2026-01-25
Blog Page 718

Ez dago aurrekontu sozialik

Eusko Jaurlaritzaren 2019ko aurrekontu proiektua ezagutu dugu gaur. Aurrekontu hauek aurreko urteetako aurrekontuen bide beretik doaz, eta, beraz, aurrekontu proiektu neoliberal baten aurrean gaude.

Hutsune ugari ikusten dizkiogu:

-Aurrekontuen eztabaida ezin da gastuen eztabaidara mugatu. Gastuez hitzegin aurretik sarrerez hitz egin behar da eta horrek eskatzen du zerga politikari heltzea. Helburu horretatik urrun daude aurrekontu hauek. Zerga politikaren eztabaida berrartu beharra dago.

– 135.artikuluaren aldaketaz geroztik zorraren ordainketa lehenesten da eta gastu mugari men egiten zaio, baita Jaurlaritzak ere, aurrekontuotan. Zorra ordaintzea lehentasunezko den bitartean ez dago politika publikoetarako eta gastu sozialerako behar den inbertsiorik.

Hori horrela den bitartean, ez dago aurrekontu sozialik. Ez dago egoera soziolaboralean sakoneko aldaketakegitekoasmorik. Ezaberastasunarenbanaketajustubaterakoborondaterik,ezneurririk. Bestelako zerga politika bat sustatzea ezinbestekoa da horretarako.

Aurrekontu proiektua xehetasunez aztertu eta datozen egunetan agerraldi bidez ezagutaraziko dugu LABetik egiten dugun irakurketa. Edonola ere, dauden behar sozialei erantzuteko lehentasunezko neurriak eskatzen jarraitzen dugu aurrekontuen eztabaidari begira, aurrekontuek izan behar dutelako:

-Enplegua duintzeko aurrekontuak. 1200 euroko gutxieneko soldata eta soldata arrakalarekin amaitzeko neurriak jasoaz.

-Behar sozialei aurre egiteko bokazioa duten aurrekontuak (1080 euroko gutxieneko pentsioa eta pentsio arrakalarekin amaitzeko neurriak jasoaz edota Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunaren Herri Ekimen Legegilean jasotako RGIaren igoera aurreikusiz).

-Sektore publikoan enplegua egonkortzera bideratutako aurrekontuak. 

-Industria politika eraginkor baterako aurrekontuak.
 

 

 

Gipuzkoako helduen egoitzetako hitzarmena aldarrikatu dugu berriro

LABeko Gipuzkoako helduen egoitzetako langileek auto karabana bat egin dute gaur Urola Kosta eskualdean, eta, ondoren, elkarretaratze bat egin dute Azpeitiako plazan, "Gipuzkoako helduen egoitzetako hitzarmena orain" leloarekin, irailaz geroztik deitutako mobilizazioekin egin bezala. Ostiralerako iragarritako greba egunaren atarian egin dituzte gaurko mobilizazioak.


 

 

 

Hezkuntza sistema burujabea aldarrikatu dugu, Euskal Eskola Publiko Komunitarioa ardatz

0


LAB sindikatua bere Hezkuntza egitasmoa berritzeko prozesuan murgilduta dago. Prozesuaren nondik norakoak azaldu ditugu gaur, komunikabideen aurrean. Eztabaidarako txostenaren laburpena aurkeztu dugu bertan, LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburu eta Irakaskuntzako arduradun Maider Izagirreren eskutik.  


"LABen gure hezkuntza egitasmoa berritzeko prozesuan murgildu gara. Gogoeta prozesu bat da; prozesu parte hartzaile bat, hain zuzen ere, eskualdez eskualde, gure afiliatuekin zuzenean arituko baigara". Garbiñe Aranburuk eta Maider Izagirrek hala jakinarazi dute gaurko agerraldian, eta prozesua bera barne hausnarketa baino gehiago dela azpimarratu dute: "Euskal Herriak behar duen Hezkuntza Sistema eraikitzeko herri adostasunen bila goaz".

