2026-01-25
Blog Page 714

LABen jarrera C’s, PP eta Vox alderdiek Altsasun egingo duten ekitaldiaren aurrean

0

Espainiako eskuinak Altsasuko herriaz egingo duen erabilera dela-eta, LAB sindikatuak honakoa adierazi nahi du:

Espainiako eskuin muturrak erabaki du C’s, PP eta Vox alderdiekin Altsasun ekitaldi bat egitea, hain zuzen ere, alderdi horiek Nafarroan garaituak izan direlako. Hirurak ala hirurak hondarreko alderdiak dira Altsasun zein Nafarroan, eta “Altsasu auzi” bezala ezagutzen den horretan galdu egin duten estatu bat eta Guardia Zibil bat defendatzetik datoz.

Nafarroako gizarteak, oro har, absolbitu egin baititu 2016ko ferietako gertaerengatik preso dauden pertsonak, eta absolbitu egin baititu Altsasuko herritarrak haien kontrako kanpaina mediatiko, judizial eta polizialaren aurrean. Kontu honetan ere, Espainiako segurtasun indarrek zilegitasun osoa galdu dute.

Baina zoritxarrez erabaki dute Altsasu erabiltzen segitzea Nafarroatik kanpo boto gutxi batzuk lortzeko. Alegia, beren interes politiko eta arderkoiei kasu eginez, Altsasu bezalako herri zigortu batera etorriko dira bizikidetza haustera eta amorrua gehiago zabaltzera.

Langileok kokoteraino gaude eta gure egiten dugu Altsasuko herritarren iritzia. Hala, pentsatzen dugu iganderako eskuinak antolatu duen ekitaldia gorroto eta mendeku ekitaldia dela, elkartasun eta batasun erakustaldia egin duen herriaren kontrako ekitaldia hain zuzen ere. Horregatik guztiagatik, Espainiako eskuin muturrak egiten duen probokazioaren aurrean, uste dugu Altsasuko herritarren batzarrak antolatu dituen ekitaldietan egon behar duela langile klaseak: azaroaren 3ko manifestazioan eta azaroaren 4ko Iortia plazako eskubide eta askatasunen gunean.

Azkenik, C’s, PP eta Vox alderdiei exijitzen diegu Altsasu bakean utz dezaten eta, oro har, bakean utz dezaten Euskal Herriko langile klase osoa.
 

 

 

Bizkaiko metalgintzarako lan duina eta hitzarmen duina aldarrikatu ditugu Elorrioko NECO enpresaren aurrean

0

Elorrioko NECO enpresaren zuzendaritzako kide batek FVEM Bizkaiko metalgintzako patronalean ardura garrantzitsua bat betetzen duenez gero, enpresa honen aurreran kontzentrazioa egin dugu gaur.

15 urte daramatzagu hitzarmen kolektibo sektorialik gabe eta, 15 urte hauetan, erosteko ahalmenaren galera, gehiegizko ebentualtasuna, estrukturalak diren lan eta zereginen gehiegizko subkontratazioa, eta abar luze bat pairatu dugu sektoreko langileok. Laburbilduz, Bizkaiko metalgintzako lan baldintzak geroz eta prekarioagoak dira.

Txanponaren beste aldean, langileen kontura aberasten ari diren enpresak daude. FVEMek berak, enpresen fakturazioa %4,5 igo dela esan du, 1.279 milioi euro.

LAB sindikatuarentzat, prekarietateari amaiera jarriko dion, minimoen oinarrizko zorua bermatzen duen eta gure lan baldintzak duin egingo dituen hitzarmen sektoriala sinatzea da aukera bakarra.

Honekin guztiarekin eta egoeraren larritasunak behartzen gaituelako, patronala eta honen ordezkariak presionatuko ditugu. Zuzeneko arduradunak baitira eta euren esku baitago edukiak dituen benetazko negoziazioa egotea. Gure industriaren defentsan, Bizkaiko metalgintzako hitzarmena orain!
 

 

 

Hitzarmen duina eskatu dugu Donostian EAEko ikastetxe publikoetako jangeletako langileentzat

0

Pasa den astean Bilbon egin genuen bezala, kontzentrazioa egin dugu gaur Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren Donostiako ordezkaritzan, eskola jangeletako hitzarmen duina eskatzeko. Gainera, ikasturte hasierarekin bat, EAEko eskola-jangeletako langileen asanbladak deitzen hasi da LAB, hitzarmen kolektiboaren egoera konpartitzeko.

Hitzarmen honetan patronala kezkatuago dago laneko absentismoagatik langileen lan-kargengatik baino. Azpikontratetako langileek Hezkuntzako murrizketak jasan behar dituzte soldata berdinagatik funtzio gehiago hartuz euren gain, euren lanaren aitortzarik jaso gabe gainera.

Langileen aldarrikapenak argiak dira: Hezkuntzako langile laboralekin soldata parekatzea, ratioak hobetzea, zentroaren antzinakotasuna ezartzea, funtzioak berraztertzea, urteko lanaldia euren egutegietara egokitzea, aldizkako langile finkoen kontratazioa, langile guztiak euskalduntzea.

