2025-12-20
Blog Page 71

LABek adierazi du aniztasun funtzionaleko langileak langile publikoak direla eta sektorearen publifikazioa eskatu du

3.000 langile ari dira lanean Bizkaiko aniztasun funtzionalaren sektorean, Gorabide, Apnabi, Avifes, Gaude edo Fekoor bezalako enpresentzat. Horiek guztiek zerbitzu publikoa eskaintzen diete aniztasun funtzionala duten pertsonei. Zerbitzu horiek EAEko Gizarte Zerbitzuen Legean jasota daude, eta horien arduraduna Bizkaiko Foru Aldundia da. Gaur egun, zerbitzua erakunde pribatuek kudeatzen dute, Bizkaiko Aldundiarekin egindako hitzarmenen eta diru-laguntzen bidez.

LABen ustez, ukaezina da aterki bat sortu behar dela elkarte guztientzat, sektorearen publifikazioa izan behar dena. Aterki hori sektore publikoarekin langileen lan baldintzen ekiparazioaz lor liteke, Bizkaiko aniztasun funtzionaleko negoziazio sektorialaren esparru barruan. Horrek zerbitzu hobea emango lieke erabiltzaileei eta sektore feminizatu eta prekarizatu honetan lan egiten duten pertsona guztien lan-baldintzak hobetuko lituzke.

LABek sektorearen publifikazioa du helburu nagusia. Bizkaiko Foru Aldundiak eman beharko lituzkeen zerbitzuak azpikontratatutako enpresek kudeatzen dituzte, lan publikoa baldintza prekarioagoetan eginez, eta LABen argi daukagu aniztasun funtzionaleko langileak langile publikoak direla.

Bizkaiko hitzarmen sektoriala lortzeak zera esan nahi du, publifikazioaren bidean Aldundiari eta erakundeei konfrontazio gune bat irabaztea. Sektoreko langile guztien baldintzak hobetzea eta guztiek era batera edo bestera jasaten dituzten egiturazko arazoei aurre egitea ahalbidetuko duen konfrontazio gunea irabaztea suposatzen du.

LABek badaki hitzarmen sektorial bat egiteko aukerak deseroso sentiarazten dituela erakundeak eta Foru Aldundia. LAB sektore gisa beharrezko pausoak ematen ari den bitartean, zerbitzuaren publifikazioaren alde borrokatzeko eta hitzarmen sektoriala negoziatzeko, patronalak, erakundeek eta

Bizkaiko Foru Aldundiak ez dute mahaia eratu nahi, eta haien borondate eza mozorrotu nahi dute hitzarmen hau negoziatzeko legitimatuta ez egotearen aitzakiarekin. Honekin lotuta, LABek gogoratu nahi du Aldundiko Gizarte Ekintza saileko arduradun Amaia Antxustegiri bilera eskatu ziola duela 3 hilabete eta oraindik ez duela erantzunik jaso.

LABen iritziz, sektoreko hitzarmena enpresen zein Aldundiaren interesen aurka doa, langileen zerbitzua eta lan-baldintzak prekarizatzen jarraitu nahi baitute. Horregatik, sektorearen publikotasuna jarri nahi du LABek borrokaren erdigunean. Lan-baldintzak langile publikoen baldintzekin parekatu nahi ditu, jakinik zerbitzuak Bizkaiko Foru Aldundiak eman beharko lituzkeela, eta ez familia-batzordeek, azpikontratatuta dituzten zerbitzu gisa.

LABek argi du konfrontazio espazio horrek sektoreko langile guztien baldintzak hobetzea eta, era batera edo bestera, sektore osoak jasaten dituen egiturazko arazoei aurre egitea ahalbidetuko lukeela.

Sektoreak senitartekoen elkarteen esku 40 urte baino gehiago eman ondoren, Aldundiak bere gain hartu behar ditu zerbitzu horiek, titulartasuna eta erantzukizuna berari baitagozkio. Aldundiak eman behar du zerbitzua, eta ez pribatizatzen jarraitu.