Hezkuntzaren garrantzia nabarmendu du LABeko Irakaskuntzako arduradunak, gure herriaren garapen sozial, ekonomiko eta kulturalaren zutabe nagusia delako: "Estatuek ezarritako oztopoen gainetik eredu propio bat garatzeko bide oparoa egin dugu, hezkuntza eredu propioaren bidea; Frankismo garaian Ikastolen sorrera, 80.hamarkadarik aurrera eskola publikoak euskaldundu eta eraldatu, UEU sortu, unibertsitalteen euskal adarrak, Euskal Kurriculuma sustatu da, hezkindetzaren aldeko lana, pedagogia aktiboak… Langileon seme-alabek hezkuntza duina jaso dezaten gogor egin dugu lan, baina azken urteotan arazoak eta erronkak pilatzen ari zaizkigu. Hala, gure ekarpena egin nahi dugu etorkizunari begirako oinarri komun batzuk jartzeko". 

Garbiñe Aranburu LABen proposamenari buruz aritu da; Euskal Eskola Publiko Komunitarioa ardatz izango duen hezkuntza sistema propio eta burujabea. "Euskal Herriak bere hezkuntza sistema propioa izateko duen eskubidea aldarrikatzen dugu. LOMCE moduko inposaketarik gabe, bertan erabaki nahi dugu. Inposatu izan zaizkigun Espainia eta Frantziako publikotasun eredu zentralizatuen aurrean, Euskal Herrirako publikotasun eredu berria defendatzen dugu", azaldu du sindikatuko idazkari nagusiak.

Eredu berriaren ezaugarriak zeintzuk izan beharko liratekeen zehaztu du:

-Diru publikoz finantzatuko da eta doan izango da.
-Integrala izango da, jaio eta bizi osoan. 0-18 tarteak garrantzi berezia du.
-Euskara izango da hezkuntza sistemaren hizkuntza nagusia.
-Deszentralizatua: ikastetxeen titularrak udala edo eskualdeka eta hezkuntza komunitateak izango du hezkuntza egitasmoaren gaineko erabakiak hartzeko aukera
-Euskal Kurriculumean eta pedagogia aktiboetan oinarritutako hezkuntza eredua izango du, kalifikazio eta azterketen eredua gainditu eta konpetentziak garatzera bideratuko da.
-Langile ereduari dagokionez, prestakuntza eta lan baldintza egokiak bermatuko ditu. 

Garbiñe Aranbururen hitzetan, "hau ez da gaur egun Euskal Herrian dagoen publiko eredua. Egun urrun gaude eredu honetatik. Eztabaida ezin da mugatu publiko-kontzertatura, ezin da indarrean dagoen sistema dualera mugatu (eskola publikoa batetik eta itundutako eskola nagusiki erlijiosoa bestetik, eta ikastolak) edota sistema publikoaren aldeko hautura".

LABeko idazkari nagusiaren arabera, "Euskal Herrirako publikotasun eredu berri bati buruz ari gara. Eta bitartean zer? Trantsizio bat proposatzen dugu. Euskal Eskola Publiko Komunitariora bidea egin behar da, hobetzeko neurriak hartuz".

Hain justu, hauek izan beharko lirateke neurri horiek: 

-Hezkuntzara bideratzen diren baliabide publikoak handitu egin behar dira. BPGren %6. Ratioak jaitsi eta langileei ezarri zaizkien murrizketa oro bertan behera utzi eta lan baldintza duinak bermatuko dira.

-Segregazio eta diskriminazio mota guztiekin amaitzeko neurriak hartuko dira.

-Eskola publiko eta kontzertatu guztietan bete beharreko irizpideak:

• Ikasleek euskararen ezagutza osoa dutela bermatu
• Euskal Kurrikulumean oinarritutako hezkuntza egitasmo propioa izatea
• Kalifikazio eta azterketen eredua gainditu eta konpetentziak garatzera bideratuko den ebaluazio eredua ezartzea
• Hezkuntza komunitate osoak izan behar du hezkuntza egitasmoaren diseinuan parte hartzeko aukera
• Laikotasuna bermatu behar da
• Doakotasuna

-Estatus politiko berriek Euskal Herrian hezkuntza eskumen osoak ditugula bermatu behar dute.

 

 

 

Gipuzkoako helduen egoitza guztiak grebara deitu ditugu urriaren 26rako

LABeko Gipuzkoako adinekoen egoitzetako delegatuek agerraldi bat egin dute gaur, Donostian, eta negoziazioaren blokeoaren aurrean hitzarmen duina lortzeko deitutako greba eta mobilizazioen berri eman dugu.