 

 

 

Gure presentzia sindikalaren aurkako erasoa SHEM enpresan

0

Aldi honetan industria sektorean izan da. SHEM enpresan sortu berri genuen LABen sekzio sindikala epaitegitan ezeztatu nahi izan dute.

Jakin behar da SHEM (Société Hydro éléctrique du Midi) entrepresa 12 departamentutan present dela eta produkzio establimendu bat Xiberuan kokatzen dela, Ligi-Aterei herrietan hain zuzen. SHEM enpresako langile batzuekin hizketan izan eta gero, 2018ko maiatzaren 24ean LABen sekzio sindikal bat sortzea lortu genuen. Hala ere, aurretik esan bezala, SHEM enpresako nagusiek gure sindikataren presentzia zalantzan jarri eta epaitegira joatea erabaki zuten. Urriaren 15ean epaiketa izan da Tolosan eta urriaren 25ean epaileek SHEM enpresako eskaerak atzera bota dituztela jakin berri dugu (dokumentu erantsia). Nahiz eta oraingoan ere epaiketa irabazi, jakin behar da ez dela erresa guretzat eraso juridiko hauei aurre egitea, denbora eta diru ainitz suposatzen bait dute. Hala ere gure erasotzaileak jakin behar dute ez dugula etsiko eta eraso guzien gainetik beti aintzina joanen girela!
 

 

 

Garbialdiko langileek nazkatuta daudela adierazi dute Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean

0

Gaur, LAB, UGT, ESK eta CCOO sindikatuek deituta, mobilizazioa egingo dute Bilboko Gran Via, 25eko Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean. Bizi duten egoerareren aurrean nazkatuta daudela adierazi dute.

Langileen oharra:

Pasa den asteartearen, urriaren 22an, Bizkaiko Foru Aldundiko garbiketa kontraten azkenengo negoziazio mahaia egin zen. Bertan, Garbialdi enpresak, proposamen desberdin bat egin zuen behingoz. Orain arte defendatu izan duen %0,3ko igoera hori atzean utzi, eta %6,54ko igoeraz hitz egiten hasi da jada. Igoera hori, ordea, bost urteetako epe batean (2018-2022) egiteko asmoa du, urtez-urte %1,5era heltzen ez diren igoerak proposatuz. Enpresak egindako mugimendua baloratu egiten dugu eta urtebetez langileek aurrera eraman duten mobilizazioen ondorioa dela kontsideratzen dugu. Honek borrokak balio duela erakusten digu.

Baina ezin dugu, inondik inora, 2022. urtera arte itxaron; 2012. urtetik aldarrikatzen ari garena lortzeko. 2010. urtetik dauzkagu soldatak izozturik, beraz, %6,54ko igoera berehalakoa izan behar da.

Horregatik, eta orain, eztabaida urteen inguruan zentratzen delarik, inoiz baino garrantzitsuagoa da mobilizazioekin jarraitzea. Orain, inoiz baino irmoago aterako gara mobilizazioetara, inoiz baino ozenago oihukatuko dugu eta lanbasak inoiz baino altuago altxatuko ditugu.

 

 

 

Lau ordutako lanuztea Ortuellako Tecunin bi lankideren kaleratzearen kontra

0

Gaur lau ordutako lanuztea egin dute Tecuniko langileek ELA eta LABen deialdiari jarraiki, lankide biren kaleratzeagatik. Lanuztea 7:00etatik 11:00etara izan da. Lehen orduan Ortuellako lantegi aurrean egon dira langileak eta ondoren, Bilbora jo dute eta kontzentrazioa egin dute Udaletxe aurrean, Tecuniren bezeroa baita Bilboko Udala.

Enpresak 239 langile du egun eta mantenu elektrikora eta goi eta behe tentsioko instalazio elektrikoen alorrean jarduten du.

Lanuztearen arrazoia mugagabeko bi langile kaleratu izana da, 15 eta 18 urtetako aintzinatasuna zutenak hurrenes hurren, enpresak praktiketako langileak, azpikontratatuak eta aldi baterakoak dituenean.

Enpresak bi langile hauek kaleratzea erabaki zuen uko egin ziotelako enpresa atalez atal ezartzen ari den prekarizazio neurriak onartzeari, hala nola, 7 egunetako erretenak, 8 ordu lehenagotik lan egitera behartuta, hortaz badira 17 orduz jarraian aritzen direln langileak, lanaldi arteko 12 ordutako atsedenaldia ez errespetatzea.

Kaleratze arbitrarioekin amaitzeko akordioak sinatzea exijitu diote enpresari, 7 egunetako erretenak kentzea eta delegatuekin negoziatzea.

 

 

 

Nafarroako aurrekontuak 2019: Kontseilu Ekonomiko eta Sozialaren bilera utzi dugu, itxurakeria hutsa dela salatzeko

Gaur Kontseilu Ekonomiko eta Sozialaren bilkura egin da, urte honetan egindako bakarra, hurrengo urterako aurrekontuen aurreproiektuari buruz aritzeko. Bilera hasi baino lehenago LABeko bozeramaile Igor Arroyok gutuna eman dio Aranburu Kontseilariari eta bilkuratik alde egin du, gaurko bilkuraren itxurakeria salatzeko.

