehiago Madriletik inposatua datorkigula. Eskola kontseiluak atzera bota du emendakin oso sinple bat: Eusko Jaurlaritzak EAEko Hezkuntza Komunitatearekin batera adostutako Lege Berria,

Espainiak errespetatu egin behar duela. Beraz, Eskola Kontseiluak ez du Espainiar Estatuaren inposaketen aurrean, etorkizuneko Hezkuntza Legea hemen erabakitakoa izan behar dela argi eta garbi adierazi nahi.

LABek ekarpen eta proposamen ugari egin ditu hezkuntza paktuaren ibilbidearen hasieratik. Gaia seriotasun eta konpromezu osoarekin landu dugu eta baliabide pertsonal eta material ugari eskaini dizkiogu prozesuari. Eta bueltan jaso duguna oso kezkagarria iruditzen zaigu: prozesu guztian zehar ekarpenik txikiena ere ez du aintzat hartu Eusko Jaurlaritzak hasieran ezta Euskadiko Eskola kontseiluak ondoren. Gauzak horrela, Euskadiko Eskola Kontseiluaren ebazpenari ezetza ematea beste aukerarik ez dugu izan eta hezkuntza sistema propio eta burujabea iruteko tinko borrokan jarraitzea beste alternatibarik ez dugu.