Hori dela eta, LABek Aniztasun funtzionaleko langileok langile publikoak gara izeneko kanpainari ekingo dio, eta, horren barruan batzar irekiak egingo ditu bere egoitzetan eskualdez eskualde: otsailaren 15ean, 11:00etan, Bilbon; otsailaren 18an, 11:00etan, Durangon, eta 20an 18:30ean, Barakaldon. Era berean, mobilizazio bat egingo du martxoaren 15ean, larunbatean, 12:00etan, Bilboko Unamuno plazatik.

LABek salatu du FCCk ez duela errespetatzen Iruñeko kale-garbitzaileen asteko 48 orduko atsedena, eta errespetarazteko eskatu dio Udalari

LAB sindikatuak Iruñeko kale garbiketaren enpresa esleipenduneko langile batek jarritako epaiketa irabazi zuen iazko irailean, astean 48 orduko atsedenerako eskubidea errespetatzeko eskatuz. Zoritxarrez, epaia auzi-jartzaileari baino ez zitzaion aplikatu, eta beraz, LABek FCCri exijitzen dio behingoz errespeta dezala Langileen Estatutuak markaturiko atsedenaldi hori, eta Iruñeko Udalari eskatzen dio, zerbitzuaren titularra den heinean, errespetarazi dezala.

Gaur egun, FCC enpresak kudeatzen duen Iruñeko Udalaren kale-garbiketa zerbitzuan hainbat kontratu mota daude, eta horietako batean ere ez da errespetatzen asteko nahitaezko atsedenaldia, Langileen Estatutuak eta Udalaren agiriak berak xedatzen duten bezala. Lanaldiaren %100eko kontratu mugagabea duten langileek astelehenetik larunbatera egiten dute lan, eta 28 larunbat libre dituzte: horietatik 14 opor eta baimen ordainduak dira, asteko 48 orduko atsedena ez dela betetzen ezkutatzeko.

Gainontzeko langileek, aldi baterako ezintasuneko ordezkapen-kontratuekin edo lanaldiaren % 92rekin, adibidez, ezin dituzte 28 larunbat horiek hartu, enpresa-hitzarmena negoziatzen eta sinatzen duten sindikatuek langileen kolektibo horiek baztertzen dituztelako negoziazio guztietan.

Azken urtean LABek 48 orduko asteroko atsedenaren defentsan indarra egin du, oso garrantzitsua baita lana eta familia bateragarri egiteko. Baina FCCk eta Enpresa Batzordeak egutegiak atsedenaldi horrekin negoziatzeari uko egin ziotenez ‒nahiz eta langileen oinarrizko eskubidea den‒, ez zen bertze erremediorik izan epaitegietara jotzea baino, FCC atsedenaldiak gainjartzen ari dela frogatzeko.

2024ko irailaren 13an izan zen lehen epaiketa eta epaiak arrazoia eman zion LABi. Baina epaia demanda jarri zuen langileari bakarrik aplikatu zitzaion, eta, gainera, txanda aldaketa baten bidez egin zen, eta horrek bere kontziliazioa okertu zuen. Eta hau guztia UGT, ATSU eta CCOO sindikatuen oniritziarekin. Zer gertatzen da gainontzeko langileekin? Zergatik ez dira sindikatu horiek gai denentzako lan egutegi on bat negoziatzeko?

Epe laburrean, Iruñeko Udalak baldintza agiri berria aurkeztuko du kale garbiketaren zerbitzua lizitatzeko. Azken asteetan tokiko prentsan irakurri ahal izan denez, zerbitzu kopuru bera egiten jarraituko da astelehenetik larunbatera hiri osoan. LABek ezin du onartu zerbitzu hori langileen atseden eskubidea urratuz egitea.

Epai hau mahai gainean eta baldintza agiri berria laster etorriko dela kontuan izanik, LABek Udalari eskatzen dio hurrengo urteetan zerbitzua emanen duen enpresa interpela dezala eta errespetarazi ditzala hiriarendako hain garrantzitsua den zerbitzu honen parte diren langile guztien eskubide guztiak. Horretarako, behar diren neurriak hartu beharko ditu egungo baldintza agiria ez betetzeagatik eta etorkizunean argitaratzear dagoen baldintza agiria betetzen ez bada.