Aipatutako gutunean, Akordio Programatikoaren konpromisoetako bat Kontseilu Ekonomiko eta Soziala sustatzea dela oroitarazi dio LABek Aranbururi. Alabaina, aipatutako gunearen dinamika aurreko legegintzaldien antzekoa izango da: urtean behin baino ez da bildu izan eta gainera bilera hori aurrekontuak Parlamentura bidali aurreko tramite hutsa bailitzan hartu du Gobernuak. Pasa den urtean LABek argi adierazi zuen ez zegoela jarrera hori beste urte batez onartzeko prest eta, aldaketarik egon ez denez, gaurko bilkuran parte hartzeari uko egin dio.

Nafarroako Gobernuak aurkeztutako aurrekontuei dagokionez, Nafarroako Gobernuko langileei bideratutakoa hazi da (eroste ahalmenaren berreskurapenik eta enplegatu publikoekiko zorraren aitortzarik gabe bada ere) eta baita hezkuntzara bideratutakoa ere (LABek sustatu eta sinatutako Hezkuntza Itunaren ondorioz batik bat). Hala ere, indarrean jarraitzen dute eredu ekonomiko eta sozialaren sakoneko aldaketa bideratzeko oztopo diren bi egiturazko mugapenak.

Lehenik eta behin, aurrekontuaren parametro nagusienak Madrilen ezartzen dira eta, Nafarroako Parlamentuak Kupoaren birnegoziaziotik eratorriko superabitaren zati bat inbertitzea defendatuz Espainiako Gobernuarekiko jarrera autonomoa mantendu badu ere, ez zaio Nafarroaren burujabetza ezaren auziari behar bezala heldu. Nafarroaren autonomia, fiskalitate eta aurrekontu politikari dagokionez, oso mugatua da, bankaren zorrak instituzio publikoen bizkar gainean uzteko Madrilek ezarritako arauen menpe baitago.

Bigarrenik, aurrekontuak langileon ekarpenean oinarritzen dira hein handi batean. Patronalak asko irabazten jarraitzen du, areago hazkunde garai honetan, eta ekarpen urria egiten du. Horren erakusgarri da honako datu hau: Barne Produktu Gordinetik Patronalak bereganatzen duen zatia 2006ko %42,3tik oraingo %47,1ra igaro den bitartean, Elkarteen Zerga %35etik %28ra igaro da epealdi berean. Geroa Baik legegintzaldiaren hasieran hartu zuen erabaki politikoaren ondorio da hori, Uxue Barkos lehendakaria enpresek Nafarroan beste lurraldeetan baino gutxiago ordaintzeaz harro azaldu zenean. Geroa Baik CENaren aldeko politika egin du, nola zerga politikan hala Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluari eustean edota Moderna Planaren bertsio berritua sustatzean.

Egoera honen aurrean, LABek mobilizazioetara joko du bestelako eragile sozialekin batera, aurrekontu parte-hartzaile, burujabe eta sozialak aldarrikatzeko.

 

 

 

Gekako langileek zor zieten iraileko nomina kobratu dute, eta bertan behera utzi dute greba

0

Bi asteko borrokaren ostean, harro esan dezakegu, beste behin ere langile borrokak nagusikeria gelditzea jartzea lortu duela.

Hauxe da Gekako enpresa batzordearen oharra:

Bi asteko grebak egin behar izan ditugu gure lanari dagokion soldata kobratzeko. Eta ez, arrazoia ez da enpresak diru arazoak dituela. Alderantziz, Geka enpresa ekonomikoki oso ongi dago, lan asko dauka, patrimonio handia… Arazoa, patronaleko jauntxoen diru-gosea eta bazkideen arteko lehia kapitalista basatia, nork gehiago izan.

Eta nola ez, kapitalaren erreinuan, kaltetuak beti berdinak, langileak. Eskerrak Gekako langileek euren duintasunari eutsi eta tinko agertu direla nagusien aurrean. Egindako borrokari esker soldatak kobratzea lortu dute, baina mehatxuak bertan dirau. Konkurtsoa epaitegietan aurkezteko gai izan direla jakitun, edozer espero dezakegu Zuzendaritzaren aldetik, honen diru goseak ez baitu mugarik.

Gekako langileok, borrokaldi hau irabazi dugu, baina adi jarraituko ditugu bazkideen ika-mikak. Euren artekoak euren artean konpon ditzatela, langileoi dagokiguna emanez.
 

 

 

Loramendiko langileak Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean mobilizatu dira

Erandioko Sanitas Loramendi adinekoen egoitzako langileak lanuzteak egiten ari dira joan den ekainaren 4tik. Urriaren 20ean, zuzendaritzaren immobilismoa eta erantzun faltaren aurrean, egunean 24 orduko greba mugagabea egitera behartuta ikusi zuten euren burua. Hala, mobilizazioetan murgilduta daude bete-betean, eta gaur, Bilbon, karpa bat jarri dute Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean euren lan gatazka gizarteratzeko.