2025-06-25
HomeEkintza SindikalaLABek Nafarroako Gobernuari exijitu dio industria politika berreskura dezala eta gehiengo sozialaren...

LABek Nafarroako Gobernuari exijitu dio industria politika berreskura dezala eta gehiengo sozialaren interesa erdigunean jarriko duen legea aurkez dezala

Nafarroako Industria eta Enpresa Sustapenari buruzko Foru Legearen bigarren zirriborroak bere izaera enpresarialari eusten dio, Gobernuak atzera bota baititu LAB sindikatuak eginiko zuzenketa gehienak. Horrela, atea itxi die Industriaren eraldaketen plangintza zabalagoa eta proiektu industrialen titulartasun publikoa lortzera bideratutako hobekuntzei. Era berean baztertu ditu enpleguaren kalitatea hobetzea, lanaldia murriztea, deskarbonizazio planen negoziazio kolektiboa ziurtatzea eta enpleguaren defentsan deslokalizazioen aurkako legedia indartzea helburu zuten LABen proposamenak.

Nafarroako Industria Legea lantzen urtebete baino gehiago eman ondoren, LAB sindikatuak haserre eta etsipenez hartu du lege horren bigarren zirriborroa, bere ustez Nafarroako industria defendatzeko eta duintzeko nahitaezkoak diren gaiak zapuztu eta oztopatzen dituena. Bertze modu batera erranda, Nafarroako Gobernuak UPNren gobernuek abandonatu zuten industria politika berreskuratu gabe jarraitzen du eta den-dena enpresa ekimenaren eta transnazionalen esku uzten jarraitzen du.

Begi-bistakoa da Europako industria, oro har, eta Nafarroakoa, bereziki, oso garai zailak bizitzen ari direla. Ziurgabetasun garaiak dira hauek, lanpostuak suntsitzen edo prekarizatzen ari direnekoak. Eta egoera horren jakitun, LABek ahalegin handia eta zintzoa egin du, hainbat lan-mahaitan parte-hartze aktibo eta eraikitzailearekin. Bertan, lege berriari 60 zuzenketa aurkeztu dizkio, Industriaren etorkizuna eta gehiengo sozialaren interesa erdigunean jartzeko helburuarekin. Baina, zoritxarrez, Gobernuak ez ditu horietako gehienak onartu, hala nola, Industriako eraldaketen plangintza zabalagoa lortzera bideratutako hobekuntzak edota proiektu industrialen titulartasun publikoa lortzearen ingurukoak.

Gauzaren bat edo bertze bai lortu da: aukera-berdintasunari eta diskriminaziorik ezari buruzko elementuak sartzea (genero, arraza edo sexu-arrazoiengatiko diskriminazioari buruzko diagnostikoa Industrian), bai eta enplegua defendatzea ere (trantsizio ekologikoak enpleguan izan ditzakeen eragin negatiboei aurre egiteko neurriak planifikatzea eta proposatzea).

LABek kontraboterea praktikatu du Industria mahaian, CENeko enpresarien asmo berekoien eta UGT, CCOO eta ELAren utzikeriaren aurrean; izan ere, sindikatu horiek ez dute ezertxo ere proposatu.

Zein dira enpresarien proposamenak industriak Nafarroan dituen erronken aurrean?

CEN patronalaren sinadurapean aurkezturiko zuzenketen azterketak agerian uzten du gaur egun enpresari horiek oztopo direla Nafarroaren aurrerapenerako, ongizaterako eta etorkizunerako. Lanpostuak are gehiago prekarizatzeko logikan jarraitzen dute. Ez daude prest trantsizio ekologikoaren prozesuan inolako erantzukizunik hartzeko, eta ez dute inolako borondaterik egungo eredu jasanezinari eta Industriaren beharrei buruzko eztabaida zintzoari ekiteko. “Nirea edo deus ez” printzipiora subordinatzen dute dena.

Hala, eskatu dute baztertzea ‒batzuetan gustu txarrez eskatu ere‒ lanaren kalitateari, familia eta lana uztartzeari, aukera-berdintasunari, deskarbonizazio planei edo ekonomia zirkular baterako trantsizioari buruzko edozein erreferentzia. Halaber, ez dute entzun nahi ere enpresen erantzukizun sozialari edo ingurumen-irizpide sozialei eta gobernantza demokratikoari buruzko ezer. Proposatzen duten gutxi hori beren interes korporatiboak bermatzera bideratuta dago beti, hala nola, Enpresa Leihatila Bakarra, Abiadura Handiko Trena eta Elkarrizketa Soziala.

LAB sindikatuak badaki prozesua ez dela bukatu eta azken testua Nafarroako Parlamentutik pasa beharko dela. Hori dela eta, Parlamentuan ordezkaritza duten hainbat alderdirekin harremanetan jarriko gara, interes orokorra ordezkatzen duten eta Nafarroako Gobernuak atzera bota dituen ekarpenak kontuan har ditzaten.

LABek, kontraboterezko logika eraikitzaile batetik, bere ordezkaritza sindikala lanean, aktibatzen eta mobilizatzen jarraituko du, Nafarroako industria jasangarri baten eta lan baldintza duinak dituen industria baten defentsan eta garapenean.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LAB ez da ADEGI patronalaren konplize izango eta ez du Gipuzkoako eraikuntzako hitzarmena sinatuko

ELAk eraikuntzan erdietsi duen akordioak ez ditu langileon osasuna eta etorkizuneko lan baldintza egokiak bermatzen. ELAk patronalarekiko otzan jokatu du, borrokari uko egin dio...

Nilsa enpresa publikoko langileek enpresa barneko soldata diskriminazioa salatu dute

Ur eta hondakin azpiegiturak eraiki eta tratatzen dituen Nilsa enpresa publikoko langileek elkarretaratzea egin dute gaur Iruñean, aspalditik enpresan dagoen soldata eta lan diskriminazio...

LABek ez du babesten Arabako ehun merkataritzaren akordioa

ELAk, CCOOk eta UGT sindikatuek eta AENKOMER patronalak 2025 eta 2026 urteak arautzeko sinatutako akordioak, beste behin ere, langileen baldintzak hobetzeko asmo falta dakar. Hainbat...