Eusko Jaurlaritzaren ardura da negoziazioari uko egiten dion Confebask interpelatzea

Mobilizazioaren bidetik presioa areagotzeko prest da LAB, patronala mugiarazteko.

Gaur Lan Harremanen Kontseiluan Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) gutxieneko soldata bat lanbidearteko akordio bidez negoziatzeko lehen bilera burutu da. Bertan, sindikatuon artean adostasuna nagusitu da EAEko langileok Estatukoaren gainetik ezarriko den gutxieneko soldata bat behar dugula baieztatzean.

Confebaskek, ordea, uko egin dio lanbidearteko gutxieneko soldata bat hemen erabakitzeko mahaia eratzeari. Uko egin dio, beraz, negoziatzeko duen eta dagokion ardurari. Agerian geratu da Confebasken borondate eza.Patronalak negoziazio bideari bizkarra emateak argi erakusten du presio eta mobilizazio bidea soilik ulertzen duela. LAB prest dago presio hori areagotzeko eta mobilizazioak antolatzeko.

Gaurko negoziazio bileran, LABek berretsi du Estatuko Lanbidearteko Gutxieneko Soldata EAEko langileontzat ez dela nahikoa. Euskal langileok, lan eta bizi baldintza duin eta bizigarriak garatzeko, gutxieneko soldata propio bat izateko beharra eta eskubidea dugu. Aberastasuna modu orekatuago batean banatzeko, negoziazio kolektiboaren estatalizazioak areagotu duen pobreziari mugak ezartzeko eta langileon arteko arrakalei aurre egiteko ezinbesteko tresna da gutxieneko soldata propioa. Langile guztiok gara honelako neurri baten onuradunak premiarik handiena dutenek, egoerarik zaurgarrienean daudenek, onura zuzena izango lukete, horien artean nagusiki emakumeak*, langile migratu eta arrazializatuek, gazteek eta aniztasun funtzionala duten langileak. Era berean, gutxieneko soldataren igoerak, langile guztien soldatak apaldu eta beherantz parekatzeko asmo patronalei muga jarriko lieke.

EAEn adostasun nahikoa badago horrelako akordio bat bultzatzeko. Sindikatuok, gaurko bileran ere, aho batez berretsi dugu EAErako gutxieneko soldata propioaren beharra, eta maila politiko eta instituzionalean ere gehiengoa posizionatu da horren alde. Confebaskek, ordea, gutxieneko soldata propio baten beharra aitortzea ekidin eta,esan bezala, mahaia eratzeari uko egin dio. EAEko patronalak bere ardurari eutsi behar dio, herri honen ongizatea bultzatzeko eta sektore zaurgarrienen egoera hobetzeko duen erantzunkizunari bizkar eman beharrean. Horretarako, eskatzen diogu gutxieneko soldata propio baten beharra onartzea, negoziazio mahaia eratzea eta fede onez negoziatzea.

Era berean, afera hau ez da patronala eta sindikatuen arteko elkarrizketara mugatu behar, EAEko jendarte osoari eragiten dion gaia izanik. Eusko Jaurlaritzak patronala orain inoiz baino gehiago presionatu behar du, batetik, Eusko Legebiltzarrak eskatu ziolako, eta bestetik, bere ardura ere badelako. Elkarrizketa eta negoziazioaren bideari atea ixten dion patronal baten aurrean, bere posizioa argia izatea dagokio.