Hauxe da agerraldian esandakoa:

Joan den ostiralean, Gipuzkoako zahar-egoitzetako lan hitzarmen berria negoziatzeko mahaia bildu zen, eta berriro ere, ADEGI, MATIA 2020, LARES eta ACGG patronalek Gipuzkoako langile guztientzat herrialdeko lan hitzarmen bat lortzeko duten borondate eza erakutsi ziguten.

LAB sindikatua eredua alda dadin lanean eta mobilizatzen aritu da, jendartearen funtsezko eskubideak hobetzeko, ez interes ekonomikoak saritzeko. Horregatik, negoziazio mahai honetan herrialdeko hitzarmen bat lortu nahi dugu zeinaren ardatz nagusiak diren:

– Oinarrizko soldata toki eta Foru Administrazioen menpe dauden langileen bataz bestekoari homologatzea.

– Kontratazioa zuzena, mugagabea eta aldi osokoa izatea.

– Langileen ratioak eta mailak ezarriko dituen lan-batzorde parekidea sortzea.

– Prestakuntza kontutan izateko puntu garrantzitsua izatea.

Baina bileran patronalek proposamen bat aurkeztu zuten, non ez dieten gure plataformei erantzuten, nahiz eta behin baino gehiagotan eskatu diegun.

Nazkatuta gaude patronalek duten jarrerarekin, negoziazio mahai honek langileen beharrei ez erantzutearekin, sektore honen arduradun nagusia den Gipuzkoako Foru Aldundiak gure behar eta aldarrikapenei muzin egitearekin.

Urtebeteko mobilizazioen ondoren, LAB sindikatuak borroka areagotzea erabaki du urriaren 26an grebara deituz, eta Gipuzkoa plazan, goizeko 12:00etan, Foru Aldundiaren Jauregiaren aurrean elkarretaratzea burutuz.

Egoerak bere horretan jarraituz gero, grebarako deialdi gehiago egingo ditugu.

Langile guztiei deia egiten diegu herrialdeko hitzarmen duin baten aldeko borrokara lotu daitezen.

 

 

 

Epaitegira joko dugu, Ipar Euskal Herriko Kostaldeko Ospitaleko zuzendaritzak gure hautagaitza baztertu eta gero

0

Ospitaleko zuzendaritzak ez digu hauteskunde sindikaletarako zerrenda onartu, gure estatutuak nahikoak ez direla argudiatuz, berari ez dagokion eduki batean sartu eta gero. Hala, Admnistrazio Epaitegira eramango dugu afera, sindikatuaren antolaketa eredua zalantzan jarri dutelako.

Ostiralean, lehen aldiz LABek zerrenda bat aurkeztu zuen Ospitaleko Funtzio Publikoan, Ipar Euskal Herriko Kostaldeko Ospitalean. Bada, ospitaleko zuzendaritzak ez digu onartu, gure estatutuak nahikoak ez direla argudiatuz. Hala, Admnistrazio Epaitegira eramango dugu afera, bidegabea delako.

Hain zuzen ere, gure antolaketa eredua da zalantzan jartzen dutena. Ipar Euskal Herrian estatutuak erregistratuak ditugu sindikatu gisa, funtzio publiko osoan. Leporatzen digute ez dugula bereziki estatuturik aurkeztua ospitaleko funtzio publikoan. Hori legearen irakurketa bat da, ospitaleko zuzendaritzak egiten duena, besterik ez. Guk sindikatu gisa beste irakurketa bat dugu. Ez dagokio ospitaleari erabakitzea nola irakurri behar den legea. Administrazio epaitegira joko dugu, epaile batek erabaki dezan nork duen irakurketa egokia.

Langile guztiak deitzen ditugu kanpainan parte hartzeko eta haien sustegua adierazteko zerrendari.
 

 

 

Ez dago negoziazio errealik, hilabeteko grebaren ostean

0

Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Barne Sailek ez dute, irailaren 21az geroztik, Gipuzkoako Komisaldegi eta eraikin judizialetako garbiketa zerbitzuan greban dauden langileekin batzeko asmorik agertu, eta Garbialdi enpresak KPIaren azpiko soldata igoera proposatzen du. Sindikatuok agerraldia egin dugu gaur, lan gatazkaren xehetasunen berri emateko.