Euskal Herriak, Estaturik gabeko herria izanik, ez du eskumen nahikorik bertako langileon egoera hobetzeko hain garrantzitsua den gutxieneko soldata ezartzeko garaian. Ezinbestekoa da lan harremanak arautzeko eskumen osoa eskuratzea, eta norabide horretan ekin diogu gutxieneko soldata bertan ezartzeko bi bide arakatzeari: Batetik, Herri Ekimen Legegilea, eskumen berriak lortu ahal izateko; bestetik, bertako eskumenen baitan patronalarekin langileontzat gutxieneko soldata bat negoziatzea. Gaurko Confebasken ezezkoak patronala mugitzeko mobilizazioaren bidea indartzearen ezinbestekotasuna erakutsi digu, eta era berean, Herri Ekimen Legegilearen aldeko indarrak biltzea.

LABek argi dauka bertako langileon lan eta bizi baldintzak hobetzeko bidean erabakigarria dela gutxieneko soldata propio bat ezartzea, eta horretan jarraituko du. Mobilizatzen, presionatzen, negoziazio bilerak behartzen eta eskumen berriak eskuratzeko lanean.

Mobilizaziora deitu dute Nafarroako zazpi enpresa batzordek, industriaren etorkizunaren alde

Milaka langileren egoera ziurgabea da Nafarroan, hainbat enpresek euren lanpostuak jopuntuan dituztela eta. Horren aurrean erantzun bateratua ematea erabaki dute enpresa horietako langileek, eta mobilizatzera deitu dute. Manifestazioa egingo dute otsailaren 16an, Iruñean. Hemen, gaur manifestazioa iragartzeko agerraldian irakurritako komunikatua:

Gaur hemen elkartu gara hainbat enpresa eta sindikatutako ordezkariak, Nafarroako industriako milaka langile ordezkatzen ditugunak eta gure sektoreen ziurgabetasun eta desegite egoerak batzen gaituenak.

Hori dela eta, beharrezkoa ikusi dugu elkartzea eta erantzun bateratu bat ematea arazo komun bati, enpresek gure lanpostuei egiten dieten erasoari. Gure ustez, erantzun horrek ez du gure enpresen eremuan gelditu behar, eraso horiek Nafarroako gizarte osoari eragiten baitiote.

Horregatik, gaur dei egiten diegu Nafarroako Industriako langileei, sindikatuei, kolektibo sozialei eta Nafarroako gizarte osoari otsailaren 16rako deitu dugun manifestazioarekin bat egin dezaten. Manifestazioa 12:00etan abiatuko da Iruñeko Golem Baiona zinemetatik.

Denok batera defenda dezagun Nafarroako industriaren etorkizuna!!!

Enpresa batzorde deitzaileak:

  • BSH (Ezkirotz)
  • Nano Automotive (Tutera)
  • Siemens Gamesa
  • Sunsundegui (Altsasu)
  • Tasubinsa
  • Tenerías Omega (Villatuerta)
  • Volkswagen Nafarroa

Nafarroako 0-3 hezkuntza zikloaren kudeaketa komun bat eskatzen dugu

LAB, ELA, Steilas, AFAPNA, UGT eta CCOO sindikatuetako ordezkariek, 0-3 hezkuntza zikloko irakasle eta gurasoekin batera, elkarretaratzea egin genuen atzo arratsaldean Iruñean, Nafarroako Parlamentuaren aitzinean, zikloaren kudeaketa komun bat eskatzeko.

Nafarroako gizartea Hezkuntza Departamentua hartzen ari den norabideaz ohartaraztea zen mobilizazioaren helburua.

Doakotasunaren eta unibertsaltasunaren izenean, Gobernuak ez du zikloa bere gain hartzen, are gehiago, bi urteko gelak haur eta lehen hezkuntzako ikastetxeetara eramaten ditu, zikloa beste behin ere zatituz.

Gaur egun, errealitate oso desberdinak dituzten 100 eskola baino gehiago gara, bai kudeaketan, bai lan-baldintzetan. 

Errealitate horri aurre egiteko, joan den ikasturtean 0-3ko Intersindikala sortu genuen, Departamentuari denak ez duela balio ikustarazteko. 0-3ko hezkuntza-etapa gutxietsi eta zatitu honetaz, Departamentuak behingoz ardura hartzeko momentua iritsi da, zerbitzuaren beharrei eta egunez egun onena ematen dugun profesionalen beharrei erantzuteko momentua.   

Hezkuntza Departamentuari egiten dizkiogun aldarrikapenak argiak dira:

  • Alde batetik, zikloa ordenatzea eskatzen dugu, adabakiak jartzeari uztea eta departamentuak bere gain har dezan Nafarroako udal haurreskola guztien kudeaketa komuna.
  • Bigarrenik, behin baino gehiagotan eskatu dugun negoziazio-mahai bat sortzea, gure zikloaz hitz egin ahal izateko, ez baitugu sektoreko langile guztiei ahotsa emateko fororik.
  • Eta azkenik, gure ezinegona adierazi nahi dugu 2 urteko gelei dagokionez.

Joan den ikasturtean hiru ikastetxe publikotan ezarri ziren, eta proiektu pilotuaren ebaluaziorik egin gabe, aurten bi eskola berritan irekitzeko egiten ari diren azterlanaren berri izan dugu. Alaitz ikastetxeko eta Ezkabako hezkuntza-komunitatea, familiekin batera, mobilizatzen ari dira, ez dute bi urteko ikasgelak irekitzeko beharrik ikusten, are gehiago, ikastetxeen ondoan dituzten haur-eskoletan itxaron-zerrendarik ez dagoenean.

0-3 Zikloak bizi duen errealitate hain desberdinei aurre egiteko momentua da eta kudeaketa komuna da, gabezi horiei guztiei aurre egiteko tresna. Negoziazio mahai bat behar dugu 0-3 ziklo integrala defendatzeko.

Hiru greba egun deitu ditugu Nafarroako desgaitasunaren sektorean

Gaur erregistratu ditugu LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok otsailaren 27an eta 28an eta martxoaren 1ean egingo ditugun hiru greba egunak. Honetaz gain, mobilizazio bana egin dugu Eraikin Inteligenteetan eta PAGNAren egoitzan.

Datorren otsailaren 24an urtebete egingo du Hitzarmenaren Negoziazio Mahaia eratu zenetik. Geroztik gaur arte, Patronalek eta Nafarroako Gobernuak, PAGNAren eskutik, blokeatzen jarraitzen dute desgaitasuna duten pertsonei arreta emateko zentroen hitzarmenaren negoziazioa.

Mahaian ordezkatuta gauden lau sindikatuen borondatea da negoziazioarekin jarraitzea, baina horretarako bi aldeen borondatea behar da eta, zoritxarrez, beste aldeak planteatzen dizkigun baldintzetan ez dago aurrera egiteko aukerarik. Horregatik guztiagatik, lau sindikatuok pilota patronalen teilatuan utzi nahi dugu, berriro negoziatu ahal izateko gutxieneko batzuk eman arte.

Eskaini duten planteamendua da langileriak erosteko ahalmena galtzea; izan ere, % 2ko igoerarekin eta beste ezer eskaini gabe, ezetz baino ezin dugu esan. Eta hori da duela urtebetetik negoziazioan dugun jarrera.

Lau sindikatuok garbi daukagu negoziaziora itzultzeko bidezkoa zer den:

– KPI + % 2ko proposamen ekonomikoa, 2024tik aurrerako atzeraeraginarekin

– Hitzarmenaren indarraldiko urte bakoitzeko lanaldi bat murriztea.

– Txandako osagarria sartzea.

– Hobekuntza sozialak eta lan-osasunean ere hobekuntzak..

Berriz ere gogorarazi behar da dirua Administraziotik bakarrik ateratzen dela, enpresek ez baitute euren irabazien euro bakar bat ere jartzen sektoreko langileen soldata-baldintzak hobetzeko.

Baina Nafarroako Gobernua da desgaitasunaren sektorearen arduradun zuzena, zaintzak enpresa pribatuei esleitzea erabaki arren. Irabaziak dituzten erakundeekin kontratuak sinatzen ditu, eta langileek lantokietan jarraitzen dute euren onena ematen.