LAB, ELA, UGT eta ESK sindikatuok Gipuzkoako komisaldegi eta eraikin judizialetako garbiketan greba mugagabeari ekin genion urriaren 17an, irailaren 19an hasitako grebari jarraipena emateko.

Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Barne Sailek ez dute irailaren 21az geroztik greban dauden langileekin batzeko asmorik agertu eta Garbialdi enpresak KPIaren azpiko soldata igoera proposatzen du.

ELA, LAB, UGT eta ESK sindikatuok Gipuzkoako komisaldegi eta eraikin judizialetako garbiketan greba mugagabeari ekingo diogu. zehazki urriaren 17an emango diogu hasiera eta irailaren 19an ekindako grebaren jarraipen izango da.

Negoziaketen hasieratik alde sozialak, kale garbiketarekiko dagoen soldata arrakalaren desagerpenean (sektore maskulinizatua) zentratu dugu gure aldarrikapena. Hiru sektoreak (komisaldegiak, epaitegiak eta kale garbiketa) garbiketan aritzen dira eta guztietan administrazio publikoak azpikontratatutako enpresek egiten dute lan hau. Baina sektore bakoitzean dauden lan baldintzak desberdinak dira, desberdintasun nabarienak sektore maskulino eta femeninoen artean ematen direlarik. Funts publikoekin ordaintzen den genero baztertzea. Zehazki, datuak honakoak dira:

SOLDATA ARRAKALA: komisaldegiak: %13, justizia eraikinak eta adingabeen zentroak: %7.
Komisaldegien hitzarmena 2009ko abenduaren 31an amaitu zen eta eraikin judizial zein adingabeen zentroetakoa 2017ko abenduaren 31an

Komisaldegietan, soldata arrakala desagerrarazteko duen hitzarmena eskatzen dugu, honako igoerekin:

2016:3%
2017:2,9%
2018:4,5%
2019:2,5%

eta justizia eraikin eta adingabeen zentroetarako:
2018:4,5%
2019:2,5%

Apirilaren 26tik 4 bilera izan ditugu eta hauetan negoziazioak ez dua aurrera egin, azken bilera izan delarik proposamen ekonomiko bat jaso duen bakarra.

Uztailaren 10etik urriaren 17rarte ez dugu inolako bilerarik izan, eta azken honetan Garbialdi enpresak 2018 urteko soldata izozte proposamen bat jarri du mahai gainean, 2019 urterako %1 igoera eta 2020rako %1 igoera. Dena bi hitzarmenetarako. Beste modu batera esanda, eros ahalmena galdarazten duen proposamena da hau. Lan legediak adierazten du borondate honez negoziatu behar dela, eta Garbialdi enpresaren jarrerak kontrakoa adierazten du.

Proposamen hau guztiz onartezina da langileontzat, are gehiago Komisaldegietako langileek 2008az geroztik soldata igoerarik izan ez dutela kontuan hartzen badugu, eta eraikin judizialetan duten soldata arrakala %7koa dela.

Sindikatuok negoziazioan proposatutako gainontzeko aldarrikapenei dagokionez, Garbialdik ez du bere posizioa argitu, ez eta baloratzera sartu ere. Gure ustez, negoziaketa mugagabe luzatzeko modua da hau, jakinda, komisaldegietako garbiketa zerbitzuaren adjudikaziorako pliegoak ateratzear daudela. Hala, pliego hauen publikazioa baina lehen akordiorik lortuko ez balitz, soldata igoerak berriz ere urte luzez blokeatuta geratuko lirateke.

Bestalde, ezinbestean azpimarratzekoa da, Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Barne Sailak ez dute sindikatuokin batu nahi izan gure aldarrikapenak ezagutu eta gatazka honetan duten erantzukizunaren zatia hartzeko. Are gehiago, gaurko egunez, aipatu sail hauen kezka bakarra grebaren ondoriozko zerbitzu minimoak handitzea besterik ez da izan, eta zentroetako garbiketa egiten zela bermatzea, modu ilegalean greban dauden langileak ordezkatzera helduz.