Langileek sentitzen dute enpresen alde egiten duen Gobernu batek gaizki tratatzen dituela. Negoziazio mahaian patronalaren jarrera hartzen du honek, negoziazio kolektiboa mugatuz, esleitzen dituen kontratuek entitateei negoziazioan aurrera egiteko onurak ematen dizkieten bitartean.

Otsailaren 27an bi mobilizazio egingo dituzte, Parlamentuan 9:00etan eta Karlos III.ean 19:00etan. Otsailaren 28an, PAGNAren aurrean mobilizatuko dira 10:30ean eta martxoaren 1ean Merindadeetan 12:00etan.

SDA Factory-ko batzordea BSH Ezkirotzekoarekin bildu da Nafarroako lantegian

Bilera horretan bi lantokietako egoerei buruzko informazioa eta esperientziak partekatu dituzte, eta, ondoren, elkarretaratzea egin dute.

Gaur, otsailaren 5ean, Nafarroako BSH lan zentroan bilera egin dute. Jabe bera, prozesu desberdinak. Bata zuzenean eta bestea diferituan. Alemaniako multinazionalak Gasteizko lantokia saldu zuen, eta hamarnaka milioi ordaindu zituen putre batzuek odolustu zezaten, hartzekodunen konkurtsora eraman arte. Ezkirotzen ez dute kanpoko aktorerik behar izan 6 hilabeteko epean itxiera jakinarazteko. Bi prozesuak egun bateko aldearekin eman ziren ezagutzera. Kasualitatea?

Bileran argi geratu da denaren gainetik dirua eta dibidenduak bakarrik axola zaizkiela enpresariei. Langileak zenbaki bat besterik ez direla beren helburuak lortzeko. Gutxi axola zaizkie kalera doazen 700 familia baino gehiago.

Hala, bi batzordeok adostu dute komunikazio-kanalak irekita izango dituztela, bizitzen ari diren prozesuei buruz une oro informatzeko, eta ekintza bateratu gehiago aztertuko dituzte. Ahal den neurrian, bi batzordeek egiten dituzten ekimenak babesten saiatuko dira.

Bileraren ondoren, elkarretaratzea egin dute lantegiaren atarian, bertaratu diren SDA Factory enpresako langileekin batera. Nafarroako musika talde ezagun batek zioen bezala, “herriak bakarrik salba dezake herria”.

Gobernuaren, konkurtso-administrazioaren eta sindikatuen arteko mahaia eratzea eskatu du LABek, Sunsundeguirentzako irtenbide industriala bilatzeko

Sunsundeguiko LABeko sail sindikalak langileen batzar bat egin zuen atzo, enpresak bizi duen egoeraren berri emateko eta irtenbideak eskatzeko helburuarekin. Hain zuzen ere, LABek Nafarroako Gobernuaren, sindikatuen eta Sunsundeguiko konkurtso-administrazioaren arteko hiruko mahai bat lehenbailehen sortzea eskatu du, lantegiaren etorkizunarekin zerikusia duen edozein gai jorratzeko eta konponbide industrial bat bilatzeko.

Kezkaz ikusten du LABek Sunsundeguiren etorkizunari buruzko albiste falta. Sindikatuak argi du interesa egon dela eta badagoela Altsasuko lantegiaren inguruan, baina ez du zehaztasunik ikusten, ezta konponbidea ekarriko duen plan industrialik ere.

Sunsundeguiko langileak nekaturik daude egoerarekin. Langileak langabeziagatiko prestazioa agortzen ari den ABEEE aldi baterako enplegu erregulazioko espedientean sartuta daude, eta ez dakite deus haien etorkizunari buruz. LABen ustez, gainera, ABEEE ez da modu bidezkoan aplikatzen ari, eta hala jakinarazi dio konkurtso-administrazioari.

Lehen aipaturiko batzarraren ostean, LABeko kideek elkarretaratzea egin zuten lantegiaren ondoan, Sunsundegui ez itxi eta Etorkizuna orain leloekin.