Zoritxarrez, aipatu departamendu hauen presioak bere efektua izan du eta zerbitzu minimoen azken agindua greba eskubidearen aurkako eraso zuzen bat da, izan ere, Oiartzungo komisaldegian komun pribatuen garbiketa astero egin behar dela ezarri baitute. Zerbitzu minimoak ezarri behar direnean, orduan bai, agerian geratzen da garbiketaren beharra, baina ez zaio aitortza bera egiten kale garbiketako kideen azpitiko soldatak ezartzen zaizkienean. Bi sektore hauetako lana (kale eta eraikinen garbiketa) bera dela agerian geratzen da, greban zehar, sarrera bahiz irteeretarako kale garbiketako langileek greban dauden emakumeen lana ordezkatzera deitu dituztenean.

Beti bezala, jakina, emakumeak dira prekarietate egoera hau bizi dutenak. Bi hitzarmenen artean 60 bat langile inguru dira eta hauetatik %95 emakumeak. Emakume hauetako askok kontratu partzialak dituzte, lanaldi oso txikiak eta abar. Horregatik, eta agerraldi hau baliatuz, Garbialdi zein Eusko Jaurlaritzar, berehala, diskriminazio egoera honi aurre egiteko neurriak hartzea exijitu nahi diegu.

Genero berdintasuna ekintza konkretu eta errealen bidez gauzatu behar da, eta ez diskurtso politetan gelditu. Horregatik guztiagatik, gizon eta emakumeen arteko soldata arrakala Eusko Jaurlaritzaren agendan lehentasuna erabatekoa izan behar du.

 

 

 

Geka enpresako langileek Adegiren bitartekaritza eskatu dute euren soldata kobratu ahal izateko

0

Geka enpresako langileak Adegiren egoitzara joan dira gaur, Gipuzkoako enpresen elkarteari gutun bat helarazteko. Hain zuzen ere, Geka Adegiren baitan dago, eta, hortaz, langileek beharrezkoa ikusi dute enpresa elkarteari euren egoeraren berri ematea, lan gatazka konpontzeko bitartekaritza lanak egin ditzan. Helburu horrekin erregistratu dute gaur aipatutako gutuna.

Joan den urriaren 8an, Maquinaria Geka enpresako langileak mobilizazioekin eta lanuzteekin hasi ziren. Protestaldiak nomina ordaintzea exijitzea du helburu. 65 langile ditu enpresak hiru lan zentrotan, Astigarragan bat eta Oiartzunen bi, bata Zerradi poligonoan eta eta beste bat Zuaznabar poligonoan.

Jakin izan dugun arren enpresak lehiaketa tramitatu duela Donostiako Merkataritza Epaitegian, oraindik ez dago Konkurtsoko Autorik eta enpresak ez du likidezia arazorik langileei soldatak ordaintzeko.

Pasa den apirilean, enpresa bereko langileek protesta egin zuten bost lankide kaleratu zituztelako.
 

 

 

Uruguaiko PIT-CNT sindikatuarekin bildu gara

0

Uruguaiko PIT-CNT sindikatuko ordezkariekin bildu gara gaur, Bilbon, Uruguai eta Euskal Herriko egoera politikoaren inguruko iritzi trukaketa egiteko. Era berean, Uruguaiko prozesuan Frente Amplioarekin sindikalgintzak betetzen duen papera izan dugu hizpide, baita Hego Ameriketako testuinguru politikoa ere. ESNA (Encuentro Sindical de Nuestra América) inguruko gogoeta ere egin dugu.

 

 

 

Loramendiko langileen protestek ez dute etenik

Urriaren 19an, Sanitas Loramendi helduen egoitzako langileek idatzi bat erregistratu zuten Erandioko Udaleko gobernu-taldearekin eta talde politiko bakoitzarekin batzartzea eskatuz, euren egoeraren berri emateko. Honetaz gain, kontzentrazioa egin zuten Udalaren aurrean. Larunbat eta igandean ere mobilizazioekin jarraitu dute, Erandioko lantokiaren aurrean mobilizazioak eginez. Gaur astelehena, jaima bat jarri dute Erandioko metro geltokian, eta bertan egon dira herritarrak informatzen, euren lan gatazkari buruz.