‘Izena duen oro bere izanaren jabe`, bere genealogia feminista aurkeztu du LABek

LABek ´Izena duen oro bere izenaren jabe` lana aurkeztu du gaur, sindikatuaren Bilboko egoitzan. Bertan, sindikatuak 1996an Emakume idazkaritza sortu zuenetik egindako ibilbide feminista jasotzen da, genealogia, 28 termino eta mugarri nabarmentzen dituen glosario baten bidez. Sindikatuaren 50. urteurrenaren testuinguruan osatutako lana da eta ilustrazioz hornituta dago.

Maddi Isasi idazkari feministak genealogiak errelatatzearen garrantzia azpimarratu du, aurkeztu den liburua lan tresna bat dela azpimarratuz. “Dibulgaziorako lan bat da, sindikalismo feminista praktikatik definitzen ari garen kontzeptua baita”, nabarmendu du. Sindikatuari zein Euskal Herri feministari egindako ekarpena dela azpimarratu du. “Sindikalismo feminista praktikatik eraikitzen ari garen kontzeptu bat dela esaten dugu askotan. Bada, eraikuntza prozesu horretan beste aletxo bat jartzen dugu gaur”, gaineratu du.

Lan tresna honek LABek gaur egun sindikalismo feminista nola ulertzen duen jasotzen du, sindikatuak egiten dituen proposamen ideologiko edo oinarri politikoak nondik datozen azalduz. Isasik gaineratu du sindikatuak egindako ibilbide feminista kontatzeko ariketa egiten duenean erabiltzen dituen terminoak transmititzeko glosario bat izatea ere garrantsitzua dela.

Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorra ere izan da aurkezpenean, eta adierazi du sindikatuaren mende erdiko historiaren baitan ibilbide feministari erreparatzeko tarte bat hartu duela sindikatuak, “non ginen eta non gauden jabetzeko garrantzitsua da bilakaerari begiratzeko denbora hartzea”.

LABen barrutik eraldaketa feminista bultzatzeko emandako urratsak ere azaldu ditu, hala nola, 1996an sortutako Emakume Arlotik 2017an sortutako Idazkaritza Feministara eta sindikatuaren Berdintasun Planetik Plan Feministara emandako jauziak. “Berdintasuna ez, feminismoa aldarrikatzen duena”, zehaztu du Aranburuk.

LABek eraldaketa feministarako proposamen integralak dituela ere gaineratu du Aranburuk; hala nola kapitalaren eta bizitzaren arteko talka berdimentsionatu eta gure praktika sindikalera ekarri izana, langile klasea bere osotasunean aintzat hartzea, zapalkuntza hirukoitzari intersekzionalitatea gehitzea, banaketa hirukoitza, Zaintza Sistema Publiko Komunitarioaren definizioan emandako urratsak edo zor partriarkala.

Era berean, nabarmendu du LABek praktika sindikal feministaren aldeko apustu argia egiten duela, bizitza duinaren alde erantzun orokorragoak defendatzen dituela edo Mugimendu Feministarekin aliantzak indartu dituela.

Idazkaritza feministako kide Eli Etxeberriak azaldu du nondik eta nola sortu zen liburuaren ideia: “Delegatu berrientzako antolatzen dugun formaziorako sortu genuen oinarrizko glosario bat kontzeptu batzuk azaltzeko. Hor konturatu ginen guk termino horiek beste era batera erabili genituela, guztiz politizatuak genituela eta gainera borroka eta hausnarketa desberdinen emaitza zirela”.

Bere esanetan, memoria kolektiboaren ariketa praktiko bat da liburua, eta gaineratu du genealogia feminista emakumeen* memoria historikoa berreskuratzea dela, euren borroka eta lorpenak eta feminismoei zein historiari egin dieten ekarpena.

Lanaren izaera parte-hartzailea ere nabarmendu du Etxeberriak: “Atalak konpartituak dira eta borroka kolektiboei erantzuten diete, hau da, kontatu, bizi, ikusi, egin izan duguna idatzi dugu, ez ahazteko, gogoratzeko, merezi duen aitortza emateko…”.